17. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MONCAYOKO UR MANKOMUNITATEA

Aldaketak ordenantza fiskalean, zeinaren bidez arautzen baitira tasak/prezio publikoak ur hornidurarako, estolderia eta saneamendurako, arazketarako eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jardueretarako. Behin betiko onespena

Moncayoko Ur Mankomunitateko Zuzendaritza Kontseiluak, 2020ko urriaren 1ean egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea 2021erako ordenantza fiskala, zeinaren bidez arautzen baitira tasak eta/edo prezio publikoak ur hornidurarako, estolderia eta saneamendurako, arazketarako eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jardueretarako.

Iragarkia argitaratu zen 2020ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 27an, eta inork ez du aurkeztu erreklamaziorik, kexarik edo oharrik espedientearen kontra, horretarako ezarritako hogeita hamar egun balioduneko epean.

Horiek horrela, aldaketak behin betiko onetsi dira 2021ean aplikatuko diren ordenantzetan, tarifetan eta igorpenetan, eta indarra hartuko dute 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Corellan, 2021eko urtarrilaren 8an.–Mankomunitateko burua, Ramón Martínez Zardoya.

MONCAYOKO UR MANKOMUNITATEA

ORDENANTZA FISKALA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITIRA TASAK/PREZIO PUBLIKOAK UR HORNIDURARAKO, ESTOLDERIA ETA SANEAMENDURAKO, ARAZKETARAKO ETA URAREN ZIKLO INTEGRALAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAINERAKO ZERBITZU ETA JARDUERETARAKO

I. TITULUA

Moncayoko Ur Mankomunitatearen tasak/prezio publikoak, zerikusia dutenak uraren ziklo integralarekin

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskalaren titulu honetako tasak/prezio publikoak ezarri dira bat etorriz Nafarroako toki entitateei aplikatu beharreko araudi fiskalak entitate horiei emandako ahalmenekin, eta haien babesean.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Titulu honen xedeko tasek/prezio publikoek oinarri dute honako zerbitzu hauek ematea: beheko ur hornidura eta saneamendua, eta horrekin eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako jarduerak eta zerbitzuak. Beraz, ezartzen diren ordainarazpenak, izaera fiskalaren ikuspegitik, dira tasak/prezio publikoak, dagozkionak hainbat zerbitzu eta jarduera emateari edo egiteari, hain zuzen ere aipatzen direnei Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan.

III. KAPITULUA

Aplikazio-eremua

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da une bakoitzean Moncayoko Ur Mankomunitatean dauden udalerrien mugarteetan.

IV. KAPITULUA

Zerga-egitatea.

4. artikulua. Zerga-egitatea da ordenantza honek araututako zerbitzuak eskura izatea edo eskuratu ahal izatea, edo jarduerak erabiltzea edo erabili ahal izatea. Horiek behar diren tasak/prezio publikoak sortzen dituzte eta, banan-banan, hauek dira:

a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskura izatea eta haren mantentze-lanak (*).

b) Herriko saneamendu eta estolderia sareak eskura izatea eta haien mantentze-lanak (*).

c) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabiltzea. Tasa aldatzen ahal da uraren erabileraren edo helburuen arabera, eta tarifa konbinatuak ezarriko dira baldin urari erabilera desberdinak ematen bazaizkio eta neurgailua bakarra bada.

d) Saneamendu zerbitzuaren erabilera. Tasa desberdina izaten ahal da, erabileren, xedearen eta mantentze-lanen kostuaren arabera.

e) Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa behin betiko kontratatzeko, beharrezkoak diren jarduketak gauzatzeko zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea (lotune kuota).

f) Hargunea izateko eskubideak, banaketa sareekin lot daitezen edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa. Hor sartzen da hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak fisikoki eskura izatea bera.

g) Behin-behineko horniduretarako izen emateak.

h) Ikuskapena, Mankomunitateko langileek egiten dutena, egiaztatzeko arauak zehatz-mehatz betetzen diren, ordenantzetan araututakoa urratzen den kasuetan.

(*) “Hornidura eta saneamendu zerbitzuen eskuragarritasuna eta mantentze-lanak” kontzeptuen zenbatekoaren hobaria (ordenantzaren 4.a eta 4.b artikulua), hornidura kontratuen ordainagirietan, baldin titularrak Mankomunitateko udalak badira.

