171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

151E/2021 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Larragoako udalerriko Sarriko iturburuaren hargunea berritzeko proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Larragoako Udala da.

2021eko azaroaren 10ean goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “D” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren arabera 550 metro inguruko tartea berriztatu nahi da iturburuko ura herriko iturrira daraman hodian. Hodiaren hasiera UTM ETRS 89 30N 561466, 4736759 puntuan egonen da, gutxi gorabehera. Kutxeta jarriko da ura hartzeko. Puntu horretatik aurrera hodi berria jarriko da, ahal dela egungo bide beretik, Urbasako hegoaldeko hegaleko mendioineko zuhaixken eta zuhaitzen artean (Limitaciones mendia) eta zenbait labore-sailetan zehar, herriko ekialderaino. Han herrigunean sartuko da.

Hodiak bere bidean ingurumenean edukiko duen eraginik handiena hargunearen inguruko larre hezeetan gertatuko da, eta hortik aurrerako tarteetan zuhaixka-masetan, zuhaitz bakan batzuetan, larreetan eta Limitaciones mendiaren hegaleko erkamezti / harizti / artadi berritako zuhaixka-hesietan. Neurri batzuk proposatzen dira landare-lurrak eta zotalak babesteko baso-erabilerako tarteetan belar-sastrakak kentzen direnerako eta zulaketak egin behar direnerako.

Espedientean Larragoako Udalaren aldeko txostena dago. 2021eko maiatzaren 22an Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ingurumen Eraginaren Atalak azaltzen du proposamenak ez dituela ukitzen “Urbasa-Andia” kontserbazio bereziko eremuko lurrak eta adierazten du bideragarria dela ingurumenaren aldetik. Halaber, proposatzen du lanen kontrolerako memoria teknikoan sartutako ingurumen ukipenei buruzko azterlaneko neurriak indartzea, proiektuak ahalik eraginik txikiena eduki dezan larreetan eta zuhaiztietan.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Larragoako udalerriko Sarriako iturburuaren hargunea berritzeko proiektuari. Sustatzailea Larragoako Udala da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obretan sortzen diren hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira, kudeatzaile baimenduei emanda, gai honetan indarra duen legediari jarraikiz.

–Teknikoki egingarria bada, ekialdeko tartean (131 A eta 136 C lurzatiak) hodia basogintzako azpilurzati horietatik gertu dauden labore-sailetan zehar joanen da. Hala egiten bada, distantzia nahikoa utzi beharko da hodiaren eta lurzatien ertzetako zuhaitzen artean, obrek eta zangek zuhaitzen erroei eta abarrei kalterik ez egiteko eta zuhaitzen hazkuntzak hodiari kalterik ez egiteko.

–Hodia nahitaez joan behar bada basogintzako lurretan barna (larreak, zuhaixkak, etab.), lanak egiteko eremua eta hodiaren bidea beste era batera antolatu beharko dira, belar-sastrakak kentzean eta zulaketak egitean ahalik eragin txikiena edukitzeko lur baliotsu horietan. Nolanahi ere, ahaleginak egin behar dira hodia jartzean zuhaitz eta zuhaixka baliotsuak (handiak, bakanak....) ez moztu behar izateko.

–Lan-eremuko belar-sastrakak kendu eta gero, hodiaren zanga zulatzeko behar den lur-geruza baino ez da erauziko.

–Zanga itxi ondoren basogintzako lanak eginen dira (inausketa....), modu partzialean erauzitako zuhaitzak guztiz gal ez daitezen, eta lurra prest utziko da berriz ere berez landareztatzeko.

–Lan-eremuko zuhaitzen bat moztu behar izanez gero, bidezko baimenak eskatu beharko zaizkio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Baimen hau lurralde-ondorioetarako baizik ez da eman, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren lehenengo xedapen iragankorraren 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat (jardueretako baimenak lizentzia eman aurretik udal plan orokorra ez duten toki-erakundeetan).

–Baimen honen itzalpean honako hau baizik ezin da egin: 550 metro inguruko tartea berriztatu iturburuko ura herriko iturrira daraman hodian. Puntu horretatik aurrera hodi berria jarriko da, ahal dela egungo bide beretik, hain zuzen ere Larragoako 1. poligonoko 131., 132., 136., 140. eta 234. lurzatietan zehar, aurkeztutako dokumentazioarekin eta baimen honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Baimen hau emateak ez ditu ezertan galarazten hirugarrenek dituzten eskubideak ukitzen ahal diren lurzati pribatuen gainean.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk saneamenduko sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.

–Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren lur gaineko elementuek 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarrean dagoen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Larragoako Udalera eta Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarra Iparraldeko Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 16an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2109830