15. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4538E/2020 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2021eko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira landunei zuzendutako prestakuntza programak egiteko. DDBN identifikazioa: 542668.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, jardunbide egokiak bultzatuz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta. Horrela langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduko da, horixe baita enplegurako lanbide heziketaren sistemaren azken helburua.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak (Lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duena) eta hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote, esparru juridiko berria emanez prestakuntza arloko ekimen ezberdinei.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez ezarri ziren administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko oinarriak. Agindu horrek araututako prestakuntza eskaintzaren ekimenen artean, administrazioek landunentzat egin ekimena aurreikusten da, zeharkako prestakuntza programen bidez garatu dena.

Agindu horretan aurreikusitakoa garatzeko, deialdi honetako dirulaguntzen xede dira zeharkako prestakuntza programak, bai eta ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako prestakuntza programak, langile autonomoentzako zeharkako programak eta desgaitasuna dutenentzako zeharkako prestakuntza programak ere. Era berean, deialdiak barnean hartzen ditu Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programak egiteko dirulaguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren araberakoak dira; Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzeko eskumena, berriz, beste administrazio publiko batzuei. Halaber, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

2. Dirulaguntza publikoen deialdia onestea 2021ean finantzatzeko landunei zuzendutako prestakuntza programak.

3. 1.300.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko aurrekontuan “Landunen lanbide heziketarako laguntzak” izeneko 950002 96200 4819 242104 partidaren baliokidea izateko gaitzen den partidaren kargura. Honela banatuko da:

• 700.000 euro, zeharkako prestakuntza programetarako.

• 100.000 euro, ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programetarako.

• 100.000 euro, langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programetarako.

• 50.000 euro, desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programetarako.

• 350.000 euro, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programetarako.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko abenduaren 29an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da prozedura arautzea dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean landunei zuzendutako prestakuntza programak finantzatzeko.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitateak izaten ahalko dira, publikoak edo pribatuak izan, oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, barnean sartuta titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak, kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik daudenak dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak emateko, dela aurrez aurre, dela ikasgela birtualaren, teleprestakuntzaren edo modalitate mistoaren bidez; eta prestakuntza ekintza zabaltzeko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Halaber, inskribatuak dauden prestakuntza entitateen batasunek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin. Batasun horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Prestakuntza inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan eman nahi duten entitateen kasuan, eskabidean zehaztu beharko dute non eginen duten prestakuntza, eta instalazio horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako inskribaturik egon beharko dute instalazio horiek, entitate eskatzaileen epe beretan.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.1 oinarrian sartutako batasunak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta taldeko entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

3.–Prestakuntza programak eta prestakuntza ekintzak.

3.1. Deialdi honen babesean, dirulaguntzak ematen ahalko dira prestakuntza programa hauek gauzatzeko:

a) Zeharkako prestakuntza programak, osatuta daudenak zeharkako gaitasunak lortzeko jarduera ekonomikoko zenbait sektoreri zuzendutako prestakuntza ekintzez.

b) Zeharkako prestakuntza programak, zuzenduta daudenak ekonomia sozialeko langile eta bazkideei.

c) Zeharkako prestakuntza programak, zuzenduta daudenak langile autonomoei.

d) Zeharkako prestakuntza programak, zuzenduta daudenak gutxienez %33ko desgaitasun aitortua duten langileei.

e) Prestakuntza programak, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotuak.

3.2. Dirulaguntzak honetarako ematen ahal dira: III. eranskineko prestakuntza ekintzez osatutako prestakuntza programak gauzatzeko, aurreko apartatuan eta IV. eranskinean adierazitako lehendabiziko lau programa motetarako, eta aurreko apartatuan adierazitako bosgarren prestakuntza programa motarako.

3.3. Prestakuntza programa bat bakarrik finantzatuko da entitate bakoitzeko eta programa mota bakoitzeko. 2.1 oinarrian aurreikusitako batasunetako kideei ere aplikatuko zaie muga hori.

