143. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

Aldaketa, Mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Zangozako Udalak, 2021eko otsailaren 25ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldatzea Zangozako udal-mugartean mugikortasuna eta trafikoa arautzeko ordenantza. Erabaki hori 2021eko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon da, eta alegazio bat jarri da haren aurka.

Zangozako Udalak, 2021eko maiatzaren 27an egin ohiko osoko bilkuran, jarritako alegazioa ezetsi zuen, eta behin betiko onetsi zuen Zangozako udal-mugartean mugikortasuna eta trafikoa arautzeko ordenantzaren aldaketa. Hortaz, oso-osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak sor ditzan.

Zangozan, 2021eko maiatzaren 31n.–Alkatea, Lucia Echegoyen Ojer.

ZANGOZAKO UDALEAN MUGIKORTASUNA ETA TRAFIKOA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA OROKORRA

ZIOEN AZALPENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

2. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

II. TITULUA

Zirkulazioko portaera arau orokorrak

I. KAPITULUA

Portaera arau orokorrak

4. artikulua. Gidarien betebeharrak

5. artikulua. Hiriarteko garraio kolektiboa.

6. artikulua. Kutsadura eta zarata eragiteko eta ibilgailuak eraberritzeko debekua.

7. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.

8. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.

9. artikulua. Bideko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.

II. KAPITULUA

Oinezkoen zirkulazioa

10. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa.

11. artikulua. Oinezkoendako eremuak.

12. artikulua. Udalaren ahalmena.

13. artikulua. Sarbide mugatuko eremuak.

14. artikulua. Baimenak.

III. KAPITULUA

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa

15. artikulua. Patinen, patineteen eta monopatinen nahiz gizakiaren ahaleginak beste inolako laguntzarik gabe bultzatzen dituen antzekoen zirkulazioa.

16. artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoen eta bi gurpiletik gorako zikloen erabilera.

IV. KAPITULUA

Bizikleten zirkulazioa eta erabilera

17. artikulua. Bizikletan zirkulatzeko arau orokorrak.

18. artikulua. Bizikleten zirkulazioa galtzadan.

19. artikulua. Bizikletak espaloietan barna zirkulatzea.

20. artikulua. Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloen zirkulazioa pasealekuetan eta oinezkoendako eremuetan.

21. artikulua. Segurtasun osagarriak, ikusgaitasuna eta kaskoaren erabilera.

22. artikulua. Pertsona eta salgaien garraioa.

23. artikulua. Bizikletak aparkatzeko tokiak.

24. artikulua. Bizikletak eremu publikotik kentzea.

V. KAPITULUA

Ziklomotor eta motozikleten zirkulazioa

25. artikulua. Ziklomotorrak eta motozikletak.

VI. KAPITULUA

Abiadura

26. artikulua. Abiadura mugak.

27. artikulua. Abiadura egokitzea egoeren arabera egokitzea.

28. artikulua. Neurriko abiadura.

III. TITULUA

Zamalanak

29. artikulua. Zamalanetarako tokiak.

30. artikulua. Zamalanetarako tokien erabilera.

31. artikulua. Zamalanen definizioa.

32. artikulua. Zamalanetarako tokiak seinaleztatzea.

33. artikulua. Zamalanak egiteko modua.

34. artikulua. Zamalanak egin bitartean eragozpenak sortzeko debekua.

35. artikulua. Zamalanak egin bitartean arriskua sortzeko debekua.

36. artikulua. Tamaina edo pisu bereziko ibilgailuen zirkulazioa eta zamalanak.

IV. TITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

I. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

37. artikulua. Arau orokorrak.

38. artikulua. Gelditzea.

39. artikulua. Aparkatzea.

II. KAPITULUA

Desgaitasunak dituzten pertsonek aparkatzeko txartela,
erreserbatuak eta aparkatzea

40. artikulua. Desgaitasunak dituzten pertsonek aparkatzeko txartela, erreserbatuak eta aparkatzea.

41. artikulua. Erreserbatutako tokien seinaleztapena.

42. artikulua. Erreserba berriak ezindu fisikoentzat.

III. KAPITULUA

Pasatzeko lizentziak

43. artikulua. Pasatzeko lizentziaren definizioa.

44. artikulua. Pasatzeko lizentziaren baldintzak.

45. artikulua. Ordutegia.

46. artikulua. Seinaleztapena.

47. artikulua. Zintarria edo pasabidea jatea.

48. artikulua. Aparkatzeko debekua, erregelamenduaren arabera seinalaturiko pasabideetan.

49. artikulua. Fidantza.

50. artikulua. Erantzukizuna.

51. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

52. artikulua. Baimena.

53. artikulua. Pasatzeko lizentziaren iraungipena.

54. artikulua. Pasatzeko lizentzia iraungitzeak ekartzen dituen betebeharrak.

55. artikulua. Fidantza itzultzea.

56. artikulua. Debeku orokorrak.

IV. KAPITULUA

Autobus, kamioi, traktore, atoi, karabana, autokarabana eta laborantzako makinak eta lanabesak Zangozako hirigunean aparkatzea.

57. artikulua. Kamioi, autobus eta traktoreak aparkatzeko debekua.

58. artikulua. Karabana, atoi eta laborantzako lanabesak aparkatzeko debekua.

59. artikulua. Zangozako udal-mugartean aparkatutako ibilgailuetan bizitzeko debekua.

60. artikulua. Salgai arrikutsuez kargatutako ibilgailuak aparkatzeko debekua.

61. artikulua. Hiri barreneko autobusaren geralekuak.

62. artikulua. Interes orokorreko zenbait zerbitzu publikorendako toki erreserbatuak.

V. TITULUA

Kultura- edo kirol-ekitaldiekin zerikusia duten bide publikoko jarduketak

63. artikulua. Baimenak.

64. artikulua. Baimena eskatzea.

65. artikulua. Baimena ematea.

66. artikulua. Laguntza-langileen beharra.

67. artikulua. Bide segurtasunaren arduraduna.

68. artikulua. Fidantza.

69. artikulua. Lekua erreserbatzea.

70. artikulua. Ibilbidearen seinaleztapena.

71. artikulua. Baldintzak ez betetzea.

VI. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

72. artikulua. Aplikazio-eremua.

73. artikulua. Prozedura.

VII. TITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak

74. artikulua. Hirigunean zirkulatzeko debekua.

VIII. TITULUA

Seinaleak

I. KAPITULUA

Instalazioa

75. artikulua. Seinaleak jartzea.

76. artikulua. Aplikazioa.

II. KAPITULUA

Edukia

77. artikulua. Edukia.

IX. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak. Kautelazko neurriak.

I. KAPITULUA

Ibilgailuak ibilgetzea

78. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

79. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

80. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

81. artikulua. Bestelako kasuak.

82. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera uztea.

