152. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

95/2021 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Garraioko zuzendari nagusiak emana, berriz ezartzen duena, Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunekoak izanik, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuen eskaintza.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak 2020ko martxotik ekarri duen egoerak eragin nabarmena izan du errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunekoak direnetan.

2020ko martxoaren 14tik aurrera, zerbitzu horiek martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren eraginpean gelditu ziren, horren bidez COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratu baitzen. Izan ere, birusak, errege dekretu horretan azaltzen den bezala, aurrekaririk gabeko osasun krisi itzela eragin du. Bata bestearen ondoren onartutako zenbait luzapenen ondoren, alarma-egoera 2020ko ekainaren 21ean bukatu zen.

Alarma-egoera indarrean egon den bitartean, Garraio Zuzendaritza Nagusiak zenbait ebazpen onetsi ditu errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularreko zerbitzuei buruz, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoei dagokienez. Ebazpen horietan, besteak beste, erabaki zen eskaintza murriztea osasun egoeraren bilakaeraren arabera, jaiegunetako zerbitzuak kentzea, eskariaren araberako zerbitzuak ematea eta abar.

Alarma-egoeraren bukaera dela eta, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19ko Erabakia hartu zuen, zeinaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzeaz batera, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak hartu baitziren normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren (2020ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 20koa). Erabaki horrek hauxe ezarri zuen bere eranskinaren 7.9 atalean: “Errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregularreko zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoetan, operadoreek eskaintzak egokitu beharko dituzte eskariaren bilakaeraren arabera, zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzeko, eta herritarrak lanpostuetara eta oinarrizko zerbitzuetara joatea erraztuko da, betiere COVID-19aren kutsapen arriskua saihesteko hartzen diren osasun neurriak betez.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa galarazi gabe, Garraio Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu horien eskaintza egokitzen ahalko du, funtzionamendua behar bezalakoa izateko, hala egitea komeni bada interes orokorreko arrazoiengatik.”

Erabaki horren eranskinaren 7.9 atalean ezarritakoa betetzeko asmoz, 2020ko ekainaren 21etik aurrera, egun horretan hasi baitzen normaltasun berria alarma-egoera bukaturik, enpresak errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuak doituz joan dira, eskariaren bilakaeraren arabera, eta kontzesio batzuek zerbitzuen %100 berreskuratu dute.

Urriaren 25eko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, beste alarma-egoera bat ezarri zen, 2020ko maiatzaren 9an bukatu zena. Egoera horrek mugak ezarri zizkion eskualdeen arteko mugikortasunari, eta horrek ere eragina izan zuen Administrazio honen eskumeneko kontzesio batzuen zerbitzuak emateari dagokionez.

Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko erabaki hori argitaratu zenetik gaur arte iragandako denboran, ikusi da pandemiaren ondoriozko trafikoaren beherakada ez dela homogeneoa izan Administrazio honen kontzesio guztietan; izan ere, erabiltzaileei buruzko datuek erakutsi dute egoera ezberdinak daudela eta banakako azterketa egin behar dela, kontzesio bakoitzaren zerbitzuak erabiltzaileen benetako eskaerari egokitzeko eta doitzeko erabakiak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, baina, betiere, bermatuz herritarrak beren lanpostuetara eta behar dituzten oinarrizko zerbitzuetara joan ahal izatea, eta, aldi berean, erabiltzaileen beherakadak zerbitzuak ematen dituzten enpresei ekarri dien eragin ekonomikoa minimizatuz.

Urriaren 25eko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratutako alarma-egoera bukatu denez, eta, horrenbestez, hartan herritarrei ezarri zitzaizkien mugikortasun mugak desagertu direnez, ikusirik osasun agintariek bilakaera epidemiologikoari buruz argitaratzen ari diren adierazle eta parametroak, non agerian gelditzen ari baita pandemiari aurre egiteko prozesuan aurrera egin dela, bidezkoa da berriz ezartzea Administrazio honen titulartasunekoak izanik errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzu publiko guztiak, mugikortasun behar berriei erantzuteko asmoz.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuaren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta bat etorriz Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin,

EBAZTEN DUT:

1. 2021eko uztailaren 5etik aurrera, berriz ezartzea errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularreko zerbitzu guztiak, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak direnak, 2020ko martxoaren 14a baino lehenago ematen ari ziren bezala eta kontzesio titulu bakoitzean agertzen den zerbitzuen eskaintzaren arabera.

Hori helburu, zerbitzu horiek ematen dituzten enpresek behar diren neurriak egokitu beharko dituzte aurreko paragrafoan xedatutakoa bete dadin.

2. Zerbitzuak ematen dituzten enpresei adieraztea ezen Garraio Zuzendaritza Nagusiari, ukitutako udalei, autobus geltokiei eta erabiltzaileei behar bezala jakitera eman beharko dietela zerbitzuak berrezarri behar direla.

3. Adieraztea ezen ebazpen honetan ezarritakoa ez betetzea Administrazioak egindako errekerimendu baten ez-betetzetzat hartuko dela, Garraioko zuzendari nagusiaren abenduaren 1eko 365/2009 Ebazpenaren 1.1 atalean xedatutakoaren ondorioetarako, non aldatzen baitira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasunekoak izanik, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregular finkoko zerbitzuen kontzesioak, konpentsazio ekonomikorako araubide berezi bat ezartzearren 2009an eta hurrengo urteetan ustiapen defizitarioa izan zuten zerbitzuen kontzesioa zeukaten enpresei.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunekoak izanik, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuak ematen dituzten enpresei.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, ebazpen honek bide administratiboa amaitzen du administrazio publikoentzat. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, honako hau argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 21ean.–Garraioko zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2109982