17. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERAKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Erriberako Mankomunitateak, 2020ko ekainaren 2an egin batzar orokorrean, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren testu bategina. Erabaki hori 2020ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 12an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantzaren aipatu aldaketa behin betiko onetsi eta argitara ematen da testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua); aipatu legearen 326. artikuluan xedatuaren arabera, ordenantzak ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta iragaten den arte Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek toki erakundeei errekerimendua egiteko duten epea, halakoen egintzak edo erabakiak deuseztatze aldera.

Tuteran, 2020ko abuztuaren 18an.–Mankomunitateko burua, Fernando Ferrer Molina.

HIRI HONDAKIN SOLIDOEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN TESTU BATEGINA

ZIOEN AZALPENA.

I. TITULUA.–Baldintza orokorrak.

1. artikulua. Mankomunitatea.

2. artikulua. Xedea.

3. artikulua. Aplikazioa.

4. artikulua. Salbuespenak.

5. artikulua. Definizioak.

6. artikulua. Hondakinen jabetza.

II. TITULUA.–Hiri hondakinen bilketa.

I. KAPITULUA.–Baldintza orokorrak eta hondakin kategoriak.

7. artikulua. Baldintza orokorrak.

8. artikulua. Erabiltzaileak.

9. artikulua. Hondakin kategoriak.

II. KAPITULUA.–Nahitaezko bilketa.

10. artikulua. Etxeko hondakin bilketa.

11. artikulua. Programazioa.

12. artikulua. Arau orokorrak.

13. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

III. KAPITULUA.–Gaikako zabor bilketa.

1. ATALA Ohar orokorrak.

14. artikulua. Helburuak.

15. artikulua. Bilketa eredua.

16. artikulua. Hondakinen jabetza.

17. artikulua. Hondakin birziklagarriak sortzen dituzten enpresak.

2. ATALA Beiraren gaikako bilketa.

18. artikulua. Beiraren edukiontzien eta bilketaren ezaugarriak.

3. ATALA Paperaren eta kartoiaren gaikako bilketa.

19. artikulua. Paper eta kartoiaren edukiontzien eta bilketaren ezaugarriak.

4. ATALA Ontzi arinen gaikako bilketa.

20. artikulua. Ontzien edukiontzien eta bilketaren ezaugarriak.

5. ATALA Materia organikoaren gaikako bilketa.

21. artikulua. Materia organikoaren bilketa.

6. ATALA Errefusaren gaikako bilketa.

22. artikulua. Errefusaren bilketa.

7. ATALA Beste bilketa batzuk.

23. artikulua. Arroparen eta oinetakoen gaikako bilketa.

24. artikulua. Pilen gaikako bilketa.

25. artikulua. Landare olioaren gaikako bilketa.

26. artikulua. Tamaina handiko hondakinen bilketa.

IV. KAPITULUA.–Hiri hondakin solidoen bilketa bereziak.

1. ATALA Ezaugarri orokorrak.

27. artikulua. Kontzeptua.

28. artikulua. Tasak.

2. ATALA Hondakin arriskutsuak.

29. artikulua. Hondakin arriskutsuak.

30. artikulua. Informazioa.

31. artikulua. Hondakin arriskutsuen aurretiazko tratamendua.

3. ATALA Industriako edo merkataritzako hondakinak bildu, garraiatu eta uztea.

32. artikulua. Egiten ahal diren zerbitzuak.

33. artikulua. Hondakinak onartzeko kontratua.

34. artikulua. Erabilera esklusiboko edukiontziak.

4. ATALA Hondakin klinikoen bilketa eta garraioa.

35. artikulua. Hondakin klinikoen bilketa eta garraioa.

5. ATALA Animalia hilen bilketa eta garraioa.

36. artikulua. Animalia hilak.

6. ATALA Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen (EEH) bilketa, garraioa eta isurketa.

37. artikulua. Aplikazio-eremua.

38. artikulua. EEHen bilketa eta tratamendua.

39. artikulua. Mankomunitateak egin beharreko zerbitzuak.

7. ATALA Garbiguneak eta ekarpen eremuak.

40. artikulua. Ezaugarriak.

41. artikulua. Garbigune finkoa.

42. artikulua. Garbigune mugikorra.

43. artikulua. Ekarpen eremuak.

44. artikulua. Tasak.

45. artikulua. Ordutegiak.

46. artikulua. Onartzen diren hondakinak.

47. artikulua. Kantitateak eta mugak.

III. TITULUA.–Hondakinen tratamendua.

48. artikulua. Baldintza orokorrak.

IV. TITULUA.–Arau-hausteak eta zehapenak.

I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak.

49. artikulua. Arau-hausteak.

50. artikulua. Prozedura.

51. artikulua. Zehatzeko ahala.

52. artikulua. Hondakinen titular erantzulea.

53. artikulua. Arau-hausteen subjektu erantzuleak.

54. artikulua. Ikuskapena.

55. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

56. artikulua. Zehapen prozedura.

V. TITULUA.–Erreklamazioak eta jurisdikzioa.

57. artikulua. Erreklamazioak.

58. artikulua. Errekurtsoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.

AZKEN XEDAPENA.

I. ERANSKINA.–Onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen eta tamaina handiko hondakinen zerrenda.

Materia organikoa.

Papera eta kartoia.

Ontzi arinak.

Beirazko ontziak.

Arropa eta ehunkiak eta etxeko beste hondakin batzuk.

Pila eta metagailuak.

Sukaldeko landare olioa.

Errefusa.

Tamaina handiko hondakinak.

“EL CULEBRETE” HONDAKINAK TRATATZEKO ZENTROAREN ERREGELAMENDUA

ERANSKINAK.

Ereduzko agiriak.

Planoak.

MANKOMUNITATEAREN GARBIGUNEEN ERABILERARI ETA ZERBITZUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

1. ERANSKINA.–Garbigune mota bakoitzean onartzen diren hondakinak.

2. ERANSKINA.–Egoera-orriak.

ZIOEN AZALPENA

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak indarrik gabe utzi zuen Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legea, eta 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE Zuzentarauaren transposizioa egin zuen. Lege horren xedea da hondakinen kudeaketa eta lurzoru kutsatuen araubide juridikoa arautzea, uneko arau-esparrua aldatuz, hura egokitzeko Europako Erkidegoko zuzenbidera, eta hobetzeko hondakinen ekoizpen eta kudeaketaren araubide juridikoa Espainian.

Arauketa berri horrek, batetik, helburu sail bat jartzen du halako hondakin mota batzuen gainean eta, bestetik, hondakinen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoak behartzen ditu printzipio batzuk bereganatzera, hondakin arloan egiten dituzten jardueren oinarrian egon behar dutenak.

Printzipio horiek, nagusiki, giza osasunaren eta ingurumenaren babesa bermatzera jotzen dute, hondakinen kudeaketak ez batari ez besteari arriskurik ekar ez diezaien; gainera, hierarkiaren printzipioa ezartzen du hondakin politikan, berrikuntza bat aurreko arauketaren aldean.

Hierarkia horren gailurrean prebentzio jarduera dago, hau da, helburu duena neurriak hartzea sortzen den hondakin-kantitatea, hondakinek eragindako kalteak eta material eta produktuetan dauden gai kaltegarrien edukia gutxitzeko.

Hierarkian beherago, hurrenez hurren kausitzen ditugu hondakinen berrerabilera, birziklatzea eta balorizazioa, hau da, hondakinek xede baliagarria izatea dakarren jarduketa oro, ordezkatzen dituelako eginkizun jakin bat betetzeko bestela erabiliko liratekeen materialak, edo hondakinak prestatzeko jarduketak, eginkizun hori bete dezaten instalazioan bertan edo ekonomian oro har.

Eta azkenik, “kutsatzen duenak ordaindu egiten du” printzipioa; hain zuzen, arau berriak berriz formulatzen du, hondakinen kudeaketaren kostuak hasierako sortzaileari, uneko edukitzaileari edo aurreko edukitzaileari pasaturik, kasuaren arabera; printzipio hori jadanik aplikatzen hasiak ziren aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen kudeaketan.

Mankomunitateak bere jarduerari hasiera emateko ordenantza hau ezari-ezarian aldatuz joan da, batzuetan alorreko araudia aldatu delako, eta beste batzuetan zerbitzu berriak ematen hasi delako. Hondarrekoa 2003koa da.

Azkenik, adierazi behar da ezen idazketa honek –zeinak testu bateginaren forma hartuko baitu, arauetan behin eta berriz egin zaizkion aldaketen ondorioz– egin izan diren arau aldaketak biltzen dituela eta jaso egiten dituela gure gizartean gertatzen ari diren aldaketa soziologiko eta ekonomikoak, hiri hondakin solidoak biltzeari eta tratatzeko modu eta ereduari dagokienez. Gainera, betetzen du Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen bigarren xedapen iragankorrean xedaturikoa, bi urteko epea ezartzen baitu, indarra hartzen duenetik, hondakinen arloan eskumenak dituzten administrazioek beren ordenantzak egoki ditzaten delako legean agintzen denaren arabera.

I. TITULUA

Baldintza orokorrak

1. artikulua. Mankomunitatea.

Erriberako Mankomunitatea (aurrerantzean, Mankomunitatea) elkarte gisako toki erakundea da, besteak beste helburu duena hiri hondakin solidoak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuak egitea hura osatzen duten toki erakundeen udal-mugarteetan, bai eta esparru juridiko eta tekniko egokia ezartzea ere, pertsonen osasuna babesteko eta ingurumena zaindu eta iraunarazteko.

Mankomunitateak, gainera, toki erakundeen zerbitzuak emateari buruz indarra duen araudiari jarraikiz, Servicios Públicos de la Ribera de Navarra (SERIN) SA bere enpresa kudeatzailearen bidez kudeatzen ahalko ditu aurreko paragrafoak aipatzen dituen zerbitzuak, hori izanik Mankomunitateak xede horretarako berariaz eraturik daukan sozietate publikoa.

Erriberako Mankomunitateak merkataritza sozietate pribatu bat eratu duenez, SERIN SA, bera dela akziodun bakarra, sozietate horri eskuordetu dio 1. artikuluan aipatzen diren zerbitzuen kudeaketa, toki erakundeen zerbitzuak emateari buruz indarra duen araudiari jarraikiz.

2. artikulua. Xedea.

Hiri hondakin solidoak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua egitea arautzen duen ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan toki erakundeei aitortzen zaien erregelamendu ahalaren babespean eta harekin bat, eta haren idazketan eta printzipioetan lotu zaio Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatuari, xedea izanik hiri hondakin solidoak kudeatzeko zerbitzua bere gain hartzen duen erakundearen eta haren erabiltzaileen arteko harremanak arautzea, aipatu lurralde eremuan, eta alderdi bakoitzaren eskubide, eginbehar eta betebeharrak zehaztuta.

Zerbitzu horien tributu eta diru-bilketa gaietarako, aintzat hartu beharko dira toki ogasunei buruz Nafarroan indarra duen berariazko araudia eta, batez ere, une bakoitzean indarra duen eta Mankomunitateak onesten duen ordenantza fiskala.

3. artikulua. Aplikazioa.

Ordenantza hau oro har aplikatuko zaie hiri hondakin solidoak kudeatzeko haren eskumen esparruan egiten diren zerbitzuei, bai eta, hala behar bada, osoki edo partez, esparru horretatik kanpo egiten direnei ere, eta haren arauak analogiaz aplikatuko zaizkio espresuki arauturik ez dauden kasuei ere, halakoen izaera dela-eta haren aplikazio eremuan badaude; Mankomunitateak berea du ordenantza hau aplikatzean agertzen diren zalantzak argitzeko ahalmena.

4. artikulua. Salbuespenak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 2. artikuluak kanpo utzitakoez gain, ordenantza hau ez zaie aplikatuko merkataritzako hondakin arriskutsuei eta industria hondakinei, alegia, lege horren 3.d) artikuluan hala definitzen direnei.

5. artikulua. Definizioak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak jasotzen dituen kontzeptu eta definizioetariko batzuk ekartzen dira hona:

Aipatu legearen arabera, honako hauek honela definitzen dira:

a) “Hondakina”: edukitzaileak bota duen gai edo gauza oro, edo botatzeko asmoa duena edo botatzeko betebeharra duena.

b) “Etxeko hondakinak”: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak. Zerbitzuek eta industriek sortzen dituzten gisakoak ere hartuko dira etxeko hondakintzat.

Kategoria honetan sartzen dira, orobat, aparatu elektriko eta elektronikoetatik nahiz arropa, pila, metagailu, altzari eta etxeko gauzetatik etxeetan sortzen diren hondakinak, bai eta etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak eta obra hondakinak ere.

Honako hauek ere etxeko hondakintzat hartuko dira: eremu publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.

c) “Merkataritzako hondakinak”: handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, bai eta jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzu sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.

d) “Industria hondakinak”: industria jarduerak sortzen dituen hondakinak, fabrikazio, eraldaketa, erabilera, kontsumo, garbiketa edo mantentze prozesuen ondorioz, kanpo utzirik atmosferarako isuriak, azaroaren 15eko 34/2007 Legeak arautzen baititu horiek.

e) “Hondakin arriskutsuak”: legearen III. eranskineko zerrendan ageri diren ezaugarri arriskutsuetarik bat edo gehiago dituzten hondakinak, bai eta Gobernuak onesten dituenak ere, Europako araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoari jarraikiz, bai eta hondakin horiek eduki dituzten ontziak ere.

f) “Olio erabiliak”: olio guztiak, hala mineralak nola sintetikoak, industrialak edo labaingarriak, jatorrian aurreikusitako erabilerarako jadanik balio ez dutenak, hala nola errekuntzako motorretako olio erabiliak eta abiadura-kaxetako olioak, olio lubrifikatzaileak, turbinetarako olioak eta olio hidraulikoak.

g) “Biohondakinak”: lorategi eta parkeetako hondakin biodegradagarriak, eta elikadurako eta sukaldeko hondakinak, etxe, jatetxe, taldeendako sukaldaritza zerbitzu eta txikizkako salmentan aritzen diren establezimenduetatik heldu direnak, bai eta elikagaiak prozesatzeko instalazioetatik heldu diren eta horiekin pareka daitezkeen hondakinak ere.

h) “Prebentzioa”: gai, material edo produktu bat asmatu eta diseinatzeko, ekoizteko, banatzeko nahiz kontsumitzeko faseetan honako hauek murrizteko hartzen diren neurriak:

1. Hondakin kantitatea, barne direla produktuak berriz erabiltzeko edo produktuen balio-bizitza luzatzeko neurriak.

2. Sortutako hondakinek ingurumenaren eta giza osasunaren gainean dituzten inpaktu kaltegarriak, barne direla materialak edo energia erabiltzean aurrezteko neurriak.

3. Gai kaltegarrien edukia, material eta produktuetan.

i) “Hondakin-sortzailea”: pertsona fisiko edo juridiko oro, hondakinak sortzen dituzten jarduerak egiten dituena (hasierako hondakin-sortzailea) edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten dituena, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bestelakoak. Mugetako instalazioetan kontrol eta ikuskaritza zerbitzuek kentzen dituzten salgaien kasuan, salgaiaren ordezkaria hartuko da hondakinen sortzailetzat, edo bestela haren inportatzaile edo esportatzailea.

j) “Hondakin-edukitzailea”: hondakin-sortzailea edo beste pertsona fisiko edo juridiko bat.

k) “Hondakinen kudeaketa”: hondakinen bilketa, garraioa eta tratamendua, lan horien zaintzarekin batera, eta zabortegiak itxi eta geroko mantentze-lana egitea, negoziatzaile edo agente gisa egiten diren jarduketak barne.

l) “Hondakin-kudeatzailea”: pertsona edo erakunde bat, publikoa edo pribatua, baimen edo komunikazio bidez erregistratua, egiten duena hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein, haien sortzailea izan zein ez.

m) “Bilketa”: hondakinak biltzeko jarduketa, barne direla hasierako sailkapena eta biltegiratzea, horiek tratamendu instalazio batera garraiatzeko.

n) “Gaikako bilketa”: hondakin-korronte baten bilketa bereiz egitea, mota edo izaeraren arabera, berariazko tratamendua errazteko.

o) “Berrerabilera”: hondakin ez diren produktuak edo produktu-osagaiak berriz erabiltzeko jarduketa oro, zertarako sortu ziren eta horrexetarako.

p) “Tratamendua”: balorizazio edo ezabaketa jarduketak, barne dela balorizazioaren edo ezabaketaren aurreko prestaketa.

q) “Balorizazioa”: nagusiki hondakinek xede baliagarria izatea dakarren jarduketa oro, ordezkatzen dituelako eginkizun jakin bat betetzeko bestela erabiliko liratekeen materialak; edo hondakinak prestatzeko jarduketak, eginkizun hori bete dezaten instalazioan bertan edo ekonomian oro har. Legearen II. eranskinean jasotzen da balorizazio jarduketen zerrenda bat, guztiz osatua ez dena.

r) “Berrerabilerarako prestaketa”: egiaztapena, garbiketa edo konponketa egiteko balorizazio jarduketa, hondakin bilakatu diren produktuak edo produktu-osagaiak prestatzen dituena berriz erabili ahal izateko, aldez aurreko beste inolako eraldaketarik gabe.

s) “Birziklatzea”: hondakinen materialak berriz produktu, material edo gai bilakatzeko balorizazio jarduketa, jatorrizko xederako dela nahiz beste edozein xedetarako dela. Haren barnean sartzen da material organikoaren eraldaketa, baina ez balorizazio energetikoa, ez eta erregaitzat edo betelanetarako erabiliko den material bilakatzea ere.

t) “Ezabaketa”: balorizazioa ez den jarduketa oro, nahiz eta jarduketa horren bigarren mailako ondorioa izan gaien edo energiaren aprobetxamendua. I. eranskinean jasotzen da ezabaketa jarduketen zerrenda bat, guztiz osatua ez dena.

u) “Konposta”: medeagarri organikoa, bereizita biltzen diren hondakin biodegradagarrien tratamendu biologiko aerobioaren eta termofiloaren bidez lortzen dena. Ez da konpost gisa hartuko hondakin nahasien tratamendu mekaniko biologikoko instalazioetan lortzen den material organikoa, horri material bioegonkortua iritziko baitzaio.

v) “Frakzioa”: hondakinak multzokatuko dira haien izaeraren eta tratamenduaren arabera. Multzo bakoitzari frakzioa esanen zaio.

6. artikulua. Hondakinen jabetza.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearekin bat, etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakin arriskugabeak ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan utzi behar edo ahal dira Mankomunitatearen eskuetan; eskuratzen dituenetik aurrera, horien jabe bilakatuko da.