III. KAPITULUA

Zehapen prozedura

83. artikulua. Prozedura.

84. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

85. artikulua. Berehalako ordainketa.

86. artikulua. Instrukzioa.

87. artikulua. Udal-eskumenik eza.

88. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

89. artikulua. Helbidea, jakinarazpenetarako.

90. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren kontra errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

AZKEN XEDAPENA

ZIOEN AZALPENA

Zangozako Udalak, egun, ez dauka berezko araudirik arlo honetan. Eman dituen arau bakarrak ordenantza fiskalak dira, eta horietako batzuk zaharkituta geratu dira, eta beste batzuk, berriz, ez dira tresna egokia proiektu berriak aurrera ateratzeko (oinezkoendako eremuetara edo eremu semipeatonaletara sartzeko moduak arautzeari lotutakoak, esate baterako). Hortaz, beharrezkoa da ordenantzaren mailako tresna bat sortzea, zerbitzu honi lotutako alderdi guztiak jorratzeko eta tokiko trafikoaren arloko beste arazo batzuei erantzuteko. Azken batean, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/20215 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharraz ari gara.

Hala, bada, interesgarritzat jotzen da, behar den udal erabakiaren bitartez, herritarrengana iristea ordenantza berri honen edukia, eta ahalik eta zehatzena deskribatzea nola aplikatuko den kasuz kasu; horrela, alde batetik, hartzaileak jakinen du noiz gehitzen ahal zaizkion kostu bat dakarten zuhurtziazko neurriak arau-hausteari, eta bestetik, Udaltzaingoak modu uniformean eta proportzioan erabiliko ditu aipatu arauak; hori guztia, Udalak bilatzen dituen helburuak lortzeko, hau da, zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna, baina baztertu gabe aparkatzeari buruzko kapitulua eta lehentasuna emanez oinezkoei eta bizikletei ibilgailuaren aurretik.

Halaber, zentzuzkoa da, eta hortaz beharrezkoa, Zangozako udal-mugartean oinezkoen eta gidarien portaerak baldintzatuko dituzten ordenantzaren alderdiak diseinatu eta ezagutaraztea. Hortaz, honako hauek ditu xede ordenantzak:

–Hiriko zirkulazioari buruzko arau orokorrak biltzea.

–Adieraztea zer tokitan dagoen debekatuta gelditzea edo aparkatzea eta zein ibilgailuk duten debekatuta edo murriztua hirigunean aparkatzea.

–Ibilgailu abandonatuen kudeaketa arautzea.

–Ibilgailuak sartu eta ateratzeko baimenak (pasabideak), zenbait erabiltzailerentzat gordeak, biltzea. Ezindu fisikoentzako txartelak arautzea; noiz eman eta nola erabili, alegia.

–Ibilgailuak garabiaz eramateko eta ibilgetzeko arrazoiak ezartzea.

–Zamalanak arautzea.

–Eremu publikoak itxi edo okupatzeko baimenak, eta aparkatzeko erreserbak, arautzea.

–Erregelamendu bidez ezarritako zehapen prozedura finkatzea.

Horrenbestez, aipatu parametroen barrenean, onesten da Zangozako Udalaren Ordenantza Orokorra Mugikortasunari eta Trafikoari buruz.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen arauak ondokoetan xedatutakoaren osagarri dira: Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua eta azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretua, Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorra onetsi zuena, aurrekoari aurka egiten ez dioten xedapenei dagokienez. Zangozako udal-mugarteko bide guztietan aplikatuko da.

2. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

1. Ordenantza honen xedea da Zangozako udal-mugarteko bideetan zirkulazioa arautzea.

2. Ordenantza honetako aginduak aplikatuko dira Zangozako udal-mugarte osoan eta horiek betetzera behartuta egonen dira zirkulaziorako egokiak diren bide eta lur publikoen titularrak, horretarako egokiak ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak eta, beste araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituen bide eta lurren titularrak ere bai.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea. Hala, bada, Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartzen ahalko ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, berrantolatuz eta arautuz aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa.

2. Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau-hauste astuntzat hartuko baitira.

3. Ibilgailu motordunek edo ziklomotorrek debekatua dute bide publikoan jarraian aparkatzea, ibilgailu edo ziklomotorrean berean telefono zenbaki bat edo kartel bat paratuta, saltzen direla iragartzeko, hala oztopatuz gainerako erabiltzaileek nahierara aparkatzeko baldintzak. Debeku hori urratzen duten ibilgailuak salatu eta garabiak Ibilgailuen Udal Altxatokira eramaten ahalko ditu. Berreskuratzeko, garabiaren likidazio tasa eta egonaldiarena ordaindu beharko dira.

4. Udal agintaritzak aldi baterako debekatzen ahalko du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatu eginen dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurria noiz hasiko den adierazten duten seinaleen bidez. Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuei salaketa jarri eta Udalaren garabi zerbitzuak Udal Altxatokira eramanen ditu; berreskuratzeko, garabiaren likidazio tasa eta egonaldiarena ordaindu beharko dira.

5. Udaltzaingoak eskumena izanen du hiriko eremuren bateko zirkulazioaren antolamendua aldi baterako aldatzeko edo/eta pertsonak edo ibilgailuak tokiren batera sartzea debekatzeko; horretarako, behin-behinean dagozkion seinaleak paratzen edo kentzen ahalko ditu, eta beharrezko neurriak hartu, segurtasuna eta zirkulazio egokia bermatzeko.

6. Gehieneko pisu baimendua 3.500 kilogramo baino gehiago duten ibilgailuek eta 9 eserleku baino gehiago dituzten autobusek debeku dute Zangozako hirigunetik zirkulatzea, salbu eta xede zehatz bat badute (baimendutako zamalanak, baimendutako aparkalekua, garraio publikoa, bidaiarien eskatu ahalako garraioa eta abar).

II. TITULUA

Zirkulazioko portaera arau orokorrak

I. KAPITULUA

Portaera arau orokorrak

4. artikulua. Gidarien betebeharrak.

Ibilgailu baten gidariek, ziklistak eta patinete elektronikoen gidariak barne, izan behar dute mugitzeko aisetasuna eta behar den ikus eremua, eta gidatze lanera jarria izan behar dute gogoa, etengabe izan ere, beren segurtasuna eta bidearen beste erabiltzaileena bermatu beharrez. Alde horretatik, kasu handia eman beharko du behar den jarreran egoteko, bai bera, bai gainerako bidaiariak ere, eta garraiatzen diren gauzak eta animaliak ere behar den tokian egoteko, gidariari trabarik egin ez diezaioten.

1. Espresuki debeku da:

a) Gidatzean etengabe izan behar den arretarekin bateraezinak diren ikusizko pantailak erabiltzea, eta orobat telefonia mugikorreko tresnak edo komunikatzeko beste edozein baliabide edo sistema, salbu eta komunikazioa eskuez, kaskoz, entzungailuz edo gisako tresnez baliatu gabe egiten denean.

