144. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

124E/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 28koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, oinarriak onesten dituena aplikatu beharreko prozedura ezartzearren laguntzak ematean Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko.

Nafarroan ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2006an sortu ziren, jada desagertuta dagoen Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak eskatuta. Haren 2005eko txostenean ohartarazi zuen behera ari zirela, oro har, Nafarroako telebistek beraiek ekoizten dutenaren ehunekoak.

Laguntza hauen xedea da, beraz, Nafarroako Foru Komunitatean ekoizpen berekiak eta herritarrentzat interesgarriak diren programa gehiago izan daitezela, programazio horrek onura soziala baitakarkie Nafarroako bizilagunei.

Hortik aurrera, urtero tramitatu dira LTD lizentzia duten telebistentzako laguntza horiek, dela izendapen bidez, dela norgehiagokako araubideko deialdien bidez. Eta urtero onetsi dira laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak.

2017an, gainera, berritu egin zen dirulaguntzen deialdi hori, eta laguntzak Europako araudira egokitu ziren, zehazki 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikulura eta I. kapitulura. Erregelamendu horren bidez, laguntzen kategoria jakin batzuk bateragarritzat jotzen dira barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Eta Europar Batasuneko araudiaren zuzenbidezko berme horri jarraituz egin dira orduz geroztik deialdiak.

Aurreko ekitaldietako esperientzian oinarrituta, bidezkotzat jo da oinarri arautzaile egonkorrak ematea laguntza horiei, eta horretarako onesten da foru agindu hau. Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuko aurreikuspenak aintzat harturik, urtero epe bat irekiko da eskaerak tramitatzeko, foru agindu honen aurreikuspenak betez ebatziko direnak. Aldaketa horrek berme juridiko handiagoa ematen die Nafarroako LTD operadoreei, eta, aldi berean, urteroko deialdien tramitazioa eta ebazpena errazten du.

Ikusirik Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Ataleko buruaren txostena, eta erabiliz Nafarroako Gobernuaren departamentuen egitura onesten duen abuztuaren 7ko 22/2019 Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Oinarriak onestea aplikatu beharreko prozedura ezartzearren laguntzak ematean Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko.

2. Argitara ematea foru agindu hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

3. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 28an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da aplikatu beharreko prozedura ezartzea laguntzak ematean Foru Komunitatean ikus-entzunezko edukiak ekoizteko jarduerei, gero Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek emititzeko.

Ikus-entzunezko edukiak Nafarroako hizkuntza ofizialetako edozeinetan eginen dira eta haien helburua izanen da Foru Komunitateko ikus-entzunezko kulturaren eskaintza oparoagoa izatea.

Laguntza hauetatik kanpo gelditzen da Nafarroako telebistetako informazio-programazioa.

2. oinarria.–Laguntzen aurrekontua eta intentsitatea.

Laguntzak dirulaguntza gisa ematen dira, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluan eta I. kapituluan adierazitakoaren arabera, zeinetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria ezartzen diren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Diruz lagungarriak diren kostuen %50 izanen da ikus-entzunezko lanen produkziorako laguntzen intentsitatea.

3. oinarria.–Onuradunak eta betebeharrak.

1. Lurreko Telebista Digitalaren emanaldietarako Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzia pribatuen titularrak izan daitezke laguntza hauen onuradun, baldin eta, oinarri arautzaile hauen babesean onetsitako deialdietako eskaerak aurkezteko epean, emanaldiak eskaintzen badituzte lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programazioari dagozkienen arabera.

2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren bat duten entitateei.

3. Deialdi hau ez da aplikagarria izanen Europar Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresentzat, laguntza ilegal eta barne-merkatuarekin bateragarria ez dena deklaratu zaienentzat, ezta aipaturiko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18) artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzat ere.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira dirulaguntzaren xedeko jardueraren ezaugarriekin bat heldu diren gastuak.

2. Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak: zuzeneko gastuak (langileenak barne), zeharkako gastuak eta ondasun inbentariagarriak amortizatzeko gastuak.

