173. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

876E/2021 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erradiodiagnostikoko (ETE) teknikari espezialisten 7 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautapen proben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Abenduaren 11ko 333/2019 Foru Dekretuaren bidez, 2019rako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun arloko langileentzat, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2019ra luzatutako Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio, eta haren barnean daude, besteak beste, erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) 7 lanpostu.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 7an eman 361E/2021 Ebazpenaren bidez, honako deialdi hau onetsi zen: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) 10 lanpostu huts merezimendu-lehiaketaren bidezko lekualdatzeaz betetzeko deialdia.

Ikusita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritza ados dagoela erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) 7 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzearekin.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) 7 lanpostu huts, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak, sarrera prozeduran eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten 7 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautapen proben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin eta erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2021eko ekainaren 24an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

ERANSKINA

DEIALDIA, ERRADIODIAGNOSTIKOKO TEKNIKARI ESPEZIALISTEN (ETE) 7 LANPOSTU OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKOA

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Eta gainerako arau osagarriak.

1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak argitaratuko dira honako hauetako batean edo gehiagotan:

–Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (aurrerantzean O-NOZ) organo zentralen iragarki-taulan (Tutera kalea 20, Iruña). Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–Osasunbideko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, honakoa hautatuz: “Diagnostikorako irudiko teknikari espezialista. Oposizio-lehiaketa (2019ko LPEa)”; argitalpen hau informatiboa izanen da.

1.3. Deialdi honen xedea da erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten 7 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea; lanpostuok dagokien lan publikoaren eskaintzan sartu ziren, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 7ko 361E/2021 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren baitako lekualdatze lehiaketan hutsik geratzen direnak izanen dira (deialdia 2021eko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 26koan).

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira destinoak eta plantilla-zenbakiak; hain zuzen, aipatutako lekualdatzea ebatzi ondoren gelditzen direnak izanen dira.

Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdiko lanpostuak hurrenkera honi segituz banatuko dira, bat etorriz azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako txanda banaketarekin (foru dekretu horren bidez arautu zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta bertako lanpostuak betetzea), eta kontuan harturik ezen 2 lanpostu erreserbaturik daudela bete ditzaten desgaitasuna dutenen erreserba-txandakoek, eta beste 2 lanpostu erreserbaturik daudela bete ditzan genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandak. Hala, hurrenkera honetan banatuko dira:

–Lehenbizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan.

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.

Txanda irekitik hasiko da kontatzen lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera, igoera txandakoa izan baitzen aurreko deialdian sartutako azken lanpostua. Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:

a) 2 lanpostu, desgaitasuna dutenentzako txandarako erreserbatuak.

b) 2 lanpostu, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandarako erreserbatuak.

c) 2 lanpostu, txanda irekian.

d) Lanpostu 1, igoera txandan.

Igoera txandako lanpostua hutsik geldituz gero, txanda horretako izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekian beteko da.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandako lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek ez dutelako atera hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, bidezko diren txandetakoei gehituko zaizkie, oinarri honetan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Hori horrela, txanda irekian onartuko dira deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak, desgaitasuna dutenen erreserba-txandakoak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandakoak, baldin eta betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute.

Halaber, baldin izangai gehiagok gainditzen badituzte probak igoera txandako edota desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandako lanpostuen kopurua baino, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.5. Deialdiko lanpostua C maila edo taldekoa da, eta sailkaturik dago “Osasun arloko teknikariak” estamentuan, “Diagnostikorako Irudia” espezialitatean (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena: urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, zeinaren bidez erregulatzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea, eranskina).

1.6. Lanpostuen ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.8. Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan parte hartuko dute, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.9. Erradiodiagnostikoko teknikari espezialistaren lanpostua lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

1.10. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen lanpostu elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Diagnosi-irudiko eta medikuntza nuklearreko goi mailako teknikari titulua izatea, edo horren baliokidea den beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

a) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

b) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

c) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta ez egotea jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko lanpostuaren maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) Administrazio publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.

