173. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

263/2021 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Foru Komunitateko “Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Alde” sarea, eta prozedura ezartzen baita ikastetxeak aipatu sarean sar daitezen.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, bere 2. artikuluan, ezartzen du hezkuntzaren helburuak, hauek, besteak beste: “Tolerantziaren eta askatasunaren erabileran oinarritutako hezkuntza, elkarbizitzaren printzipio demokratikoen barrenean, hala nola gatazkei aurrea hartu eta bake bidez konpontzeko jokabidean oinarritutako hezkuntza.”

Terrorismoaren biktimei laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legearen 17. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak Bake eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntza Programa bat bultzatu beharko du urtero, Nafarroako gizarte osoari zuzendua. Berariaz, 17. artikulu horretan bertan ezartzen da Hezkuntza Departamentuak hezkuntza programa bat garatuko duela Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, “terrorismoaren aurrean bizikidetza baketsu eta demokratikoaren balioak jaso eta islatuko dituena, eta gazteengan hitzak duen balioaren kontzientzia errotuko duena, ideiak modu demokratikoan defenditzeko bitartekoa eta modua den aldetik”.

1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak14.2 artikuluan aipatzen duenez, “Nafarroako Gobernuak urteroko Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntza Programan behar diren jarduketak sartuko ditu, foru lege honen helburuak betetzeko”, besteak beste, “erail zituztenen edo errepresio frankistaren biktima izan zirenen memoria historikoa leheneratzea”, eta “erraztasunak ematea Nafarroan garai horretan gertatutakoak ezagut daitezen”.

29/2018 Foru Legeak, abenduaren 26koak, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzkoak, bere 17. artikuluan ezartzen du memoria historikoaren gaian eskumena duen departamentuak sustatu behar duela “memoria duten eskolen programa bat, Nafarroako memoria historikoaren tokiak eta han bizitako gertaerak curriculumaren jardueretan txertatzea sustatzeko; helburua izanen da bake kultura sustatzea hezkuntza maila guztietan, bai eta errespetuan, elkartasunean eta demokrazia areagotzean oinarritutako balioak ere”.

Era berean, martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legeak, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoak, “Bakerako eta bizikidetzarako hezkuntza” izeneko 22. artikuluan, honakoa adierazten du: “Bakearen eta giza eskubideen aldeko urteroko heziketa programan eta hezkuntzaren arloko departamentu eskudunak garatutako programen esparruan, kontuan hartuko dira foru lege honetan jasotako helburu eta printzipioak”, eta, horien artean, “Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean bildutako balioak sustatzea Nafarroako gizartean”.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 2020ko abenduaren 23ko Hitzarmena izenpetu zuten, memoria, bizikidetza eta giza eskubideei buruzkoa, zeinean ezartzen baitira bi departamentuen arteko informazio, lankidetza eta koordinazio mekanismoak, beharrezkotzat jotzen direnak, gai horri buruzko hezkuntza-jarduketak harmonizatzeko eta Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko sarea sustatzeko.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Nafarroako Foru Komunitateko Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko sarea sortzeari buruz.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT

1. Nafarroako Foru Komunitateko Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko sarea sortzea.

2. Ikastetxeak Nafarroako Foru Komunitateko Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko sarean sartzeko prozedura ezartzea, ebazpen honen I. eranskinarekin bat etorriz.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak ondoko hauetara igortzea, beren ondorioak sor ditzaten: Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integrazioaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Kualifikazioen eta Proiektuen Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira.

Iruñean, 2021eko ekainaren 23an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Ikastetxeak Nafarroako Foru Komunitateko Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko sarean sartzeko prozedura

Lehena.–Sarean sartzea.

Sarean sartu nahi duten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeek, unibertsitateaz kanpokoek, publikoek eta itunduek, eskaera bat aurkeztu behar dute, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera, ikastetxearen proiektu komunarekin batera. Oro har, sarean sartzeko eskaerak ikasturte bakoitzaren hasieran aurkeztuko dira, urriaren 15a baino lehen. Sarean sartzeko, beharrezkoa izanen da ikastetxeko eskola kontseiluak onartzea.

Bigarrena.–Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko proiektua.

1. Ikastetxeek ikastetxearen proiektu komun bat aurkeztu behar dute.

2. Lan proiektuetan honakoak jaso beharko dira, gutxienez:

–Ikastetxearen datuak.

–Egoeraren analisia.

–Helburuak.

–Edukiak eta jarduerak.

–Baliabide materialak.

–Proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak.

3. Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren sarean sartu nahi duten ikastetxeek beren proiektuak bidaliko dituzte Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura.

4. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren arteko memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen gaineko hitzarmeneko bosgarren oinarrian aurreikusitako batzorde mistoak baliozkotuko du sarean parte hartzeko aurkeztutako proiektuen egokitasuna, eta ikastetxe interesdunei jakinaraziko die erabakia.

Iragarkiaren kodea: F2110371