5. artikulua. Mankomunitateak behar diren prezioak ezarriko ditu harguneetako lanak finantzatzeko, bai edateko uraren hornidura sareetakoak, bai hondakin uren hustuketa sareetakoak; orobat, prezioak ezarriko ditu kontagailuak prezintatzeko, egiaztatzeko, ezartzeko eta berritzeko, baldin lan horiek Mankomunitateak berak egiten baditu.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

6. artikulua. 1. Subjektu pasibotzat hartuko dira, ordenantza honetan ezarritako tasak/prezio publikoak ordaintzera behartuak –zergadun diren aldetik–, jasotzen dutenak ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jardueren onura, erreala edo ahalezkoa, edo haien eragina, izan pertsona fisikoak edo juridikoak izan entitateak, baldin nortasun juridikorik izan gabe ere eratzen badute entitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat zeinak zerga jasan dezakeen.

Zehazki, ordaintzera beharturiko subjektu pasiboak honako hauek dira:

a) Ordenantzen 4. artikuluaren a), b), c), d), e) eta g) apartatuetan ezarritako tasa/prezio publikoetarako, hornidura kontratuaren titularra.

b) 4. artikuluaren f) apartatuan zehaztutako tasarako, subjektu pasiboa izanen da hargunearen eskatzailea.

c) Ordenantzen 4. artikuluaren h) apartatuan zehaztutako tasa/prezio publikoetarako, edateko uraren hornidurarako eta/edo hondakin uren hustuketarako kontratuaren titular diren pertsona natural edo juridikoak, araua hautsi dutenak.

Abonaturik ez dagoenean, subjektu pasiboak izanen dira ikuskatu diren lur, eraikin, establezimendu, zentro, egoitza eta gainerako higiezinen jabeak, baldin zehapena ekarri duen jarduketaren onura jaso badute.

2. Zerbitzua zer finka edo eraikinetan egiten den, haiexen jabeak izanen dira zergadunaren ordezko. Zerbitzuaren onuradunak beste batzuk badira, jabeek haiei kobratzen ahalko dizkiete kuotak.

3. Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahalko zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo.

Ordaintzeko borondatezko epea bukatuta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira. Norbaitek eskuratu nahi badu ustiategi edo ekonomia jarduera baten titulartasuna, eskubidea izanen du Mankomunitateari eskatzeko kasuan kasuko jardueran edo ustiategian aritzearen ondoriozko tributu-zorren ziurtagiri zehatza, titularrak aldez aurretik baietza emanda.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

7. artikulua. 4. artikuluko zerrendan aipatutako zerga-egitateetan, hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:

a) 4. artikuluaren a) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, kontagailuaren diametroaren araberakoa. Kuota horri gehituko zaio Mankomunitatearenak diren kontagailuen alokairu-kostua, eta kostu hori, aipatutako kasuan, izanen da kuotaren zati bereizezina.

b) 4. artikuluaren b) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, hornidurako kontagailuaren diametroaren eta erabilera motaren araberakoa.

c) 4. artikuluaren c) eta d) apartatuetan ezarritako zerga-egitaterako: ur kopuru kontsumitua, metro kubikotan, neurtua kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez.

d) 4. artikuluko e) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, ezarri beharreko kontagailuaren diametroaren araberakoa, edo ezarrita dagoen kuotaren eta ezarriko den kuotaren arteko aldea, baldin diametroa handitu behar bada, nahita edo teknikoki beharrezkoa delako.

e) 4. artikuluaren f) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, hornidurako diametroaren arabera, edo diferentzialaren arabera, handitu behar bada. Kuota horri aplikatuko zaizkio koefiziente zuzentzaileak, eranskinean ezarritako erabileren arabera.

f) 4. artikuluaren g) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: ur kopuru kontsumitua, metro kubikotan, neurtua kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez.

g) 4. artikuluko h) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: egindako ikuskapen kopurua.

VII. KAPITULUA

Tarifak

8. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, Moncayoko Ur Mankomunitateko Zuzendaritza Kontseiluak finkatuko du zer tarifa aplikatu tasa/prezio publikoetako zerga-oinarriei, ekitaldi bakoitzean.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuotak

9. artikulua. Tasa bakoitzaren tributu-kuota izanen da zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza.

10. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean, aplikatuko dira legeek une oro finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

11. artikulua. Soilik onartuko dira Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespenak, eta indarrik gabe gelditzen dira bestelako deskontuak, eratortzen direnak Nafarroako Gobernuak, Mankomunitatean sarturik dauden toki entitateek edo beste edozein entitatek edo erakunde publikok hartutako erabakietatik edo egindako jarduketa orotik.

X. KAPITULUA

Sortzapena

12. artikulua. Ordenantza honek finkatzen dituen tasak/prezio publikoak sortuko dira honako arau hauei jarraikiz:

1. Ordenantzaren 4. artikuluko a) eta b) apartatuetan ezarritako tasak/prezio publikoak, sortzen direnak hiruhileko bakoitzaren lehenbiziko egunean, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztientzat.

2. Ur kontsumoa egiten den unean sortuko dira 4. artikuluaren c), d) eta g) apartatuetan ezarritako tasak/prezio publikoak.

3. Edateko uraren hornidura edo/eta hondakin urak husteko kontratua sinatzen den unean sortuko dira 4. artikuluaren e) apartatuan ezarritako tasak/prezio publikoak.

4. Edateko uraren hornidura sare orokorrari edo/eta hondakin urak hustekoari lotzeko baimena ematen den unean sortuko dira 4. artikuluaren f) apartatuan ezarritako tasak/prezio publikoak, bat etorriz Uraren ziklo integrala arautzen duen ordenantzarekin.

5. Ordenantzaren arau-haustea eginez gero, baimendutako langileek ikuskapena edo egiaztapena egiten duten unean sortuko dira 4. artikuluaren h) apartatuan ezarritako tasak/prezio publikoak.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

13. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak/prezio publikoak arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1. Ordenantzaren 4. artikuluko a), b), c) eta d) apartatuetan ezarritako tasak/prezio publikoak, hiru hilabetetik behin.

2. Sortzapenaren unean ordainaraziko dira e), f) eta g) apartatuetan ezarritako tasak/prezio publikoak.

3. h) apartatuan ezarritako tasak/prezio publikoak subjektu pasiboari jakinarazten zaizkionean ordainaraziko dira.

XII. KAPITULUA

Diru-bilketa

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak/prezio publikoak aplikatzeagatik sortzen diren tributu-zorrak hartuko dira “jakinarazpen gabekotzat”, salbu 4.h) artikuluan ezarritakoa, bat etorriz 2/1995 Foru Legearen 82. artikuluarekin eta hurrengoekin (foru lege horren bidez jorratu ziren Nafarroako Toki Ogasunak).

Ordenantzaren 4. artikuluaren a), b), c), d) eta f) apartatuetako tasek/prezio publikoek sortutako tributu-zorrak, behin ordainarazirik daudela 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, modu orokorrean jakinaraziko dira, behar den iragarkia edo ediktua argitaratuz Mankomunitateko iragarki-taulan, eta argitalpen horretatik aurrera hogeita hamar egun balioduneko epea ezarri beharko da borondatez ordaintzeko, errekargurik gabe.

Ordenantzaren 4. artikuluko e) apartatuan ezarritako tasak/prezio publikoak ordaindu beharko dira sortzen diren unean berean.

Ordenantzaren 4. artikuluko f) apartatuan ezarritako tasak/prezio publikoak ordaindu beharko dira hargunerako eskubidea ebatzi ondotik, uraren ziklo integrala arautzen duen ordenantzan ezarri bezala, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, ebazpena eman eta biharamunetik aurrera, eta 12.2 artikuluaren kasuan, hornidura kontratatzen den unean.

Ordenantzaren 4. artikuluaren h) apartatuan ezarritako tasak ordaindu beharko dira subjektu pasiboari jakinarazten zaizkionetik hasi eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

15. artikulua. Borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak luzapen aldian ordaintzen ahalko dira, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 90. artikuluarekin.

Epe hori iragan eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu bideari ekinen zaio, baldin Mankomunitateak ez badu baimenik eman haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko.

16. artikulua. Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

–Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboen kasuan, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

–Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboen kasuan, Mankomunitatearen Diruzaintzan, edo horretarako gaitutako banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean ezarritakoaz gain, aplikatuko dira Moncayoko Ur Mankomunitateak Ur Zerbitzuaren Erregelamenduan ezarritako xedapenak arau-hausteei eta zehapen araubideari buruz.

