152. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

342/2021 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol-jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Gobernuak, osasun agintaritza den aldetik azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaren indarrez, 2020ko ekainaren 19ko Erabakia hartu zuen, non ezartzen baita Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitzeko, osatzeko edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira. Eskumen horien arabera, eta alarma egoera bukatu ondoren, Osasuneko kontseilariak zenbait foru agindu eman ditu (Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak kasuan kasuko autoetan berronetsi eta baimendu ditu). Agindu horien bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu dira Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Horrela, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren bidez, neurri berriak hartu ziren malgutasunaren bidetik segitzeko, baina ongi kontrolatuta eta pixkanaka, egoera sendotuz joan dadin; horrekin batera, neurriak malgutzeak intzidentzian dituen ondorioak eta txertoek eremu asistentzialean dituenak monitorizatu beharra ezartzen zen. Osasun neurri horiek zenbait sektore ukitzen zituzten eta horien artean kirol esparrua ere bazegoen. Sektore horretan arautu ziren kanpoko zein barneko kirol-jardueretan parte-hartzaileen kopuruak ezartzea, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak gune itxietan egitea edo igerilekuen kirol erabilera.

2021eko ekainaren 15ean onetsi zen Osasuneko Kontseilariaren martxoaren 23ko 21/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez luzatzen eta aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Aldatu diren neurrien artean, gehienezko ikusle kopurua handitu da izaera profesionala ez duten lehiaketetan eta kirol ekitaldietan. Kopuru hori 300 pertsonatan ezarri da instalazio itxietan eta 600 pertsonatan aire zabaleko instalazioetan. Halaber, edukiera %60ra handitu da jostetarako igerilekuetan, bai eta igerileku horietako erabilera kolektiboko dutxetan ere.

Osasun Departamentuak hartutako neurri guztiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau oinarri, non xedatzen baita osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean. Osasun Departamentuak adierazi duenez, egoera epidemiologikoa egonkortu da, beheranzko joera apalarekin. Ospitaleratze eta heriotza kopurua maila baxuan dago, eta txertaketa erritmo onean ari da aurrera egiten; txertaketak eraginkortasun handia erakutsi du eta osasun egoeran eragin positiboa izan du.

Horregatik, eta Osasuneko kontseilariak onartu dituen neurri guztiak errespetatuz, Nafarroako Kirolaren Institutuak beharrezkotzat jotzen du zuhurtasunez malgutzen segitzea Nafarroako Foru Komunitatean kirol-jarduera egiteko baldintzak, eta ebazpen honen bitartez onesten dira kirol esparruan berariazko prebentzio neurri berriak.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak (estatutu horiek ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuak aldatu zituen) eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Berariazko prebentzio neurri apartekoak onestea Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol-jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Ebazpen honi eranskin bat atxikitzen zaio, zeinean zehazten baitira onetsitako prebentzio neurriak.

2. Ebazpen honetan onesten diren neurriek mugarik gabeko indarraldia izanen dute 2021eko ekainaren 21eko 00:00tik aurrera, eta egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren web orrian argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirolaren Zuzendariordetzara eta Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura.

Iruñean, 2021eko ekainaren 21ean.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA

Berariazko prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol-jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz

Ohar orokorrak

–Eranskin honetan dauden neurriei, Osasun Departamentuak unean unean onesten dituenak gehitu beharko zaizkie.

–Baimendutako proba eta lehiaketa ofizialak eta ez ofizialak egiten diren bitartean, entitate antolatzaileek bermatu beharko dute bertaratutako ikusleek betetzen dituztela Osasun Departamentuak onetsi dituen prebentzio neurri guztiak. Horien artean hauek daude: maskarak behar bezala erabiltzea; pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko tartea uztea; eskuak garbitzea soluzio hidroalkoholikoaz edo ur eta xaboiaz, bai eta jatekoak eta edatekoak debekatzea ere.

–Baimendutako proba eta lehiaketa ofizialak eta ez ofizialak egiten diren bitartean kirolariek ezin izanen dute bertaratutakoekin inolako kontaktu fisikorik izan, eta momentu oro pertsonen artean eskatutako segurtasun tartea errespetatu beharko dute.

