148. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NAFARROAKO ERREGE BARDEAKO KOMUNITATEA

Ordenantza, Natura Baliabideak Antolatzeko Planean ezarritako erabileren araudiaren aplikazioa arautzen duena.
Behin betiko onespena

Errege Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak 2020ko uztailaren 30eko ohiko batzar orokorrean onetsi zuen, hasiera batez, Nafarroako Errege Bardeako Natura Baliabideak Antolatzeko Planean ezarritako erabileren araubidearen aplikazioa arautzen duen ordenantza

Hasierako onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2020ko azaroaren 5ean (260. zk.), eta epearen barnean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Tuteran, 2021eko maiatzaren 28an.–Komunitateko presidentea, José María Agramonte Aguirre.

ORDENANTZA, NAFARROAKO ERREGE BARDEAKO NATURA BALIABIDEAK ANTOLATZEKO PLANEAN EZARRITAKO ERABILEREN ARAUDIAREN APLIKAZIOA ARAUTZEN DUENA

Hitzaurrea

Lehenik, Natura Baliabideak Antolatzeko Planaren (NBAP) aurrerapen bat prestatu zuen Bardeako Komunitateak, eta Batzar Nagusiaren 1997ko abenduaren 23ko bilkuran onetsi zen. Aurrerapena oinarri hartuta, NBAPren proiektua prestatu zen, eta Batzar Nagusiaren 1998ko martxoaren 14ko bilkuran onetsi zen, hasiera batez. Gero, jendaurrean jarri, eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluak aldeko txostena eman zuen. Batzar Nagusiak behin-behinean onetsi zuen 1998ko uztailaren 23an. Dena den, behin betiko onespena Nafarroako Gobernuari zegokion, eta hori egin zuen, irailaren 7ko 266/1998 Foru Dekretuaren bidez.

Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Legearen 21.1 artikuluak agindu bezala, NBAP hori oinarrizko dokumentua izan zen Errege Bardea parke natural deklaratzeko. Beraz, Komunitateak eskatuta deklaratu zen parke natural. Komunitateak toki entitatearen izaera du, ohiturazko elkarte moduan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 1990eko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

Bardeako Komunitatearen ekimen horren berri izan ondoren, apirilaren 6ko 10/1999 Foru Legeak parke natural deklaratu zuen ia lurralde osoa, tiro eremuaren 2.572 hektareak eta 1998ko NBAPn bertan erabilera berezietarako sortutako hiru eremuak izan ezik.

10/1999 Foru Legearen 3. artikuluak honako hau ezartzen du: «Natur Parkea kudeatzea Errege Bardeako Komunitateari dagokio, eta berak izanen ditu indarra duen legediak natur parkeetako kudeaketa organoei esleitzen dizkien eskumen eta ahalmen guztiak».

Urtarrilaren 13ko 4/1997 Foru Dekretuak Nafarroako Hezeguneen Inbentarioa onetsi zuen, eta, horien artean, Errege Bardeako lurraldeari dagozkionak daude; hau da, Las Cortinasko idoia eta Zapatako idoia.

Era berean, Bardeako lurraldean bi HBB deklaratu ziren: El Plano-Blanca Alta eta Rincón del Bu-La Nasa-Tripa Azul. Gainera, Bardeako lurraldeak BGL kalifikazioa hartu zuen Natura 2000 Sarearen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuaren 2000ko maiatzaren 15eko erabakiaren bidez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2000ko ekainaren 5ekoa). «Errege Bardea» BGL, halaber, kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu zuten, abenduaren 27ko 120/2017 Foru Dekretuaren bitartez.

120/2017 Foru Dekretuak espresuki adierazten du Errege Bardeako Komunitatea dela «Nafarroako Errege Bardea» parke naturalaren titularra, eta Natura Baliabideak Antolatzeko Planari jarraikiz kudeatuko dela. Plana irailaren 7ko 266/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen; oraindik ere indarrean dago, eta bateragarria da KEBren Kudeaketa Planean aurreikusitakoarekin. Hala ere, «Errege Bardea» BGL kontserbazio bereziko eremu izendatzeak eta haren kudeaketa plana onesteak ez du aldaketarik ekarriko parke naturalaren eremuan legez ezarritako kudeaketa eskumenei dagokienez.

Bardeak UNESCOren nazioarteko aintzatespena jaso zuen, Biosferaren Mundu Erreserba deklaratu zuen 2000ko azaroaren 7ko ebazpenaren bidez.

Indarra duen Bardeako NBAPren IV. kapituluak, «Lurzoruaren erabilerak, diagnosia eta sektore irizpideak. Jarduteko proposamenak» izena duenak, lurraldean dauden edo egoten ahal diren erabilera guztiak aztertzen eta baloratzen ditu.

4.6.2 eta 4.6.3 apartatuek jolas eta kirol jarduerak aztertzen dituzte, eta VI. kapituluak («Araudia, babes araubideak eta politika sektorialen irizpide orientatzaileak»), bere 6.1.5, 6.1.6 eta 6.1.9 apartatuetan, erabilera eta jarduera horien muga orokorrak eta espezifikoak.

Azkenik, aplikatu beharreko araudien artean, Komunitatearen ordenantzek izanen dute lehentasuna.

Ordenantza honen xedea da lege garapenik ez duten erabilera ez-tradizionalak arautzea, hala, ingurune naturalean eta erabilera tradizionaletan eragiten dituzten kalteak geldiarazteko. Horrez gain, ingurune naturalaren ezagutza erraztu nahi da, Bardea ingurumena errespetatuta emateko ezagutzera.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Nekazaritzako, abeltzaintzako, ehizako, arrantzako eta oihaneko erabilerak eta aprobetxamenduak honako testu hauek arautuko dituzte: Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen ordenantzak; Nafarroako Errege Bardeako Natura Baliabideak Antolatzeko Plana, 1998ko irailaren 7ko 266/1998 Foru Dekretuak onetsia, eta hura garatzen duen araudia, Errege Bardeako Batzar Nagusiak onetsia eta Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen Araubide Organikoaren eta Barne Araudiaren Erregelamenduak osatua; Nafarroako Errege Bardeako Komunitateko larreak arautzen dituen ordenantza; ehiza eta arrantza barrutien aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, eta aplikagarria den gainerako araudia.

II. TITULUA

Erabilera turistikoak

I. KAPITULUA

Xedapen komunak

2. artikulua. Parke naturalean jolas edo turismo helburuekin sartzeko, honako ordenantza honetan xedatutakoa beteko da.

