152. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Community Manager lanpostu 1 oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzurako

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2021eko ekainaren 7an emandako ebazpenaren bitartez deialdia onetsi zuen hurrengoaren arabera:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Community Manager lanpostu 1, funtzionario araubidekoa eta A mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritze aldera.

1.2. Plaza, Alkatetzako Alorrari atxikia eta plantilla organikoan 105300-1 zenbakiarekin identifikatua, honako txanda honetan banatuko da:

–1 lanpostu txanda irekian.

1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badago, aukeratzen ahalko du Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa.

Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Gradu- edo Lizentzia-titulua Kazetaritzan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, edo horietako baten baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte bete.

2.3. Aurreko betekizun horiek izendatuak izateko proposatutako izangaiek egiaztatu beharko dituzte deialdi honen oinarriek zehazten duten unean.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten, www.pamplona.es/eu webgunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

3.2.1. Ziurtagiria, izena emateko eskubide tasa dela-eta 25 euro Iruñeko Udalari ordaindu izana egiaztatzeko. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordain daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429). Edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NAN / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: Deialdia Community Manager izateko.

3.2.2. Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudun batek emana– aurkeztu beharko dute. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

3.2.3. Deialdiaren 2.1.1.c) atalean eskatutako tituluetako baten fotokopia, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena.

3.2.4. Deialdi honen 6.5.1 puntuan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduak egiaztatzeko agiri originalak edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopiak.

3.2.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.2.6. Berariaz besterik adierazi ezean, nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Edurne Elio Aldunate, Iruñeko Udaleko Goi mailako tituluduna.

Epaimahaiburu ordezkoa: Juan Echenique Huarte, Iruñeko Udaleko Alkatetzako Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikidea: María Marsá Fuentes, Iruñeko Udaleko kazetaria.

Epaimahaikide ordezkoa: María Antonia Úriz Ayestarán, Nafarroako Gobernuaren Prentsa Kabineteko atalburua.

Epaimahaikidea: Jose Javier Ascunce Martín, Iruñeko Udaleko kazetaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Puy Eseverri Iroz, Iruñeko Udaleko kazetaria.

Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Idazkaria: Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikari bat.

Idazkari ordezkoa: Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikari bat.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Lehiaketa-oposizioaren garapena.

6.1. Lehiaketa-oposizioa bi fasetan eginen da, lehenbizi lehiaketa eta gero oposizioa.

6.2. Oposizioa 2022ko urtarriletik aurrera hasiko da.

6.3. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitaratuko ditu, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) eta iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.

Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.4. Oposizio-aldia:

6.4.1. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eginen dira.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.4.2. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.4.3. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

a) Lehen proba.

Ariketa teorikoa: izangaiek deialdi honen II. eranskineko gaitegiaren I. eta II. parteetan jasotako gaiei buruzko test erako galdetegi bat erantzun beharko dute idatziz, Epaimahaiak zehaztuko duen gehieneko epean. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortu akatsak erantzunetan hainbat aukera dituzten galderetan.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 10 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren proba.

Ariketa teorikoa: gehienez 120 minutuko epean, izangaiek ausaz aukeratutako bi gai garatuko dituzte idatziz, bata II. eranskineko gaitegiaren III. partekoa, eta bestea IV. partekoa.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 10 puntu eskura daitezke ariketa bakoitzeko; guztira, 20 puntu. Proba gaindituko dute gai bakoitzean gutxienez 5 puntu lortzen dituzten izangaiek.

c) Hirugarren proba.

Ariketa praktikoa: Epaimahaiak oposizioko gaitegiaren III. eta IV. parteetako gaiei zein Community Manager batek erakunde publiko batean dituen jarduerei lotuta proposatutako kasuak ebatzi beharko dituzte izangaiek. Hori egiteko gehieneko denbora Epaimahaiak zehaztuko du probaren hasieran.

Hirugarren ariketa honetan gehienez ere 50 puntu eskura daitezke. Proba gaindituko dute proban, oro har, gutxienez 25 puntu lortzen dituzten izangaiek.

6.4.4. Probak egiteko behar diren materialak Epaimahaiak zehaztuko ditu eta behar besteko denboraz jakinaraziko ditu www.pamplona.es helbidean.

Oposizioko bigarren eta hirugarren probak plika-sistemaren bidez eginen dira.