Salbuespen gisa, eta prestakuntza gehienak Iruñean eta Iruñerrian ez egiteko, entitate bakoitzeko finantzatzen ahalko dira eskualdekoa ez den programa bat eta eskualdeko prestakuntza programa bat baino gehiago, baldin eta eremu desberdinetan egiten badira.

Eskualdeko prestakuntza programen kasuan, dirulaguntzak erabiliko dira, soilik, modalitate presentzialean egiten diren prestakuntza ekintzez osatutako prestakuntza programak egiteko.

Zeharkako prestakuntza programen kasuan, eskualdeko sei programa hauek ezartzen dira. Eskualdeko programak dira enplegu agentziei esleitutako herrietan ematen direnak hasieratik bukaerara:

Agoizko eskualdea.

Altsasuko eskualdea.

Doneztebeko eskualdea.

Lizarrako eskualdea.

Lodosako eskualdea.

Tuterako eskualdea.

Tafallako eskualdea.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programen kasuan, eskualdeko hiru programa hauek ezartzen dira. Eskualdeko programak dira enplegu agentziei esleitutako herrietan ematen direnak hasieratik bukaerara:

Agoizko, Altsasuko eta Doneztebeko eskualdea.

Lizarrako, Lodosako eta Tafallako eskualdea.

Tuterako eskualdea.

3.4. Dirulaguntza ematen den egunetik 2022ko ekainaren 30era arte egiten ahalko dira prestakuntza programak.

3.5. Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta bertan ezarritakoak izanen dira horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak.

3.6. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean edo ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez.

3.7. Modalitate presentzialean edo ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 ikasleko taldeetan egiteko programatuko dira.

Teleprestakuntzaren modalitatean, tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko, gehienez. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.8. Prestakuntza ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean emateko, apirilaren 29ko 233/2020 Ebazpena beteko da. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen horren bidez, enplegurako lanbide heziketaren arloko jarraibide bereziak onetsi ziren, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz (ebazpen hori, aurrerago, zuzendari kudeatzaile berak urriaren 8an emandako 408/220 Ebazpenaren bidez aldatu zen).

3.9. Teleprestakuntzako plataformak online ikasteko sistema bat izan beharko du, ahalmen nahikoarekin ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta elkarreragin-mailak izatea.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela kurtsoaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 × 7 eskuragarri egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei; horretarako, gako bat emanen die, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntza plataformari dagokionez, oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da (Teleprestakuntza plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako). Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide heziketa ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen da.

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Prestakuntza ekintza bakoitzagatik emanen den dirulaguntza ez da III. eta IV. eranskinetan zehaztutako modulu ekonomikoak baino handiagoa izanen parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

4.2. Ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialeko prestakuntzan, modalitate presentzialari dagozkion moduluak aplikatuko dira.

4.3. Modalitate mistoan (presentziala eta teleprestakuntza) prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

5.–Prestakuntza programetako parte-hartzaileak.

5.1. Honako hauek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan aurreikusten diren prestakuntza programetan:

a) Zerbitzua administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dutenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

b) Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

c) Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

d) Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren bestelako enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

e) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Pertsona horiek deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan izanen duten parte-hartzea, gehienez ere, %30 izanen da prestakuntza programa osoan, hartan prestakuntza hasten duten pertsonen kopuru osoarekin alderatuta.

Langabetzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran langileak dauden lan egoerari jarriko zaio arreta.

f) Administrazio publikoetako langileei dagokienez, 3.1.a) eta e) oinarrietan aurreikusitako prestakuntza programetan parte hartzen ahalko dute, baina gehienez ere plan bakoitzean parte hartzen dutenen %10 izanen dira.

g) Prestakuntza entitatearen plantillako pertsonek entitateak kudeatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahal dute, betiere gainditu gabe parte-hartzaile guztien %10eko muga eta plantilla guztiaren %10eko muga.