Errege Bardeako Komunitatea osatzen duten herrietako biztanleak parkean sartzen badira indarrean dauden ordenantzetan eta aplikagarria den gainerako araudian aurreikusitako erabilera tradizionalak gauzatzeko, hori ez da, inola ere, turismo helburutzat hartuko. Hala ere, aipatutako testuetan eta Batzar Nagusiak edo Batzorde Iraunkorrak emandako xedapenetan aurreikusitakoa bete beharko dute.

Edonola ere, parke naturalean sartzea eta turismo edo jolas jarduerak gauzatzea parke naturalaren beraren kontserbazio, ikerketa eta aprobetxamendu interesen mende egonen dira beti.

3. artikulua. Bisiten ordutegia.

Turismo helburuekin egiten diren bisiten ordutegia, oro har, 08:00etatik ilundu baino ordubete lehenagora arte izanen da.

Batzorde Iraunkorrak ordutegia murrizten edo zabaltzen ahalko du urteko aldi jakin batzuetan. Era berean, beste ordutegi bat jartzen ahalko du gune jakin batzuetan edo behar bezala baimendutako jarduera jakin batzuetarako.

Fauna, flora eta, oro har, ingurumena babesteko arrazoiak, arrazoi meteorologikoak edo beste erabilera tradizional batzuekin bat datozen arrazoi justifikatuak direla eta, Komunitateko presidenteak edo Batzorde Iraunkorrak parke naturalean edo parkeko gune zehatz batzuetan aldi edo egun jakin batzuetan sartzea debekatzen ahalko du.

4. artikulua. Sarbidea mugatzea.

1.–Ingurumen arrazoiak direla eta, Batzorde Iraunkorrak parke naturalean edo parkeko gune zehatz batzuetan sartzen ahal den pertsona kopurua mugatzen ahalko du.

Batzorde Iraunkorrak sarbideak kontrolatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion neurriak ezartzen ahalko ditu.

Era berean, parkean edo parkeko gune zehatz batzuetan sartzeko, edota zerbitzuak emateko, prezio publikoen araubide juridikoa aplikatzen ahalko du.

2.–Batzorde Iraunkorrak ahalmena izanen du zehazteko parke naturaleko zer gunetan sartu behar duten bisitariek natura gidari batekin (Batzorde Iraunkorrak emandako gaikuntza izan beharko du).

5. artikulua. Araudia betetzea.

Une oro bete beharko dira Nafarroako Errege Bardeako Komunitateak araudia betearazteko jarritako seinaleak –bai iraunkorrak bai aldi baterakoa–, dela segurtasun arrazoiengatik dela kudeaketa arrazoiengatik.

Era berean, Komunitateko Zaintza Zerbitzuaren jarraibideei kasu egin beharko zaie.

6. artikulua. Flora eta fauna basatiak eta elementu naturalak babestea.

1.–Bardeako faunari ezin zaio enbarazu egin hiltzea, tratu txarrak ematea, jazartzea edota harrapatzea helburu duten ekintzekin, eta ezin dira ugalketa, elikadura edo babes eremuak hondatu ez suntsitu, arrantza eta ehizako araudian eta araudi zientifikoan xedatutakoa salbuetsirik (dagozkion baimenekin). Debekatuta dago animalien kumeak, arrautzak edo habiak hartzea.

2.–Debekatuta dago mineralak edo landareak hartzea, suntsitzea edo hondatzea.

3.–Onddoak eta barraskiloak autokontsumorako bakarrik biltzen ahalko dira. Hori horrela, autokontsumotzat hartuko da pertsonako eta eguneko kilo bat biltzea, gehienez ere, edota Batzorde Iraunkorrak urtero zehazten duena.

Nolanahi ere, espezieen kontserbazioak lehentasuna izanen du aprobetxamenduaren aldean; beraz, Batzorde Iraunkorrak edozein unetan mugatzen edo debekatzen ahalko du espezieok parke natural osoan edo zati batean biltzea.

4.–Debekatuta dago animalia basatiak sartzea eta une honetan ez dauden landare edo animalia espezieak sartzea edo berriz sartzea, baldin eta Batzorde Iraunkorrak espresuki baimentzen ez badu.

7. artikulua. Seinaleak eta publizitatea.

1.–Ez da inskripziorik, seinalerik, ikurrik ez marrazkirik egiten ahalko ingurune naturaleko elementuetan.

2.–Oro har, debekatuta dago publizitatea jartzea, bai euskarri artifizialetan bai naturaletan.

3.–Hala ere, Batzorde Iraunkorrak turismo edo jolas zerbitzuen berri emateko kartelak jartzen ahalko ditu, bereziki, Turismo eta Jolas Eremuan, baldin eta tamainari, materialei, motari eta abarri dagokienez ezarritako irizpideak betetzen badituzte.

4.–Era berean, ingurune naturalaren ezagutza errazte aldera, Batzorde Iraunkorrak bideak markatzen eta seinaleak, kartelak, oroitzapenezko plakak eta antzekoak jartzen ahalko ditu, betiere ingurumena errespetatuta.

5.–Artikulu hau aplikatzetik salbuetsita daude foru sareko errepideetako bide-segurtasunarekin lotutako seinaleak.

8. artikulua. Hondakinak.

Debekatuta dago behin erabiltzeko materialak, hondakinak, zakarra edo zaborra botatzea, uztea edo lurperatzea, edo isuriak egitea, bai eta kutsatzen ahal duen ekintza oro.

Debekatuta dago animalia edo landare jatorriko isuriak edo mindak erabiltzea, nekazaritza helburuetarako bada ere. Salbuetsita dago Bardeako ardi abeltzaintzako erabilera tradizionaletik eratorritako simaurra.

9. artikulua. Inpaktu akustikoa.

Debekatuta dago soinua, ultrasoinuak edo naturari ez dagozkion zaratak egiten dituzten tresnak edo megafonoak erabiltzea.

Hala ere, aldez aurretik egoera aztertuta, presidenteak baimena ematen ahalko du.

10. artikulua. Argazkiak eta soinu eta irudi grabazioak.

Baimenduta dago argazkiak egitea eta soinua edo irudiak grabatzea jolas jarduerak edo ingurumen hezkuntzakoak gauzatzean, baldin eta ez bada era profesionalean egiten, eta betiere ez badiote fauna basatiari enbarazu egiten eta ez badute erasotzen edo jazartzen; ez dira grabatzeko elementu finkoak jartzen ahalko, ez eta hideak, droneak, apeuak, jakiak eta bestelakoak erabili ere, eta erabilera orokorreko eremuetan eta joan-etorri libreko bideetan eta bidezidorretan egin behar da.