6.4.5. Behin proba bakoitza amaituta, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 egun naturaleko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

6.5. Lehiaketa-aldia.

6.5.1. Lehiaketa-aldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 10 puntu banatuko dira; bertan baloratuko dira alegatutako merezimenduak, izangaiek behar bezala egiaztatuak, honako baremo honekin bat:

Honako hizkuntza hauen ezagupena, ofizialki egiaztatuta (gehienez, 10 puntu): 10 puntu.

1. Euskara: Gehieneko puntuazioa, 10 puntu.

a. B2 maila: 5 puntu.

b. C1 maila: 10 puntu.

2. Ingelesa: Gehieneko puntuazioa, 5 puntu.

a. B2 maila: 2,5 puntu.

b. C1 maila: 5 puntu.

Oharrak:

a) Hizkuntza bakoitzean maila gorenari dagokion puntuazioa emanen da. Ez dira inolaz ere batuko hizkuntza bati dagozkion bi mailatako puntuazioak.

b) Ezein kasutan ere ez da 10 puntu baino gehiagoz baloratuko lehiaketa fase hau.

Tituluak eta egiaztagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 ebazpenean jasota daude, zeinak ezartzen baititu euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

6.5.2. Aurreko ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak aurreko puntuan jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dira oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Merezimenduen balorazioan, bakarrik hartuko dira kontuan deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak, eta ez dira zenbatuko hortik aurrerakoak.

Aurkeztutako merezimenduen egiaztagirien azterketatik ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, haiei lotuta emandako puntuazioa deskontatuko da, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gainean.

Aldi honen amaieran, Epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren webgunean (www.pamplona.es), eta 5 egun naturaleko epea irekiko du, noiz argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina, izangaiek eskubidez komeni zaiena alegatu dezaten.

Behin Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurrean aurkezturiko erreklamazioak ebatzita, Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) eta iragarki-taulan argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari bidaliko dio, betekizunak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, oposizioaren hirugarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da, gero bigarren ariketaren puntuazioa eta, azkenik, lehenbizikoaren puntuazioa kontuan hartuko da. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, zozketa bakar batez ebatziko da horretarako deituko den ekitaldi publikoan. Alfabetoko bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak lehen abizenaren hurrenkera alfabetikoaren arabera ebatziko dira, lortutako bi letretatik abiatuta. Ondorio horietarako, “ZZ” letren ondoren “AA” letrak joanen dira. Haren lehen abizena hasierako bi hizkiekin hasten den izangairik ez badago, kontuan hartuko da zer abizen dagoen hurrengoa hurrenkera alfabetikoan. Zozketaren emaitzak Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko dira.

8.–Betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek aurkez ditzaten, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiri hauek:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluetako baten fotokopia konpultsatua edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, edo, bestela, eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehenago hura lortzeko egoeran egotearen gaineko ziurtagiria.

8.2. Behin izapide hori egindakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak lanpostu hutsa hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsa, izangaien zerrenda –lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat– eta lanpostua hautatzeko ematen den epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, gainditu duen lehen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena, deialdian eskainitako lanpostu bakarrerako.

Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Proposatzen den izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko deklarazio bat edo deklarazio solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazirik.

d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

9.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdi honetako xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

9.4. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.

9.5. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

9.6. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoak ez diren baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eska dezakeen beste edozein agiri, proposatutako izangaiari eskatuko zaio eta hark aurkeztuko du deialdiaren 9.2. zenbakian ezarritakoarekin bat.

10.–Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsa adjudikatuko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 9.5. zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.

10.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.5 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta www.pamplona.es webgunean argitaratuko dira.

12.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

–Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

–Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetakoren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

12.2. Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaiei eta deialdi honen hautaprobaren bat gainditu dutenei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:

–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluen agiri originala edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia, edo horiek erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

Ebazpen hori argitara emanen da, dagokien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.

12.3. Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

12.4. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.5. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, halakorik balitz, aldi baterako kontratazioko honako izangai-zerrenda hauek –eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren Iragarki-taulan (Udaletxe plaza, Udaletxeko atzealdean) eta Udalaren webgunean–:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetakoren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu dutenen zerrenda.

12.6. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera. Halaber, lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez dutenen izangaien hurrenkera, gainditutako proba-kopuru handienaren arabera zehaztuko da, lehenik eta behin, eta, bigarrenik, gainditutako probetan guztira lortutako puntuaziorik altuenaren arabera.

Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

12.7. Aurreko atalean ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Zazpigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioen zerrendan, hiru lanpostuetako lehena erreserbatuko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonentzat, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa eta gainditutako proba-kopurua kontuan harturik.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.

Iruñean, 2021eko ekainaren 7an.–Batzarreko idazkaria, Ana M.ª Elizalde Urmeneta.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gaitegia

I. partea.–Oinarrizko araudia.

1. Espainiako Konstituzioa, 1978ko abenduaren 27koa: Atariko titulua. Erakundeak: Koroa, Gorte Nagusiak, Gobernua eta Botere Judiziala. Estatuaren lurralde antolamendua.

2. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea eta 57/2003 Legea, abenduaren 16koa, Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzkoa: Biztanle-kopuru handiko udalerrien antolaketa-araubidea (X. titulua).

3. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Xedapen orokorrak. Administrazio-egintzak: betekizunak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazio-prozedura erkidea: hasiera, antolaketa, instrukzioa eta amaiera.

4. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Atariko titulua: xedapen orokorrak. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Ondare-erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

5. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa: xedapen orokorrak, printzipioak eta pertsonen eskubideak. Eskubide digitalen bermea.

6. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Foru erakundeak. Nafarroaren eskumenak.

7. Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Parlamentua. Eginkizunak. Osaera, antolaketa, izendapena eta kargu-uztea. Eskudantzia eta eskumenak. Kontuen Ganbera: eskumenak.

8. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: xedapen orokorrak. Administrazioen arteko harremanak. Udalen funtzionamendua.

9. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: legearen xedea eta printzipioak. Kontratuen tipologia eta adjudikazio prozedurak.

10. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak eta hura gauzatzeko prozedura.

11. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: xedapen orokorrak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Mailak eta graduak. Egoera administratiboak. Eskubideak eta betebeharrak. Zehapen-araubidea.

12. Osoko Bilkuraren erregelamendu organikoa: xedapen orokorrak. Zinegotzien estatutua. Osoko Bilkuraren antolamendua eta funtzionamendua. Erabakiak hartzea eta arauak onestea. Batzordeak. Informazio-, sustapen-eta kontrol-tresnak.

13. Iruñeko Udalaren administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen ordenantza: xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Toki erakundearen funtzionamendu elektronikoa. Administrazio prozedura elektronikoa.

14. Berdintasuneko Ordenantza: xedapen orokorrak. Berdintasunerako udal-egiturak. Iruñeko Berdintasun Plana. Berdintasunaren integrazioa udal-politika guztietan.

15. Iruñeko Udalean eta haren sektore publiko instituzionalean euskararen erabilpena arautzen duen Ordenantza.

II. partea.–Iruñeko gaiak.

1. Iruñeko geografia. Geografia fisikoa eta giza geografia. Natur ondarea: landaretza, fauna eta baliabide naturalak. Parke historikoak eta berdeguneak. Ibai-parkea. Komunikazio-bide nagusiak eta azpiegiturak.

2. Iruñeko historia (I). Hiria haren sorreratik XX. mendearen erdialdera arte. Mugarri nagusiak.

3. Iruñeko historia (II). Harresiak eraistea. Lehen eta bigarren zabalguneen sorrera. Iruñearen hirigintza-bilakaera, XX. mendearen bigarren erdialdean eta XXI. mendean. Auzoen sorrera. Garapen berriak.

4. Hirigintza. Udal-eskumenak eta hirigintzako antolamendu-tresnak. Udal Plana. Garapen-plangintza: Plan Partzialak eta Plan Bereziak. Tokiko hirigintza, beste erakundeei dagokienez: Baterako Planak eta Udalez gaindiko Plan Sektorialak.

5. Iruñeko ondare kulturala. Ondare higiezina: Ziudadela eta harresiak. Beste eraikin batzuk. Ondare higigarria: Dokumentu-ondarea, Arte Garaikidearen Udal Bilduma eta eskulturak hirigunean. Ondare immateriala: erabilerak eta ohiturak.

6. Udaletxea. Haren eraikitzearen historia. Fatxada. Oin nagusia. Ezkaratzea eta eskailerak. Harrera-aretoa. Udalbatza-aretoa.

7. Iruñeko Udaleko Protokolo Erregelamendua. Tituluak, ikurrak, tratamenduak eta bereizgarriak. Ekitaldi ofizialak. Ohoreak eta sariak. Zeremoniala eta etiketa.