Alde horretatik salbuetsirik dago gidariak ikuspegian dituen monitoreak erabiltzea, haren erabilpena beharrezkoa bada oinezkoen sarrera edo jaitsiera ikusteko, edo gibeleko maniobrak ikusteko kamerak dituzten ibilgailuetakoak badira, eta GPS gailua ere bai, baina hura gidariaren lagunek baizik ez dute erabiliko edo aparkaturik egotean bakarrik.

b) Ibilgailua gidatzean, hotsa hartu edo berriro sortzen dituen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea.

c) Ibilgailua gidatzean, edozein arrazoirengatik gidariari bidea garbi ikusten uzten ez dioten kristalak izatea.

d) Ibilgailuko ateak irekitzea arruntik gelditu baino lehen, edo ateak irekitzean bideko beste erabiltzaileei traba egitea edo arriskua sortzea.

e) Trafikoko agenteen zaintza saihesteko erabil daitezkeen sistema edo gailuak instalatzea.

f) Bidearen beste erabiltzaile batzuei seinaleak egitea, trafikoko agenteen zaintza saihets dezaten.

5. artikulua. Hiriarteko garraio kolektiboa.

1. Bidaiarien garraio erregularra. Oro har, bidaiarien garraio erregularrerako ibilgailuek, Zangozara iritsi edo handik abiatu behar dutenean, horretarako propio jarritako geralekuak erabili beharko dituzte.

2. Bidaiarien eskatu ahalako garraioa. Garraio turistikoari dagokionez, eta gure hirira etortzen diren bisitariei sarbidea erraztea helburu, bultzatuko da geralekuak seinaleztatzea turismoari edo kulturari lotutako zerbitzua ematen duten autobusendako.

6. artikulua. Kutsadura eta zarata eragiteko eta ibilgailuak eraberritzeko debekua.

1. Ibilgailuak ez dira ibiltzen ahalko ordenantza honetan arautzen diren bideetan, ateratzen duten zarata eta aireratzen dituzten gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak badira.

2. Ibilgailuek ez dute zaratarik sortuko seinale akustikoak behar ez denean eginda, bat-batean azeleratuta, ihes-hodi trukatu edo hondatuak erabiliz, musika ekipoak bolumen handian jarrita edo bestelako inguruabar desegokien bidez.

3. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

4. Baimendu gabeko erreforma izan duten ibilgailuak ere ez dira bide horietan ibiltzen ahalko.

5. Ibilgailuen gidari guztiak beharturik daude aipatu akatsak egiaztatzeko egiten diren erregelamenduzko detekzio frogetan laguntza ematera.

6. Lehentasunik ez duten ibilgailuek debeku dute hots seinaleak erabiltzea. Hona hemen salbuespenak:

–Gerta daitekeen istripua eragozteko.

–Inguruabar bereziki larriak gertaturik, normalean lehentasuna duten ibilgailuek egin beharreko zerbitzua egitera beharturik daudenean.

7. Debeku da bozgorailuak (kanpokoak zein kanpora begirakoak) dituzten ibilgailuekin ibiltzea, Udalak baimendu ezik; horrelakoetan, ordutegiak zehaztu beharko dira, baita zarata mailaren muga eta zirkulazio murriztuko aldea ere, halakorik dagoenean.

7. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.

1. Larrialdiko zerbitzuko ibilgailu publiko nahiz pribatuek, gisa horretako zerbitzuetan ari direnean, bide lehentasuna izanen dute beste ibilgailuen eta bideko beste erabiltzaileen aldean. Abiadura mugen gainetik ibiltzen ahalko dira eta, gidaria erantzule, beste arau eta seinale batzuk betetzetik salbuetsirik egonen dira erregelamenduz zehazten diren kasu eta baldintzetan.

2. Zerbitzu hauetarako ibilgailuen gidariek araudi berezi honen erabilera zuhurra eginen dute larrialdiko zerbitzu batean dabiltzanean, eta saiatuko dira bideen gurutzaguneetan bide lehentasuna ez urratzen, lehenago behar diren ardurak hartuta, oinezkorik harrapatzeko arriskurik ez dela eta beste ibilgailuen gidariak gelditu direla edo bide emateko prest daudela egiaztatu arte. Larrialdiko zerbitzu batean aritzean baizik ez dira erabiltzen ahalko lehentasuneko argi eta soinuak.

3. Agintaritzako agenteek behar den bide atalean erabiltzen edo uzten ahalko dituzte beren ibilgailuak, bideko erabiltzaileak sorosten ari direnean edo zerbitzuak edo zirkulazioak hala behar dutenean.

4. Larrialdiko zerbitzuetan ari diren ibilgailuek, argi seinalea eta hots seinale bereziak egiteko gailua erabiliz iragarriko dute heldu direla. Ibilgailu mota honen gaineko arauek aipatzen dituzte bata nahiz bestea.

5. Lehentasuna duen ibilgailu bat hurbiltzen ari dela ohartarazten duten seinale bereziez ohartuta, gainerako gidariek behar diren neurriak hartuko dituzte, non noiz eta horrela, hari bide eman ahal izateko, eta baztertu edo geldituko dira, beharrezkoa bada.

8. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.

1. Bideen erabiltzaileak, trafiko istripu batean nahasirik aurkitzen badira, halakorik ikusten badute edo horren berri badute, beharturik daude biktimak sorostera edo sorospena eskatzera, biktimarik bada, eta laguntza eman beharko dute, arrisku edo kalte handiagoak eragozteko, zirkulazioaren segurtasuna ahal dela berrezartzeko, eta gertatuak argitzeko, hori guztia Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 129. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Istripua edo matxura dela-eta, ibilgailuak edo haren kargak bidean traba egiten badute, gidariek, ibilgailua edo sortutako oztopoa behar bezala seinalatu ondoan, behar diren neurriak hartuko dituzte ahalik eta azkarren ken dadin. Ahal dela, zuzen aparkatu beharko da edo behar diren neurriak hartu beharko dira ibilgailua eta karga ahalik era azkarren ken dezaten bidetik.

9. artikulua. Bideko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.

1. Zirkulazioa arautzen duten seinaleei edo bide publikoko beste edozein elementuri kalte egiten dien gidariak Zangozako Udalari eman beharko dio horren berri, ahalik eta lasterren eman ere.

2. Gidaririk gabe aparkaturiko ibilgailu bati kalte egiten dion gidaria ibilgailuaren titularra aurkitzen ahalegindu beharko da eta egin dion kaltearen berri eman beharko dio, baita nor den adierazi ere.

3. Aurkitzen ez badu, Zangozako Udaltzaingoari eman beharko dio gertatutakoaren berri.

II. KAPITULUA

Oinezkoen zirkulazioa

10. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa.

