173. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

597E/2021 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ablitasko udal-mugarteko Corral del Alto parajean zerri-gizentzeko 2.472 plaza instalatzeko proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustatzailea M.ª Rosario Gracia Martínez da.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. a) 3. taldearen barnean sartzen da. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen du I. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaiela.

Era berean, proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 4C eranskineko C) 3. epigrafean sartzen da (“Jarduera sailkatuetarako udal lizentziaren menpe dauden jarduerak eta instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Jarduera sailkaturako udal lizentzia eskuratzeko eta ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko asmoz, M.ª Rosario Gracia Martínezek, jardueraren titularrak, 2019ko irailaren 25ean proiektu hau aurkeztu zuen Ablitasko Udalean: udalerri horretako Corral del Alto parajean zerri-gizentzeko 2.472 plaza instalatzeko proiektua. Horrez gain, ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatu bezala.

2019ko abenduaren 12an (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 243. zk.) eta 26an (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 252. zk.), Ablitasko Udalak jendaurrean jarri zituen ingurumen eraginaren azterketa eta aurkeztutako gainerako dokumentazioa, 30 egunez, eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publikoak zirenez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ribaforadako Udalari, Ablitasko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari egin zitzaien kontsulta. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Ablitasko Udalaren erantzunak jaso dira. Horrez gain, 5 interesduni egin zitzaien kontsulta, baina inork ez du erantzun.

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten laburpena ebazpen honen IV. eranskinean (ingurumen-ebaluazioko kontsultak) jasotzen da. Bertan, besteak beste, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena ere jasotzen da.

2020ko irailaren 8an, Ablitasko Udalak Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari bidali zion espedientea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntari hasiera emateko.

Ingurumen eraginaren azterketa osorik dago, proiektua oro har deskribatzen du eta alternatibak azaltzen ditu. Gainera, proiektuaren ingurumen ondorioak ebaluatzen ditu eta eraginak prebenitzeko, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurriak proposatzen eta baloratzen ditu. Espedientearen analisi teknikoa egin ondoren (ingurumen eraginaren adierazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da), Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura egokiro burutu dela.

Izapidearen ondoriozko dokumentazioa aztertuta, irizten da proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik eta proposatzen da ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea eta zehaztea, ingurumeneko ondorioetarako soil-soilik, ingurumen eraginaren azterketan ezarritako neurriak ez ezik ebazpen honetan jasotako baldintzak ere beteta egiten ahalko dela proiektua.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ablitasko udal-mugarteko Corral del Alto parajean zerri-gizentzeko 2.472 plaza instalatzeko proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena ematea. Proiektuaren sustatzailea M.ª Rosario Gracia Martínez da.

2. Jarduera espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila ezartzea, baita honako baldintza hauek betez ere:

Ingurune naturala eta paisaia babestea.

–Instalazioa ezartzeko obrak estepako hegaztientzako aldi kritikotik (hots, martxoaren 15etik abuztuaren 15era arteko alditik) kanpo egin beharko dira, ugaltzeko eta hazteko sasoian haien babesa bermatzeko asmoz.

–Gorpuak kudeatzeko irtenbideak bermatuko du fauna nekrofagoa ezin dela animalia hondarretara heldu. Horretarako, instalazioan bertan errautsi, edo gorpuetarako edukiontziak sarbide mugatuko eraikin itxietan biltegiratuko dira. Basa faunarekin gorabeherarik egonez gero, gorabeherok kontrolatzeko eta idatzita uzteko protokolo bat erabiliko da, fauna instalazioetarantz erakartzea eragin duten arrazoien berri izateko, hala badagokio, eta egoera zuzentzeko.

–Jarduera maneiatzean eta instalazioen mantentze-lanak egitean, ziurtatuko da ez dela agerian gelditzen estepako hegaztiak harrapatzen dituzten edo haiei eragiten dieten hegazti edo ugaztun oportunistak erakar ditzakeen animalia hondarrik edo elikagairik.

–Ablitasko haize-parkearen jarraipenaren ondorioz, instalazioetatik hurbil baitago, egiaztatzen bada heriotza-tasa igotzen dela instalazioa abifaunarentzako erakarpen fokua delako, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiaren sustatzaileak behar diren neurri guztiak hartuko ditu arazoa zuzentzeko.

–Instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak ingurumen jarraipeneko dokumentu bat aurkeztu beharko du. Bertan, ingurumen eraginaren adierazpenean abifaunaren babesari buruz ezarritako prebentzio neurriak betetzeko egin diren jarduketak erregistratuko dira.

–Mindak, simaurrak, digestatoa edo aziendaren gorotzen bestelako deribatuak banatzeko lurralde plana bat etorraraziko da ebazpen honi erantsitako protokoloarekin eta baldintza hauekin:

  • Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua bete beharko da, bereziki 8. artikuluko 5., 6. eta 7. puntuetan hondakinak ezabatzeari buruz aipatutakoa, ingurune naturalaren gaineko eraginak saihesteko.
  • Banaketa planetik kanpo utzi beharko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak irailaren 15ean emandako 147E/2020 Foru Aginduaren arabera nitratoez kutsa daitezkeen eremuen barruan kokaturiko lurzatiak.
  • Jarduerak klima aldaketan, erregai fosilen kontsumoaren murrizketan eta berotegi efektuko gasen emisioan dituen ondorioei dagokienez, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ezarriko du banaketa lurzatien eta baserriaren arteko gehieneko distantzia, hark baitauka eskumena arloan.
  • Banaketarako erabiliz gero, El Barranco del Tollorekin mugakideak diren lurzatietan, minden banaketatik kanpo utzitako distantzia (ibilgutik 35 metro) betetzeaz gain, arroilako landaredi naturalaren babesa bermatu beharko da. Horretarako, gutxienez 10 metroko zerrenda utzi beharko da arroilaren ezpondaren ertzeraino.

–Landare-tratamenduak paisaia integrazioari emanen dio lehentasuna okupazioaren hego-ekialdeko mugan bat egiten duten bideen ikuslerrotik. Horretarako, proiektaturiko landaketa pabiloiaren atzealdera, idoiaren perimetrora eta hura ukitzen duen albora hedatuko da.

Ustiategiaren ingurumen integrazioa errazteko asmoz, proposatzen da itxituratik edo pabiloien alboetatik eta aurrealdetik hurbil zuhaixka landaketa itxi bat ezartzea, adibidez, milazka frantsesez edo tamarizez (Tamarix gallica / T. canariensis) osatua. Landaketa heskai perimetral trinkoa izanen da, aleen artean metro bateko tartea egonen da eta behar diren ureztapenak eta zaintzak bermatuko dira jarduera abian egon bitartean landaketa behar bezala ezarri eta gara dadin.

–Kanpoko argiteriak xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorri beharko du: azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea, argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa, garatzeko erregelamendua onesten duen irailaren 15eko 149/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulua eta kanpo argiteriako instalazioen energia efizientziari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretua, batez ere 6. artikulua, zeinak “gaueko argi distira, argi arrotza edo gogaikarria” arautzen baititu.

Horretarako, instalazioa ezartzeko lekua E1 zonatzat joko da (naturagune babestuen sarean edo bereziki babestu behar diren lurralde-eremuetan sarturiko guneak). Horregatik, kanpo argiztapenerako behe-presioko sodio lurrunezko lanparak edo LED anbar monokromatikoa erabiliko dira eta, argi iturri horiek baliatu ezin direnean, 400 nm baino gutxiagoko uhin luzerak iragazi eginen dira.

Kanpo argiteria une jakinetan eta aldi laburretan bakarrik erabiliko da, hain zuzen ere, animalien zama-lanak egitean.

Obrak egitean hartu beharreko neurriak.

–Ustiategia nibelatzeko zehazten diren hondeaketa eta betelan ezpondak lauak izanen dira, ez 2H:1V baino bertikalagoak, eta gehienez ere bi metro altu. Ezpondok landare lurra hedatuz eta landa ereintza aplikatuz egokituko dira.

–Hondeaketan sobera geratzen diren zabalguneko lurrak, landare lurrak ez direnak, kudeatzaile baimendu baten esku utziko dira, baita gainerako materialak eta obra hondarrak ere, beren izaeraren arabera.

Landare lurra (lurzoruaren gainazal horizonte emankorra) obrek ukitutako zonak eta ezpondak lehengoratzeko erabiliko da lehentasunez; soberakinak sortzen badira, lurzatiaren azalera produktiboaren gainerako zatietan hedatzen ahalko dira, landarediari eta drainatze naturalari eragin gabe eta bertan eten topografikorik sortu gabe.

