148. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NAGORE

Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu
egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Nagoreko Kontzejuak, 2021eko urtarrilaren 15ean egin ohiko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Nagoreko Kontzejuko hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza. Erabaki hori 2021eko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 12an).

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatua).

Nagoren, 2021eko maiatzaren 28an.–Kontzejuko burua, Javier Idiazabal Chourraut.

ORDENANTZA, NAGOREKO (ARTZIBAR) HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren arabera, herriko hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Nagoreko Kontzejuaren (Artzibar) esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Tarifei, hilotzak hilerriaren barnean mugitzeari eta barne araubideari dagokion guztia.

c) Lurren, hilobien, nitxoen eta kolunbarioen antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Nagoreko Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Kontzejuko Burutzari eginen diote eskaera.

Hilerrian nitxo hutsak izanen dira kopuru egokian, udalerriko biztanleen erroldaren arabera, hilotzak utzi ahal izateko.

Halaber, kolunbarioak egonen dira, horiek ere kopuru egokian, gorpuzkiak eta errautsak uzteko, hilotzak erraustuak izan badira.

Nagoreko Kontzejuak ezarriko ditu irizpideak nitxoak eta kolunbarioak banatzeko eta hilerriko eremu komunei eragiten dieten alderdi guztiak erabakitzeko.

4. artikulua. Hilobiak era erregularrean banatuko dira, ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie, eta berariaz egindako plano batean marraztuko dira.

5. artikulua. Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitaratzea hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

6. artikulua. Hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan para daitezke, eta hilerriaren izaerari begiratu beharko diote, aitzineko artikuluan adierazitakoaren arabera. Titularraren erantzukizuna izanen dira hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen inskripzioak.

7. artikulua. Kontzejuak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko, hilerriaren esparruan gertatzen diren lapurretengatik edo kalteengatik, halakorik gertatuz gero.

8. artikulua. Kontzejua arduratuko da zaintza-lanez.

9. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak edo nitxoak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez. Nitxoen eta kolunbarioen hilarriek horietako bakoitzaren aurrealde osoa hartu beharko dute.

II. TITULUA

Ehorzteak, desobiratzeak, lekualdatzeak eta autopsiak

10. artikulua. Hilerrian, Nagoren erroldatutako eta han sortutako herritarren hilotzei emango zaie lurra, legezko izapideak bete badira. Kontzejuak salbuespen puntualak erabakitzen ahalko ditu.

Kontuan hartuta Nagorera ondoko herrietako familiak iritsi direla (Artzibarrekoak eta Longidakoak, esaterako) Itoizko urtegiaren lanak direla-eta, horiek ere Nagoreko bizilaguntzat hartuko dira.

11. artikulua. Desobiratzeak egin daitezke hilerrian berean lekuz aldatzeko eta beste hilerri batera eramateko. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarrita dagoenaren arabera egin behar dira, behar diren osasun neurri guztiak hartuz.

12. artikulua. Desobiratzeak zer egun eta ordutan egin behar diren jakinaraziko zaie eskatzaileei, lan hori ikusi ahal dezaten, nahi badute.

13. artikulua. Hilerrian berean beste toki batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkiak ezin daitezke eraman gorputegira.

14. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar berekin, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsetan baldin badira.

b) Ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi atera eta lekualdatzen ahal da, baldin hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Ez da baimenik emanen desobiratzeko horiek baino epe laburragoetan, salbu eta epaile baten aginduz.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da baimenik emanen desobiratzeko, salbu eta epaile baten aginduz.

Hala ere, ateratzen ahal dira hilabete horietan hildako baten ezkontidearen edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak, hildakoarekin batean ehorzteko, aldi berean eta haren ondoan.

Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da baldin ongi kontserbaturik ez badago.

III. TITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

15. artikulua. Erregistro eguneratu bat egongo da ehorzte, desobiratze, lekualdatze eta berrehorzteei buruz, eta hauei buruzko oharrak, gutxienez, jasoko ditu:

hilobien identifikazioa, ehorzketaren data eta hildakoaren izen-abizenak.

HILERRIKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

16. artikulua. Kontzesioa jakinarazi eta 15 eguneko epean ordainduko da, eta ordainketa frogatu arte ez du inolako ondoriorik izanen.

17. artikulua. Ehorzketarako nitxo bat eskatzen duenak 50 euroko fidantza ordaindu beharko du, bermatuko duena nitxoan hilarria jarriko duela ehorzketa egin ondoren eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Hilarriak osorik estaliko du horma-hilobiaren hutsunea. Interesdunek aipatu hilarria epearen barnean jarritakoan, fidantza itzuliko zaie.

Bestela, fidantzaren zenbatekoa galduko dute eta Kontzejuak, bere kargura, hilarri arrunta jarriko du, inskripziorik gabekoa, nahitaez izanen dena ingurukoen estetikaren araberakoa.

Debeku da nitxoetan zulatze lanak edo larriena kentzekoak egitea fabrikan, uztaiak, gako-iltzeak etab. paratze aldera, baina loreak paratzen ahal dira finkoak ez diren elementuekin.

18. artikulua. Zerga-oinarria finkatuko da eskaintzen diren zerbitzuen ezaugarriak kontuan hartuta, eta ordenantza honetako tarifen eranskinean ezarritako zenbatekoarekin bat etorriz. Kontzejuak, hain zuzeen, tarifok noiznahi aldatzen ahalko ditu.

Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

Hilotzak nahiz gorpuzkiak erretzetik sortutako errautsak ehorzketa gisa joko dira.

Ordenantza honetan aipatzen diren zerbitzuetako bat egiteko eskatzen denean gertatuko da tasen sortzapena.

Kontzejuak urtean zehar ezarritako datetan ordaindu beharko dira kontzesio-zerbitzuek dakartzaten tasak.

19. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen duten pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, edo, nortasun juridikorik izan gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua diren entitateak. Kontzesio zerbitzuaren subjektu pasiboak dira, berriz, horien titularrak.

20. artikulua. Kolunbario batean hilerri honetako gorpuzkiak sartzen direnean, hilotza hobitik ateratzeko edo berriro ehorzteko jartzen diren tasak ordaindu beharko dira. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, edo errautsak badira, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

21. artikulua. Ordenantza honetan jaso gabeko guztiari dagokionez, bete beharko da indarreko legeria, eta kasu guztiak banan-banan aztertuko ditu Kontzejuak.

ERANSKINA

22. artikulua. Kontzejuak urtero aldatzen ahalko ditu jarraian ageri diren prezioak eta tasak, dagokion urteko aurrekontua onestearekin batera:

–Ehorzketak 150,00 euro.

–Desobiratzeak: 150,00 euro.

–Berrehorztea: 75,00 euro.

–Nitxoaren mantentze-lanak: 10,00 euro urtean.

–Kolunbarioaren mantentze-lanak: 5,00 euro urtean.

Salbuespenak:

Ehortzi baino bost urte lehenagotik erroldatutako bizilagunak, ordenantza hauen 10. artikuluan aipatutakoak. Kosturik gabe.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aldaketa hauek indarra hartuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

Kontzeptuak:

Nitxoa.

Harresi batean egindako zuloa barruan zerbait uzteko, eta, batez ere, hilotzak edo errautsak uzteko, hilerrian.

Kolunbarioa.

Erromatarren garaiko hilerrietan, hilobia edo hilobi-monumentua, paretetan nitxoak edo zuloak zituena, errautsontziak jartzeko. (Haietan uzten zituzten hildakoaren errautsak, erraustu eta gero).

Hezurtegia.

Hilerrian, hilobietatik ateratzen diren hezurrak lurperatzeko tokia.

Ehorztea.

Hilotza lurperatzea.

Desobiratzea (lurpetik ateratzea).

Pertsona bat edo gauza bat lurpetik ateratzea; eta, bereziki, hilotz batez ari garela.

–Berrehorztea.

Gorpuzkinak hobi batean berriz ehorztea.

Iragarkiaren kodea: L2108864