2.1.3. Desgaitasunak dituzten pertsonentzat erreserbatutako txandako izangaiek, txanda irekikoentzat ezarritako baldintzak betetzeaz gainera, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan parte hartu nahi duten izangaiek, txanda irekiko lanpostuetarako adierazitako baldintzez gain, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

Telematika bidez aurkeztuko da inskripzio eskabidea eta eginen da tasen ordainketa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunearen bidez (www.empleosalud.navarra.es/eu), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Diagnostikorako irudiko teknikari espezialista. Oposizio-lehiaketa (2019ko LPEa)”, eta gero hemen sakatuta: “Tramitazioa/Inskripzioa”.

Eskaera telematikoari erantsi beharko zaio, kasua zein den, dokumentazio eskaneatu hau:

–Ordaintzeko salbuespena frogatzen duten agiriak.

–Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoek, igoera txandatik parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko dira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortua duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan parte hartzen duten izangaiek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial aurkeztuz, edo, bestela, Fiskaltzaren txostenaren bidez, eskatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adieraziz. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu berariaz eta salbuespenez eskatzen bada.

3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.

3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 26 euroko tasa ordaindu behar da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

3.2.2. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

b) Hautaprobaren deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Salbuespen hori frogatzeko, baimena eman dakioke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen enplegu-eskatzaile gisa.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.

3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabide telematikoan adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

3.4. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.5. Hautapen prozesua bukatu ondoren erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten aldi baterako kontratazioen zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da.

3.6. Euskaraz jakitearen betebeharra, hala badagokio, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean.

4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, telematika bidez erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.

4.4. Ezarritako epean inskripzio eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.5. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Felipe Garro Ozcoidi jauna, Nafarroako Ospitaleguneko Zainketetarako eta Diagnostikoan Laguntzeko Arloko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Itziar Bueno Zamarbide andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Zainketetako eta Laguntza Terapeutikoko Arloko burua.

Epaimahaikidea: Juan José Gambarte Valencia jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Amelia Albarracín Igoa andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Epaimahaikidea: M.ª Cruz Doiz Luzán andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Edurne Ansa Yunta andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Epaimahaikidea: Begoña Rúiz Malagón andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Catalina Jiménez Andreu andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Idazkaria: María Blasco Bernáldez andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzako administrazio publikoko teknikaria.

Ordezko idazkaria: Ainara Domínguez Vera andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Profesionalen Zuzendaritzako administrazio publikoko teknikaria.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2021eko azaroan hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian ariketa bakar bat egin beharko da, non test motako galdetegi bati erantzun beharko baitzaio idatziz. Galderak I. eranskineko gai zerrendari buruz izanen dira. Galdera bakoitzean, erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Epaimahaiak erabakiko ditu, ariketa hasi baino lehen, galdera kopurua, erantzun okerren penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena.

6.3.2. Oposizioaldian guztira 60 puntu lortzen ahal dira, eta baztertuta geldituko dira gutxienez 30 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena.

Ariketara agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuta geldituko dira.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki-taulan azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori deialdiaren web-orrian ere ikusten ahalko da.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.

Telematika bidez aurkeztu beharko dira merezimendu guztiak, deialdiaren baremoan ezarritako apartatuen arabera, web orri honen bidez: www.empleosalud.navarra.es, “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak” “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua” estekan, “Diagnostikorako irudiko teknikari espezialista. Oposizio-lehiaketa (2019ko LPEa)” aukeratuz. Horretarako hamar egun balioduneko epea dago, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratzen denetik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Izangaiek ez dituzte honako merezimendu hauek justifikatu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez izangaiei erakusten zaizkienak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik O-NOZeko deialdien datu-basean daudelako.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. atala baloratzean kontuan hartuko da deialdiko lanpostua “Osasun arloko teknikariak” estamentuan eta “Diagnosi-irudia” espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, egunetik egunera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitara emanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita.