3. Ingurumen eraginaren ebaluazioan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legearen 44. artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzen denean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Tuterako mugapeneko Ingurumena Zaintzeko Atalari, Ablitasko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Ablitasko 11. poligonoko 810., 811. eta 812. lurzatien elkarketan zerri ustiategi bat, 2.472 gizentze plazakoa, ezartzea proiektatzen da. Sartzen eta aldi berean hiltegira eramateko irteten diren animaliak 20 eta 110 kg bitartean gizenduko dira, eta urtean 2,5 gizentze ziklo garatzea aurreikusten da.

Horretarako, honako instalazio hauek xedatzen dira:

–Pabiloi bakarra eraikiko da, 119 x 16,7 metroko oinplanoa eta estalkiko gailurreraino 6,1 metroko garaiera izanen duena, okupazioaren ekialdeko mugarekin lerrokatuta.

–Mindak biltegiratzeko 2.200 m³-ko idoi bat hondeatuko da (pabiloiaren ipar-mendebaldean) eta hormigoiz iragazgaiztuko da.

–Ura gordetzeko 248 m³-ko biltegi bat ezarriko da (lurzatiaren goialdean). Xafla metaliko zirkularrezkoa izanen da eta bide mugakidean kokaturiko sute-aho batera konektatuko da.

–Ustiategia 35 m²-ko lokal tekniko batez eta jarduera egiteko behar diren gainerako elementuez hornituko da.

–Pabiloia eta mindetarako kanpoko idoia banaka mugatuko dira, sare metalikozko osasun itxitura batez.

Lurzatian sartzeko, hura hegoaldetik eta ekialdetik mugatzen duten kontzentrazio bideak erabiltzen dira. Ustiategiak gasolioz elikatutako sorgailu elektriko autonomo baten bidez jasoko du hornidura elektrikoa eta ur hornidura ere edukiko du; hain zuzen, azken hori Nafarroako ubideko lur ureztaturako sute-ahotik jasoko du, zeina lurzatian bertan baitago.

Proiektuan ez da berariaz zehaztu jarduerarako maneiu zabalgunea, baina, lur mugimenduaren ondoriozko nibelazioa kontuan harturik, zenbatesten da obren ondoren kota homogeneoko zabalgune bat, 8.600 m²-koa, aterako dela. Horietatik 2.075 m² eraikuntzek iragazgaiztutako azalera izanen dira, eta 1.166 m², berriz, idoien okupazioak iragazgaiztutakoa.

Simaurrak ekoizteko plan bat hartzen da barne. Bertan, xedatzen da mindaren balorizazio materiala nekazaritza banaketaz eginen dela, batez ere Ribaforadako ureztaketa tradizionaleko eremuan eta Ablitasko herriko ureztatzaileen elkartearenean, ustiategiarekin mugakideak diren lehorreko lurzatiak barne (ES2200042 Peñadil, Montecillo eta Monterrey interes bereziko eremutik kanpo).

Zerriak 20 eta 110 kg bitartean gizentzeko jarduera, non animaliak sartu eta aldi berean hiltegira eramateko aterako diren. 150 eguneko gizentze ziklo bakoitzaren ondoren osasun aldi huts bat egonen da eta pabiloiak garbituko dira. Ustiategian sortutako minda kudeatzeko, kudeatzaile baimenduak ohantzea eta simaurra nekazaritza lurzatietan banatuko ditu. Urtean 2,43 ziklo inguru egonen dira eta ziklo bakoitzean hilkortasun tasa %4 izanen da.

II. ERANSKINA

Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa

Instalazioa Ablitasko udal-mugarteko hego-ekialdean dago, “Peñadil, Montecillo eta Monterrey” kontserbazio bereziko eremutik (ES2200042 KBEtik) 400 metrora gutxi gorabehera. Haren deskribapena ebazpen honen V. eranskinean laburbiltzen da. Ustiategiak lehorreko zerealetarako hiru lurzati (11. poligonoko 110., 111. eta 112. lurzatiak) hartuko ditu eta malda leuna edukiko du. El Barranco del Tollo gutxi gorabehera 150 metrora dago, ekialdean. Iparraldean, gutxi gorabehera instalazioetatik 400 metrora, El Barranco de Malpisako ibilguak Ablitasko herriko ureztatzaileen elkartearen presio bidezko ureztapen eremua mugatzen du.