3. Ikus-entzunezkoen ekoizpenaren emanaldiari lotutakoak jotzen dira zuzeneko gastutzat, ikus-entzunezko edukiak sortzeko beharrezkoak diren langileenak barne. Zuzeneko gastuen kasuan (langileenak barne), onuradunak gastu hori erabiltzen badu dirulaguntzaren xede den programazioa ez ezik beste programazio bat ere ekoizteko, diruz laguntzen den proiektuan benetan erabilitako denbora zati proportzionalari dagozkion gastuak baino ez dira egotziko.

4. Deialdi honetan azpikontratazioa egiten ahalko da. Ikus-entzunezkoak ekoizteko jardueren gauzatzea edo ikus-entzunezko edukiak ekoizteko beharrezkoak diren beste lan osagarri batzuk azpikontratatu ahal izanen dira. Kasu horietan, diruz lagungarriak diren gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

5. Langileen gastuak (plantillarenak edo azpikontratazio bidez diruz lagundutako programaren ekoizpenera atxikitakoak) ezin izanen dira izan enpresaren hitzarmenetan edo onuradunari aplika dakizkiokeen hitzarmen sektorialetan jasotakoak baino txikiagoak, ezta oinarri arautzaile hauen babesean onetsitako deialdietan ezarritako zenbatekoak baino handiagoak ere. Proiektuari atxikitako pertsona batek edo enplegatu batek ezarriko ditu gehieneko gastuak, baina pertsona bakar batek ezin izanen ditu soldata bat baino gehiago jaso lan batean baino gehiagotan aritzeagatik deialdi berean diruz lagundutako proiektu batean edo batzuetan.

6. Zeharkako gastuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak, baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko, telebista-seinalearen difusio eta garraioari dagozkion gastuak barne. Proiektu bakoitzean diruz lagungarriak diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %12tik gorakoak izanen; betiere, frogatu egin beharko da zergatik egozten zaizkion dirulaguntzaren xedeko programari.

7. Honako hauek dira amortizatzen ahal diren ondasun inbentariagarriak: ikus-entzunezkoen ekipoak, ekipo elektronikoak eta informatikoak eta programa informatikoak. Kontabilitateko irizpide orokorrak kontuan hartuta, ekipo eta programa hauei urtean %20 arteko eta %33 arteko amortizazio linealak aplikatzen ahal zaizkie, hurrenez hurren.

8. Diruz lagungarriak diren zuzeneko zein zeharkako gastuetatik kanpo daude telebista operadorearentzako higiezinen alokairu edo amortizaziorako direnak, lege arloko aholkularitza zerbitzuaren prestazioak eta azpikontratazioak eta diruz lagundutako programazioaren ekoizpenari lotu gabeko jarduketetako langileen gastuak (ordezkaritza-gastuak, dieta eta bidaiak eta abar).

5. oinarria.–Laguntzen deialdia.

1. Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendari nagusiak egin dezake laguntzen deialdia, oinarri arautzaile hauen babesean, ebazpen bat emanez. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariko “Tramiteak” katalogoan emanen da argitara. Horretaz gain, deialdiaren laburpen bat argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB), orok jakin dezan.

2. Oinarri arautzaile hauen babesean onesten diren deialdietan ezarriko da zer zenbatekorekin eta aurrekontuko zer partidatatik finantzatuko diren laguntzak, eta zehaztuko dira programa, kategoria edo telebista operadore bakoitzeko ezar daitezkeen gehieneko finantzaketa mugak, baita nola ordainduko diren ere dirulaguntzak, foru agindu honen 10. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3. Deialdietan ezar daiteke kategoria desberdinetan sailka daitezela aurkezten diren ikus-entzunezko proiektuak, eduki motaren arabera eta emanaldiaren xedeko barruti lokalaren arabera.

4. Laguntza hauek efektu bultzatzailea izan behar dute. Hortaz, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatzen denaren arabera, dirulaguntzen eskatzaileek ezin izanen dituzte jarduera diruz lagungarriak hasi deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea irekitzen den data baino lehenago.

5. Deialdiek epe bat ezarriko dute eskabideak aurkezteko, gutxienez 20 egun naturalekoa, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira, nafarroa.eus atarian deialdia tramitatzeko eskura egonen den fitxaren bidez. Eskabidearen eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak fitxan berean egonen dira eskura.

6. Eskabidea aurkezteak berekin dakar formalki eta espresuki onartzea oinarri arautzaile hauetan eta kasuan kasuko deialdian zehazten diren baldintzak.

7. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, organo kudeatzaileak berrikusiko ditu eta, akatsik edo hutsik aurkituz gero, telebista operadore interesdunari jakinaraziko dizkio. Interesdunak 10 egun balioduneko epea izanen du eskaera zuzendu edo/eta agindutako agiriak entregatzeko. Errekerimendua betetzen ez bada, laguntza-eskaerari uko egin diola ulertuko da. Prozeduraren tramitazioarekin aurrera jarraituko da, nahiz eta arazo intzidental hori dirulaguntzak emateko azken ebazpenean ebatziko den.

8. Laguntzen deialdiei dagozkien jakinarazpen telematikoak interesdunak eskabidean emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Horretarako, telebistako operadoreak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du.

6. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz tramitatuko da. Prozedura hau, funtsean, honakoan datza: aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Prozeduraren organo kudeatzaileak eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legaltasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

3. Organo kudeatzaileak ebaluatuko ditu ikus-entzunezko edukiak ekoizteko proiektuak. Hark ebazpen proposamen bat igorriko dio ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen alorrean eskumena duen zuzendari nagusiari. Proposamen horretan, baloratutako proiektuen zerrenda azalduko da (lortutako puntuaziorik handienetik txikienera ordenatuak), baita dirulaguntza hartzeko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda ere, esleitu zaien zenbatekoarekin. Proposamenean adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

4. Deialdian zehaztu bada proiektuak kategorien arabera sailkatuta emanen direla laguntzak eta kategoria batean edo gehiagotan funtsik gelditzen bada aplikatu gabe, dela eskabiderik ez dagoelako, dela laguntzak jasotzeko gutxienez eskatzen den puntuazio teknikoa lortzen ez delako, poltsa bakar batean pilatuko dira. Poltsa horren bidez deialdira aurkezturiko beste proiektu batzuk diruz laguntzen ahalko dira, baldin eta ezarritako gutxieneko balorazioa gainditzen badute, programa horiek lortutako puntuazio ordenaren arabera, zein kategoriatan aurkeztu diren aintzat hartu gabe. Kreditu erabilgarria ez bada nahikoa programak behar duen finantzaketaren %50 lortzeko, aukera emanen zaio telebista operadoreari aurrekontua birformulatzeko. Horretarako, bi egun balioduneko epea izanen du, proposamen hau bide elektronikotik jakinarazten zaion egunetik hasita. Eskaera horri erantzuten ez badio edo ez zaiola interesatzen adierazten badu, eskaintza hurrengo programari eginen zaio, puntuazioaren hurrenkerari jarraituz, eta hala hurrenez hurren, aurrekontu erabilgarria agortu arte. Oinarri hau aplikatuz ematen diren laguntzak ez dira aintzat hartuko kategoria bakoitzean operadore bererako ezarri diren gehieneko zenbatekoen baturan.

5. Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpena emanen du deialdiaren xedeko dirulaguntzak eman eta esleitzeko, diruz lagunduko den eskaeren zerrenda adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

6. Emakidaren ebazpena operadore interesdunei jakinaraziko zaie, gehienez bi hilabeteko epean deialdi honetara eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute operadore interesdunek.

7. oinarria.–Balorazio-irizpideak eta puntuazioak.

Eskaerak ebaluatzeko, ondoren zehazten diren irizpideei jarraituko zaie; guztira, 100 puntu dira.

1. Proiektuen diseinua, 50 puntura arte.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Programen sormena eta barietatea, eta haiek azaltzeko eta planteatzeko berrikuntzak egitea, Nafarroako telebisten gaur egungo emankizunen aldean: 40 puntura arte.

–Parte-hartzaile edo elkarrizketatu gisa gonbidatu nahi diren protagonisten zein Nafarroan onura publiko aitortuko herri elkarteen aniztasuna, kulturartekotasuna eta ordezkagarritasuna: 10 puntura arte.

Lehendabiziko atal honetan 30 puntu gainditzen ez duten proiektuak balorazio prozesutik kanpo geldituko dira, eta ezin izanen dira proposatu dirulaguntza jasotzeko.

2. Proiektuen audientzia, 20 puntura arte.

Proiektua aurkezten duen operadoreak frogatzen duen audientzia baloratuko da, aintzat harturik Nafarroako audientzien CIES azterlanean aurreko urtean metatutako datuak (eguneroko audientzia).