5.2. Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.3. Entitate onuradunak hautaketaren ardura izanen du –berdintasun eta objektibotasun irizpideei jarraikiz eginen duena–, baita parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

5.4. Pertsona hauek izanen dute lehentasuna prestakuntzaren sarbidean: aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen menpean dauden langileak (baldin Enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude), emakumeak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik igorritako pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak, kualifikazio apaleko pertsonak, 45 urtetik goitikoak, 30 urtetik beheitikoak, luzaroko langabeak eta enpresa txiki eta ertainetako langileak.

Kualifikazio apaleko pertsonatzat hartuko dira ikastaroa hasten denean ondoko kotizazio taldeetako batean daudenak: 06, 07, 09 edo 10. Langabeak edo langile autonomoak badira, hauetako bat ere ez dutenak hartuko dira: lanbide txartela, 2. edo 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiria, lanbide heziketako titulua edo unibertsitateko titulua.

Luzaroko langabetzat hartuko dira enplegu agentzia batean inskribatuak egon direnak gutxienez 12 hilabetez hautapenaren aurreko 18 hilabeteetan.

5.5. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Hirutan baino gehiagotan hilabetean prestakuntza jarduerara ez joatea arrazoitu gabe.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintzaren garapen arrunta trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian ager daitekeen beste edozein.

5.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute inskribatu edo parte hartu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

5.7. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen badituzte.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Laguntzak eta bekak zuzeneko araubidearen bidez emanen dira, irailaren 9ko 15155 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduei buruz ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Lanik ez dutenek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

6.2. Bekak eta laguntzak:

a) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko erakundeak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuen ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

c) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute. Hiriarteko lekualdaketan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik zentrorako joan-etorrirako garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez badu prestakuntza ekintzarako egokia, norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketan eskudun den organoak aztertu beharko du. Norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

d) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa) eta bizilekua ekintza ematen deneko herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

e) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 31,66 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Gainera, ohiko bizilekutik hasierako eta bukaerako joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du langabeak, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori bateraezina izanen da norberaren ibilgailuaren eta hiriarteko garraioaren laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

f) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. mailarainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-sorospena edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

IPREM-Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, IPREMaren %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko IPREMaren %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

6.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Prestakuntza ekintzak ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean edo teleprestakuntza modalitatean direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek prestakuntza ekintza presentzialetara agertu behar dutenean.

7.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

7.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

7.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

Entitate berak ezin izanen du finantzaketarik eskatu, deialdi honen kargura, 3.1 oinarrian aurreikusten direnei erreparatuz mota bereko prestakuntza programa bat baino gehiago gauzatzeko. Salbuespena da eskualdeko programa baterako finantzazioa eskatzea, beste programa bat eskatzen ahalko baita, 3.3 oinarrian ezarritakoarekin bat. 2.1 oinarrian aurreikusitako elkarteetako kideei ere aplikatuko zaie muga hori.

7.3. Entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

c) Behar adina instalazio eta giza baliabide badituela dioen adierazpena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.

d) Entitate eskatzailearen adierazpena, adierazten duena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

Eskabidea sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

7.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Programaren laburpen-memoria-aurrekontua, aurreikusitako prestakuntza ekintza bakoitza adierazita, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Prestakuntza inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan eman nahi duten entitateen kasuan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu beharko dute.

d) 9. oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea. A.4.

e) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Ez da beharrezkoa izanen dokumentu horiek igortzea, aurrez beste edozein administraziotan aurkeztu badira. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

7.5. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.6. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, egiaztatzen bada eskaera bakarra aurkezten dela Tuterako eskualdeko programetan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateari aukera ematen ahal dio aurkeztutako programa handitzeko, betiere 10.1 oinarrian adierazitako eskualdeko mugak gainditu gabe.

8.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

8.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, eskabideak deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatuko zaie akatsak zuzen ditzatela, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

8.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

9.–Balorazio irizpideak.

