173. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Castejóngo Udalak larrialdi sozialeko eta/edo gizarteratze prozesuetarako antolatu dituen laguntza ekonomikoak emateko oinarri arautzaileen behin betiko onarpena

Castejóngo Udalak, 2021eko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, larrialdi sozialeko eta/edo gizarteratze prozesuetarako laguntza ekonomikoak emateko oinarri arautzaileen hasierako onarpena eman zuen.

Iragarkia 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2021eko apirilaren 22an.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, oinarriak behin betiko onartzen dira, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, larrialdi sozialeko eta/edo gizarteratze prozesuetarako laguntza ekonomikoak emateko oinarri arautzaileen testu osoa argitaratzen da, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Castejónen, 2021eko ekainaren 23an.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

LARRIALDI SOZIALERAKO EDO GIZARTERATZE PROZESUETARAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK

1. Arrazoibidea.

Larrialdi sozialerako edo gizarteratze prozesuetarako laguntzak izatez ekonomikoak dira, unean unekoak, osagarriak, maiztasunik gabeak eta borondatez ematen direnak, Castejónen bizi eta erroldatuta dauden herritarrentzat, adinez nagusiak eta indarrean den Errenta Bermatuaren Legearen arabera dagozkien diru-sarrera berdinak edo eskasagoak dituztenean, larrialdi sozialeko egoera bizi dutenean eta hori egiaztatzeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren informe teknikoak dituztenean, eta hori gainditzeko laguntza hauek berehala ematea egokia denean.

Egoera bat larrialdi soziala dela irizten diogu ustekabeko egoera denean, bat-bateko aldaketa okerra eragin duena, kaltea ekarri diena pertsonaren osotasunari edo ondasunei, eta horri aurre egiteko gaitasuna gaindituta dagoenean. Egoera horien edo beste batzuen balorazioa Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek eginen dute.

Gizarteratze prozesutzat hartzen da laguntzen eskatzailea oinarrizko gizarte zerbitzuekin aurrera eramaten ari den lan bat, pertsona gizartean edo lan munduan integratzeko, eta zerbitzu horien iritziz era honetako laguntza bat ematea prozesua errazteko egokia bada.

2. Laguntzaren xedea.

Ekonomia aldetik laguntzeko tresna bat sortzea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Lan profesionalaren osagarri, Castejónen bizi diren pertsona eta/edo familientzat, baldin eta larrialdi egoeran badaude, edo haien laneratze eta gizarteratze prozesuetan laguntzeko, gizarteratzeko edo oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasun handiak dituztenean, planteatu duten egoera okertu edo kroniko bihur ez dadin.

Gastuari lotutako prestazioa da, alor hauen inguruan sortzen diren behar emergenteak estaltzeko ematen dena: bizilekua, hornidurak, osasuna eta elikadura, lanean hastea eta/edo prestakuntza, eta sor litezkeen bestelako premiak.

3. Laguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntza emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Horretarako, behar den denboran eta moduan aurkeztutako eskaerak aztertu eta emanen dira laguntzak, oinarri arautzaile hauen 9. oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuta.

4. Aurrekontua.

Dirulaguntza hauek finantzatzeko urteko gehieneko zenbatekoa Castejóngo Udalaren Aurrekontuan horri dagokion urteko zenbatekoa izanen da.

Dirulaguntzak emanen dira baldin eta urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan krediturik eskura badago.

5. Larrialdiko laguntzen helburua.

1. Udalaren erantzukizun sozialetik lagundu nahian, berariazko tresna bat eskaintzea da helburua, larrialdi egoeran edota gizarteratze prozesuan daudenei lagunduz galarazteko gizarte-bazterkeria agertzea, eta gainerako gizarte laguntzen osagarri gisa aplikatuta.

2. Deserrotzea edo gizarte-bazterkeria eragin edo larriagotzen ahal dituzten egoerak arintzea.

3. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren gizarteratze prozesuetan profesionalen ekintzarako tresna eta laguntza izatea.

