173. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZAGAONDOA

Ordenantza, Itzagaondoa ibarreko bide sarearen erabilera eta mantentze lanak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Itzagaondoko Udalak, 2021eko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran, Itzagaondoa ibarreko bide sarearen erabilera eta mantentze lanak arautzen duen ordenantza hasiera batez onestea erabaki zuen.

Onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 91. Zenbakian argitaratu zen, 2021eko apirilaren 22an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aipaturiko ordenantza behin betiko onetsi da, eta testu osoa argitara dadila agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ardatzen, 2021eko ekainaren 28an.–Alkatea, Elsa Plano Urdaci.

ORDENANTZA, BIDE SAREAREN ERABILERA ETA MANTENTZE LANAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Zioen azalpena

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da bide sarearen erabilera eta mantentze lanak arautzea. Herritarren jabetzako eta erabilerako ondasunak izanik, Udalari dagokio haiek zaintzeko eta mantentzeko eskumena, eta horretarako ezinbestekoa da haien erabilera arautzea, eta orobat erabilera okerren ondoriozko ardurak eta zehapenak.

II. KAPITULUA

Definizioak eta bide motak

2. artikulua. Bide publikoak dira jendearen, ibilgailuen eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien inguruko eremuak ere, besteak beste arekak eta ezpondak, horiek ere ordenantza honen babesa hartzen dutelarik.

3. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak. Lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; dagokien planimetrian agertzen dira.

b) Gainerako bideak. Ibarreko gainerako bideak, lurzatien berrantolamendutik kanpo geratu direnak.

c) Mendiko bideak eta pistak: arboladietara edo larreetara iristeko berariazko sarbideak, haiek zaindu, kontserbatu eta ustiatzeko direnak.

d) Zuhatzutik Itzagara igotzeko bidea.

III. KAPITULUA

Erabilera onartuak

4. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako, industriako edo aisiako jarduera guztietarako, betiere ordenantza hauen gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

IV. KAPITULUA

Mugapenak eta debekuak

5. artikulua. Bideetan barna dabiltzan ibilgailu motordun guztientzat, 20 tonako gehieneko mugapena ezartzen da. Mugapen hori bera ezartzen da bide horietako ur ibilguen gaineko pasabideetarako eta fabrika-lanetarako.

Gehieneko abiadura orduko 30 kilometrokoa izanen da lurzatien antolamenduko bideetan, eta orduko 15 kilometrokoa b), c) eta d) ataletan aipatutako bideetan.

Mugapen horiek ikusten ahal dira horretarako jarritako seinalizazio bertikalean.

6. artikulua. Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietara atxikitako ibilgailuak, ustiategiari dagozkion lanetan ibiltzen direnean bide horietan barna, eta gainera, 5. artikuluan ezarritako muga gainditzen badute, kasu hauetarako VIII. kapituluan ezarritako baldintzak betetzetik salbuetsita daude.

7. artikulua. Debekatuta dago zirkulatzea c) motako bideetan barna, hala nola bidetik kanpo ere, nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako ibilgailuentzat izan ezik.

Ehiza barrutiko kideek c) eta d) letretan seinalatutako bideak erabiltzen ahalko dituzte, zehaztuta eta seinalizatuta dituzten aparkalekuetara iristeko, edo beharrezkoak diren beste joan-etorrietarako.

Era berean, debekatuta daude ibilgailu motordunen arteko norgehiagokak edo jarduerak. Debekatuta dago, halaber, bide horietako ibilera librea eragoztea.

Zuhatzutik Itzagara igotzeko bidea.

8. artikulua. Araubide berezi bat ezartzen da Itzagako bidearentzat, Itzagaondoko Udalaren jabegoko partzuergorako sarbidea delako, eta Kontserbazio Bereziko Eremuan dagoelako.

Ibilgailu motordunen zirkulazioa baimentzen da kasu hauetarako bakarrik:

–Abeltzaintza eta basogintzako jarduera.

–Itzagaondoko Ibarreko Ehiztarien Elkartearen ehiza jarduerak.

Sarbidea itxita egonen da, eta atakaren giltza baimena duten pertsonen eskura egonen da. Udalaren esku dago ibilgailuen sarbidea baimentzea Itzagako baselizarekin lotutako jardueretarako, erromeriak, konponketa lanak, etab., betiere bidearen egoerak, hezetasun handirik gabe, ibiltzeko aukera ematen badu, bidean kalte handirik eragin gabe.

Udalak, aldez aurretik eskatuta, sartzeko baimena ematen ahalko die itzagaondoarrei eta gainerako herritarrei, egokia bazaio, baseliza bisitatzeko edo bestelako jardueretarako.

Giltza ematea baimenik ez duten pertsonei ordenantza honen aurkako arau-haustea izanen da.