Ingurumen eraginaren azterketaren arabera, hauek dira interes elementu nagusiak: “Peñadil, Montecillo eta Monterrey” KBEa, zeina Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko interes eremua (NEAKIEa) ere baden, El Barranco del Tollo, “Pasada 90” abelbidea eta Ablitasko galtzada erromatarra (ikusi laburpena ebazpen honen IV. eranskinean).

Proiektuan xedatu da baserriaren elementuak 8.600 m²-ko azalera nibelatu baten barruan kokatuko direla, obran lur mugimenduko hondeaketa eta betelana konpentsatzeko ezponda txikiak sortuko direla (hondeaketakoa, hego-ekialdean, eta betelanekoa, ipar-ekialdean) eta zabalgunearen okupazioari 600 m² inguru gehituko zaizkiola. Ez da eragin nabarmenik aurreikusten jarduerari ur hornidura eta hornidura elektrikoa emateko, alboan sute-aho bat dagoelako eta hornidura elektrikoa sorgailu autonomo baten bidez eskuratuko dela xedatzen delako. Sarbideagatik ere ez da ukipenik egonen, badagoelako ustiategira heltzen diren bideen sare bat eta bideok lurzatian sartzea errazten dutelako, mindaren nekazaritza banaketa egiteko.

Bestalde, azterketan jardueraren funtzionamenduari lotutako ondorioak baloratzen dira, minden balorizazio materialerako nekazaritza banaketa egiteko plana aplikatuz. Balorazioaren arabera, proiektuak ez du eraginik izanen “Peñadil, Montecillo eta Monterrey” KBEaren eta NEAKIEaren balioetan, eremu espazial hori mindak banatzeko lurralde planetik kanpo geratzen delako (Ebroko alubioiko, Ablitasko herriko ureztatzaileen elkarteko eta Ribaforadako larreko ureztapen lurzoruen mesedetan). Hala ere, planak lehorreko zerealetarako 27 ha, KBEtik eta instalaziotik hurbil daudenak, hartzen ditu barne, urteko erregimenean, eta horien gainean ingurumena babesteko neurriak ezartzen ahal dira. Ustiapena intentsiboa izanen dela aintzat hartuta, animalia gaixoen gorpuak kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkio, hark kudea ditzan, eta zuhurtziazko neurriak hartu beharko dira sarraskijaleen edo harrapakari oportunisten esku gera ez daitezen.

Hala ere, azpimarratzekoa da simaurrei buruzko planean barne hartutako KBEaren eta NEAKIEaren ondoko lehorreko lurrak eta ustiategiaren lekua bera estepako abifauna katalogatuko espezieen habitata izaten ahal direla, zehatz-mehatz, honako hauena: ganga azpizuria (Pterocles alchata), ganga azpibeltza (P. orientalis), atalarra (Burhinus oedicnemus) eta mirotz urdina (Circus pigargus). Era berean, ingurune zabalago batean, hegazti harrapari handiak, hala nola arrano beltza (Aquila chrysaetos) eta eguzki-arranoa (Aquila adalberti), biltzen diren gune bat aurkitu da Ebroko haranean, baita Bonelli arranoa (Aquila fasciata) maiz joaten den lurralde bat ere. Hori dela eta, baimenaren baldintzetan espazio horien kontserbazioa ziurtatzeko neurriak jasotzen dira.

Ingurumen eraginaren azterketan aurreikusita ez dagoen arren, ingurumen-ebaluazioan kontuan hartu da Ablitas haize-parkeko lau haize-sorgailu hurbil daudela, hain zuzen, instalaziotik 1.600 eta 750 metro bitartean. Jakina denez abeltzaintza jarduerak fauna nekrofagoa erakartzen duela, animalia ehunen hondarrak faunaren esku geratzen diren egoeretan ikusi den moduan, ebazpenean neurriak hartzen dira ustiategia hurbileko haize-parkean ezbeharrak eraginen dituen erakarpen fokua bihur ez dadin.