9.1. Balorazio irizpideak aplikatzeko, 2019ko ekitaldiko datu kontsolidatuak hartuko dira kontuan.

9.2. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Entitate eskatzaileak programa garatzeko duen gaitasun frogatua: 40 puntu gehienez, honela banatuta:

2.1. oinarrian aurreikusitako elkarteen kasuan, prestakuntza emanen duen entitateak eskaera egiteko unean duen gaitasuna baloratuko da.

A.1. Inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zer puntuazio lortu duten zentroek aurre-aurreko ekitaldian Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta entitateak batik bat landunentzat diren prestakuntza programetan, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoetan barne, parte hartzen dutenei egindako inkestetan.

Honela eginen da zenbaketa: inkestetako 3tik 4ra doan tarte bat hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

Entitate bat 2019ko ekitaldian ez bada batik bat landunei zuzendutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako ezein prestakuntza programaren onuradun, Nafarroako Espezializazio Adimentsurako Estrategiari lotutakoak barne, ekitaldi horretan kontzeptu horregatik lortutako batez besteko puntuazioa emanen zaio.

A.2. Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Zenbaketa honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan aurreko 2019ko ekitaldia hartuko da aintzat). Portzentajea %50 eta %10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Entitate baten 2019ko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, batez besteko puntuazioa emanen zaio.

A.3. Emandako dirulaguntzen gauzatze maila.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da noraino gauzatu den 2019ko ekitaldian Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntza, landunentzat diren prestakuntza programak ematekoa dena, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak barne.

Zenbaketa honela eginen da: 2019ko ekitaldian bukatutako ekintzei dagokien dirulaguntza ordaindua zati emandako dirulaguntza:

–Emandako dirulaguntzaren %90 baino gehiago gauzatzea: 10 puntu.

–Emandako dirulaguntzaren %90 arte gauzatzea: 10-0 tarteari dagokion puntuazioa emanen da, proportzioan.

Entitate bat 2019ko ekitaldian ez bada batik bat landunei zuzendutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako ezein prestakuntza programaren onuradun, Nafarroako Espezializazio Adimentsurako Estrategiari lotutakoak barne, 10 puntuko puntuazioa emanen zaio.

A.4. Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean, entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta, edo baduela adierazpen bat, dioena gauzatu dituela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri gutxienez, honako arlo hauetakoren batean: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena. 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoria barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

B) Prestakuntza ekintzen alderdi teknikoak: 30 puntu gehienez ere, honela banatuta:

B.1. Lehentasunezko pertsonak.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: lehentasunezko pertsonen portzentajea %30 eta %100 bitartean dagoenean, 0-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

5.4 oinarrian adierazitakoak hartuko dira lehentasunezko pertsonatzat. Programaren barrenean lehentasunezko pertsonak kontabilizatzeko, behin bakarrik zenbatuko dira.

B.2. Parte-hartzaile landunen portzentajea.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: pertsona landunen portzentajea %70 eta %100 bitartean dagoenean, 0-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

B.3. Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa:

Prezioa merkatzen bada, III. eta IV. eranskinetan ezarritako modulu ekonomikoak kontuan hartuta, ehuneko puntu bakoitzeko: 1 puntu. Ehunekoak osoak ez badira, egoki den zati proportzionala emanen da.

C) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programetan, arlo estrategikoetako prestakuntza.

Irizpide honek 10 puntuko balorazioa izanen du prestakuntza ekintza bakoitzeko.

Honela eginen da zenbaketa: 10 puntu emanen zaizkie IV. eranskinean adierazitako alor estrategiko hauetako prestakuntza ekintzei: 2. Nekazaritzako elikagaien industria; 3. Sormen industriak; 5. Energia berriztagarriak; eta 6. Bioteknologia eta farmazia-produktuen fabrikazioa. Lortuko den puntuazioa izanen da kontzeptu honengatik programa osatzen duten ekintza guztien batezbestekoa.

9.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak segimendu eta kontrol jardueretan atzematen badu zerbait ez dela bete 2019an batik bat landunei zuzendutako prestakuntza programetan, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoetan barne, kontuan hartuko da eskaera bakoitzaren azken balorazioa zehazteko orduan, dirulaguntzen deialdien kasuan kasuko II. eranskinean adierazten den moduan.