II. TITULUA

Isurtze-saria

18. artikulua. Sari honen zerga-egitatea, zerga-oinarria, subjektu pasiboak eta abar oso-osorik daude araututa Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen otsailaren 2ko 26/1989 Foru Dekretuaren bidez.

19. artikulua. Tarifen koadroan finkatu da 10/1988 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorraren arabera ezarritako sariaren zenbatekoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, ez baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, baldin maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, aplikatuko dira ordenantza fiskal orokorra eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (foru lege horren bidez jorratu ziren Nafarroako Toki Ogasunak).

Ordenantza honek 2021eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

2021. ERANSKINA

Ordenantza fiskala, zeinaren bidez arautzen baitira tasak/prezio publikoak (hilabetekoak) ur hornidurarako, estolderia eta saneamendurako, arazketarako eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jardueretarako. Tarifak

1. 4. a) artikuluan aurreikusitako zerga-egitateak.

1.1. Kuota finkoak, kontagailuaren diametroaren araberakoak:

  • 13 mm-ra bitarte: 3,87 euro hilean.
  • 15 mm-koa: 4,84 euro hilean.
  • 20 mm-koa: 6,42 euro hilean.
  • 25 mm-koa: 8,26 euro hilean.
  • 30 mm-koa: 17,23 euro hilean.
  • 40 mm-koa: 28,76 euro hilean.
  • 50 mm-koa: 54,92 euro hilean.
  • 65 mm-koa: 93,66 euro hilean.
  • 80 mm-koa: 136,51 euro hilean.
  • 100 mm-koa: 177,57 euro hilean.

1.2. Kontagailuen alokairuko kuotak.

Aplikatuko da, hilean, kontagailuaren batez besteko prezioaren %1,25eko tarifa (1984ko 230. Estatuko Aldizkari Ofiziala, irailaren 25ekoa), barnean direla kontagailua konpontzeko eta kontserbatzeko gastuak.

1.3. Suteetarako aho zigilatuei dagozkien harguneen kuotak.

Kuota finkoak, hargunearen diametroaren araberakoak:

  • 50 mm-ra bitarte: 10,65 euro hilean.
  • 50 mm-tik gora: 17,75 euro hilean.

2. 4.b) artikuluan aurreikusitako zerga-egitateak.

2.1. Kuota finkoak, kontagailuaren diametroaren araberakoak:

  • 13 mm-ra bitarte: 1,30 euro hilean.
  • 15 mm-ra bitarte: 2,08 euro hilean.
  • 20 mm-ra bitarte: 2,79 euro hilean.
  • 25 mm-ra bitarte: 4,01 euro hilean.
  • 30 mm-ra bitarte: 6,59 euro hilean.
  • 40 mm-ra bitarte: 11,70 euro hilean.
  • 50 mm-ra bitarte: 18,26 euro hilean.
  • 65 mm-ra bitarte: 30,59 euro hilean.
  • 80 mm-ra bitarte: 46,71 euro hilean.
  • 100 mm-ra bitarte: 73,06 euro hilean.

2.2. Aisia eta atsedenerako finketako erabilerak, isurkina jasota:

3ko indize zuzentzailea aplikatuko zaie 2.1 puntukoei.

3. 4.c) artikuluan aurreikusitako zerga-egitateak.

3.1. Kuota aldakorra: prezioa, hilabetean kontsumituriko m³ bakoitzeko.

  • 1. tarifa: 1 eta 6 m³ arteko kontsumoa, 0,25 euro /m³.
  • 2. tarifa: 7 eta 30 m³ arteko kontsumoa, 0,60 euro /m³.
  • 3. tarifa: 30 m³-tik gorako kontsumoa, 2,43 euro /m³

3.2. Industriarako eta merkataritzarako erabilera.

  • 1. tarifa: kontsumoa, 0,78 euro/m³.

3.3. 1. tarifa: Udal erabilerak, 0,25 euro/m3.

  • Ureztatzeko ahoa, 1,19 euro hilean.
  • 2. tarifa: Obretarako hornidura, 0,69 euro/m³.
  • 3. tarifa: Ur-ihes ezkutuen ondoriozko kontsumoa: 0,25 euro/m³ (*).