1. Oinezkoak ibiltzen ahalko dira oinezkoendako eremuetan, espaloietan, parkeetan eta oinezkoendako bestelako tokietan, eta arau hauek bete:

–Galtzadak gurutzatuko dituzte seinaleztatutako pasabideetatik.

–Bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonei trabarik ez egiteko maneran zirkulatu beharko dute.

–Ez dira sartuko edo geratuko galtzadan eta bidegorrietan.

–Ez dira igoko ez jaitsiko martxan den ibilgailu batetik.

2. Oinez doazenak bizikleta alboan daramatelarik, oinezkotzat joko dira ondorio guztietarako.

3. Mugikortasun urriko pertsonek, aulkietan edo trizikloetan doazelarik, lehentasuna izanen dute gainerako oinezkoen aurrean.

4. Orokorrean, obren kontratistek, espaloia okupatu behar badute, horretarako baimena eskatu beharko dute, eta hartan sartuko dira oinezkoak arriskurik gabe pasatu ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak. Udalaren berariazko baimena beharko da, eta hark ezar ditzakeen neurri zuzentzaileak bete.

11. artikulua. Oinezkoendako eremuak.

1. Oinezkoendako eremuak dira oinezkoen zirkulaziorako bereizita dauden bideak edo bide zatiak, hala nola espaloiak, pasealekuak eta antzeko beste eremu batzuk. Oro har, oinezkoendako erabilerarekin bat datorren zoladura izaten dute.

2. Debeku da oinezkoendako eremuetan ibilgailuekin zirkulatzea eta bertan aparkatzea, salbu eta 14. artikuluan adierazitako erabiltzaileentzat eta han ezarritako baldintzekin.

Ibilgailuek, gehienez, 10 km/h-ko abiaduran zirkulatzen ahalko dute, eta oinezkoek lehentasuna izanen dute uneoro.

3. Oinezkoendako eremuak zutikako seinaleen bidez mugatuko dira, edo haietan ibilgailuak sartzea eta ibiltzea eragozten edo murrizten duten balizatzeko elementu mugigarriak edo finkoak erabiliz.

4. Bizikletak, patinak, patineteak, monopatinak eta gizakiaren ahaleginak bultzatzen dituen antzeko tresnak oinezkoendako bide eta eremuetan ibiltzen ahalko dira, baina ordenantza honetan ezarritako baldintzetan.

5. Pedalei eragiteko motor elektriko baten laguntza duten bizikletak, patinete elektrikoak eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuk ezin dira inolaz ere ibili oinezkoendako eremuetan.

12. artikulua. Udalaren ahalmena.

Zangozako Udalak, segurtasuna bermatzeko, oinezkoen mugikortasuna hobetzeko edo beste xede baterako, sarbide mugatuko eremuak ezartzen ahal ditu, ibilgailuekin zirkulatzea eta aparkatzea arruntik edo hein batean murrizteko aukera ematen dutenak. Horretarako, eremu horretan zirkulatzeko baldintza zehatzak ezarri beharko ditu.

13. artikulua. Sarbidea mugatua eta kontrolatua duten bideak edo eremuak.

Sarbide mugatuko bideak edo eremuak dira ibilgailuen sarbidea eta bertan eman dezaketen denbora mugatua dutenak, Zangozako Udalak hala erabaki duelako.

Eremu horiek behar bezala seinaleztatuko dira. Orobat, sarbidea debekatu, mugatu eta kontrolatzeko bitarteko teknikoak jartzen ahalko dira, bai eta matrikulak egiaztatzeko kamerak ere. Horien xedea da zehapena jartzea baimenik gabe edo baimendutako baldintzak bete gabe sartzen diren ibilgailuei.

Udalaren organo eskudunak emandako xedapen bidez arautuko dira sarbide mugatuko eremuak eta haien kontrola.

Eremu horietarako arauak ez betetzeak arau-hauste administratibo bat ekarriko du, trafikoaren eta bide segurtasunaren arloko araudiarekin bat.

Sarbide mugatuko eremuetarako baimena izanik, behin eta berriro urratzen badira eremu horietara sartu eta bertan egoteko arauak, zehapen administratiboa jartzeaz gain, gerta liteke sartzeko txartela ere kentzea.

14. artikulua. Baimenak.

1.–Oinezkoendako eremuetara sartzeko baimena:

a) Ibilgailu hauek sartzen ahalko dira oinezkoendako eremuetara eta bertan zirkulatu, dagozkien zerbitzuak emateko:

–Suteei aitzintzeko eta itzaltzeko zerbitzukoak.

–Segurtasun indar edo kidegokoak.

–Zabor bilketakoak.

–Osasun garraioko ibilgailuak.

–Hileta zerbitzuetako ibilgailuak.

–Udal zerbitzu edo kontratetakoak, esleitutako lana egiten ari direnean.

b) Egoiliarren ibilgailuak: pasabide baimendua duten garajeetara sartzeko, mendekotasuna duten pertsonak eramateko edo aldez aurretik baimendutako zamalanak egiteko.

2.–Sarbide mugatuko bide edo eremuetarako baimena:

Honako hauek sartzen ahalko dira sarbide mugatuko bide edo eremuetara:

a) 1. apartatuko a) azpiapartatuan adierazitako ibilgailuak.

b) Matrikula bakoitzerako baimen bana daukaten ibilgailuak; baimen horretan agertuko dira sartzeko eskubidea eta horretarako baldintzak. Sarbidea bitarteko mekaniko bidez (txartelaren sistema) kontrolatua daukaten bideetan, txartela eskuratzeko eskubidea emanen du baimenak.

c) Bizikletetarako eta motor elektrikoa daukaten ezindu fisikoendako aulkietarako ez da baimenik eskatu beharko.

3.–Irizpideak, sarbide mugatuko bide edo eremuetara sartzeko, bertan gelditzeko eta horien funtzionamendurako baimenak emateko.

3.1. Sarbide mugatuko bide edo eremuan kokatua dagoen helbidea duten egoiliarrak:

A.–Hauei emanen zaie baimena:

A.1. Ibilgailua jabetzan edo “renting”, “leasing” edo antzeko modalitatean daukan egoiliarra.

A.2. Mendekotasuna duen egoiliarra, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelarekin ala gabe. Gehienez, ohiko bi ibilgailu eduki ditzake. Ibilgailu horiek soilik sartzen ahalko dira mendekotasuna duen pertsona etxera eramateko edo handik ateratzeko.

A.3. Ibilgailu baten jabe ez den egoiliarrak munta handiko zamalanak egin behar baditu etxean modu puntualean (zamalanetarako ordutegitik kanpo), aldez aurretik eskatu beharko du sartzeko baimena. Egin ezean, gehienez 72 ordu izanen ditu, zamalanetarako ibilgailua sartzen denetik hasita, horren berri emateko.

