15. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEIRE

Udal ordenantza, Hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Beireko Udalak, 2020ko ekainaren 26an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Beireko udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea iraganda inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, erabakia behin betikoa bilakatu da. Ordenantzaren testu osoa argitaratzen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Beiren, 2020ko abenduaren 22an.–Alkatea, Ainara González Rubio.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA BEIREKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Beireko Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik dituzten legezko eskumenak; hori dena, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokion guztia, barne araubideari eragiten dionean.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta, bere eginbehar hori ahalik eta hobekiena betetzeko, behar diren proposamenak eginen dizkio Udalari (adibidez, lanak kanpoko enpresa batekin azpikontratatzea).

4. artikulua. Hilerriko hilobi hutsen kopurua egokituko da udalerriko biztanleria zentsuaren arabera, edo hilobi-kopuru horretarako lur aski egonen da bederen.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, baldin legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Hilerrira iritsi eta berehala ehortzi behar ez diren hilotzak gorputegian utziko dira ehorzteko unea iritsi bitartean. Ez da ehorzketarik eginen heriotza gertatu eta 24 ordu bete gabe, eta hilotzak gorputegian utziko dira epe hori bete bitartean.

Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkiak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

8. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik sortu ez bazuen, baltsamatu edo erraustu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahalko dira:

a) Hilobiratu zirenetik bost urte igaro eta gero, erabat hezurtuta badaude.

b) Noiznahi, gorpuzkiak erraustu egin baziren.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

9. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

10. artikulua. Bai hilotz bat ehorzten denean, bai ateratzen denean, edo atera eta berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da hilerriko erregistro-liburu ofizialetan. Horietan agertuko dira ehortziaren izena eta bi deiturak, ez dadin baimenik eman gorpuzkiak hilobitik ateratzeko 9. artikuluan ezarritako epea baino lehen, eta argiro zehaztu dadin hilotz bakoitzaren egoera, justiziak hilobitik ateratzeko aginduko balu ere, eta jasoko da hilotza I. taldekoa ala II. taldekoa den.

11. artikulua. Ehorzketa-kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, doan edo kostu bidez, eta hura Udalak emanen du.

Ez da inoiz eta inola ere emanen epemugarik gabeko kontzesiorik.

12. artikulua. Hilerrian ematen diren kontzesio guztiak (bai dohainik lurrean, bai kostu bidez nitxoan, kolunbarioan edo panteoi-sotorako lurzatian) ehorzteko eta hilobi-elementuak jartzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesiodunen eskubide guztiak. Ondorioz, bai lurzatia bai jartzen diren hilobi-elementuak araudi honetan ezarritakoaren mende egonen dira.

13. artikulua. Lur edo hilobien kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Kontzesioko lurren gainean hilobi-elementuak jartzeak ez dakar berekin haien gaineko xedapen egintzarik.

14. artikulua. Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruz indarra duten xedapenek aginduko dute.

15. artikulua. Hilobien kokapena, lur-erauzketaren gastuak eta gainerako gastu guztiak, obra bukatu artekoak, kontzesiodunaren kargura izanen dira.

16. artikulua. Hilobiak garbi eta apain edukitzea kontzesiodunen betebeharra da. Alkatetzak errekerimendua egiten ahalko die hilobia egokitzeko obrak egin ditzaten, eta bestela hark berak egiten ahalko ditu, kontzesiodunen kargura. Horiek ordaintzen ez badute, eskubidea galduko dute, eta, horren ondorioz, gorpuzkiak atera eta hezurtegi orokorrera eramaten ahalko dira, baldin eta 9. artikuluan jasotzen diren epeak iragan badira.

17. artikulua. Ordenantza hau onetsi baino lehenagoko kontzesioei araudi hau aplikatuko zaie.

18. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamenduak honako hauengatik ere buka daitezke: hilerria kentzeagatik, interes publikoagatik edo kontzesioaren epea eta kasuan kasuko luzapenena, halakorik balitz, betetzeagatik.

19. artikulua. Gaur egungo hilerria ondoko eremuez osatua dago:

Sartu eta eskuinetara, familia-panteoien eta lurreko hilobien eremua dago.

Sartu eta ezkerretara, nitxoak eta lurreko hilobiak daude.

Atzealdean, biltegi txiki bat, nitxoak eta kolunbarioak daude.

20. artikulua. Panteoi-sotoek dauzkaten ezaugarri bereziak direla eta, eskatzailearen kargura eta beraren bitartekoekin eginen dira ehorzketak, desobiratzeak edo behar duen beste edozein zerbitzu. Halakoak Beireko Udalari jakinarazi beharko zaizkio.