9.4. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako programetan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

10.–Esleitzeko irizpideak.

10.1. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Programa mota bakoitzerako finkatu den kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

a) Zeharkako programak esleitzean:

Lehenik, desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira.

Bigarrenik, ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugarekin programa bakoitzeko.

Hirugarrenik, langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugarekin programa bakoitzeko.

Esleipen hori eginda, aurrekontu erabilgarririk badago, zenbateko horrekin eskualdekoak ez diren zeharkako programetarako eskura daitekeen zenbatekoa handituko da.

Laugarrenik, ordena honetan, eskualdeko zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, muga hauekin:

Agoizko eskualdea: 10.000 euro.

Altsasuko eskualdea: 15.000 euro.

Doneztebeko eskualdea: 15.000 euro.

Lizarrako eskualdea: 20.000 euro.

Lodosako eskualdea: 20.000 euro.

Tafallako eskualdea: 20.000 euro.

Tuterako eskualdea: 100.000 euro.

Gainera, Tuterako eskualdeko programetan 50.000 euroko muga ezartzen da entitate bakoitzerako.

Eskualdeko programak esleitzean, lehendabizi eskualdeko programa bakar bat bai, baina eskualdekoa ez den bakar bat eskatu ez duten entitateei emanen zaie, gero eskualdeko programa bat baino gehiago bai, baina eskualdekoa ez den bakar eskatu ez dutenei, eta, bukatzeko, eskualdekoa ez den programa bat eskatu dutenei.

Baldin eta, eskualdeko lehen esleipen hori egin eta gero, aurrekontu erabilgarria gelditzen bada eskualderen batean, diru-kopuru hori erabiliko da dirulaguntzarik jaso ez duten gainerako eskualdeetako programak diruz laguntzeko. Ordena honi jarraikiz eginen da esleipena, eskualdeko aurrekontu muga eta eskualdeko eskaerak agortu arte: Tutela, Lodosa, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Doneztebe eta Agoitz.

Esleipen hori eginda, aurrekontu erabilgarririk badago, eskualdekoak ez diren zeharkako programetarako eskura daitekeen zenbatekoa handituko da aurrekontu horrekin.

Azkenik, eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugaren programa bakoitzeko.

Baldin, azken esleipen hori eginik, aurrekontu erabilgarrik badago, hasieran dirulaguntzik jaso ez duten programak esleituko dira, ordena honetan:

–Eskualdeko zeharkako prestakuntza programak, ordena honen arabera: Tutela, Lodosa, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Doneztebe eta Agoitz.

–Langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

b) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako programak esleitzean:

Lehenik, eskualdeko programak esleituko dira, muga hauekin:

Agoizko, Altsasuko eta Doneztebeko eskualdea: 15.000 euro.

Lizarrako, Lodosako eta Tafallako eskualdea: 35.000 euro.

Tuterako eskualdea: 50.000 euro.

Eskualdeko programak esleitzean, lehendabizi eskualdeko programa bakar bat bai, baina eskualdekoa ez den bakar bat eskatu ez duten entitateei emanen zaie, gero eskualdeko programa bat baino gehiago bai, baina eskualdekoa ez den bakar eskatu ez dutenei, eta, bukatzeko, eskualdekoa ez den programa bat eskatu dutenei.

Baldin eta, eskualdeko lehen esleipen hori egin eta gero, aurrekontu erabilgarria gelditzen bada eskualderen batean, diru-kopuru hori erabiliko da dirulaguntzarik jaso ez duten gainerako eskualdeetako programak diruz laguntzeko. Ordena honi jarraikiz eginen da esleipena, eskualdeko aurrekontu muga eta eskualdeko eskaerak agortu arte: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

Esleipen hori eginda, aurrekontu erabilgarririk badago, eskualdekoak ez diren zeharkako programetarako (3.1.e) oinarrian zehaztuak) eskura daitekeen zenbatekoa handituko da aurrekontu horrekin.