Izangaiak deialdiaren web-orriaren bidez ikusten ahalko ditu bai lehiaketaren emaitza, bai bere merezimenduen banakako balorazioa.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atalen hurrenkerari jarraikiz guztira puntuazio handiena lortzen duenari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak badirau, azpiatalen hurrenkerari jarraikiko zaio.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen dituzten puntuazioen arabera ordenatua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan. Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortzen duten izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, deitutako lanpostuak adina izangai, hain zuzen.

8.–Lanpostuak aukeratzea.

8.1. Destinoko lantokia administrazio organo eskudunak esleituko du, izendapen proposamena argitaratu baino lehen, probak gainditu eta deitutako lanpostuak adina izangaik egindako eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, baldin lanpostu horietan aritzeko oinarri hauetan eskatzen diren eskakizunak betetzen badituzte.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostu bat lortu duten pertsonak, lanpostuak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira. Gero, lanpostua lortu duten igoera txandakoek hautatuko dute eta, azkenik, lanpostua txanda irekian lortzen dutenek.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandaren bidez lanpostua lortzen dutenek txanda irekiko gainerako izangaiekin batera aukeratuko dute lanpostua, puntuazio hurrenkeraren arabera.

Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, bere desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.

8.2. Destinoko lantokia hautatzeko prozedura:

–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien eta zentroen (edo, zein den kasua, lanpostuen) zerrendak argitaratuko dira. Informazio hori argitaratuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako iragarki-taulan eta erakunde horren enplegu publikoaren web-orrian.

–Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epean eginen dituzte eskaerak, oposizio-lehiaketaren azkeneko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, deialdiaren fitxan adierazitako estekara jo beharko dute, www.empleosalud.navarra.es/eu web-orrian: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Diagnostikorako irudiko teknikari espezialista. Oposizio-lehiaketa (2019ko LPEa)”. Bertan sartuta, aukeratzen dituzten lanpostuak zerrendatu beharko dituzte, lehentasun-ordenari jarraikiz.

–Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

–Emaitza horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web-orrian erakutsiko zaizkie interesdunei.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak izendapen proposamena eginen du, lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua eskuratu duten izangaien aldekoa. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean:

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1.b), e) eta f) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2.3. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

9.3. Desgaitasuna duten pertsonen txandan parte hartzen duten izangaien kasuan, gainera, desgaitasun gradua zenbatekoa den eta desgaitasuna deialdiko lanpostuaren eginkizun eta zereginekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak izendatuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario, ebazpen bidez, erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten lanpostuetan jardun dezaten.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.2. Izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza.

10.3. Izendapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Izendatzen diren izangaietako bat lehendik montepio baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badago, bi aukera izanen ditu: sartzen den Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

10.4. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea geroratu eginen da baldin izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.

Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.

Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko gerorapen epe hori. Aitorpen hori egiteko nahitaezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea, eta hori gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.

10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik) edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.

Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostuen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren aurka, oposizio-lehiaketaren nondik norakoen aurka edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenak zer dioen, eta haren mende egonen da.

11.–Zerrendak prestatzea aldi baterako kontratazioak egiteko, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

11.1. Erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, jarraikiko zaio Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa). Bestela, hala badagokio, jarraikiko zaio zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari.

11.2. Aldi baterako kontratazio zerrendetan parte hartu nahi dutenek 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta aurrerantzean ere haiek betetzen jarraitu beharko dute.

11.3. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Kontratazioetarako zerrendetan egoteko, bai lanposturik gabeko izangai gaindituek bai oposizioaldia gainditu ez dutenek 2.1.1.c) atalean aipatutako titulazioaren agiria aurkeztu beharko dute, deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean, salbu aldez aurretik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta/edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aurkeztu badute. Agiri hori aurkezten ez dutenak ez dira zerrendetan onartuko, salbu Administrazioak horren berri baldin badu Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuaren bidez.

b) Oposizioaldia gainditzen ez dutenek epe horretan aurkeztu beharko dute, orobat, edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuen ziurtagiria, hain zuzen, erradiodiagnostikoko teknikari espezialista gisa deialdi hau argitaratu arte emandako zerbitzuena, salbu Nafarroako Gobernuan emandako zerbitzuak badira (administrazio erroa, osasun administrazioa, NOPLOI, hezkuntza, etab.), horiek ofizioz aurkeztuko baitira.