Argazkiak eta soinu eta irudi grabaketa era profesionalean egiteko, merkataritza edo dibulgazio helburuko jarduerak egiteko eta elementu osagarriak jartzeko edo erabiltzeko, Komunitateko presidentearen baimena beharko da.

Argazkiak edo grabazioak egiteko elementu osagarri moduan droneak edo aireko beste elementu batzuk erabiltzeko baimena lortzen ahal da, baldin eta erabilera tradizionalak behar bezala gauzatzea eragozten ez badute eta intereseko elementuei kalte egiten ez badiete. Horretarako, erabilera militarreko gunearekin lotutako baimenak beharko dira.

11. artikulua. Animaliak.

1.–Lagun egiteko animaliak sartzen ahalko dira, euren jabeek une oro heltzen eta kontrolatzen badituzte. Animaliek nahitaez izan behar dute osasun dokumentazio eguneratua, berekin ekarri beharko dute jabeek, eta, eskatzen zaienean, erakutsi.

Animalia horiek ez diete inolako eragozpenik sortuko ez pertsonei, ez ganaduari, ezta flora nahiz fauna basatiari ere. Gainera, arlo horretan indarra duten Estatuko legeak eta Foru Komunitatekoak bete beharko dituzte.

2.–Animaliek debekatuta dute parkeko eraikin guztietan sartzea, euren arduradunek lagunduta badaude ere.

3.–Zakurren kasuan, behar bezala identifikatuta egon behar dute, eta pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu nahitaez, horretarako uhal sendo bat edo gehienez ere 3 metrokoa izanen den katea erabiliz.

Horrez gain, erasoren bat egin duten zakurrek edo arriskutsuak izan daitezkeenek muturrekoa eduki beharko du jarria nahitaez, eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat joko dira, arraza kontuan hartu gabe.

4.–Aurreko apartatuetan ezarritako debekuek eta mugek ez diete eraginen ikusmen desgaitasuna duten pertsonen zakurrei.

Kasu horietan, zakurrek agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia. Ikusmen desgaitasuna duen pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berarekin eramanen du zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

5.–Animaliak erakusteko, horiekin lehiatzeko edo antzeko helburuetako jarduerek presidentearen baimena izan beharko dute, eta, gainera, dokumentazio sanitarioa eta teknikoa eskatzen ahalko du.

6.–Debekatuta dago parkean animaliak uztea, dela bizirik dela hilik.

7.–Artikulu honetan zakurren inguruan zehaztutako mugak ez dira aplikatuko ehiza denboraldian egiten den ehizaren erabilera tradizionalean, ezta abeltzaintzaren erabileran ere. Kasu horietan, araudi eta ordenantza espezifikoa aplikatuko da.

8.–Debekatuta dago zakurrak edo beste animalia batzuk erabiltzea autoak edo beste ibilgailu batzuk herrestan eramateko (txakurkrosa, bikejöring...), Batzorde iraunkorrak horretarako gaitzen dituen eremuetan izan ezik.

Hala ere, Batzorde Iraunkorrak ahalmena izanen du horrelako jarduerak baimentzeko, Bardeako Turismo Erregistroan behar bezala inskribatuta dauden enpresek edo gidariek eskaintzen dituzten zerbitzuen artean badaude, eta egoki iritzitako baldintzak edo eskakizunak ezarriko ditu, barne hartuta erantzukizun zibileko asegurua.

12. artikulua. Sua eta material piroteknikoak erabiltzea.

1.–Debekatuta dago sua jolas helburuetarako toki irekietan erabiltzea.

Hala ere, sua erabiltzen ahalko da bereziki horretarako prestatuta eta seinaleztatuta dauden tokietan. Edonola ere, egoeraren arabera, presidenteak oro har debekatzen ahalko du, aldi baterako, sua erabiltzea, baita horretarako tokietan ere. Komunitateko Zaintza Zerbitzuak ere ahalmen hori izanen du, horretarako prestatutako toki batzuetan.

2.–Material piroteknikoa erabiltzea ere debekatuta dago.

3.–Txabolen eta etxolen barruan sua erabil daiteke, betiere landa eremuan sua erabiltzeari buruzko araudi orokorra errespetatuta. Gainera, txinparten aurkako sistemak instalatu behar dira tximinietan.

13. artikulua. Txabolak.

1.–Debekatuta dago eskortak eta txabolak merkataritza edo enpresa helburuetarako erabiltzea.

2.–Debekatuta dago eskortak eta txabolak jolas edo turismo ustiapenerako erabiltzea, baita jolas edo turismo jarduerekin lotutako zerbitzuak ematea ere.

3.–Komunitateak aitortutako titulartasuna duten txabolek eta etxolek erabilera pribatua bakarrik izanen dute; hau da, Bardeako ohituraren berezko erabilera.

4.–Batzorde Iraunkorrak ahalmena izanen du balio etnografikoak, kulturalak eta abar dituzten eta hezkuntza helburuetarako edo bereziki baimenduta dauden turismo zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen jardueretarako erabiliko diren txabola eta eskorta batzuk gaitzeko, zaharberritzeko eta haien erabilera publikoa agintzeko, zehaztutako erabilera, mantentze eta kudeaketa baldintzekin.

Instalazio horiek Batzorde Iraunkorrak onesten duen araudiaren arabera erabiliko dira Komunitatean.

14. artikulua. Egurra moztea eta biltzea.

Debekatuta dago egurra moztea eta biltzea, jolas helburuetarako. Hala ere, egoeraren arabera, Komunitatea osatzen duten herrietako biztanleek presidentearen baimena lortu ahalko dute.

Debekatuta dago egurra ateratzea landare espezie hauetatik: Alepo pinua, artea edo zurbeltza, abaritza, ena arrunta, sabina, ipar-ipurua, sisalloa, ezpela, tamariza, erromeroa, legeltxorra eta txorbeltza.

I. KAPITULUA

Ibilgailu motordunen zirkulazioa eta erabilera

15. artikulua. Ibilgailu motordunek baimena dute horretarako gaitutako eta behar bezala seinaleztatuko bideetatik eta pistetatik zirkulatzeko, baina espresuki debekatuta dute horietatik kanpo edo landan zehar ibiltzea; salbuespen bakarra da nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietara joatea, salbamendu edo babes helburuak izatea edo ezinbestekoa izatea.