Sortzaileek edo edukitzaileek erantzukizunik ez dute izanen hondakin horiek eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, baldin haiek uztean aipatu ordenantza eta aplikatzeko diren gainerako arauak begiratu badira.

II. TITULUA

Hiri hondakinen bilketa

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta hondakin kategoriak

7. artikulua. Baldintza orokorrak.

Titulu honek arautuko du Erriberako Mankomunitateak zer baldintzatan eginen dituen eta erabiltzaileak zer baldintzatan erabiliko dituen hiri hondakinak biltzeko zerbitzuak.

8. artikulua. Erabiltzaileak.

Zerbitzu horiek egiteari dagokionez, erabiltzaileak dira zerbitzu horien onura hartzen duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak.

9. artikulua. Hondakin kategoriak.

Ordenantza honi dagokionez, ondotik ematen diren hondakin kategoriak ezarri dira; horiek, aldi berean, zerbitzuak egiteko baldintzak definitzen dituzte. Horietariko bat nahitaezkoa da herritarrendako, etxeko zaborren edo haien parekoen bilketa, alegia, eta gainerakoak borondatezkoak dira. Hona hemen:

A.–Etxeko zaborrak eremu publikoetan edo garbiguneetan jarritako edukiontzien bidez biltzeko zerbitzua; hiri hondakin hauei dagokie:

1. Elikaduraren eta kontsumoaren ondorioz herritarrek beren etxebizitzetan sortzen dituzten hondarrak.

2. Herritarrek edo udal garbiketa zerbitzuek espaloiak ekortzetik heldu diren hondakinak.

3. Etxeko hondakinen parekoak: etxeko hondakinen parekotzat joko dira ondotik aipatzen diren hauek, baldin eta egunero uzten dena 50 litrotik beherakoa izan ohi bada:

a) Zuhaitzak inaustean eta landarezaintzako lanetan sortutako saskara, xehakatua utziz gero.

b) Saltokietako salgaien bilgarriak, ontziak, enbalajeak eta haietan sortutako beste hondakin solido batzuk.

c) Zerbitzu, merkataritza edo industria jardueretatik heldu diren hondakinak, etxeko hondakinen gisakoak.

d) Jaki prestatuak edo zeinahi motatako kontsumizioak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe eta gainerako establezimenduetan sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimenduetan sortutakoak.

e) Egoitza, hotel, ikastetxe eta beste establezimendu publiko batzuek sortzen dituzten kontsumoko hondakinak, oro har.

f) Udal azoken jardueretatik heldu diren hondakinak.

g) Arriskutsuen kalifikazioa duten hondakinak, baldin herritarrek beren etxebizitzetan sortzen badituzte. Ez dira edukiontzietara botatzen ahalko, baizik eta garbigune finko nahiz mugikorretan utzi.

h) Etxebizitza eta saltokietan sortutako errautsak, betiere arrunt itzalirik badaude.

i) Haien izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta hiri hondakinekin parekatzen ahal direnak.

B.–Etxeko hondakinen bilketan inondik ere sartuko ez diren beste hondakin solido batzuk eta, beraz, debeku dutenak erabilera publikoko edukiontzietara botatzea.

1. Industria hondakinak: Hauek joko dira industria hondakintzat:

a) Fabriketan, lantegietan, biltegietan eta saltoki handietan sortutako hondakinak, fabrikazio, eraldaketa, erabilera, kontsumo, garbiketa edo mantentze prozesuen ondorioz, eta hondakinak tratatzeko instalazioetan sortutakoak.

b) Pneumatikoak.

c) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietatik heldu direnak.

d) Orokorrean, Erriberako Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatearen zerbitzuen iritziz etxeko hondakinen bilketaren bidez ezin bil daitezkeen hiri hondakinak, haien aurkezpena, bolumena, pisua, egunero ateratzen den kantitatea, hezetasun edukia eta bestelakoak direla-eta; egunero, batez beste, 50 litrotik gorako bolumena ateratzen bada hartuko dira hondakinak halakotzat.

2. Hondakin klinikoak.

3. Animalia hilak eta AME (arriskuko material espezifikoak) eta GKEDAA (giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuak) kalifikazioa duten hondakinak, haragi ustiategi, harategi, arrandegi eta abarretatik heldu direnak, 2008ko otsailaren 21eko 1774/02 EE Erregelamenduaren arabera kalifikatuak.

4. Lurrak eta obra-hondakinak.

5. Altzariak, etxeko gauzak eta traste zaharrak.

6. Hondakin arriskutsuak.

7. Hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak.

8. Hondakin erradioaktiboak.

9. Hondakin leherkor eta piroteknikoak.

10. Mankomunitateak berariaz zehaztu gabeko beste edozein hondakin, baldin eta hondakinak biltzeko zerbitzu mankomunatua ez bada halakoez arduratzen ahal, haien izaeragatik edo ezaugarri bereziengatik.

II. KAPITULUA

Nahitaezko bilketa

10. artikulua. Etxeko hondakin bilketa.

Ordenantza honi dagokionez, etxeko zabor bilketa egiten da 9.A) artikuluan definituriko hiri hondakin solido nahitaez jaso beharrekoekin, erabiltzaileak nahitaez behar bezala erabili behar dituen edukiontzien bidez.

Etxeko hondakin bilketako zerbitzuaren barnean jarduketa hauek izanen dira:

a) Hondakinak eramatea haiek uzteko gunetik bilketa ibilgailuetaraino.

b) Hondakinak ibilgailu horietako zama-tokietara hustea.

c) Hustu ondoan, edukiontziak beren ohiko kokalekuetara itzultzea.

d) Lan horien ondorioz eremu publikoan botatako hondakinak garbitzea.

e) Hondakinak garraiatzea eta hustea Erriberako Mankomunitateak horretarako gaituriko tratamendu zentroetan.

f) Edukiontziak garbitzea eta mantentzea.

11. artikulua. Programazioa.

Mankomunitateak etxeko zabor bilketa ezarriko du egokiena iruditzen zaion maiztasunarekin, aintzat hartuz kide den udalerri bakoitzaren interesa eta zerbitzua egiteko funtzionamendurik hoberena.

Mankomunitateari beharrezkoa iruditzen zaion guztietan, bilketa zerbitzuak egiteko aurreikusitako programazioaren berri emanen du, urtero, zerbitzuen beharren arabera; bilketa zerbitzuen programan noiznahi sartzen ahalko ditu, interes publikoko edo zerbitzuko arrazoiak direla-eta, komenigarri iruditzen zaizkion aldaketak, baina zerbitzua egiteko ordutegian, moduan edo maiztasunean edozein aldaketa eginez gero, behar den aurrerapenez jakinaraziko du, salbu eta larrialdi egoeran Mankomunitateko buruak ematen dituen xedapenak.

12. artikulua. Arau orokorrak.

1. Erabiltzaileak beharturik daude behar bezala erabiltzera Mankomunitateak noiznahi jarritako edukiontziak.

2. Mankomunitateak ezarriko ditu edukiontzi motak, edukiontzion ezaugarri teknikoak, etxe multzo batean, industriako edo merkataritzako lokal batean edo establezimendu batean erabiliko den edukiontzi kopurua eta haien kokalekua. Egoera berezia suertatuz gero, kentzen ahalko dira.

Mankomunitateak edukiontzien kokalekua halako toki batean ezarriz gero, ez da aldatzen ahalko berak espresuki oniritzia eman ezean. Mankomunitateak eskubidea izanen du edukiontzien kokalekua aldatzeko, interes publikoko arrazoiak direla-eta, behin betiko nahiz behin-behinean. Azken kasu horretan, lekuz aldatzeko arrazoia desagertzean jatorrizko tokietara itzuliko dira.

3. Arau bereziak: bilketa instalazioak, egun dagoen parkea handitu edo aldaturik.

Erriberako Mankomunitatearen eskumen esparruaren barnean, bilketa gune berriak jartzeko urbanizazio berriko eremuetan edo egun dauden instalazioak handitzea edo aldatzea eskatzen duten hiriguneetan, kontuan hartuko da egiazki biltzeko modurik ba ote den eta betiere bete beharko da Udalaren hirigintza arauetan ezarritakoa.

Urbanizazio proiektu bat sustatzen duenak bilketa instalaziorik ez dagoen edo behar baino instalazio gutxiago dagoen eremuren batean, bere kontura eta funts galdura ordainduko du instalazioen handitze edo aldatzea, zerbitzu eskari berriari erantzuteko beharrezkoa baldin bada. Eginen diren instalazioen ezaugarriak (aire zabaleko edukiontziak, lurpekoak, etab.) Udalaren hirigintza arauetan ezarritakoak izanen dira edo, bestela, urbanizazio proiektuaren edo obra lizentziaren gainean egin txostenean Mankomunitateak berak adieraziak.

Instalazioa handitzen edo instalazio berria jartzen denean, enpresa zerbitzu emaileak ezarriko ditu baldintza teknikoak eta kontrolatuko du, obrak gauzatzen direnean, baldintzok betetzen ote diren.

Instalazio hori enpresa zerbitzu emaileak nahi bezala bukatu ondoren, berariazko edo esan gabeko obra-harrera egin eta Udalaren ondasun publiko bihurtuko da instalazioa.

4. Edukiontziak jabetza publikoko elementuak direnez gero, Mankomunitatearen zerbitzuek berritu eginen dituzte. Zerbitzurako erabili ezinak suertatzen badira erabilera okerra dela kausa (gehiegizko pisua, indarrez erabiltzea, etab.), erabiltzaileari ordainarazten ahalko zaio dagokien gastua.

5. Aldian behin edukiontzien garbiketa eginen da.

6. Mankomunitateak hiri eremuan pasabideak eta erreserba bereziak jartzeko eskatzen ahalko die berak zerbitzu egiten dien udalei, zamalanetarako nahiz edukiontziak onik zaintzeko gainerakoak egiteko.

Era berean, hondakin sorkuntza handiko jarduerak direnean –arrandegiak, supermerkatuak, elikagai industriak, etab.– eta haien azalera eraikia 200 m² baino handiagoa denean, toki itxiren bat izan beharko dute, behar bezala aireztatua, zaborrak edukiontzietan gordetzeko, eta hortik kanpora aterako dituzte ordenantza honetan zehazten dituen toki eta orduetan.

7. Mankomunitateko kide diren udalek, beren udal ordenantzetan, ezarriko dute ibilgailuak aparkatzeko debekua edukiontzien aurrean, edo hondakinak bildu eta hustea eragozteko moduan; horretarako behar diren seinale horizontalak erabiliko dituzte komenigarria iruditzen bazaie, eta haiek izanen dute zehatzeko ahala, trafikoko arau-hauste gisa.

8. Mankomunitatean sarturiko udalek alde bakarretik erabakitzen ahalko dute lurpeko edukiontziak jartzea beren lurraldeko halako toki batzuetan, baldin eta instalazio hori bateragarria bada Mankomunitateak une bakoitzean hautatu duen bilketa zerbitzu arruntarekin. Halakoetan, baldintza hauek bete beharko dira:

–Obraren inbertsioa eta hautatutako sistemaren instalazioa udal eskatzailearen kontura izanen dira.

–Bilketa guneen kokapenak eta instalazioaren ezaugarriek Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen oniritzia beharko dute.

–Instalazioa irekitzeko sistema automatikoa izanen da (urrutiko kontrola), eta Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen onespena beharko du.

–Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek erabakiko dituzte, lurpeko bilketa gune bakoitzerako, bai jarri behar diren edukiontzien gutxieneko kopurua, bai haien bilketaren maiztasuna.

–Udalaren kontura izanen da guneen garbiketa eta mantentze-lanak. Mankomunitatea arduratuko da, kasu guztietan bezala, instalazioan sarturik dauden edukiontzien garbiketaz eta mantentze-lanez.

–Hondakinak sartzeko ahoak Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek zehazten dituzten kolore eta ezaugarriekin identifikatu beharko dira.

–Udal interesdunak bilketaren kostu gehigarria ordaindu beharko dio (zamalanetan denbora gehiago erabiltzeagatik) Mankomunitateari.

–Kostu gehigarri hori kasu bakoitzean zehaztuko da, urte bakoitzeko, ondoko formularen arabera, lurpeko bilketa gune bakoitzerako:

104 euro * (Fb + Fh + Fu)

F asteko bilketa kopurua da eta azpi-indizeak (b, h eta u) edukiontzi motaren aipu egiten du (berdea, horia edo urdina).

–Sistemaren akatsen ondorioz ez bada egiten ahal hiri hondakinen bilketa, Udalak ahalik eta denbora laburrenean konpondu beharko du sistema, eta behar diren baliabideak jarri, bitartean, zerbitzu egoki bat bermatzeko.

–Kasuan kasuko udalak bilketa gunea handitzeko konpromisoa hartu beharko du, eskas bilakatzen bada saltoki berriak irekitzeagatik edo beste zernahi arrazoirengatik.

–Hautatutako instalazioek aukera jaso beharko dute bilketa tokian egin beharreko egokitzapena egiteko, bilketa sistema berriak ezartzekotan (konparaziorako, alboko bilketa).

13. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Erabiltzaileak, 12. artikuluan ezarritakoez gain, betebehar hauek izanen ditu:

1. Mankomunitateak kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarra duen legezko araudiari jarraikiz.

2. Erabiltzaileek edukiontzien barnean sartu beharko dituzte zaborrak, ezarritako arau eta ordutegien arabera, edukiontzitik kanpo ez gelditzeko moduan, eta debeku izanen da hondakinak abandonatzea edukiontziak kokatzeko eremuen inguruan.

3. Erabiltzaileek nahiz hondakin biltzaileek arreta handiz erabiliko dituzte hondakin-edukiontziak, kalterik jasan ez dezaten.

4. Herritarrak ahaleginduko dira zamalanak eta garraio-lanak ez eragozten.

5. Debeku da zaborrak solte botatzea edukiontzietara. Erabiltzaileak, partikularra izan zein saltoki txikikoa izan, bere hondakinak poltsa hermetiko arras itxietan sartu beharko ditu, deus ez zikintzeko.

6. Erabiltzaileak ez du haizu edukiontziak eremu publikoan duten tokitik mugitzea, aitzakia edozein dela. Ez hark beste toki bat nahiago izateagatik, ez hondakinak errazago bota nahi izateagatik, erosokeriak bultzatuta, edukiontziraino eraman beharrean.

7. Edukiontzietara ez dira inondik ere botatzen ahalko eduki likido handia duten hondakinak, edo beste zernahi hondakin mota, baldin eta, bota ondoan, edukiontziaren pisuak 300 kg baino gehiago egiten badu, ez eta 50 ºC-tan edo gehiagotan dagoen hondakinik ere.

8. Mankomunitateak behartzen ahalko ditu hirigunean kokaturiko saltoki eta industriak –herriko bertako eremu publikoetan kokaturiko edukiontziak erabiltzen ohi dituzten horiek– aldirietan kokaturiko halako edukiontzi batzuk erabiltzera, baldin eta usaina edo osaera dela-eta auzoendako hondakin gogaikarriak sortzen badituzte (arrandegiak, konparaziorako), gutxienez ere aipatu hondakin horiek botatzeko, eragozpenik gerta ez dadin; edukiontziak behar bezala seinalatuak egonen dira. Betebehar hori ez betetzea idatziz jakinaraziko da, eta dagokion zehapena ekarriko du.

9. Zaborrak uzteko ordutegia 19:00etatik 23:00etara izanen da bilketa gauaz egiten den udalerrietan, eta 19:00etatik hurrengo goizeko 6:00etara, bilketa egunez egiten den udalerrietan; ordutegi horretatik kanpo debeku da hondakinak uztea, auzoek usain txarrik eta eragozpenik izan ez dezaten.

Kasu partikular batzuetan, gehienetan saltokietan, irekitzeko eta ixteko ordutegiak ez badu bat egiten aipatu berri denarekin, hondakinak eremu publikoan bildu gabe geldi ez daitezen, eskaera arrazoitua eginen diote Mankomunitate honi, zaborrak ordutegitik kanpo ateratzea galarazten dieten arrazoiak agerturik. Mankomunitateak erantzuna emanen dio eskaerari, eta berak erabakiko du zer egin kasu bakoitzean.

10. Sortutako hiri hondakin solidoak ez zaizkio inondik ere emanen udalerrietako kale garbiketa egiten duten langileei.

11. Nahitaezkoa da sorburuan bereiztea materia organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak, beira, landare olioak, pilak eta ehunkiak, dagozkien edukiontzietan uzteko, eta debeku da hondakinak sartzea ez dagokien beste edukiontzi batean. Arestian aipaturiko frakzioetan sartzen ez diren hondakinak errefusaren edukiontzietara botako dira.

12. Edukiontzi jakin batzuetan txartel bidezko irekitze-sistema bat jartzen bada, hondakin kantitate handiak sortzen ez dituzten etxeek eta establezimenduek txartela izanen dute, halako edukiontziak erabiltzeko.

Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek konfiguratuko dituzte erabiltzaileen txartelak; hala, zehaztu eginen da zein edukiontzi erabili beharko diren, eta horiek asteko zein egunetan edo zer ordu-tartetan irekiko dituzten.

13. Mankomunitateak ikuskapen zerbitzu bat izanen du, erabiltzaileak hondakinak behar bezala uzten dituzten bermatzearren.

Erriberako Mankomunitateak zehapena ezarriko die betebehar horiek betetzen ez dituztenei, eta beren jokabidearekin edukiontziak jasotzeko edo berriz jartzeko zerbitzua eragozten dutenei.

III. KAPITULUA

Gaikako zabor bilketa

1. ATALA

Ohar orokorrak

14. artikulua. Helburuak.

Prebentzioa, berrerabilera, birziklatzea eta hondakinak balorizatzeko beste modu batzuk dituzte helburu bai Hondakinei buruzko 22/2011 Legeak, bai Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko 11/1997 Legeak eta, geroago, 2016ko abenduaren 14ko Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuak (2017-2020) eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeak, helburu horiek guztiak ingurumena eta pertsonen osasuna babestera bideraturik daudela; halaber, beste helburu batzuk dira hondakinen aprobetxamendua eta baliabide energetikoen eta lehengaien optimizazioa.

15. artikulua. Bilketa eredua.

