171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

60E/2021 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, 2021ean turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek Turismoko Plan Estrategikoaren eta COVID-19 Ekintza Planaren ondorioz turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jarduketetarako dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 571228.

Nafarroako Turismoko Plan Estrategikoa (2018-2025) Nafarroako turismo jarduera finkatzeko plangintza tresna da, eta 5 helburu nagusi ditu:

1. Hurbileko merkatuetan Nafarroaren posizioa sendotzea.

2. Nafarroa eta Iruña Europako merkatu turistikoan posizionatzea, eskari fluxu desestazionalizatuak erakartzeko (destinoan batez besteko gastu handia egiten dute etorritakoek).

3. Lehiakortasun turistikoa zentratzea segmentuen eta produktuen desberdintzapenean eta Nafarroa-Iruña destinoaren esparruan, lurralde ondare natural eta kulturaleko elementuetan eta pertsonetan lagundurik, jasangarritasunean exijentzia-maila altua duen testuinguruan.

4. Enpresaburuen arteko lankidetza eta entitate turistikoekikoa bultzatzea, baterako ekintzaren eraginkortasuna eta egitura produktiboen egokitzapena bultzatuz.

5. Espazio turistikoaren kudeaketaren lurralde egituraketa hobetzea, lurralde mailako entitateen arteko lankidetza bultzatuz eta administrazioen arteko koordinazioa hobetuz.

Deialdi honek Nafarroako garapen turistikoaren alde egindako lana eta aipatutako planaren orientazio estrategikora moldatzeko egokitzapena lotu nahi ditu. Urte anitzeko planen bitartez zehazten eta aplikatzen da plana.

Hori dela eta, deialdi honek honako hau du xede: turismo sektorearen jarduera plan horretan ezarritako helburuak eta orientazioak lortzearekin lerrokatzea pixkanaka, oinarri izanik toki entitateak eta turismo elkarteak eta partzuergoak egiten aritu diren jarduera, jarduera hori dinamizatzeari, bultzatzeari eta sustatzeari dagokionez, batik bat hurbileko merkatuan.

Era berean, COVID-19aren pandemiak osasunean eta ekonomian eragindako egoera dela eta, ekintza plan espezifiko bat (2020-2022) diseinatu behar izan du Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, Plan Estrategikoarekin (2018-2025) bat etorriz.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak zehazten dira ehuneko bat aplikatuz jarduketa diruz lagungarrietan egindako gastuari, oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontuan dagoen dirua ez bada aski portzentaje horren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa ordaintzeko, deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua hainbanatu eginen da gastu diruz lagungarrien bolumenaren artean, deialdiak finantzatutako aurrekontu partida bakoitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. 2021ean turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek, Turismoko Plan Estrategikoaren eta COVID-19 Ekintza Planaren ondorioz turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jarduketetarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Baimentzea 719.564,40 euroko gastua, bete daitezen dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak; 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida hauen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

830001 83130 4819 432100.–Turismoko dirulaguntzak. Elkarteak

300.000,00

830001 83130 4609 432100.–Turismoko dirulaguntzak. Tokiko entitateak eta partzuergoak. Jasangarritasun planak

419.564,40

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Halaber, administrazio publikoek deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 21ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

I. ERANSKINA

2021ean turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek, Turismoko Plan Estrategikoaren eta COVID-19 Ekintza Planaren ondorioz turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jarduketetarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da turismo elkarteei, toki entitateei eta turismo partzuergoei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, entitate horiek arlo hauetan egiten dituzten jarduketei laguntzeko: turismoaren dinamizaziorako proposamenak edo ekitaldiak antolatzea, azoketara joatea, sustapen edo komunikazio ekintzak, prestakuntza, turismo produktuak eta paketeak diseinatzea eta merkaturatzea, enpresa bazkideei laguntza eta kudeaketa ematea eta COVID-19aren ondoriozko berariazko laguntza eta aholkularitza.

Deialdiaren helburua aipatutako entitateen ekintzarako aukerak hobetzen laguntzea da, turismo jarduna bideratuz bateragarri eta osagarri eginez Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren (aurrerantzean, TMKZN) estrategiarekin, hain zuzen ere Turismoko Plan Estrategikoaren 2020-2022 Ekintza Planaren barne dagoena (pandemiaren ondorioz egindako eguneraketa).

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 719.564,40 eurokoa da, honela zehaztuta, entitate onuradunen motaren arabera:

–Turismo elkarteak: 300.000,00 euro.

–Toki entitateak eta turismo partzuergoak: 419.564,40 euro.

3. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epea.

1. Diruz lagungarriak diren gastu eta jarduerak gauzatu eta fakturatu beharko dira 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte, biak barne.

2. Ordainagiriak 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra artekoak izan beharko dira, biak barne.

3. Gizarte aseguruei dagozkien urriko ordainketak onartu eginen dira 2021eko abenduaren 1a baino lehen egiten badira, egun hori barne.

4. PFEZa dela bide egindako atxikipenei dagozkien urriko ordainketak onartu eginen dira 2022ko otsailaren 1a baino lehen egiten badira, egun hori barne.

4. oinarria. Entitate onuradunak.

4.a) Hurrengo eskakizun orokorrak betetzen dituzten turismo elkarte, toki entitate eta turismo partzuergoek onuradun izaera lortzen ahalko dute:

4.a.1) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

4.a.2) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

4.a.3) Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

4.b) Entitate eskatzaileek, gainera, honako berariazko eskakizun hauek ere bete beharko dituzte, eta hurrengo ekintza mota hauetarako ezarritako laguntzak lortzen ahalko dituzte:

4.b.1) Egoitza Nafarroan duten turismo partzuergoek Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik egon beharko dute deialdi hau argitaratzen den egunean.

Deialdiaren 5. oinarrian ezarritako edozein ekintza motari dagokion dirulaguntza lortzen ahalko dute.

4.b.2) Nafarroako toki entitateek A motako ekintzak egiteagatik (turismoa dinamizatzeko proposamenak: jarduera edo bisita gidatuen programak eta ekitaldiak) jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak; gehienez ere 2 proposamenetarako eskatzen ahalko dute laguntza. Gainera, Espainiako herri politenen sareko kideek C motako ekintzetarako (sustapen eta komunikazio ekintzak) eskatzen ahalko dute laguntza.

4.b.3) Egoitza Nafarroan duten turismo elkarteek, deialdia argitaratzen den egunean, Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik egon beharko dute, eta deialdian aurreikusitako ekintza mota hauetarako zein besteetarako dirulaguntzak lortzen ahalko dituzte, elkartearen kide eta osagai motaren arabera. Deialdi honen ondorioetarako, turismo elkarte mota hauek daude:

4.b.3.a) Turismoko enpresen elkarteak. Horrelakotzat hartuko dira 100 bazkide edo gehiago badituzte (pertsona fisikoak edo juridikoak izan) eta horiek Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako establezimendu baten titularrak baldin badira, edo elkarte txikiagoen kasuan, bazkideen %50 baino gehiago Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dagoen establezimendu edo enpresa baten titularrak badira.

Ondorio horietarako, aipatu baldintzak betetzen dituzten entitateek osatutako elkarte edo federazioak ere hartuko dira halakotzat.

Deialdiaren 5. oinarrian ezarritako edozein ekintza motarako eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak, jasangarritasun planak elkarlanean egiteko jarduketetarako izan ezik (f) epigrafea, «Aparteko laguntza eta TMKZNrekin lankidetzan gauzatzeko ekintzak»).

4.b.3.b) Toki entitateek eta turismo enpresek osatutako turismo elkarteak. Horrelakotzat hartuko dira bazkideak beren jarduera eremuko toki entitateak eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako establezimendu baten titularrak badira.

Deialdiaren 5. oinarrian ezarritako edozein ekintza motarako eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak, jasangarritasun planak elkarlanean egiteko jarduketetarako izan ezik (f) epigrafea, «Aparteko laguntza eta TMKZNrekin lankidetzan gauzatzeko ekintzak»).

4.b.3.c) Turismo elkarteak, bazkide gehienak turismo arloko araudiak arautzen ez dituen jarduera ekonomikoen sektorekoak edo partikularrak badira. Horrez gain, eskakizun hauetakoren bat bete beharko dute:

–Gutxienez 20 bazkide izatea.

–Bazkideetako %10, gutxienez, turismo enpresak izatea.

–Bazkideetako batzuk beren jarduketa eremuko toki entitateak izatea.

A motako ekintzak egiteagatik (turismoa dinamizatzeko proposamenak: jarduera edo bisita gidatuen programak eta ekitaldiak) jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak; gehienez ere proposamen baterako eskatzen ahalko dute laguntza.

4.c) Deialdia kudeatzen duen organoak egiaztatuko du turismo elkarteak eta partzuergoak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden eta zer osaera duten, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalarekin batera.

Erakunde eskatzaileak baieztatu beharko du Nafarroako Turismo Erregistroan dauden osaerari buruzko gainerako datuak egunean daudela. Bestela, eskaera aurkezten duen egunean eguneratu beharko ditu, esteka honen bitartez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/registro-de-turismo.

5. oinarria. Diruz lagungarriak diren gastu eta ekintza motak.

Honako ekintza mota hauek egitea diruz lagun daiteke:

a) Turismoa dinamizatzeko proposamenak: jarduera edo bisita gidatuen programak eta ekitaldiak.

b) Turismoko azoka eta aurkezpen ekitaldietara joatea.

c) Sustapen eta komunikazio ekintzak.

d) Prestakuntza ekintzak.

e) Turismo produktuak eta paketeak diseinatzea eta merkaturatzea.

f) Aparteko laguntza eta TMKZNren jarduerari laguntzeko ekintzak.

g) Turismo elkarteen kudeaketa eta turismo partzuergoen gerentzia.

Diruz lagungarriak dira deialdian aurreikusitako eta tokikoak ez diren ekintza turistikoei zuzenean eta ezinbestez lotutako kanpoko gastu guztiak, ekintza mota bakoitzean ezarritako zehaztasunak kontuan hartuta. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Proiektu eta ekintza guztiek harreman zuzena izan behar dute hura sustatzen duen elkartearekin, turismo partzuergoarekin edo toki entitatearekin, eta haren proiektu edo jarduketei buruzkoak izanen dira. Elkarteen kasuan, kideak inplikatu, edo eragin zuzena izan behar dute haiengan. Soilik bazkideetako batzuk hartzen badira kontuan, behar bezala argudiatu beharko da ekintzak elkartearentzat duen interesa. Ekintza indibidualak ez dira inola ere onartuko.

Bi entitate ezberdinek ezin dute dirulaguntza jaso ekintza bererako. Bi entitate desberdinek ekitaldi bererako eskabidea aurkezten badute, ekitaldiaren sustatzaile nagusiak aurkeztutako eskabidea hartuko da kontuan. Irizten ahal bazaio bi entitate desberdinek sustatzen dutela ekitaldia, eskabidearen data hartuko da kontuan, eta lehenbizi aurkeztutakoa onartu.

Entitatearen ohiko funtzionamendutik eratorritako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen (fotokopiak, posta, telefonoa, bankuko gastuak, etab.), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Langileria gastuak diruz lagungarriak izanen dira oinarri arautzaileetan zehazten diren apartatuetan eta horietarako ezartzen diren mugekin.

Balio erantsiaren gaineko zergak jaso dezake dirulaguntza, baldin eta entitate eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu ezin badu eta berarentzat kostu erreala bada. Hainbanaketa araua aplikatzen zaien erakundeen kasuan, 2020ko ekitaldiko behin betiko hainbanaketa oinarri hartuta kalkulatuko da kostua.