Presidenteak aldi baterako mugatzen ahalko du bideen eta pisten erabilera, Bardeako ingurunea, flora edo fauna babesteko arrazoiek hala gomendatzen badute.

16. artikulua. Ibilgailuek, gehienez, 40 kilometro orduko abiaduran joan beharko dute. Egoeraren arabera, Batzorde Iraunkorrak abiadura txikiagoa ezartzen ahalko bide batzuetan.

Debekatuta dago bosteko taldeetan edo ibilgailu gehiagorekin zirkulatzea.

17. artikulua. Ibilgailuak behar bezala seinaleztatutako tokietan bakarrik aparkatzen ahal dira, Batzorde Iraunkorrak zehaztutako baldintzen arabera eta seinale horizontalak eta bertikalak eta Zaintza Zerbitzuaren jarraibideak betez.

Era berean, ehiza jardueretarako baimendutako egunetatik kanpo, Batzorde Iraunkorrak seinaleztatutako tokietan aparkatzen ahalko dira ibilgailuak, salbu eta, ingurumen arrazoiak direla eta, erabilera mugatzen bada.

Ibilgailuak ez dira ez aparkatzen ez gelditzen ahalko ingurune naturalari kalte egiten badiote, erabilera tradizionalekin lotutako jarduerei eragiten badiete edo baimendutako ibilbideen zirkulazioa eragozten badute, eta, edonola ere, Zaintza Zerbitzuaren jarraibideak bete beharko dituzte.

18. artikulua. Debekatuta dago ibilgailu motordunen lehiaketak egitea.

19. artikulua. Debekatuta dago ihes hodi librea duten ibilgailuak, megafonoak, klaxona, musika tresnak, irratia eta soinua egiten duten antzeko gailuak erabiltzea, baldin eta parkeko lasaitasuna eta baretasuna aztoratzen badute edo eragozpenak ekartzen badituzte.

20. artikulua. Debekatuta dago ibilgailuak garbitzea.

II. KAPITULUA

Bizikleten zirkulazioa eta erabilera

21. artikulua. Bizikletekin bideetatik eta pistetatik bakarrik zirkulatzen ahal da –markatutako ibilbideen sarean, ahal dela–, eta espresuki debekatuta dago horietatik kanpo edo landan zehar ibiltzea, soro landuetatik, mendixketatik, sakanetatik eta hegaletatik.

22. artikulua. Bizikletan aparkatzeko, bizikletak aparkatzeko adierazitako lekuak erabiltzen ahalko dira bakarrik, eta ehiza jardueretarako baimendutako egunetatik kanpo, Batzorde Iraunkorrak ehiza-arauetan ibilgailuak aparkatzeko seinaleztatutako tokietan, salbu eta, ingurumen arrazoiak direla eta, erabilera mugatzen bada.

Debekatuta dago Bardeako eraikin guztietan bizikletekin sartzea.

23. artikulua. Batzorde Iraunkorrak erabilera hori mugatzen ahalko du, Bardeako ingurunea, flora edo fauna babesteko arrazoiek hala gomendatzen badute.

24. artikulua. Bizikletekin lehiaketak egiteko, presidentearen baimena beharko da aldez aurretik.

24.bis artikulua Bizikletan egiteko markatutako ibilbideen saretik lagun egitea eskaintzen duten enpresek edo gidariek Bardeako Komunitateko Turismo Enpresen Erregistroan inskribatuta egon behar dute (hirugarren xedapen gehigarrian dago ezarrita), Batzorde Iraunkorrak emandako baimena eduki eta bere jarduera baimen hori agerian eramanda gauzatu.

III. KAPITULUA

Mendi ibiltaritza eta oinezkoen zirkulazioa

25. artikulua. Oinezkoak banaka zein taldean ibiltzen ahalko dira Nafarroako Errege Bardeako parke naturalean eta biosfera-erreserban gaitutako mendi ibilbideen sareetan, bai eta bere bide eta pistetan ere.

Beharrezkoa bada, Batzorde Iraunkorrak Bardeako ingurunea, flora eta fauna babesteko egoki iritzitako mugak jartzen ahalko ditu.

26. artikulua. Mendi ibilaldiak egiten ahalko dira, baldin eta pertsonei eragozpenik sortzen ez bazaie eta ganaduari eta flora eta fauna basatiari kalterik egiten ez bazaie. Horrez gain, oinezkoak dira sortzen duten zaborra edo hondakinak biltzearen arduradunak.

27. artikulua. Debekatuta dago erabilera militarreko gunean ibiltzea (bere muga propioak ditu).

28. artikulua. Mendi ibilbideen saretik lagun egitea eskaintzen duten enpresek edo gidariek Bardeako Komunitateko Turismo Enpresen Erregistroan inskribatuta egon behar dute (hirugarren xedapen gehigarrian dago ezarrita), Batzorde Iraunkorrak emandako baimena eduki eta bere jarduera baimen hori agerian eramanda gauzatu.

IV. KAPITULUA

Kanpatzea eta gaua igarotzea

29. artikulua. Debekatuta dago bakarrik edo taldean kanpatzea, bai kanpadendan bai autokarabanan, bai eta gaua aire zabalean igarotzea ere.

30. artikulua. Hala ere, Batzorde Iraunkorrak autokarabanek aparkatzeko guneak ezartzen ahalko ditu –beharrezkoak diren zerbitzuez hornituta–, eta gaua igarotzen ahalko da dagokion baimenarekin eta sortzean ezarritako baldintzak betez.

31. artikulua. Kapitulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko arrazoi zientifikoak, dibulgaziozkoak edo kulturalak direla eta presidenteak baimendutako kanpatzeen edo gauen kasuan, ez eta Komunitatea osatzen duten herrietako biztanleei dagozkien erabilera tradizionalak kontuan hartuta baimendutakoen kasuan ere.

V. KAPITULUA

Zaldiketa

32. artikulua. Zaldiek –zaldikoarekin edo zelarekin– baimena dute Bardeako lurraldean sartzeko eta ibiltzeko, baina markatutako ibilbideen saretik bakarrik.

33. artikulua. Zaldi ibilaldiak taldean egin aurretik, presidenteari jakinarazi beharko zaio, eta hark, parke naturalaren helburuak kontuan hartuta, egoki iritzitako baldintzak edo eskakizunak ezartzen ahalko ditu. Kasu honetan, taldeak izanen dira 10 lagunek edo gehiagok osatutakoak.

