171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

320E/2021 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2021eko deialdia. DDBN identifikazioa: 569473.

Nafarroako Gobernuak onetsitako ekintzailetza planen esparruan orain arte enpresa sortu berriei laguntzak emateko deialdiak egin izan dira. Deialdiok Nafarroan ekintzailetza bultzatzeko neurrien artean daude eta beren helburua da Foru Komunitatean enplegua sortzen eta ekonomia eta gizartea aurreratzen laguntzea.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak konpromisoa hartu du enpresa berriak sustatzen, batez ere enpresa berritzaileak. Konpromiso hau ezinbestekoa da Nafarroan aberastasuna sortzeko.

Halaber, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren barruan ezarritako lehentasunetako bat S3ko sektore estrategikoetako oinarri teknologikodun ekintzailetza da. Horregatik, deialdi honen bidez laguntzak eman nahi zaizkie azken urteotan Nafarroan sortutako oinarri teknologikodun enpresa berritzaileei.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2021eko deialdia onestea.

2. Laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.

3. Aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira deialdi honen konpromisoak betetzeko:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001-81100-4701-422202: Nafarroa Suspertu Plana: teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak ezartzeko dirulaguntza

2021

150.000,00

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001-81100-4701-422202: Nafarroa Suspertu Plana: teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak ezartzeko dirulaguntza

2022

300.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 24an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak sortzea eta sendotzea sustatzea, Foru Komunitatean aberastasuna eta enplegua sortzeko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako hauek eska ditzakete laguntzak:

a) Teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileek, baldin eta 2018ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean sortu badira edo aldi horretan Nafarroara aldatu baitituzte egoitza soziala eta jarduera (hemendik aurrera, TOEB gazteak).

b) Teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileek, baldin eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera sortu badira edo Nafarroara aldatu baitituzte egoitza soziala eta jarduera (hemendik aurrera, TOEB berriak).

2. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako:

2.1. Jarduera ekonomikoren bat egiten dutenak “enpresatzat” joko dira; honelakoak izan daitezke:

a) Pertsona fisikoak (banakako enpresaburuak).

b) Enpresa sozietarioak (merkataritza-sozietateak eta kooperatibak).

c) Nortasun juridikorik gabeko sozietateak (sozietate irregularrak).

2.2. Honako betebehar hauek bete behar dituzte enpresek “teknologietan oinarritutako enpresatzat” jotzeko:

a) Teknologia sortzeko gauza izan behar dira.

b) Jarduera ezagutza zientifikoan eta teknologikoan oinarritu behar dute.

c) Jarduera kualifikazio handiko zientzialarien eta ikerlarien lanean oinarritu behar dute.

d) Enpresa-jardueraren bidez produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortu behar dituzte, gero merkaturatzeko, eta beren ikerkuntza-lanetan edo ikerkuntza-entitateen jardunean sortzen den ezagutza erabili behar dute.

e) Garapen-lerroen eta negozio-estrategien oinarriak teknologiak sortzea eta modu intentsiboan erabiltzea izan behar dira.

f) Jardueraren funtsa izan behar da berek sortutako teknologiak edo unibertsitate edo ikerkuntza-zentro publikoek zein pribatuek edota enpresek garatutakoak ustiatzea.

3. oinarria.–Betebeharrak.

1. Eskatzaileek honako betebehar hauek bete beharko dituzte laguntzak eskatzen diren unean:

1.1. Betebehar orokorrak:

a) Egoitza soziala Nafarroan egotea eta bertan egitea jarduera.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) eta ordainketak egunean izatea dagokion udalarekin.

d) Tramite guztiak (altak, jarduera berriaren komunikazioak eta abar) behar bezala eginda izatea Gizarte Segurantzarekin edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatearekin.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Eskaera aurkeztearekin bat, eskatzaileak baimena ematen dio laguntzak ematen dituen organoari egiazta dezan egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Halaber, eskaera aurkezteak berekin dakar aipatu organoari baimena ematea eskatzaileen eta enpresa sozietario eskatzaileetako bazkideen Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren txostenak eskatzeko, baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko. Hala ere, laguntza eskatzen duenak berariaz uko egiten ahal dio eskaeran baimen hori emateari; kasu horretan, bidezko dokumentazioa aurkeztu beharko du.