6. oinarria. Turismoa dinamizatzeko proposamenak: jarduera edo bisita gidatuen programak eta ekitaldiak.

6.1. Irizpide orokorrak.

Diruz lagungarriak izanen dira bai toki eta denbora jakin batean egiten diren jardueren ekitaldiak bai bisita turistiko gidatuen eta jardueren programazioa.

Aurkeztutako proposamenek irizpide orokor hauek bete beharko dituzte:

–Proposamenen xedea Nafarroako baliabideak, produktuak edo tradizioak ezagutzera ematea eta horien garrantzia nabarmentzea izanen da. Gainera, dinamizazio proposamena gauzatuko den udalerrian edo ingurunean urteko beste une batzuetan gozatu, bisitatu, kontsumitu edo erosteko aukera eman behar dute.

–Kontuan hartu beharko dituzte proposatutako jarduerari buruzko osasun gomendioak eta protokoloak, eta baimendutako gehieneko edukierak bete beharko dituzte. Zenbait kasutan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

Esteka honetan (https://coronavirus.navarra.es/eu/medidas-extraordinarias) «Aparteko neurriei buruzko ohiko zalantzak» izeneko dokumentua dago, eta, bertan, txosten loteslea behar duten kasuak zehazten dira.

–Kasu guztietan, aurkeztutako proposamenen gai nagusiak harreman estua izan beharko du entitate sustatzailearekin.

–Antolatzen diren dinamizazio proposamenak, ekitaldiak edo bisita programak publiko kontrolatuei zuzenduta egonen dira.

–Proposatutako jarduera edo bisita gidatuen programazioa denbora eta toki jakin batean gauzatzen ahalko da, eta honako ekintza hauek barne hartzen ahalko ditu:

  • Bisitak establezimenduetara edo enpresetara (gaztandegiak, upeltegiak, dolareak, erakusketa, etab.), establezimenduko langileen eskutik edo Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismo aktibo eta kulturaleko enpresen bitartez.
  • Bisita gidatuak inguruneko baliabideetara (ondarezkoak, naturalak, tradizionalak edo tematikoak) edo turismo aktiboko jardueretara, baldin eta Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribatuta dauden turismo aktibo eta kulturaleko enpresek egiten badituzte.

–Jarduerari ekin baino 15 egun lehenago, programaren berri eman beharko zaie TMKZNko Turismoko Marketinaren eta Nazioartekotzearen Zerbitzuari eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuari. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik hasi diren proposamenek ez dute baldintza hori bete beharko.

Honako proposamen mota hauek ez dira diruz lagunduko:

–Ekitaldi edo proposamen dinamizatzaileak, herriko jaien barruan, erromerietan, eskualdeko jaietan edo tokiko jai egutegiko pareko hitzorduetan antolatu badira, ezta kultura edo kirol profesionaleko izaera argia dutenak ere.

–Nafarroako interes turistikoko festa gisa deklaratutako ekitaldien kasuan, TMKZNren deialdietan azken 10 urteetan aurkeztu direnak baizik ez dira onartuko, bat etorriz, hala badagokio, ekitaldiaren maiztasunarekin. Interes turistikoa aitortu zaien gainerako festei dagokienez, interesa deklaratzearen ondorioz diseinatzen diren ohiz kanpoko jarduera edo jarduketak ere onartzen ahalko dira, ekitaldia aberastea edo hari balioa ematea helburu dutenak, eta ez, ordea, jai programako ohikoak.

–Nafarroako toki entitateen kultur agendaren dinamizazio ekitaldi edo proposamen ohikoak eta berezkoak.

–Ekitaldiak edo proposamenak, berezko nortasuna badute eta beste entitate batzuek deialdira aurkezten den ekitaldi nagusiaren barnean antolatzen badituzte.

Erakunde eskatzaileak antolatu eta sustatu behar ditu dinamizazio proposamen guztiak, eta, gainera, oinarri arautzaile hauen II. eranskinean ezarritako xehetasun teknikoak bete beharko dituzte, diruz lagundutako ekintzaren publizitate betebeharrei eta Turismoko logotipoa eta marka gehitzeari dagozkionak.

6.2. Diruz lagungarriak diren gastu motak.

Jarraian aipatutako gastuak diruz lagungarriak izanen dira, irizpide eta muga hauekin bat etorriz:

–Ezinbesteko kanpo gastuak, ekitaldia edo proposamena gauzatzeko ezinbesteko ekintzak garatzearekin zuzeneko lotura baldin badute.

Apartatu honetan honelako alderdiak jaso dira: kaleak girotzea, aldagelak alokatzea, apaintzeko materialak, osasun arlokoak, aseguruak, sustapen materialak edo produktuak garraiatzea, muntaketa gastuak, anbulantziak... eta antzekoak. Betiere ezinbesteko gastu modura ulertzen badira eta berariaz baztertu ez badira.

–Proposamena dinamizatzeari edo jarduera eta bisita gidatuak kontratatzeari dagozkion gastuak. Apartatu honetan ikuskizunak eta animazio aktiboak jaso dira: musika, antzerkia eta antzekoak, ekitaldiaren gai nagusiari balio zehatza ematen badiote eta berariaz baztertu ez badira.

Apartatu honetan, proposamena jarduera edo bisita gidatuen programazio bati buruzkoa bada (bisita tematikoak badira edo antzezleen laguntzarekin egiten badira), onartu eginen da programatutako jarduera edo bisiten %30en turismo aktibo edo kulturaleko enpresak kontratatzeari dagokion kostua. (Horretarako, alderdien arteko akordioaren kopia aurkeztu beharko da; akordioan adieraziko da bai erakunde eskatzaileak bai enpresak bisiten edo jardueren eskaintzaren berri eman behar dutela). Memoriarekin batera, parte hartzen duten enpresen jarduerak sortutako diru sarreren adierazpena aurkeztuko da.

–Proposamenaren komunikazio eta publizitate gastuak. Apartatu honetan sorkuntzen diseinua, irrati iragarkien kontratazioa, prentsa, sare sozialak eta parekoak jaso dira.

–Proposamena antolatu eta koordinatzeko kanpo laguntzaren gastuak, komunikatzeko hedabideen aurreko aurkezpenak edo prentsaurrekoak antolatzea barne. Kontzeptu honetan aurkeztutako gainerako eta azkenean gauzatutako aurrekontu osoaren %10 onartzen ahalko da diruz lagungarria den gehieneko aurrekontu gisa, proposamen bakoitzeko 2.000 euroko mugarekin. Gastu mota hori ez da diruz lagungarria izanen kudeaketa edo gerentzia gastuengatik dirulaguntza jaso duten elkarteen edo partzuergoen kasuan.

–Kanpo laguntza espezializatuko gastuak; proposamen inklusiboak eta/edo ingurumenaren aldetik jasangarriak diren proposamenak egiteko aholkularitza.

–Enpresen elkarteen proposamenak, dela turismo enpresak izan (4.b.3.a) apartatuan definitutakoak), dela Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta ez dauden enpresak izan (4.b.3.c) apartatua), bazkideentzat berehalako eta zuzeneko etekina eragiten badute jarduera propioaren parte izateagatik, irizpide hauen arabera baloratuko dira:

  • Ez da kontuan hartuko ekitaldiaren jardun eremuaren araberako baremoaren puntuazioa, baizik eta bazkideen parte-hartzearen araberakoa (parte-hartzaile zehatzen kopurua).
  • Honako gastu hauek bakarrik lagunduko dira diruz, gainerako ekitaldien baldintza berberekin:
  • Proposamenaren dinamizazioa.
  • Proposamenaren komunikazioa eta publizitatea.
  • Antolatzeko eta koordinatzeko kanpo laguntza.
  • –Kanpo laguntza espezializatua; proposamen inklusiboak eta/edo ingurumenaren aldetik jasangarriak diren proposamenak egiteko aholkularitza.
  • ...

6.3. Diruz lagungarriak diren gastu motak.

–Ekitaldia gauzatu ondoren ingurunea edo instalazioak garbitzea.

–Lokalen alokairua.

–Domeinua, berritzea edo hostingaren urteko kuota, webguneen edo sare sozialen eta antzekoen mantentze lanen gastuak.

–Dastatzeen gastuak (lehengaia, dastatzeko tresnak, zerbitzarien zerbitzua, etab.).

–Herri bazkariak edo bazkari instituzionalak.

–Ekitaldi instituzionalekin lotutako gastuak.

–Solasaldiak, hitzaldiak edo erakusketak, baldin eta ekitaldiaren ardatz nagusia ez badira eta gaiek zerikusirik ez badaukate.

–Boluntarioekin lotutako gastuak, ekitaldia antolatzeko edo bertako jardueretan parte hartzeko. Salbuespen modura, ekitaldiaren erakustaldietan edo dinamizazio emanaldietan modu altruistan parte hartzen duten entitate edo pertsonen konpentsazio gastuak onartzen ahalko dira (garraioa, mantenua), betiere behar bezala argudiatuta badago.

–Omendutako edo ekitaldira gonbidatutako pertsonen gastuak, salbu ekitaldiaren jarduera, tailer edo erakustaldi baten barruan gonbidatzen badira. Kasu honetan, 20 euroko gastua onartuko da, gehienez, bazkari/afari bakoitzagatik, eta 110 euroko gastua ostatuagatik eta gosariagatik (pertsonako eta eguneko).

–Langile propioak.

–Haurrei zuzendutako lantegiak, jarduerak eta jolas elementuak, bai eta proposamenaren xedearekin lotura zuzena ez dutenak ere.

–Tokiko jaietako kontzertuak edo dantzaldiak, bai eta diruz lagundutako proposamena justifikatzen duen elementu nagusiari berariaz lotuta daudela iritzi ezin zaien ikuskizunak ere.

–Opariak, merchandising objektuak, sariak eskudirutan eta lehiaketetako gastuak.

–15 egunetik gorako estaldura epea duten aseguruak, ekitaldia egin aurretik eta ondotik.

–Kirol ekitaldietako anoa guneak.

–Nekazaritza edo abeltzaintzako azoketan, ekitaldiaren nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera tradizionalarekin lotutako gastu guztiak.

–Oro har, proposamena gauzatzeko beharrezkoak diren ekintzei zuzenean lotutako gastuak, ezinbestekoak ez badira, edo herriko jaietakoak izan ohi diren dinamizaziokoak.

6.4. Turismoa dinamizatzeko proposamenetarako baremoak: jarduera edo bisita gidatuen programak eta ekitaldiak. (50 puntu gehienez).

Turismoa dinamizatzeko proposamen bakoitzari balorazio irizpide hauek aplikatuko zaizkio:

GIZARTE ETA INGURUMEN IRIZPIDEAK (12 PUNTU GEHIENEZ)

Proposamenak turismo inklusiboko jarduerak barne hartzen ditu, eta erakunde eskudun baten txostena dauka

4

Proposamenak turismo inklusiboko jarduerak barne hartzen ditu, eta erakundeak berak argudiatzen ditu

2

Proposamenak ingurumen jasangarritasuna hobetzeko jarduketak barne hartzen ditu, erakunde eskudun baten txostenak bermatuta

4

Proposamenak ingurumen jasangarritasuna hobetzeko jarduketak barne hartzen ditu, eta erakundeak berak gauzatzen eta argudiatzen ditu

2

Herritarrek boluntario gisa parte hartzea

2

Zerbitzuak kontratatzea irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro bereziekin, gizarte ekimenekoekin edo laneratze enpresekin

2

Erakunde eskudunek bermatutako proposamenen puntuak eta erakunde eskatzaileak argudiatutako proposamenen puntuak ez dira metagarriak ez turismo inklusiboko jarduketen kasuan ezta ingurumen jasangarritasuneko jarduketen kasuan ere.

