144. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

98E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Oltza Zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko baimena ematen duena. Jardueraren titularra Graftech Iberica SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 428/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 164E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 21eko 169E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2021eko martxoaren 16an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, inpregnazioko brearen kerako mahuka-iragazkia handitzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko martxoaren 29an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez-funtsezkoa” da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2021eko martxoaren 29an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, inpregnazioko brearen kerako mahuka-iragazkia handitzeko (31 PI zenbakidun fokua).

Halaber, ofizioz sartu dira erabakitzeke gelditu ziren bi gai, instalazioa TEOei buruzko ondorioen gaineko 2016/1032 (EB) Betearazpen Ebazpenera egokitzearen inguruko alegazioak aztertu ondoren gelditu zirenak. Aipatu egokitze hori Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 21eko 169E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara emisioak egiteko baimena eguneratu da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuz eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat garatzen duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Oltza Zendeako udal-mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste zenbait produktu fabrikatzen dituen instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko. Graftech Iberica SL da instalazioaren titularra, eta honako hau da aldaketaren xedea: inpregnazioko brearen kerako mahuka-iragazkia handitzeko proiektua garatzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak.

Bigarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Graftech Iberica SLra eta Oltza Zendeako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 12an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2108115