17. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORBAIBARKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA

2021erako lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko Lehendakaritzak 2021eko urtarrilaren 12an emandako 2021-0001 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren 2021eko lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa. Hona zer ezartzen duen haren xedapen zatiak:

“Lehena.–2021eko lan-egutegia.

2021eko lan-egutegia onestea Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren zerbitzuko langileentzat. Honako hauek izanen dira jaiegunak, eta egun horietan itxirik egonen dira udal bulegoak:

–Urtarrilaren 1a.

–Urtarrilaren 6a.

–Martxoaren 19a:

–Apirilaren 1a.

–Apirilaren 2a.

–Apirilaren 5a.

–Maiatzaren 1a.

–Irailaren 13a.

–Urriaren 11.

–Urriaren 12a.

–Abenduaren 3a.

–Abenduaren 6a.

–Abenduaren 7a.

–Abenduaren 8a.

–Abenduaren 25a.

Bigarrena.–2021eko egun baliogabeak.

Baliogabeak izanen dira, 2021. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta irailaren 13a, urriaren 11 eta abenduaren 7a, horiek jaiegun eta baliodun izanen baitira.

Hirugarrena.–Jendea hartzeko ordutegia.

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko Erregistro Orokorra (Katalaingo egoitzan) 11:00etatik 14:30era arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.

Laugarrena.–Urteko lanorduen banaketa.

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko langileentzat, lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1.592 ordukoa da, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen arabera, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera, eguneroko lanaldia izanen da, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa.

Onetsitako lan-egutegiaren arabera Batasuneko langileek 27 opor egun izanen dituzte, bai eta norberaren aferetarako 3, betiere langile bakoitzaren lan-kontratuaren arabera dagokion proportzioan.

2021erako onetsitako lan-egutegian soberako 21,33 ordu gelditzen dira. Ordu horiek urriaren 11n eta abenduaren 7an hartuko dira, eta gainerako 6,53 orduak Batasuneko langileek nahierara hartuko dituzte.

Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko dira, egiatan lan egindako ordu guztiak eta egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

Bosgarrena.–Ordutegi malguaren ezarpena.

Ordutegi malgua ezartzea, lan ordutegiaren zati finkoa 09:00etatik 14:30era bitartekoa izanik. Gainerako denbora nahi dutenean egin dezakete langileek, modu malguan, betiere 7:20tik 9:00etara eta 14:30etik 16:30era bitarte.

Eskola adineko adingabeko seme-alabak dituzten langileek eskatu ahal izanen dute lanaldi malgua handitzea, 9:30ak arte. Ezin izanen dute lanetik atera aipatu eguneko lanaldia bete arte.

Seigarrena.–Pausaldia lanaldian.

Eguneko lanaldi jarraitua sei ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez hogeita hamar minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 8:00etatik 11:00etara hartu ahalko da.

Kontuan harturik ordutegi malgua ezarri dela, baldin egiten den etena luzeagoa bada ezarritakoa baino, gehiegizko denbora langilearen saldo negatibora gehituko da, galarazi gabe langile guztiek duten betebeharra benetako ordu kopuru osoa egiteko, kasu bakoitzean ezarritako lanaldiaren derrigorrezko tarteari dagokiona.

Zazpigarrena.–Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea.

Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da, arrazoia jasota badago Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta ondotik egin zaizkion aldaketetan.

Alde batera utzita langileak arreta medikoa behar izatea, norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, nahitaez erabili beharko dira norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak, edo ebazpen zatiaren 3. atalean ezarritako ordu-poltsakoak, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako egoera berariazkoren batean ez bada, eta, halakoetan, lanera ez joateak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako kasuei.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Udal-mugartetik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio.

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi osoa bezala kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora lan denboratzat hartuko da soilik kasu honetan: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuaren eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren iragarki-taulan eta udalerrienetan ere.

Hamargarrena.–Ebazpen hau eta lan-egutegia Batasuneko langile guztiei jakinaraztea, baita Batasuna osatzen duten udalei ere, eta Batasunaren Batzarrari ebazpenaren berri ematea, egiten duen lehenbiziko bilkura arruntean.”

Garinoainen, 2021eko urtarrilaren 13an.–Batasuneko burua, Alexandre Duró Cazorla.

Iragarkiaren kodea: L2100531