B.–Baimena eskuratzeko bete beharreko baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

A.1 apartatuko egoiliarrak.

Baldintzak:

–Pertsona fisikoa izatea eta eremuaren barreneko etxebizitza batean erroldatua, eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea.

–Ibilgailua jabetzan edo “renting” edo “leasing” edo antzeko modalitatean edukitzea, aseguru-poliza indardunarekin eta ibilgailuen azterketa teknikoaren aldeko txostena.

Dokumentazioa.

–Baimena eskatzeko orria (ereduaren araberakoa).

–NANaren fotokopia.

–Ibilgailua eskatzailearen izenean badago, dokumentazioa ofizioz egiaztatuko da. Ibilgailua “renting”, “leasing” edo antzeko modalitatean badauka, kontratuaren kopia bat aurkeztu beharko du.

–Hala behar bada, garajea badela ziurtatzen duen agiria, plazen kopurua zehaztuta, eta horiek erabiltzeko ahalmena aitortzen duen agiria. Eremu mugatuan ezinen dira aldi berean egon garajearen plaza kopurua baino ibilgailu gehiago. Garajeak pasabide lizentziarik ez badu, ez da garajetzat joko.

–Errolda ofizioz egiaztatuko da.

A.2 apartatuko egoiliarrak.

Baldintzak:

–Pertsona fisikoa izatea eta eremuaren barreneko etxebizitza batean erroldatua, eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea.

–Mendekotasuna edukitzea, eta beste norbaiten laguntza behar izatea alde batetik bestera joateko.

Dokumentazioa.

–Baimena eskatzeko orria (ereduaren araberakoa).

–NANaren fotokopia.

–Mendekotasuna frogatzen duten agiriak, joan-etorrietarako zer ibilgailu erabiltzen diren zehaztuta (dokumentazio hori soilik aurkeztu beharko dute desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelik ez dutenek, ordenantza honetako 40. artikuluan xedatutakoaren arabera).

–Ofizioz egiaztatuko da errolda, bai eta, hala dagokionean, desgaitasuna duten pertsonendako txartelik ote duen.

A.3 apartatuko egoiliarrak.

–Pertsona fisikoa izatea eta eremuaren barreneko etxebizitza batean erroldatua, eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea.

–Munta handiko zamalanak egin behar izatea etxean modu puntualean, eta horretarako ibilgailurik ez edukitzea, edo nahiz eta eduki, ez izatea egokia mota horretako lanak egiteko.

Dokumentazioa.

–Modu puntualean sartzeko baimena eskatzeko orria, lanak egin aurretik. Aldez aurretik eskatzea posible ez bada, gehienez 72 ordu izanen ditu, zamalanetarako ibilgailua sartzen denetik hasita, horren berri emateko.

–Errolda ofizioz egiaztatuko da.

C.–Baimenetarako baldintzak:

1.–Egoiliar bakoitzeko baimen bakarra emanen da, eta ibilgailu jakin batendako, haren izenean zenbat auto dituen gorabehera.

2.–Jarduera hauek egiteko emanen da sarbide mugatuko bide edo eremura sartzeko baimena:

a) Salgaien zamalanetarako, baldintza hauetan:

a.1. Egunero, horretarako erabiltzen diren ibilgailu komertzialendako ordutegian.

a.2. Astean bitan, gehienez, munta handiko salgai edo salgai astunen zamalanetarako, horretarako erabiltzen diren ibilgailu komertzialendako ordutegian. Baimen bakoitzean zehaztuta egonen da zer baldintza bete behar diren zamalanetarako sartzeko. Baimenean jartzen badu debekatuta dagoela etxeko atariraino eramatea ibilgailua, salgaien zamalanak eginen dira hurbilenen dagoen tokian; toki hori berariaz egonen da seinaleztatua.

b) Mendekotasuna duten pertsonak etxera eramateko; eremu horretan bizi baitira.

c) Garajeetara sartzeko.

3.–Sarbide mugatuko bide publikoan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

4.–Aurreko a.2 apartatuan adieraziko jarduerak (garajeetara ibilgailuak sartzea eta handik ateratzea; mendekotasuna duten pertsonak eramatea edo zamalanak) egin behar badira eta egun eta ordu horietan bideko jabari publikoa okupatuta badago Udalak baimendutako beste jarduera batzuk egiteko, protokolo honi jarraitu beharko zaio:

–Egoiliarrak Udaltzaingoari deitu beharko dio, sartu edo irtengo dela jakinarazteko.

–Udaltzaingoak jabari publikoa okupatzeko lizentziaren titularrei eskatuko die lehenbailehen uzteko ibilgailuari sartzen edo irteten. Beharrezkoa izanez gero, kalean jarrita duten ekipamendua mugituko dute.

5.–Jabetzako ibilgailua sartzeko baimena iraunkorra edo aldi baterakoa izanen da, “renting”, “leasing” edo antzeko kontratuaren iraupenaren arabera.

Mendekotasuna duten pertsonen kasuan, baimena iraunkorra izanen da. Mugikortasun arazoak aldi baterako badira, baimenak, gehienez, urtebete iraunen du. Baimena iraungi ondoren, egoiliarrak mugitzeko zailtasunekin jarraitzen badu, aldi baterako beste baimen bat eskatu beharko du eta, horretarako, dagokion medikuaren txostena erantsi behar du.

Nolanahi ere, baimen horretarako eskubidea galduko da sarbide mugatuko eremuan bizitzeari uzten zaionean.

3.2. Sarbide mugatuko bide edo eremuan kokatua dagoen saltegi bateko titularra.

1. Jendearentzat zabalik dagoen eta sarbide mugatuko eremuan kokaturik dagoen baimendutako saltegi baten titularrarentzat da.

2. Baimen hori lortzeko, eskabidea besterik ez dute aurkeztu behar (ereduaren araberakoa).

3. Baimenetarako baldintzak:

a) Establezimenduaren titularrak bi ibilgailu ere sartzen ahalko ditu baimen horrekin. Ibilgailu horiek ezin izanen dira aldi berean egon sarbide kontrolatuko eremuan.

b) Sarbide mugatuko bide edo eremura sartzeko baimena emanen da zamalanak egiteko, baldintza hauetan:

b.1. Egunero, horretarako erabiltzen diren ibilgailu komertzialendako ordutegian.

b.2. Astean bitan, munta handiko salgai edo salgai astunen zamalanetarako, horretarako erabiltzen diren ibilgailu komertzialendako ordutegian. Sarbide mugatuko bide publikoan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

c) Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira. Inolaz ere ez dira lurzoruan pilatuko edo utziko. Baimen bakoitzean zehaztuta egonen da zer baldintza bete behar diren zamalanetarako sartzeko. Baimenean jartzen badu debekatuta dagoela saltegiko ateraino eramatea ibilgailua, salgaien zamalanak eginen dira hurbilenen dagoen tokian; toki hori berariaz egonen da seinaleztatua.

d) Zamalanetarako ibilgailu komertzialen ordutegian saltegietako bezeroak ere sartzen ahalko dira sarbide mugatuko eremuan, baina soil-soilik salgaiaren bolumena, pisua edo beste edozein inguruabar dela eta, zamalanak egiteko beharrezkoa denean. Sarbide mugatuko bide publikoan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da. Udaltzaingoak eskatzen ahalko du egindako erosketaren faktura edo frogagiria.