Aurreko artikuluaren ondorioetarako, Mankomunitatearen esparruan bilketa arrunterako ezarritako ereduak erabiltzaileak behartzen ditu hondakinak ondoko frakzioetan aurkeztera, nahiz eta, sistemaren eraginkortasuna xede, horiek gehitu edo gutxitu egin daitezkeen:

a) Materia organikoa.

b) Papera eta kartoia.

c) Ontzi arinak.

d) Beirazko ontziak.

e) Landare olioak.

f) Pilak.

g) Ehunkiak, arropa eta oinetakoak.

h) Errefusa.

Hondakin bakoitza berariazko edukiontzian utzi behar da; edukiontzi horiek atzeko kargakoak edo alboko kargakoak izan daitezke, eta betiere bakoitzean errotulazio argia ageriko da, zer hondakin mota bota behar den adierazirik.

Bilketa eredu honen arabera, erabiltzaileen eginbeharra da bereizirik edo ontzi berezietan sarturik aurkeztea aprobetxamendu desberdinak izan ditzaketen hondakinak edo, komenigarria dela iritzi zaiolako, berariazko bilketa dutenak.

Gaikako bilketako edukiontzietara ez da inondik ere hondakinik botako, ez badira bakoitzerako berariaz seinalatu direnak.

Materia organikoaren bilketa ezarri ez den udalerri edo lekuetan, errefusaren edukiontzietara bota beharko dira mota horretako hondakinak.

16. artikulua. Hondakinen jabetza.

Bat etorriz 22/2011 Legearekin, Erriberako Mankomunitateak hondakin horien jabetza hartuko du, hiri hondakin solidoak diren aldetik, biltzeko uzten diren unetik bertatik, eta zehapena ezarriko zaio hondakin horiek manipulatzen edo osten dituenari.

17. artikulua. Hondakin birziklagarriak sortzen dituzten enpresak.

Hondakin birziklagarriak sortzen dituzten enpresa edo industriek, haien bolumena 9. artikuluaren B apartatuaren 1.d) puntuak ezartzen duena baino handiagoa bada, bereizirik eta beren kabuz eraman beharko dituzte halako hondakinak “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroko birziklatze instalazioetara edo, bestela, alta eman beharko diete erabilera esklusiboko edukiontzi batzuei, 34. artikuluan ezarri bezala.

2. ATALA

Beiraren gaikako bilketa

18. artikulua. Beiraren edukiontzien eta bilketaren ezaugarriak.

Mankomunitateak berariazko edukiontziak ditu prestatuak beiraren gaikako bilketarako; kolore berdekoak eta iglu-formakoak dira, eta 3 eta 4 m³-ko edukierak dituzte. Haien ordez beste mota eta kolore batekoak jar litezke, beste sistema bat ezarriz gero.

Zerbitzuaren erabiltzaileek beirazko ontziak edukiontzi horiexetan sartu beharko dituzte.

Edukiontzi horiek sartzeko aho bat izaten ahalko dute, beirazko ontziak barnera botatzen utzi baina beste edozein hondakin mota sartzea eragotziko duena, azken horrek edukiontzian utzitako materiala birziklatzeko erabilezin bihurtuko bailuke, hori izanik gaikako bilketa ororen xedea.

Beiraren edukiontziak biltzeko maiztasuna luzea denez, herritar batek horietariko bat beterik ikusten badu, biltzeko abisua ematen ahalko du, Mankomunitatearen bulegoetara deituz.

Zerbitzuaren erabiltzaileek beira sartu beharko dute edukiontzietan 8:00etatik 22:00etara bitartean eta, betiere, Mankomunitateak auzoak ez gogaitzeko egokitzat jotzen duen ordutegian.

Hautara, sortzaileek edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte beirazko ontziak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

Edukiontzi horietara beirazko ontziak baizik ez dira botako, mota guztietakoak, kolorea bereizi gabe, poltsarik batere gabe, tapoirik gabe eta huts-hutsik likido edo produktu oroz.

Nolanahi ere, I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, beirazko ontziei dagokienez.

3. ATALA

Paperaren eta kartoiaren gaikako bilketa

19. artikulua. Paper eta kartoiaren edukiontzien eta bilketaren ezaugarriak.

Mankomunitateak berariazko edukiontziak ditu prestatuak paperaren eta kartoiaren gaikako bilketarako.

Zerbitzuaren erabiltzaileek papera eta kartoia ordutegi librean sartuko dituzte edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte etxeko papera eta kartoia Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

Kartoizko kaxak behar bezala tolestuak edo zatikatuak bota beharko dira, gehiegizko bolumena har ez dezaten edukiontziaren barnean, eta ahal den heinean saihestuko da kartoizko kaxak edukiontzietatik kanpo uztea, haizeak herrestan eramaten ahal baititu, eta kaleetan barna sakabanatu.

Tamaina dela-eta, kaxak ez badira edukiontziaren barnean sartzen ahal, tolestu egin beharko dira, eta ahal baldin bada lotu, edo gutxienez edukiontzien artean tolesturik sartu, sakabana ez daitezen.

Edukiontzi horiek sartzeko aho laukizuzena dute, gutxienez ere 15 bider 60 cm-koa; horrela, papera eta kartoia barnera botatzen uzten da, baina eragozten da, hein batean bederen, barnera botatzea beste edozein hondakin mota, horrek edukiontzian utzitako materiala birziklatzeko erabilezin bihurtuko bailuke, edo gero garbitze tratamendu bat egitera behartuko.

Edukiontzi horietara paperak eta kartoiak baizik ez dira botako, mota guztietakoak, bestelako produkturik gabe, hala nola ezkoak, plastikoak edo aluminioa, tetrabrik ontziek dituzten bezala, halakoak ez baitira bertan botatzekoak.

Nolanahi ere, I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, paperari eta kartoiari dagokienez.

4. ATALA

Ontzi arinen gaikako bilketa

20. artikulua. Ontzien edukiontzien eta bilketaren ezaugarriak.

Mankomunitateak berariazko edukiontziak ditu prestatuak ontzi arinen gaikako bilketarako.

Zerbitzuaren erabiltzaileek ontzi arinak ordutegi librean sartuko dituzte edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte ontzi arinak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

Edukiontzi horiek sartzeko ahoa biribila dute. 25 cm inguruko diametrokoa; horrela, ontziak barnera botatzen uzten da, baina eragozten da, hein batean bederen, barnera botatzea beste edozein hondakin mota, horrek edukiontzian utzitako materiala birziklatzeko erabilezin bihurtuko bailuke, edo gero garbitze tratamendu bat egitera behartuko.

Edukiontzi horietara ontziak baizik ez dira botako, mota guztietakoak, salbu eta paperezkoak, kartoizkoak edo beirazkoak, hau da, plastikozko ontziak, metalezko latak eta tetrabrikak, edo etorkizunean izendatzen diren beste mota batzuetakoak.

Nolanahi ere, I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, ontzi arinei dagokienez.

5. ATALA

Materia organikoaren gaikako bilketa

21. artikulua. Materia organikoaren bilketa.

Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuaren beharkizunak betetzearren, Mankomunitateak berariazko edukiontziak prestatuko ditu materia organikoaren gaikako bilketarako.

Honako hauek jotzen dira materia organikotzat, besteak beste:

Hondakin biodegradagarriak eta elikadurako eta sukaldeko hondakinak, etxe, jatetxe, taldeendako sukaldaritza zerbitzu eta txikizkako salmentan aritzen diren establezimenduetatik heldu direnak, bai eta elikagaiak prozesatzeko instalazioetatik heldu diren eta horiekin pareka daitezkeen hondakinak ere. Fruta eta barazki hondarrak, haragi eta arrain hondarrak, sukaldeko paper eta ezpainzapi zikinak, arrautzen eta fruitu lehorren oskolak, kafe eta infusio hondarrak, janari prestatuen hondarrak, ogia eta elikagai iraungiak.

Zerbitzuaren erabiltzaileek hondakin organikoak utzi beharko dituzte Mankomunitateak horretarako jarritako edukiontzietan, behin halakoak ezarri eta gero.

Mankomunitateak egun eta ordutegi zehatz batzuk ezartzen ahalko ditu bilketarako, herriaren arabera. Aldez aurretik, haien berri emanen die bizilagunei.

Mota horretako hondakinak uzteko ordutegia 19:00etatik 23:00etara bitartekoa izanen da, eta debeku da hondakinak ordutegi horretatik kanpo uztea.

Kasu partikular batzuetan, gehienetan saltokietan, irekitzeko eta ixteko ordutegiak ez badu bat egiten aipatu berri denarekin, hondakinak eremu publikoan bildu gabe geldi ez daitezen, eskaera arrazoitua eginen diote Mankomunitate honi, zaborrak ordutegitik kanpo ateratzea galarazten dieten arrazoiak agerturik. Mankomunitateak erantzuna emanen dio eskaerari, eta berak erabakiko du zer egin kasu bakoitzean.

Bilketa hau nahitaezkoa izanen dute hondakin organikoen sortzaile handiek. Materia organikoa bereizi egin beharko dute, eta frakzio horretarako berariazko ontzietan sartu.

Gai organikoen sortzaile handien kasuan, Mankomunitateak berariazko bilketa sistema bat ezartzen ahalko du.

Hondakin organikoen sortzaile handiak izanen dira: fruta eta barazkien saltokiak, harategiak, arrandegiak, supermerkatu edo hipermerkatuak, hornidura azokak, jatetxeak, jatekoak zerbitzatzen dituzten tabernak, ospitaleak, ikastetxeetako jantokiak, elikagaiak ekoizten edo manipulatzen dituzten industriak, eta Mankomunitateak halakotzat jotzen duen industria edo merkataritza arloko beste edozein sortzaile.

Printzipioz, borondatezkoa izanen dute Mankomunitateko bizilagun edo etxeek materia organikoaren gaikako bilketa; gero, baina, daitekeena da nahitaezko bihurtzea.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, materia organikoari dagokionez.

6. ATALA

Errefusaren gaikako bilketa

22. artikulua. Errefusaren bilketa.

Mankomunitateak berariazko edukiontziak ditu prestatuak errefusaren bilketarako.

Zerbitzuaren erabiltzaileek Mankomunitateak ezarritako moduan eta tokian utzi behar dute “errefusa”, alegia, birziklagarriak ez diren eta gaikako edo berariazko beste bilketen bidez jasotzen ez diren hondakinek osaturiko frakzioa.

Mota horretako hondakinak uzteko ordutegia 19:00etatik 23:00etara bitartekoa izanen da, eta debeku da hondakinak ordutegi horretatik kanpo uztea.

Kasu partikular batzuetan, gehienetan saltokietan, irekitzeko eta ixteko ordutegiak ez badu bat egiten aipatu berri denarekin, hondakinak eremu publikoan bildu gabe geldi ez daitezen, eskaera arrazoitua eginen diote Mankomunitate honi, zaborrak ordutegitik kanpo ateratzea galarazten dieten arrazoiak agerturik. Mankomunitateak erantzuna emanen dio eskaerari, eta berak erabakiko du zer egin kasu bakoitzean.

Edukiontzi horietan uzten diren hondakin guztiak poltsa arrunt ongi itxietan sartu beharko dira, eror ez daitezen eta edukiontzia edo eremu publikoa zikin ez daitezen.

Debeku da poltsak edo zaborrontziak herrestan eramatea. Hondakinak, gaizki aurkezteagatik, kanpora erortzen badira, hori eragin duen erabiltzailea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea.

Mankomunitateak baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu, hala nola edukiontzietan poltsa jartzea, sortzen den hondakin kantitatea edo hondakin mota dela-eta neurri bereziak hartzea komeni bada zerbitzu teknikoen iritziz.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, errefusari dagokionez.

7. ATALA

Beste bilketa batzuk

23. artikulua. Arroparen eta oinetakoen gaikako bilketa.

Zerbitzuaren erabiltzaileek arropa eta oinetakoak ordutegi librean sartuko dituzte Mankomunitateak horretarako ezarritako edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte arropa eta oinetakoak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, arropari eta oinetakoei dagokienez.

24. artikulua. Pilen gaikako bilketa.

Zerbitzuaren erabiltzaileek pilak ordutegi librean sartuko dituzte Mankomunitateak horretarako ezarritako edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte pilak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, pilei dagokienez.

25. artikulua. Landare olioaren gaikako bilketa.

Zerbitzuaren erabiltzaileek landare olioa ordutegi librean sartuko dute Mankomunitateak horretarako ezarritako edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean. Landare olio erabilia beirazko edo plastikozko ontzi itxietan jarriko da.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dute landare olioa Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

Debeku da olioaren edukiontzietan sartzea saltokietatik, zerbitzuetatik eta ostalaritzatik heldu den olioa.

Landare olioa bildu edo kudeatzeko, horretarako baimena duten enpresen zerbitzuak kontratatu beharko dituzte aipatu establezimendu horien titularrek.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, landare olioari dagokionez.

26. artikulua. Tamaina handiko hondakinen bilketa.

Mankomunitateak badu antolatua tamaina handiko hondakinen bilketa berezia egiteko zerbitzu bat, doakoa eta aldez aurreko abisuaren bidezkoa. Mota orotako altzariak, etxeko gauzak eta traste zaharrak biltzen ditu, baita AEEHak ere, hau da, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak. Zerbitzuak ez ditu bilduko maneiatzeko bitarteko mekanikoak (garabiak, txirrikak, etab.) behar dituztenak.

Debeku da tamaina handiko gauzekin batera beste edozein hondakin mota uztea, oroz gainetik etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak, pneumatikoak eta ordenantza honen arabera nahitaez jaso beharrekoak ez diren beste hondakin batzuk.

Debeku da tamaina handiko hondakinak eremu publikoan abandonatzea, bai eta edukiontzietan sartzea edo haien ondoan uztea ere.

Bilketarako tamaina handiko hondakinen bolumena ez da izanen 2.000 litrotik gorakoa eguneko.

Zerbitzu hori partikularren etxeetan baizik ez da eginen, baina Mankomunitateak oniritzia ematen badu, entitate eta erakunde publiko eta pribatuetan ere egin liteke, irabazi-asmorik gabekoak badira eta ez badute baliabiderik gauzak berek eramateko “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentrora.

Gainerako kasu guztietan, interesdunak bere kabuz eraman beharko ditu zentrora, eta ez zaio inolako tasarik kobratuko, ez eta hondakinak onartzeko kontraturik eskatuko ere, baldin eta noizbehinkako isurketa bada eta bolumena ez bada 2.000 litrotik gorakoa. Isurketa ohikoa bada, edo aipatu bolumena gainditzen bada, interesdunak eskatu beharko du hondakinak onartzeko kontratu bat, eta indarreko ordenantza fiskalean ezarritako tasak aplikatuko zaizkio.

Bizilagunek zerbitzu hori erabili nahi dutenean, telefonoz deitu beharko dute “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroko instalazioetara. Uneko zenbakia 948386068 da, baina daitekeena da etorkizunean beste bat ezartzea; hala gertatzen bada, behar den moduan ezagutaraziko da. Deia egitean, jasoko da zer hondakin diren biltzekoak eta non dauden, eta horiek uzteko tokia eta eguna jakinaraziko da, zerbitzuak duen programazioaren arabera.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte tamaina handiko hondakinak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, tamaina handiko hondakinei dagokienez.

IV. KAPITULUA

Hiri hondakin solidoen bilketa bereziak

1. ATALA

Ezaugarri orokorrak

27. artikulua. Kontzeptua.

9. artikuluaren B) letran definitu diren hondakinen bilketa hartzen da hiri-hondakin solidoen bilketa berezitzat. Horietarako, Erriberako Mankomunitateak bilketa zerbitzu bereziak ezarriko ditu edo, bestela, erabiltzaileek nola egin behar duten zehaztuko du.

Inondik ere ez dira biltzen ahalko araudi orokorrak hondakin arriskutsutzat hartzen dituenak, edo kudeatzaile baimendu baten aldez aurretiko tratamendua behar dutenak, salbu eta Mankomunitateari horretarako gaitasuna ematen bazaio.

28. artikulua. Tasak.

Mankomunitateak urtero ezarriko ditu behar diren tasak zaborren bilketa bereziaren zerbitzuengatik, horri dagokion ordenantza fiskalak ezartzen duenaren arabera.

2. ATALA

Hondakin arriskutsuak

29. artikulua. Hondakin arriskutsuak.

Ordenantza honetatik kanpo gelditzeari dagokionez, hondakin arriskutsuak dira Batzordearen maiatzaren 3ko 2000/532/EE Erabakian ezarritako zerrendan ageri diren hondakin-material guztiak, (952/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsitako zerrenda) eta horiek eduki dituzten ontziak, Europar Batasuneko araudiak arriskutsutzat hartzen dituenak eta Gobernuak etorkizunean onesten dituenak, Hondakinei buruzko 22/2011 Legean xedatu bezala.

30. artikulua. Informazioa.

Aurreko artikuluak dioena bermatu beharrez, lehenagoko artikuluetan zehaztutako hondakinak sortu, manipulatu edo garraiatzen dituzten sortzaile, edukitzaile eta hirugarren baimenduak beharturik daude Mankomunitateari informazioa ematera hondakinen sorburuari, izaerari, osaerari, ezaugarriei, kantitateari, hustuketa motari, aurretratamendu sistemari eta behin betiko tratamenduari buruz.

31. artikulua. Hondakin arriskutsuen aurretiazko tratamendua.

Hondakin Solidoei buruzko 22/2011 Legeak ezarritakoarekin bat, Erriberako Mankomunitateak hondakin motaren bat arriskutsua dela irizten dionean, edo hondakin mota horren ezaugarriek zail egiten badute kudeaketa, haren sortzaile edo edukitzaileari eska diezaioke behar den tratamendua egin dezala Mankomunitateak hura bildu baino lehen, tratamenduaren bidez hondakina arriskutsu bihurtzen duen ezaugarria kentzeko edo eraldaketaren bidez beste material bat lortzeko, pertsona, gauza edo ingurumenarendako arriskutsua ez dena biltzen, garraiatzen, tratatzen edo ezabatzen denean.

3. ATALA

Industriako edo merkataritzako hondakinak bildu, garraiatu eta uztea

32. artikulua. Egiten ahal diren zerbitzuak.

Industriako edo merkataritzako hondakinen sortzaile edo edukitzaileak biltzeko eskaera egin ondotik, Erriberako Mankomunitateak erabakiko du ea bilketa egin daitekeen erabilera esklusiboko edukiontzien bidez 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hondakin horien kantitatearen eta baldintzen arabera, ala hondakinak onartzeko kontratuaren bidez egin behar den, eskatzaileak “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroan utz ditzan. Halaber, kasuan kasuko tasa egokiak ezarriko ditu.

33. artikulua. Hondakinak onartzeko kontratua.