6. Eskatzaileak eta betebeharrak.

Larrialdiko laguntza hauek eskatzen ahal dituzte bakarrik bizi diren pertsonek edo elkarrekin bizi diren familia unitateek (1), baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo adingabe emantzipatua, bere ardurapean adingabeak dituena.

b) Ezohiko egoera batean egotea, larrialdi sozialeko egoera eragozteko edo arintzeko beharrezkoak diren berariazko gastuei aurre egiteko zailtasunagatik. Larrialdi soziala da ustekabeko egoera bat, bat-batean aldaketa okerra ekarri diena, kalte eraginez haien osotasunari edota ondasunei, eta gainditu duena haien erreakzionatzeko gaitasuna, erantzuna berehala eman behar delarik.

c) Castejónen egiaz eta modu jarraian bizi direla egiaztatzea, eta udalean erroldatuta egotea, gutxienez sei hilabete lehenagotik.

d) Oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzaileak izatea eta esku-hartze sozialeko prozesu batean sarturik egotea.

e) Egoerari aurre egiteko baliabide ekonomiko aski ez izatea, Eskubide Sozialen Departamentuaren eta Castejóngo Udalaren artean Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren inguruan lotua duten lankidetza hitzarmenean ezarritako baldintzen arabera.

f) Familia unitateko kide adinez nagusi guztiek Castejóngo Udalarekin dituzten zerga betebeharrak egunean izatea. Hala ere, Castejóngo Udalaren ogasunarekiko betebehar guztiak egunean izateko baldintza betetzen ez denean, eta Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 223. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, baldintza horretatik salbuetsita izan daiteke eskatzailea, baldintzak jarrita, salbuespen gisa, eta justifikatua dagoenean.

7. Aplikazio eremua.

Laguntza hauek unean unekoak eta osagarriak dira, ez dira aldian behingoak eta bai aldiz borondatearen araberakoak.

Kontzeptu bat eta bera argudiatuta, urte batean laguntza bat baino gehiago tramitatzen bada, guztizko zenbatekoak ez du gaindituko oinarri hauen 8. puntuan jasotako muga ekonomikoa.

(1) Familia edo elkarrekin bizi den familia unitatea da etxebizitza batean bizi diren pertsonek odolkidetasun edo ahaidetasun loturak dituztenean, edo senar-emazte edo antzeko harremana duten bikoteak, eta haien ondorengoak, aurrekoak, eta senideak.

8. Prestazio honetan sartzen diren kategoriak eta gehieneko zenbatekoak.

KATEGORIA

KONTZEPTUA

URTEKO GEHIENEKO ZENBATEKOAK FAMILIA UNITATEKO

a) Bizilekua

Alokairua, hipotekaren kuota, gela etxebizitza partekatuan edo bestelako bizilekuen ordainketa. Gehienez sei hilabeteri dagokiena, jarraituak izan nahiz ez izan.

3.000 euro

Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada

(barne dira fidantza, hileko ordainketa, eta higiezinen agentziaren bitartekaritza gastuak).

2.000 euro

b) Oinarrizko hornidurak

Ur hotzaren horniduraren gastuak eta bestelako zerbitzuak (zaborrak eta abar). Gehienez urtean lau hileko kuota.

Argindarra, gasa, berokuntza, ur bero zentrala eta bestelako erregaien gastuak (egurra, ikatza, gasolioa, etab.). Gehienez lau hilabeteri dagokiena, jarraituak izan nahiz ez izan.

–Ohiko etxebizitzaren oinarrizko horniduren altak.

2.000 euro

c) Nutrizioa eta higienea

Familia unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako).

d) Hezkuntza eta lan munduan sartzea.

Prestakuntza jarduera ez arautuetan eta/edo laneratzeko eta gizarteratzeko jardueretan parte hartzeko laguntzak, norbera gaitzeko, gizarteratzeko eta/edo laneratzeko prozesuaren barnean.