DIRUZ LAGUNGARRIA DEN AURREKONTUA (5 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

8.000 eurotik gora

5

5.001 eta 8.000 euro artean

3

4.001 eta 5.000 artean

2

4.000 euro edo gutxiago

1

JARDUN EREMUA (TOKI ENTITATEEI, PARTZUERGOEI ETA ELKARTE MISTOEI EDO PARTIKULARREN ELKARTEEI APLIKAGARRIA)
(5 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

Iruña eta Iruñerria

1

Plazaola-Sakana-Ultzama

2

Baztan-Bidasoa

2

Ekialdeko Pirinioak

5

Erdialdea eta Zangozako eskualdea

3

Lizarrerria

3

Erribera

2

Eskualde bakoitzeko udalerrien xehetasunak Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoko fitxan ageri dira (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Sector+turistico/Subvenciones.htm), aurrerantzean, «laguntzaren fitxa».

Adierazitako eskualdeei gehieneko puntuazio bat aplikatzen zaie, azaleraren eta udalerri kopuruaren zuzeneko proportzioan, eta biztanleriaren alderantzizko proportzioan.

ENPRESA PARTE-HARTZAILEEN KOPURUA (PARTE HARTZEN DUTEN ETA ZUZENEKO ETEKINA DUTEN ENPRESEN ELKARTEEI APLIKAGARRIA
(5 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

55 enpresa parte-hartzailetik gora

5

41 eta 55 artean

4

31 eta 40 artean

3

21 eta 30 artean

2

10 eta 20 artean

1

Enpresa elkarteen proposamenak edo ekitaldiak, turismo enpresenak izan (4.b.3.a) apartatuan definitutakoak) zein Turismo Erregistroan izena eman ez duten enpresenak izan (4.b.3.c) apartatua), enpresa bazkideen ezinbesteko parte-hartzea (zonifikazioaren mende ez daudenak) eragiten badute eta zuzeneko eta berehalako etekina eragiten badiete haien jarduera propioaren parte izateagatik, lehen aipatutako parte-hartze irizpidearen arabera baloratuko dira.

Irizpide honetako puntuazioa aurkeztutako eskabidearen gainean emanen da, eta, hala badagokio, justifikazioa egitean azken datuen arabera doitu. Irizpidearen puntuak berregokitzeak ez du inola ere eraginen dirulaguntzaren kopurua areagotzea.

Erakunde eskatzailearen «Enpresa parte-hartzaileen kopurua» eta «Jarduketa esparrua» izeneko balorazio irizpideen puntuazioak ez dira elkarrekin metagarriak izanen.

KOMUNIKAZIO GASTUAREN EHUNEKOA (7 PUNTU, GEHIENEZ)

PUNTUAK

Komunikazio gastuaren ehunekoa proposamenaren kostuaren %30 baino gehiago izatea

4

Komunikazio gastuaren ehunekoa proposamenaren kostuaren %20 baino gehiago izatea

2

Urtean zehar baliabidea, produktua edo jarduera sustatzeko kanpaina edo ekitaldi gehiago egin dira

3

JARDUERA EDO BISITA GIDATUKO GUNE INTERESGARRIAK
(MUGARRIAK EDO BALIABIDEAK) (8 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

10 baino gehiago

6

6 eta 10 artean

4

3 eta 5 artean

2

Gutxienez bi mugarri/baliabide berritzaile gehitu dira, edo turismo etorri txikiagokoak

2

Irizpide hau aplikatzeko, gune interesgarritzat hartzen dira dinamizazio proposamenean geralekua edo tratamendu berezia duten guneak.

PROPOSAMENEAN PARTE HARTZEN DUTEN TURISMO AKTIBO ETA/EDO KULTURALEKO ENPRESEN KOPURUA (7 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

1 edo 2

2

3 eta 5 artean

5

5 baino gehiago

7

Irizpide hau aplikatuko da bai erakunde eskatzaileak bai enpresak konpromisoa hartzen badute euren jarduerak jakitera emateko.

BISITA EDO JARDUEREN PROGRAMA MOTA (6 PUNTU GEHIENEZ)

Programa mistoak

6

Turismo aktiboko jarduerak

4

Bisita gidatuak (ondarezkoak edo naturalak, tradizionalak edo tematikoak)

2

Street escape erdigidatuak

4

6.5. Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.

Ondotik adierazten dena aplikatzearen ondoriozkoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:

–Gutxieneko aurrekontu diruz lagungarria: 2.000 euro. Gutxieneko kopuru hori, gainera, proposamenaren azken betearazpenean ere bete beharko da.

–Proposamen bakoitzeko aurrekontu diruz lagungarria: 15.000 euro gehienez.

–Proposamen bakoitzaren dirulaguntzaren ehunekoa esleituko da 6.4 oinarrian ezarritako baremoan lortutako puntuazioaren arabera, irizpide hauei jarraituz:

  • Lortzen ahal den gehieneko puntuazioa: 50 puntu.
  • Beharrezko puntuazioa, gutxienez: 13 puntu.
  • Dirulaguntzaren ehunekoak, lortutako puntuak kontuan hartuta:
  • 13 eta 20 artean: %45.
  • 21 eta 30 artean: %60.
  • 30 baino gehiago: %75.

7. oinarria. Turismoko azoka eta aurkezpen ekitaldietara joatea.

7.1. Irizpide orokorrak.

Eskaera hauek justifikatuko dira azokan erakustoki batez arduratu izanagatik, arreta jaso behar duten kontaktuen agenda bat edukitzeagatik edo produktu edo ekintza bat aurkezteagatik eta berariaz apartatu hauetako baten barnean sartuta egoteagatik:

a) Espainiako estatuko azokak, workshopak eta turismoko aurkezpenak, non TMKZNk erakustoki bat jartzen duen.

b) Hurbileko merkatuen azokak, workshopak eta turismoko aurkezpenak (Espainiako estatua eta Frantziako hego-mendebaldea), TMKZN bertaratu ezin bada edo Nafarroako Gobernuaren erakustokia eramatea ezinezkoa bada, betiere Turismoko Marketinaren eta Nazioartekotzearen Zerbitzuaren oniritzia badute.

c) Turismoko nazioarteko azokak eta aurkezpenak. Kanpo gelditzen dira entitate eskatzaileak Nafarroako Gobernuaren ordezkari diren kasuak, Gobernuak bere gain hartzen baititu gastuak.

Horrez gain, oinarri arautzaile hauen II. eranskinean ezarritako xehetasun teknikoak bete beharko dira, diruz lagundutako ekintzaren publizitate betebeharrei eta Turismoko logotipoa eta marka gehitzeari dagozkionak.

7.2. Diruz lagungarriak diren gastu motak.

Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

–Parte-hartzaileen garraioa, ostatua eta mantenua; nolanahi ere, entitate eskatzailearekin lotura zuzena eduki beharko dute.

–Aurkezpenen edo azoken instalazioen kasuan, lurzorua alokatzea, erakusmahaia edo materiala garraiatzea eta, aurkezpenak eginez gero, aretoak alokatzea, baliabide teknikoak (megafonia, pantailak...) eta aurkezpena egiteko materiala garraiatzea.

Joan-etorria auto partikularrean eginez gero, bidesari, aparkatze eta kilometroen gastuak ere onartuko dira. Kilometroen kasuan, entitate eskatzailearen egoitza dagoen tokitik azokaren tokira dagoen kilometro kopurua kalkulatuko da, kilometro bakoitzeko 0,33 euro aplikatuta.

Ez dira onartuko erregaia hartzeko gastuak.

Bi entitatek edo entitate gehiagok gastuak partekatzen badituzte, arrazoia justifikatu beharko da, eta gastuaren zenbateko osoa aurkeztu beharko da, baita entitate bakoitzari dagokion gastu osoaren ehunekoa ere; dirulaguntzaren kalkuluan ezarritako mugak ere proportzionalak izanen dira.

7.3. Diruz lagungarriak diren gastu motak.

Azokatik edo aurkezpenetik kanpo egindako gastuak.

7.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.

Azoka bakoitzaren dirulaguntzaren kopurua jarraian adierazitakoaren arabera emanen da:

AZOKA MOTA

LANGILERIA GASTUENGATIK GEHIENEZ EMANEN DEN DIRULAGUNTZA (OSTATUA, GARRAIOA ETA MANTENUA)

AZOKETAN PARTE HARTZEKO GEHIENEZ EMANEN DEN DIRULAGUNTZA (LURZORUA ALOKATZEA, ERAKUSTOKIA ETA MATERIALAREN GARRAIOA)

a

Nazionala Nafarroako Gobernuarekin

125 euro eguneko

0

b

Hurbilekoa Nafarroako Gobernua gabe

250 euro eguneko

Aurrekontu diruz lagungarriaren %70 (5.000 euroko aurrekontua gehienez, azoka bakoitzeko)

c

Nazioartekoa

400 euro eguneko

Aurrekontu diruz lagungarriaren %70 (8.000 euroko aurrekontua gehienez, azoka bakoitzeko)

Egunen kopurua kalkulatzeko, egun bat gehituko zaio ostatu gauen kopuruari.

Dirulaguntza eman eta ordaintzeko, entitate eskatzaile bakoitzak apartatu honetan aurkezten dituen ekintza guztiak hartuko dira kontuan.

Orobat, zilegi izanen da jakinarazitako azoka batera joan beharrean ezaugarri berdinak dituen beste batera joatea diruz lagungarria den aldian, betiere aldaketa aldez aurretik jakinarazten bada eta Turismoko Marketinaren eta Nazioartekotzearen Zerbitzuaren oniritzia badu.

8. oinarria. Sustapen eta komunikazio ekintzak.

8.1. Irizpide orokorrak.

Aurkeztutako proposamenek irizpide orokor hauek bete behar dituzte:

–Oinarri arautzaile hauen II. eranskinean ezarritako xehetasun teknikoak bete beharko dira, diruz lagundutako ekintzaren publizitate betebeharrei eta Turismoko logotipoa eta marka gehitzeari dagozkionak.

–Iragarlea entitate eskatzailea izan behar da.

–Dirulaguntzaren gutxieneko zenbatekoa proposamen bakoitzeko 500 euro izanen da.

8.2. Diruz lagungarriak diren gastu motak:

a) Turismoko sustapen eta hedapen materialak:

Jardueren edo turismo produktuen, ostatuen, zerbitzu eskaintzen eta baliabideen gidak, bideoak, liburuxkak, euskarriak eta argitalpenak diseinatzea eta editatzea, Nafarroako Gobernuak argitaratzen dituen ez bestelakoak, jasangarritasun printzipioa kontuan hartuta eta ingurumena errespetatzen duten aukerak bilatuta.

Gidak, bideoak, liburuxkak edo argitalpenak entitate eskatzailea edo lan eremua osatzen duten enpresa edo entitate guztiak jasoko ditu, eta ez dira enpresen edo baliabideen banakako separatak onartuko.

b) Publizitate eta/edo sustapen turistikoko kanpainak.

Online/offline baliabideak kontratatzea eta kanpainak diseinatzea:

–Ekintza eta proposamen zehatzak: Publizitate kanpainak entitate sustatzailearen jarduketa eta proposamen zehatzei buruzkoak izanen dira, eta kanpainaren hasiera eta amaiera eguna zein diren esanen da, bai eta zer produkturi, segmenturi eta/edo merkaturi zuzenduta dauden ere.