Industriako edo merkataritzako hondakinei dagokienez, Mankomunitateak sortzailea behartzen ahalko du hondakinak bere kabuz uztera “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroan edo, bestela, erabilera esklusiboko edukiontzi batzuei alta ematera, 34. artikuluak ezartzen dituen baldintza eta kasuetan.

Mankomunitatearen lurralde esparruan dauden industria edo saltoki guztiek edo, egon gabe ere, haren barnean hondakinak sortzen dituztenek uzten ahalko dituzte beren hondakinak “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroan, beren kabuz garraiatzen badituzte eta horiek arriskugabeak baldin badira; horretarako, hondakinak onartzeko kontratua eskatu beharko dute aurretiaz. Kontratuaren kopia bat eraman beharko dute, halaber, hondakinak uztera joaten diren aldiro.

Orobat, Nafarroako beste udalerri batzuetako industriek edo saltokiek eskatzen ahalko dute, baldintza beretan, haien mankomunitateak hondakindegirik ez badu.

Bai Mankomunitatetik kanpokoak eta bai Foru Komunitatetik kanpokoak diren enpresek ere eskatzen ahalko dute hondakinak onartzeko kontratua; halakoetan, hondakinak onartzen ahal direla erabaki ondoan, onartzeko baimena eskatuko zaio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari. Interesdunak arrazoitu egin beharko du bere eskaera.

Uztekoak diren hondakinen konposizioaz dudarik bada, laborategi ofizial batek analisia egiteko eskatzen ahalko da eta hura Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentura igorri, hondakinak onartzeko edo ez.

Hondakinak Tratatzeko Zentroan hondakinen tratamenduaz arduratzen diren langileek betiere ikuskatu beharko dituzte industriek edo saltokiek utzi nahi dituzten hondakinak.

Nolanahi ere, “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroaren Erregelamenduari jarraikiko zaio beti (ordenantza honen eranskintzat gehitua), zentroan hondakinak onartzeari dagokionez.

Hondakinak Tratatzeko Zentroan hondakinak uzten dituzten industria edo saltokiek –hondakinak onartzeko behar den kontratua dutela, betiere– tasa bat ordainduko dute tona bakoitzeko, uzten den hondakinaren ezaugarrien eta norakoaren arabera. Tasa hori urtero ezarriko da ordenantza fiskalean.

34. artikulua. Erabilera esklusiboko edukiontziak.

Etxe partikularrak ez diren erabiltzaileei, hau da, saltokiei, sozietateei, industriei eta abarri, bilketa zerbitzua egiten ahalko zaie “erabilera esklusiboko edukiontziak” erabiliz, honako kasu hauetan:

1. Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek egiaztatzen badute egunean 50 litro baino hondakin bolumen handiagoa sortu ohi dutela, 9. artikuluaren B apartatuaren 1.d) puntuan aipatu bezala, bai hondakin arruntetan, bai hondakin birziklagarrietan: papera eta kartoia eta ontzi arinak (plastikoak, latak eta tetrabrikak).

2. Aurreko kasua ez gertatu arren, komenigarria bada erabilera esklusiboko edukiontzi bat erabiltzea Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen iritziz, hondakinen ezaugarriak direla eta. Horiek izan daitezke: likido kantitate handiegia, usain txarrak, dentsitate handia eta abar.

3. Bakartze handiko kasua bada, halako eran, non beste ezein erabiltzailek ez baitu erabiltzen ahal hondakin arrunten edo birziklagarrien edukiontzia.

Mankomunitateak hornituko ditu, zuzenean, edukiontzi horietaz.

Mankomunitatearen kontura mantenduko eta garbituko dira, bai eta ordeztuko ere, erabilezin gelditzen badira.

Frogatzen bada edukiontziaren kalteak erabiltzaileek gaizki erabiltzearen ondorio direla, fakturatu eginen zaizkie konpontzeko kostuak edota, erabilezin gelditzen bada, berriak jartzekoak.

Hori guztia dela-eta, ordenantza fiskalean zerbitzu horri dagokion tasa ezarriko da. Tasa horretan zenbateko finko bat egonen da edukiontzi mota bakoitzerako (hondakin arruntak edo birziklagarriak) eta beste kantitate bat aldakorra, astean zenbat aldiz jasotzea nahi den, hau da, astean behin, hirutan edo seitan zabor arrunterako edo astean behin edo bitan gaikako bilketarako. Kostuaren barnean edukiontziaren amortizazioa eta lehen aipaturiko zerbitzuak sartuko dira.

Egunez, erabiltzaileak komeni zaion tokian kokatuko du edukiontzia, gurpil bidez mugitu ahal bada, bere jabetzaren barnean, eta eremu publikora atera beharko du, zaborra eraman dezaten, 23:00ak baino lehenago, zerbitzua egiten den egunetan bakarrik, eta hortik kentzen ahalko du behin hustu ondoan. Mugigarria ez bada, edukiontzia eremu publikoan kokatuko da.

Mankomunitatearen zerbitzuek erabilera esklusiboko edukiontziak bil ditzaten, alta eman beharko zaie Mankomunitatean, behar den bilketa kontratua eginda; bertan zehaztuko da zenbat edukiontzi behar diren mota bakoitzetik eta astean zenbat egunetan nahi den bilketa.

Eskatzaileak erabakitzen duenean astean zenbatetan biltzea nahi duen, asteko egunak honela finkatuko dira:

–Errefusaren edo materia organikoaren edukiontzia:

  • Astean behin: larunbata.
  • Astean hirutan: asteartea, osteguna eta larunbata.
  • Astean seitan: astelehenetik larunbatera.

–Gaikako bilketarako edukiontzia:

  • Astean behin: asteazkena.
  • Astean hirutan: astelehena, asteazkena eta ostirala.

Bilketa egun batean edukiontzia eremu publikoan ez badago kamioi biltzailea iragatean, iritziko zaio egun horretan ez dagoela bilketaren beharrik.

Bilketa egun horietako bat jaiegun suertatzen bada, hurrengo lanegunean eginen da bilketa.

Edukiontzi esklusiboa izan behar duten erabiltzaileek, hori egin ordez, badute aukera, orobat, hondakinak beren kabuz eramateko “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentrora (Tutera-Fitero errepidea, 11. km), Mankomunitateari behar den kontratua eskatu ondoan, Hondakinak Tratatzeko Zentroaren Erregelamenduan ezarri bezala.

Mankomunitateak behartzen ahalko ditu edukiontzi esklusiboak biltzeko kontratuen titular diren saltoki eta industriak horiei baja ematera eta hondakinak beren kabuz eramatera Hondakinak Tratatzeko Zentrora, horretarako behar den kontratua eginda, baldin eta Mankomunitateak uste badu hondakin horiek arazoren bat sor dezaketela bilketa zerbitzuen funtzionamendu egokian edo gero ematen zaien tratamenduan, Mankomunitateak horretarako jartzen dituen instalazioetan (birziklatzeko instalazioa eta materia organikoa tratatzeko instalazioak).

Nolanahi ere, Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek erabakiko dute kasuan kasuko konponbidea, hau da, edukiontzi esklusiboa ala hondakinak tratatzeko zentrora eramatea, eta tasak izanen dira ordenantza fiskalean urtero ezarritakoak.

Baja emanen zaie zaborren tasetatik edukiontzi esklusiboren bati alta ematen dioten erabiltzaileei, edo hondakinak beren kabuz eramaten dituztenei Hondakinak Tratatzeko Zentrora; azken kasu horretan, baldin eta, Mankomunitatearen iritziz, benetan ez badute aukerarik erabilera publikoko hurbileko edukiontziren bat erabiltzeko.

4. ATALA

Hondakin klinikoen bilketa eta garraioa

35. artikulua. Hondakin klinikoen bilketa eta garraioa.

Irailaren 13ko 296/1993 Foru Dekretura egokituko da hondakin klinikoen bilketari eta garraioari nahiz tratamenduari dagokien guztia, haiei buruz ari baita.

Mankomunitatearen zerbitzuak arduratuko dira dekretu horren 1. eta 2. multzoetan sailkaturiko hondakinen bilketaz eta tratamenduaz, eta 3. multzoko hondakinen tratamenduaz arduratzen ahalko dira behin horiek geldotu direnean bakar-bakarrik, dekretuan deskribatzen diren sistemetako bat erabilita geldotze horretarako.

5. ATALA

Animalia hilen bilketa eta garraioa

36. artikulua. Animalia hilak.

Debeku da animalia hilak abandonatzea, edozein motatakoak direla ere eta edozein lur motatan dela ere, bai eta horiek hiri hondakinen edukiontzietan uztea edo jabetza publikoko lurretan lurperatzea ere.

Etxeko animalia hilak nonbaiten utzi behar dituena bere kabuz antolatuko da (sektoreko enpresen edo albaitaritzako kliniken bidez) edota Nafarroako Gobernuak horretarako baimenduriko kudeatzaileengana jo beharko du.

Animalien edo animalia-azpiproduktuen ezabaketak edo tratamenduak bat etorri beharko du 1774/2002 EE Erregelamenduan xedatuarekin.

6. ATALA

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen (EEH) bilketa, garraioa eta isurketa

37. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honi dagokionez, EEHak dira halakotzat ezartzen diren hondar-materialak Hondakinak Hondakindegietan Bilduz Deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean. Hondakin geldotzat hartuak.

38. artikulua. EEHen bilketa eta tratamendua.

Halakoen sortzaileek egin beharko dituzte EEHen bilketa eta tratamendua, Nafarroako Gobernuak material horietarako baimenduriko kudeatzaileen bidez.

39. artikulua. Mankomunitateak egin beharreko zerbitzuak.

Mankomunitatearen zerbitzuek berariazko edukiontziak jartzen ahalko dituzte kide diren udalerrietako garbigune finkoetan eta hondakinen ekarpen eremuak deitutakoetan, etxeko obra txikietatik heldu diren bolumen gutxiko hondakinak uzteko.

Ez da botatzen ahalko edukiontzi horietara bestelako hondakinik, EEHtzat jotzen dena baizik, garbiguneei eta ekarpen eremuei dagokien erregelamenduaren arabera (ordenantza honen eranskintzat gehitua).

Debeku da arras EEHak botatzea edukiontzi horietatik kanpora, eta beterik badaude, erabiltzaileak EEHen kudeatzaile baimendu baten eskuetan utzi beharko ditu; hala egiten ez bada, zehatzeko ahala baliatuko da.

Mankomunitatearen zerbitzuek edukiontzi horiek aldian behin eramanen dituzte.

7. ATALA

Garbiguneak eta ekarpen eremuak

40. artikulua. Ezaugarriak.

Mankomunitateak bi garbigune mota ditu gaur egun: garbigune finkoa, instalazio iraunkorra duena, eta irekitzeko eta arreta emateko ordutegi jakin bat; eta garbigune mugikorra, berariaz egokituriko kamioi baten bidezkoa, Mankomunitateko udalerrietara joaten dena, aurretiaz ezarri eta behar bezala ezagutarazi diren ordu eta tokietan zerbitzu egitera.

Baditu, orobat, ekarpen eremuak ezarriak kide diren hainbat udalerritan, erabiltzaileek haietan uzteko obra-hondakinak, tamaina handiko hondakinak eta inausketa hondarrak.

Garbiguneak nahiz ekarpen eremuak Mankomunitateko bizilagunek erabiltzekoak dira, ez enpresek, industriek edo saltokiek, eta haietan utz daitezke etxean sortutako hondakin arriskutsuak eta etxeetatik heldu diren beste hondakin mota batzuk.

Merkatariek, eraikuntzako gremio txikiek, industriek eta are udal zerbitzuek ere (lantaldeak, bulegoak, etab.) erabiltzen ahalko dituzte garbigune zerbitzuak; horretarako, aldez aurretik Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen baimena beharko dute. Gainera, uzten diren materialek ez dituzte gainditzen ahalko etxeei ezarritako kantitate eta mugak, eta izan beharko dute Mankomunitateko kide diren udalerrietan eginiko obrenak.

Nolanahi ere, garbigune eta ekarpen eremuen erabilera arautuko da halakoei dagokien erregelamenduaren arabera (ordenantza honen eranskintzat gehitua).

41. artikulua. Garbigune finkoa.

Garbigune finkoa eraturik dago hormigoizko prefabrikatuen modulu-sistema baten bidez; horrela, 2,5 m goitituriko plataforma bat sortzen da, eta azken horretara arrapala batetik irits daiteke ibilgailuz.

Plataforma goitituaren alboetan metalezko edukiontziak instalatzen dira, eta erabiltzaileek haietara bota ditzakete ekartzen dituzten hondakinak.

Edukiontziok material hauek jasotzeko erabiliko dira, etxeetatik heldu direnak bakar-bakarrik:

1. Inausketen eta lorategien hondarrak.

2. Obra txikien eraikuntza hondarrak.

3. Tamaina handiko hondakinak, mota guztietakoak.

Garbigunearen plataformaren azpian, modulu prefabrikatuz egina denez, biltegi bat gelditzen da, eta hantxe utziko dira garbiguneak onartzen dituen gainerako hondakinak.

Garbigunea ustiatzeko arduradunek garbigune finkoko sarrera zainduko dute horretarako ezarritako orduetan.

Garbigune finkoaren funtzionamendua dagokion erregelamenduaren arabera arauturik dago (ordenantza honen eranskintzat gehitua).

42. artikulua. Garbigune mugikorra.

Garbigune mugikorra furgoneta bat da, etxeetako hondakinak jaso eta biltzeko egokiturik dagoena eta ordutegi jakin bat betez Mankomunitateko udalerri guztietara joaten dena, furgoneta horretan utz daitezen erabilera publikoko edukiontzietara ezin bota daitezkeen hondakinak.

Garbigune mugikorraren funtzionamendua dagokion erregelamenduaren arabera arauturik dago (ordenantza honen eranskintzat gehitua).

43. artikulua. Ekarpen eremuak.

Hondakinen ekarpen eremuak Erriberako Mankomunitateko udalerrietan kokaturik daude, eta orube bat dira, sarbide murriztukoa, tamaina handiko hiru edukiontzi dauzkana, etxeko hondakinak biltzeko.

Edukiontziok material hauek jasotzeko erabiliko dira, etxeetatik heldu direnak bakar-bakarrik:

1. Inausketen eta lorategien hondarrak.

2. Obra txikien eraikuntza hondarrak.

3. Tamaina handiko hondakinak, mota guztietakoak.

Udalek kontrolatuko dituzte beren ekarpen eremuak, eta eremuon funtzionamendua dagokien erregelamenduaren arabera arauturik egonen da (ordenantza honen eranskintzat gehitua).

44. artikulua. Tasak.

Garbigunearen eta ekarpen eremuen erabilera doakoa izanen da, printzipioz; dena den, Mankomunitateak tasak ezartzen ahalko ditu ordenantza fiskalean, zerbitzu jakin batzuk egiteagatik.

45. artikulua. Ordutegiak.

Urtero ezarriko dira ordutegiak garbigune eta ekarpen eremuetan hondakinak jasotzeko eta erabiltzaileei arreta emateko.

Ordutegi horiek une oro egonen dira eskuragarri Mankomunitatearen webgunean eta garbigune zein eremu bakoitzaren sarreran.

Partikularrek ez dute izanen garbiguneetan sartzerik ezarritako orduetatik kanpo, Mankomunitateak aldez aurretik baimendutako salbuespen egoeretan izan ezik.

46. artikulua. Onartzen diren hondakinak.

Garbigune finkoetan, garbigune mugikorretan eta ekarpen eremuetan onartzen diren hondakinak izanen dira haiei buruzko erregelamenduan aipatutakoak.

Zerrenda horri gehitzen ahalko zaizkio etorkizun hurbilean beharrezko eta egokitzat jotzen diren hondakin guztiak. Aldaketa oro Erriberako Mankomunitatearen webgunean eta garbiguneetan iragarriko da.

Bilketa eta tratamendua optimizatzeko xedez, Mankomunitateak noiznahi erabakitzen ahalko du hondakin motaren bat ez onartzea garbigune guztietan.

Mankomunitateak kudeatuko ditu garbiguneetan utzitako hondakin arriskutsuak, kudeatzaile baimenduen bidez.

47. artikulua. Kantitateak eta mugak.

Garbigune finkoetan eta ekarpen eremuetan utziko diren hondakinen bolumena mugatuko da haien funtzionamenduari buruzko erregelamenduan ezarritakora.

III. TITULUA

Hondakinen tratamendua

48. artikulua. Baldintza orokorrak.

“El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroan uzten diren hondakinak sortu, manipulatu edo garraiatzen dituzten sortzaile, edukitzaile eta hirugarren baimenduek hondakin horiek utziko dituzte zentroaren funtzionamenduari buruzko erregelamenduaren arabera (ordenantza honen eranskintzat gehitua).

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

49. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoari lotutako arau-hausteak titulu honetan xedatzen denaren arabera zehatuko dira; gainera, arlo zibil eta penaleko erantzukizunak ere eskatzen ahalko dira, halakorik badago.

50. artikulua. Prozedura.

Zehatzen ahalko dira testu honetan jasotzen diren arauak ez betetzeagatik erantzukizunen batean erortzen direnak, aurretiaz behar den prozedura eginik, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean xedaturik dagoenarekin eta jarraikiz abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak ezarritakoari, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen aurkako arau-hausteei dagokienez.

51. artikulua. Zehatzeko ahala.

Mankomunitateak izanen du bere gain zehatzeko ahala bere zerbitzu esparru guztian, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 49.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, hondakinak kontrolik gabe abandonatzen, isurtzen edo ezabatzen badira, edo hondakinak uzten badira bete gabe ordenantza honetan jasotako baldintzak, bera baita hondakin horien bilketa kudeatzen duen toki erakundea.

52. artikulua. Hondakinen titular erantzulea.

Hondakinek betiere izanen dute titular erantzule bat, eta hura izanen da erabiltzailea, sortzailea, edukitzailea edo hondakinen kudeatzailea, kasuaren arabera.

Administrazio-erantzukizunetik salbuetsirik geldituko dira, bakarrik, hondakinak Mankomunitatearen esku utzi dituztenak ordenantza hau eta gainerako araudi aplikagarria betez, edo administrazioak baimenduriko kudeatzaile batzuen esku utzi dituztenak, azken horiek egin ditzaten hondakinak kudeatzeko jarduketak.

53. artikulua. Arau-hausteen subjektu erantzuleak.

