17. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

15E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak emana, zeinaren bidez Tuterako Reina Sofia ospitalea gehitzen baita terapeuta okupazionalak aldi baterako kontratatzeko zerrendetarako lan eremu gisa, eta ezartzen baita aurtengo otsaila izanen dela hala nahi dutenek zentro hori aukeratzeko epea, kontratazio luzeetarako nahiz laburretarako.

Osasuneko kontseilariak martxoaren 23an emandako 347E/2017 Foru Aginduaren bidez, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako. Foru aginduaren 6. artikulua kontrataziorako eremuen/aukeren hautaketari buruzkoa da. Gainera, haren I. eta II. eranskinetan lan eremuak eta aukerak biltzen dira, bai iraupen luzeko zerrendetarako bai iraupen laburrekoetarako, hurrenez hurren.

Berriki, Tuterako Osasun Barrutian-Reina Sofia ospitalean terapeuta okupazionalen lanpostu berriak sortu direnez, kategoria horretako lan eremua gehitu behar da, zentro horretan sortzen diren beharrei eta langile faltari erantzuteko.

Hori dela eta, bidezkoa da epe bat jartzea hala nahi dutenek alda dezaten hautatu duten lan eremua, terapeuta okupazionalen kategorian, eta Tuterako Reina Sofia ospitalea hautatu ahal izan dezaten.

Horregatik guztiagatik, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Tuterako Reina Sofia ospitalea gehitzea terapeuta okupazionalen kategoriako lan eremu gisa.

2. Ezartzea aurtengo otsaila izanen dela epea hala nahi dutenek Tuterako Reina Sofia ospitalea lan eremu gisa aukeratzeko, terapeuta okupazionalak aldi baterako kontratatzeko zerrendetarako, kontratazio luzeetarako nahiz laburretarako.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatuarekin bat eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 12an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendaria, Esteban Ruiz Álvarez.

Iragarkiaren kodea: F2100423