1.2. Berariazko betebeharrak:

a) Banakako enpresaburuek baldintza hauek bete behar dituzte:

–Alta emanda egon behar dira (jarduera berrian) Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatean 2018ko ekainaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra bitartean.

–Aipatutako araubidean alta emandako dataren aurreko bi urteetan ezin izan dute egin Nafarroan EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera bat (hiru digitu) norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez).

b) Enpresa sozietarioek baldintza hauek bete behar dituzte:

–Eraketa eskrituraren inskripzioa –edo, egoitza soziala eta jarduera Nafarroara ekarri dituzten enpresen kasuan, aldaketa eskriturarena– 2018ko urtarrilaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean egin behar izan dute sortutako enpresa-motari dagokion erregistroan.

–Kapitalaren %50 gutxienez Enpresa berria eratu aurreko bi urteetan Nafarroan EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera batean (hiru digitu) norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) egin ez duten pertsona fisikoak izan behar dira.

–Kapital sozialean partaidetza duten pertsonak eta enpresako administratzaileak, kapital horretako kide ez direnean, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egon behar dira autonomo sozietario moduan, horretara behartuta badaude.

c) Sozietate irregularrek baldintza hauek bete behar dituzte:

–Sozietatearen inskripzioa Nafarroako Zerga Ogasunaren entitateen errolda 2018ko urtarrilaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean formalizatu behar da.

–Sozietate irregularra eratzen duten pertsonak Langile Autonomoen Araubide Berezian edo bidezko lanbide elkargoko mutualitatean alta emanda egon behar dira, jarduera berrian, 2018ko urtarrilaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean.

–Kapitalaren %50 gutxienez enpresa berria eratu aurreko bi urteetan, Nafarroan, EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera bat (hiru digitu) norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) egin ez duten pertsona fisikoak izan behar dira.

2. Baldintza horiek betetzen direla 7. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko da. Gainera, laguntza ordaintzen den arte bete beharko dira, gutxienez.

4. oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

1. Honako gastu hauek onartuko dira dirulaguntzarako, baldin eta 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 31ra bitartean fakturatu eta ordaindu badira (BEZ kanpo):

a) Kontratatutako langileen gastuak.

b) Enpresaren jarduera nagusiarekin soilik lotutako trebakuntza.

c) Azoketara erakusle gisa joatea eta horrekin lotutako bidaiak.

d) Maketak edo prototipoak egitea.

e) Start-upak biltzen diren mintegiek, enpresa-haztegiek, parke zientifikoek eta bestelako antzeko entitateek egiten dituzten zerbitzuen kuotak.

f) Lokalen alokairuko kuotak.

g) Patenteak, erabilera-modeloak eta merkataritza-markak eskatzeak, lortzeak eta erregistratzeak eragiten dituzten gastuak.

2. Aurreko apartatuan aipatzen diren gastuak ez dira onartuko dirulaguntzarako honako kasu hauetan: alderdien artean akzio-erlaziorik badago edo hirugarren gradura arteko ahaidetasuna (odolezkoa zein ezkontzazkoa) badago. Gainera, zergak ere ez dira onartuko (denetarikoak), Gizarte Segurantza eta langileria-gastuen PFEZ izan ezik.

3. Egoitza soziala eta jarduera Nafarroara aldatu dituzten enpresen kasuan, dirulaguntarako onartuko dira oinarri honetan ezartzen den aldiaren barruan egindako gastuak, hain zuzen ere egoitza sozialaren inskripzioa bidezko erregistroan aldatu ondoren egindakoak.

4. Dirulaguntzarako onartutako gastuetako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

5. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak.

1. Laguntzen intentsitatea honako hau izanen da:

a) TOEB gazteentzat: dirulaguntzarako onartzen diren gastuen %55, 2. apartatuan ezartzen diren mugekin.

b) TOEB berrientzat: dirulaguntzarako onartzen diren gastuen %75, 2. apartatuan ezartzen diren mugekin.