3.3. Sarbide mugatuko eremuan dagoen garaje baten jabea edo errentaria.

1. Sarbide mugatuko eremuan dagoen garaje baten titularrarendako edo erabiltzailearendako da.

2. Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dituzte:

–Jabea ez bada, garaje hori erabiltzeko eskubidea duela ziurtatzen duen agiria.

3. Sarbide mugatuko eremuan zehar ibiltzea ahalbidetzen du, garajeraino dagoen ibilbide hurbilekoenetik, eta soilik garaje horretan aparkatzeko xedez. Ez dio gidariari baimenik ematen bere ibilgailua sarbide mugatuko eremuan aparkatzeko.

4. Garajeko aparkaleku hori hainbat pertsonek erabiltzen badute, baimendutako ibilgailu bakar bat egon ahalko da, aldi berean, eremu kontrolatuan.

3.4. Zamalanak:

1. Zirkulaziorako sarbide mugatuko eremuan zamalanak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarendako da.

2. Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar du:

–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren kopia, nahitaezkoa denean.

–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.

3. Baimena ematen du sarbide mugatuko eremuan sartzeko eta bertan ibili eta aparkatzeko Udalak jarduera horretarako ezartzen duen ordutegiaren barruan. Ordutegi horrek egoki adierazita egon beharko du dagozkion seinale bertikal eta horizontaletan.

4. Sarbide mugatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izanen da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da bestelako zereginetan aritzeko erabiliko.

5. Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira. Inolaz ere ez dira lurzoruan pilatuko edo utziko.

3.5. Lanak, aldairak eta etxeko konponketak.

1. Zirkulaziorako sarbide mugatuko eremuan lanak, aldairak eta etxeko konponketak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarendako da baimena, salgaien zamalanak egiteko.

2. Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar du:

–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren fotokopia, nahitaezkoa denean.

–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.

3. Baimenaren baldintzak:

Sarbide mugatuko bide edo eremura sartzeko baimena emanen da zamalanak egiteko, baldintza hauetan:

–Egunero, horretarako erabiltzen diren ibilgailu komertzialendako ordutegian.

–Noizean behin eta aldez aurretik eskaera aurkeztuta, idatziz, Udaltzaingoari, zamalanak puntualki egiteko horretarako ezarritako ordutegi orokorretik kanpo.

4. Sarbide mugatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izanen da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da bestelako zereginetan aritzeko erabiliko.

5. Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira. Inolaz ere ez dira lurzoruan pilatuko edo utziko. Baimen bakoitzean zehaztuta egonen da zer baldintza bete behar diren zamalanetarako sartzeko. Baimenean jartzen badu debekatuta dagoela ibilgailua eramatea lanak, konponketak edo aldairak egin behar diren tokiraino, salgaien zamalanak eginen dira hurbilenen dagoen tokian; toki hori berariaz egonen da seinaleztatua.

3.6. Aurreko apartatuetan jaso gabeko beste egoera berezi batzuk:

Udala jakitun da jazo daitezkeela aurreko puntuetan adierazitakoez bestelako egoerak. Horregatik, salbuespen moduan, baimen bereziak ematen ahalko ditu sarbide mugatuko eremuan zirkulatzeko.

Interesdunek arrazoitu beharko dituzte sarbiderako beharra eta inguruabar bereziak, araututakoak ez bezalakoak.

Eskabidea edozein erregistrotan aurkezten ahalko dute, Zangozako Udalari zuzenduta, eta eskatzaileak ez du sartzerik izanen harik eta baimenaren berrespena jasotzen duenera arte.

4.–Sarbide mugatuko eremuetara sartu eta bertan aparkatzeko berariazko baimena duten gidariek, bai eta mota horretako eremuetan eta zamalanak egiteko ordutegiaren barnean horretarako baimena dutenek ere, beren-beregi seinaleztatutako plazetatik kanpo ere aparkatzen ahal dituzte beren ibilgailuak, baldintza hauek betez gero :

a) Ibilgailuaren eta fatxadaren artean gutxienez 1,5 metroko distantzia utzi behar dute.

b) Ezin diete zirkulazioa eragotzi ez oinezkoei ez eta gurpildun ibilgailuei ere.

c) Oinezkoendako pasabidetik 2 metrora, gutxienez, aparkatu behar dute.

d) Atari, saltegi edo baimendutako sarbideetara sartzen utzi behar dute.

e) Ezin dira egon ostalaritzako lokaletako terrazekiko paraleloan, eta horiekiko 1,5 metroko distantzia gorde behar dute, alboetatik.

III. KAPITULUA

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa

15. artikulua. Patinen, patineteen eta monopatinen nahiz gizakiaren ahaleginak beste inolako laguntzarik gabe bultzatzen dituen antzekoen zirkulazioa.

1. Patin, patinete edo antzeko gailuak toki hauetan ibil daitezke:

–Oinezkoendako eremuetan.

–Espaloietan.

–Parke eta pasealekuetan.

2. Patineteak, monopatinak eta antzeko gailuak ezin dira inolaz ere galtzadan ibili, salbu eta hura gurutzatzeko, horretarako seinalatutako tokietatik.

3. Patinatzaileek, espaloietatik doazenean, ez dute oinezkoen abiadura gaindituko eta egokituko dituzte beren mugimenduak oinez dabiltzanen mugimenduen arabera, betiere haiei eragozpenik edo arriskurik sortu gabe.

4. Patin, monopatin, patinete edo antzeko gailuetan doazen pertsonak oinezkotzat joko dira, ordenantza honetan ezarritako baldintzekin.

5. Monopatin eta antzeko gailuekin kirola egiteko, horretarako berariaz seinalatu diren eremuak baizik ez dira erabiltzen ahalko.

6. Ezin dira ezein kasutan ere beste ibilgailuei lotuta edo atoian eraman.

16. artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoen eta bi gurpiletik gorako zikloen erabilera.

1.–Kontzeptua.

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI) dira Estatuko araudian izaera hori dutenak. Hortaz, tipifikazioari, eskatzen zaizkien baldintza teknikoak betetzen dituztela bermatzeko zirkulazio aldetik behar diren ziurtagiriei eta arautzen ahal diren bestelako alderdiei dagokienez, aplikatu eginen da unean-unean ezarrita dagoena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean eta hura garatzeko gainerako araudietan.