800 euro

f) Oinarrizko beste hainbat premia

Aurreko apartatuetan zehaztu ez diren hainbat laguntza ere emanen dira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen badira.

Kontzeptuaren araberako gehieneko zenbatekoa aldatzen ahalko da, premia horren gainean Gastejóngo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiten duten balioespena aintzat hartuta, gizarte-bazterketan dauden pertsonak gizarteratzeko duen garrantziari edo lehentasunari dagokienez. Urteko gehieneko esleipena guztira 3.000 eurokoa izanen da.

9. Eskatzeko eta onartzeko prozesua.

Zuzeneko diru sariak jaso ahal izateko, Castejóngo Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu:

a) Larrialdi sozialean daudenendako prestazio ekonomikoaren eskabideak Castejóngo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan aurkeztuko dira urtea barna, abenduaren 31 arte, aurrekontuan behar den dirua badago.

b) Eskatzaileak eskabidea aurkeztu behar du (Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan dago eskuragarri), bertan jasoz, gutxienez, bere identifikazio datuak, zer eskatzen duen eta zenbat eskatzen duen, eta orobat, azaldu duen egoera argitzeko OGZtik laguntza eskatzen duen pertsonari eskatzen ahal zaizkion agiri guztiak. Lehendik OGZan aurkeztu ez bada, ondoko dokumentazio hau erantsiko da:

–Eskatzailearen eta familia unitateko gainerako kideen NA edo nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Familia Liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia.

–Errolda eta bizikidetza ziurtagiriak.

–Familia unitateak azken sei hilabeteetan izan dituen diru-sarreren frogagiria edo horren gaineko zinpeko aitorpena.

–Laguntza eskatzeko arrazoitzen den oinarrizko premia larriari dagokion zorraren edo aurrekontuaren frogagiria.

Castejóngo Udalarekiko zerga betebeharrak eguneratuta izatearen frogagiria, edo harekiko zorren zenbatekoaren frogagiria.

c) Larrialdiko egoerarako edo gizarteratze prozesuetarako programa hau kudeatzen duten profesionalek, eskabidearekin eta gainerako dokumentazioarekin batera, eskabidearen gainean egiten duten balorazioa justifikatzeko txostena aurkeztuko dute (atxikirik doa eredua).

d) Dirulaguntza zuzen sartuko da eskatzailearen kontu korrontean; edo hark eskatzen badu, edo OGZtik hala baloratuz gero, zuzen moldatuko da eskatzaileak zorra duen edo gastua egin behar duen entitate edo pertsona pribatuarekin.

e) Eskabideen gaineko ebazpena gehienez 7 egun baliodunen epean eginen da.

f) Laguntza hauek Alkatearen Ebazpen baten bidez ematen dira, eta ondoren eskatzaileari jakinarazten zaio.

g) Larrialdiko laguntza ekonomikoak familia unitateak eskabidea egiten duen unean dituen diru-sarreren araberakoak izanen dira.

10. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan jasotako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira bestelako erakunde publiko nahiz pribatuek xede bererako ematen dituzten gainerako guztiekin, betiere gainfinantzaketarik eragin gabe. Gainfinantzaketa gertatuz gero, horren berri emanen zaio idatziz Udalari, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitzeko, behar den gehieneko mugara.

11. Dirulaguntzaren ordainketa eta gastuen justifikazioa.

Dirulaguntza eman ondoren, Ebazpena Kontu-hartze atalari igorriko zaio, eta hark ordainduko du administratutako kontuan, eta eskatzaileak ordainketa eta lagundutako kontzeptua justifikatzen dituen frogagiria ekarri beharko du, une horretatik hilabeteko epean.

12. Larrialdi sozialeko egoerarako edo gizarteratze prozesuetarako dirulaguntza esleitu ondoren pertsona onuradunaren eta Castejóngo Udalaren artean sortzen den harreman juridikoaren edukia.

a) Onuradunaren betebeharrak.

