152. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN ELORTZIBAR

Kirol Kontseiluaren Erregelamendua. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2021eko apirilaren 13an egindako osoko bilkuran, gehiengoz onetsi zuen, hasiera batez, Kirol Kontseiluaren Erregelamendua.

Iragarkia 2021eko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 6an, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat. Hona hemen testua osorik:

Argitara ematen da, guztiak jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2021eko ekainaren 8an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

NOAIN ELORTZIBARKO KIROL KONTSEILUAREN ERREGELAMENDUA

Zioen azalpena

Noain Elortzibarko Udalaren administrazioaren baliabideak modernizatzen eta optimizatzen laguntzeko asmoz, 2021eko martxoaren 9an egindako osoko bilkuran, Noaingo Kirolen Patronatua (IFZ: P3108802D) delako udal organoa desegitea erabaki zen. Patronatuak berezko nortasun juridikoa zuen, eta zerbitzuen fundazio publiko moduan eratu zen, honako hauen babesean: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 121.b) artikulua, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 23. artikulua eta hurrengoak, 30. artikulua eta hurrengoak eta 85. artikulua, eta Toki Ogasunen Erregelamenduaren 180. artikulua.

Baliabideak hobeto kontrolatzeko eta errentagarriago egiteko, erabaki zen, Kirol Patronatua desegin ondoren, Noain Elortzibarko Udaleko Kontu-hartzailetza Arloa arduratuko zela kontabilitatea kudeatzeaz.

Udal kudeaketari dagokionez herritarren parte-hartzeari eta informazioari eusteko asmoz, deseginda dagoen Kirol Patronatuak, kirol entitateek eta herritarren kolektiboek gure udalerrian bete duten eginkizuna aintzat hartuta, erabaki zen Noain Elortzibarko Kirol Kontseilua eratzea, Noain Elortzibarko Udalak kirolaren arloan egiten duen jardueraren berri emateko, parte hartzera bultzatzeko, proposamenak egiteko eta jarduera osoa kontrolatzeko. Hori guztia, udaleko kirol jarduera eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen laguntzeko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Kirol Kontseiluaren antolaketa, eskumenak eta funtzionamendua arautzea. Kirol Kontseilua udalbatzak 2021eko martxoaren 9an egindako ohiko bilkuran onetsitako erabakiaren babesean eratu zen.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

Kirol Kontseilua Noain Elortzibarko Udaleko organo osagarri bat da. Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 119., 130. eta 131. artikuluek arautzen dute.

Udalbatzak 2021eko martxoaren 9ko ohiko bilkuran erabaki zuen kultura eta kirol kontseilu sektorialak ezartzea. Kontseilu horien bidez, herritarrek eta elkarteek kirolaren arloko udal kontuetan duten parte-hartzea bideratuko da.

Kontseilua Kultura eta Kiroleko Informazio Batzordeari lotuta egonen da, eta egiten dituen bileren berri eman beharko dio batzordeari.

Kirol Kontseilu Sektorialaren eginkizuna soil-soilik txosten lanak egitea da, eta, hala behar bada, proposamenak aurkeztea, betiere kirol eremuari buruzko udal ekimenen inguruan.

Kontseiluaren osaera, antolaketa eta jarduketa eremua aipatutako osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez ezarri ziren.

Edonola ere, kontseilu bakoitzak udalkide bat izanen du buru, alkateak askatasun osoz izendatu eta kargutik kenduko duena, eta udalbatzaren eta kontseiluaren arteko lotura lana eginen du.

Kirol Kontseilua Noain Elortzibarko Udaleko organo osagarri bat da, eta, horren bidez, herritarrek eta udalerriko entitateek kirol eremuan duten parte-hartzea bideratzen da.

Kontseilua Kultura eta Kiroleko Informazio Batzordeari lotuta egonen da, eta egiten dituen bileren berri eman beharko dio batzordeari.

3. artikulua. Xedeak eta eskumenak.