11.4. Esparruak aukeratzea.

Deialdian parte hartzeko eskabidean berean adierazi beharko dira iraupen laburreko nahiz luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeari begira aukeratzen diren esparruak.

Hala ere, izangaiek, nahi izanez gero, hasierako aukera aldatu, murriztu edo handitu dezakete, hamar egun balioduneko epean, deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hautapen prozesua gainditu arren lanposturik gabe gelditzen diren izangaiak lan esparru guztietan agertuko dira iraupen luzeko zerrendetan, salbu eta esparru/aukera batetik edo gehiagotatik kentzea eskatzen badute telematika bidez. Iraupen laburreko zerrendetan, hasierako eskabidean egindako aukera zabaltzen ahalko dute, eta nahi dituzten esparru/aukera guztiak hautatzen ahalko dituzte. Aldaketa horiek egiteko, aurreko paragrafoan adierazitako epe bera izanen da.

11.5. Kontratu motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontrataziorako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.6. Izangaiek bere burua baztertzen ahalko dute deialditik eskaintzen den kontratuaren lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

11.7. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Agiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.8. Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

12.–Zerrendak prestatzea aldi baterako barne igoerarako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

12.1. Erradiodiagnostikoko teknikari espezialistaren lanpostuetan aritzeko zerrendak, aldi baterako barne igoera bidezkoak, prestatzeko eta ondoren kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, horren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

12.2. Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi dutenek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean, eta baldintza hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile finkoa izatea –eta izaera horri eustea– nork bere esparruan gora egin ahal izateko, sailkatua egotea erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean, eta lanpostu hori lortzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaldiko hautaprobak gainditu behar dira.

Hautaproben azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko, kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortzen den zerrendak indarra hartuko du lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin, eta erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako eskumenak.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

–Gai orokorrak.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko Titulua eta Lehen titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: Atariko Titulua eta II. tituluko 53. eta 54. artikuluak.

2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez: I., II. eta III. kapituluak.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua eta II. tituluko II., III., IV., VI., VII., VIII. eta IX. kapituluak. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena.

4. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua, II. kapitulua eta III. kapitulua.

5. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa: atariko titulua eta II. eta IV. tituluak.

6. gaia.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa: atariko titulua eta I. eta II. tituluak.

7. gaia.–Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa: Atariko Titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, Nafarroako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa: atariko titulua. 12/2018 Foru Legea, ekainaren 14koa, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa: I. titulua eta II. titulua.

–Berariazko gaiak.

1. gaia.–Erradiazioen oinarri fisikoak. Atomoaren egitura, energia unitateak fisika atomikoan.

2. gaia.–Erradiazio ionizatzaileak. Energia transmititzeko moduak. Eremu elektromagnetikoak. Uhin elektromagnetikoak. Erradiazio elektromagnetikoa. Erradiazio elektromagnetikoaren espektroa. Partikulen erradiazioa. Erradiazioaren intentsitatea eta energia. Erradiazio bidezko ionizazioa. Erradiazio iturriak.

3. gaia.–Erradiazioaren eta materiaren arteko elkarreraginak. Erradiosentikortasunean eragina duten faktore fisikoak eta biologikoak. Erradiazioaren ondorioak. Organoetako kalteak.

4. gaia.–X izpien fisika. Ohiko erradiologiako ekipoak. X izpien hodia. X izpien sorta. Sorgailua. Ekipoen maneiua: finkoak, mugikorrak eta eramangarriak. Esposizioan parte hartzen duten faktoreak. Haien arteko harremana. Esposizio faktoreen aldaketen kalkulua. Esposizioaren kontrol automatikoa.

5. gaia.–Irudi erradiologiko digitala. Kontzeptua. Irudi digitala sortu eta tratatzea. Ekipamendu digitalak. Abantailak.