–Esku-hartze sozialeko prozesu batean egotea.

–Datuak egiaztatzeko eta finantzak kontrolatzeko erakunde eskudunek egin behar dituzten jarduketak onartzeko prest egotea.

–Castejóngo OGZari jakinaraztea helburu hori bera lortzeko bestelako entitate edo administrazioetan, publiko nahiz pribatuetan, egindako eskabideak edo lortutako laguntzak.

–Laguntza bateragarria bada emandako besteekin, inoiz ez dute guztien artean lagundutako gastuaren zenbatekoa gaindituko, ez eta urteko eta familia unitate bakoitzeko 8. puntuan jasotzen den gehieneko zenbatekoa ere.

b) Jasotako dirua itzultzea.

Laguntza itzuli behar da, eskatzaileak arau-hausteren bat eginez gero, edo dirulaguntza hauek zehazten dituzten arauren bat betetzen ez bada.

1. Hartutako dirua itzuli beharko da eta dirulaguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

–Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea dirulaguntza.

–Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak ez betetzea.

–Oinarri hauetan aipatzen diren egiaztapen egintzei trabak jartzea edo uko egitea.

Ikuskapen eta kontrol lanak eginda ondorioztatzen bada eskuratutako laguntza oker lortu, gastatu edo bideratu dela, ikuskatzaile eta kontrolatzaile horiek erabaki dezakete fakturak edo horien pareko edo ordezko agiriak atxikitzea, edo berdin egitea zantzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko beste edozein agirirekin.

2. Laguntzaren itzulketa partzial bat eginen da, edozein kontzeptu gisa lortutako diru-sarrera adina gastu justifikatzen ez denean, eta justifikatu gabeko gastuei dagokien zenbateko bera itzuli beharko da.

3. Emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan araututakoari atxikiko zaio.

c) Arau-hausteak eta zehapenak.

Laguntza publikoen alorrean, arau-hauste administratiboak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria tartean badaude:

–Dirulaguntza lortzea hura eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko zuten datuak ezkutatuz.

–Dirulaguntza eskabidean arrazoitutako helbururako ez erabiltzea, baldin eta ez bada itzuli, aurrez errekerimendurik egin gabe.

–Dirulaguntza eskuratuz gero hartzen diren betebeharrak ez betetzea, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

–Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu edo aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez.

d) Dirulaguntzen gaineko arauak.

Deialdi hau agiri honetan bildutako oinarriei jarraikiz eginen da eta aurreikusten ez den orotan, berriz, hurrengo araudian ezarritakoari:

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Programei eta Finantzazioari buruz Eskubide Sozialen Departamentuaren eta Corella eta Castejóngo Udalen artean lotutako Lankidetza Hitzarmena.

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa Foru Legea.

–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea.

–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua.

e) Interesdunei jakinaraztea eta errekurtsoak.

Interesdunei haien eskubideak eta interesak ukitzen dituzten ebazpenak eta administrazio-egintzak jakinaraziko zaizkie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez.

Oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

13. Interpretazioa.

Oinarri hauetan jaso ez den gainerako guztirako, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, eta orobat haiekin bat heldu den gainerako araudia, aplikatzekoa dena.

14. Datuak babesteko klausula.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, eskatzaileei aditzera ematen zaie deialdi honetan eskatutakoaren arabera ematen dituzten datu pertsonalak Castejóngo Udalaren ardurapeko fitxategi batean gordeko direla, eta soilik erabiliko direla laguntzak emateko kudeaketa ahalbidetzeko.

Legezko eginbehar bat betez egin beharreko jakinarazpenak besterik ez dira eginen.

Datuen titularrek datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien kontra jotzeko eskubideak gauzatzen ahalko dituzte, Castejóngo Foruen Plazako 1.ean dauden bulegoetan idazki bat aurkeztuz, NAren kopia batekin batera.

ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2110257