8. Udal administrazioa. Udal Organoak. Alkatetza. Osoko Bilkura. Gobernu Batzarra. Beste organo erabakitzaile eta informatzaileak. Udal-organoen eskumenak eta eskudantziak. Udal Antolaketari buruzko Dekretua.

9. Udalaren aurrekontua. Egitura. Gastuen sailkapen ekonomikoa eta funtzionala. Aurrekontuko diru-sarrerak. Tributuak: aldizkakoak eta ez-aldizkakoak. Udal-plantilla. Erakunde autonomoak eta udal-enpresak.

10. Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorra. Lehen mailako arreta. Bazterketaren kontrako arreta-programak. Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua (EUAZ). Enplegu-programa nagusiak. Komunitate Ekintzako programa nagusiak. Kirol-programa nagusiak. Garapenaren aldeko Lankidetza.

11. Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorra. Udalaren hezkuntza-programak. Haur Eskolak. Herritarren partaidetzarako organoak eta baliabideak. Herritarrendako Arreta Zerbitzua. Gaztediaren Etxea eta gazteei zuzendutako beste udal-programak.

12. Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorra. Garatzen ari diren proiektu nagusiak. Ekimenak mugikortasunaren arloan. Hiri Ekologiako Zerbitzua. Energia Agentzia. Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzua.

13. Kultura eta Berdintasuneko Alorra. Kultur jarduerak. Arte plastikoak. Civivoxen kudeaketa. Euskararen sustapena. Iruñeko Udal Artxiboa. Berdintasuna sustatzeko udal-programa nagusiak.

14. Herritarren Segurtasuneko Alorra. Herritarren Babesa. Zirkulazioa antolatu eta zuzentzea. Herritarren segurtasuna. Babes Zibila. Iruñeko Udaltzaingoa.

15. Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko Alorra. 2030 estrategia/Hiri Agenda. Proiektu europarrak, abian. Merkataritzako Plan Estrategikoa (2017/2021) Tokiko merkataritza eta ekintzaileak babesteko programa nagusiak. Iruñeko turismo-estrategia eta bisitarien profila. Iruñeko produktu turistikoak.

III. partea.–Komunikazio gaiak.

1. Komunikazioa eta informazioa Komunikazioaren osagaiak. Informazioaren gizarte-eginkizuna sistema demokratikoetan. Komunikazioa eta gobernu ona. Toki-esparrua.

2. Globalizazio informatiboa. Internet eta haren ondorioak. Teknologia berriak eta komunikazio-sareak. Kanal eta hizkuntza globalak. Komunikazioaren berehalakotasuna. Iturriak egiaztatzeko arazoa. Fake News/Albiste faltsuak.

3. Informaziorako eskubidea. Informazio-egintzaren inplikazio juridikoak. Erantzuteko eta zuzentzeko eskubideak. Informazio-askatasuna, printzipioa eta mugak: ohore, intimitate eta norbere irudirako eskubidea. Lege-arauketa eta jurisprudentzia.

4. Iritzi publikoa. Audientzia-azterketa nagusiak Espainian. Audientzia-neurketa prentsa, irrati eta telebista konbentzionaletan. Audientzia digitalak: kontzeptuak, indizeak, tresnak.

5. Egile-eskubideak eta irudi-eskubideak. Egile-eskubide motak. Obra-titularraren eskubideak. Lizentziak. Irudi-bankuak. Fotografiatutako pertsonaren irudi-eskubideen babesa. Adingabeen kasua.

6. Teknologia berriak eta haien aplikazioa komunikazioan: komunikabideak, erakundeen komunikazio-kabineteak eta “kazetaritza herritarra”. Errealitatea eta etorkizuneko aukerak.

7. Eguneroko prentsa eta onlineko prentsa. Egoera eta ezaugarriak Nafarroan. Hartzaile-kopurua eta etorkizuneko aukerak. Komunikabide nagusiak.

8. Irratia eta telebista. Egoera eta ezaugarriak Nafarroan. Hartzaile-kopurua eta etorkizuneko aukerak. Komunikabide nagusiak.

9. Albiste-agentziak. Informazio orokorreko eta espezializatuko agentzia espainiarrak. Etorkizuneko aukerak.

10. Publizitatea Nafarroan. Sektorearen ezaugarriak. Publizitatea komunikabideetan. Beste euskarri batzuk. Publizitatearen merkatua. Etorkizuneko aukerak.