Zehapena ezartzen ahalko zaie kapitulu honetan jasoriko arau-hauste administratiboak eragiten dituzten egitateengatik haiek egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoei, ordenantza honetan xedaturik dagoenarekin bat, deusetan galarazi gabe arlo zibil edo penaleko edo ingurumen arloko erantzukizunak ere eskatzea, halakorik badago.

Ordenantza honetan ezarritakoa pertsona multzo batek bete behar duenean, pertsona horiek solidarioki ordaindu beharko dituzte diruzko zehapenak, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 28.3 artikuluak xedatuarekin.

Nolanahi ere, honako kasu hauetan erantzukizuna solidarioa izanen da beti:

a) Hondakinen sortzaileak edo hasierako edukitzaileak edo kudeatzaileak lege honetan aipatutakoa ez den beste pertsona fisiko edo juridiko bati entregatzen dizkionean.

b) Erantzule bat baino gehiago direnean, ezinezkoa bada zehaztea bakoitzak zenbateraino parte hartu duen arau-haustean.

c) Hainbat pertsonaren jarduera metatuek dakartzatenean ingurumenari eraginiko kalteak, administrazio eskudunak banaka egozten ahalko ditu erantzukizun hori eta haren ondorio ekonomikoak.

54. artikulua. Ikuskapena.

Erabiltzaileek, hondakin-sortzaileek edo hondakin-edukitzaileek erabateko laguntza eman behar diete ikuskapen zerbitzuei, egin ditzaten beharrezko kontrol, azterketa eta informazio bilketak, bai eta beren betebeharrak ongi betetzeko gauzatu behar duten gainerako jarduketa oro ere.

Ikuskapen lanak egiteko Mankomunitateak izendatzen dituen pertsonak agintaritza-agenteak izanen dira, eta haiek egiaztaturiko eta aktetan jasoriko egitateak ziurtasun-presuntzioa izanen dute, frogabide gisa.

55. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hausteak dira ordenantza honi aurka egiten dioten jarduketa guztiak eta bereziki zerrenda honetakoak:

a) Bilketari lotuak.

1.–Arau-hauste arinak:

1. Hondakinak uztea gaika bereizi gabe, edo hondakin mota bakoitzaren edukiontzia edo gunea ez den batean, edo ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.

2. Behar bezala utzi diren hondakin solidoak ostea.

3. Mankomunitatearen jarraibideak betetzeari uko egitea, erabiltzaileei erabilera esklusiboko edukiontziak eskuratu beharra adierazten dienean, edo hondakin gogaikarriak ekoizten dituzten saltoki edo industriak behartzen dituenean halako edukiontzi bakartu batzuetan botatzera, ordenantza honen 17. artikuluaren 8. puntuan jasotzen den bezala.

4. Mankomunitateak ordenantza honen bidez ezarritako baldintza, toki eta ordutegiak bete gabe uztea hondakinak.

5. Hondakinak modu desantolatuan uztea, tolestu edo zatikatu gabe, kasuaren arabera, haien bolumena gutxitzeko eta poltsa eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehiena aprobetxatzeko, bereziki kartoizko kutxei dagokienez.

6. Hondakinak uztea zerbitzuaren funtzionamendu normala eragozten dutela.

7. Edukiontziak mugitzea edo lekuz aldatzea Mankomunitatearen baimenik gabe, horien kokalekua aldatuz eremu publikoan, hala modu iraunkorrean nola aldi baterako.

8. Gai likidoak, likidotu daitezkeen gaiak edo isuriak sorraraz ditzaketenak dauzkaten hondakinak uztea.

9. 50 ºC-tik gorako tenperaturan dauden hondakinak uztea.

10. Garbiguneetako arduradunen jarraibideak eta eskaerak ez betetzea.

11. Ordenantza honetako arauen inguruko gainerako arau-hausteak, arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat espresuki sailkatuta ez daudenean.

12. Arau-hauste astunen edo oso astunen artean sartzen den arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik halakotzat jotzea merezi ez duenean.

2.–Arau-hauste astunak:

1. Hondakin mota bakoitzerako ordenantza honetan ezartzen diren edukiontzietatik kanpo uztea hondakinak.

2. Mankomunitateak ordenantza honen bidez ezarritako baldintza, toki eta ordutegiak bete gabe uztea hondakinak.

3. Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo isurtzea, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri edo ingurumenean ez bada eragin kalte edo narriadura larririk.

4. Hondakinak estolderia saretik behera botatzea, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri edo ingurumenean ez bada eragin kalte edo narriadura larririk.

5. Etxeetan hondakinen aurretratamendurako instalazioak jartzea (konparaziorako, prentsaketa egiteko) Mankomunitateak baimenik eman gabe, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri edo ingurumenean ez bada eragin kalte edo narriadura larririk.

6. Mankomunitatearen zaintza, ikuskapen eta kontrol jarduera oztopatzea eta laguntza emateko betebeharrak ez betetzea, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarri bezala.

7. Edukiontzietan pintadak, grafitiak eta halakoak egitea, kartelak edo nolanahiko eranskailuak jartzea, eta iragarkietarako erabiltzea. Egilea edo iragarlea izanen da erantzule zuzen edo subsidiarioa.

8. Ez ematea hondakinen izaerari, kantitateari edo sorburuari buruz eskatutako informazioa.

9. Hondakin baten sortzailearen datuak faltsutzea.

10. Bilketa guneetan uztea ordenantza honen arabera nahitaez jaso beharrekoa ez den beste zernahi hondakin.

11. Erabiltzaileak uko egitea berak sorturiko hondakinak bilketa zerbitzuaren eskuetan uzteari, arrazoi justifikaturik gabe eta nahitaezkoa denean.

12. Kalte funtzional edo estetikoa eragitea edukiontzi, zaborrontzi eta beste elementu osagarri batzuei, baldin ez bada arau-hauste oso astuntzat jotzekoa.

13. Hondakinen zamalanak eta garraio-lanak eragotzi edo oztopatzea.

14. Manipulatu, hautatu eta hartzea eremu publikoan utzi diren eta horretarako zerbitzuak oraindik bildu ez dituen hondakinak.

15. Garbiguneko arduradunari ez ematea hondakinen izaerari, kantitateari edo sorburuari buruz eskatutako argibideak.

16. Uko egitea garbigunean oker utzitako hondakinak kentzeari edo garbitzeari.

17. Ez betetzea garbiguneko arduradunen agindu eta jarraibideak.

18. Nahita kalte egitea garbiguneko ekipamendu edo instalazioei.

19. Ordenantza hau betetzeko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak eragoztea.

20. Arau-hauste oso astunen artean sartzen den arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik halakotzat jotzea merezi ez duenean.

21. Arau-hauste arinak errepikatzea. Urtebetean gutxienez bi arau-hauste arin egiten direnean esanen da errepikatzea dagoela.

3.–Arau-hauste oso astunak:

1. Edukiontziei kalte egitea.

2. Edukiontzien zamalanak eta mantentze eta garbiketa lanak eragoztea eta, oro har, zerbitzua egiteko gainerako jarduerak nolanahi oztopatzea.

3. Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo isurtzea, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada.

4. Hondakinak estolderia saretik behera botatzea, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada.

5. Etxeetan hondakinen aurretratamendurako instalazioak jartzea (konparaziorako, prentsaketa egiteko) Mankomunitateak baimenik eman gabe, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada.

6. Animalia hilak edozein lur motatan abandonatzea edo jabetza publikoko lurretan lurperatzea.

7. Nahita kalte egitea Mankomunitatearen hondakinak biltzeko eta tratatzeko bitartekoei, erabat suntsitzea edo zerbitzua egiteko gauza ez direla uztea xedetzat duten baliabideak edo moduak erabiliz.

8. Edukiontziak edo bilketarako beste elementu osagarri batzuk ostea.

9. Hondakinak uztea garbiguneen kanpoaldean, irekita dagoenean dela nahiz irekitzeko ordutegitik kanpo dela.

10. Garbiguneetatik hondakinak hartzea, arduradunen baimenik izan gabe.

11. Erabiltzaileak uko egitea berak sorturiko hondakinak Mankomunitatearen eskuetan uzteari, arrazoi justifikaturik gabe.

12. Edukiontziei kalte egitea; arau-hauslearen kontura izanen dira konponketa gastuak.

13. Eragotzi edo oztopatzea edukiontziak eremu publikoan jartzea.

14. Edukiontzien zamalanak eta mantentze, garraio eta garbiketa lanak nahiz edukiontziak jartzeko lanak eragoztea eta, oro har, zerbitzua egiteko gainerako jarduerak nolanahi oztopatzea.

15. Hondakinak estolderia saretik behera botatzea.

16. Etxeetan hondakinen aurretratamendurako instalazioak jartzea (konparaziorako, prentsaketa egiteko) Mankomunitateak baimenik eman gabe.

17. Hondakin arriskutsuak uztea, bai eta biltzen direnekin batera nahastea ere.

18. Jasotzekoak ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek nahastea onartzen diren hondakinekin.

19. Animalia hilak edozein lur motatan abandonatzea edo jabetza publikoko lurretan lurperatzea, edo edukiontzietara botatzea.

20. Arau-hauste astunak errepikatzea. Urtebetean gutxienez bi arau-hauste astun egiten direnean esanen da errepikatzea dagoela.

b) Tratamenduari lotuak.

1.–Arau-hauste arinak:

1. Hondakinak garraiatzea ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete gabe.

2. Arau-hauste astunen edo oso astunen artean sartzen den arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik halakotzat jotzea merezi ez duenean.

3. Tratamendua eragozten edo zailtzen duten hondakinak nahastea.

2.–Arau-hauste astunak:

1. Errespetua galtzea hiri hondakinak tratatzeko zentroko langileei.

2. Instalazioek zuzen funtzionatzea eragozten duten egiteak edo omisioak.

3. Informazioko, ikuskapeneko eta laginak hartzeko lanak oztopatzea, bai sorburuan, bai instalazioetan.

4. Administrazio baimenik gabeko hondakinak uztea.

5. Datuak ezkutatzea edo aldatzea hondakinak onartzeko kontraturako eskabidean.

6. Agiriak, albaranak, analisiak eta gisako datuak manipulatzea edo faltsutzea.

7. Uko egitea oker isuri edo utzitako hondakinak kentzeari.

8. Agiriak aurkezteko betebeharra ez betetzea, aplikatzekoa den araudian edo baimenaren estipulazioetan eskatzen diren datuak ezkutatu edo faltsutzea, eta ez betetzea agiri horiek zaindu edo mantentzeko betebeharra.

3.–Arau-hauste oso astunak:

1. Hondakin toxiko edo arriskutsuak uztea, hutsak edo beste hondakin batzuekin nahasiak.

2. 22/2011 Legean eta hura garatzeko arauetan xedaturik dagoenaren aurka jokatzea, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo kalte larria eragin bazaio, ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada edo jarduera naturagune babestuetan gauzatu bada.

3. Arestian aipatutakoez gain, ordenantza honetan, 22/2011 Legean edo geroagoko garapenetan xedaturik dagoenaren aurkako egite eta omisio oro.

Arestian aipatutakoez gain, ordenantza honetan eta 22/2011 Legean ezarritakoaren aurkako egite eta omisio oro.

Aurreko artikuluan ezarritako arau-hausteek zehapen hauek guztiak edo batzuk izanen dituzte:

a) Arau-hauste oso astunengatik: 10.000,01 eta 45.000,00 euro bitarteko isunak.

b) Arau-hauste astunengatik: 2.000,01 eta 10.000,00 euro bitarteko isunak.

c) Arau-hauste arinengatik: 60,00 eta 2.000,00 euro bitarteko isunak.

Zehapenak ezartzean, honako hauek aintzat hartuko dira: nahitakotasuna edo errepikatzea egotea ala ez; erreduntasun maila; eginiko arau-haustearen garrantzia; erantzulearen inguruabarrak, parte-hartzea eta lortutako etekina; ingurumenari eraginiko kaltearen maila edo pertsonen osasunari jasanarazi zaion arriskuaren maila, eta eraginiko kalteen izaerarekin bat gertatu diren gainerako inguruabar aringarri edo astungarriak, berrerortzea barne, urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

Gainera, arau-hausleek beren gain hartuko dituzte beren egiteen ondoriozko kostuak, eta beharturik egonen dira egoera lehengoratzera, arau-haustea egin aurretik zegoen bezala.

Arau-hauste arin batean berreroriz gero, astuntzat hartuko da, eta arau-hauste astun batean berreroriz gero, oso astuntzat.

Zehapena %50 murrizturik ordaintzen ahalko da, behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, baldin ordainketa egiten bada salaketa-orria salatuari eman ondoko lehen hamabost egunean.

Mankomunitateak izanen du bere gain zehatzeko ahala 22/2011 Legean ezarritakoaren aurkako arau-hausteetan, bera baita hondakinak kudeatzen dituen toki erakundea, eta lege horretan xedaturikoaren arabera arituko da arau-hauste eta zehapenen aldetik.

56. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedurarako erabiliko da araudi orokorrean ezarritakoa (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea eta Zehatzeko ahala erabiltzeko prozedurari buruzko erregelamendua).

V. TITULUA

Erreklamazioak eta jurisdikzioa

57. artikulua. Erreklamazioak.

Hurrengo artikuluan ezartzen dena ukatu gabe, Erriberako Mankomunitateak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz, erabiltzaileek zerbitzuen baldintzak direla-eta aurkezten dituzten erreklamazio, zalantza edo interpretazioak.

58. artikulua. Errekurtsoak.

Mankomunitateko organoen erabaki eta ebazpenen aurka eta ordenantza honen interpretazioan gertatzen diren zalantza guztiak argitzeko, jartzen ahalko dira Toki Administrazioari buruz indarra duen legediak oro har ezarrita dauzkan errekurtso eta erreklamazioak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira bai ordenantza hauetan arautzen diren gaiei buruz orain arte izan diren ordenantzak, bai ordenantza honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arauak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta eta behin iraganda Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek duten epea, toki erakundeen egintza edo erabakiak indargabe ditzatela eskatzeko duten eskumenaz baliatzeko.

I. ERANSKINA

Onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen
eta tamaina handiko hondakinen zerrenda

Materia organikoa.

Materia organikoaren frakzioan sukaldeko hondarrak sartuko dira, bai landare jatorrikoak, bai animalia jatorrikoak, gordinak zein kozinatuak; esaterako: fruta eta barazki hondarrak, arrautzen oskolak, fruitu lehorren oskolak, ogia eta opilak, fruta hezurrak, lore eta landareak, baratze eta lorategien hondarrak (belarra, inausketa hondar xehakatuak), janari prestatuen hondarrak, haragi eta arrain hondarrak, hezurrak, itsaskien oskolak, sukaldeko paper eta paperezko ezpainzapi eta musuzapi zikinak, infusio poltsatxoak, kafe hondar eta iragazkiak, kortxozko tapoiak eta, oro har, konposta egiteko instalazioan konposta daitezkeen material guztiak.

Debeku da materia organikoarekin batera goian aipaturikoak ez diren beste hondakin batzuk uztea, bereziki lorezaintzako egur hondarrak (adarrak, enborrak), lurra, zigarro muturrak eta hautsontzietako hondarrak, animalien gorozkiak, xurgagailua edo erratza pasatu ondoko hondarrak, paper-zapi bustiak, pixoihalak eta konpresak, olioa eta, oro har, ezin konposta daitezkeen material solido guztiak. Debeku da plastikozko poltsak erabiltzea (konpostagarriak ez direnak) materia organikoa uzteko, bai eta solte botatzea ere, Mankomunitateak espresuki baimendu ezean. Debeku da materia organikoa edukiontzi marroitik kanpo uztea.

Papera eta kartoia.

Paperaren eta kartoiaren frakzioan sartuko dira egunkariak, aldizkariak, liburuak, gutun-azalak, propaganda, administrazio papera, kartoizko kaxa eta enbalajeak eta abar.

Debeku da paper edo kartoiarekin batera uztea paper edo kartoi garbia ez diren beste material batzuk, bereziki plastikoak, zumitzak, tetrabrikak, paper zikina, arrandegiko edo harategiko paper zikina eta abar. Debeku da papera eta kartoia edukiontzi urdinetik kanpo uztea.

Ontzi arinak.

Ontzi arinen frakzioan honako hauek sartuko dira: edari ontziak, garbiketa produktuen ontziak, metalezko kontserba potoak, edari latak, jogurt eta gisakoen ontziak, olio eta ozpin ontziak, xanpu, gel eta gisakoen ontziak, plastikozko poltsak, esne, zuku, ardo eta tomate ontziak, sprai potoak, kafe edo ur makinen edalontziak, plastikozko, poliespanezko eta aluminiozko erretiluak, tapa eta tapoiak, opilen edo litxarrerien poltsak, blisterrak, lata eta botila packak finkatzekoak, hortzetako pastaren tuboak eta gisakoak eta, oro har, ECOEMBESen “puntu berdea” daramaten metalezko eta plastikozko ontzi eta tetrabrik guztiak.

Debeku da ontzi arinekin batera uztea ontzi arin garbiak ez diren beste material batzuk, bereziki beirazko ontziak, pertxak, jostailuak, boligrafo eta errotuladoreak, zartaginak, lapikoak eta tresneria, etxetresna elektriko txikiak (plantxak, lehorgailuak, etab.), eta datu, audio edo bideo zintak edo diskoak (CD, DVD, VHS, biniloak). Debeku da ontzi arinak edukiontzi horitik kanpo uztea.

Beirazko ontziak.

Beirazko ontzien frakzioan sartuko dira beirazko botilak, kontserba potoak (kristalezkoak) eta, oro har, ECOVIDRIOren “puntu berdea” daramaten beirazko ontzi guztiak.

Debeku da beirazko ontziekin batera uztea beirazko ontziak ez diren beste material batzuk, bereziki bonbillak eta fluoreszenteak, ispiluak eta leihoak, eta zeramikazko eta kristalezko plater eta edalontziak. Debeku da beirazko ontziak beiraren berariazko edukiontzitik kanpo uztea. Debeku da beirazko ontziak ezarritako ordutegitik kanpo uztea.

Arropa eta ehunkiak eta etxeko beste hondakin batzuk.

Arroparen eta oinetakoen frakzioan sartuko dira denetariko jantziak (kalekoak, kirolekoak, bainukoak, etxe barnekoak, etab.), etxeko arropa (mantak, maindireak, ohazalak, edredoiak, gortinak, eskuoihalak, etab.), erabiltzeko egoera onean dauden oinetakoak, eta askotariko osagarriak (gerrikoak, gorbatak, tiranteak, bufandak, zapiak, eskularruak, poltsak, diru-zorroak, gerriko poltsak, etab.).