6. gaia.–Bezeroen arreta. Zainketak. Prestakuntzarako baldintzak. Mobilizazio eta immobilizazio teknikak eta babesteko baliabideak. Erradiologia larrialdietan. Erradiologia ebakuntza-gelan.

7. gaia.–Anatomiaren arloko terminologia. Anatomia orokorra. Posizioak. Planoak. Proiekzioak.

8. gaia.–Garezurraren, aurpegiaren eta lepoaren anatomia erradiologikoa. Garezurraren, aurpegiaren eta lepoaren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Teknika erradiologiko bereziak. Irudi kalitaterako irizpideak.

9. gaia.–Pelbisaren eta beheko gorputz-adarraren anatomia. Pelbisaren, aldakaren eta beheko gorputz-adarraren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Irudi kalitaterako irizpideak.

10. gaia.–Abdomenaren anatomia erradiologikoa. Abdomen soilaren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografikoa. Proiekzio erabilienak. Teknika bereziak. Irudi kalitaterako irizpideak.

11. gaia.–Toraxaren anatomia erradiologikoa. Miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Teknika erradiografiko bereziak. Erradioskopia. Irudi kalitaterako irizpideak.

12. gaia.–Goiko gorputz-adarraren anatomia erradiologikoa. Sorbalda-gerrikoaren eta goiko gorputz-adarraren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Irudi kalitaterako irizpideak.

13. gaia.–Bizkarrezurraren anatomia erradiologikoa. Miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Teknika erradiografiko bereziak. Irudi kalitaterako irizpideak.

14. gaia.–Miaketa erradiologiko bereziak. Kontzeptu eta teknika erradiografiko hauek: dakriozistografia, sialografia, fistulografia, histerosalpinpografia, angiografia eta flebografia.

15. gaia.–Bularraren anatomia erradiologikoa eta miaketa-teknikak. Tomosintesia, galaktografia. BI-RADS sailkapena.

16. gaia.–Nerbio sistemaren anatomia erradiologikoa. Miaketa erradiologiko bereziak. Azterlanak kontrastearekin.

17. gaia.–Digestio aparatuaren miaketa erradiologikoa, oro har. Teknika erradiografiko soila. Serieetako azterlanak kontrastearekin; proiekzio ohikoenak. Behazun bidearen miaketa erradiologikoa.

18. gaia.–Gernu aparatuaren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Urografia benabarnetik eta serieetako beste azterlan batzuk kontrastearekin.

19. gaia.–Ordenagailu bidezko tomografiaren (TAC) printzipioak. Oinarri fisikoak eta alderdi teknikoak. Alde onak eta txarrak. Ordenagailu bidezko tomografiako ekipoak. Ezaugarriak eta funtzionamendua. OTA bidez miatzeko teknika erradiologikoak. Teknika aurreratuak (azterlan koronarioak, ICTUS kodea, eta abar).

20. gaia.–Erresonantzia magnetikoaren (RM) printzipioak. Eremu magnetikoen printzipioak. RMaren alderdi teknikoak. RMrako ekipoak. Motak, ezaugarriak eta funtzionamendua. Irudiak lortzea RM bidez. Pultsuaren sekuentziak: T1 eta T2ko irudi potentzialak eta protoi dentsitatea.

21. gaia.–RM bidez miatzeko teknikak. Teknika aurreratuak (bihotzaren azterlanak, baskularrak, espektroa, garuneko funtzioen azterlanak, garunaren traktografia, osoa-RM). Kontraindikazioak eta arretazko neurriak RMrako.

22. gaia.–TCn eta RMn erabiltzen diren kontrasteak. Kontraste motak. Osaera eta aplikazioak. Kontrasteek sortutako kontrako erreakzioak eta konplikazioak.

23. gaia.–Ultrasonografia. Oinarri fisikoak. Alde onak. Alde txarrak.

24. gaia.–Erradiobabesa: EURATOMen Europako 2013/59 Zuzentaraua. Estatuko (1132/1990 eta 783/2001 Errege Dekretuak) eta Europako araudia. Kontzeptua, helburuak eta printzipio orokorrak. Erradiazioen detekzioaren oinarriak. Instalazio erradiologikoetan erabiltzen diren detektagailuak. Motak eta aplikazioak.