34. artikulua. Hipikako kirol jarduera edo proba antolatuek (hala nola raid hipikoa) presidentearen baimena izan beharko dute, eta, hark, egoki iritzitako baldintzak eta eskakizunak ezartzen ahalko ditu; besteak beste, erantzukizun zibileko asegurua eskatu beharko zaie antolatzaileei.

35. artikulua. Zaldi turismoko jarduerak egiteko (hala nola zaldi ibilaldiak eta zaldien alokairua), enpresek Bardeako Komunitateko Turismo Enpresen Erregistroan inskribatuta egon behar dute (hirugarren xedapen gehigarrian dago ezarrita), Batzorde Iraunkorrak emandako baimena eduki eta bere jarduera baimen hori agerian eramanda gauzatu.

36. artikulua. Presidenteak erabilera hori mugatzen ahalko du, Bardeako ingurunea, flora edo fauna babesteko arrazoiek hala gomendatzen badute.

VI. KAPITULUA

Aireko kirolak

37. artikulua. Batzorde Iraunkorrak motorrik gabeko aireko kirolak egiteko baimena ematen ahalko du (hala nola parapentea, delta hegala eta motorrik gabeko hegaldiak), eta parke naturalaren ingurumena babesteko beharrezkoak diren mugak edo murrizketak ezarriko ditu. Horrez gain, aldez aurretik, erabilera militarreko gunearekin lotutako baimenak izan beharko dira.

VIII. KAPITULUA

Beste kirol erabilera eta jarduera batzuk

38. artikulua. Debekatuta daude bat-bateko edo antolatutako kirol probak, ekosistemen funtzionamenduari, erabilera tradizionalei eta parke naturaleko jarduera normalari kalte egiten ez dietelako baimena dutenak izan ezik.

39. artikulua. Debekatuta dago Bardeako lurralde osoan eskalada egitea.

40. artikulua. Debekatuta dago droneak turismo edo jolas helburuekin erabiltzea.

IX. KAPITULUA

Jarduera ekonomikoak eta enpresarialak

41. artikulua. Parke naturalaren eremuan jarduera ekonomikoak eta enpresarialak gauzatzeko, Batzorde Iraunkorraren baimena beharko da, eta Turismo Enpresen Erregistroan inskribatuko da.

Baimena emateko, enpresa interesdunek jardueraren deskripzio-memoria bat aurkeztu beharko du, erabiliko diren giza baliabideak eta baliabide materialak adierazita, baita balizko ingurumen inpaktuen balorazioa ere.

Batzorde Iraunkorrak egokitzat jotzen dituen neurri zuzentzaileak sartzen ahalko ditu, proposatutako jarduera bateragarria izan dadin lurraldeko balio naturalen garapenarekin eta kontserbazioarekin eta parke naturalaren helburuekin, eta kalterik egin ez diezaieten Komunitatea osatzen duten herrietako biztanleen erabilera tradizionalei eta honako ordenantza honek baimendutakoei. Hori horrela, debekatu eginen ditu aipatutakoekin bateraezinak diren edo indarreko araudia betetzen ez duten jarduerak.

Bestela, eskatutako baimena emanen da, egokitzat jotako beste baimen batzuk alde batera utzi gabe.

Horrela emandako baimenak prekarioan emandakotzat joko dira beti, eta Batzorde Iraunkorrak ahalmena izanen du jarduera behin-behinean edo behin betiko murrizteko, mugatzeko edo debekatzeko, ingurune naturala babesten edo parke naturalaren helburuetara egokitzen ez bada; horrek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea sortuko du.

42. artikulua. Jarduera ekonomikoak edo enpresarialak egiteko baimena duten enpresek modu eraginkorrean parte hartu beharko dute jarduerak egiten dituzten inguruaren edo erabiltzen dituzten baliabide naturalen mantentze-lanetan, eta beren jarduerek parke naturalean ahalik eta inpaktu txikiena izateko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

43. artikulua. Parke naturalean natura gidari jarduteko, aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, laugarren xedapen gehigarrian aipatutako gaikuntza izan behar da, edo, bestela, gaikuntza hori duten langileak eduki.

III. TITULUA

Zientzia eta ikerketa jarduerak

44. artikulua. NBAPren eremuan gauzatzen den zientzia eta ikerketa jarduera oro presidenteari jakinarazi beharko zaio, gauzatuko den jarduera zehatzari dagokionez aplikatu behar den indarreko araudia betetzeari kalterik egin gabe.

45. artikulua. Beharrezkoa bada, presidenteak Bardeako ingurunea, flora eta fauna babesteko egoki iritzitako mugak jartzen ahalko ditu.

46. artikulua. Jarduerak berekin badakar materialak manipulatzea, kentzea edo biltzea edota ingurune naturala aldatzea, Batzorde Iraunkorraren berariazko baimena beharko da, hargatik eragotzi gabe aplikatu beharreko legeriaren arabera eska daitezkeen beste baimen batzuk lortzea.

47. artikulua. Zientzia edo ikerketa jarduerak gauzatzeko, zirkulazio baimen bereziak ematen ahalko dira, materiala eta pertsonak zirkulazio mugatuko bideetatik eramateko. Era berean, baimena ematen ahalko da beharrezkoak diren kanpadendak eta azpiegiturak aldi baterako instalatzeko, horretarako prestatuta ez dauden eremuetan.

48. artikulua. Egindako ikerketen arduradunak aurretik zeuden baldintza naturalak lehengoratzeko beharrezkoak diren lanak egin beharko ditu.

49. artikulua. Ikerlanen emaitzak presidenteari jakinaraziko zaizkio, indarrean den legerian ezarritakoari kalterik egin gabe.

IV. TITULUA

Baimenen araubidea

50. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren baimenak eskatzeko, Bardeako Komunitateak emanen duen eredu normalizatua bete beharko da, eskatzailearen eta jardueraren arduradunaren identifikazioa jasota. Bertan, ereduarekin batera zer agiri aurkeztu behar diren adieraziko da.

Eskabide ereduak interesdunen eskura egon beharko dira, Bardeako Komunitatearen egoitzan eta webgunean, eta, nolanahi ere, telematikoki aurkezten ahalko dira.

