17. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

185E/2020 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Aratzuriko etxebizitza batean ponpaketaren eta etxeko ur beltzen konexioaren proiekturako, Oltza Zendeako udal-mugartean. Sustatzailea María Dolores Jiménez Antimasveres da.

2020ko uztailaren 31n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da soluzio egokia ematea Aratzurin, Oltzako 2. poligonoko 303. lurzatian dagoen etxebizitzaren saneamenduari. Horretarako, proposatzen da lur azpian kanalizazio berri bat egitea etxebizitza inguratuz, hondakin urak bildu eta herriko saneamendu sare orokorrera eramateko. Horrez gain, ponpaketa putzu bat ere egin behar da, 2 metroko malda gainditzeko. Ponpaketa putzua eta kanalizazioa Oltzako 2. poligonoko 302. lurzatian kokatuko dira, Aratzuriko Kontzejuaren herri-lurretan. Kanalizazioa Aratzuriko Kontzejuaren herri-bide batekin paralelo joanen da. Saneamenduko sare orokorraren konexioa Oltzako 2. poligonoko 171. lurzatian eginen da.

Espedientean Oltza Zendeako Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Aratzuriko etxebizitza batean ponpaketaren eta etxeko ur beltzen konexioaren proiekturako, Oltza Zendeako udal-mugartean. Sustatzailea María Dolores Jiménez Antimasveres da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obretan sortutako hondakinak zein bere izaeraren arabera kudeatuko dira, kudeatzaile baimenduei emanez, gai honetan indarra duen ingurumenaren arloko legeriari jarraikiz.

–Saneamenduaren trazadura, ahal dela, aldameneko bide asfaltatuaren bazterrean barna eginen da. Ezinezkoa bada, trazadura eginen da Oltzako 2. poligonoko 302. lurzatiaren ertzean barna, bide horren ondoan, lehenbiziko tartean etxebizitza ondoko heskaia ukitu gabe, ahal dela; hortik aurrera, proiektua bukatzen den tokiraino, zuhaitz-ilararen eta bidearen arteko pasabide estuan barna eramanen da.

–Edozein kasutan, ez dira botako zuhaitz horiek eta ez zaie kalterik eraginen sustraietan eta adarretan.

–Zuhaitz-ilara horretako ondoren bat kaltetuz gero, beste bat landatu beharko da lurzatiaren jabe den toki entitatearekin adostuta.

–Proposamenak ukitzen dituen lurrak, Oltzako 2. poligonoko 302. lurzatikoak, lehengoratuko dira lurzatiaren gainerako lurrek duten erabilera kontuan hartuz, lur berria jarriz, zelaituz eta belar-haziak ereinez, ingurua egokitu, landu eta zuzentzeko lanak egin ondoren.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Instalazioak lurzoru urbanizaezinean ukitzen duen zatiari baino ez dio babes ematen baimen honek.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk saneamenduko sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Herri-lurren Atalak 2020ko urriaren 26an emandako txostenarekin bat, Oltza Zendeako Udalak okupazio espediente bat izapidetu beharko du, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren onespena lortu. Horretarako, nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin.

–Ondare Arkitektonikoaren Atalak 2020ko azaroaren 4an emandako txostenarekin bat, 171. lurzatian barna, gazteluko ipar-mendebaldeko dorrearen mendebaldeko hormaren aurrean doan kondukzioaren trazadura hormarekin paralelo joanen da, kutxatilatik dagoen tarte osoa utziz, eta hormara hurbildu gabe ipar-mendebaldeko izkinan.”

–Bete beharko dira honako baldintza hauek, Iruñerriko Zerbitzuen Mankomunitateak 2020ko irailaren 29ko txostenean ezarritakoak:

  • Saneamenduko harguneak sare orokorrarekin lotzeko puntuaren eta proiektuaren xede den 303. lurzatiaren artean dituen zatiak, Jauregiko Bidea kalea gurutzatzen duen zatia barne, titulartasun pribatukoak dira, lurzati pribatuetan barna doazelako.
  • Esandakoa kontuan hartuta, Servicios de la Comarca de Pamplona SAk (SCPASA) ez ditu bere gain hartuko hargune horretako mantentze eta berritze lanak, eta haren erabiltzaileek bete beharko dituzte.
  • Aurreikusitako ponpaketa putzu partikularra eremu pribatuan paratu beharko da.
  • Hargunearen trazadura finka partikularretan barna joateak zortasunak sortzen ditu; horien eraketa egin dela eta ukitutako aldeek onartzen dituztela frogatu beharko da hargunea SCPSAren eskumeneko sarearekin lotu aurretik.
  • Sustatzaileek ordainduko dituzte hornidura eta saneamendu sareek sortzen dituzten kostu guztiak, bai eta kontagailuak eskuratu eta jartzea ere; horien instalazioa egiteko materialak eta irizpideak bat etorriko dira SCPSAk instalazio mota horretarako ezarrita duen araudiarekin.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Oltza Zendeako Udalari, Aratzuriko Kontzejuari, Iruñerriko Zerbitzuen Mankomunitateari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko 7. Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 14an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2015368