15. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

69E/2020 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Tafallako (FM 104.4) lizentziaren titulartasuna eskualdatzea.

2019ko martxoaren 22an 21’sth GB World Time Media SL enpresak idatzi bat aurkeztu du, haren bidez baimena eskatuz Sauzal 66, SLren titulartasuneko irrati lizentzia (FM 104.4), Tafallakoa, eskualdatu dakion. Lizentzia hori Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren otsailaren 22ko 14/2013 Foru Aginduaren bidez eman zen eta 2028ko martxoaren 1era arteko indarraldia du, egun hori barne.

Nafarroako Foru Komunitateko Ikus-entzunezkoen Komunikazio Zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikuluak xedatzen duenez, ikus-entzunezko komunikazioko lizentziei buruzko negozio juridikoek bete beharko dute Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa.

Zehazkiago, 7/2010 Legearen 29. artikuluko 2. apartatuak honako hau xedatzen du:

–Bi negozio juridikoak egiteko, gutxienez bi urte igaro behar dira lizentzia lehen aldiz adjudikatu zenetik.

–Edozein kasutan, debekatuta dago azpierrentamendua.

–Eskualdaketarako baldintza da lizentziaren adjudikazioa lortzeko eskaintza betetzea.

Aipatutako negozio juridikoarekin zerikusia duten enpresek aurkeztu dute beharrezkoa den dokumentazioa, eskualdaketarako baimen judiziala barne, konkurtso prozedura baten barruan lortu ondoren.

Lizentzia horren titulartasuna eskualdatzeak ez dakar ukitutako lau herrien irrati pluraltasunaren mugak haustea, Ikus-Entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorraren 37.1. artikuluaren arabera (titular berriak ez du beste irrati lizentziarik kudeatzen herrian).

Irrati jabari publikoaren erabilerari buruzko Erregelamendua onesten duen otsailaren 24ko 123/2017 Errege Dekretuaren 39.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, 2020ko ekainaren 22an, Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzak urte bereko ekainaren 21eko ebazpen bat jakinarazi du, zeinaren bidez baimentzen baita Tafallako irratiari dagokion negozio juridiko hori, bai eta Foru Komunitatetik kanpoko beste batzuk ere.

Halaber, Zenbait Zerga Aldatu eta Beste Tributu Neurri Batzuk Hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legearen 180.2.b) artikuluari jarraikiz, baimenduriko negozio juridikoan ezarririko eskualdaketaren urteko zenbatekoaren 100eko 2,5eko tasa ezartzen da. Era berean, estaldura eremuaren araberako gutxieneko tasa bat ezartzen da; kasu honetan, estaldura eremua 10.001 eta 50.000 biztanle artekoa denez, urteko tasa aplikagarria 600 eurotik gorakoa izan beharko da.

Ikusirik Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Ataleko buruaren txosten-proposamena, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea Sauzal 66, SLren lizentziaren titulartasuna eskualdatzea 21’sth GB World Time Media SLri lizentziaren indarraldia bukatu arte. Titular berria subrogatuko da aurreko titularrak, negozio juridikoaren xede den tituluak eraginda, zituen eskubide eta betebehar guztietan.

2. Hilabeteko epea ezartzea 600 euroko tasa ordaintzeko, negozio juridikorako baimena jakinarazten den egunetik aurrera. Behin tasa hori ordainduta, Nafarroako Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Emaileen Erregistroan ofizioz eginen da aldaketa, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko da, irmo bihurtu ondoren.

3. Ebazpen hau 21’sth GB World Time Media SLri eta Sauzal 66 SLri jakinaraztea, eta igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuari, Irrati Espektroa Planifikatu eta Kudeatzeko Zuzendaritza Nagusiari eta Estatuko Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Emaileen Erregistroari.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 17an.–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Pablo Roncal Los Arcos.

Iragarkiaren kodea: F2015664