–Kirol instalazioetako aldagela eta dutxak erabiltzea baimenduta dagoen kasuetan, bermatu beharko da erabiltzaile bakoitzak gutxienez 4 metro koadroko tokia duela, eta erabiltzaileen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen ahal dela.

–Eranskin honen 1. apartatuan ezarritako egoera eta baldintzetan baimenduko da soilik izaera ez ofiziala duten lehiaketak egitea.

–Maskararen erabileraren araudi orokorraren arabera, lasterkariek (“runner” delakoek) maskara erabiliko dute jarduera fisikoa egiten ari direnean, baldin eta ezin badute bermatu pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea.

Halaber, jarduera fisiko hori pertsona asko dauden tokietan egiten dutenean –hala nola parkeetan, ibai ondoko pasealekuetan, hirigunean edo antzekoetan–, gomendatzen da banaka egitea, eta ez taldeka.

1.–Kirol lehiaketak, gertaerak eta ekitaldiak antolatzea eta egitea.

Baimenduta egonen da kirol lehiaketak, gertaerak eta ekitaldiak antolatzea Nafarroako Foru Komunitatean, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

–Nortasun juridikoa duten entitate publikoek edo pribatuek antolatu beharko dituzte jarduerak.

–Kirol-jarduera (ekitaldia, gertaera eta/edo lehiaketa) antolatzen duten entitateek izan beharko dute jarduteko protokolo bat, jarduera egin baino lehen. Protokolo horretan ezarriko dira inplikatutako pertsona guztien osasuna babesteko berariazko neurriak, osasun agintariek eta ebazpen honek ezarritako irizpideekin bat.

–Eranskin honetako “Kirolari parte-hartzaileak” eta “Ikusleak” izeneko apartuetan ezarritako antolaketarako baldintzak betetzen ez badira, jardueraren entitate antolatzaileek jarduera egiteko baimena eskatu beharko diote NKIri, covid.deporte@navarra.es posta elektronikoaren bidez. Baimen eskariari erantsi beharko diote ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat, ebazpen honen II. eranskinean xedatutako ereduaren araberakoa. NKIk, aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpena ikusita, jarduera egiteari baiezkoa edo ezezkoa ematen ahalko dio; eta entitate antolatzaileari eskatu egokitu ditzala inplikatutako guztien osasuna babesteko beharrezkoak diren alderdiak. Halaber, NKIk eskatzen ahalko dio entitate antolatzaileari jardueraren protokoloa edo horri lotutako edozein dokumentazio osagarria, eskaera modu egokian baloratu ahal izateko.

–Lehiaketa federatuetan, antolaketarako protokoloak lehiaketa federatu osoarentzat dira; ondoz ondoko probak egiten diren kasuetan, baldintzak horietako bakoitzarentzat izanen dira, eta protokoloak proba guztietarako komuna izan beharko du, kasuan kasuko federazioak egina.

–Entitate antolatzaileek COVID-19aren protokoloaren arduradun bat izendatu beharko dute. Hura arduratuko da protokoloa betetzen dela bermatzeaz eta entitate eta parte-hartzaile guztien artean zabaltzeaz, bai eta ezarritako prebentzio neurri guztiak horiek bete ditzatela laguntzeaz ere.

–Baimendutako lehiaketetan dutxak eta/edo aldagelak erabiltzen ahalko dira.

–Anoak modu indibidualean hartu beharko dira.

–Sartzeko eta irteteko zirkuituak markatu beharko dira. Eta, posible bada, sartzeko eta irteteko bide desberdinak egon beharko dute.

–Kirolari parte-hartzaileak.

