15. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4524E/2020 EBAZPENA, abenduaren 24koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira, banakako ebaluazioaren araubidean, dirulaguntza hauen 2021eko deialdia eta oinarri arautzaileak: Material informatikoaren alokairua eta Interneterako sarbidea enplegurako lanbide-prestakuntzaren arloko zenbait ekimenetan. DDBN identifikazioa: 542679.

COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi egoerak ondorio nabarmenak izan ditu lan arloko enplegurako lanbide-heziketan, eta arlo horrek errealitate berrira egokitu behar izan du, ikasgela birtualaren eta teleprestakuntzaren bidezko eskola presentzialen modalitatea indartuz; halaber, diruz laguntzen den prestakuntza jarduera gauzatzeko epea 2021eko ekainera arte luzatzea baimendu behar izan da.

Eskolak emateko modalitate horiek prestakuntza jasotzeko oztopoak sor ditzakete gizatalde ahulenentzat, are gehiago koronabirusak eragin duen krisialdi ekonomikoan. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren asmoa da dirulaguntza honen bitartez arrakala digitala apaltzea errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen ari diren pertsonen artean.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez ezarri ziren administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko oinarriak.

Agindu horretan ezartzen denez, administrazio publiko eskudunek dirulaguntzak emateko beste edozein prozedura aplikatzen ahalko dute, erakunde onuradunen arteko lehia ahalbidetzen duena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimenduko du.

Gobernuak 2020ko abuztuaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Eskubide Sozialetako kontseilariari dirulaguntzen deialdi bat tramita zezan, banakako ebaluazioaren araubidean, lan arloko enplegurako lanbide-heziketarako zenbait ekimenetan material informatikoaren alokairua eta Interneteko sarbidea finantzatzeko.

Pandemiak aurrera darrai, eta horren ondorioz ikasgeletara joateko murrizketak handiagoak dira; uste izatekoa da egoera hau 2020. urteaz haraindi luzatuko dela. Beraz, beharrezkoa izanen da neurri hau 2021ean ere bultzatzea, enplegurako prestakuntzako ikastaroetako ikasleek segi dezaten bere prestakuntza hartzen presentzialak ez diren moduen bidez (ikasgela birtuala edo teleprestakuntza).

Deialdi honetako dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren araberakoak dira; Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzeko eskumena, berriz, beste administrazio publiko batzuei. Halaber, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzte. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntza publikoak emateko 2021eko deialdi hau: deialdia, material informatikoaren alokairua eta Interneterako sarbidea finantzatzeko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen lan arloko enplegurako lanbide-heziketarako zenbait ekimenetan.

2. Onestea deialdia arautzen duten oinarriak, ebazpen honen I. eranskinean ageri direnak.

3. 25.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastu aurrekontuko 950002 96200 4819 242104 partidaren (“Landunentzako lanbide-heziketarako laguntzak. Konferentzia sektoriala”) baliokide izateko 2021ean gaitzen den partidaren kargura.

4. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko abenduaren 24an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Helburua.

Oinarri hauen helburua da arautzea dirulaguntza batzuk emateko prozedura, banakako ebaluazioaren araubidean, 2021ean material informatikoaren alokairua eta Interneteko konexioa finantzatzearren, zehazki, prestakuntza entitateek errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen duten ikasleentzat kontratatzen dutena, pertsona horiek prestakuntza ekintzan parte hartu ahal izan dezaten.

2.–Entitate onuradunak.

Oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan daitezke Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen enplegurako lanbide-heziketarako ekimen hauen onuradun diren entitateak, prestakuntza jarduera 2021ean egiten dutenak.

–Dirulaguntzen deialdia, langabeei bereziki zuzendutako prestakuntza ekintzak gauzatzeko 2019an eta 2020an (deialdi hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 19ko 481E/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

–Dirulaguntzen deialdia, 2021ean prestakuntza jarduerak egiteko, lehentasunez langabezian daudenei zuzenduak (tramitatzeko zain).