Azkenik, eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugaren programa bakoitzeko.

Baldin, esleipen hori eginik, aurrekontu erabilgarrik badago, onuradun izan ez diren eta eskualdekoak ez diren programak esleituko dira, ordena honetan: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

c) Baldin, aurreko bi esleipenak eginik, aurrekontu erabilgarrik badago, onuradun izan ez diren programak esleituko dira, ordena honetan:

–Eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak.

–Eskualdeko zeharkako prestakuntza programak, ordena honen arabera: Tutela, Lodosa, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Doneztebe eta Agoitz.

–Eskualdekoak ez diren zeharkako programak, Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak.

–Eskualdeko zeharkako programak, Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoak, ordena honetan: Tutera; Lizarra, Lodosa eta Tafalla; eta Agoitz, Altsasu eta Doneztebe.

–Langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Ekonomia sozialeko langile eta bazkideentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

10.2. Onuradunak izanen dira soilik eskatutako programa motan balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu duten eskaerak. Kasua bada, eskualdeko programak eta eskualdekoak ez direnak bereiziko dira.

Programak diruz lagunduko dira baldin eta aurrekontu erabilgarria behar adinakoa baldin bada eskatutako dirulaguntzaren %30 gutxienez finantzatzeko.

Hurrengo esleipen prozesuetan, zegokiena baino zenbateko gutxiagoko esleipena jaso duten prestakuntza programek izanen dute lehentasuna, dirulaguntza teorikoa bete arte.

10.3. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile gehien dituen programa.

11.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

11.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da laguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

11.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

11.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4. Eskaeren Ebaluazio Batzordea eratuko da, ondoko kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

11.5. Ebaluazio Batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da alegazioak aurkez ditzaten. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada, aurreikusitako dirulaguntza mantenduko da. Edonola ere, eskaeraren balorazio teknikoan kontuan hartutako baldintzak errespetatu beharko ditu entitate onuradunak.

11.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

11.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

12.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak galarazi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako doakotasuna errespetatzea.

b) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

c) Entitate onuraduna behartuta dago deialdi honetan jasotako prestakuntza jardueretara joateak dakarren arriskua estaltzera; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

d) Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat luzatu eta eman beharko dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari.

Bertaratze ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko gehieneko epea bi hilabetekoa da, prestakuntza ekintza bukatzen den egunetik aurrera.

e) Entitate onuradunak 5.4 oinarrian ezarritako eta dirulaguntzak emateko ebazpenean jasotako lehentasunezko pertsonen portzentajea bete beharko du. Hori ez betetzeagatik sortzen diren ondorioak 18. oinarrian aurreikusitakoak dira.

f) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta justifikatzeko faseetan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

g) Prestakuntza ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa (parte-hartzaileek jasotzen ez dituzten bertaratze ziurtagiriak eta aprobetxamendu diplomak barne) zentroan gorde beharko da, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez 4 urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, organo eskudunari igorri beharko diote dokumentazioaren kopia.

h) Deialdi honen babesean antolatzen diren ekintzen gaineko informazio eta publizitate jardueretan adieraztea finantzaketa publikoa izan dutela, eta, horrekin batera, dirulaguntza zein administraziok eman duen.

12.2. Gardentasun betebeharrak:

12.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

12.2.2. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Gardentasun betebeharrak ez betetzeak ekar lezake 500 eurotik 5.000 eurora arteko hertsapen-isunak jartzea aipatu foru legearen 12.5 artikuluan adierazitako moduan.

13.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

13.1. Entitate onuradunak gauzatuko ditu prestakuntza programak, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.2. Prestakuntza talde bakoitzaren hasiera IRIS aplikazio informatikoa erabiliz jakinaraziko da, prestakuntza ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, taldea/ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo taldea/ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Aurretik aipatutako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da prestakuntza taldea, salbu eta aurreikus ezineko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

13.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren plaza hutsik badago edo prestakuntza bertan behera uzten bada, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, betiere prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25 eman baino lehen.