–Publizitate orokorra: Era berean, helmugako publizitate kanpaina orokorren diseinua eta publizitate ekintza zehatzak diruz laguntzen ahalko dira, baldin eta izaera orokorra badute, enpresa partikularretan oinarritzen ez badira, promozio mezu bat badute edo turismo jardueraren balioa nabarmentzea helburua badute, beste erakundeen jarduerari kalterik egin gabe, betiere. Ildo horretatik, ez dira horrelakotzat hartuko besterik gabe entitatearen logotipoa eta izena publizitate euskarriren batean sartzea.

Offline atalean honako gastu hauek barne hartuko dira: prentsa, aldizkari espezializatuak, irratia, telebista, iragarkiak argitalpenetan, publizitatea kanpo euskarrietan...

Online atalean honako gastu hauek barne hartuko dira: publizitatea bilatzaileetan (SEM), publizitatea sare sozialetan, remarketin ekintzak eta baliabide digitalen erosketa programatikoa.

c) Marketin digitaleko ekintzak.

Marketin digitaleko ekintzak egitea onartuko da, betiere turismoa sustatzea hobetzera bideratzen badira. Honako hauek izaten ahalko dira: webgunearen SEOa hobetzeko ekintzak, webgunearen erabilera/erabiltzaile esperientzia hobetzeko ekintzak, e-mail bidezko marketina eta web analitika (txosten pertsonalizatuak sortzea).

d) Webguneak.

Gastu hauek onartzen dira: webguneak sortzea, oraingo webgunea erabat aldatzen duten garapenak –500 eurotik gorako gutxieneko gastu badute– edukien itzulpenak, gailu askotara (responsive) egokitzeko lanak eta 500 eurotik gorako gutxieneko gastua duten mikrositeak.

Nolanahi ere, kasu guztietan diruz lagunduko den webgunearen domeinua egiaztatu beharko da, eta webguneak gailu askotarako egokituta egon beharko du.

Erakunde eskatzaile bakoitzeko webgune edo mikrosite bakar bat sortzeko/aldatzeko proposamena onartuko da.

8.3. Diruz lagungarriak ez diren gastu motak.

–Domeinu gastuak eta sare sozialen edo webguneen mantentze lanetarako gastuak.

–Webguneen eta mikrositeen aldaketak, diruz lagungarria den gastua baino 500 euro baino gutxiagokoak.

–Materiala garraiatzeko gastuak eta aseguru gastuak.

–Lehiaketetako sariak edo zozketak.

–Berariaz adierazten ez diren beste batzuk.

8.4. Sustapen eta komunikazio ekintzen proposamenetarako baremoa (24 puntu gehienez).

Proposamen bakoitzari honako balorazio irizpide hauek aplikatuko zaizkio, honela:

Balorazio irizpide bakarra aplikatuko da A), B), C), eta D) izenekin adierazitakoen artetik, kasuan kasuko ekintza motaren arabera.

Sustapen eta komunikazio proposamen baten parte gisa A), B), C) eta D) irizpideetan aipatutako hainbat ekintza aurkeztuz gero, aurrekontu osotik gastuaren ehunekorik handiena hartzen duen ekintza motari dagokion balorazio irizpidea aplikatuko da. Gastuen ehuneko bera badute, puntuazio altuenaren irizpidea aplikatuko da.

Horrez gain, ekintza bakoitzari E) balorazio irizpidea aplikatuko zaio.

A) TURISMOKO SUSTAPEN ETA HEDAPEN MATERIALAK
(9 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

Euskarri digitala, baliabideak zabaltzeko eta produktu finkoak eskaintzeko

5

Euskarri fisikoa: argitalpenak, ostatuen liburuxkak edo gidak, baliabideak eta produktu finkoen eskaintza

2

Euskarri digitala, eskaintza edo jarduera puntualak, ekitaldien agenda eta antzekoak zabaltzeko

3

Euskarri fisikoa: sasoiko argitalpenak edo liburuxkak, eskaintza edo jarduera puntualak, ekitaldien agenda eta antzekoak

1

Roll up motako euskarriak, kartelak, flyerrak edo antzekoak eta merchandising materiala

1

Bi hizkuntzatan baino gehiagotan editatzea

2

B) SUSTAPEN ETA PUBLIZITATE KANPAINAK (12 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

Ekintza eta proposamen zehatzak: Onlineko publizitatea (publizitatea bilatzaileetan –SEM–, publizitatea sare sozialetan, remarketin ekintzak eta baliabide digitalen erosketa programatikoa).

8

Ekintza eta proposamen zehatzak: Offlineko publizitatea (prentsa, irratia, telebista, iragarkiak argitalpenetan eta aldizkarietan...)

4

Destino/proposamen bati publizitate orokorra edo atenporala ematea (offline edota online)

4

Eskainitako turismo zerbitzuaren balioa azpimarratzeko publizitate orokorra (offline edota online)

2

Ekintza orokorren balorazioa eta ekintza zehatzen balorazioa ez dira metagarriak.

C) MARKETIN DIGITALEKO EKINTZAK (12 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

Webguneko SEOko hobekuntza ekintzak

4

Webgunearen erabilera/erabiltzaile esperientzia hobetzeko ekintzak

4

E-mail bidezko marketina (edukien marketinera orientatutako newsletterra)

3

Web analitika (txosten pertsonalizatuak sortzea, merkaturatze helburuak eta customer journey delakoak hobetzeko)

3

Bestelako sustapen ekintzak

2

D) WEBGUNEAK (12 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

Webgunea sortzea eta/edo nabarmen aldatzea. (Gailu askotara –responsive– egokitzeko estandarrak betetzen dituztenak baino ez dira baloratuko)

4

Erreserbak egiteko plataforma sortzea

4

Webgune osoa gutxienez 3 hizkuntzatara itzultzea (gutxienez gaztelaniara eta euskarara) (*)

3

Proposamenen, ekintzen edo produktuen mikrositeak. (Gailu askotara –responsive– egokitzeko estandarrak betetzen dituztenak baino ez dira baloratuko)

2

(*) Apartatu honetan ez dira baloratzen edukien eguneratzeen itzulpen partzialak.

E) APLIKAZIO IRIZPIDE KOMUNAK (12 PUNTU GEHIENEZ)

E.1) Ekintza berbererako edo pareko ekintzetarako lehenagoko dirulaguntzak

Aurreko urteetan TMKZNk diruz lagundu ez duen ekintza (2018-2019-2020)

4

E.2) Erakundearen webgune turistikoa

Webgune turistikoaren domeinu espezifikoa

3

E.3) Parte-hartzea (enpresen produktu edo ekintza zehatzetan etekin zuzena dagoenean) edo irismena (sustapen orokorrean) (5 puntu gehienez)

Parte-hartzea (enpresa parte-hartzaileen kopurua)

55 baino gehiago

5

41 eta 55 artean

4

31 eta 40 artean

3

21 eta 30 artean

2

10 eta 20 artean

1

Irismena. Publizitate orokorra (ez da bazkide kopurua kontuan hartzen)

Partzuergoak eta elkarte mistoak. Destinoa modu orokorrean sustatzea

5

Partzuergoak eta elkarte mistoak. Ekintza/produktua modu orokorrean sustatzea

3

Enpresa elkarteak. Destinoa, produktua edo ekintza modu orokorrean sustatzea (ez da bazkide kopurua kontuan hartzen)

2

«Parte-hartzea» eta «Irismena. Publizitate orokorra» izeneko balorazio irizpideen puntuazioak ez dira metagarriak izanen.

8.5. Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.

Ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren kopurua jarraian adierazitakoaren arabera emanen da:

–Proposamen bakoitzeko onartutako aurrekontuaren muga: 10.000 euro.

–Gehienez lortzen ahal den puntuazioa: 24 puntu.

–Gutxienez behar den puntuazioa: 6 puntu.

–Diruz lagun daitekeen aurrekontuaren ehunekoa, lortutako puntuen arabera:

  • 6 eta 10 artean: %50.
  • 11 eta 15 puntu artean: %60.
  • 15 puntu baino gehiago: %70.

9. oinarria. Prestakuntza ekintzak.

9.1. Irizpide orokorrak.

Ikastaro edo prestakuntza espezializatuko jardunaldi hauek diruz lagungarriak izanen dira:

–Turismoko Prestakuntza Plana 2020-2024 egitasmoko prestakuntza ekintzak: –Gaiek eta edukiek bat eginen dute 2020-2024 aldiko Turismoko Prestakuntza Planean definitutako ikastaro eta jardunaldiren batekin. TMKZNk prestatu du plan horren programazioa, eta entitate eskatzaileak prestakuntza ekintzak proposa ditzake programazio horretan aldaketak eginez. Aipatutako planari buruzko informazio guztia laguntza fitxan ageri da.

–Sektoreko prestakuntza espezifikoko ekintzak, baldin eta derrigorrezkoa ez bada eta justifikatuta badago prestakuntza jarduera espezifikoa izatea.

Eskaintzek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Interesaturik dauden beste turismo enpresa edo entitate batzuek parte hartzeko irekiak izatea, elkarte edo partzuergo sustatzaileaz gain; dena dela, zilegi izanen da ekimenean sartzeko baldintza batzuk ezartzea.

–Ikastaroa edo jardunaldia hasi baino 15 egun lehenago, TMKZNko Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalari jakinarazi behar zaio.

–Aurrez aurreko jardueren kasuan, gutxienez sei lagunek parte hartu behar dute.

Oinarri arautzaile hauen II. eranskinean ezarritako xehetasun teknikoak bete behar dituzte, diruz lagundutako ekintzaren publizitate betebeharrei eta Turismoko logotipoa eta marka gehitzeari dagozkionak.

9.2. Diruz lagungarriak diren gastu motak.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

–Hizlarien/irakasleen zerbitzu-sariak.

–Lokalaren alokairua, baldin eta lokal hori entitate sustatzailearen egoitzan ez badago.

–Plataformaren gastuak, prestakuntza online edo urrutitik egitea proposatuz gero.

–Ikastaroaren berariazko materiala.

–Publizitaterako edo kanpo komunikaziorako gastuak.

9.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.

Dirulaguntzaren kopurua jarraian aurreikusitakoaren arabera emanen da:

–Prestakuntza jarduketa guztietarako diruz lagun daitekeen gastuaren gehieneko muga: 5.000 euro.

–Dirulaguntzaren ehunekoa: Diruz lagungarria den aurrekontuaren %70.

Dirulaguntza eman eta ordaintzeko, eskatzaile bakoitzak apartatu honetan aurkezten dituen ekintza guztiak hartuko dira kontuan.

10. oinarria. Turismo produktuak eta paketeak diseinatzea eta merkaturatzea.

10.1. Irizpide orokorrak.

Turismo produktu gisa ulertuko da elkarrekiko osagarriak diren zerbitzu eta/edo elementuen multzoa osatzen duten baliabide propioen balioa nabarmentzeko ekimen oro, erakargarritasun berezia badu eta turismoa erakartzeko gaitasuna izanez gero, ezarritako prezio jakin batean eta konprometitutako kalitate baldintza zehatzetan, merkaturatzeko prest badago. Proposamenak osagarri ordainduak eta ordaindu gabeak gehitzen ahalko ditu.