LDT lizentzia lokalen titularren kasuan, operadoreak zer barrutitan dituen emanaldiak, horko datuak baino ez dira kontuan hartuko.

20 puntu emanen zaizkio barruti bakoitzean audientzia daturik onena duenari. Gainerako operadoreen ikus-entzuleen kopurua baloratzeko honako formula hau aplikatuko da:

20 × telebista operadorearen eguneko audientzia

Gehien ikusi den telebista operadorearen eguneko audientzia

CIES azterlanak telebista operadore bat auditatzen ez badu, edo 1.000 ikusletik beherako datuak baditu, 0 puntu emanen zaio atal honetan.

3. Berrinbertsioa Nafarroako ikus-entzunezko sektorean, 20 puntura arte.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Azpikontratazioa Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin: 10 puntura arte. 10 puntu emanen zaizkio Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin zuzeneko gastuan edo azpikontratazioan kopuru handiena bermatzen duen programari. Balorazio honetatik kanpo geldituko da antena-eskubideak lortzeko gastua. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:

10 × programaren gastu-portzentajea Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin

Portzentajerik handiena duen programaren gastu-portzentajea Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin

–Nafarroako ikus-entzunezko proiektuen antena-eskubideak eskuratzea: 10 puntu bitarte. Nafarroako profesional edo enpresek zuzendu, ekoiztu edo/eta banatutako produktuak dira, hau da, ikus-entzunezko produktu horien eskubideak nagusiki Nafarroako konpainiarenak dira, baldin eta telebista operadoreak sozietatean parte hartzen ez badu. 10 puntu emanen zaizkio programaren aurrekontu osoaren gainean kontzeptu horregatik gastu portzentajerik handiena duen programari. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:

10 × programaren gastuaren portzentajea Nafarroako ikus-entzunezko produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik

Kontzeptu horregatik gasturik handiena duen programaren gastuaren portzentajea Nafarroako produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik

4. Konpromisoak gizarte arloan, 10 puntura arte.

–5 puntu, gizon eta emakumeen arteko berdintasun planak ezarrita dituzten enpresen eskaintzetarako; gutxienez ere, neurriak izan beharko dituzte ordutegia malgutzeko eta lanaldia murrizteko, lan- eta familia-bizitza bateragarri egite aldera.

–5 puntu, gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonen kontratazioa sustatzeko: 2,5 puntu emanen dira lanaldi osorako eta 3 hilabeterako kontratatzen den errenta hartzaile horietako bakoitzeko.

8. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

1. Dirulaguntzaren onuradun diren telebistek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela justifikatzea eta laguntza emateko finkaturiko betebeharrak, baldintzak eta helburua betetzea.

b) Nafarroako Gobernuak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen eta finantza kontrolak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Organo kudeatzaileari idatziz jakinaraztea onetsitako proiektuan egin nahi den edozein aldaketa. Jakinarazpen hori erregistratu eta 15 egun balioduneko epean organo kudeatzaileak ez baldin badio berariaz aldaketa horri ezezkorik ematen, bai komunikazio betebeharra eta bai proposaturiko aldaketa onartutzat joko dira.

d) Onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

e) Dirulaguntzaren xedeko programetarako lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dagokion organoari. Horrelakoetan zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da. Laguntza horiek jaso direla jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Jasotako dirulaguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gutxienez 10 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.

g) Dirulaguntzaren xedeko programen kopia aurkeztea, deialdiaren organo kudeatzaileak adierazitako formatu eta modu elektronikoan. Kopia hori gordetzeko izanen da eta ikus-entzunezkoen artxibo publiko batean sartuko da; jendaurrean erakusten ahalko da, betiere merkataritza helbururik gabe.

h) Programen irisgarritasunaren arloko oinarrizko araudia betetzea entzumen desgaitasuna duten pertsonei dagokienez. Dirulaguntzaren xedeko programan edo programetan azpitituluak jartzea galarazten duten arrazoi teknikoak badaude, operadoreak beste aukera bat aurkezten ahalko du organo kudeatzailearen araua betetzeko, betiere deialdi honen bidez finantzatzen den programetako bat irisgarria dela bermatuta.

