171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152E/2021 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Esako presako administrazio-eraikinetako instalazioetako saneamendua urtegiko uren gehikuntzara egokitzeko proiektuari (Esako udalerria). Sustatzailea Ebroko Konfederazio Hidrografikoa da.

2021eko apirilaren 7an goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren arabera saneamendu-sistema bat instalatu nahi da Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Esako konfederazio auzoan dauzkan eraikinetan sortzen diren hondakin-urak husteko eta sistema hori Esako udalerriko saneamendu-sistemarekin konektatu nahi da. Horrela hondakin-ur horiek Esako araztegira eramanen dira eta egungo arazketa-arazoak amaituko dira.

Horretarako, ponpaketa-putzua jarriko da Esako presa berriaren oinetik 500 bat metrora, mendebaldean, konfederazio auzoaren hegoaldeko mugan, Esako 2. poligonoko 563. eta 564. lurzati urbanizaezinetan. Horrez gainera, hodia jarriko da Confederación kalean zehar saneamendu-sareko lehen putzuarekin konektatzeko (564 metrora dago, 20 metro gorago). Honako zenbatespen hau egin da: 50 biztanle baliokide, 300 l biztanleko egunean, hau da, 15 m³ egunean.

Punpaketa-putzua (2,26 metroko diametroa eta 3,2 metroko garaiera) lurpean egonen da. Kanpotik, berari atxikita, bi armairu egonen dira, lurzorutik 1 - 2 metro arteko garaiera edukiko dutenak. Armairu horietan usaina kentzeko sistema eta ahari-kolpearen kontrako galderatxoa egonen dira.

Punpaketa-putzuaren eta beraren elementu erantsien inguruan hesia jarriko da: bihurdura bakuneko sarea, 27,2 metro luze eta 2 metro garai. Putzua eginen den aldean malda dago. Horregatik, putzua egin aurretik betelana eginen da, lurra lau uzteko.

Hirikoa ez den lurzoruan eginen den proiektuaren atala zuhaixka mediterraneoko baso-lurretan eginen da. Lur horietan, trazadura errepideko bermetan eta ertzetan zehar joanen da, berezko landareak ukitu gabe. Zuhaitzak dauden lurretan, punpaketa-putzua egiteko zenbait zuhaitz moztu beharko da.

Punpaketa-putzuaren hegoaldean, 70 bat metrora, ES2200030 Aragoi ibaiaren erdiko tarteko kontserbazio bereziko eremua dago, presaren irteera baino beherago. Proiektuko lanek ez dute edukiko eragin handirik eremu horretako ingurumenean; beraz, ez diote kalterik eginen Natura 2000 Sareari.

Espedientean Esako Udalaren aldeko txostena dago, baldintzak ezarrita, 2020ko azaroaren 17koa, eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txostena ere bai.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Esako presako administrazio-eraikinetako instalazioetako saneamendua urtegiko uren gehikuntzara egokitzeko proiektuari (Esako udalerria). Sustatzailea Ebroko Konfederazio Hidrografikoa da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lur mugimenduek hertsiki beharrezkoa den azaleran baino ez dute eraginik izanen. Lur soberakinak lan-eremuan bertan utziko dira, topografian ahalik eta gehien integratzen ahaleginduz eta malda etenak dituzten eremuak sortzea saihestuz. Zulaketen ondoriozko lurra hala zabaldu arren soberakinik egonez gero, baimendutako hondakin-kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu.

–Egin beharreko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.

–Putzuaren inguruan paisaia integratzeko lanak eginen dira: inguruan zuhaitzak landatuko dira eta ukitutako eremuetan belar-espezieak eta zuhaixka-espezieak ereinen dira. Landatu zein ereiten diren espezieak zona honetako berezko espezieak izan behar dira.

–Sortzen diren material soberakinak edo hondakinak era egokian kudeatu behar dira, haien izaeraren arabera, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek lurzoru urbanizaezinean eginen den saneamendu-hodia baino ez du babesten.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk saneamenduko sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.

–Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren lur gaineko elementuek 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku-hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Esako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 16an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2109832