148. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2438E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikatuak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonei 2020ko urritik 2021eko irailera bitarte, bi hilabete horiek barne, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua ordaintzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 566862.

2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan partida hau dago: “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida, 122.604,00 eurokoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatutako 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherako pertsonei 2020ko urritik 2021eko irailera arte, bi hilabete horiek barne, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua ordaintzeko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherako pertsonei 2020ko urritik 2021eko irailera arte, bi hilabete horiek barne, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko, eranskin gisa atxikitzen diren oinarri arautzaileei jarraikiz.

2. Horretarako, 122.604,00 euroko gehieneko gastua baimentzea, eta 2021eko ekitaldiko gastu-aurrekontuko partida honi egoztea: “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 28an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikatuak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonei 2020ko urritik 2021eko irailera bitarte, bi hilabete horiek barne, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua ordaintzeko dirulaguntzen deialdiari dagozkionak

1.–Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Dirulaguntza hauen xedea da garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonei 2020ko urritik 2021ko irailera bitarte, bi hilabete horiek barne, Petö metodoaren bidez errehabilitazio tratamendua emateko egindako gastua osorik edo hein batean ordaintzea. Laguntzen onura publikoko helburua da adingabe horiek dituzten tratamendu beharretan laguntzea.

2.–Deialdiaren zenbatekoa.

Deialdi honek 122.604,00 euroko zenbatekoa izanen du, partida honen kargura finantzatzekoa: 2021eko gastu-aurrekontuko “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida.

3.–Onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–16 urtetik beherakoa izatea tratamendua jasotzean.

–Garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologiko bat izatea, neuropediatra profesional batek diagnostikatua.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hau da, 2021eko irailaren 30erako urtebete edo gehiago eramatea Nafarroako Foru Komunitatean bizitzen, egiazki eta jarraian. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Tratamendua hartzeko gomendioa neuropediatra profesional batek egina izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

4.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.

4.2. Eskaera, beti, onuradunaren izenean egonen da, eta eskaera aurkezten duena ordezkari gisa agertuko da.

4.3. Eskaerak aurkezteko epea 2021eko irailaren 1ean hasiko da, eta urte bereko irailaren 30ean bukatuko.

4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31003), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak jaso daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

4.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

4.6. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Betebeharren frogagiriak.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Onuradunaren NANaren fotokopia.

b) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna edo, hala denean, asilo-eskubidea ematen dion ebazpena adierazita.

c) Neuropediatra profesional baten txostena, irizpen klinikoa jasoko duena eta tratamendua komenigarria dela adieraziko duena. Antzeko patologia neurologiko bat edukiz gero, txostenean zehatz-mehatz adierazi beharko da antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia.

d) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa, eskatutako laguntzaren aldikoa. Tratamendua agindu duena eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.

6.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

e) Adingabearen legezko ordezkariaren frogagiriak. Aita edo ama bada, familia-liburuaren kopia eta guraso baten NANarena. Dibortzio kasuetan, edo guraso bakar bati dagokionean zaintza, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

g) Egindako gastuaren justifikazioa fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Onuradunaren izena.

–Tratamendua ematen duen entitatea edo profesionala.

–Jasotako tratamendua, honako hauek adierazita, gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, aldizkakotasuna eta jarduketaren iraupena.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

h) Egindako ordainketaren frogagiria.

i) 6.3 oinarrian adierazitako hainbanaketatik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

j) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, deialdi honen 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.

k) Eskatzailearen adierazpena, adostasuna emateko bere datu pertsonalen tratamenduari, deialdi honen 13. oinarrian xedatutakoarekin bat.

l) Eskatzailearen adierazpena, zehazten duena konplituak dituela zerga arloko betebeharrak, laguntzak itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta baimena ematen duela Osasun Departamentuak Ogasun Publikoari eta Estatuko Administrazio Orokorrari eska diezaien egoki den informazioa.

Baldin eta kontsulta-baimen hori sinatu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Ez da beharrezkoa izanen a), b), c) eta e) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta haietan zehaztutako datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena datuak ez direla aldatu.

6.–Dirulaguntza emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak balorazio loteslea eginik.

6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Elena Antoñanzas Baztán andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burua, batzordeko burua izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa María Fé Idoate Cervantes andrea izanen da, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua.

–M.ª Eugenia Yoldi Petri andrea, Nafarroako Ospitaleguneko barrutiko fakultatibo espezialista. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Sergio Aguilera Albesa jauna izanen da, Nafarroako Ospitaleguneko barrutiko fakultatibo espezialista.

–Eva Lorente Elía andrea, Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko teknikaria, batzordeko idazkaria izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Mikel Biurrun Elizaga jauna izanen da, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko teknikaria.

6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntzak emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Dirulaguntza, gutxienez, onuradun bakoitzari oinarrizko tratamenduaren ziklo bat finantzatzeko adinakoa izanen da; hau da, 1.182 eurokoa, salbu eta aurrekontuetan dagoen dirua gainditzen baldin bada, kasu horretan hainbanatu eginen baita aurkeztutako eskaera guztien artean.

–Laguntzak onuradunek finantzatutako tratamenduaren kostuaren araberakoak izan daitezen, baldin eskatutako zenbateko guztien batura handiagoa bada oinarrizko zikloa deskontatu ondoren gelditzen den aurrekontu erabilgarria baino, dagoen dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eta, hala, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jasoko du.

–Dirulaguntza jasotzean ekitate handiagoa izan dadin, baldin onuradunaren familia unitateko edozein kide 2020. urtean eta/edo 2021. urtean genero-indarkeriaren biktima izan bada, edo gizarteratze-errenta/errenta bermatua jaso badu, onuradun hori hainbanaketatik kanpo geldituko da, behin oinarrizko tratamendua deskontatuta.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere handiagoa izanen finantzatutako tratamenduaren guztirako kostua baino, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

7.–Ebazpena.

7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak.

7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahal dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

8.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko onuradunak ordaindu beharreko tratamenduaren guztirako kostua.

9.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik beste laguntzaren bat jasoz gero, haren berri eman beharko dute, laguntza eman zaiela jakiten dutenetik hilabeteko epean, eta, betiere, 2022ko abuztuaren 31 baino lehen.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.

11.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

13.–Datuen babesa.

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren “Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa” izeneko atalean, web helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/es/transparencia//tratamiento-datos personales.

14.–Publizitaterako arauak.

Onartzen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

15.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Iragarkiaren kodea: F2108908