51. artikulua. Aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa egiaztatuta, eta dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko beharrezkoak diren errekerimenduak egin ondoren, jarduera baimentzen ahal bada, baimena emanen da. Edonola ere, egokitzat jotako mugak, murrizketak edo neurri zuzentzaileak ezartzen ahalko dira, honako ordenantza honetan eta aplikagarria den gainerako araudian ezarritakoaren arabera.

52. artikulua. Baimenak emateko, parkearen helburuei, ingurune naturalari eta ingurumen balioei, Komunitatea osatzen duten herrietako biztanleen erabilera tradizionalei eta parkeko gainerako erabiltzaileei eragindako kalteak baloratuko dira.

53. artikulua. Errege Bardeako Komunitatearen baimenak ez du eragotziko kasu bakoitzean aplikagarria den araudiaren arabera eman daitezkeen baimenak ematea.

54. artikulua. Baimendutako jarduerak egiteko, Zaintza Zerbitzuak parkearen unean uneko erabilera eta ingurumen egoera kontuan hartuta ematen dituen jarraibideak bete beharko dira.

55. artikulua. Parkea erabiltzeagatik eta ingurumen arrazoiengatik aldez aurretik baimendutako jarduerei ezartzen ahal zaizkien muga, murrizketa edo debekuek ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

V. TITULUA

Zehapen araubidea

56. artikulua. Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta honako ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak eta omisioak arau-hauste oso astuntzat, astuntzat edo arintzat hartuko dira.

57. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira honako egintza hauek:

a) Produktu kimikoak eta substantzia biologikoak erabiltzea, likidoak isurtzea, hondakinak biltegiratzea edo botatzea eta hondakindegiak sortzea, parke naturalari kalterik eragiten ez bazaio.

b) Publizitate estatikoko instalazioak, baliabide arrunten bidez desmuntatzean lurrari kalte egiten ez badiote edo lehengoratzea eskatzen ez badute.

c) Ordenantza honetan ezarritako arauak urratzen dituzten kanpaldiak.

d) Parke naturaleko seinaleak edo adierazleak suntsitzea, hondatzea, lapurtzea edo lekualdatzea.

e) Parke naturaleko lasaitasuna hausten duten baimendu gabeko zaratak egitea eta molestia sortzea.

f) Baimendu gabeko erreketak egitea, parke naturalerako eta haren balioetarako arriskutsuak ez badira.

g) Ibilgailu motordunekin naturaguneen barruan zirkulatzea; hau da, horretarako prestatutako tokietatik kanpo.

h) Baimenen zehaztapenak betetzen ez badira baina parke naturalari kalterik egin ez bazaio.

i) Oro har, Nafarroako naturaguneei buruzko Foru Legean eta ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako edo debekatutako erabilerak eta jarduerak gauzatzea, baldin eta larritasun handiagoko arau-haustetzat kalifikatuta ez badago.

58. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak dira honako egintza hauek:

a) Publizitate estatikoko instalazioak, desmuntatzean lurrari kalte egiten badiote edo lehengoratzea eskatzen badute.

b) Baimengarriak diren baina dagokien baimena ez duten erabilera eta jarduerak.

c) Parke naturaleko elementuak eta baliabideak suntsitzea, ordura arte zituen baldintza berberak izatea arriskuan jartzen ez bada.

d) Zaintza Zerbitzuko agenteei, parke naturala babesteko eginkizunetan ari direlarik, ikuskapenak edo zaintza lanak egiteko trabak edo eragozpenak jartzea.

e) Parke naturalean baimenduta ez dauden erreketak egitea, baldin eta lur horietarako eta haien balioetarako arriskutsuak badira.

59. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astunak dira honako egintza hauek:

a) Parke naturaleko elementuak eta baliabideak suntsitzea, ordura arteko baldintzei eustea arriskuan jartzen bada.

b) Produktu kimikoak eta substantzia biologikoak erabiltzea, likidoak isurtzea, hondakinak biltegiratzea edo botatzea eta hondakindegiak sortzea, baldintza naturalak aldatzen badira edo parke naturalari kalte egiten bazaio.

60. artikulua. Proportzionaltasuna.

1.–Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen benetako larritasunaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

a) Arau-hauslearen erruduntasun-maila edo araua hausteko asmoa edukitzea.

b) Arau-hausteak behin eta berriro egitea.

c) Parke naturalari egindako kaltea –dela handia dela txikia– eta gunea lehengoratzeko zailtasun teknikoa.

d) Lortutako onura.

e) Urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

f) Arau-hauslearen kargua edo eginkizun publikoa, edo ezagutza-maila handiagoa izatea, bere lanbideagatik edo ikasketengatik.

g) Arau-hausleak administrazioari lagundu dion ala ez gertaerak argitzen eta babespeko ondasuna lehengoratzen.

h) Jokabide berean arau-hausteak pilatzea.

2.–Zehapena erdi-mailakoa izatetik maila handienekoa izatera igaroko da nahitaezko administrazio baimenik gabe erabilerak edo jarduerak egiten dituenak ez badu ekintza berehala geldiarazten.

3.–Arau-haustea berriro eginez gero, zehapenaren zenbatekoa %50 gehituko da, eta bi aldiz edo gehiagoz errepikatuz gero, %100.

4.–Organo eskudunak zehapenik baxuena ezar dezake, baldin eta aplikatu beharreko isunaren larritasuna, arau-haustetzat hartutako egitatea eta inguruabarrak kontuan hartuta, behar bezala justifikatuta badago.

61. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinak, 6.010 euro bitarteko isunarekin.

b) Astunak, 6.011 euro eta 60.101 euro arteko isunarekin.

c) Oso astunak, 60.102 euro eta 300.506 euro arteko isunarekin.

62. artikulua. Zehapenak ezartzeko eskumena duten organoak.

1.–Errege Bardeako Komunitatearen presidenteak izapidetuko ditu arau-hauste arin, astun eta oso astunei dagozkien zehapen-espedienteak, eta, arau-hauste arin eta astunen kasuan, ebatzi eginen ditu, abeltzaintzarekin lotutakoak izan ezik, Bardeako Komunitateko Araubide Organikoaren eta Barne Araudiaren Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.–Abeltzaintzaren eremuko zehapen-espedienteak eta arau-hauste oso astunak ebaztea Nafarroako Errege Bardeako Batzorde Iraunkorrari dagokio.

63. artikulua. Izapidetzea.