Kirol Kontseiluari dagozkio honako hauek:

a) Herritarren eta horien elkarte eta entitateen parte-hartzea erraztea eta sustatzea udalak kirolaren eta kirol instalazioen arloan, betiere legez araututako ordezkaritza organoei dagozkien erabakitzeko ahalmenak errespetatuta.

b) Noain Elortzibarko Udalari aholkularitza ematea kirolaren eta kirol instalazioen arloan dagozkion programa eta jarduketetan.

c) Noain Elortzibarko Udalak helarazten dizkion kirolaren eta kirol instalazioen arloko eskumenak eztabaidatzea eta balioestea.

d) Bere jarduketa eremuko proposamenak egitea, Kultura eta Kirol Batzordeak eztabaidatu ditzan.

e) Udal organo eskudunek erabakiak hartu aurretik, Noain Elortzibarko Udalak eskatzen dizkion azterlanak egitea eta txostenak ematea.

f) Arrazoitutako eskaera egin ondoren, Kontseiluaren intereseko gaien inguruko informazioa biltzea eta udalak kirolaren eta kirol instalazioen arloan gauzatzen dituen jarduketa programen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

g) Kirolaren eta kirol instalazioen arloan eginkizunak eta eskumenak dituzten erakunde eta entitateen arteko koordinazioa sustatzea, publikoak edo pribatuak (irabazi asmorik gabekoak) izan.

h) Edozein motatako kirol praktikak barnean hartzen dituen alderdi guztiei buruzko sentsibilizazio kanpaina publikoak bultzatzea eta, bide horretatik, herritarren partaidetza handiagoa piztea.

i) Bere jarduketa eremuan diskriminazioa desagerrarazteko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduerak bultzatzea.

j) Jardueren urteko plana eta ohiko eta ohiz kanpoko kirol programak proposatzea, eta Kultura eta Kirol Batzordeak horri buruzko irizpena ematea.

k) Kirol Zerbitzuaren aurrekontuari buruzko informazioa izatea.

l) Noain Elortzibarko kirol klubei dirulaguntzak emateko deialdiei buruzko proposamenak egitea, Kultura eta Kirol Batzordeak balioets ditzan.

m) Lankidetzan aritzea kirolaren arloan jarduten diren elkarteekin, kolektiboekin eta herritarren entitateekin, jarduerak, jardunaldiak, proiektuak eta ekintzak elkarrekin sustatzeko.

n) Hitzarmenak egitea elkarteekin, herritarren entitateekin eta kirol klubekin, betiere udal eremukoak badira, legez eratuta badaude eta Kontseiluaren xedeak eta helburuak partekatzen badituzte.

o) Lege nahiz erregelamendu bidez Kontseiluaren esku utzitako beste eginkizun oro.

II. KAPITULUA

Osaera, ordezkarien izendapena eta eskudantziak

4. artikulua. Kontseiluaren osaera.

Honako kide hauek izanen ditu Kontseiluak:

a) Alkatea edo alkateak ebazpen bidez eskuordetutako zinegotzia.

b) Udalbatzan ordezkaritza duten udal talde politikoek eta talderik gabeko zinegotziek izendatutako ordezkari bana.

c) Udaleko kirol jarduerari lotuta dauden kolektiboen, entitateen eta herritarren ordezkariak:

–Noain Elortzibarren egoitza soziala duten eta legez eratuta dauden kluben ordezkari bana.

–Eskolako eta institutuko guraso elkarteen ordezkari bat.

–Kirol jarduerari lotuta ez dauden eta udalarekin hitzarmena duten kolektiboen ordezkari bat.

–Kirol Kontseiluak antolatutako jardueren erabiltzaileen ordezkari bat, Kirol Zerbitzuko teknikariek proposatua, Kirol Kontseiluak programatutako ekintzetan izandako parte-hartzeari buruzko datuetan oinarrituta. Ordezkari bat.

d) Noain Elortzibarko Udaleko kirol teknikaria Kontseiluko aholkularia izanen da, baita idazkaria ere. Bi eginkizunetan hitz egiteko eskubidea izanen du, baina ezin izanen du botorik eman.

Kontseiluaren bileretara joaten ahal dira, halaber, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe, kontseiluburuak gonbidatutako pertsonak, adituak eta eztabaidatuko diren gaiek ukitutako entitateak, besteak beste.

Legegintzaldi bakoitzaren hasieran, kontseilukideak berrituko dira. Hala ere, ordezkarien berritze partziala izendapena egiteko modu berean eginen da, edozein arrazoirengatik toki bat hutsik geratzen den bakoitzean.

5. artikulua. Kontseiluaren egitura.

Kontseiluak egitura hau izanen du:

a) Kontseiluburua: alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia.

b) Idazkaria eta aholkulari teknikoa: Kirol Zerbitzuko teknikaria.

c) Kontseilukideak: kirol elkarteen eta entitateen ordezkariak, bai eta udal talde politikoek izendatutakoak ere.

d) Kontseiluaren bilkura: aurreko guztiak eta gonbidatuak.

e) Lantaldeak eratzen ahalko dira gai zehatzetarako edo Kontseiluaren bilkurak eskatzen duenean edo kontseiluburuak proposatzen duenean.