Araudi horretatik kanpo gelditzen dira desgaitasun fisikoa duten pertsonek soil-soilik erabiltzekoak diren ibilgailuak. Desgaitasunen bat duten pertsonak, motor elektrikoz bultzatutako aulkietan edo scooter elektrikoetan badoaz, “oinezko”tzat joko dira (Bide Segurtasunaren Legearen I. eranskina).

2.–Zirkulazio arau orokorrak.

a) Mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoek galtzadatik joan behar dute; zer bidetan dauden, bide horretan zirkulazioak daukan noranzkoan. Debekatuta dago ibilgailu horiekin joatea espaloietatik, pasealekuetatik eta oinezkoendako eremuetatik. Orobat, debekatuta dute sarbide mugatuko eremuetako galtzadetatik ibiltzea, salbu eta horretarako berariazko baimena badute.

b) MPI batekin bide eta espazio publikoetan barna ibiltzeko gutxienez 14 urte eduki beharko dira. 14 urtetik beherakoek ibilgailu horiek erabiltzen ahalko dituzte, soilik pasealekuetan, zirkulaziorik gabeko guneetan, trafikoari itxitako espazioetan eta lagunduta, beren guraso edo tutoreen erantzukizun pean. MPIak behar bezala homologatuta egon behar dira, eta egokiak izan behar dira beren adin, altuera eta pisurako.

c) Gidariak nahitaez erabili behar du kaskoa bai eta, hala badagokio, ibilgailuko bidaiariek ere, halakorik baimenduta dagoen kasuetan. Gainera, ilunabarraren eta egunsentiaren artean eta ikusgarritasun eskaseko baldintzetan, derrigorrezkoa da txaleko islatzailea erabiltzea eta aurreko eta atzeko argia edukitzea, Zirkulazioaren Araudi Orokorrean eta Ibilgailuen Araudi Orokorrean ezarritako arauen arabera.

d) Tinbrea eduki beharko dute eskulekua duten horiek.

e) Kontuz eta arretaz ibili beharko da, norberaren edo hirugarrenen gaineko kalteak saihesteko, eta bidea erabiltzen duten gainerako pertsonak arriskuan jartzea saihesteko.

f) Debekatuta dago hotsa hartu edo berriz sortzen duen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita gidatzea.

g) Debekatuta dago telefono mugikorra eskuan hartuta gidatzea, bai eta gidatzean etengabeko nahitaezko arreta ezintzen duen beste edozein gailu erabiltzea ere.

h) Debeku da MPIetan ibiltzea uhalez loturiko animaliekin batera.

i) MPIen gidariek, edari alkoholdunak, sorgorgarriak, psikotropikoak, estimulatzaileak edo gisako beste gai batzuk hartzeari dagokionez, gainerako gidariek dituzten betebehar eta muga berberak dituzte, Zirkulazioaren Araudi Orokorrean ezarritakoaren arabera.

j) Ibilgailua pertsonak garraiatzeko homologatuta badago (C1 eta C2 motak), gidariak adinez nagusiak izan behar dira.

k) Mota honetako ibilgailuen gidariek uneoro errespetatuko dituzte ordenantza honetan ezarritako zirkulazio arau orokorrak nahiz trafikoaren, motordun ibilgailuen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren gaineko indarreko gainerako arau eta legeak.

l) Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariek trafikoa zaintzeaz arduratzen diren agintaritzako agenteen esku eduki beharko dituzte honako agiri hauek gidatzen duten bitartean:

–Zer adin duten frogatzeko agiri pertsonala.

–Ibilgailuaren informazio teknikoa edo homologazioaren ziurtagiria, udal agintaritzari erakusteko eskatzen diotenean.

3. Zehapenen araubidea.

Ordenantza honetan ezarritako arauak betearazteko ardura duen udal agenteak erabakiko du zer zehapen jarri ibilgailua behar bezala ez erabiltzeagatik edo modu arriskutsuan edo neurriz kanpoko abiaduran gidatzeagatik.

Ordenantza honetan xedatutakoarekin bat etorriz, arau-hausteak arinak, astunak edo astunak izaten ahalko dira. Benetan eragindako arriskuaren arabera sailkatu eta mailakatuko dira arau-hauste arinak.

IV. KAPITULUA

Bizikleten zirkulazioa eta erabilera

17. artikulua. Bizikletan zirkulatzeko arau orokorrak.

1. Definizioak.

Zikloa: bi gurpil, gutxienez, dauzkan ibilgailua, hura okupatzen duten pertsonen giharretako ahaleginari esker mugitzen dena, eta, zehazki, pedalei edo biraderei eraginez.

Bizikleta: bi gurpileko zikloa.

2. Zirkulatzeko baldintza orokorrak.

a) Bizikletek hiri barruko bideetan barna zirkulatzen dutenean, seinaleak, oro har, eta araudia –trafiko, zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzkoa– bete beharko dituzte, bai eta udal-agintariek horretarako ezartzen duten beste edozein arau ere.

b) Ondoko artikuluetan jasotako salbuespen eta baldintzak kontuan hartuz, bizikletak hiriguneko espazio hauetan zehar ibiltzen ahalko dira:

–Galtzadak.

–Pasealekuak eta oinezkoendako eremuak.

–Bizikleta-bideak, halakorik egonez gero.

3. Oro har, debeku da bizikletak parkeetan eta espaloietan barna ibiltzea.

4. Debeku da bizikletan ibiltzea lorategietatik eta lorategidun guneetatik.

5. Debeku da bizikletan, patinetan, monopatinetan eta antzekoetan ibiltzea uhalez loturiko animaliekin batera.

6. Debeku da beste ibilgailu, gailu edo animaliekin bizikletak herrestan eramatea.

7. Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrarekin bat:

a) Ezin da bizikletarik gidatu, ezta beste ezein ibilgailu, patin, monopatin edo antzekorik ere, soinua jaso edo erreproduzitzen duten gailuei lotutako kaskoak edo aurikularrak jarrita.

b) Ezin da bizikletarik gidatu, ezta beste ezein ibilgailu, patin, monopatin edo antzekorik ere, telefono mugikorra edo gidatzeari eman behar zaion arretarekin bateraezin den beste edozein gailu eskuez erabiltzen bada.

c) Edari alkoholdunak, sorgorgarriak, psikotropikoak, estimulatzaileak edo antzeko beste gai batzuk hartzeari dagokionez, gainerako gidariek dituzten betebehar eta muga berberak dituzte ziklistek.

18. artikulua. Bizikleten zirkulazioa galtzadan.