i) Autonomia erkidegoetako telebista operadoreen kasuan, eta, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1988 Foru Legeak ezarritako zonifikazioarekin bat, eremu euskaldunean edo mistoan gutxienez udalerri bat daukaten barrutietako operadore lokalen kasuan, euskarazko programa bat ematea gutxienez ere astean behin bere lizentziako LTDko kanal nagusian, lehen emanaldian edo lehendik gaztelaniaz emandako programak euskaraz emanez (uztailean eta abuztuan salbu).

j) Argi eta garbi zehaztea, diruz lagundutako programa bakoitzaren amaierako kredituetan, Nafarroako Gobernuak ikus-entzunezkoaren ekoizpenean egin duen kofinantzaketa, Nafarroako Gobernuaren Iogotipoa sartuz. Kofinantzaketa hau telebista operadoreak telebista programa hauen zabalkundea eta publizitatea egiteko aurreikusten dituen sustapen- edo autosustapen-espazioetan ere agertu beharko da.

2. Dirulaguntzen onuradunek aplikatu beharreko foru araudian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, hau da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horretarako, dirulaguntza jasoko dela jakinarazten den egunetik hasi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxaren bitartez, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari dagokion adierazpena, eskuragarri dagoen eredu normalizatuarekin bat datorrena, eta, betiere, edozein diru-kopuru jaso baino lehen.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

4. Oro har, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

9. oinarria.–Ekoizturiko edukiak emateko eta hedatzeko baldintzak.

1. Programak lizentziako LTDko kanal nagusiaren bitartez ematea (kanal bat baino gehiago dutenen kasuan).

2. Diruz lagundutako edukiak Internet edo sare sozialetako bideo-kanalen bidez eman beharko dituzte eskaintzan konpromiso hori erakutsi duten telebistek. Url-a eman beharko dute.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza, oro har, azken ordainketan eginen da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean, operadoreak hurrengo oinarri arautzailean zehazten den dokumentazioa erregistratu ondoren.

2. Aurrerakinak aurreikusten ahalko dira oinarri arautzaile hauen babesean onesten diren deialdietan. Halakoetan, eskaerari dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio, finantzaketa baliabide egokien gabezia frogatzen duten kontabilitateko egoera-orriak ere aurkeztuta. Deialdi honetako onuradunei legozkiekeen aurrerakinak 60.000 euro baino gehiagokoak diren kasuetan, diru hori ordaintzeko baldintza izanen da banku-abal bat erregistratzea, jasotako laguntzari dagokion aurrerakinak zenbat jo eta horren adinakoa, Diruzaintza Atalean.

3. Oinarri arautzaile hauen babesean onesten diren deialdietan, onartutako dirulaguntzaren ordainketa partzial bat aurreikus daiteke, operadoreak hurrengo oinarri arautzailean zehazten den dokumentazioa erregistratu ondoren. Ordainketa partzial horretarako, lehen ere aurrerakina kobratzea hautatu dutenek, deialdiak aukera hori ematen badu, justifikatu beharko dute aurrerakin hori behar bezala erabili eta gauzatu dela.

4. Konpromisoak ez betetzeagatiko zigorrak:

Operadore batek aurrekontuan aurreikusi badu Nafarroako ikus-entzunezko enpresak azpikontratatzea edo Nafarroako ikus-entzunezko lanen antena-eskubideak erostea eta ez baditu aurreikuspenak betetzen, onartutako laguntza murriztuko da programa hori ekoizteko, egin ez den inbertsio horren %50eko zenbatekoarekin. Horretaz gain, ez dira gastu diruz lagungarritzat hartuko telebista operadoreak beste enpresa edo egile batzuekin egin dituen beste azpikontratazio batzuk edo antena-eskubideen erosketa batzuk, ez badituzte betetzen deialdian aurkeztutako proposamenen balorazio baldintzak.

Dirulaguntzaren zenbatekoaren %2ko penalizazioa aplikatuko da diruz lagundutako programa bakoitzagatik onartutako gastu osoen gainean, frogatzen ez badira telebista operadoreak deialdian aurkeztutako proposamenean askatasunez hartutako eta dirulaguntza emateko baloratutako konpromiso guztiak.

Dirulaguntzaren zenbatekoaren %5eko penalizazioa aplikatuko da diruz lagundutako programa bakoitzagatik onartutako gastu osoen gainean, frogatzen ez bada oinarri arautzaile hauetan ezarritako betebehar guztiak bete direla.