6. artikulua. Ordezkarien izendapena.

Kirol entitateek edo elkarteek ordezkari titular eta ordezko bana izendatuko dituzte, Kirol Kontseiluko buruari igorritako idazki baten bidez.

Era berean jokatuko dute udal taldeek beren ordezkariak eta ordezkoak izendatzeko.

7. artikulua. Kontseiluburua.

Alkatea izanen da Kirol Kontseiluko buru. Eginkizun hori bere talde politikoaren ordezkariari edo Kirol Kontseilu Sektorialeko beste norbaiti eskuordetzen ahal dio, eta eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Kontseiluaren bileren deialdia egitea, gai-zerrenda finkatzea eta bilerak amaitutzat jotzea.

b) Kontseiluaren bileren buru izatea eta Kontseiluaren ordezkari gisa jardutea, beharrezkoa denean.

c) Kontseiluaren bileretako eztabaidak zuzentzea eta moderatzea.

d) Kalitatezko botoa erabiltzea berdinketarik izanez gero.

e) Kontseiluaren gainean ezarritako arauak aplikatzea.

f) Kontseiluaren erabakiak eta aktak sinatzea.

g) Kontseilukideek aurkezten dituzten proposamenei erantzutea.

h) Herritarren parte-hartzea bermatzea.

i) Kontseiluaren eta udaleko kudeaketa organoen arteko koordinazioa sustatzea.

8. artikulua. Buruordea.

Kirol Kontseiluko buruordea alkatetza duen talde politikoaren ordezkaria izanen da, edo, bestela, buruak eskuordetutako beste talde bateko zinegotzia. Kontseiluburuak eskuordetzen dizkion eskudantziak hartuko ditu bere gain, eta haren ordez arituko da ez dagoenean, bilkuretara joan ezin denean edo gaixo dagoenean.

9. artikulua. Idazkaria eta aholkulari teknikoa.

Kirol Zerbitzuko teknikaria izanen da Kontseiluko idazkari. Akta egiteaz arduratuko da.

Kirol Zerbitzuko teknikaria izanen da aholkulari teknikoa, eta kontseiluburuari eta Kontseiluari berari aholkularitza teknikoa emateaz arduratuko da. Gainera, Kontseiluaren bileretan onetsitako erabakiak jakinaraziko ditu, kontseiluburuak ikusi eta onetsi ondoren.

III. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

10. artikulua. Kontseilukideen eskubideak.

Kirol Kontseiluko kideek eskubide hauek dituzte:

a) Kontseiluaren bileretara joatea.

b) Kontseiluaren eta haren edozein organoren eta Kultura eta Kiroleko Informazio Batzordearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea.

c) Kontseiluaren aktak eta dokumentazioa eskuratu ahal izatea.

d) Norbere erakundearen, elkartearen edo talde politikoaren ordezkari izatea eta haren interesen alde egitea.

e) Gai-zerrendan sartzeko gaiak proposatzea.

f) Kontseiluan ekimenak eta proposamenak aurkeztea eta defendatzea. Proposamen horiek onetsi, eta, hala badagokio, Kultura eta Kiroleko Informazio Batzordeari helarazten ahal zaizkio.

g) Boto eskubidea erabiltzea eta, beharrezkoa bada, boto partikularra ematea, haren arrazoiak azalduta.

h) Erregelamendu honen kontrakotzat jotako erabakiak aurkaratzea.

11. artikulua. Kontseilukideen betebeharrak.

Kirol Kontseiluko kideek betebehar hauek dituzte:

a) Kontseiluaren bileretara joatea.

b) Kontseiluaren funtzionamendu egokia eta sustapena bultzatzea.

c) Inolako kudeaketarik ez egitea Kontseiluaren izenean hark espresuki jakin eta baimendu gabe.

d) Harreman jarraitua izatea ordezten dituzten elkarte eta entitateekin, Kontseiluan aztertzen diren gaiei buruz.

e) Kontseiluaren bileretan hartutako erabakiak errespetatzea.

f) Kontseiluak bere jarduera gauzatzean bere gain hartzen dituen lan guztietan laguntzea.

g) Erregelamendu honetan xedatutakoa errespetatzea eta betetzea.

12. artikulua. Kontseilukide izateari uztea.