Enpresaren plantillako langileen %30 baino gehiago emakumeak izanez gero, aurreko ehunekoak %5 gehituko dira.

2. Laguntza ezin izanen da izan muga hauez gaindikoa:

GASTU DIRUZ LAGUNGARRIA

OHARRAK

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA (eurotan)

a) Kontratatutako langileen gastuak

1.000 euro pertsonako egunean

25.000

b) Prestakuntza-gastuak

3.000

c) Azoketara erakusle gisa joateak eragindako gastuak

120 euro gaueko, gehienez (mantenu-gastuak ez dira onartuko dirulaguntzarako)

3.000

d) Maketak eta prototipoak egiteak eragindako gastuak

Langile-gastuak bazter utzita

10.000

e) Start-upak biltzen diren entitateek egiten dituzten zerbitzuen kuotak

Gehieneko zenbatekoa e) eta f) letretako kontzeptuen batura izanen da

12.000

f) Lokalen alokairuaren gastuak

g) Patenteen eta marken gastuak

OEPM eta EUIPO tasak soilik

3.000

Dirulaguntzarako onartzen diren gastu guztiei dagokien laguntza ez da izanen 50.000 eurotik gorakoa eskatzaileko.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko aldia deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2021eko uztailaren 31n amaituko da, egun hori barne.

2. Eskaerak nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez; fitxa horretan lotura bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora.

3. Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, ordezkaritza frogatu beharko da. Halakoetan, bai eskatzailea, bai beraren ordezkaria izena emanda egon behar dira Nafarroako Gobernuaren prozeduren berri jasotzeko beren GHEn.

5. Enpresa edo IFZ bakoitzeko laguntza eskaera bakarra onartuko da.

6. Eskaerak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Lehiakortasunaren Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaera bertan behera uzten duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskaera telematikoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira.

2. Oro har aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskaera-orria (laguntzen fitxan eskuratu daiteke), behar bezala beteta.

b) Jarduera azaltzen duen memoria (eredua laguntzen fitxan dago), balorazio-irizpideak aplikatu ahal izateko. Memoria honetan frogatu beharko da eskatzaileak bete egiten dituela 2.2 oinarrian enpresa berritzailetzat edota teknologikotzat jotzeko ezarritako baldintzak.

c) Negozio plana.

d) Eskaera 8. oinarrian ezarritakoaren arabera hobeki ebaluatzeko, eskatzaileak berak nahi dituen agiri guztiak aurkezten ahalko ditu. Enpresako sustapen-taldekoen lanbide-historia, zentro teknologikoekin edo unibertsitateekin sinatutako lankidetza-kontratuak, bideragarritasun-plana, lortutako patenteak, egiten dituen produktuen edo ematen dituen zerbitzuen azalpen xehatua, I+Gn eginiko inbertsioa, sortutako enplegua, etab.

e) TOEB gazteek azken ekitaldiko balantzea, galdera-irabazien kontua eta memoria aurkeztu beharko dituzte.

f) Aurrekontua eta dirulaguntzarako aurkezten diren gastuen azalpen xehatua. Bi aurrekontu egin beharko dira eta gastuak egin ahala banakatu beharko dira.

–2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko irailaren 30era arte eginen diren gastuak.

–2021eko urriaren 1etik 2022ko ekainaren 30era arte eginen diren gastuak.

Gastua egintzat joko da adierazitako aldian fakturatu eta ordainduz gero.

g) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta eman izanaren agiriaren kopia.

h) Enpresak jarduera zein udalerritan gauzatzen duen, hango udalak luzatutako ziurtagiria, egiaztatzen duena eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak. Ziurtagiri horrek izan beharko du laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalen barnean luzatua.

i) Enpresako kotizazio kontuko kode bakoitzaren lan bizitzari buruzko txostena, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalean egina.

j) Inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada, “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” inprimakia beteta aurkeztu beharko da. Inprimaki hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian eskuratzen ahal da: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

3. Aurkeztu beharreko berariazko dokumentazioa:

a) Lanbide elkargo egokiaren mutualitatean alta emanda dauden banakako enpresaburuen kasuan, bertan alta emandako aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturaletan egina.

b) Enpresa sozietarioa izanez gero: Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

c) Sozietate irregularren kasuan:

I. Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta dagoela frogatzen duen agiriaren kopia.