Paisaiaren ikuspuntutik, nabarmendu behar da animaliak hartzeko aurreikusitako pabiloia eta ustiategiak okupaturiko eremu orokorra tamaina handikoak direla; hala ere, alderdi onuragarriak dauzkate, adibidez, paisaia irekia dela, horrek ustiategia eskalan hautematea errazten baitu, jarduera paisaia horretako berezko jarduerarekin parekatzen ahal dela eta gizaki gutxi joan ohi direla eremura. Jarduerak paisaia integrazioko neurriak hartzen ditu, hala nola eraikina landaketaren bidez ezkutatzea. Bideak dira behaketa punturik kalteberenak.

Ingurumen eraginaren azterketa eta txosten hau berrikusi ondoren, egiaztatu da hauek direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, gizakien erabileretan, pertzepzio ingurunean, azaleko uretan, fauna espezieetan eta habitatetan eraginak sortzen ahal dituztelako: baliabideen kontsumoa, usain ekoizpenaren kontrola, airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrola, “Peñadil, Montecillo eta Monterrey” KBEko eta NEAKIEko abifaunaren eta kontserbazio balioen babesa, El Barranco del Tolloko landarediaren babesa, gaueko zeruranzko argi emisioa eta paisaia eragina.

III. ERANSKINA

Simaurren eta haien produktuen aplikazioak intereseko floran eta faunan eta eremu babestuetan izaten ahal dituen ondorio kaltegarriak prebenitzeko eta kontrolatzeko protokoloa

a) Estepako abifaunako espezieak dauden eta intereseko habitatak dauzkaten lurzatietan, batez ere Natura 2000 Sarean eta NEAKIEan daudenetan:

–Oro har, intereseko habitatei eta intereseko flora eta fauna espezieei eragiten dieten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak zein kontserbazio bereziko eremua (KBEa) degradatzeko arriskua dakarten edo ekartzen ahal duten hondakin solidoak, simaurrak, obra-hondakinak edo substantziak uztea.

–Modu iraunkorrean landu gabe dauden eremuetan ezin izanen da mindaz ureztatu. Landu gabeko eremu edo alfer lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira –KBEan zein hortik kanpo egon–, zeharka ere ezin izanen diete eragin mindak edo deribatuak aplikatzen diren laborantzatik datozen lerradurek edo istiltzeek.

–Debeku da minda erabiltzea ur masa iraunkorretatik gutxienez 50 metrora. Simaurrak banatzeko baldintzek, ur masak babeste aldera, kontuan izanen dituzte sektorerako erreferentziako araudi zehatzak estatuan ezarritako betekizunak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB betearazpen erabakian abeltzaintza sektorearentzat deskribatutako TEOak), baita Nafarroan ezarritakoak ere (abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen 148/2003 Foru Dekretua eta uraren bitartez nekazaritzako nitratoez kutsa daitezkeen eremuak izendatu eta dagokien jarduketa programa onesten duen urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretua).

–Ur ibilguen eta hezeguneen kutsadura saihestuko da, urtarotarrak zein jarraituak izan. Arroilak eta haietako ibaiadarrak joko dira ibilgutzat, bereziki habitat naturalak (gatz lautadak, larreak, landaredi higrofiloa edo flora mehatxatuko taxonak) dauzkatenak, KBEaren barruan egon nahiz ez. Nolanahi ere, ez da hustubideetan edo drainatzeetan isurtzen den azaleko ur jariatzerik egon behar.

–Gatz hezegune eta arroiletako arro hidrografikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak beteko dira. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

b) Estepako hegazti katalogatuak daudela frogatu den lurzatietan, Natura 2000 Sarean sarturiko kokapenetan eta Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuetan, lehorreko laboreak txandakatzen dituen nekazaritzako jarduera bermatuko da, estepako abifaunaren kontserbazioa sustatzeko. Alde horretatik, honako baldintza hauek beteko dira:

–Martxoaren 1etik abuztuaren 31ra arte ez da ez mindarik ez deribaturik aplikatuko lehorreko zereal laboreetan, estepako hegaztiak beren ugalketa sasoian babestuta daudela bermatzeko.

