171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

629E/2021 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Lesakako Udalaren hirigintza planaren aldaketa bati buruz, UE-6 unitateari dagokiona. Sustatzailea Lesakako Udala da.

Aldaketa hasiera batean onetsi zuen Lesakako Udalak, 2018ko irailaren 21ean egindako osoko bilkuran, eta 2018ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 11koan, jendaurrean jartzeko. Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurari hasi eman zitzaion oinarri harturik Lesakako Udalak bidalitako eskaera, 2018ko azaroaren 12an datatua.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluko (Ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremua) 2. apartatuan xedatutakoa aplikatuz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Aldaketaren helburua da UE-26 unitatearen erabilera globala aldatzea, bizitegi kolektiborako erabilera izan beharrean industria-erabilera izateko (hirugarren sektorea, komertziala). Horretarako, lurzoruaren egungo sailkapena ez da aldatuko, lurzoru urbanizagarri gisa jarraituko baitu, eta proposatzen da eremuaren mugak aldatzea, 1. poligonoko 444., 180. eta 387. lurzatiak aterako direlako (eremuaren iparraldeko mugan kokatzen dira lurzati horiek). Proposamen horren ondorioz, unitatearen azalera murriztuko da 41.598 m²-tik 31.111,96 m²-ra. UE-26 unitateari dagokionez, honako lurzati hauek osatuko dute: 1. poligonoko 248., 232., 245., 594., 596., 597., 599., 246., 245., 518., 177., 179., 244., 273., 370., 519., 598., 168., 255., 457. eta 37. lurzatiak. UE-26 unitatearen barruan, 178. lurzatia dago, tren geltoki zaharra hartzen duena eta etxebizitza-erabilera duena. Aurrerantzean, UA-28 jarduketa-unitatea izanen da.

UE-26 unitatea udal-mugartearen iparraldean dago, eta haren ekialdeko muga osoan Berako udal-mugartearekin muga egiten du. Lesakako erdigunetik 5 kilometrotik gora dago, eta, hala, UE-26 unitatea lotuagoa dago Berako udalerriari Lesakakoari baino. Eremua Alkaiaga auzoan kokatzen da. Alkaiaga herrigunearen periferiako eremu bat da, N-121 errepidearen eta Bidasoa ibaiaren artean kokatua, Berako hegoaldeko sarreran.

Eremua antolatzeko orduan ingurumenaren eta lurraldearen ikuspegitik kontuan hartu beharreko baldintza nagusiak hauek dira: uholde arriskua, Bidasoa ibaia Kontserbazio Bereziko Eremua, N-121 errepidearen ukipen akustikoak eta Bidasoko bide berdea. Horri dagokionez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2018ko abenduaren 4an egindako txostenean adierazi zen zer irizpide eta determinazio sartu beharko liratekeen aldaketan proposamena ingurumenean hobeki integratzeko asmoz, hots:

–1. poligonoko 248., 232., 246., 245., 168. eta 255. lurzatiak bazter uztea (Bidasoa ibaia Kontserbazio Bereziko Eremua), ibaiaren dinamika naturalari lotutako ibaialde bat osatzen dutelako, topografiaren aldetik eremu urbanizagarritik aparte dagoena, betiere korridore biologiko gisa duen potentziala bermatzeko.

–Konpentsazio neurri gisa, 1. poligonoko 594. eta 596. lurzatiak leheneratu beharra ezartzea, Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa planaren jarraibideak aplikatuz, ibai bazterreko eremua eta ibai ondoko formazio naturalak berreskuratzeko.

Ukipen akustikoei dagokienez, dokumentazioan, zaratari buruzko azterketa espezifiko bat gehitu da, non adierazten baita erabilera aldaketak ez duela ukipen akustiko handiagoa ekarriko ingurunean. Dena dela, UE-26 unitateak berak N-121-A errepideko ibilgailuen ukipen akustikoa jasaten du. Hortaz, Plan Partzialak, azkenean ezartzen den erabilera nagusia zein den, kasuan kasuko helburu akustikoak betetzen direla bermatuko du.

Alderdi horiek ingurumen azterketa estrategikoaren 10. atalean jaso dira. Nolanahi ere, neurri horien aplikazioa bermatzearren, beharrezkoa da aldaketaren araudian jasotzea (UE-26 unitatearen hirigintza-fitxan), bai, halaber, O-06 planoan ere, non antolamendu xehaturako irizpide orokorrak jasotzen diren.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak ingurumen ebaluazioaren prozeduraren gaineko txostena egin du, aldekoa, baina Plan Partzialean ingurumen arloko neurri lotesleak sartzearen baldintzapean.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da, aldekoa, Lesakako Udal Planaren aldaketari buruz (UE-26 exekuzio unitatea), eta ondorioztatzen da aldaketak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean. Aldaketaren sustatzailea Lesakako Udala da.

2. Aldaketa ingurumenean integratzeko, honako determinazio hauek jaso behar dira UE-26 unitatearen hirigintza-fitxan (lotesleak izanen dira Plan Partziala egiten denean) eta O-06 antolamendu planoan:

–Ingurumen azterketa estrategikoaren 10. ataleko determinazioak jasotzea (2019ko otsaileko azterketa).

–1. poligonoko 48., 232., 246., 245., 168. eta 255. lurzatiak urbanizazio prozesutik bazter uztea, Bidasoa ibaia Kontserbazio Bereziko Eremuan sarturiko ibaialde bat osatzen dutelako.

–Konpentsazio neurri gisa, 1. poligonoko 594. eta 596. lurzatiak leheneratu beharra ezartzea, Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa planaren jarraibideak aplikatuz, ibai bazterreko eremua eta ibai ondoko formazio naturalak berreskuratzeko.

–Plan Partzialean ukipen akustikoak baloratuko dira, eta UE-26 unitatearen erabilera nagusiari loturiko helburu akustikoak betetzen direla bermatuko da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Lesakako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2110219