–Dirulaguntzen deialdia, landunei bereziki zuzendutako prestakuntza programak gauzatzeko 2019an eta 2020an (deialdi hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 27ko 278E/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

–Dirulaguntzen deialdia, 2021ean prestakuntza jarduerak egiteko, lehentasunez lanean ari direnei zuzenduak (tramitatzeko zain).

–Dirulaguntzen deialdia, landunei bereziki zuzendutako eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programak gauzatzeko 2020an (deialdi hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 26ko 4094E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

–Dirulaguntzen deialdia, 2021ean prestakuntza programak egiteko, lehentasunez lanean ari direnei eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutakoei zuzenduak (tramitatzeko zain).

–Dirulaguntzen deialdia, kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak egiteko 2020an (deialdi hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 24ko 4079E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

–Dirulaguntzen deialdia, 2021ean prestakuntza jarduerak egiteko, kontratatzeko konpromisoarekin (tramitatzeko zain).

–Dirulaguntzen deialdia, 2021ean prestakuntza eta enplegu programa integratuak (PEPI) eta programa espezifikoak egiteko (Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 16ko 3124E/2020 Ebazpenaren bidez onetsitakoa).

3.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

Gehienez ere 200 euroko dirulaguntza emanen da parte-hartzaile eta prestakuntza-ekintza bakoitzeko.

Parte-hartzaileak errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzailea izan beharko du prestakuntza ekintzaren hasieran.

4.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

4.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

4.2. Eskaera bakarra aurkeztuko da prestakuntza ekintza edo prestakuntza talde bakoitzeko.

4.3. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskabidea sinatzean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

c) Adierazpena, eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla dioena, eta eskatutako agiriak aurkeztu direla dioena.

4.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Prestakuntza ekintzaren hasieran errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten eta material informatikoa eta/edo Interneteko sarbidea jaso duten pertsonen zerrenda, eredu normalizatuan emana.

c) Egindako gastua justifikatzen duen faktura eta dagokion ordainagiria (Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren araberakoak), merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa duten balio bereko agiriak edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuk.

d) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

4.5. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, prestakuntza ekintza edo prestakuntza taldea bukatu edo prestakuntza taldea lanean bukatu eta biharamunetik aurrera. Prestakuntza ekintza edo prestakuntza talde baterako hilabeteko epea 2021eko azaroaren 30etik aurrera bukatzen bada, frogagiriak aurkezteko azkeneko eguna egun hori izanen da.

5.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

5.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

5.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

6.–Organo eskudunak eta laguntzak eman eta ordaintzeko prozedura.

6.1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

6.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

6.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

6.4. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz eta ordainketa egin dezan.

6.5. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

7.–Entitate onuradunen betebeharrak.

7.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak galarazi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak eguneratuak izatea.

b) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

c) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

d) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, beteko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

7.2. Gardentasun betebeharrak.

7.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

7.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

7.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

8.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

8.1. Deialdi honetan ezarritako baldintza eta betebeharrak eta gainerako arau aplikagarriak betetzen ez badira, ezta emate-ebazpenean ezartzen diren baldintzak ere, bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko da, bidezko berandutze-interesekin batera (dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen denera bitartekoak).

8.2. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

8.3. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

8.4. Eman gabe gelditzen den dirua erabiltzen ahalko da aurrekontuan behar beste diru ez egoteagatik ukatu ziren eskaerak aurkeztu zituzten entitateei dirulaguntza emateko, horretarako beste deialdi bat egin gabe.

9.–Datuen babesa.

9.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

9.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalenak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

10.–Aplikatu beharreko araudia.

10.1. Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretuaren bidez garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, hizpide duena lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzea. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea; eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein araudi.

10.2. Ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintzak aplikatuko dira deialdian, erregelamendu horren bidez finkatu baitziren merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

11.–Dirulaguntzen publizitatea.

11.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

11.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

12.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2016333