15. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

374/2020 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Elon (Nafarroa) dagoen Eloko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatu eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:

“Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak planteatu du Eloko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua mugatzea; Elo herrian dagoen monumentu hori martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago (martxoaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

Eloko gurutzea gotikoa da, ziurrenik XV. mendearen bukaerakoa. Landa-lurzoruan dago, herriaren erdigunetik 1.300 bat metrora, Iruñera doan errepidearen ondoko ezponda batean. Duela urte batzuk tokiz aldatu zuten, lehenago hortik 30 bat metrora baitzegoen, ondoko finkaren barruan; izan ere, hortik igarotzen zen Iruñeko bide zaharra -Donejakue Bidea-, duela zenbait hamarkada desagertu zena lurzatiak biltzearen ondorioz. Hauek dira UTM koordenatuak: x: 621.236 eta y: 4.729.916.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Honako hau da Eloko gurutzea babesteko eremuaren mugaketaren hitzez hitzeko deskribapena:

Eloko gurutzea babesteko eremua 60 metroko erradioa duen zirkulu batek osatzen du, N-240 errepideko ertzeraino. Eloko 4. poligonoko 294. eta 295. lurzatiak ukitzen ditu.

Eremuaren muga grafikoak erantsitako planoan jasota daude.

Hau da ukituen zerrenda:

–Eloko Udala.

–Juan Antonio Erviti Unzue.

–Francisco Setuain Irigoyen, María Jesús Setuain Irigoyen.

Eremua mugatu da, batetik, monumentua zaintzeko eta, bestetik, bere kokalekuko lurralde-eremuaren ezaugarriak eta baldintzak gordetzeko eta ikusten den panoramika babesteko.

Eremu horretarako honako babes neurriak proposatzen dira:

1. Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

2. Eremuari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezartzen da babes eremuan sartutako landa lurzatien azaleretan ez dela eraikinik ez instalaziorik jarriko.

Beraz, proposatzen da Eloko gurutzearen babes eremua behin-behinekoz mugatzea eta haren tramitazioa hastea”.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eloko udalerrian (Nafarroa) dagoen Eloko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatzea, interes kulturaleko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honen azalpen ataleko hitzez hitzeko deskripzioarekin eta ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin bat.

2. Jendaurrean egoteko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egunez, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia alega dezaten.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Eloko Udalari jakinaraztea. Aditzera ematen zaie, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d artikuluan xedaturikoarekin bat, ukituriko eremuak zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta emanak daudenen ondorioak bertan behera utzi behar direla. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

4. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abenduaren 2an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

ERANSKINA

Ukitutako eremuaren mugei buruzko planoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2015532