Babes erradiologiko operazionala (arriskuan dauden langileen sailkapena, langileen zaintza, arriskuan dauden langileen osasun zaintza, blindajea) eta berariazkoa erradiodiagnostikoaren instalazioetan. (X izpien ekipoak, erradiodiagnostikoko instalazioen diseinua, gelen funtzionamendua).

25. gaia.–Erradiazioaren dosimetria. Banako dosimetria. Gehieneko dosi onargarria. Arriskuen multzoa. Arloko dosimetria. Guneen sailkapena, seinalizazioa, sartzeko eta kontrolatzeko sistemak. Pazientearen babesa erradiazioen aurrean: dosian eragina duten faktoreak. Neurri orokorrak. Ugaltzeko adinean dauden emakumeak, emakume haurdunak, erradiologia pediatrikoa.

26. gaia.–Segurtasuna eta higienea. Ospitale ingurunea. Ekipoen mantentze-lana, desinfekzioa, materiala esterilizatzea. Infekzio nosokomiala.

27. gaia.–Informatika aplikazioak erradiodiagnostikoko zerbitzuetan (PACS, HIS, RIS). Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Pazientearen Historia Klinikoaren aplikazioa. Konfidentzialtasuna.

28. gaia.–Instalazio erradiologikoen kalitatea kontrolatzeko sistemak: Prozesuaren kalitate faktoreak. Kalitatea kontrolatzeko tresnak. Kalitatearen bermea eta hura nola mantendu.

29. gaia.–41/2002 Lege Oinarrizkoa, azaroaren 14koa, pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoan dituen eskubide eta betebeharrak arautzen dituena: osasun arloko informaziorako eskubidea; intimitaterako eskubidea; pazientearen autonomiarekiko begirunea; historia klinikoa. Baimen informatua. Osasun txartela.

30. gaia.–Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa: xedea, aplikazio eremua eta printzipioak; pertsonen eskubideak. Datuak Babesteko Espainiako Bulegoa.

31. gaia.–Ikerketaren metodologia. Bioestatistikaren alderdi orokorrak. Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak. Datuen iturriak. Azterlan deskribatzaileak eta analitikoak. Prozesuko azterlanak eta emaitza. Teknikari espezialistaren zeregina.

32. gaia.–Egitura nuklearra. Elementuak eta nuklidoak. Nukleoaren egitura. Nukleoaren egonkortasuna. Nuklido eta erradiazioen motak. Nukleoaren desintegrazioa. Medikuntza Nuklear Konbentzionaleko erradiobotikak eta PETeko erradiobotikak (positroien igorpenaren bidezko tomografia). Aktibimetroak eta zunda detektatzaileak.

33. gaia.–Gammakamerak, SPECT-TAC, PET eta PET-TAC: printzipio fisikoak, osagaiak, ezaugarriak eta funtzionamenduak.

34. gaia.–Medikuntza Nuklear Konbentzionalaren azterlanak eta tratamenduak: sistema muskuloeskeletikoa, kardiologia, baskularra, pneumologia, endokrinologia, neurologia, nefrourologia, digestioaren patologia, hepatoesplenikoa eta biliarra, hanturazkoa eta infekziosoa eta onkologia.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Beste estamentu eta/edo espezialitate batean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraikiko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

Bigarren, laugarren eta bosgarren atalak bateragarriak dira, eta ikerketa lan beraren gaineko komunikazioa, txostena eta argitalpena baloratuko dira.

Akta-liburuetan edo “abstract” direlakoetan egiten diren txostenak, posterrak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea, kreditu akademiko bakoitzeko 0,2 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordio”en barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

2.2. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu

–Estatuan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Autonomia erkidegoan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.3. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 0,75 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,2 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.4. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.5. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.6. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 orduko: 0,2 puntu.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Ez da apartatu honetan baloratuko b) apartatuan adierazitako irakasle lana.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagiriaren arabera ikasturte osoa frogatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.7. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2110138