  • Gehieneko parte-hartzaile kopurua aldi berean izanen da 50ekoa instalazio itxietan eta 350ekoa aire zabalean. Horren ondorioetarako ez dira zenbatuko ez ordezko kirolariak, ezta baimendutako gainerako langileak ere (teknikariak, mahaiko epaileak...) gaitutako eremuaren barruan (jarlekuak, epaileen mahaia...), lehiaketan parte hartzen ari ez badira. Horiek une oro 1,5 metroko segurtasun tartea mantendu eta maskara erabili beharko dute.
  • Instalazioaren edukierari dagokionez, jardueran guztira dauden parte-hartzaileak (kirolariak, titularrak eta ordezkoak, epaileak, teknikariak...) kalkulatu ondoren, honako irizpide gehigarri hauek bete beharko dira:
  • Aurkakotasuneko edo kontaktuko kiroletan, gune itxietan pertsonako 5 metro koadroko ratioa hartuko da kontuan, mugikortasun txikiko jarduera bada, eta 16 metro koadrokoa, mugikortasun handikoa bada; bai eta aireztatze natural edo behartua (mekanikoa) ere, airearen zirkulaziorik gabe.
  • Aurkakotasun edo kontakturik gabeko kiroletan, gune itxietan pertsonako 5 metro koadroko ratioa hartuko da kontuan, mugikortasun txikiko jarduera bada, eta 16 metro koadrokoa, mugikortasun handikoa bada; bai eta aireztatze natural edo behartua (mekanikoa) ere, airearen zirkulaziorik gabe.
  • Lehiaketan parte hartzen duten kirolari guztien trazabilitatea bermatu beharko da.
  • Baldin eta osasun arloko araudi orokorrak maskararen erabilera derrigortzen badu, parte-hartzaileek maskara erabili beharko dute, kirol-jarduera egiten ari direnean salbu.
  • Kirolariak multzo handitan ateratzen diren kirol-jardueretan, gehienez 100 kirolaritako taldeen irteerak baimentzen dira, lurrean markatuta egon beharko den 1,5 metroko distantziarekin. Irteteko talde bakoitzaren artean minutu eta erdiko tartea izanen da. Irteera aurreko guneak egon beharko dira, talde bakoitzeko parte-hartzaileak nahastu ez daitezen.
  • Instalazio berean zenbait partida dauden ekitaldietan (esate baterako, kirol kolektiboetako lehiaketak, hala nola futbola, saskibaloia, eskubaloia...), talde parte-hartzaileek instalaziotik sartu eta atera beharko dute 15 minutuko tartearekin gutxienez, eta ezin izanen dira nahastu talde desberdinetako kideak.

–Ikusleak.

  • Ikusleak bertaratzea baimenduko da, baldin eta instalazioaren gehieneko edukieraren %50 gainditzen ez bada. Bertaratutako gehieneko ikusle kopuruak ezin izanen du gainditu 300 ikusleren muga instalazio itxietan eta 600rena aire zabalean. Edukiera hori gainditu nahi bada, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren baimena eskatu beharko da.
  • Kasu guztietan maskararen erabilera eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea errespetatu beharko da, betiere gai honen inguruan osasun araudi orokorrak dioenaren arabera.
  • Debeku da jatea eta edatea.
  • Ikusleen eta kirolarien gunean bereizi beharko dira, kontakturik egon ez dadin.
  • Sartzeko eta irteteko ibilbide desberdinak markatuko dira ikusleentzat eta kirolarientzat.
  • Aholkatzen da ikusleen izen-deiturak eta kontakturako telefono zenbakia jasotzea, COVID-19ko kutsatze bat gertatuz gero trazabilitatea egin ahal izateko.

2.–Entrenamenduak.

2.1. Ohar orokorrak:

–Debekatuta dago ikusleak egotea entrenamenduetan, adingabekoenetan izan ezik. Kasu horretan, heldu batek laguntzen ahalko ditu, eta maskara erabili beharko du eta pertsonen arteko distantzia errespetatu.

–Baimendutako lehiaketa baten parte ez diren kirol partidak egiten ahalko dira; adibidez, partida sozialak, lagunen arteko partidak eta gisakoak.

2.2. Entrenamenduak aire zabalean:

–Kirol kolektiboetako taldeetan dauden kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte aire zabalean, gehienez ere 25 lagun bitarteko taldeetan. Kirol instalazio berean gehienez ere 25 lagun bitarteko bi taldek entrenatzen ahalko dute aldi berean.

–Dena den, taldeek instalaziotik sartu eta atera beharko dute 15 minutuko tartearekin gutxienez, eta ezin izanen dira nahastu talde desberdinetako kideak.

–Banakako kirol entrenamenduetan aire zabalean entrenamendu talde bakoitzeko gehienez 25 lagunek parte hartzen ahalko dute.

–Aire zabalean egiten diren kirol-jarduera fisiko ez-zuzenduak (mendi irteerak, martxak eta abar) aire zabaleko entrenamendutzat joko dira. Apartatu honetan araututakoak ez die eragiten ez turismo aktiboko eta naturako irteerei ez eta gida turistikoekin egiten diren jarduerei ere, horiek berariaz arautu ditu-eta Osasun Departamentuak.