–Lugorrietan ez da ez mindarik ez deribaturik aplikatuko. Gainera, lugorriak estepako hegaztien bizi zikloa burutzeko garrantzitsuak direnez, simaurrei buruzko planak ez du ekarriko laborantzak areagotzea horrek lehendik dagoen lugorritze sistema aldatzea badakar.

c) Mindak eta deribatuak aplikatzeko metodoari buruz:

–Ez da behe-presioko aspertsiozko ureztapen lokalizatuaren bidezko banaketa sistema (fertirrigazioa) baimentzen ez Natura 2000 Sarean, ez Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuetan (NEAKIE-etan), ez estepako hegazti katalogatuak daudela egiaztatzen den lekuetan.

–Gune horietan, hodi esekiak dituzten zisternen bidezko banaketa lokalizatua aztertzeko aukera dago, arestian aipatutako baldintzak kontuan hartuta: dosifikazioak estepako hegaztiak babesteko egutegia errespetatu beharko du, eta intereseko habitatei eragiten ahal dien istiltzerik edo lerradurarik sortzen ez dela bermatu.

IV. ERANSKINA

Ingurumen-ebaluazioko kontsultak

Ukituriko administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta izapidearen laburpena

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ablitasko Udalak, organo eskudunaren eginkizunak betez, kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Horretarako, titularrak aurkeztutako proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa bidali zizkien.

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

Ablitasko Udala

X

Ribaforadako Udala

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Landazuria, Erriberako Ekologistak Martxan

Ekologistak Martxan

Gurelur

Sustrai Erakuntza fundazioa

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman du arkeologia ondarearen ukipenari dagokionez, handitzea proiektatzen den eremuko lurzatietan ez dagoelako aztarnategi arkeologiko katalogaturik. Hala ere, jakinarazi du lanak egin bitartean aztarna arkeologikorik aurkituz gero ez ukitzeko eta agintaritzari komunikatzeko legezko betebeharrak daudela. Arkitektura ondareari dagokionez, ez da ukipenik hauteman.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak bidalitako txostenean zera adierazi da: pabiloia El Barranco del Tolloko ibilguaren ezkerraldetik 100 m baino gehiagora eta El Barranco de Malpisaren eskuinaldetik 400 m baino gehiagora proiektatuta dagoenez, jarduketak ez du arroko erakundearen baimenik behar jabari publiko hidraulikoaren eta lasterren erregimenaren babesari dagokionez.

Dena den, titularrari jakinarazi dio nahitaezko emakida edo baimena eskatu behar duela ibilguko urak bildu, zuzenean isuri edo ura ateratzeko putzuak ireki behar badira. Era berean, azaleko jariatze urak behar bezala tratatu beharko ditu jarduketaren ondorioz hirugarrenei ukipen nabarmenik ez sortzeko.

Ablitasko Udalak adierazi du jarduera lurzoru urbanizaezineko babes lurzoruaren kategorian baimengarrien artean dagoela, udal plan orokorraren eta lurralde antolamenduko 5. planaren (“Erribera”) arabera. Haren aburuz, azaldutako jardueran frogatzen da bai planeko baldintzak, bai abeltzaintza intentsiboko jarduerari buruzko LAPetan lurzoru urbanizaezinetako jardueretarako erabilerak baimentzeko irizpideak betetzen direla eta, gainera, berariazko araudia betetzeko irtenbide teknikoak ematen direla. Azken horiek ingurumen izapidean zehar ebaluatuko dira.

V. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena

Tramitazioak ingurumen eraginaren azterketa bat, handitzearen ingurumen baimen integratuaren eskabidean aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea, jaso du; bertan, ondorioztatzen da alternatibarik onuragarriena, ingurumenaren ikuspegitik, proposaturiko eremuan ezartzea dela.

Azterketan, alderdi garrantzitsuak biltzen dira eta proiektuak ezarketan eta funtzionamenduan Peñadil, Montecillo eta Monterreyko KBEaren eta NEAKIEaren ondoko eremuan izaten ahal dituen eraginak identifikatzen eta deskribatzen dira. Horrez gain, proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko neurriak ezartzen dira. Neurriok, alde batetik, prebentziozkoak dira, obren ukipena proiektuaren esparru hertsira mugatzeko, eta abian egon bitartean ingurumen eragina txikiagotzeko teknika erabilgarri onenen (TEOen) aplikazioa ere jasotzen da; besteak beste, ustiategian sortutako mindak balorizatzeko lurralde planari dagozkion neurriak barne hartzen dira.

Azterketan, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren eragin nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten diotenak.

Iragarkiaren kodea: F2110007