II. Sozietate irregularraren eraketa agiriaren kopia, non ordezkari gisa jarduteko ahalmena dutenak izendatuko baitira.

III. Lanbide elkargo egokiaren mutualitatean alta emanda dauden banakako enpresaburuen kasuan, bertan alta emandako aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturaletan egina.

8. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura eta irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa honela kalkulatuko da: balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei oinarri honen 6. apartatuan ezarritako intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako baliagarri dagoen aurrekontuan dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Eskaera ebaluatuko bada, eskatzaileak eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren bitartez frogatu beharko dute 2.2 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

3. Eskaerak laguntzak kudeatzen dituen organoak ebaluatuko ditu, Lehiakortasun Zerbitzuak. Beharrezkoa izanez gero, Nafarroako Gobernuaren I+G eta berrikuntzaren arloetako eskumena duten organoen laguntza izanen du horretarako, bat eta beste entitate ekonomiko, akademiko eta zientifiko batzuena ere bai. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskatzaileari eskatzen ahalko dio aurkezteko eskaera ongi ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko behar den informazio osagarria edo argigarria, eta adieraziko dio ezen, eskatutakoa egiten ez badu ezarritako epealdiaren barruan, laguntza ukatuko diola ebazpen baten bidez.

4. Eskaerak baloratzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira (guztira, 100 puntu lortzen ahal dira gehienez):

a) Negozio planaren bideragarritasuna (40 puntu gehienez):

Enpresako bazkideen edo sustapen-taldeko kideen gaitasun teknikoa baloratuko da, eta horrez gainera beren inplikazio ekonomikoa edo dedikazioa ere bai. Halaber, kontuan edukiko da eskaintzen den produktua edo zerbitzua merkatuan behar den ala ez, merkatuan lehiakiderik eta sartzeko eragozpenik dagoenez, eta bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa.

b) Eragin sozioekonomikoa Nafarroan (25 puntu gehienez):

Nafarroako produkzio-sarea modernizatzen, dibertsifikatzen eta lehiakorrago egiten laguntzen duen baloratuko da, bai eta sortutako enplegua, egindako inbertsioak, merkatu potentziala eta enpresan berdintasunerako eta jasangarritasunerako ezarritako neurriak ere.

c) Berrikuntza-maila (25 puntu gehienez):

Honako hauek baloratuko dira: I+G arloko inbertsioa, produktuaren edo zerbitzuaren berrikuntza, patenteen edo erabilera-ereduen bitartez lortutako babesaren maila, eta zentro teknologikoekin edo unibertsitateekin sinatutako lankidetzak.

d) Sektore estrategikoa (10 puntu gehienez):

Enpresaren jarduera Nafarroako S3ko sektore estrategikoetako batekin bat etortzea baloratuko da.

5. Puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ordena honetan ebatziko da: lehentasuna emanen zaie enpresa berriei enpresa gazteen aldean; hala ere, berdinketak bere hartan jarraitzen badu, aurreko apartatuko a), b) c) eta d) letretako irizpideen araberako puntuazioaren arabera ebatziko da, hurrenez hurren.

Gutxienez 70 puntu lortzen ez dituzten eskaerak ezetsi eginen dira.

