171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak hartua, 2021eko ekainaren 23an, Berriozarko Decathlon denda handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala iraungitzen duena. Sustatzailea “Decathlon España SAU” izan zen.

Nafarroako Gobernuaren 2014ko martxoaren 12ko Erabakiaren bidez, Berriozarko Decathlon denda handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zen. Sustatzailea “Decathlon España SAU” izan zen. Erabaki hori 2014ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ekoan.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ofizioz berrikusi ditu saltoki handiak ezartzeko udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak, zeinak iraungi baitaitezke Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.1.a) eta e) artikuluan jasotako kasuekin bat (testu bategin hori uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Testuinguru horretan, ikusi da gauzatu direla Berriozarren Decathlon denda bat handiagotzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren determinazioak, eta, beraz, ondorioztatzen da bere helburua bete duela.

2019ko ekainaren 12an, entzunaldia eman zitzaien Berriozarko Udalari eta Decathlon España SAUri, adieraz zezaten ea bazen bidezko arrazoirik plana ez iraungitzeko. Horretarako ezarri zen epean, Berriozarko Udalak alkatearen ebazpen bat aurkeztu zuen, zeinean adierazten baitzen ez dagoela iraungipena ez gertatzeko inolako kausa arrazoiturik, eta agintzen baitzen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren determinazioak Berriozarko plangintzan sartzeko.

Horrenbestez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko ekainaren 1eko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Iraungitzea Berriozarko Decathlon denda handiagotzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Decathlon España SAUk sustatua, eta, horrenbestez, indarrik gabe gelditzen dira han jasotako determinazioak.

2. Iraungipena eraginkorra izan dadin, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren determinazioak udal plangintzan sartuko dira, eta sartze horren ondorioz ezin da gertatu aldaketa nabarmenik plan sektorialaren edukian. Determinazio horiek udal plangintzan sartzeko, aldaketa bat egin daiteke hirigintzako udal plangintzan, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, edo, bestela, hirigintzako udal plangintzaren berrikuspen bat balia daiteke.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Decathlon España SAUri eta Berriozarko Udalari jakinaraztea, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura zein Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira igortzea, ondorioak sor ditzan.

4. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2110088