Debeku da arroparekin batera uztea arropa erabilia, erabiltzeko egoera onean dauden oinetakoak eta osagarriak ez diren beste material batzuk, bereziki tapizak eta moketak, garbitzekoak (lanbasak, hautsa kentzeko trapuak, baietak, etab.), garbiketan erabiltzen diren trapu eta hariak, eta ehun-denden ebakinak. Debeku da arropa dagokion berariazko edukiontzitik kanpo uztea.

Pila eta metagailuak.

Frakzio honetan sartzen dira mota guztietako pilak eta metagailu eramangarriak, otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan arautzen direnetakoak.

Debeku da pilekin batera uztea kargagailuak eta urrutiko kontrolak (telebistenak, musika ekipoenak). Debeku da pilak dagokien berariazko edukiontzitik kanpo uztea.

Sukaldeko landare olioa.

Frakzio honetan sukaldeko olio erabilia bakar-bakarrik sartzen da, landare jatorrikoa, etxeetan sorturikoa.

Debeku da ibilgailuetarako olio erabiliarekin edo beste zernahi likidorekin nahastea. Debeku da olioa dagokion berariazko edukiontzitik kanpo uztea. Debeku da ontziratu gabeko olioa botatzea edukiontzira.

Errefusa.

“Errefus” frakzioan honako hauek sartuko dira: pixoihalak (haur txikienak eta helduenak), paper-zapi bustiak, konpresak, tanpoiak eta higiene pertsonalerako beste produktu batzuk, xurgagailuaren hondarrak, erraztakinak, bizarra egiteko eta depilatzeko xaflak, kosmetikako txotxak, preserbatiboak, arrandegiko edo harakindegiko paper zikina, loturak, bendak eta gisakoak, boligrafoak, errotuladoreak eta gisakoak, jostailu hautsiak, zeramikazko plater eta edalontziak, zigarro muturrak eta hautsontzietako hondarrak, eta animalien gorozkiak.

Puntuz puntuko bilketan, Mankomunitateak pixoihalen berariazko bilketa ezartzen ahalko du hondakin korronte hori sortzen dutenendako, erabilera esklusiboko edukiontzien bidez edo egoki deritzon beste zernahi sistema erabiliz.

Errefusaren puntuz puntuko bilketa duten udalerrietan, debeku da errefusarekin batera uztea birziklagarria den beste material oro. Hala gertatzen bada, bilketa zerbitzuak hondakinak biltzeari uko egiten ahalko dio, eta erabiltzaileak 24 orduan gehienez kendu beharko ditu bilketa puntutik. Hondakinak kodetutako zaborrontzi batzuetan utziko dira nahitaez. Mankomunitateak emanen ditu zaborrontzi horiek aurretiaz.

Edukiontzien bidezko bilketan, debeku da errefusa uztea frakzio horren berariazko edukiontzitik kanpo. Debeku da errefusa solte botatzea berariazko edukiontzira, ontzi, pakete, kaxa eta gisakoen bidez.

Debeku da errefusarekin batera hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak uztea.

Tamaina handiko hondakinak.

Tamaina handikoen frakzioan honako hauek sartzen dira: altzariak, etxetresna elektrikoak (etxetresna handiak eta txikiak, informatikako eta telekomunikazioko ekipamenduak, kontsumoko gailu elektronikoak, etab.), eta jada balio ez duten etxeko beste gauza batzuk.

Debeku da maneiatzeko bitarteko mekanikoak (garabiak, txirrikak, etab.) behar dituzten hondakinak uztea, edo berehala eraman ahal izateko prest ez daudenak.

Debeku da tamaina handiko gauzekin batera beste edozein hondakin mota uztea, oroz gainetik etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak, pneumatikoak eta ordenantza honen arabera nahitaez jaso beharrekoak ez diren beste hondakin batzuk.

Debeku da gauzak uztea Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek ezarritako egun eta orduetatik kanpo.

“EL CULEBRETE” HONDAKINAK TRATATZEKO
ZENTROAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroaren (aurrerantzean, “HTZ”) funtzionamendua arautzea, bai eta haren instalazioen bidez eginen den zerbitzua ere. Halakoak, hain zuzen, Erriberako Mankomunitatearen (aurrerantzean, “Mankomunitatea”) jabetzakoak dira, eta Tuterako (Nafarroa) NA-160 errepideko 11. kilometroan daude.

Zerbitzua arduratuko da onartzen diren hondakinak jasotzeaz, tratatzeaz, isurtzeaz, manipulatzeaz eta biltegiratzeaz, Erregelamendu honetan zehar ezartzen diren irizpideei jarraikiz.

Horretarako, HTZk honako instalazio hauek dauzka (eranskinetako 1. eta 2. planoetan ageri dira):

1. Industria hondakinak tratatzeko instalazioa.

2. Etxeko ontziak tratatzeko instalazioa.

3. Etxeko errefusa biometanizazioz tratatzeko instalazioa.

4. Hondakin arriskugabeen hondakindegia.

Hondakinaren ezaugarrien arabera, ustiapeneko zuzendaritza teknikoak erabakiko du aurreko instalazioetatik zeinek jasoko duen hondakin hori.

2. artikulua. Erabiltzaileak.

Hauek dira HTZ erabiltzen ahalko dutenak:

–Mankomunitateko kide diren udalak.

–Mankomunitatearen lurralde-esparruan kokaturiko pertsona fisiko edo juridikoak, edo Nafarroako Foru Komunitateko beste mankomunitate batzuetakoak, baldin beren lurralde-esparruan ez badute hondakindegirik edo tratatzeko instalaziorik, aldez aurretik eskaera egin eta baimena eskuraturik.

Aldez aurretik banakako eskaera eginik, Mankomunitateak HTZ erabiltzeko baimena ematen ahalko die aurreko puntuetan sartzen ez diren pertsona edo entitateei.

3. artikulua. Ustiapenaren kudeaketa.

Zuzendaritza teknikoaz arduratuko da une bakoitzean Mankomunitateko hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuak eta tratatzeko instalazioen ustiapena adjudikaturik dauzkan enpresa.

Enpresa horrek ustiapenaren arduradun bat izendatuko du; berak izanen du haren ardura eta men eginen die Mankomunitateko Zuzendaritzaren jarraibideei.

4. artikulua. Tasa.

Mankomunitateak tasa bat ordaintzeko eskatuko die erabiltzaileei. Tasa hori urtez urte ezarriko da, dagokion ordenantza fiskalaren bidez.

5. artikulua. Ordutegia.

HTZren funtzionamendu-ordutegia hau izanen da, erabiltzaileek erabil dezaten:

–Astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara.

–Larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara.

Jaiegunetan ez da da hondakinik onartuko HTZn, salbu eta Mankomunitatearenak berarenak edo kide diren udalenak.

Ez da onartuko hondakinik uztea ezarritako ordutegitik kanpo, salbuespenezko egoeretan izan ezik, eta Mankomunitateak egoerok aldez aurretik baimendurik betiere.

II. KAPITULUA

Hondakinak onartzea eta jasotzea

6. artikulua. Onartzen diren hondakinak.

“El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroan onartzen diren hondakin solidoak dira zentroaren ingurumen baimen integratuan sarturiko LER kodeak dituztenak, eta, oro har, honako hauek:

1. Hiri-hondakin solido arriskugabeak, honako hauek barne harturik: etxeko hondakinak, kale-garbiketako hondakinak, saneamendu sarearen garbiketako hondakinak, inausketen eta lorategien hondarrak, merkataritza jardueretako hondakinak, tamaina handiko hondakinen bilketa-zerbitzukoak, eta hiri-hondakinen parekotzat jo daitezkeen beste hondakin batzuk, dituzten ezaugarriak edo osaera direla eta.

2. Hondeaketa, lur-erauzketa eta lur-mugitzeetatik heldu diren lurrak, harriak, agregatuak eta gainerako materialak.

3. Industria hondakin arriskugabeak.

Hondakindegian lurperatzeko diren 3. apartatuko hondakinek baimen araubide bat izanen dute, Europar Batasunean indarra duen 2003/33/EE Erabakian xedaturik dagoenaren arabera eta irailaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren arabera (Hondakinak Hondakindegietan Bilduz Deuseztatzea arautzen duen Errege Dekretua), batez ere hondakinak onartzeko prozeduraren gaineko 12. artikuluari eta hondakinak onartzeko irizpide eta prozeduren gaineko II. eranskinari dagokienez. Kapituluaren bukaeran aditzera ematen dira aipatu erabakiaren xedapenetatik zeinek ukitzen duten ingurumen konplexuaren kudeaketa.

Gero deskribatzen dira partikularrengandik heldu diren hondakinak onartzeko irizpideak, agiri eta administrazioaren aldetik nahiz kontrol operatiboaren aldetik, lehen jasotakoarekin bat, erakunde ustiatzaileak halakoak onartzeko konpromisoa hartzen baitu.

Eranskin honetan xedatzen dena xedatzen dela, ingurumen baimen integratuan ezarritakoari jarraiki beharko zaio aurrekoa osatzen edo baliogabetzen duen orotan, eta baimen hori nagusituko da betiere.

Nolanahi ere, baimenak kudeatuko dira erregelamendu honen 8. artikuluan xedaturikoaren arabera.

Mankomunitateak ukatzen ahalko du hondakin jakin batzuk onartzeko kontratua, onartzen diren hondakinen artean egon arren, interes publikoari lotutako arrazoiengatik beste kudeatzaile batzuen esku uztea komeni denean.

7. artikulua. Onartzen ez diren hondakinak.

HTZko instalazioetan ez dira onartuko indarreko araudiaren arabera toxiko edo arriskutsutzat sailkaturik dauden hondakinak, ez eta, 2003/33/EE Erabakiari jarraikiz Erregelamendu honetan deskribatutako probak eginik, halakoen arabera onartzekoak ez diren hondakinak ere.

Inondik ere ez dira honako hondakin hauek onartuko:

a) Hondakin erradioaktiboak.

b) Hondakin leherkorrak.

c) Hondakin sukoiak.

d) Meatzaritzatik heldu diren hondakinak.

e) Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik heldu diren hondakinak.

f) Ospitaleetako hondakinak eta hondakin klinikoak, ez badira hiri hondakinekin parekatzen ahal.

g) Hondakin farmazeutikoak eta botikak berak.

h) Hondakin likido edo likatsuak, oro har, kamioi hermetiko edo zisternetan garraiatutakoak.

i) Automobilak.

Ez da onartuko hondakin-materialak deskarga daitezen, nahiz eta aurretiaz baimena izan, baldin egoera hauetako batean badaude:

a) Sutan egotea.

b) 50 ºC-tik gorako tenperaturan egotea.

c) %65etik gorako hezetasuna izatea, salbuespen direla hiriko hondakin uren araztegietatik heldu diren lohiak.

d) Bolumen trinkoetan aurkezturik egotea, edo hondakindegiari esleituriko bitartekoek trinkotzeari gogor egiten dioten blokeetan.

e) Ageriko arrisku berezi bat agertzea, hondakindegiaren edo tratamendu-instalazioen funtzionamendu egokiaren aurkakoa edo langileen segurtasunaren aurkakoa.

Hondakinen titularraren kontura izanen da haiek egokitzea onartzeko moduan jartzeko.

Ez da onartuko hondakinak diluitzea edo nahastea, hondakinak onartzeko irizpideak betetzeko xedez, ez haiek isuri aurretik, ez isurtzen ari diren bitartean.

8. artikulua. Hondakinak onartzeko irizpideak.

HTZn hondakinak onartzeko irizpideek jarraibide hauek izanen dituzte:

1. Orokorrean, aintzat hartuko dira hondakinak hondakindegian onartzeko 2003/33/EE Erabakian ezarri baldintzak.

2. Hondakinaren LER kodea ez da inondik ere izaten ahalko hondakin toxiko edo arriskutsuena.

3. LER kode hori sarturik badago HTZren ingurumen baimen integratuaren onarpeneko kode-zerrendan, berehala onartuko da.

4. Aipatu zerrendan ez badago, eskaera igorriko zaio ingurumen alorreko departamentu eskudunari, onar dezan eta ingurumen baimen integratuan sar dezan.

5. Hondakinak ez badu LER kode zehazturik, edo denborarekin osaeran aldaketak izan ditzakeen hondakina bada (araztegietako lohia, konparaziorako), edo arrazoi teknikoak direla-medio Mankomunitateak hala erabakitzen badu, besterik gabe, lixibiazio analisi bat egin beharko da, hondakinak hondakindegian onartzeko 2003/33/EE Erabakian ezarri baldintzei jarraikiz. Laborategi homologatu batek eginen du analisi hori, eta haren emaitzak ez ditu gainditzen ahalko aipatu erabakian gehienez ezarririko mugak.

Analisia urtez urte egin beharko da berriro, analisia egitea beharrezkoa edo nahitaezkoa izan duten hondakin horiek onartzeko kontratua berritu ahal izateko.

9. artikulua. Hondakinak jaso aurreko baldintzak.

A) Hondakinak onartzeko kontratua eskatzea.

HTZra eramatekoak diren hondakinen sortzaile orok, sorburutik hara eraman aurretik, ezinbesteko baldintza izanen du Mankomunitatearen onarpen konpromiso bat edukitzea, agiri bidezkoa.

Horretarako, onartzeko eskabide bat aurkeztu beharko du, Erregelamendu honen eranskinetako ereduaren araberakoa. Eskabide horretan hondakinen ezaugarriak adieraziko dira, bai eta, beharrezkoa bada, hondakinak hondakindegian onartzeko 2003/33/EE Erabakiari jarraikiz eginiko lixibiazio analisiaren emaitzak ere. Laborategi homologatu batek egina izan beharko du analisiak, eta eskatzailearen kontura.

Beharrezkoa bada analisi hori egitea, sortzaileak analisi proba horiek gutxienez urtean behin egin beharko ditu, egiaztatzeko ea hondakina bat datorren aurretiaz baimenerako ezarri ziren baldintzekin, eta horren emaitzak Mankomunitateari aurkeztu beharko dizkio.

Eskabidean banku-kontu baten zenbakia eman beharko da (20 digitu), HTZn hondakinak uzteagatik aplikagarriak diren tasak helbideratzeko.

Mankomunitateak ikuskapeneko bisitaldi bat egiten ahalko du zentro sortzailean, egoki iritziz gero.

Zalantzarik badago onartzeko aukeraren inguruan, edo eskabideko hondakinaren LER kodea ez badago sarturik ingurumen baimen integratuan, hondakinaren dokumentazio guztia Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentura igorriko da, haren gaineko irizpena eman dezan hondakina onartzeari buruz eta, beharrezkoa bada, ingurumen baimen integratua alda dezan.

Eskabide bakoitza jasotzean, eskaera-zenbaki bat esleituko zaio onartzeko eskatu den eta onartu egin den hondakin bakoitzari.

B) Hondakina onartzeko kontratua.

Mankomunitateak hilabeteko epea izanen du gehienez onarpena eta haren baldintzak adierazteko, agiri bidez, hondakinak tratatzeko kontratu bat sortuz horretarako, onarpen-kode bat izanen duena, edo ukatzeko, bestela.

Onartzeko kontratua izanen da eranskinetako ereduaren araberakoa, eta aurretiaz eginiko eskaera aipatuko du.

Sortzaileak onarpen-agiriaren kopia bat igorriko du ingurumen arloko organora, behar bezala beterik, eta Mankomunitateak agiri horren ale bat gorde beharko du 5 urtez gutxienez.

C) HTZn hondakinak uzteko entregatze agiria.

Behin hondakin baten sortzaileak hondakinak tratatzeko kontratua lorturik, hondakinok HTZn uzten hasten ahalko du.

Hondakinak HTZra garraiatzen diren bakoitzean, hondakin-sortzaileak entregatze agiri bat beteko du, eranskinetako ereduaren araberakoa.

Entregatze agiri horretan adieraziko dira hondakinaren sortzailearen datuak eta hondakinaren LER kodea, bai eta hura HTZn uzten duen garraiolariaren datuak ere.

Horrez gain, sinatu eta zigilatu egin beharko dute, bai sortzaileak, bai garraiolariak.

Agiria Hondakinak Tratatzeko Zentroko baskulan emanen da, eta haren arabera eginen dira pisaldia eta albarana. Hala, albaran-zenbaki bat sortuko da dagokion pisaldiarekin, 3 kopia sorturik, ale bana sortzailearendako, garraiolariarendako, eta Mankomunitatearendako, alegia. Azken kopia hori entregatze agiriari erantsiko zaio, eta hura Mankomunitatearen eskuetan geratuko da, bere sinadura eta zigiluekin.

D) Identifikazio agiria (lehengo kontrol eta jarraipena).

Hondakin-sortzaileak eta garraiolariak hondakinaren identifikazio agiria formalizatu beharko dute HTZra garraiatzeko, Estatuaren barnean hondakinak garraiatzeko arauak ematen dituen martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuan zehaztu bezala.

Garraiolariak agiri horren hiru ale emanen ditu, eta Mankomunitateak hondakina jasotzen duen unean beteko da.

Mankomunitateak ingurumen arloko organora igorriko du kontrol eta jarraipeneko agiriaren kopia bat, eta ale bat gorde beharko du 5 urtez gutxienez.

10. artikulua. Sarreren eta pisuaren kontrola.

Debeku da arras “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentrora sartzea baimenik gabeko pertsona edo enpresarik; zehapena jasotzen ahalko dute.

HTZra sartzen diren guztiek zentroa ustiatzeko arduradunen jarraibideak bete beharko dituzte une oro.

HTZra sartzen diren bisitariek beti egon beharko dute bertako langile kualifikaturen batek lagundurik.

a) Sarbidea.

Ibilgailuak hondakindegira sartzeko sarbide bakarra izanen da Tutera-Fitero NA-160 errepideko 11. kilometroaren parean dagoena. Ibilgailuak sartzeko nahiz ateratzeko erabiliko da.

b) Pisuaren kontrola.

Ibilgailu guztiak kontrolerako etxola dagoen tokitik sartuko dira HTZra. Han zama pisatuko da, bitarteko automatikoak erabiliz.

Etxola hori eta baskula HTZko harrera patioan daude (eranskinetako 3. planoan ageri da kokapena).

HTZra hondakinez zamaturiko kamioi bat iristean, pisatzeko baskulan jarriko da, eta gidariak kontrolerako etxolara joko du, kontroleko langileari hondakinen entregatze agiria emateko, 9. artikuluaren C apartatuan aipatu bezala.