Arrazoi hauek direla eta utziko zaio Kirol Kontseiluko kide izateari:

a) Kargua borondatez uztea, kontseiluburuari idatziz jakinarazita.

b) Erregelamendu honen 11. artikuluan ezarritakoa ez betetzea, behin eta berriz eta nahita.

c) Ordezten duen elkartea, entitatea edo taldea desegitea, baja hartzea edo antzeko arrazoiren bat.

d) Ordezten duen entitateko kide izateari uztea.

e) Jarrera desegokia izatea, baldin eta Kontseiluaren izen onari kalte egien badio edo larri erasaten badie Kontseiluak antolatzen dituen jarduerei edo kontseilukideen arteko bizikidetza normalari.

f) Kontseiluaren bileretara ez joatea, justifikaziorik gabe, bi aldiz jarraian edo hiru aldiz jarraian izan gabe.

g) Kontseilutik botatzeko erabakia Kontseiluko osoko bilkurak hartuko du. Kontseiluburuak bakarrik proposatzen ahalko du kide bat botatzea, eta, hala erabakiz gero, kide horrek ezin izanen du Kontseiluan parte hartu aurreko akordioa jakinarazi eta gutxienez urtebete iragan arte.

IV. KAPITULUA

Kontseiluaren funtzionamendua

13. artikulua. Ohiko osoko bilkurak.

Kontseiluak urtero eginen du bileren egutegia; gutxienez hiru hilean behin eginen ditu bilerak.

14. artikulua. Ohiz kanpoko bilkurak.

Jorratu beharreko gai bereziren bat dagoenean, ezohiko bilera egiten ahal da, kontseiluburuak edo kontseilukideen heren batek eskatuta.

Azken kasu horretan, ohiz kanpoko bilkura eginen da eskaera egin eta hamabost egunera, beranduenez ere.

15. artikulua. Deialdia.

Kontseiluaren bilkura egin aurretik, ohiko bilkuretan, deialdia igorriko zaie kideei, bitarteko elektronikoen bidez, bilera egin baino 72 ordu lehenago, gutxienez. Kontseiluburuak ezarritako gai-zerrenda eta bilkuraren lekua eta ordua adieraziko dira deialdian. Kideek deialdia hartu izanaren agiria igorri beharko dute.

Ohiz kanpoko saioetarako deialdia gutxienez 24 ordu aurretik egin beharko da.

Bilkurak osatutzat joko dira, lehenengo deialdian, kideen erdiak gehi bat bertan daudenean. Bigarren deialdian, ordu erdi geroago, bertaratutakoekin osatuko da. Edonola ere, bilera baliozkoa izan dadin, kontseiluburua eta idazkaria bertaratu beharko dira, eta gutxienez kideen heren bat.

Absentziaren edo gaixotasunen kasuetan edo arrazoi justifikaturen bat dagoenean, kide titularren ordez haien ordezkoak jarriko dira, halakorik baldin badago.

16. artikulua. Gai-zerrenda.

Kontseiluburuak finkatuko du gai-zerrenda.

Kontseilukideek gaiak igortzen ahalko dizkiote idazkariari, eguneko gai-zerrendan sar ditzan.

Ez da gai-zerrendatik kanpoko gairik jorratuko, salbu eta presazkoa bada eta kontseiluburuak aurkezten badu, bere ekimenez edo Kontseiluko edozein kidek eskatuta. Gai-zerrendan sartu nahi den puntu bat presakotzat jo ondoren, gehiengo osoz bozkatu beharko da.

17. artikulua. Kontseiluaren aktak.

Kontseiluaren bilkura guztien akta eginen du Kontseiluko idazkariak. Akta publikoa izanen da, eta kontseilukide guztiei igorriko zaie.

Honako hauek jasoko dira aktan: bilkuraren eguna, ordua eta lekua, bertaratu direnen izenak, eztabaidatutako gaiak, bozketaren emaitzak eta hartutako erabakien edukia.

Aktak erregistro-liburu bati erantsiko zaizkio.

Aktekin batera hurrengo bileraren deialdia igorriko da, onesteko.

18. artikulua. Erabakiak.

Erabakiak ahalik eta adostasun zabalena bilatuz hartuko dira. Posible ez bada, 19. artikuluaren prozedurari jarraituko zaio.

Erabakiren bat batzorde batek berretsi behar badu edo irizpena behar bada, ahal bezain laster jakinaraziko zaio batzorde horren buruari, eta, halakorik ez badago, alkateari. Kultura eta Kirol Batzordeak onetsi ondoren, ohiko administrazio prozedurari jarraituko zaio, eta Kirol Zerbitzua arduratuko da betetzen dela zaintzeaz.

19. artikulua. Bozketak.