«Produktu berriak diseinatu eta artikulatzea» hau dela ulertzen da: produktua definitu eta egituratzea, hau da, produktuaren alderdi kontzeptuala planifikatzea, honako hauek adierazita: asebete nahi den publiko objektiboa, lortu nahi diren helburuak, koordinatzeko jarduerak planifikatzea zerbitzu hornitzaileekin eta inplikatutako erakundeekin, eta beharrezkoak diren komunikazio, sustapen eta merkaturatze jarduerak planifikatzea, behar bezalako argudio eta aurrekontuak adierazita (ez da inola ere aurreikusten inbertsio beharrak planifikatzea, eta egin beharreko jardueren zerrenda hutsa ez da diseinu gisa onartuko).

Elkarteak edo partzuergoak diseinatutako proposamenak gutxienez honako eskakizun hauek bete beharko ditu:

–Turismoko Plan Estrategikoan eta/edo 2020-2022 aldiko Ekintza Planean jasotako oinarrizko segmentuekin eta/edo segmentu zehatzekin lerrokatuta egotea.

–Gutxienez turismoko bost enpresaren (bazkideak zein ez) benetako lankidetzarako konpromisoa lortzea, eta proposamenean hala jasotzea.

–Pakete guztietan ekarpen turistikoan lan egiten duten bidaia agentzien laguntza izatea, merkaturatze aldera. Agentzia horiek konpromisoa hartu beharko dute eskaintza haien webgunean, argitalpenetan, sare sozialetan eta lanean erabilitako gainerako salmenta kanal eta komunikabideetan jartzeko. Horretarako, konpromiso dokumentu bat aurkeztu beharko da; bertan, alderdiek adostutako eta sinatutako baldintzak eta merkaturatzen du(t)en agentzi(ar)en webgunearen esteka ageri beharko dira.

–Ordaintzeko gutxienez hiru zerbitzu edo baliabide barne hartzea.

–Banakako produktuari balio erantsia eskaintzea.

–Produktu berria izatea.

–Proposamen orokor bakarra onartuko da erakunde bakoitzeko (hainbat paketek osatua izan daiteke, baina proposamena osorik baloratuko da).

–Proposamena portfolioan, webgune turistikoan eta proposamenaren informazioa eguneratuta mantentzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein tresnatan sartu beharko da, aldez aurretik Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari eskatuta.

Oinarri arautzaile hauen II. eranskinean ezarritako xehetasun teknikoak bete beharko dituzte, diruz lagundutako ekintzaren publizitate betebeharrei eta Turismoko logotipoa eta marka gehitzeari dagozkionak.

10.2. Diruz lagungarriak diren gastu motak.

Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

–Kanpo laguntza profesionalaren gastuak, produktua zuzen definitzen laguntzeko: produktuaren kontzeptualizazioa, helburuzko publikoa, zerbitzuen eskaintza, produktua merkaturatzeko aurreikuspena, sustapena eta komunikazioa, etab.

–Bidaia agentzien komisioa. Gastu diruz lagungarritzat hartuko da bidaia agentzia komertzializatzaileen komisioaren zenbatekoa, 10.4 oinarrian ezarritako mugekin. Elkarteak edo partzuergoak turismo paketeen salmentei dagokien zenbatekoa aurreratzen ahalko dio bidaia agentziari. Alderdien arteko kontratuan edo hitzarmenean behar bezala adierazi behar da komisioaren ehunekoa 2022. urtean erreserbatuko diren turismo paketeen kopuru jakin bati dagokiola. Erreserba horien justifikazioa 2022ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du elkarteak edo partzuergoak.

–Proposamenaren komunikazio eta publizitate gastuak.

10.3. Turismo produktuak eta paketeak diseinatzeko eta merkaturatzeko baremoa. (30 puntu gehienez).

Ekintza mota hauen dirulaguntza ehunekoa ezartzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuko zaizkio aurkeztutako proposamenari:

ENPRESA PARTE-HARTZAILEEN KOPURUA
(10 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

6 eta 10 artean

3

11 eta 15 artean

5

16 eta 20 artean

8

20 baino gehiago

10

Enpresa parte-hartzaile guztiak hartuko dira kontuan, enpresa bakoitzari dagokion pakete kopurua alde batera utzita.

SEGMENTU LEHENETSIETARA EGOKITZEA (4 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

Orokorra

2

Egokitua (turismo aktiboa, landa turismoa edo familiakoa, motorra, city break, kulturala, gastronomikoa...)

4

GIZARTE ETA INGURUMEN IRIZPIDEAK ETA BESTE IRIZPIDE BATZUK
(16 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

Proposamenak turismo inklusiboko jarduerak barne hartzen ditu, eta erakunde eskudun baten txostena dauka

4

Proposamenak turismo inklusiboko jarduerak barne hartzen ditu, eta erakundeak berak argudiatzen ditu

2

Proposamenak ingurumen jasangarritasuna hobetzeko jarduketak barne hartzen ditu, erakunde eskudun baten txostenak bermatuta

4

Proposamenak ingurumen jasangarritasuna hobetzeko jarduketak barne hartzen ditu, eta erakundeak berak gauzatzen eta argudiatzen ditu

2

Gutxienez hiru mugarri/esperientzia berritzaile gehitu dira, edo turismo etorri txikiagokoak

4

Proposamenaren komunikazioa egiteko aurrekontua; guztizkoaren %30 gutxienez

4

Erakunde eskudunek bermatutako proposamenen puntuak eta erakunde eskatzaileak argudiatutako proposamenen puntuak ez dira metagarriak ez turismo inklusiboko jarduketen kasuan ezta ingurumen jasangarritasuneko jarduketen kasuan ere.

10.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.

Dirulaguntzaren kopurua jarraian aurreikusitakoaren arabera emanen da:

–Proposamen orokor bakarra onartuko da erakunde eskatzaile bakoitzeko. Hainbat paketek osatua izan daiteke, baina proposamena osorik baloratuko da.

–Onartutako aurrekontuaren mugak:

  • produktua definitzeko kanpo laguntzagatik: 1.000 euro.
  • bidaia agentzia komertzializatzaileen komisio kostuagatik: 5.000 euro.
  • produktuaren komunikazio eta publizitate gastuengatik: 5.000 euro.
  • Lortzen ahal den gehieneko puntuazioa: 30 puntu.
  • Beharrezko puntuazioa, gutxienez: 8 puntu.
  • Onartutako aurrekontuko dirulaguntzaren ehunekoa, lortutako puntuen arabera:
  • 8 eta 15 puntu artean: %60.
  • 16 eta 20 puntu artean: %70.
  • 20 puntu baino gehiago: %80.

11. oinarria. Aparteko laguntza eta aholkularitza, eta TMKZNren jarduerari laguntzeko ekintzak.

11.1. COVID-19aren ondoriozko aparteko laguntza eta aholkularitza.

Diruz lagunduko dira aparteko eta ezusteko aholkularitza eta laguntza eginkizunak, entitate eskatzaileak koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz egin behar baditu.

Turismo partzuergoek ez ezik, 4.b.3.a) eta 4.b.3.b) apartatuetan aipatutako turismo elkarteek ere, langileak nominan badituzte, kontzeptu horri dagokion dirulaguntza eskatzen ahalko dute, honako jarduketa hauek egiteagatik:

–Aholkularitza COVID-19 araudi aplikagarriari dagokionez, bai estatu mailakoa, bai komunitatekoa, fase guztietan.

–Aholkularitza enpresen, azpiegituren eta/edo baliabideen kontingentzia planak idazteko edo sektorerako neurriak, gomendioak eta gidak bazkideen artean hedatzeko.

–Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta toki entitateekin solaskide aritzea, argitzeko nola interpretatzen diren arauak egoera bakoitzean eta bazkideen kasu zehatzetan.

–Aipatutako arrazoia dela eta egindako edo aurreikusitako bilerak eta komunikazioak.

–Kontingentzia plan horiek benetan dituzten entitateei buruzko informazioa biltzea.

–Bestelako lanak egitea, hala nola segurtasunerako materiala banatzea, segurtasun neurriei buruzko berariazko kartelak jartzea, eta abar.

–COVID-19aren ondoriozko dirulaguntzak izapidetzeko aholkularitza.

11.2. Informazio eta aholkularitza ekintzak, administrazioko prozedurei eta tresnei dagokienez.

Turismo partzuergoek ez ezik, 4.b.3.a) eta 4.b.3.b) apartatuetan aipatutako turismo elkarteek ere, langileak nominan badituzte, kontzeptu horri dagokion dirulaguntza eskatzen ahalko dute.

Diruz lagungarriak izanen dira laguntzako lanak, informazio saioak antolatzekoak eta aholkularitza espezifikokoak, administrazioak turismo enpresekin harremana izateko ezarritako tresnei eta prozedurei dagokienez:

–Zer informazio gehitu Turismoko Marketinaren eta Nazioartekotzearen Zerbitzuaren portfolioan (webgune turistikoko –https://www.visitnavarra.es/es/– planen atalean) eta TMKZNk beharrezkotzat jotzen dituen tresnetan, eta nola egin.

–Nola kontsultatu eta eguneratu datuak Nafarroako Turismo Erregistroan.

–Nola lortu eta erabili ziurtagiri digitala edo pasahitza, eta nola egin eskabide telematikoak.

–Nola eta zergatik atxiki Kontsumoko Arbitraje Batzordeari.

Diruz lagunduko da hedapen eta sentsibilizazio lana, kontuan hartuta zenbat informazio saio antolatu diren eta zer emaitza espero diren elkartearen edo partzuergoaren lanaren ondorioz honako hauek egiten dituzten enpresen kopuruari dagokionez: erregistroan datuak eguneratzea, ziurtagiri digitala edo pasahitza lortzea, Kontsumoko Arbitraje Batzordeari atxikitzea edo portfolioan eta webgunean informazioa eguneratzea. Eskabidea egiteko, kontuan hartuko da erakundeak eginen den jarduerari dagokionez duen aurreikuspena, baita aurreikusitako emaitzak ere.

Jarduera kide guztiei edo bere lan eremuko establezimendu turistiko guztiei zuzenduta egon daiteke.

11.3. Destinorako jasangarritasun turistikoko planak prestatzen laguntzea.

Turismo partzuergoek langileak nominan badituzte eskatzen ahalko dute kontzeptu horri dagokion dirulaguntza.

Epigrafe honetan, teknikariek destinorako jasangarritasun turistikoko planak idazten laguntzeko egiten duten lana lagunduko da diruz, baita beren jarduketa eremuko garapen beharrak eta aukerak identifikatzeko lana ere:

–Dagokion jarduketa eremuko seinale turistikoak baloratzeko txosten bat idaztea, aurkitutako urritasunak edo gabeziak ardatz hartuta.

–Gutxi garatu diren eta garapen turistikoa izan dezaketen baliabideak identifikatzea eta argudiatzea, AMIA analisiarekin batera.

–Destinoko Jasangarritasun Turistikoko Plan Autonomikoetarako (aurrerantzean, DJTPA) aurreikusitako jarduketa motei erantzuten dieten lurralde proiektuak identifikatzea.

–Sektorearekin parte-hartze prozesua antolatzea, jasangarritasun turistikoko planetan sartu beharreko proposamenei lehentasuna emateko, bat etorriz, besteak beste, horien heldutasun-mailarekin, eta TMKZNk adierazten dituen langileekin edo enpresekin koordinatuta.

–Toki entitateei laguntzea hurrengo faseetan plan horietan parte har dezaketen proiektuak prestatzen.

Jarduera horiek Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuko teknikariekin koordinatuko dira, hala badagokio.