Kontroleko langileak egiaztatuko du ea zuzenak diren entregatze agiriaren alderdi guztiak, eta ea bat datorren bertan aipatzen den hondakinak onartzeko indarreko kontratuarekin.

Langileak pisatzeko softwarean sartuko ditu entregatze agiriaren datuak, eta horrek pisaldiari automatikoki erantsiko dizkio ibilgailuaren matrikula zenbakia eta ibilgailuak zamarekin duen pisu gordina.

Entregatze agirian eskuz idatziko ditu eguna, ordua, hondakinaren norakoa HTZren barnean, pisaldi zenbakia eta pisu gordina.

Garraiolariak, HTZren barnean, langileak esleitutako tokira joanen da, onartzeko kontratuan hondakin horri eman zaion norakoaren arabera.

Behar den norakoan zama hustu eta gero, garraiolariak HTZtik ateratzeko bidea hartuko du; horretarako, ibilgailua kontrolerako etxolaren ondoko baskulan jarri, eta etxolara joko du.

Kontroleko langileak pisatzeko softwarearen bidez –hark ibilgailu hustuaren tara automatikoki hautemanen baitu– behin betiko pisaldi tiketa sortuko du, eta eskuz idatziko ditu entregatze agirian tara, pisu garbia, eta pisaldi tiketaren zenbakia.

Pisaldi tiketaren hiru kopia eginen dira, ale bana garraiolariarendako, hondakin-sortzailearendako (hura ere garraiolariari emanen zaio) eta Mankomunitatearendako, alegia. Azken horrek bere tiketa entregatze agirian josiko du grapaz, eta kontrolerako etxolan bertan artxibatuko da.

Pisaldi tiketak, ibilgailuaren zamaz gain, honako datu hauek jasoko ditu: ibilgailuaren matrikula, garraiolaria, hondakinak onartzeko kontratuaren zenbakia, hondakinen LER kodea, pisaldiaren eguna eta ordua, eta beste ohar batzuk.

Aldi berean, software osagarri baten bidez eta instalaturik dauden bideokameren bidez, pisatzen diharduen langileak hiru argazki hartuko ditu: ibilgailuaren matrikularena, ibilgailuko zamaren goitikako argazki bat, eta hondakinaren hustuketarena, dela isurketa ontzian, dela industria hondakinen instalazioan.

Hiru argazkiok datu base paralelo batean gordeko dira, pisaldi zenbakiari lotuak.

Aurreko guztia gorabehera, hondakinak garraiatzen dituzten ibilgailuek identifikazio agiria eramanen dute, martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuan zehaztu bezala. Pisaldia bukatutakoan, kontroleko langileak identifikazio agiria beteko du garraiolariarendako.

Itxaronaldietan nahiz pisatzean eta sarrera-kontrolean, zehatz-mehatz bete beharko dira zentroa ustiatzeko arduradunek ematen dituzten jarraibideak.

c) HTZn hondakinak uztea bisualki ikuskatzea.

Pisatzeaz gain, hondakin guztien kontrol bisuala eginen dute zerbitzuari atxikitako langileek, bai hondakinak sartzean, bai isurtzean, eta haien argazkiak egiten ahalko dituzte, dokumentatzearren.

Ikuskapen bisual horretarako, lehen bideokamera bat erabiliko da, pisatzeko baskularen gaineko puntu garai batean kokaturik egonen dena, kontroleko langileak, horrela, kamioiak daraman zama ikusi ahal izateko, eta dagokion argazkia egiteko.

Kamera horrez gain, kontroleko langileak, egoki baderitzo, baskularen ondoko plataforma goititua erabiltzen ahalko du, zuzenean ikusteko kamioiaren zama.

Baskulatik iragan, eta ibilgailuak HTZren barnean adierazi zaion norakora joko du. Han ere bideokamerak daude. Zehazki, industria hondakinak tratatzeko instalazioetako harrera eremuan eta hondakindegiko isurketa ontzian.

Kontroleko langileak kamera horiek zuzenean erabiltzen ahalko ditu baskularen etxolatik, egiaztatzeko husten diren hondakinak badirela adierazitakoak eta kontratuaren bidez onartutakoak, eta datu baserako argazkiak hartzeko.

Gainera, instalazioetako harrera nabeetako eta hondakindegiko makinistak berehala jarriko dira harremanetan kontroleko langilearekin, baldin eta ohiz kanpoko zerbait ikusten badute hustu diren hondakinetan.

Era berean, laginak hartzen ahalko dira, eta haien analisia in situ egin, onartutako hondakinak bakar-bakarrik direla, eta ez besterik, egiaztatzearren.

d) HTZn hondakinak uztea ukatzea.

HTZn utzi nahi diren hondakinak ez badatoz bat kontratuaren bidez onartutakoekin, hondakin horiek sortzaileari itzuliko zaizkio. Halaber, ukatze agiri bat sortu, eta Ingurumen Departamentura igorriko da, eranskinetako ereduaren arabera.

Ukatzen ahalko da, bai baskulan bertan, ibilgailua sartzean, kontroleko langileak ikustean hondakinak ez datozela bat, ibilgailua HTZn sartzea ukaturik eta sorburura itzularazirik, bai kamioa hustu ondoren HTZren barneko bere norakoan. Azken kasu horretan, hondakinak berriz ere ibilgailuan zamatuko dira HTZren bitartekoak erabiliz, sortzaileari itzultzeko, eta hark hartuko ditu bere gain eraginiko gastu guztiak.

11. artikulua. Hondakinak uzteko baldintzak.

Hondakinak ez dira onartuko, ez badatoz haien garraiorako berariaz egokitutako ibilgailuetan.

Hondakinen garraioaren edo hustuketaren baldintza eskasak direla-eta, HTZren instalazioetan istripurik gertatzen bada edo kalterik eragiten bazaie ingurumenari edo hirugarren batzuei, hondakinak daramatzan garraiolaria izanen da erantzule bakarra, baita hondakindegiaren esparruaren barnean ere, eta hondakin-sortzailea erantzule subsidiarioa izanen da.

Hondakindegirako sarbideetan edo haren barnean hondakinik erortzen bada garraioaren eta hustuketaren baldintza eskasak direla-eta, gidariak arduratuko dira bildu eta kentzeaz.

Mankomunitateak behar diren bitarteko eta tresnak uzten ahalko ditu gidarien eskura, hondakinak bildu eta ken ditzaten, halakoak erortzen badira, eta erabilitako bitartekoen kostua ordainarazten ahalko die erantzuleei.

Garraiolariak uko egiten badio haren kausaz eroritako hondakinak kendu eta garbitzeari, Mankomunitateak eginen du lan hori, eta horren kostuak garraiolariari egotzizko dizkio, edo hondakinaren titularrari. Horrez gain, 24. artikuluan xedaturiko zehapenak ere ezartzen ahalko dizkio.

III. KAPITULUA

Hondakinen hustuketa eta isurketa

12. artikulua. Egonaldia.

Ibilgailuak nahiz haietan doazen pertsonak zama husteko behar den denboraz bakar-bakarrik egonen dira HTZren barnean.

Ez da aparkaturik uzten ahalko ibilgailurik, edukiontzirik edo antzekorik HTZren barnean, ez badira zerbitzuarenak berarenak, salbu eta matxura edo ezinbesteko kasua gertatzen bada.

13. artikulua. Hondakinak hustea.

Hondakinak husteko, kamioi-gidariek zehatz-mehatz beteko dituzte ustiapenaren arduradunak emaniko jarraibideak.

Hustuketa-lanak eginen dira, betiere, pertsonei ahalik eta eragozpenik gutxiena ekartzeko eta inguruneari ahalik eta gutxiena eragiteko moduan, bereziki hautsa harrotzeari eta zaratak sortzeari dagokionez.

Hondakindegiak eremu bat izanen du ibilgailuek itxaroteko, aztertu beharreko zama daramatenean edo zama husteko itxaron behar dutenean ustiapen beharrengatik, bai eta behin-behinean deskargatzeko eremu bat ere. Ustiapenaren une bakoitzean zehaztuko dira horiek guztiak, eta ustiapenak aurrera egin ahala.

Era berean jokatuko da birziklatzeko instalazioetara eraman behar diren hondakinekin.

14. artikulua. Hustuketarako sarbideen egokitzapena.

Birziklatzeko instalazioek behar bezala zolaturik dauzkate sarbide guztiak.

Aurrera egin ahala eta eremuak zehaztu ahala egokituko dira hondakindegiko hustuketa-eremuetara daramaten sarbideak.

Behar bezala seinaleztaturik egonen dira hustuketa-eremuetarako sarbide guztiak.

IV. KAPITULUA

HTZren kontrola

15. artikulua. Isurketa ontziaren ustiapen plana.

“El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentroak hiru isurketa ontzi dauzka; 1., 2. eta 3. eremuak deritze, eta eranskinetako 4. planoan ageri dira.

1. eta 2. eremuak badaude itxirik eta zigilaturik.

3. eremua, egungo isurketa ontzia, abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren arabera egin zen, eta haren hasierako konposizioa eranskinetako 5. planoan ageri da; 2009. urteaz geroztik ari da ustiatzen.

Oinaldean hiru hodi zulatu dauzka, bertako lixibiatuak bildu eta kanpoko tanga bateraino eramateko.

Urtero, abenduan, isurketa ontziaren jasotze topografiko bat eginen da, urtean zehar bete den edukiera kubikatzeko, bai eta balio-bizitza agortu arte betetzeko dagoena ere. Halaber, horren bidez zehaztuko da ustiatzeko zer metodo erabiliko den hurrengo urtean.

Urte bukaerako egoera zein den, daitekeena da ustiatzeko metodo hori aldatzea, baina honako premisa hauek izanen ditu oinarri betiere:

–Hondakin geruzak gehienez ere 3 metro garai izanen dira, eta 30 metro zabal.

–Luzetara ezarriko dira, isurketa ontziaren hegoaldeko mugaren luzeran.

–Isurketa kota berri bakoitzean, lehen geruza ezarriko da isurketa ontziaren hegoaldeko mugaren luzera osoan, eta hurrengoak harekiko paraleloan ezarriko dira, iparralderantz. Helburua da aurrezigilaturik dauden geruzak karel edo oztopotzat baliatzea material arinak sakabana ez daitezen; izan ere, haize nagusiak iparraldetik hegoaldera doaz bertan.

–Aurreko geruzaren mugatik 30 metrora, lurrezko pezoi bat eginen da luzetara, euri ur garbia desbideratzeko isurketa eremutik kanpora, eta geruza berriaren zabalera zedarritzeko. Lurrezko pezoi horretan marka edo hesola adierazle batzuk egonen dira, 30 metroko tarteetan, aurrezigilatzea errazteko, 16. artikuluan deskribatutako protokoloak ezarri bezala.

Ontzia ustiatzeko era 6. planoan ageri da.

16. artikulua. Isurketa eremuaren behin-behineko zigilatzea.

Egunero, behin-behinean zigilatuko da isurketa eremua; hala, hondakinak onartzeko ordutegia bukatzean, zigilatu gabe geratzen den isurketa frontea 1.000 m² baino gutxiagokoa izanen da, salbuespenezko kasuetan izan ezik (euria, etab.).

Hori segurtatzeko, prozedura honi jarraikiko zaio:

–Isurketa geruzak albo batean aurreko geruza izanen du muga, eta beste alboan, zigilatzeko pezoi bat, lurrezkoa; batetik bestera, 30 metroko zabalera egonen da, gutxi gorabehera.

–Luzetara, 30 metrotik 30 metrora, marka batzuk eginen dira alboko lurrezko pezoian, hondakindegiko makina daramatzan langileak zehatz jakin dezan 900 m² inguruko eremu bat nondik nora doan, eremu hori, hain zuzen, bi markaren artekoa baita.

–Eguna bukatzean, zigilatu gabeko eremua ez da inoiz izanen handiagoa 30 x 30 metroko lauki bat baino.

17. artikulua. Sakabanatzearen kontrola eta garbiketa.

Egunero, material hegalarien ikuskapen bisuala eginen da instalazioetan, hondakindegian eta kanpoaldean.

Sakabanatutako hondakin-materialak garbituko dira egoerak hala eskatzen duenean, eta gutxienez ere astean behin. Arreta berezia jarriko da hondakindegiaren kanpo-perimetroko eremuak garbitzeko.

Material hegalariak ikusten direnean, behar diren langileekin lantalde bat antolatuko da berehala, halakoak poltsetan biltzeko.

Material hegalariak hondakindegitik kanpo aurkitzen direnean, bilketa kamioia eramanen duen lantalde bat antolatuko da, lan horretarako behar diren langileekin.

Aldian behin, bildu eginen dira perimetroko hesiari itsatsitako materialak, une oro ahal den garbiena edukitzearren.

HTZko instalazio guztiak garbituko dira, oro har, bai eta kanpoko eremuak ere, zentroa han egoteak eragiten dien neurrian.

18. artikulua. Lixibiatuen tratamendua.

5. planoan ageri denez, 3. isurketa eremuak badauzka bere oinaldean hiru hoditeria bereizi, lixibiatuak biltzeko, azken horiek kanpoan dagoen hormigoizko tanga bateraino (50 m³) eramaten dituztenak.

Ontziko lixibiatuak kontrolatzeko instalazioak 7. eta 8. planoetan ageri dira. Hona hemen nola eginen den kontrol hori:

1. Gehienez ere 30 egunean behin, ontziko lixibiatuak aterako dira. Horretarako, hodiak ixteko giltzak ireki, eta tanga beteko da. Lixibiatuak handik zisterna kamioietara pasatu, eta kanpoko kudeatzaile batera eramanen dira, edo ingurumen baimen integratuaren arabera erabiliko dira.

2. Dagokion egoera-orrian (eranskinetan) honako hauek jasoko dira: lixibiatuak zer egunetan atera diren, egun bakoitzean zenbat zisterna atera diren, eta lixibiatuez zein kudeatzaile baimendun arduratuko den.

19. artikulua. Piezometroen kontrola.

HTZan 9 piezometro daude instalaturik; horietako 8, (P1-P8) isurketa eremuen inguruan, 4. planoan ageri denez, eta azkena (P9) biometanizazioz tratatzeko instalazioko ur zikinen eta ur garbien idoien ondoan (2. planoan ageri da).

Hona hemen nola eginen den horien kontrola:

1. 9. piezometroa, biometanizazioz tratatzeko instalazioko idoietatik uretan behera, astero kontrolatuko da, urik ez daukala egiaztatzeko; edukiko balu, idoietan jarioa dagoen seinale litzateke. Kontrol hori dagokion egoera-orrian jasoko da (eranskinetan).

2. 1.-4. piezometroak ustiatzen ari den II. ontziarenak dira, eta hiru hilean behin haietatik laginak hartuz kontrolatuko dira, gero analizatzeko; 5.-8. piezometroak, bestalde, jada itxitako I. eta II. ontzienak dira, eta sei hilean behin kontrolatuko dira.

3. Laginei eginiko analisiek bete beharko dituzte zentroaren ingurumen baimen integratuan eskatzen diren parametroak.

4. Zortzi piezometroez gain, eta haiekin batera hiru hilean behin, laginak hartuko dira honako zerrenda honetan ageri direnen azaleko uretatik:

TOKIA

UDALERRIA

LURZATIA

X KOORD.

Y KOORD.

OHARRAK

S1

Idoia

Tutera

46

447

604917

4657376

Aziendendako idoia

S2

Idoia

Tutera

46

472

606797

4657051

Balsa de Pulguer

Horiek, hain zuzen, bat datoz plano honetan ageri diren idoiekin:

L2014367_0.pdf

5. Azaleko ur horien analisiek piezometroen parametro berak bete beharko dituzte, salbu eta sakonerari dagokionez.

20. artikulua. Biogasaren erauzketa.

Lehen aipatu denez, HTZn badaude bi isurketa ontzi itxi eta zigilaturik, 4. planoko 1. eta 2. eremuak, hain zuzen ere.

Bi eremuok zeinek bere sare bereizia dute biogasa biltzeko, huts ponpa batzuei konektaturik, horiek ere bereiziak. Irteeran badauzkate, halaber, erauzitako emariaren neurgailu bat eta metano kontzentrazioaren analizagailu bat.

Hona hemen nola desgasifikatuko diren aipatu bi eremuak:

1. Gutxienez astean 5 aldiz erauziko da biogasa zigilaturik dauden eremuetatik; bi aldiz 1. eremutik, eta hiru aldiz 2. eremutik.

2. Lortutako emaitzekin, erauzketaren egoera-orria beteko da (eredua eranskinetan ageri da).

Egoera-orri horretan, besteak beste, honako datu hauek jasoko dira: zein eremutan egin den erauzketa, zenbat m³ erauzi diren, erauzitakoaren konposizioa, eta zer depresio neurtu den erauzketa-eremuko hiru tximiniako bakuometroetan, egun batetik bestera tximiniak aldaturik.

3. 1. eremutik erauzitako gasak oso metano gutxi dauka, hori baita eremu zigilatu zaharrena; hartara, gas hori zuzenean zuzira bideratuko da, erre dadin. 2. eremukoa ere zuzian erretzekoa izanen da, metano gehiago daukan arren, elektrizitatea ekoizteko orain ditugun baimenek ez baitigute bide ematen ekoizpena handitzeko. Zehatzago aztertuko da 2. eremuko biogasaren konposizioa, ea aprobetxa daitekeen elektrizitatea ekoizteko.

21. artikulua. Suteen prebentzioa eta kontrola.

Suteak itzaltzeko plan bat izanen da.

Suak itzaltzeko prebentzio neurri gisa, lur erreserba bat gordeko da. Erreserba hori ustiapen frontetik hurbil egonen da, eta irisgarria izanen da zamatzeko eta garraiatzeko ibilgailuentzat.

Barne errekuntzaren aztarnarik hautematen bada hondakin multzoaren barnean, berehala ekinen zaio itzaltzeari.

Sua itzaltzeko zisterna kamioiak prest egonen dira hondakindegiko zernahi tokitara iristeko.

V. KAPITULUA

Betebeharrak eta zehapenak

22. artikulua. Betebeharrak eta erantzukizunak.

Erregelamendu honen testuan zehar jaso diren betebeharrez gain, HTZn uztekoak diren hondakinak sortzen eta garraiatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak beharturik daude Mankomunitateari edo enpresa ustiatzaileari ematera hark beharrezkoa deritzon informazioa, segurtatzeko hondakinen garraio eta tratamendurako ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta xede bererako ikuskapena, laginketa eta gainbegiratzea ahalbideratzera ere.