21. artikulua. Nitxoen kontzesioak emanen dira nitxoan ehorzteko Udalak ezarritako prezioan, baldin nitxo erabilgarririk bada hilerrian; 30 urterako izanen dira kontzesio horiek, eta bi luzapen ematen ahalko dira, 30 urtekoak, aldez aurretik eskatuta eta horiek ematen diren unean indarra duen tarifa ordainduta.

22. artikulua. Nitxoen kontzesioa honela eginen da: erabiltzen ari den multzoaren aurrean jarrita, goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Hilerriko nitxo guztiak erabiltzen direnean, kontzesioa iraungita duten nitxoetako gorpuzkiak atera eta hezurtegi orokorrera eramanen ditu Udalak, nitxoen kontzesioa berriz emateko. Hori ez bada posible, kontzesioa iraungia duen nitxorik ez dagoelako, Udala ez da behartuta egonen kontzesio mota hau egitera.

23. artikulua. Kolunbarioen kontzesioak emanen dira kolunbarioan ehorzteko Udalak ezarritako prezioan; 30 urterako izanen dira emakida horiek, eta bi luzapen ematen ahalko dira, 30 urtekoak, aldez aurretik eskatuta eta horiek ematen diren unean indarra duen tarifa ordainduta.

24. artikulua. Kolunbarioak erabiliko dira hilotzen errautsak edo hezurrak gordetzeko soilik.

25. artikulua. Kolunbarioen kontzesioa honela eginen da: haien aurrean jarrita, goitik behera eta ezkerretik eskuinera.

26. artikulua. Baimendurik egonen da hilarria jartzea eta bertan inskripzioak egitea, nitxoak ixten diren aldean eta kolunbarioetan.

27. artikulua. Lurreko hilobien kontzesioa doakoa izanen da, eta 30 urteko iraupena izanen du. Hala ere, zerbitzua doakoa denez gero, leku gutxi izateagatik premiarik bada, legeak ezartzen duen gutxieneko epea betetzean kenduko dira hilobiak. Kontzesioaren epea igaro ondoren, Udalak hilobiko gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramaten ahalko ditu, lurreko hilobien kontzesio gehiago emate aldera.

28. artikulua. Lurreko hilobiek neurri hauek izan beharko dituzte: 2,40 m luze, 1 m zabal eta 2 m sakon. Hilobietan gurutze, hilarri edo antzeko zerbait jartzen ahalko da, eta bertan inskripzioak egin. Halaber, lurzatia harriz, zementuz, katez edo hesiz mugarritzen ahalko da, baina hesiak 40 zentimetro garai izaten ahalko da gehienez.

II. KAPITULUA

Tasak, hilerrian zerbitzuak egiteagatik

29. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1.–Lurpean hilobian ehorztea.

2.–Nitxoan ehorztea.

3.–Panteoi-sotoan ehorztea.

4.–Kolunbarioan hilotzen errautsak edo hezurrak ehorztea.

5.–Hilerriko beste lan batzuk.

30. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen duten pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, edo, nortasun juridikorik izan gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua diren entitateak.

31. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

32. artikulua. Lizentziak ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki –edo gehiago– batera lurperatzeko, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain mugarriturik badaude; partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura, hilotz bakarretik gorakoak lurperatzeko lanak.

33. artikulua. Aurreko 30. artikuluan ezarritako zerbitzuei dagozkien tasak ordaindu beharko dira zerbitzuok egin baino lehen, salbu premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen du udal bulegoetan, behar den tarifa ordainaraz dezaten.

TASEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Ehorzketak, lurrean. 100 euro erroldatuentzat; 300 euro erroldatu gabeentzat.

2. epigrafea.–Ehorzketak, nitxoan. 100 euro erroldatuentzat; 300 euro erroldatu gabeentzat.

3. epigrafea.–Ehorzketak, panteoi-sotoan. 100 euro erroldatuentzat; 300 euro erroldatu gabeentzat.

4. epigrafea.–Hilotzen errautsak edo hezurrak kolunbarioan ehorztea. 100 euro erroldatuentzat; 300 euro erroldatu gabeentzat.

5. epigrafea.–Nitxoko hilobien kontzesioa. 700 euro. Erroldatu gabeak: 1.200 euro.

6. epigrafea.–Kolunbarioko hilobien kontzesioa. 450 euro. Erroldatu gabeak: 700 euro.

7. epigrafea.–Lurreko hilobien kontzesioa. Doan.

8. epigrafea.–Beste zerbitzu batzuk. Eskatzaileak bere kargura kontrataturiko pertsonek egiten ahalko dituzte ordenantza honetan zehaztuta ez dauden zerbitzuak eta Udalak –arau orokorretik kanpo egin nahi direla-eta– baimendu beharrekoak diren ehorzketak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat ez datozen udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako epea iragan ondoren (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

Iragarkiaren kodea: L2100283