V. KAPITULUA

Mugapen eta debekuen salbuespenak

9. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

VI. KAPITULUA

Zirkulazio arauak

10. artikulua. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jardueretarako bideak izanik, lehentasuna izanen dute beti eginkizun horietan ari diren ibilgailuek. Gainerako ibilgailuek bide eman beharko diete. Eginkizun horietan ari diren bi ibilgailu elkartuz gero, bide emanen du zama arinena duen edo maniobran arrisku gutxien duen ibilgailuak.

Udalak ez du bere gain hartzen udalerriko bideetan gerta litezkeen ezbeharren erantzukizunik.

VII. KAPITULUA

Bideak mantentzeko lanak

11. artikulua. Bideen mugakide diren lursailen erabiltzaileen edo jabeen ardura izanen da arekak eta lursailen sarbideak mantentzeko lanak. Bide guztiek gorde behar dituzte lurzatien antolamenduko planimetrian edo katastroan jasotzen diren ezaugarriak, eta lehentasuna du lehenengoak bigarrenaren gainetik, a) motako bideetan.

Bideen arekak eta ezpondak berdin tratatuko dira, eta lurzatietatik etor daitezkeen materialetatik garbi egon behar dute. Era berean, erabiltzaileei dagokie fabrika-lanak egitea, aurrez Udalaren baimena eskatuta. Erabiltzaileei dagokie, orobat, egoera onean kontserbatzea, eta garbi mantentzea, ura aise ibil dadin haietan barna. Ezin da lurzatietatik sortzen den ura bide publikoetara atera.

Bideetako hesiak mantentzeko lanak bideen gainerako erabiltzaileek eginen dituzte.

12. artikulua. Bideak edo bide zatiak egokitzeko, zerga berezien ordenantza baliatzen ahalko du Udalak, edo bestela, auzolanen ordenantza; nolanahi ere, lehenengoa baliatuz gero, onuradun bakoitzari dagokion kuota banatzeko modua une horretan zehaztuko da.

VIII. KAPITULUA

Baimenak

13. artikulua. Bidetan barna ibiltzeko baimena eskatu beharko dute IV. Kapituluan ezarritako mugapenak dituzten ibilgailuen jabeek, nekazaritzako edo abeltzaintzako ibilgailuen kasuan izan ezik, betiere eginkizun horietan ari badira.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, urte sasoia, ibilgailu mota eta gisakoen arabera, Udalak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, bere gain hartzen duen arriskuaren arabera.

14. artikulua. Baimen eskabideekin batera aurkeztu behar dira:

–Egin beharreko jardueraren titularra.

–Jardueraren ezaugarriak.

–Erabili beharreko gehieneko tonajea.

–Zenbat denborarako eskatzen den.

–Erabiliko diren bideak.

Horiek ikusita, Udalak baimentzen ahalko du jarduera, sor litezkeen kalteen arriskua onartzeko modukoa dela iruditzen bazaio. Era berean, fidantzaren zenbatekoa ezarriko du, eta baimenaren gehieneko indarraldia urte batekoa izanen da. Fidantza ordaindu beharko da baimena eman eta hurrengo hamabost egunetan, betiere bideak erabiltzen hasi aurretik. Ezarritako epe horretan ordaindu ezean, baimena eraginik gabe geratuko da.

Hala ere, jarduera aurrera eramatean eragindako kalteek ezarritako fidantza baino handiagoak badira, titularrak ordaindu beharko du kostu erantsia. Bideetan inongo kalterik eragin ezean, fidantza itzuliko da, ordaindu denetik urte beteko epean.

IX. KAPITULUA

Arau hausteak

15. artikulua. Arau-haustea da ordenantza honetan ezarritakoa eta horren aplikazioa urratzea edo ez betetzea.

X. KAPITULUA

Zehapenak

16. artikulua. Zehapenak ordenantza urratu duen erabiltzaileari edo arau-haustea sortu den lurzatiaren jabeari ezarriko zaizkio. Zehapenak bi zati izanen ditu:

1. Bidea edota ezponda lehengoratzea: Horrek barne ditu gastu hauek:

a) Eragindako kalteen peritazioa.

b) Haien kokapenaren eta dimentsioen zehaztapen topografikoa.

c) Bidea edota ezponda lehengoratzea.

d) Arestiko izapide horiek eragindako gastu administratiboak eta judizialak.

2. Isunak.

Ezarriko den isuna artikulu honen 1. atalean zehaztutako gastuen parekoa izanen da.

Arau-hauslea berrerorlea balitz, isuna 1. ataleko gastuak halako hiru ere izan daiteke.

Gutxieneko zehapena, ordenantza honen urraketa edozein dela ere, 90 eurokoa izanen da.

AZKEN XEDAPENAK

17. artikulua. Ordenantza honetan xedatzen ez den orotan, jarraituko zaio Ordenantza fiskal orokorrari.

18. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2110335