11.4. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagunduko dira erakunde sustatzailean eginkizun horiek betetzen dituzten eta nominan dauden langileen gastuak, bai eta, hala badagokio, parte-hartze prozesua antolatzen laguntzeko kontratatzen duten kanpo laguntza ere, 11.5 oinarrian ezarritako mugen arabera.

11.5. Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.

Dirulaguntzaren kopurua jarraian aurreikusitakoaren arabera emanen da:

–«COVID-19aren ondoriozko aparteko laguntza eta aholkularitza» kontzeptuan onartutako aurrekontuaren muga, erakunde eskatzailearen enpresa bazkideen kopuruaren arabera:

  • 4.000 euro, 150 bazkide baino gehiagoko entitateentzat.
  • 3.000 euro, 90 bazkide baino gehiagoko entitateentzat.
  • 2.000 euro, 60 bazkide baino gehiagoko entitateentzat.
  • 1.000 euro, 30 bazkide edo gehiagoko entitateentzat.

–«Informazio eta aholkularitza ekintzak, administrazioko prozedurei eta tresnei dagokienez» kontzeptuan onartutako aurrekontuaren muga: 3.000 euro gehienez, honela banatuta:

  • 200 euro antolatutako informazio saio bakoitzeko, eta gehienez 1.000 euro informazio saioen kontzeptuan.
  • 15 euro baldintza hauek guztiak betetzen dituen enpresa bakoitzeko: erregistroan sartzea eta datuak eguneratzea, ziurtagiri digitala edo pasahitza lortzea eta informazio saioaren ostean Kontsumoko Arbitraje Batzordeari atxikitzea. 1.000 euro gehienez.
  • 5 euro informazio saioaren ostean jarduketa hauetako bat edo bi egin dituen enpresa bakoitzeko: ziurtagiri digitala edo pasahitza lortzea, erregistroko datuak eguneratzea, informazio egokia sartzea portfolioan eta Arbitraje Batzordeari atxikitzea. 1.000 euro gehienez.

–«Destinorako jasangarritasun turistikoko planak prestatzen laguntzea» kontzeptuan onartutako aurrekontuaren muga. 7.500 euro gehienez, honela banatuta:

  • 2.000 euro, turismo seinaleei buruzko, hobekuntza eta/edo aldaketa arlo nagusiak detektatzeari buruzko eta turismo garapen handiagoa izan dezaketen baliabideak identifikatzeari buruzko balorazio txosten batengatik.
  • 1.000 euro, DJTPAetarako aurreikusitako jarduketa motei erantzuten dieten lurralde proiektu posibleak identifikatzeari buruzko txosten batengatik eta dagozkien fitxak prestatzeagatik.
  • Parte-hartze prozesua antolatzen laguntzeko kanpo laguntzaren kostua. 1.500 euro gehienez.
  • 200 euro, jasangarritasun turistikoko planetan sartu beharreko proposamenak ebaluatzeko eta lehenesteko parte-hartze prozesuko jardunaldi bakoitzeko. Gehienez 5 jardunaldi egiten ahalko dira deialdi honen indarraldian; hau da, 1.000 euro. Kanpo laguntza kontratatu behar ez izanez gero, eguneko 400 euro handitzen ahalko da aurrekontua; hau da, 2.000 euro.
  • 500 euro, hurrengo faseetan plan horietan parte har dezaketen proiektuen toki entitateen espedienteak prestatzeagatik; 2.000 euro gehienez.

–Dirulaguntzaren ehunekoa: Onartutako aurrekontuaren %70.

12. oinarria. Turismo elkarteen kudeaketa eta turismo partzuergoen gerentzia.

12.1. Turismo elkarteen kudeaketa.

12.1.a) Irizpide orokorrak.

Epigrafe honetako dirulaguntza eskatzen ahalko dute 4.b.3.a) eta 4.b.3.b) apartatuetan adierazten diren turismo elkarteek, baldin eta 20 eta 200 kide artean badituzte (pertsona fisikoak edo juridikoak) eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako establezimenduen titularrak badira.

Gehieneko aurrekontu onargarriak lotura zuzena izanen du deialdi honen ekintzei dagokien elkartearen jardunarekin, eta, zehazki, turismoa dinamizatzeko proposamenak, sustapen edo komunikazio ekintzak eta prestakuntza koordinatzearekin eta turismo produktuak eta paketeak diseinatzearekin eta merkaturatzearekin.

12.1.b) Gastu diruz lagungarriak.

12.1.c) oinarrian ezarritako mugen arabera, gastu diruz lagungarritzat hartzen dira nominan dauden langileen gastuak, eta, hala badagokio, enpresa laguntzailearen faktura, aurreko paragrafoan adierazitako jarduerak eta proposamenak koordinatzeari dagozkionak.

12.1.c) Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.

Dirulaguntzaren kopurua jarraian aurreikusitakoaren arabera emanen da:

–Laguntzaren xede den jardueraren arabera, 12.000 euroko aurrekontu diruz lagungarria onartzen da, epigrafe bakoitzeko muga hauekin:

  • Turismoa dinamizatzeko proposamenak koordinatzeagatik: aurkeztutako aurrekontuaren %20, deialdian sar daitezkeen proposamenen epigrafe honetako jarduketengatik, 6.000 euroko mugarekin.
  • Sustapen eta komunikazio ekintzak koordinatzeagatik: aurkeztutako aurrekontuaren %20, epigrafe honetako jarduketengatik, 3.000 euroko mugarekin.
  • Prestakuntza ekintzak koordinatzeagatik: aurkeztutako aurrekontuaren %20, epigrafe honetako jarduketengatik, 1.000 euroko mugarekin.
  • Turismo produktuen eta paketeen diseinua eta merkaturatzea koordinatzeagatik: aurkeztutako aurrekontuaren %20, epigrafe honetako jarduketengatik, 2.000 euroko mugarekin.
  • Dirulaguntzaren ehunekoa: Onartutako aurrekontuaren %70.

Laguntzaren amaierako kopurua benetan egindako ekintzen justifikazioaren arabera doituko da, baina ez da inolaz ere emandako dirulaguntzaren zenbatekoa areagotuko.

12.2. Turismo partzuergoen gerentzia.

12.2.a) Irizpide orokorrak.

Epigrafe honetan, turismo partzuergoek eskatzen ahalko dute dirulaguntza.

Gehieneko aurrekontu onargarriak lotura zuzena izanen du deialdi honen ekintzei dagokien elkartearen jardunarekin, eta, zehazki, turismoa dinamizatzeko proposamenak, sustapen edo komunikazio ekintzak eta prestakuntza koordinatzearekin eta turismo produktuak eta paketeak diseinatzearekin eta merkaturatzearekin.

12.2.b) Gastu diruz lagungarriak.

12.2.d) oinarrian ezarritako mugen arabera, onartu egiten dira nominan dauden langileen gastuak, aurreko paragrafoan adierazitako jarduerak eta proposamenak koordinatzeari dagozkionak.

12.2.c) Turismo partzuergoen gerentziari dagokion baremoa. (24 puntu gehienez)

12.2.d) oinarrian zehazten den aurrekontu diruz lagungarriaren igoera ehunekoa ezartzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuko dira:

TURISMO PARTZUERGOA OSATZEN DUTEN UDALERRIETAKO BIZTANLE KOPURUA (8 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

35.000 biztanle baino gehiago

8

25.001 eta 35.000 biztanle artean

6

15.001 eta 25.000 biztanle artean

4

5.001 eta 15.000 biztanle artean

2

Ondorio horietarako, aplikagarria izanen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 4ko 16/2021 Foru Agindua, ofizialtzat jotzen dituena Nafarroako kontzejuetako populazioaren zifrak, 2020ko urtarrilaren 1ari dagozkionak.

TURISMO PARTZUERGOA OSATZEN DUTEN UDALERRIEN KOPURUA
(8 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

40 udalerritik gora

8

26 eta 40 udalerri artean

6

16 eta 25 udalerri artean

4

11 eta 15 udalerri artean

2

Ondorio horietarako, Nafarroako Gobernuaren webgunean eskuragarri dagoen informazioari jarraituko zaio. http://www.navarra.es/home_es/Navarra/272+Municipios/.

TURISMOAREN SEKTOREARI LOTUTAKO ENPRESEN KOPURUA
(8 PUNTU GEHIENEZ)

PUNTUAK

150 enpresatik gora

8

91 eta 150 enpresa artean

6

61 eta 90 enpresa artean

4

31 eta 60 enpresa artean

2

30 enpresa edo gutxiago

0

Ondorio horietarako, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik dauden entitateen bazkide kopuruari buruzko informazioari jarraituko zaio, baldin eta turismo partzuergoaren ekintza eremuan baldin badituzte establezimenduak. Elkarte bateko baino gehiagoko bazkide diren pertsona fisiko edo juridikoen kasuan, behin bakarrik hartuko dira kontuan.

12.2.d) Dirulaguntzaren zenbatekoa, ehunekoak eta mugak.

Dirulaguntzaren kopurua jarraian aurreikusitakoaren arabera emanen da:

–Laguntzaren xede den jardueraren arabera, 30.000 euroko aurrekontu diruz lagungarria onartzen da, epigrafe bakoitzeko muga hauekin:

  • Turismoa dinamizatzeko proposamenak koordinatzeagatik: aurkeztutako aurrekontuaren %20, deialdian barne hartutako jarduketengatik, 18.000 euroko mugarekin.
  • Sustapen eta komunikazio ekintzak koordinatzeagatik: aurkeztutako aurrekontuaren %20, deialdian barne hartutako jarduketengatik, 5.000 euroko mugarekin.
  • Prestakuntza ekintzak koordinatzeagatik: aurkeztutako aurrekontuaren %20, deialdian barne hartutako jarduketengatik, 5.000 euroko mugarekin.
  • Turismo produktuen eta paketeen diseinua eta merkaturatzea koordinatzeagatik: aurkeztutako aurrekontuaren %20, deialdian barne hartutako jarduketengatik, 2.000 euroko mugarekin.

–Baremoko puntuen arabera, aurrekontu diruz lagungarriak igoera hauek izan ditzake:

  • 10 puntu arte: %10.
  • 11 puntu eta 15 puntu artean: %15.
  • 16 puntu eta 24 puntu artean: %25.

–Dirulaguntzaren ehunekoa: Onartutako aurrekontuaren %70.

Laguntzaren amaierako kopurua benetan egindako ekintzen justifikazioaren arabera doituko da, baina ez da inolaz ere emandako dirulaguntzaren zenbatekoa areagotuko.

13. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

13.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 21 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

13.2. Eskaerak aurkezteko modua.

Eskaerak nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

Eskabideak ekintza bakoitzeko inprimakiaren eta fitxa espezifikoen arabera egin beharko dira, TMKZNri zuzenduta.

Dirulaguntza eskatzen den ekintza guztietarako eskabide bakarra aurkeztuko du erakunde eskatzaileak.

Hainbat entitatek ekintza bat elkarrekin gauzatzen badute, ekintza garatzea bere gain hartu duen entitateak aurkeztuko du eskabidea; ekintzari dagozkion ordainketa eta gastu guztiak egin beharko ditu.

13.3. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira, dokumentu desberdinetan eskaneatuta eta behar bezala izendatuta:

13.3.a) Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskabide formularioan erantzukizunpeko adierazpen hauek daude:

1. 4. oinarriko a) apartatuan eskatutako eskakizun orokorrak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

2. Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek ekintza bererako eskatutako eta/edo jasotako dirulaguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelakorik eskatu ez badu, horren berri eman beharko du.