13.5. Entitateek bitan egiten ahalko dituzte aldaketak prestakuntza jardueretan, baldin eta horien ondorioz balorazio fasean lortutako puntuazioa gutxitzen ez bada. Entitateak aldaketa horien berri eman behar die Nafar Lansare- Nafarroako Enplegu Zerbitzuari prestakuntza jarduera hasi baino 15 egun lehenago beranduenez, aldaketak egin eta gero lortutako puntuazioaren justifikazioarekin batera.

13.6. Entitateak uko egiten badio 2021eko maiatzaren 31 baino lehenago emandako dirulaguntza gauzatzeari eta etorkizuneko deialdietan baloratzen bada noraino gauzatu diren emandako dirulaguntzak, uko egin ondoren gelditutako dirulaguntza hartuko da erreferentziatzat.

14.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du Dirulaguntza jaso dezaketen gastuei buruzko martxoaren 28ko TSM/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan xedatutakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

15.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

15.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da.

15.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, onuradunak jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko ditu, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hala eskatzen duen beste edozein legezko betebehar ere.

15.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza jarduera hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 bat gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakarra ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60 gehienez, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

15.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 17.1 oinarrian ezarri bezala.

2. Justifikatzeko memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

a) Entitate onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

15.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da, prestakuntza programa bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 19. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

15.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

15.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

15.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

Prestakuntza orduen %25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, eta arrazoia lana, beka edo lanetik kanpoko praktikak aurkitzea ez bada, prestakuntza ekintzen ondoriozko desbideratzeak onartuko dira, gehienez ere ekintza hasi duten parte-hartzaileen %30enak.

15.9. Justifikazioaren ondorioetarako, langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ulertuko da baldin eta lana, beka edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik ekintza bertan behera utzi behar izan badute, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza ekintzaren %25 egin badute.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

Dirulaguntzak justifikatzeko apartatu honetan prestakuntza ekintza bukatu duela ulertzeari buruz ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko, abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

16.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Entitate onuradunek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte. Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso dutenen taldeen %5ekoa, gutxienez. Lagin horrek barne hartuko ditu prestakuntza programako ekintzak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntzaren modalitate guztiak ere.

16.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

16.3. Entitateak bilduko ditu, 15.4 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian, emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak.

16.4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz prestakuntza ekintzak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan. Ondorio horietarako, kontsiderazio hori deialdia ebazteko ebazpenean adierazi beharko da.

16.5. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, “Agirien taula. Landunak” agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioak pertsona fisikoen kontratazioari bakarrik egiten dio aipamena.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa egiteko egin behar dituen bestelako gastuak.

17.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

18.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

18.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

18.2. Aurreko apartatuan aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Prestakuntza programa ez betetzea.

Erabateko ez-betetzetzat joko da emandako prestakuntza %25era ez iristea (honela neurtuta: orduen kopurua bider pertsona kopurua), eta horrek dirulaguntza deuseztatzea eta, hala badagokio, aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ekarriko du. Prestakuntzaren zati bat gauzatzeak, baldin eta %25etik gorakoa bada, emandako dirulaguntza hein berean murriztea ekarriko du.

b) 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen ez-betetzea:

Programa diruz laguntzeko baloratu diren irizpide guztiak edo baten bat betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken justifikaziotik.

c) Ikasle langabeen portzentajea ez betetzea.

Likidazio ondorioetarako, parte hartzen duten langabeak %30 baino gehiago badira, portzentaje horretatik goiti parte hartzen duten langabeak kenduko dira, parte hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

d) Ebaluazio eta kontrol jarduketak ez betetzea.

Baldin 16.1 oinarrian ezarritako ebaluazio eta kontrol jarduketa horiek egiten ez badira, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak gutxienez prestakuntza taldeen %2,5ean egin ez badira, azken likidazioan %3ko murrizketa aplikatuko da.

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak prestakuntza taldeen %2,5etik %5era egin badira, azken likidazioan %1,5eko murrizketa aplikatuko da.