11. oinarria.–Justifikatzeko modua.

1. Diruz lagundutako jarduerak egin ondoan eta dirulaguntza kobratu ahal izateko, operadore onuradunek dokumentazio hau aurkeztuko dute telematika erabiliz (nafarroa.eus atariko laguntzen tramite fitxaren bidez), fitxa horretan zehazten den formatu eta edukiarekin, deialdi bakoitzean ezarritako epeen barnean:

a) Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne.

b) Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Dirulaguntzen onuradunek taula bat osatu beharko dute, jasoko dituena benetan egindako eta kontabilitate-multzotan sailkatutako gastuak. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren (dok. zk.: 1, 2, 3...). Gastu horiek justifikatzeko taularekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen kopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin. Hurrenkeran zenbakituko dira (1, 2, 3... dok.), gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean. Aldi berean, gastua justifikatzen duen faktura edo agiri bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

c) Soldaten kostuen zerrenda, bakoitza diruz lagundutako proiektuari nola egozten zaion zehazturik. Gizarte Segurantzako gastua justifikatzeko, TC1 eta TC2 ofizialak eta horiek ordaindu izanaren frogagiriak aurkeztuko dira. Enpresek puntuaziorik lortu badute gizarteratze-errenta jasotzen dutenak kontratatzeagatik, kontratu horien kopia ere aurkeztu beharko dute.

d) Amortizazio gastuak justifikatzeko elementu horien erosketa fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Halaber, entitatearen arduradunak sinatutako idatzi bat erantsiko da, non adieraziko baita gastuak bat datozela dirulaguntzaren entitate onuradunak kontabilitatean ofizialki erregistraturik dituen inbertsioekin; bertan aipatuko da, baita ere, dirulaguntzaren bat jaso den edo ez ondasun amortizagarrien erosketa finantzatzeko. Amortizazioen taula erantsiko da.

e) Proiektu bakoitzeko gastu guztien sailkapena dakarren laburpen-taula.

2. Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturak behar adina xehakatu beharko dira, argi identifikatu ahal izateko zer jarduerari egozten zaizkion kostuak.

12. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Estatuko zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Kasu horietan, murriztu eginen da dirulaguntza.

2. Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuz, zeinaren bitartez dirulaguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak direla adierazten den, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, kontuan izan beharko dira estatuko dirulaguntzak pilatzeari buruzko arauak. Horrek esan nahi du deialdi honetan jarduera, proiektu edo enpresa onuradunei emandako dirulaguntzen zenbateko osoa estatuko beste edozein laguntzari gehitu ahal izanen zaiola, diruz lagungarriak diren kostu desberdinei edo estatuko beste edozein laguntzari erreferentzia egiten baldin badie, osoki edo modu partzialean diruz lagundutako kostuekin bat etorriz, baina bakarrik pilaketa horrek ez badu dirulaguntzaren intentsitatea edo erregelamenduaren araberako dirulaguntza handienaren zenbatekoa gainditzen.

3. Dirulaguntza hauek ez zaizkie gehituko gastu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza batzuei, baldin eta horrek berekin badakar Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluan zehaztutako laguntzen intentsitatea gainditzea.

13. oinarria.–Gardentasuna, publizitatea eta informazioa.

1. Foru agindu honen babesean argitaratzen diren deialdiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atarian argitaratu beharko dira.

2. Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendu horretan ezarritakoa betetzeko, hurrengo konpromisoak hartu beharko ditu:

a) Eskatzaileek deialdi honetan jasotzen duten dirulaguntzaren onuradunei eta horiek jasotako zenbatekoei dagokien informazioa DDBNean argitaratu dadin bermatzea.

Berariaz, zehaztasun osoz argitaratuko da 500.000 euro baino gehiagoko banakako laguntza bakoitzaren inguruko informazioa.

Laguntza ematen den egunetik hasita sei hilabeteko epean argitaratuko da informazioa, eta gutxienez hamar urtez egonen da eskuragarri.

b) Europar Batzordeari dirulaguntzen erregimenari buruzko informazio laburbildua duen formulario normalizatua ematea, deialdiaren ebazpena argitaratu ondoko 20 egun balioduneko epean.

Iragarkiaren kodea: F2108964