3. Erantzukizunpeko adierazpen bat, deialdian aurkeztutako jarduketei aplikatzen zaien balio erantsiaren gaineko zergari buruzkoa. Hartan adieraziko da ea eskatzaileak BEZa berreskuratzen edo konpentsatzen ahal duen. Gainera, hainbanaketa eginez gero, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4. Turismo elkarteen kudeaketa ekintzen, turismo partzuergoen gerentzia ekintzen eta aparteko laguntzaren eta TMKZNren jarduerari laguntzeko ekintzen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.

5. Erantzukizunpeko adierazpena, dinamizazio proposamenak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea duela adierazten duena, halakorik behar izanez gero.

Gainera, hainbat entitatek batera ekintza bat gauzatuz gero, dokumentu bat aurkeztu beharko dute, egiaztatzeko erakunde parte-hartzaile bakoitzak nola lan egin duen, zer eginkizun bete dituen eta zer konpromiso hartu dituen bere gain.

13.3.b) Ekintzei buruzko dokumentazioa.

Ekintza bakoitzari buruzko laburpen fitxa normalizatu bat aurkeztuko da, Excel formatuan, laguntza fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz; bertan diru sarreren eta gastuen aurrekontuari buruzko apartatuak jaso dira, baita balorazio irizpideak aplikatzeko beharrezko informazioa ere, hala badagokio.

Balorazio irizpideak dirulaguntza eskabidearekin batera igorritako informazioarekin aplikatuko dira, ekintza bakoitzaren fitxa normalizatuan; irizpide horiek ez dira aplikatuko informazioa eskabideak aurkezteko epetik kanpo igorriz gero.

Ekintza bakoitzeko igorri behar den fitxa normalizatuak (Excel formatuan) oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeko beharrezkoa den informazioa bilduko du, honako zehaztapen hauekin:

–Turismoa dinamizatzeko proposamenak: jarduera edo bisita gidatuen programak eta ekitaldiak: Aurkeztutako proposamen bakoitzeko fitxa bat beteko da. Fitxa horretan, labur azalduko eta justifikatuko da proposamena, gai zehatza eta erakundearekin duen lotura. Betekizun bakoitza eta baremorako kontuan hartu beharreko kontzeptuak adieraziko dira, eta, hala badagokio, behar bezala argudiatuko. Turismo inklusiboa xede duten edo ingurumenaren aldetik jasangarriak diren jarduketa espezifikoak argudiatu egin behar dira, eta, hala badagokio, gaian eskumena duen erakunde batek bermatu. Horrez gain, proposamenaren egitaraua aurkeztuko da.

Jarduera eta bisita gidatuen programak barne hartzen dituzten proposamenen kasuan, erakundeak proiektua gauzatzeko duen lan plana zehaztu beharko da, bai eta garatu eta definitu beharreko proposamenaren aurrerapena ere. Horren bidez, argi geratuko da elkartearen edo partzuergoaren eta jarduera enpresen arteko harremana, bai eta azken horiek eskaintza beren bitartekoen bidez jakinarazteko duten betebeharra ere.

–Turismoko azoka eta aurkezpen ekitaldietara joatea. Aurkeztutako ekintza multzo bakoitzeko fitxa bat beteko da. Fitxan honako hauek adierazi beharko dira: azokaren izena, azokara joateko helburua, zein publikori zuzentzen zaion, data, entitate eskatzaileak zenbat egunez (kopurua) eta zein ordutan hartuko duen parte, gau kopurua, bertaratuko diren pertsonak, erakustoki propioarekin edo beste entitate baten eskutik bertaratuko den, eta gastuak partekatzen ote diren.

–Sustapen eta komunikazio ekintzak: Aurkeztutako ekintza bakoitzeko fitxa bat beteko da.

–Turismoko sustapen eta hedapen materiala. Fitxan zehaztu egin beharko da horrelako ekintzetarako baremoan ebaluatu daitekeen kontzeptu bakoitza, baita baremoko puntu komunak ere. Horrez gain, euskarriaren mota eta deskribapena ere jasoko ditu, zein sustapen ekintzetan erabiliko den eta aurreko edizioak.

–Turismoko sustapen eta/edo publizitate kanpainak. Fitxan zehaztu egin beharko da horrelako ekintzetarako baremoan ebaluatu daitekeen kontzeptu bakoitza eta baremoko puntu komunak, baita turismoko sustapen eta/edo publizitate kanpaina motaren deskribapena, sorkuntza, argitaratzea aurreikusi den komunikabideen zerrenda eta irismena, zein publikori zuzentzen zaion eta egin beharreko ekintzen helburuak, hasierako eta amaierako datak eta aurreikusitako ebaluazio adierazleak ere. Errepikatzen bada, aurreko kanpainek lortutako eragina justifikatu beharko da.

–Marketin digitaleko ekintzak. Fitxan zehaztu egin beharko da horrelako ekintzetarako baremoan ebaluatu daitekeen kontzeptu bakoitza eta baremoko puntu komunak, baita garatuko diren marketin digitaleko ekintza estrategikoen mota eta deskribapena, lortu nahi diren helburuak eta aurreikusitako ebaluazio adierazleak ere.

–Webguneak. Fitxan zehaztu egin beharko da horrelako ekintzetarako baremoan ebaluatu daitekeen kontzeptu bakoitza eta baremoko puntu komunak; horrez gain, argi eta garbi azaldu beharko dira existitzen den orriarekiko proposatzen diren aldaketak, eginen diren aldaketak eta horien helburua zehaztuta.

–Prestakuntza ekintzak. Aurkeztutako ekintza multzo bakoitzeko fitxa bat beteko da. Fitxan, ekintza mota horretarako eskakizun bakoitza aipatu beharko da, eta, nolanahi ere, zehaztu egin beharko da ikastaro(ar)en helburua, nori zuzenduta dagoen, lekuen edo plataformen eta daten aurreikuspena, iraupena, aurreikusitako hizlariak eta programa, egindako publizitatea eta ikastaroaren prezioa. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari eman beharko zaio behin betiko programa, hasi baino 15 egun lehenago gutxienez, salbu eta ekintza deialdi hau argitaratu aurretik egin bada.

–Turismo produktuak eta paketeak diseinatzea eta merkaturatzea. Aurkeztutako proposamenari buruzko fitxa bat beteko da, eta, hala badagokio, paketeak sartuko dira bertan. Fitxan ekintza mota horretarako betekizun bakoitza adierazi beharko da, bai eta baremoan balora daitezkeen kontzeptu guztiak ere, behar bezala argudiatuta. Erakundeak proiektua gauzatzeko duen lan plana zehaztu beharko da, bai eta garatu eta definitu beharreko proposamenaren aurrerapena ere. Horrez gain, bidaia agentzia komertzializatzaileek eta elkarteak edo partzuergoak proposamena gauzatzeko hartzen duten konpromisoa erantsiko da. Turismo inklusiboa xede duten edo ingurumenaren aldetik jasangarriak diren jarduketa espezifikoak argudiatu egin behar dira, eta, hala badagokio, gaian eskumena duten erakundeek bermatu.

–Aparteko laguntza eta aholkularitza, eta TMKZNren jarduerari laguntzeko ekintzak.

–COVID-19aren ondoriozko aparteko laguntza eta aholkularitza. Eskabideari erantsi beharreko fitxan, emandako zerbitzuak zehaztuko dira, gutxienez 11.1 oinarrian aipatutakoak. Horrez gain, zerbitzu horien eskaintza jaso duten enpresa bazkideen kopurua eta horretara bideratutako giza baliabideak zehaztuko dira, eta erantzukizunpeko adierazpena erantsi, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.

–Informazio eta aholkularitza ekintzak, administrazioko prozedurei eta tresnei dagokienez. Eskabideari erantsi beharreko fitxan, 11.2 oinarrian diruz lagungarritzat jotako zerbitzuen artean aurreikusitako zerbitzu guztiak zehaztuko dira: aurreikusitako informazio saioen kopurua, hedapenerako beste ekintza batzuk, hala badagokio, eta emaitzen aurreikuspena (zenbat enpresek eguneratuko dituzten datuak, zenbatek kargatuko duten informazioa portfoliora, zenbatek lortuko ziurtagiri digitala edo pasahitza eta zenbat atxikiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeari). Horrez gain, zerbitzu horien eskaintza jaso duten enpresa bazkideen kopurua eta horretara bideratutako giza baliabideak zehaztuko dira, eta erantzukizunpeko adierazpena erantsi, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.

–Destinorako jasangarritasun turistikoko planak prestatzen laguntzea: Eskabideari erantsi beharreko fitxan, 11.3 oinarrian diruz lagungarritzat jotako zerbitzuen artetik zeintzuk eman diren adieraziko da: seinale turistikoak baloratzeko txostena eta lurralde proiektu posibleak identifikatzeari buruzkoa, parte-hartze prozesuko jardunaldien kopurua eta toki entitateen espedienteak prestatzea. Horrez gain, horretara bideratutako giza baliabideak zehaztuko dira, eta erantzukizunpeko adierazpena erantsi, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.

–Turismo elkarteen kudeaketa. Fitxan elkartearen eginkizunen inguruko laburpen txiki bat eginen da; onartu beharreko aurrekontua baloratzeko kontuan hartzen diren epigrafe guztietako eginkizunak aipatu beharko dira. Horrez gain, kide kopurua eta Nafarroako Turismo Erregistroan izena eman duten enpresen kide titularren kopurua zehaztuko da. Halaber, kasuan kasuko kontratuaren kopia erantsiko da (langile propioena zein enpresa laguntzailearena), baita jardunaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituen erantzukizunpeko adierazpena ere.

–Turismo partzuergoen gerentzia. Fitxan nominan dauden langileek beteko dituzten eginkizunen inguruko laburpen txiki bat eginen da; onartu beharreko aurrekontua baloratzeko kontuan hartzen diren epigrafe guztietako eginkizunak aipatu beharko dira, baita turismoaren arloan eman ditzaketen zerbitzuak eta beste eginkizun batzuk ere. Horrez gain, entitatearen baremoari buruzko datuak, biztanleria, udalerri kopurua, kide kopurua eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden kide titularren kopurua zehaztuko dira. Halaber, langile propioen kasuan kasuko kontratuaren kopia erantsiko da, baita jardunaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituen erantzukizunpeko adierazpena ere.

–Eskatutako ekintza bakoitzerako diru sarreren aurreikuspena eta gastuen aurrekontua. Aurreko apartatuko Excel formatuko laburpen fitxa berean aurkeztuko da. Ekintza bakoitzerako, gastuen aurrekontua hainbanatuko da, oinarri arautzaileetan ezarritako diruz laguntzen ahal diren gastu motekin bat etorriz. Horrez gain, diruz lagundu daitezkeen kontzeptu horietarako dirulaguntzen eta beste laguntza batzuen aurreikuspena zehaztuko da.

Fitxa bakoitzaren aurrekontuan adieraziko da BEZa berreskuratu eta konpentsatzen ahal den, eta hainbanatuz gero, ehunekoa adieraziko da.

13.3.c) Beste agiri batzuk.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipamendu ondasunen hornidura edo zerbitzu emate bat egiten duten kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, eta aukeratutako eskaintza hautatu izana justifikatu beharko du eskaera inprimakiko «Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa» apartatuan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

13.4. Eskaerak ez baditu finkatutako betebeharrak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren hurrengo egunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

14. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko kudeaketa organoa. Eskaerak ebaluatuko ditu, eta hurrengo apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non zehaztuko baitira dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituzten entitate onuradunak.