Erregelamenduan ezarritako betebeharrak ez betetzeak dakartzan erantzukizunak hondakinen sortzaileari eta garraiolariari eskatzen ahalko zaizkie, solidarioki.

23. artikulua. Arau-hausteak.

Erregelamendu honek arautzen dituen gaiei dagokienez, arau-hauste administratiboak dira erregelamenduaren edukia osatzen duten arauen aurkako egiteak edo omisioak.

–Arau-hauste oso astunak honako hauek dira:

a) Erregelamendu honen 7. artikuluan adierazitakoaren arabera onartzen ez diren hondakinak isurtzea.

b) Bi arau-hauste astun egitea urtebetean.

–Arau-hauste astunak honako egite edo omisioak dira:

c) Aurretiaz baimena izan arren, 7. artikuluan aipaturiko ezaugarriren bat agertzen duten hondakin-materialak hustea.

d) Uko egitea oker isuritako hondakinak kentzeari eta garbitzeari.

e) Hondakinak diluitzea edo nahastea.

f) Ez betetzea eskatutako informazioa Mankomunitateari emateko betebeharra, hondakinen izaerari, kantitateari edo sorburuari buruz, edo datu faltsu edo iruzurrezkoak ematea.

g) Ikuskapeneko, laginak hartzeko eta gainbegiratzeko lanak oztopatzea, era aktiboan zein pasiboan.

–Arau-hauste arinak honako egite edo omisio hauek dira:

h) Hondakinak Tratatzeko Zentroan sartzea nahitaezkoa den baimena izan gabe.

i) Isurketa eremuan edo tratamendu-instalazioetan hondakinak bilatzea edo manipulatzea, salbuetsirik zerbitzuari atxikitako langileek egiten dituzten tratamendu-lanak.

j) Arduradunaren jarraibideei kasu ez egitea HTZ erabiltzean.

k) Erregelamendu honetan ezarritakoa urratzen duen egite edo omisio oro.

24. artikulua. Zehapenak.

Erregelamendu honen nahiz sektore-araudiaren aurkako arau-hausteei dagokienez, zehapenak ezarriko dira honako eskala honi jarraikiz:

–Arau-hauste oso astunak: 1.000 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna, eta isurtzeko baimena indargabetzea, halakorik izanez gero.

–Arau-hauste astunak: 200 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste arinak: 200 euro bitarteko isuna.

Zehapenak ezartzean, aintzat hartuko da nahitakotasuna edo errepikatzea egon den ala ez eta eraginiko kalteek zer izaera duten.

Nolanahi ere, ezarritako zehapenak gorabehera, arau-hausleak gauzak jatorriko egoerara lehengoratu beharko ditu, eta jabari publikoko ondasunetan eragindako kalteak ordaindu, Udalaren zerbitzu teknikoak horiek balioztatu ondoren.

Zehatzeko ahala erabiltzeko, dagokion espedientea hasi eta bideratu beharko da, aplikatzekoak diren legezko eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoaren arabera. Aurreikusitako zehapenak ezartzea Korporazioko alkate-udalburuari dagokio.

Erregelamendu honetan jasotako edozein zehapen ezartzeak ez du galarazten zehatuak izan lezakeen erantzukizun zibila edo penala.

ERANSKINAK

Ereduzko agiriak.

1.–Hondakinak onartzeko eskaera agiria.

2.–Hondakinak onartzeko kontratua.

3.–Hondakinen entregatze agiria.

4.–Hondakinak uztea ukatzeko agiria.

5.–Lixibiatuak.

Eredu guztiak deskargatu (PDFa).

Planoak.

1. planoa.–”El Culebrete” HTZ.

2. planoa.–Eraikinak.

3. planoa.–Sarrera-kontrola.

4. planoa.–Isurketa eremuak.

5. planoa.–3. eremua.

6. planoa.–Ontziaren ustiapena.

7. planoa.–Lixibiatuen bilketa.

8. planoa.–Lixibiatuen tanga.

Plano guztiak deskargatu (PDFa).

MANKOMUNITATEAREN GARBIGUNEEN ERABILERARI ETA ZERBITZUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

Xedea.

Erregelamendu honen xedea da diseinua eta funtzionamendua arautzea Erriberako Mankomunitatean zerbitzua egiten duten garbiguneetan.

Instalazio hauek sailkatzen dira garbigunetzat:

a) Garbigune finkoak.

b) Garbigune mugikorrak.

c) Ekarpen eremuak.

Definizioak.

Garbigune finkoa da instalazio bat langile batzuen ardurapean dagoena ordutegi jakin batean, bizilagunek etxeko hainbat hondakin mota utz ditzaten, batez ere edukiontzietara bota ezin daitezkeen hondakinak, arriskugarritasuna edo ezaugarri fisikoak direla eta.

Garbigune mugikorra da ibilgailu bat udalerriz udalerri joaten dena, aurretiaz ezarritako egun eta ordu batzuetan, bizilagunek utz ditzaten garbigune finkoetan utzi ohi diren hondakin mota berak, salbuespen batzuekin, pisua edo bolumena dela eta.

Ekarpen eremua da sarbide murriztuko orube bat, arreta pertsonalik gabekoa, tamaina handiko hainbat edukiontzi dauzkana, zenbait etxeko hondakin, oso zehatzak, uzteko.

Erabiltzaileak.

Mankomunitateko udalerrietako bizilagunek erabiltzen ahalko dituzte garbigune mota horiek guztiak; izan ere, halakoek etxeko hondakinak biltzeko zerbitzua ematen dute bakar-bakarrik.

Inondik ere ez dituzte garbigune horiek erabiliko saltokiek edo industriek. Horiek beren kabuz eraman beharko dituzte hondakinak “El Culebrete” Hondakinak Tratatzeko Zentrora, aldez aurretik hondakinak onartzeko kontratua eskaturik.

Garbigune finkoak.

Garbigune finkoak eraturik daude hormigoizko prefabrikatuen modulu-sistema baten bidez; horrela, 2,5 m goitituriko plataforma bat sortzen da, eta azken horretara arrapala batetik irits daiteke ibilgailuz.

Plataforma goitituaren alboetan metalezko edukiontziak instalatzen dira, 20 m³-koak, eta erabiltzaileek haietara bota ditzakete ekartzen dituzten hondakinak.

Edukiontziok material hauek jasotzeko erabiliko dira batez ere, etxeetatik heldu direnak bakar-bakarrik:

1. Inausketen eta lorategien hondarrak.

2. Obra txikien eraikuntza hondarrak.

3. Tamaina handiko hondakinak, mota guztietakoak.

Garbigunearen plataformaren azpian, modulu prefabrikatuz egina denez, biltegi bat gelditzen da, 100 m² baino gehiagokoa, eta hantxe utziko dira garbiguneak onartzen dituen gainerako hondakinak.

Garbigunea ustiatzeko arduradunek garbigune finkoko sarrera zainduko dute horretarako ezarritako orduetan.

Langile horien eskudantziak, erabiltzaileei dagokienez, honako hauek izanen dira:

a) Hondakinak uzteko aholku ematea.

b) Garbiguneko instalazio osoa txukun eta egoera onean edukitzea.

c) Debekatzea onartzen ez diren materialak uztea.

d) Erabiltzaileen eta materialen onarpen- eta sarrera-erregistroa eramatea.

e) Idatziz jasotzea ibilgailuaren matrikula eta utzitako hondakinaren sorburua, kantitatea eta mota.

f) Materialen irteera- eta helmuga-erregistroa eramatea.

Garbigune finkoko hondakinen onarpen- eta irteera-erregistroa izanen da erregelamendu honen 2. eranskinean ageri dena.

Garbigune mugikorrak.

Garbigune mugikorrak furgoneta gisako ibilgailu batzuk dira, karrozerian hondakin mota bakoitzerako konpartimentuak dauzkatenak, aurretiaz ezarritako egutegi bat betez Mankomunitateko udalerrietan kokatzen dena, egun eta ordu jakinetan, aurretiaz ezarri diren tokietan.

Furgonetaren gidariak berak ematen du arreta garbigune mugikorreko hondakin bilketarako, eta honako eskudantzia hauek ditu:

Langile horien eskudantziak, erabiltzaileei dagokienez, honako hauek izanen dira:

a) Hondakinak uzteko aholku ematea.

b) Garbigune mugikorra txukun eta egoera onean edukitzea.

c) Debekatzea onartzen ez diren materialak uztea.

d) Erabiltzaileen eta materialen onarpen- eta sarrera-erregistroa eramatea, utzitako hondakinaren sorburua, kantitatea eta mota jasota.

Lanaldia bukatutakoan, garbigune mugikorra El Culebreteko garbigune finkora joanen da, eta han utziko ditu bilduriko hondakinak. Kontrola eramanen da bildu eta utzitakoei buruzko egoera-orri baten bidez, erregelamendu honen 2. eranskinean ageri den ereduaren arabera.

Ekarpen eremuak.

Eremuok sortu eta egiteko, udal bakoitza eta Mankomunitatearen zerbitzu teknikoak koordinatuko dira.

Eremuak sarrera murriztuko orube batean kokatuko dira. Hau da, hesiz edo hormaz itxiko da, eta sarbideko atea itxita edukiko du.

Orubea eta sarbideko atea neurri egokikoak izanen dira, edukiontziak behar bezala jarri ahal izateko, bilketa kamioia haietaraino iristeko, eta behar diren maniobrak egiteko edukiontziak kentzen eta jartzen direnean.

Ekarpen eremu bakoitzak, oro har, 3 edukiontzi edukiko ditu gehienez, 20 m³ ingurukoak eta gutxi gorabehera 6x2,5 m-koak.

Eremuek une oro edukiko dute sarbideko atea itxita.

Bizilagunen batek hondakinak utzi nahi baditu eremuetako batean, bere Udalera jo beharko du, eta horretarako eskaera egin.

Udalean erabiltzailearen datuak jasoko dira, erregelamendu honen 2. eranskineko egoera-orriaren arabera, eta eremuan sartzeko modua emanen zaio.

Udal zerbitzuek ikusten dutenean edukiontziren bat beterik dagoela eremu batean, horren berri emanen diote Mankomunitateari, beteen ordez edukiontzi hutsak jartzeko.

Udal bakoitzak ezarritako funtzionamendu-ordutegia izanen dute eremuek kasuan kasuko udalerrian.

Sarrera-kontrola.

Debeku da arras baimenik gabeko inor garbiguneetan sartzea; zehapena jasotzen ahalko du. Instalaziotik ateratzeko eskatzen ahalko zaio horiek behar bezala erabiltzen ez dituen orori.

Garbiguneetara sartzen diren kanpoko guztiek zehatz bete beharko dituzte garbigunea ustiatzeko arduradunen jarraibideak, edo Udalarenak, ekarpen eremuetan.

Garbigunea ustiatzeko arduradunek garbigune finkoko sarrera zainduko dute horretarako ezarritako orduetan.

Erabiltzailearen erantzukizuna eta betebeharrak.

Une oro, erabiltzaileak garbiguneko arduradunen jarraibideak beteko ditu, edo Udalarenak, ekarpen eremuetan.

a) Bertako langileei emanen die zerbitzuak ongi funtziona dezan eskatzen dioten beharrezko informazioa (hondakinaren sorburua, mota, gutxi gorabeherako kantitatea, identifikazio datuak, etab.).

b) Material bakoitza dagokion edukiontzian utziko du, haien izaera kontuan hartuz eta txukunki.

c) Hondakinak deskargatuko dira ahalik eta eragozpenik gutxiena sortzeko moduan, bereziki zaratak sortzeari dagokionez.

d) Hondakinak utzi ondoan, eremua garbituko du, beharrezkoa bada.

e) Behar bezala gidatuko du, abiadura egokian, eta sarbidea une oro libre utzirik; erabiliko diren ibilgailuen gehieneko pisu baimendua 3.500 kilogramotik beherakoa izanen da.

f) Astean ez du utziko 2 m³ edo 750 kg hondakin baino gehiago, Erriberako Mankomunitateak espresuki eta idatziz baimena eman ezean.

Garbiguneetara hondakinak uzteko joaten diren ibilgailuei pisu kontrola pasarazten ahalko zaie, kantitatearen eta motaren araberakoa.

Erabiltzaileek, arrazoi justifikatuak direla-eta, pisatzeaz arduratzen diren langileei eskatzen ahalko diete baskularen kalibrazioaren ziurtagiria, enpresa homologatu batek emana, edo utziko den hondakin motarena.

Berrerabilera.

Garbiguneetan egoten ahalko da erabiltzaileek utzitako gauzak eta tresnak berrerabiltzeko eremu bat (tamaina handiko hondakinak, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak, etab.), kontserbazio eta erabilera egoeragatik berriz erabiltzeko moduan daudenen kasuan.

Garbiguneetan jasoriko aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei azterketa bat eginen zaie birziklatze instalazioetara eraman aurretik, lehentasuna emanez berrerabilerarako konponketari, bat etorriz Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

Mankomunitateko erabiltzaileek dohainik eskuratzen ahalko dituzte horiek. Inondik ere ez dira saltzen ahalko irabazteko asmoz hirugarren batzuen bidez, Erriberako Mankomunitateak espresuki horretarako baimena eman ezean.

Zerbitzuaren erabiltzaileek, horretarako, hartzeko eskabidea eginen diote Mankomunitateari, eta justifikatu beharko dute gauza eta tresnak norberak erabiltzeko izanen direla.

Mankomunitateak eskatzen ahalko du aurkezteko, xedapen honen ondorioetarako, Mankomunitatearen esparruan egiazki bizitzea egiaztatzen duen agiriren bat.

Aukeran dauden gauzen banaketa bidezkoa izan dadin, mugatzat jartzen da astean bi gauza txiki hartzea (liburuak, jostailuak, etab.), edo gauza bakarra tamaina handiagokoak badira (bizikletak, altzariak, etab.) edo etxetresna elektrikoak badira (telebistak, erradiadoreak, irratiak, etab.).

Ikusten bada inork etengabe hartzen dituela gauzak ezarritako mugara hurbilduz, Mankomunitateak erabiltzaileari eskatzen ahalko dio agiri bidez justifika dezala hartutako ondasunen erabilera pribatibo egokia. Bestela, ukatu eginen zaio material berrerabilgarrien eremura sartzea.

Nolanahi ere, erabiltzaileek betiere izanen dute debekatua sartzea eta gauzak hartzea, baimenik ez badiete eman aurretiaz garbiguneko arduradunek.

Kantitateak eta mugak.

Garbigune finkoetan, garbigune mugikorretan eta ekarpen eremuetan erabiltzaile bakoitzak uzten ahalko duen hondakin bolumena egonen da mugaturik astean 2 m³-ra eta/edo 750 kg-ra. Hondakin-sortzaile batzuen kasu berezietan, Mankomunitateak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, muga horiek handiagotuz edo txikiagotuz bolumenaren zein pisuaren aldetik, egoera berezi hori justifikaturik baldin badago.

Garbigune finkoetan, 3.500 kg-tik beherako gehieneko pisu baimendua duten ibilgailuak bakarrik sartzen ahalko dira plataformara.

Garbigune mugikorretan, aldi bakoitzean utzitako bolumen eta pisua ez da izanen 100 litrotik eta 25 kilogramotik gorakoa.

Onartzen diren hondakinak.

1. eranskinean zehazten da zer hondakin onartzen diren deskribaturiko garbigune mota bakoitzean.

1. ERANSKINA

Garbigune mota bakoitzean onartzen diren hondakinak

Hurren, zehaztu egiten da zer hondakin onartzen diren garbigune mota bakoitzean; betiere, lehen aditzera eman den bezala, erabiltzaile bakoitzak uzten ahalko duen hondakin bolumena egonen da mugaturik astean 2 m³-ra eta/edo 750 kg-ra.

Garbigune finkoak.

1.–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak:

–Aparatu elektriko eta elektronikoak: etxetresna elektrikoak, ordenagailuak, etab.

–Material informatikoa: inprimagailuak, CDak, tonerrak, telefono mugikorrak, etab.

–Fluoreszenteak eta kontsumo txikiko lanparak, goritasun-bonbillak, beira laua, oro har, eta zeramika.

2.–Tamaina handiko hondakinak: koltxoiak, somierrak, altzariak, etab.

Inausketen eta lorategien hondarrak.

Etxeko obretatik heldu diren obra-hondakin txikiak, egunean 1 m³ gainditu gabe, “obra txikiak” deitutakoetan sortuak bakar-bakarrik, hau da, martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 3.d) artikuluan honela definitzen diren horietan:

d) Etxeetako eraikitze eta konpontze obra txikiak: etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi txikikoak; haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik.

Etxeetako sukaldeko landare olioa.

Motorretarako olio mineral sintetikoak: iragazkiak, latak, etab.

Aerosolak.

Produktu kimikoak: azidoak, baseak; kloroa, merkurioa, etab.

Ezkoak, koipeak eta produktu erregaiak.

CDak eta DVDak.

Disolbatzaileak, izotz kontrakoak, freno-likidoak.

Etxeko ontziak eta ontzi kutsatuak.

Fitosanitarioak.

Botikak, erradiografiak eta xiringak.

Pilak, bateriak (elektrikoak eta automobiletakoak).

Pinturak (lakak, bernizak, kolak).

Garbiketa produktuak.

Arropa, oinetakoak eta ehunkiak.

Tonerrak, tintak eta inprimagailuko zintak.

Onartzen diren beste hondakin batzuk.

Garbigune mugikorrak.

Garbigune finkoetan onartzen diren hondakin guztiak, salbu 1., 2., 3. eta 4. puntuetakoak.

Ekarpen eremuak.

Eremuetako hiru edukiontzietan uzten ahalko dira, bereizirik eta ezarrita dauden baldintzetan, honako hondakin hauek:

1. Etxeko obretatik heldu diren obra-hondakin txikiak, egunean 1 m³ gainditu gabe, “obra txikiak” deitutakoetan sortuak bakar-bakarrik, hau da, martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 3.d) artikuluan honela definitzen diren horietan:

d) Etxeetako eraikitze eta konpontze obra txikiak: etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi txikikoak; haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik.

2. Tamaina handiko hondakinak, etxeetatik heldu direnak bakar-bakarrik, barne direla aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak, alegia, tamaina guztietako aparatu eta etxetresna elektrikoak.

3. Inausketen eta lorategien landare hondarrak.

2. ERANSKINA

Egoera-orriak

Garbigune finkoen egoera-orria.

Garbigune mugikorren egoera-orria.

Ekarpen eremuen egoera-orria.

Egoera-orrien ereduak deskargatu (Excela).

Iragarkiaren kodea: L2014367