Bozketak, oro har, eskua jasota eginen dira, salbu eta kontseilukide batek bozketa sekretua egiteko eskatzen badu. Kasu horretan, boto paper bidez eginen dira.

Botoa aldekoa, aurkakoa edo abstentzioa izan ahalko da. Bozketan parte hartzen ez bada edo egiten den unean bertan ez bada, abstentziotzat hartuko da.

Erabakia bozkatu behar bada, gehiengo soilez onetsiko da; hau da, bertaratutakoen aldeko botoek aurkakoak baino gehiago izan behar dute. Berdinketa izanez gero, beste bozketa bat eginen da, eta, berdinduta jarraituz gero, kontseiluburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

V. KAPITULUA

Lantaldeak

20. artikulua. Sorrera eta helburua.

Kontseiluaren gehiengoak proposatuta, kirol gaiak modu eraginkorragoan jorratzea helburu izanen duten lantaldeak sortzen ahalko dira.

Lantaldeek egindako azterlanak Kontseiluari, Kultura eta Kirol Batzordeari eta gobernu organo eskudunari aurkeztuko zaizkie. Azterlanak berretsiz gero, Kultura eta Kirol Arloa arduratuko da betetzen direla zaintzeaz.

21. artikulua. Lantaldeetan parte hartzea.

Lantaldeetan parte hartzen ahalko dute herritarrek, kultura elkarte eta entitateek eta kulturaren eta euskararen arloetan diharduten lagunek. Horretarako, eskaera egin beharko diote kontseiluburuari eta Kontseiluak berak oniritzia eman beharko du. Gainera, udaleko edo kontratatutako teknikarien aholkularitza jasotzen ahalko dute, baldin eta Kultura eta Kirol Batzordeak onetsi badu.

VI. KAPITULUA

Memoria eta ebaluazioa

22. artikulua. Memoria.

Urtero, epe horretan egindako jarduketei buruzko txosten-memoria bat prestatuko du Kirol Kontseiluak, eta hobetzeko zer egin proposatuko. Txosten hori udalean aurkeztuko da, eta batzordeetan edo dagokion gobernu eta erabaki organoetan eztabaidatuko da horri buruz.

23. artikulua. Ebaluazioa.

Etengabeko ebaluazioa sustatuko da. Urteko bilera batean, gutxienez, Kontseiluaren funtzionamendua, erabilgarritasuna, parte-hartzea eta jarduera ebaluatuko dira.

Egokitzat jotzen duen metodologiarekin eta Kirol Arloak behar duen aholkularitza profesionalarekin eginen du ebaluazioa, eta Kirol Kontseiluan bertan eta Kultura eta Kiroleko Informazio Batzordean aurkeztu eta onetsiko da.

Ebaluazioa negatiboa bada, egoera oneratzeko bideak sortuko dira. Ebaluazioa negatiboa bada oraindik ere, Kirol Kontseiluko kideek, gehiengo osoz, Kontseilua desegiteko prozesua abiarazten ahalko dute.

VII. KAPITULUA

Erregelamendua aldatzea eta Kontseilua desegitea

24. artikulua. Erregelamendua aldatzea eta Kontseilua desegitea.

Kontseilua desegiten ahalko da, edo Erregelamendua aldatzen, osoko bilkurak onetsita bakarrik, Kontseiluak berak eskatu ondoren eta, edonola ere, azken horri entzun ondoren.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Erregelamendu honek indarra hartu ondoko hiru hilabetean eratuko da Kirol Kontseilua, udaleko osoko bilkurak onetsi ondoren. Lehen bilkura horretan bileren egutegia onetsiko da, gutxienez hilean ohiko bilkura bat ezarrita.

Kontseilua eratu aurretik, beharrezkoa bada, udalak bilera eginen du kirol elkarte eta entitate guztiekin, jarraitu beharreko prozeduraren berri emateko.

Legegintzaldi bakoitzaren hasieran, kontseilukide berriak izendatuko dira; zehazki, udalbatza berria eratu eta lehenengo sei hilabeteen barruan gauzatu beharko da berrikuntza hori.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu hau ezartzeko eta aplikatzeko zeregina udaleko osoko bilkurari dagokio, Kultura eta Kirol Batzordearen irizpena jaso ondoren.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, indarrean dauden legezko xedapenak aplikatuko dira.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Udaleko osoko bilkurak Kontseiluaren funtzionamenduari, betebeharrei erregelamenduari eta horren gainean egin daitezkeen interpretazioei buruz onesten dituen erabakiak erregelamendu honi erantsiko zaizkio.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2109592