11. Komunikazio instituzionala. Definizioa eta lege-esparrua. Helburuak eta erabilitako bitartekoak. Alderdi ekonomikoak. Iruñeko Udalaren komunikazio instituzionala.

12. Erakunde publikoen komunikazio-kabineteak. Helburuak eta eginkizunak. Haien ezarpena erakunde espainiar eta nafarretan. Komunikazio-planak. Krisi-komunikazioa. Barne-komunikazioa.

13. Erakundeen web atariak. Ezaugarri nagusiak. Eduki- eta publiko-motak. Webgunean komunikatzea: nabigazioa, diseinua eta testuen erredakzioa. Iruñeko Udalaren webgunea, www.pamplona.es.

14. Hiri-irudia. Identitate korporatiboa. Komunikazio-moduak eta publikoak. Gizarte-erantzukizun korporatiboa (GEK). Markaren balioa eta haren erakartze-gaitasuna. Nazioarteko posizionamendua eta “Hirien diplomazia”.

IV. partea.–Community Manager.

1. Eduki-kudeatzaileak (CM). Ezaugarri nagusiak eta funtzionamendua. Software libreko edukien kudeatzaile nagusiak. Liferay, Wordpress, Drupal, Joomla.

2. Kokatzea bilaketa-tresnetan. SEO kontzeptua. Bilaketa-tresnen funtzionamendua. SEOko edukiak eratzeko arauak. SEOren garrantzia administrazio publikoen zerbitzu digitaletarako.

3. Multimedia-elementuen formatuak eta ezaugarriak sare sozialetan erabiltzeko. Adobe Photoshop, Adobe Premiere eta software libreko tresnak horiek erabiltzeko.

4. Datu-monitorizazioa eta web-analitika. Monitorizazio-tresnak. Google Analytics.

5. Blogak. Blogak sortzeko plataformak. Blogak eta Komunikabide sozialak. Blog profesionalak. Themes-en diseinua, egitura eta pertsonalizazioa. Blogaren edukiak eta sustapena.

6. Marketin-tresnak Interneten: Display, SEM, SEO. Afiliazio-marketina. Email-marketina. Edukien marketina.

7. Sare sozialak administrazio publikoetan (I). Sare sozialen helburuak, oztopoak eta aukerak, gobernu irekiko tresna gisara. Estrategiak eta praktika egokiak haien ezarpenerako.

8. Sare sozialak administrazio publikoetan (II). Facebook, Twitter, YouTube, Instagram, TikTok, WhatsApp eta Telegram: ezaugarriak eta erabilerak. Sare sozialen kudeaketa-tresna natiboak eta ez-natiboak.

9. Community Managerraren rola. Egitekoak eta erantzukizunak. Community Managerreraren gaitasuna eta jarrera. Community Managerreraren tresnak. Hootsuite. Tweetdeck. Facebooken Business Manager. Facebooken iragarkien administratzailea. Social Mention. Audiense. Backlinkwatch. Buffer. Metricool. Agorapulse. IFTTT. Twitonomy.

10. Facebook. Orri bat sortu eta administratzea. Taldeak sortu eta administratzea. Publizitatea Facebooken. Pribatutasuna eta segurtasuna. Business Managerra.

11. Twitter. Web trafikoa. Jarraitzaileak eskuratzea. Hariak, funtzionamendua eta praktika egokiak. Iragarkiak eta kanpainak Twitterren. Twitter Ads. Segmentazioa. Tweetdeck.

12. Instagram eta sare sozial berriak. Argitaratzea eta komunikatzea irudiaren eta bideoaren bidez. Interakzioa. Jarraitzaileak eskuratzea. Stories-ak. Reels-ak. IGTV. Etiketatzea eta traolak.

13. KPIak eta analitika sare sozialetan, definizioa eta garrantzia. Aztertu beharreko adierazle nagusiak Facebook, Instagram, Twitter eta YouTube-n. Garrantzi handieneko adierazleak Iruñeko Udalarentzat.

14. Iragarkiak sare sozialetan. Nola konfiguratu kanpainak. Helburu motak eta kanpainak. Segmentazioa. Audientziak sortzea. Kokalekuak. Emaitzen azterketa.

15. Social Media Optimization (SMO). Social Media Marketing (SMM).

16. Engagement-a sare sozialetan. Engagement-a sortzeko ekintzak: lehiaketak, zozketak, influencer-ak, gamifikazioa, inkestak eta beste.

Iragarkiaren kodea: L2109973