2.3. Entrenamenduak instalazio itxietan.

–Kirol kolektiboetako taldeetan dauden kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte instalazio itxietan, entrenamendu talde bakoitzeko gehienez ere 20 lagun bitarteko taldeetan. Kirol instalazio berean, gehienez ere 20 lagun bitarteko bi taldek entrenatzen ahalko dute aldi berean, baldin eta instalazioak parte-hartzaile bakoitzeko 5 metro koadro baditu, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta parte-hartzaile bakoitzeko 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen zirkulaziorik gabe.

–Dena den, taldeek instalaziotik sartu eta atera beharko dute 15 minutuko tartearekin gutxienez, eta ezin izanen dira nahastu talde desberdinetako kideak.

–Banakako kiroletako (kontaktukoak izan ala ez) kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte instalazio itxietan, 20 lagun bitarteko taldeetan, baldin eta instalazioak 5 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun handiko jardueretarako, eta aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen zirkulaziorik gabe.

3.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak.

3.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoaren definizioa:

–Jarduera zuzendutzat hau ulertuko da: aisialdiarekin, prestakuntza fisikoarekin eta osasunarekin zerikusia duten jarduera fisikoak, parte-hartzaileen adina edozein delarik ere. Jarduera horien barruan ez dira sartzen kirol modalitate bateko entrenamenduak edo kirol hastapenerako eskolak.

3.2. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egin ahal izateko baldintzak:

–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan taldeetan egiteko, ez dira arituko 15 lagun baino gehiago. Edonola ere, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak 20 laguneko taldetan egiten ahalko dira espazio itxietan, instalazioak 5 metro koadro baldin baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, berriz, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala badu edo behartua (mekanikoa), airearen birzirkulaziorik gabe.

–Bestalde, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak aire zabalean egiteko taldeetan, gehienez ere 30 lagunek parte hartzen ahalko dute, eta baldintza hauek bete beharko dituzte: parte-hartzaile bakoitzak 5 metro koadro edukitzea, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako.

3.3. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak igerilekuetan egin ahal izateko baldintzak:

–Igerilekuetan, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egiteko taldeetan, igeriketa ikastarokoetan barne, gehienez ere 15 lagunek parte hartzen ahalko dute, baldin eta instalazioak baldintza hauek betetzen baditu: parte-hartzaile bakoitzak 5 metro koadro edukitzea, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako.

–Jaioberriei edo haur oso txikiei ematen zaizkien ikastaroen kasuan, familiako bizikide bat (beti bera) haiekin joatea baimenduko da, eta hori 15 parte-hartzaileren gehieneko kopuruan zenbatuko da. Aitzitik, monitorea ez da gehieneko kopuru horretan zenbatuko. Horrez gain, ez dago baimenduta monitorearekin kontakturik izatea, eta, horrenbestez, kontakturik ez egotea bermatzen duten lan metodologiak bilatu beharko dira.

4.–Kirol igerilekuak erabiltzea:

4.1. 25 metro bitarteko luzera duten igerilekuetan igeriketa praktikatzea:

–Igeriketan, kale bakoitzeko gehienez ere 8 pertsona sartzen ahalko dira 25 metro edo gutxiagoko luzera duten igerilekuetan.

4.2. 50 metroko luzera duten igerilekuetan igeriketa praktikatzea:

–50 metroko igerilekuetan kale bakoitzeko gehienez ere 16 pertsona sartzen ahalko dira.

4.3. Waterpolon eta igeriketa sinkronizatuan aritzea:

–Waterpolon eta igeriketa sinkronizatuan, parte-hartzaile bakoitzeko 10 metro koadroko espazioa bermatuko da, eta ur-xaflako gehienez ere 20 pertsona izanen dira.

–Igerileku berean bi entrenamendu talde aritzen ahalko dira, baldin eta lehenago zehaztutako espazioak errespetatzen badituzte eta bi taldeak bereizita egonen direla bermatzen bada. Kontuan izan beharko da taldeak sartzeko eta ateratzeko gorde beharreko 15 minutuko tartea.

II. ERANSKINA

Lehiaketak, gertaerak eta ekitaldiak antolatzeko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2109944