1.–Bardeako Komunitateko Zaintza Zerbitzuko agenteen akta edo salaketa unean bertan jakinaraziko zaio ustezko arduradunari, eta horrek zehapen prozedura hasteko balioko du. Halaber, ohartaraziko zaio hamar eguneko epean alegazioa aurkezten ahalko duela, eta, hala badagokio, frogak proposatu. Bestela, arau-hauslea dela aitortzen ahalko du, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bardeako Komunitateko Zaintza Zerbitzuko agenteek ezin badiote salaketa unean bertan jakinarazi arau-hausleari, Komunitateko presidenteak erabakiko du zehapen prozedura hastea, eta ahalik eta lasterren jakinaraziko zaio ustezko arduradunari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezartzen den moduan. Hamar eguneko epea emanen zaio, nahi badu, alegazioa aurkeztu dezan, eta, hala badagokio, frogak proposa ditzan.

Nolanahi ere, Komunitateko presidenteak ordenantza honetan ezarritakoaren urraketa izaten ahal den egitateren baten berri badu, ofizioz hasten ahalko du zehapen prozedura.

2.–Interesdunaren alegazioak aztertu eta, hala badagokio, eskatutako frogak edo instrukzio egilearen iritziz beharrezkotzat jotzen direnak ikusi ondoren, instrukzio egileak ebazpen proposamen bat eginen du, eta interesdunei jakinaraziko die, prozeduraren berri emanez eta hamar eguneko epea ezarriz, alegazioak egin ahal izateko.

3.–Izapidetzea amaitutakoan, organo eskudunak dagokion erabakia hartuko du.

64. artikulua. Erantzukizuna aitortzea.

1.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 85. artikuluan xedatutakoaren arabera, zehapen prozedura bat hasitakoan, arau-hausleak bere erantzukizuna aitortzen badu, dagokion zehapena ezarriz ebazten ahalko da prozedura.

Zehapena diruzkoa bada, %50eko deskontuarekin ordaintzen ahalko da, zehapen prozedura hasi dela edo Zaintza Zerbitzuko agenteek salaketa jarri diotela jakin eta hogei egun natural iragan aurretik ordaintzen bada.

2.–Aurreko apartatuan ezarritako deskontuarekin ordainduz gero, prozedura bukatutzat joko da, berariazko ebazpena eman beharrik gabe.

Zehapenaren aurkako administrazio bideko ekintza edo errekurtso orotan atzera egitearen edo horiei uko egitearen baldintzapean egonen da murrizketaren eraginkortasuna.

65. artikulua. Ebazpena emateko epea.

Ordenantza honetan aurreikusitakoaren babesean hasitako zehapen-espedienteak ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, Zaintza Zerbitzuko agenteek salaketa jakinarazten den edo espedientea hasteko ebazpena ematen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori beste sei hilabetez luzatzen ahalko da gehienez, akordio arrazoitu baten bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.3 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

66. artikulua. Erantzukizun penala.

Arau-hausteak delitu izan daitezkeen kasuetan, Fiskaltzari jakinaraziko zaio salaketa, eta ez da zehapen prozedurarekin jarraituko agintaritza judizialak epai irmoa edo prozedurari amaiera ematen dion ebazpena ematen ez duen bitartean.

Agintaritza judizialaren zehapenak alde batera utziko du administrazio-zehapena, subjektuaren, egitatearen eta oinarriaren identitatea hautematen den kasuetan. Deliturik ez dagoela erabakiz gero, zehapen-espedientearekin jarraitzen ahalko da, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jo dituen egitateetan oinarriturik, halakorik bada.

67. artikulua. Eragindako kalteak konpontzea.

Egoki diren zehapen penalak edo administratiboak alde batera utzi gabe, erantzuleak eragindako kaltea konpondu beharko du, Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako baldintzetan.

68. artikulua. Amaiera itundua eta ordezko ingurumen prestazioa.

1.–Errege Bardeako Komunitateak, dagokion zehapen ebazpena eman aurretik, erantzukizuna aitortzen den kasuetarako ezarritako murrizketarekin ordaindu ez diren kasuetan, espedientatuari aukera ematen ahalko dio Komunitatearentzat parke naturalaren mesedetan lanak egiteagatik ezar litekeen isunaren zehapen osoa edo zati bat ordezteko eskatzeko, arau-haustearen izaera eta irismen egokiak eta larritasunaren araberakoak.

Aukera hori arau-hausleak birgaitzeko bitarteko moduan eskainiko da, eta, hori dela eta, beharrezkotzat jotzen denean aplikatuko da, arau-hausteak zehapen oso astuna ezartzea badakar, zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda arau-hauste astunak edo oso astunak errepikatzen badira edo hala erabakitzen bada, neurri hori hartzea arrazoitzen duten egoera bereziak ikusita.

Espedientatuak Bardeako Komunitateari eskainiko dio zer zerbitzu mota emateko prest dagoen. Ahal dela, parke naturalaren onerako borondatezko lanak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo antzeko ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Zaintza Zerbitzuko langileek kontrolatu eta bermatuko dute betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio udalak arau-hausleari.

Bardeako Komunitateak, prozedura amaitzeko, espedientatuak eman beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren egintzan, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez bada.

Kasu bakoitzaren ezaugarriak ikusita, Bardeako Komunitateak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

–Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Bardeako Komunitatearen eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

2.–Isunak irmo bihurtu ondoren, eta betiere erantzukizuna aitortzen den kasuetarako aurreikusitako murrizketarekin ordaindu ez badira, zehatuak, borondatez ordaintzeko epean eskatuta, zehapenaren izaera eta irismena egokiak diren eta arau-haustearen larritasunaren eta ezarritako zehapenaren neurrikoak diren ingurumen prestazioekin ordezten ahalko dira.

Zehatuak Bardeako Komunitateari eskainiko dio zer zerbitzu mota emateko prest dagoen. Ahal dela, parke naturalaren onerako borondatezko lanak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo antzeko ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Zaintza Zerbitzuko langileek kontrolatu eta bermatuko dute betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoren, borondatezko epean zehapena ordaintzeko epea eten eginen da, eta eman beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Bardeako Komunitateak arau-hausleari.

Zehatuak prestazioaren baldintzak onartu eta zerbitzua eman ondoren, zehapena betetzat joko da, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 81. artikuluaren arabera.