3.4. Aisia eta atsedenerako finketako erabilerak:

  • 1. tarifa: kontsumoa, 1etik 6 m³ bitarte, 0,25 euro/m³
  • 2. tarifa: kontsumoa, 7tik 30 m³ bitarte, 2,02 euro/m³
  • 2. tarifa: 30m3 baino gehiagoko kontsumoa, 3,54 euro/m³.

4. 4.d) artikuluan aurreikusitako zerga-egitateak.

4.1. Saneamenduko kuota aldakorra: prezioa, hilabetean kontsumituriko m³ bakoitzeko.

  • 1. tarifa: kontsumoa, 0,07 euro/m³.

4.2. Aisia eta atsedenerako finketako erabilerak, isurkina jasota, hilabetean.

3ko indize zuzentzailea aplikatuko zaie 4.1 puntukoei.

5. 4. e) artikuluan aurreikusitako zerga-egitateak.

5.1. Tarifa estandarrak, ezarri beharreko kontagailuaren diametroaren araberakoak, edo ezarrita dagoenaren araberakoak, abonatuaren egoera aldatzen bada (lotune kuota).

  • 13 mm-ra bitarte: 41,73 euro.
  • 15 mm-koa: 71,02 euro.
  • 20 mm-koa: 73,90 euro.
  • 20 mm-tik gora: 118,32 euro.

6. 4. f) artikuluan aurreikusitako zerga-egitateak.

6.1. Hargunerako eskubideak hornidura sareetan: tarifa estandarra, hargunearen diametroaren araberakoa.

  • 13 mm-ra bitarte: 41,73 euro.
  • 15 mm-koa: 71,02 euro.
  • 20 mm-koa: 73,90 euro.
  • 20 mm-tik gora: 118,32 euro.

6.2. Hargunerako eskubideak suteei aurre egiteko kontsumoetan: tarifa estandarra, hargunearen diametroaren araberakoa.

  • 50 mm-ra bitarte: 118,32 euro.
  • 50 mm-tik gora: 236,63 euro.

6.3. Hargunerako eskubideak saneamendu sarean: tarifa estandarra, hargunearen diametroaren araberakoa.

  • 160 mm-ra bitarte: 41,73 euro.
  • 160 mm-tik gora: 118,32 euro.

6.4. Alta hartzeko eskubideak, obra horniduretarako: 114,33 euro.

7. 4 g) artikuluan aurreikusitako zerga-egitateak.

Tarifa hauen 3. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio:

–Izena emateko eskubideak: 55,42 euro.

–Kontsumoa, 0,70 euro/m³.

8. Ordenantzaren 4.h) artikuluan ezarritako zerga-egitateak.

Egindako ikuskapen bakoitzeko: 21,14 euro.

9. Aurreikusita dauden beste zerga-egitate batzuk.

–Eskulana: 28,57 euro/ordua.

–Makineria erabiltzeagatik: 57,08 euro/ordua.

–Kamioia erabiltzeagatik: 117,29 euro/ordua.

–Ura analizatzeagatik: edangarr. gutxienez ere, 113,28 euro/ordua.

10. Aurreikusitako beste fidantza eta gordailu batzuk.

Ordenantzaren 14. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoari jarraituz jokatuko da.

11. Isurtze-saria.

25/2016 Foru Legea, abenduaren 28koa. Zazpigarren artikulua.–Hondakin uren isurtze-sariaren tarifak.

a) Etxeko isurketak: 0,597 euro/m³.

b) Etxekoak ez diren isurketak: 0,715 euro/m³.

c) Sareetara konektaturik ez dauden erabiltzaileak, 0,086 euro/m3.

(*) Tarifa hau aplikatuko da ur-ihes ezkutuen ondoriozko kontsumoetan eta erabilera guztietarako fakturazio aldi bakar batean. Inguruabar hauek guzti-guztiak gertatu behar dira eta behar bezala frogatuko dira:

1.–Ezkutuko ur-ihesa izan beharko du, subjektu pasiboak jakin gabe hondatuta daudela hodiak edo neurketako ekipamenduak.

2.–Egiaztatu beharko da ez dela inolako utzikeriarik izan ur-ihesa eragin duten egintzetan, ezta ur-ihesaren ondoko jarduketan ere.

Gehienez hiru eguneko epean konponduko da hautsi edo hondatu den eta, horren ondorioz, ihesa izan duen instalazioa, ihesa atzematen denetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2100455