17. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

2021erako lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa

Zizur Zendeako Udaleko alkate udalburuak 474/2020 Ebazpena eman zuen, 2020ko abenduaren 28an. Hona hemen haren testua:

Abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuak zehazten du Nafarroako Administrazio Publikoetako lanaldiaren urteko ordu kopurua; haren egunez eguneko banaketa 2021erako lan-egutegia onestearekin batera ezarri behar da, alde batera utzi gabe Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan-ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onesten dituena; kontuan harturik, halaber, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak eman maiatzaren 10eko 177/2019 Ebazpena, zeinak ezartzen baitu Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2021eko jaiegunen egutegi ofiziala; hori guztia Udalak bere langileekin sinaturiko lan hitzarmenari dagokionez (langileek hitzarmen hori luzatzeko eskatu dute); eta ikusirik espedientean agertzen den dokumentazioa.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1985 Legearen 21.1-h) artikuluak Alkatetzari ematen dizkion eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–2021erako luzatzea “’Zizur Zendeako Udala’ enpresaren lan hitzarmena (lan-kontratudunak)”, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera indarra duena, Udalak ez baitu salatu haren indarraldia, amaitu baino bi hilabete lehenago (2020ko abenduaren 31n).

Bigarrena.–Onestea Zizur Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen 2021. urteko jaiegunen lan-egutegia, honako hau izanen baita:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Jaunaren agerkundea.

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Apirilaren 1a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 2a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 5a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 6a, 7a, 8a, 9a eta 12a: Sanferminak.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 29a San Saturnino.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 7a: Andre Maria Sortzez Garbiaren bezpera.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Halaber, epeak zenbatzeari dagokionez, baliogabeak deklaratzen dira Udalaren langileentzako jaieguntzat eman direnak.

Hirugarrena.–Zizur Zendeako Udaleko Administrazioan lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1.592 ordukoa izanen da, eta honela banatuko da:

1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da, orokorrean, 9:00etatik 14:30erako tartea ordutegiaren zati finkoa eta nahitaez lanpostuan bertan egotekoa izanik. Langileek malgutasunez eginen dituzte gainerako laneko 110 minutuak, haiek nahi dutenean, betiere 7:30etik 9:00etara eta 14:30etik 16:50era.

2. Artikulu honetako aurreko apartatuetan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuaren beharrak direla eta, lanaldi berezia duten langileei, ezta ordu konpentsazioren bat dutenei ere (txandakako lana, gauekoa etab.), horiek lan-egutegi berariazkoa izanen baitute.

Halakoetan, urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarri ez bezalako sistema baitute, lan-egutegi berezi hori, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen sistemari lotuko zaio bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du ukatzen beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako sistemak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek halakorik komenigarri egiten badute.

Laugarrena.–Zizur Zendeako Udaleko Erregistro Orokorra 09:00etatik 14:00ak arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Udaletxeko iragarki-taulan paratzea.

Seigarrena.–Ebazpen hau Udaleko Langileria Departamentura igortzea.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan, eta bereziki ohartarazten da errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara, ebazpen honen aurka, bakoitzean aipatzen diren epeetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita: berraztertzeko errekurtsoa, alkatetza honi zuzendua, edo gora jotzekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Gazolatzen, 2020ko abenduaren 28an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

Iragarkiaren kodea: L2100478