171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

630E/2021 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Funesko Arau Subsidiarioen aldaketa bati buruz (La Dehesa-Los Llanos Plan Berezia, 4. poligonoko 587. eta 610. lurzatiak). Aldaketaren sustatzailea Funesko Udala da.

Funesko Udalak 2021eko martxoaren 4an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 22koan.

Aldaketaren helburua da 4. poligonoko 610. lurzatia abeltzaintza-poligonoan sartzea, La Dehesa-Los Llanos Plan Bereziaren bidez araututa dagoena. Aurrerantzean, gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izanen da, jarduera berezietarako lurzorua, abeltzaintza-poligonoa.

Gaur egun, 587. eta 610. lurzatietan, abian dagoen abeltzaintzako ustiategi bat dago, eta haren lizentziak arau subsidiarioak indarrean sartu aurretik (1999. urtea) tramitatu ziren. Hortaz, aldaketa honen helburua da abeltzaintza-poligonoaren eremua eta araudia egungo errealitatera egokitzea, ez baita bidezkoa instalazioen antolamenduz kanpoko araubideari lotzea, instalazioa arau subsidiarioak indarrean sartu baino lehen finkatu baitzen.

Aldaketa proposamenak, beraz, ez du ingurumen ukipen berririk eragiten. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Funesko Arau Subsidiarioen aldaketa bati buruz (La Dehesa-Los Llanos Plan Berezia, 4. poligonoko 587. eta 610. lurzatiak), ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean. Aldaketaren sustatzailea Funesko Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Funesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2110220