6. 5. oinarrian xedatzen denaren arabera kalkulatutako laguntzaren zenbatekoa honela banatuko da: lehenbizi 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko irailaren 30era arte eginen diren gastuetarako dirulaguntza emanen da eta gero 2021eko urriaren 1etik 2022ko ekainaren 30era arte eginen diren gastuetarako dirulaguntza.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Lehiakortasun Zerbitzuak eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baitira bakoitzari dagokion laguntzaren intentsitatea eta onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Dirulaguntza emateko ebazpen bakoitzean laguntza gastuen aurrekontuko zer partidaren kargura ematen den zehaztuko da:

a) 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko irailaren 30era arte eginen diren gastuetarako dirulaguntza 2021eko gastuen aurrekontuko 810001 81100 4701 422202 partidaren kargura emanen da: “Nafarroa Suspertu Plana: enpresa berritzaileak ezartzeko dirulaguntza”, 150.000 euroko zuzkidura.

b) 2021eko urriaren 1etik 2022ko ekainaren 30era arte eginen diren gastuetarako dirulaguntza 2022ko gastuen aurrekontuko partida baliokidearen kargura emanen da: 300.000 euroko zuzkidura.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Entitate onuradunek diruz lagundutako jarduera egin dutela frogatu beharko dute; halaber, jarduera horrek eragindako gastuak ere frogatu beharko dituzte.

–2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko irailaren 30era arte egindako gastuak 2021eko urriaren 31rako frogatu beharko dira.

–2021eko urriaren 1etik 2022ko ekainaren 30era arte egindako gastuak 2022ko uztailaren 31rako frogatu beharko dira.

2. Justifikazio-agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jardueren memoria justifikatiboa (eredua laguntzen fitxan).

b) Dirulaguntzarako onartzen diren gastu guztien zerrenda, Excel formatuan. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuta aurreko apartatuan eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Fakturak zein ordainagiriak onuradunen izenean egon beharko dira eta 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era tartekoak izan beharko dira.

d) 4. oinarriko langileria gastuak justifikatzeko, aurkeztuko dira nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak.

e) Lokala alokatuz gero, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da, behar bezala formalizatuta.

f) Patenterik, erabilera-eredurik edo merkataritzako markarik aurkeztuz gero, Espainiako Patenteen eta Marken Bulegoaren edo Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoaren erregistroko eskaeraren kopia aurkeztu beharko da. Eta ordainketa frogatzeko, bankuak egiaztatutako ordainketa-gutunaren kopia aurkeztuko da, edo, aurkezpen elektronikoaren kasuan, ordainketaren bankuko frogagiriaren kopia.

g) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena. 4.4 oinarrian adierazitako edukia izanen du.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Aitorpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen 4.1. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduketak egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Behar bezala aditzera ematea dirulaguntza honen xedeko gastuen finantziazioa. Horretarako, enpresaren webgunean, ageriko lekuan, honako esaldi hau paratuko da laguntza ematen duen ebazpenaren egunetik aurrera: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2021eko deialdian”.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, laguntza %5 murriztuko da, baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 10. oinarrian ezarritako epealdiaren ondoko 5 egunetan egiten bada.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. 10.2. oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Frogagiri guztiak aztertzerik ez badago, eta ordainketa ebazpenak 2021ean sinatzen direla bermatzearren, ordainketa bat eginen da 2021eko irailaren 30era arte egindako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura.

3. 2. apartatuan aurreikusitako konturako ordainketak egiten badira, dirulaguntza likidatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen horretan aginduko da, kasua bada, eman gabe gelditu den zenbatekoa ordaintzeko, eta espedientea bukatutzat joko da.

Bestela, ebazpenean aginduko da itzul daitezela behar bezala justifikatu ez diren edo oinarri hauetako baldintzekin bat ez datozen zenbatekoak. Kasu horretan, egoki diren berandutze-interesak eskatuko dira, zeinak kalkulatuko baitira konturako ordainketaren egunetik likidazio ebazpenaren egunera arte.

4 Laguntza ordaintzeko ebazpenak gehienez ere 6 hilabeteko epean emanen ditu organo eskudunak, frogagiriak aurkezten direnetik hasita kontatuta.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabide-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bidez eginen dira.

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Orobat, Nafarroako Gobernuaren jakinarazpen-prozeduretarako harpidetza egin beharko da, aurretik sortutako GHAren barruan.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin, emaileak izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, beste administrazio publiko batzuk, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak, nazionalak nahiz atzerrikoak.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–De minimis laguntza.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen.

Iragarkiaren kodea: F2110258