173. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa, Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2021eko maiatzaren 26an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 23an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantzaren aldaketaren onespena behin betikotzat jotzen da, eta haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen harik eta beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu arte eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

Antsoainen, 2021eko ekainaren 24an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

ORDENANTZA FISKALA, ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatuaren babesean.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Zerga-egitatea da udal-mugartean diren etxebizitzen titulartasuna, baldin etxe hutsen kalifikazioa badute Etxe Hutsen Erregistroan sartuak egoteagatik. Erregistro hori sortu zen Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 42 sexies artikuluaren ondorioz.

3. artikulua.

Zergaren ordainarazpenerako, etxebizitzatzat joko da baldintza arruntetan pertsonen bizitegi izan daitekeen eraikuntza oro, aldi baterako zein luzaroan.

4. artikulua.

Ordenantza hau aplikatzeari dagokionez, etxebizitza hustzat joko dira administrazio eskudunak horrela kalifikatzen dituen etxebizitzak, bat etorriz Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 42 quinquies artikuluak arautzen duen prozedurarekin eta hura garatzeko araudiarekin.

5. artikulua.

Ez da zerga hau ordaindu beharko etxegintzan edo etxe salmentan ari diren enpresek eraikitako etxebizitzengatik, horien lehen eskualdaketa egiten ez den artean.

Subjektu pasiboak

6. artikulua.

Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean gozamenerako bestelako eskubide errealik ez denean.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamenerako eskubide errealen baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

7. artikulua.

Zergaren aplikaziotik salbuetsita daude:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzen ahal zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak badira, arrazoi teknikoak, antolamendukoak zein ekoizpenekoak direla medio edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratuak direla bide edo toki-mugikortasunaren menpe daudelako.

c) Administrazio Publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatearen esku), gizarte-alokairurako erabiltzeko.

d) Etxebizitzen titularrak administrazio publikoak badira.

Edonola ere, etxebizitza bakarra hartuko du salbuespenak, aurreko d) letrakoari dagokionean salbu, horrek denak hartuko baititu.

Zerga-oinarria

8. artikulua.

Zerga-oinarria izanen da hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako indarra duena.

Kuota

9. artikulua.

Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikaturik ateratzen dena.

Karga-tasa

10. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 188.2. artikuluan ezarritako karga-tasa ezartzen da.

Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

Zergaren sortzapena

11. artikulua.

1 Lehen aldiz, 16. artikuluan aipatzen den jakinarazpenetik urtebete iragandakoan sortuko da zerga, etxebizitzaren desokupazioa gelditu ez bada, 3. eta 4. artikuluetan horren gainean egin den kalifikazioarekin bat.

2 Gerora, urte bakoitzeko lehenbiziko egunean sortuko da zerga.

3 Kuotak sei hilean behin izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta txikiezinak.

4 Proportzionaltasuna aplikatuko da aurreko apartatuetan adierazitakoak baino aldi laburragoetan eta, nolanahi ere, zerga aplikatzean lehen sortzapenaren eta sortu den urte naturalaren amaieraren arteko aldiari.

12. artikulua.

Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute zergaren sortzapen-aldiari dagozkion kuoten zati proportzionala itzultzeko, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrera.

Zergaren kudeaketa

13. artikulua.

Zerga ordainarazteko, etxebizitzak sartu beharko dira Nafarroako Etxebizitza Hutsen Erregistroan. Aldez aurretik, administrazio eskudunak haiek deklaratzeko prozedura izapidetu beharko du, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 42 quinquies artikuluan ezarria baitago.

14. artikulua.

Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, subjektu pasiboek bete beharreko betebeharrak eta prozedura 13. artikuluan aipatzen den araudian xedatutakoa izanen da.

15. artikulua.

1 Subjektu pasiboek ez badituzte betetzen hutsik dauden etxebizitzak erregistratzeko ezartzen zaizkien betebeharrak, Udalak, ofizioz edo salaketa bidez, eska dezake etxebizitzak Erregistroan sartzea.

2 Eskumena 10/2010 Foru Legearen 42 quinquies artikuluan ezarritako eskuordetzearen bidez egikarituz gero, Antsoaingo Udalak, ofizioz edo salaketa bidez, erregistroan sar ditzake etxebizitzak, aldez aurretik espedientea izapidetuta eta interesdunari entzunda.

3 Erregistroan alta emanda, Alkatetzak etxebizitzaren titularrari jakinaraziko dio, zerga sortzeko urtebeteko epea has dadin, 11. artikuluak xedatutakoarekin bat.

Alta eta bajen sistema

16. artikulua.

Behin etxebizitza Erregistroan inskribaturik, eta aurreko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, subjektu pasiboek edo horien administratzaileek edo legezko ordezkariek, gertatu diren aldaketak deklaratu behar dizkiote Udalari eta, horretarako, alta, baja eta jabari edo titulartasun aldaketei buruzko deklarazioak aurkeztu behar dituzte, aipatutako egintzak ematen diren unetik ondoko 30 egun baliodunean.

17. artikulua.

Subjektu pasiboek behar diren alta, baja eta aldaketen deklarazioak aurkeztuko dituzte, dokumentu fede-emaileekin batera, zeinetan gertatutako aldaketa egiaztatuko den; horiek eraginkorrak izanen dira aldaketak zein seihilekotan gertatu eta hurrengo seihileko naturaletik aurrera, eta hari dagokion kuota ukituko dute.

Arau-hausteak eta zehapenak

18. artikulua.

Arau-hauste eta zehapenei dagozkien afera guztietarako, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari eginen zaio men.

TARIFEN ERANSKINA

Karga-tasa

Etxebizitza Hutsen Erregistroan jasotzen denetik, zerga-oinarriari aplikatuko zaion karga-tasa %0,50 izanen da lehenengo urtean, %1 bigarren urtean, eta %1,5 hirugarren urtean eta hurrengoetan.

Karga-tasa bakarra izanen da udalerri osorako.

Iragarkiaren kodea: L2110153