2. Azkenean onartzen diren eskaerei dagokien dirulaguntza honela emanen da:

a) Diruz lagungarriak diren ekintzei dagokien dirulaguntza kalkulatzeko, dagokion baremoan eta ekintza bakoitzerako ezarritako mugak edo irizpideak hartuko dira kontuan.

b) Dirulaguntzaren entitate onuradunaren arabera, eta bigarren oinarrian ezarritako kredituekin bat etorriz, deialdia finantzatzen duen bi aurrekontu partidetako bakoitzari esleituko zaizkio konpromisoak.

c) Kreditu aukerak aurreko puntuaren ondoriozko konpromisoak baino txikiagoak izanez gero, partidaren gastu baimenduaren hainbanaketa orokorra eginen da modu bereizian eta bi partidetako bakoitzean, diruz lagungarri gisa onartutako gastuaren bolumenari dagokionez.

3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda eta ekintza bakoitzeko laguntzaren kopurua.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

4. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

15. oinarria. Jarduketen justifikazioa.

15.1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Gauzaturiko jarduketen justifikazioa, beranduenez, 2021eko azaroaren 4an aurkeztuko da, egun hori barne.

Gizarte aseguruei eta PFEZa dela bide egindako atxikipenei dagozkien ordainketak –2021eko urrikoak biak– 2022ko otsailaren 1era arte aurkezten ahalko dira, egun hori barne.

15.2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa modu telematikoan aurkeztuko da, eskabideak aurkezteko oinarri arautzailean adierazitako moduan, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, TMKZNri zuzenduta.

Justifikazioa egiteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.

15.3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztu behar da, agiri bereizietan eta behar bezala identifikaturik. Hauxe da:

a) Jarduketa justifikatu guztien faktura guztiak bilduko dituen zerrenda bakarra; laguntza fitxan, Excel formatuan ezarritako ereduari jarraikiz aurkeztuko da. Urriko gizarte aseguruak edo PFEZ atxikipenak justifikatuz gero, horren berri eman behar da aipatutako Excel orrian. Zerrenda horretan, halaber, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren berri ere eman behar da, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal den zehaztuta, eta, hainbanatuz gero, ehunekoa adieraziko da.

b) Diruz lagungarriak diren jarduera guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira.

Turismoko azoketara eta aurkezpen ekitaldietara joanez gero, garraio, ostatu eta mantenu gastuak, tiketen edo fakturen bidez behar bezala frogatuak (dagozkien ordainagiriekin batera), edo balio bera duten agirien bidez frogatuak, kontratatutako hirugarrenen fakturen kasuan bakarrik. Horrez gain, gastu horiek justifikatu egin beharko dira, entitate onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena eta bertaratutako pertsonari zuzendutako ordainagiria aurkeztuz.

Fakturetan argi eta garbi ageri beharko da zein kontzeptugatik jaulki den, eta publizitate eta iragarkien kasuetan, zein proposameni lagundu den diruz.

Ez da inola ere onartuko entitate onuradunak itunak egitea diruz lagundutako jardueren exekuzioa berarekin lotura duten pertsonen edo entitateen esku uzteko, osorik edo zati batean, salbu eta inguruabar hauek gertatzen badira:

–Kontratazioa merkatuko baldintza normaletan egitea. Hori justifikatzeko, beste bi eskaintza ezberdin aurkeztu beharko dira.

–Aurretik, dirulaguntza ematen duen organoaren baimena lortzea. Horretarako, laguntza eskaeran inguruabar hori adierazi beharko da.

c) Nominak eta gizarte segurantzako kotizazio dokumentuak (langileen izen zerrenda eta kotizazio likidazioen zerrenda)

d) Diruz laguntzen diren jarduketak ordaindu izana justifikatzeko banku agiriak.

Ekintza bakoitzaren fakturekin batera ordainagiria ere aurkeztu beharko da, zenbaki korrelatiboekin. Hain zuzen ere, a) apartatuan aipatutako fakturen zerrendaren ordena berean aurkeztu beharko dira, eta, ahal dela, PDF dokumentu bakarrean gordeko dira.

e) Langileen nominak edo PFEZ atxikipenak dituzten fakturak aurkeztuz gero, hiruhilekoko ereduan edo 715 hilekoko ereduan aurkeztuko dira.

f) Diruz lagundu diren jardueren amaierako justifikazio memoria, eskatutako betekizunak eta baremoan balioetsitako irizpideak egiaztatzeko aukera ematen duten alderdi guztiak zehaztuta.

g) Adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: Honako hauek zehaztu beharko dira: funtsen kopurua, jatorria eta aplikazioa (funts propioak, beste dirulaguntza batzuk edo diruz lagundutako jarduketak eragindako diru sarrerak, derramak, kirol proben izen ematetik eratorritakoak, kuotak edo bazkideen aparteko derramak diruz lagundutako jarduketa zehatzean parte hartzeagatik, baita babesak ere), dirulaguntza honekin batera diruz lagundutako jarduketak finantzatzen lagundu badute. Bestelako diru sarrera edo dirulaguntzarik izan ez bada, hori ere aitortu beharko da.

Aitorpen hori a) apartatuan aipatutako Excel fitxategian dago, orri espezifiko batean.

h) Honako hauen kopiak: prentsa oharrak, egin diren komunikatuak, hedabideetan agertu diren informazioak eta, hala badagokio, hedabide horietan jarri den publizitatea.

i) Diruz lagundutako ekintza bakoitzari lotutako sustapen material guztien ale bat, iragarkiak, webguneetan sartutako informazioaren estekak eta antzekoak, eta, oro har, egindako material edo komunikazio guztien erakusgarri bat. Zehatz adieraziko da ekintza diruz lagundu izana zein unetan esaten den irratiko iragarkien kasuan, irratiko elkarrizketetan, bideoetan, telebistan, etab.

16. oinarria. Dirulaguntza ordaintzea.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio TMKZNri, eta entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituela frogatzen duen txostena gehituko zaio.

Laguntza ordaintzeko ebazpenak 2021eko abenduaren 31 baino lehenago emanen dira.

17. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakunde onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazten zaienetik hilabete igaro baino lehen dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztea modu telematikoan (aitorpen hori irailaren 11ko 59/2013 Dekretuak arautzen du).

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkeztu ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz laguntzen diren jarduketak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean, eta betiere egiteko aurreikusitako data baino lehen, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren edo ekintzen dirulaguntzari uko egiten zaiola, deialdian ezarritako epeetan egin behar ez badira.

d) Diruz lagundutako ekintzetan egin nahi diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.

Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduketak gauzatzean, amaierako zenbatekoetan gertatzen diren desbideratzeak onartuko dira, baldin eta dagozkien gauzatze memorietan arrazoituz frogatzen badira eta deialdiaren helburuak betetzen direla bermatzen bada.

e) Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, lehenbailehen eta gehienez hamar egun balioduneko epean, dirulaguntzetan edo deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa beraren bestelako diru sarreretan izandako edozein aldaketa, eskabidearen erantzukizunpeko adierazpenean zehaztutakoak.

f) Ekintzak diruz lagundu direla adierazteko behar bezalako publizitatea egitea.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, eta, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat partzialki betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Laburbilduz, betebehar hauek:

a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek 59/2013 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Informazioa epez kanpo aurkezten badu, eta, betiere, 2021eko azaroaren 4a baino lehen aurkezten badu (egun hori barne), %10 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza, eta, aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Ezarritako epeak bukatu eta 10 egun baliodunetara aurkezten bada justifikatzeko dokumentazioa, %10 murriztuko da ordainduko den dirulaguntza. Beranduago aurkeztuz gero, dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

c) Dirulaguntza ematean helburuko jarduera kopuru txikiagoan gauzatu bada, salbu eta beheranzko aldaketak jakinarazi badira, oinarri honetako 1. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, orduan honako murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Exekuzioa diruz lagundutako proposamenaren %50etik %75era bitartekoa bada, proposamen horri dagokion azken dirulaguntza %50 murriztuko da.

–Exekuzioa diruz lagundutako proposamenaren %50etik beherakoa bada, galdutzat joko da proposamen horretarako emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

d) Dirulaguntzaren xedeko proiektu edo jardueraren bat gauzatzen ez bada, proiektu edo jarduera horretarako emandako dirulaguntza osoaren %20 murriztuko da ordainketa, non eta ez den horren berri eman 1.d) apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

e) Edozein euskarri mota, marketin, iragarki, irrati iragarki, kartel, argitalpen, iragarki eta abarretan ez badira betetzen publizitateari buruzko betebeharrak, komunikazio euskarri horietarako gastutik ez da batere onartuko.

f) Kanpaina edo jarduketa batean ez bada aipatzen Nafarroako Gobernuaren laguntza duela, II. eranskinean ezarritako publizitateari buruzko betebeharra bete ez dela ulertuko da, eta ez da onartuko kanpaina edo jarduketa horri dagokion gastu osoa ordurako egin bada, edo, bidezko bada, galdu eginen da kanpaina edo jarduketa horretarako onetsitako dirulaguntza osoa kobratzeko eskubidea.

g) Deialdian eskatzen den gutxieneko zenbatekoa justifikatzen ez duten jarduketa proposamenetan, galdutzat joko da ekitaldiari edo proposamenari emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

18. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak kontzeptu diruz lagungarri berberetarako emandako beste batzuekin; hala ere, bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo estatuko zein nazioarteko partikularrek emandakoekin.

Edonola ere, deialdi honetako dirulaguntzen xedeko jarduerak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horietarako beste dirulaguntza, diru sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

19. oinarria. Emandako dirulaguntzak jakitera ematea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri dagokion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

20. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

II. ERANSKINA

Zehaztapen teknikoak

Eranskin honetan dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek deialdirako aurkezten dituzten ekintzen sustapena eta komunikazioa diseinatzean bete beharreko zehaztapen teknikoak azaltzen dira.

Zehazki, honako hau hartu beharko da aintzat:

1. Euskarri fisikoetan, Nafarroa marka turistikoa sartu beharko da, turismoaren logotipo ofizialaren bidez.

Deskargatu hemen logotipo elebiduna eta hizkuntzetakoa.

2. Publizitate/sorkuntza piezetarako, sare sozialetan edo bestelako baliabide digitaletan, Nafarroako turismo marka gehitu beharko da Turismoko logotipo ofizialarekin, 1. puntuan bezala, eta honi lotu: https://www.visitnavarra.es/eu/.

Deskargatu hemen logotipo elebiduna eta hizkuntzetakoa.

3. Irratian kanpaina bat eginez gero, honako audiologo hau sartu beharko da: «Subvencionado por Gobierno de Navarra-Nafarroako Gobernua».

4. Erreportajeen, prentsa oharren edo elkarrizketen kasuan, ez da aski izanen iragartzen duen kartela jartzea, eta Nafarroako Gobernuko TMKZNk diruz laguntzen duen jarduketaren berariazko aipamena egin beharko da.

5. Erabiltzen diren sustapen edo komunikazio irudiek eta mezuek inklusiboak izan behar dute. Bereziki zainduko da erabiltzen diren irudi eta mezuak lagungarriak izatea genero estereotipoak gainditzeko. Era berean, testuak idaztean eta komunikazio tresnetan hizkera inklusiboa erabiltzen dela zainduko da.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen diseinatutako komunikazio ekintzak onartu eginen dira, baldin eta 2020ko dirulaguntzen deialdiko xehetasun teknikoak betetzen badituzte deialdi honetako edozein ekintzaren sustapena eta komunikazioa diseinatzerakoan.

Iragarkiaren kodea: F2109994