171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

150E/2021 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Zuntz optikoa kanalizatzeko proiektu teknikoa NA_PERDON-POC 3589 (VF CdC Cordovilla) konexiorako”. Sustatzailea LYNTIA NETWORKS, SAU da.

2020ko abenduaren 17an Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen denetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren helburua da zuntz optikoaren bidez konektatzea Iberdrolak NA-6056 errepideko 2+500 kilometro-puntuan daukan PDI kutxeta NA_PERDON telekomunikazio zentroarekin (Zizur eta Galar).

Horretarako lurpeko kanalizazioa jarriko da: 70 cm-ko sakonerako zanga eta 40 mm-ko diametroko bi hodi bertan zehar. Kanalizazioaren trazadura 145 metro lurpean izanen da eta 3.535 metro galtzadapean. Kanalizazioan H motako 14 kutxeta jarriko dira.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zuntz optikoa kanalizatzeko proiektu teknikoa NA_PERDON-POC 3589 (VF CdC Cordovilla) konexiorako” izeneko proiektuari, Zizurko eta Galarreko udal-mugarteetan. Sustatzailea LYNTIA NETWORKS, SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Zangak zabalik gelditzen badira egun batetik bestera, arrapalak kokatu beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko. Zangak ireki eta ahal den lasterren bete beharko dira, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Kontuan eduki beharko da Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2021eko apirilaren 25ean egindako txostena, eta bertan ezartzen diren baldintzak bete beharko dira:

  • Lanei ekin baino lehen abisua eman behar zaio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko barrutia 608-062649).
  • Instalazio berria ezartzeko ezinbestekoa bada 15 cm-tik gorako diametroa daukan zuhaitzen bat moztea, aurretik abisua eman behar zaio Ingurumena Zaintzeko Atalaren Iruñeko barrutiari.
  • Zanga egiteko, gomendatzen da aurretik zotazala kentzea eta gero, zanga betetakoan, atzera lehengo lekuan jartzea. Zuntza hedatzeko eta lanak behar bezala egiteko beharrezkoa izanez gero, belar-sastrakak kendu ahal izanen dira kanalizazioaren proiekzioko lur-zerrendan. Zerrendaren zabalera ongi lan egin ahal izateko behar bestekoa izan liteke.
  • Ahal den neurrian, ez zaio eragozpenik sortuko inguruko aziendari eta faunari. Arreta berezia paratu behar da atakak itxita mantentzeko, azienda irten ez dadin.
  • Lanetan hondakinik sortzen bada, behar den hondakindegira eraman beharko da, proiektuko hondakinak kudeatzeko planean zehazten den bezala.
  • Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sor daitezkeen suak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldatzeak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero. (222/2016 Foru Agindua).
  • Azpiegiturak egiteko behar diren lanak amaitu eta gero, ukitutako alderdiak lehengoratu eginen dira; hori horrela, kaltetzen diren bideak eta mendiko pistak konponduko dira, baita jarduketa gauzatzean ukitu diren beste azpiegitura batzuk ere. Halaber, instalazioaren eraikuntzan sortzen hondakin guztiak ere baimendutako tokietara eraman beharko dira.

Hirigintza arlokoak:

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Egin gogo den jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko barrutia), Herri-lurren Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusi, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, Zizur Zendeako Udalari, Galarko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 16an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2109831