171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Izendatzea Lixura Baztan SL erakunde instrumentala eta zerbitzuaren kudeaketa bere esku uztea

Baztango Udalak, 2021eko ekainaren 24an egin ohiko osoko bilkuran, besteak beste, honako erabaki hau

HARTU ZUEN:

1.–Lixura Baztan SL enpresa Baztango Udalaren erakunde instrumental izendatzea, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako. Ematen zaizkion aginduen eremua bere estatutuetan deskribatutako merkataritza-sozietatearen helburuan jasotzen diren prestazioak dira.

2.–Lixura Baztan SL udal merkataritza-sozietatearen bitartez, udal eraikin hauen garbiketa-zerbitzua zuzenean kudeatzeko modua onestea: Baztan Ikastola; Elizondo, Almandoz, Amaiur, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Erratzu, Irurita, Oronoz-Mugiare eta Zigako eskolak; Amaiur, Arizkun, Erratzu, Irurita eta Oronoz-Mugairiko kontsultategi medikoak.

3.–Baztango Udalaren eraikinak garbitzeko zerbitzuaren kudeaketa (Baztan Ikastola; Elizondo, Almandoz, Amaiur, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Erratzu, Irurita, Oronoz-Mugiare eta Zigako eskolak; Amaiur, Arizkun, Erratzu, Irurita eta Oronoz-Mugairiko udal kontsultategi medikoak) Lixura Baztan SL merkataritza-sozietatearen esku uztea. Sozietate hori administrazio honen baliabide propio eta zerbitzu tekniko gisa eratu da.

Lixura Baztan SL enpresak giza baliabideak, baliabide materialak eta baliabide teknikoak eman behar ditu, bai eta kudeaketa agindu honen bidez esleitzen zaizkion jarduera eta zerbitzuak betetzeko beharrezko logistika ere, ekonomia, eraginkortasun eta kalitate irizpideen arabera. Ildo horretatik, Lixura Baztan SLk, ondorio guztietarako, enpresaburu izaera izanen du bere ardurapeko langileei dagokienez, eta horren gainean zuzendaritza, kontrol eta diziplina ahalmenak izanen ditu. Era berean, lan arloan, gizarte segurantzan eta laneko segurtasun eta higienean indarrean dauden xedapenak bete beharko ditu, bere erantzukizunpean.

Lixura Baztan SLk bitartekoak kontratatuko ditu, enpresan bertan eskuragarri ez daudenak eta adostutako zerbitzuak kudeatzeko beharrezkoak direnak.

Kudeaketa-gomendio honek 5 urteko indarraldia izanen du, onesten den egunetik zenbatzen hasita, eta automatikoki eta urte naturaletan luzatuko da, aldeetako batek hitzarmenaren edo edozein luzapenen epemuga baino gutxienez hilabete lehenago berariaz salatzen ez badu.

Kudeaketa-gomendio hau suntsiarazteko arrazoiak hauek dira: bi aldeek idatziz adostea, horren edukia betetzeko ezintasuna izatea eta horietako edozeinek bertan jasotako xedapenak ez betetzea. Udalbatzak uko egin diezaioke gomendioari edo bertan atzera egin dezake, sozietatearen administrazio-kontseiluari entzun ondoren, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

Mandatu horrek ondorioak izan ditzan, aipatutako sozietateak onartu egin beharko du, indarrean dagoen araudian aurreikusitako moduan.

4.–Alkateari ahalmena ematea erabaki hau gauzatzeko behar diren agiri guztiak sinatu eta formalizatzeko.

5.–Agindu hau onartuz gero, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6.–Erakunde instrumentalaren adierazpen espresua Kontratazio Atarian argitaratzea, mandatuak zein esparrutara bil daitezkeen adierazita.

Baztanen, 2021eko ekainaren 24an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

Iragarkiaren kodea: L2110716