18.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

18.4. Apartatu honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

18.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak erabiltzen ahalko dira hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten entitateei dirulaguntza emateko, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe.

19.–Datuen babesa.

19.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

20.1. Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua (agindu horren bidez, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta horren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); azaroaren 25eko TES/1109/2020 Agindua (agindu horren bidez martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua aldatzen da, eta horren bidez uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta haren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena; eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea; eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein araudi.

20.2. Ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko da deialdian, hau da, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu zituena Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

21.–Dirulaguntzen publizitatea.

21.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

21.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

22.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubidea

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan (deialdi honen oinarri arautzaileetan zehaztu dira):

1) Ez-betetzeengatiko zigorra deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %30era artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: zigorraren %1.

–Ez-betetze larri bakoitzagatik: zigorraren %5.

–Ez-betetze oso larri bakoitzagatik: zigorraren %10.

2) Aipatutako ez-betetzeak metatu egiten dira, eta, denak batera, ezin dira sekula izan baremoan lortutako puntu kopuru osoaren penalizazioaren %30etik gorakoak.

3) Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1. puntuan aurreikusitako zigorra %50 murriztuko da.

4) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskabiderik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaro osoaren planifikazio osoari dagokionez (CP-3):

  • Dokumentuan ageri diren prestakuntza moduluko eta/edo prestakuntza unitateko orduen kopurua bat ez etortzea ziurtagirian jarritakoekin.
  • Ikastaroak prestakuntza unitate sekuentziaturik baldin badu, haiek ez egotea programaturik bata bestearen ondotik emateko.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzaren planifikazio didaktikoari dagokionez (CP-4):

  • Bildurik ez egotea ziurtagiriko eduki eta ebaluazio irizpide guztiak.
  • Ebaluazio irizpideak (1. zutabea) ez dira agertzen ezagutzen eta trebetasunen arabera sailkaturik, egoki den gaitasunaren barnean.
  • Edukien multzoek (2. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.
  • Estrategia metodologikoek (3. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazio probari dagokionez (CP-8):

  • Proba egoki egiteko jarraibideak zehazturik ez egotea.
  • Proba kalifikatzeko sistema zehazturik ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, amaierako ebaluazioko probak biderik ez ematea unitate bakoitzaren puntuazioa identifikatzeko.

–Banakako ebaluazio txostenean (CP-6) jasotako emaitzak ez egotea adierazita 0tik 10era bitarteko puntuazioekin.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Lanekoak ez diren praktiketako prestakuntza programak ez izatea jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpide eta prozedurarik (PNL-2).
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan ez egotea haien sinadurarik (PNL-4), edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik (PNL-4).
  • Praktiketatik salbuetsirik ez egotea.
  • Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.
  • Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5) Hauek izanen dira ez-betetze larriak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Ikasleari “gai” kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen %75era ez bertaratu.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan:

  • Plangintza didaktikoan (CP-5) modulu bakoitzaren amaierako ebaluazioa ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, ikaskuntza prozesuan ez proposatzea gutxienez ebaluazio jarduera bat prestakuntza unitate bakoitzeko (CP-5).
  • Prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazioaren probak (CP-8) ez izatea teoria eta praktika.
  • Prestakuntza moduluko amaierako kalifikazioa lortzeko sistema ez etortzea bat araudiarekin (CP-6).
  • Moduluan amaierako probaren bigarren deialdirik ez egitea lehenago gainditu ez dutenentzat.
  • CP-6an jasotako amaierako puntuazioa bat ez etortzea ikastaroaren aktan (CP-7) jasotako amaierako kalifikazioarekin.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

–Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzek 30 parte-hartzaileko gehieneko kopurua gainditzea, edo 25 parte-hartzailekoa profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan.

6) Hona hemen ez-betetze oso larriak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Asistentzia-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gordailukoak.

–Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan ageri den asistentzia-kopuruarekin (PNL-5).

Iragarkiaren kodea: F2016334