Zerbitzua garaiz eta behar bezala ematen ez bada, borondatezko epean ordaintzeko betebeharra eten eginen da, eta zehapena premiamendu-bidetik ordainaraziko da. Gainera, ordenantza honen ondorioetarako, arau-hauste gisa kalifikatuko da, eta isun zehapena ezarriko da. Zehapen hori prozedura laburtuaren bidez ezarriko da, eta honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: Zehapenaren sailkapena jatorrizko arau-hausteari egotzitako bera izanen da, eta berariazko astungarria izanen da Bardeako Komunitatearen eta zehatuaren artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Erabilera eta aprobetxamendu tradizionalak.

Nafarroako Errege Bardeako Komunitatea osatzen duten udalerrietako biztanleek parke naturalaren gainean dituzten erabilera eta aprobetxamendu tradizionalak aitortzen dira, Bardeako ordenantzetan eta gainerako araudi aplikagarrietan xedatutakoaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Egoera kontsolidatuak.

Ordenantza hau aditzera ematean eta indarrean jartzean dauden egitatezko egoerak kontsolidatutzat jotzen ahalko ditu Bardeako Batzarrak, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta eta, betiere, Plan Orokorraren xedearekin bateragarriak badira.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Larrialdi egoerak.

Ordenantza honetan baimenen, debekuen, murrizketen eta mugen arloan Batzorde Iraunkorrari emandako eskumenak presidenteak erabiltzen ahalko ditu, larrialdi arrazoiak direla eta. Kasu horretan, berrespen ondorioetarako egiten den lehenengo saioan, horren berri eman beharko zaio Batzorde Iraunkorrari.

Laugarren xedapen gehigarria.–Errege Bardeako parke naturaleko Turismo Enpresen Erregistroa.

Errege Bardeako parke naturaleko Turismo Enpresen Erregistroa sortu da, beren jarduera Nafarroako Errege Bardeako parke naturalean gauzatzen duten edozein motatako enpresak inskribatzeko.

Honako ordenantza honetan ezarritako kasuetan nahitaezkoa izanen da erregistroan inskribatzea.

Erregistroan inskribatzeko, jardueraren titularrak sinatutako adierazpena bete eta aurkeztu beharko da, Batzorde Iraunkorrak onartzen duen ereduaren arabera, eta bertan zehazten den dokumentazioa erantsiko da.

Erregistroan inskribatzeak ez du jarduera gauzatzeko baimena eskatzetik salbuesten hala ezarri den kasuetan.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Natura gidariak.

1.–Honako ordenantza honen ondorioetarako, Errege Bardeako parke naturaleko natura gidariak dira parke naturalera egiten diren bisitetan turistei informazio, aholkularitza eta laguntza zerbitzu ordainduak ematen dizkieten pertsona fisikoak.

Nafarroako Errege Bardeako parke naturalean natura gidari gisa jarduteko gaikuntza Batzorde Iraunkorrak emanen du, horretarako deituko dituen gaikuntza ikastaroak gainditu ondoren. Ikastaro horiek kasuan kasuko deialdian ezarritako baldintzen arabera arautuko dira.

Gaikuntza ikastaroa gainditzen duten gidari turistikoek aukera izanen dute gaztelaniaz bestelako hizkuntzen ezagutza egiaztatzeko, bai ahozko eta idatzizko ariketak gaindituta bai deialdian adierazitako titulazioa aurkeztuta. Gaikuntza emandakoan, beste hizkuntza batzuetan ere eman ahalko da zerbitzua, baldin eta hizkuntza horiek menderatzen dituela egiaztatzen bada.

Gaikuntza ikastaroa gainditu eta gaikuntza eman ondoren, natura gidariak Errege Bardeako parke naturaleko Turismo Enpresen Erregistroan inskribatuko dira, Batzorde Iraunkorrak zehaztutako moduan, eta baja emanen zaie hala eskatzen dutenean.

Natura gidariek, beren jardueran ari direlarik, Komunitateko presidenteak emandako txartela, kredentziala edo egiaztagiria eraman eta erakutsi beharko dute. Bertan, beren argazkia, identifikazio datuak eta erregistroko inskripzio datuak ez ezik, egiaztatuta dauzkan hizkuntzak ere adieraziko dira.

Natura gidari lanak Batzorde Iraunkorraren gaikuntzarik gabe egitea ordenantza honen arau-haustetzat hartuko da, zehapen araubidea aplikatzeari dagokionez.

2.–Xedapen gehigarri honen aplikaziotik kanpo geratzen dira administrazio publiko baten zerbitzura dauden langileek edo irakasleek emandako zerbitzuak, baldin eta noizbehinka eta ordaindu gabe egiten badituzte informazio jarduerak, noizbehinkako laguntza jardueren edo ikasleendako prestakuntzaren ondorioz.

Seigarren xedapen gehigarria.–Aguilaresko finka.

Aguilaresko finka delakoa Errege Bardeako Komunitatearen jabetzakoa da; Arguedasko udal-mugartean dago kokatuta, parke naturalaren ondoan, eta parke naturaleko zerbitzugunea da.

Aguilaresko finka lehentasunezko tokia izanen da parke naturalean baimendutako jarduera ekonomikoekin lotutako instalazioak ezartzeko, hala nola ibilgailuen, bizikleten, zaldien eta abarren alokairua eta parke naturalarekin lotutako produktuak zaharberritzeko eta saltzeko jarduerak.

Horretarako, eska daitezkeen beste administrazio baimen batzuei –bereziki Arguedasko Udalaren eskumenekoak direnei– kalterik egin gabe, Batzorde Iraunkorrak jarduera horiek instalatzeko eta Erkidegoaren jabetza erabiltzeko baimena ematen ahalko du, zehaztutako baldintzetan.

Arguedasko Udalak Aguilaresko finkari eta parke naturaleko sarbideei buruz dituen administrazio eskumenak aintzat hartuta, Batzorde Iraunkorrari ahalmena ematen zaio Arguedasko Udalarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko, parkearen inguruan eta sarbideetan dauden instalazioen eta ezar daitezkeen instalazioen erabilera baldintza onenak elkarrekin adoste aldera.

Hori horrela, hitzarmenak egiten ahalko dira beste udal batzuekin, antzeko jarduerak egiteko.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Erabilera militarreko gunea.

Ordenantza honen aplikaziotik kanpo geratzen dira egungo erabilera militarreko eremuan egiten diren erabilerak, beren araudiaren arabera arautuko baitira.

Komunitateko presidenteak edo Batzorde Iraunkorrak parke naturalaren erabilera mugatzen ahalko du, gune militarrean egindako jardueren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntza.

Batzorde Iraunkorrari ahalmena ematen zaio ordenantza hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L2108867