1. Zer bidetatik dabiltzan, bide horretan zirkulazioak daukan noranzkoan ibiliko dira ziklistak, eta, ahal dela, erreiaren edo bidearen erdialdea erabiliko dute. Garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, horretarako besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

2. Ibilgailu motordunek bizikleten, zikloen edo mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuen zirkulazioa erraztuko dute eta ondoko arau hauek beteko dituzte:

a) Bizikleten eta zikloen abiadurara egokituko dute beren abiadura. Zuhurtziazko segurtasun tartea mantenduko dute, eta haien abiadurarekiko proportzionala.

b) Ez dituzte jazarriko bizikleta, ziklo edo mugikortasun urriko pertsonendako ibilgailuen gidariak.

3. Bizikleta bati aurrea hartu nahi dioten ibilgailu motordunek zirkulazio-erreiz aldatu beharko dute eta, edozein kasutan, 1,5 metroko gutxieneko tartea mantendu, maniobrak irauten duen bitartean. Debekatuta dago bizikleta eta zikloei aurrea hartzea zirkulazio-erreiz aldatu gabe.

19. artikulua. Bizikletak espaloietan barna zirkulatzea.

1. Oro har, debeku da bizikletak espaloietan barna ibiltzea.

2. Hala eta guztiz ere, 10 urte arteko pertsona adingabeek bizikletarekin espaloietan barna ibiltzeko baimena dute, bakarrik nahiz adin nagusiko arduradun bat edo biren laguntzarekin, eta haiek ere bizikletarekin espaloian barna ibiltzen ahalko dira. Denak daude behartuta aldi oro oinezkoen lehentasuna errespetatzera eta beren abiadura oinezkoenera egokitzera.

3. Mugikortasun urriko pertsonak ere espaloietan barna ibil daitezke, baina oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute eta beren abiadura oinezkoenera egokitu.

20. artikulua. Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloen zirkulazioa pasealekuetan eta oinezkoendako eremuetan.

Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloak parke eta pasealekuetan barna ibiltzen ahal dira, berariaz debekatu ezean, honako baldintza hauetan:

a) Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute uneoro.

b) Abiadura motelean ibiliko dira, eta oinezkoen abiadurara egokituko dira.

c) Oinezkoei aitzinatzeko, gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko dute, bideak aukera ematen duenean bederen.

21. artikulua. Segurtasun osagarriak, ikusgaitasuna eta kaskoaren erabilera.

1. Bizikletek txirrina eta argiak edo islagailuak izan beharko dituzte, indarra duen legeriak aurreikusten dituen baldintzetan. Kasu guztietan:

a) Egunez dabiltzanean txirrina izan beharko dute.

b) Hiriko edozein eremutan gauaz dabiltzanean, edo ikusgaitasun urriko baldintzetan, txirrina, aurreko posizio-argi zuria, atzeko posizio-argi gorria eta atzeko islatzaile gorria eraman beharko dituzte, behar bezala homologatuak, oinez dabiltzan pertsonek eta gidariek ongi ikustea ahalbidetzeko.

2. Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa da 16 urtetik beheitiko pertsonentzat hiri bideetan, eta ziklista guztientzat hiriarteko bideetan.

22. artikulua. Pertsona eta salgaien garraioa.

1. Adinez nagusiek pertsonak eta salgaiak garraiatzen ahalko dituzte bizikletetan eta zikloetan.

2. Bizikletetan erabili ahalko dira atoiak, erdiatoiak, aulkitxoak eta beste edozein elementu behar bezala homologatuta, haietan pertsonak edo zamak garraiatze aldera.

3. Pertsonak edo zamak garraiatzean ezin da:

–Herrestan eraman, osorik edo parte batez erori, edo modu arriskutsuan zirkulatu.

–Ibilgailuaren egonkortasuna kolokan jarri.

–Argien edo seinale optikoen gailuak estali.

4. Atoiak erraz ikusteko moduan eramanen dira eta atzeko posizio-argi gorria zein atzeko islatzaile gorria edukiko dituzte.

5. Segurtasuna hobetzeko, batez ere bide-elkarguneetan, atoiak edo gurditxoak kolore deigarriko banderatxo bat eraman beharko du bidearen gainerako erabiltzaileak ohartarazteko moduko altueran paraturik.

6. Adingabeak garraiatzeari dagokionez, pertsona bakar batendako egindako bizikleta eta zikloetan, gidaria adinez nagusia bada, zazpi urtera arteko haur bat ere eraman ahal izanen da, betiere, behar bezala homologatutako jarleku osagarri batean edo aulki akoplatu batean. Osagarri islatzaileak eduki beharko ditu aulkiak.

7. Adingabea, nolanahi ere, behar bezala homologaturik dagoen kasko babesle batez garraiatu behar da, kaskoa ongi loturik eta buruan doiturik.

23. artikulua. Bizikletak aparkatzeko tokiak.

1. Bizikletak horretarako berariaz ezarri eta seinaleztatu diren tokietan aparkatu behar dira, eta behar bezala segurtatuak utzi.

2. Beste toki batzuetan utzi eta segurtatzea badago, baina baldintza hauek bete beharko dira:

–Oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzea.

–Ibilgailuen aparkalekuak ez oztopatzea. Ibilgailuendako aparkaleku batean utziz gero, erdibaterian aparkatuko dira eta metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

–Hiri-altzariak ez kaltetzea edo haien funtzionaltasuna ez aldatzea.

–2 metroko tartea gordetzea gutxienez oinezkoak igarotzeko eremuarekin.

24. artikulua. Bizikletak eremu publikotik kentzea.

1. Agintari eskudunek bide publikotik kentzen ahalko dute bizikleta edo zikloa, horretarako eginbeharra duenak ez badu halakorik egiten, honako kasu hauetan:

a) Aparkatzeko berariaz prestaturik ez dagoen toki batean 4 egun baino gehiagoz aparkatuta egonez gero.

b) Bizikleta, zikloa edo horien osagaietako bat abandonatutzat jotzen bada.

c) Ibilgailua legearekin bat ibilgetu behar denean, hori egiteko toki aproposik ez badago.

2. Honako bizikleta eta ziklo hauek joko dira abandonatutzat, agintari eskudunek erretiratzeari dagokionez: bide publikoan dauden bizikletak eta zikloak, baldin eta gurpilak falta bazaizkio, mugitzea eragozteko moduko narriadurak badituzte edo, beren egoera dela-eta, argi eta garbi bada abandonaturik daudela.

Kasu horietan, udal-agintariek ofizioz gauzatuko dute bizikletak eta zikloak erretiratzeko ekimena, loturetatik askatuz eta, halakorik balitz, gastuak haien jabeen kontura doazela.

3. Udalak altxatokira eramanen ditu bizikleta eta ziklo abandonatuak.

Erretiratu direnez geroztik hiru hilabete igarota, Udalak ibilgailu horiek erabili ahalko ditu indarreko legeekin bat.

V. KAPITULUA

Ziklomotor eta motozikleten zirkulazioa

25. artikulua. Ziklomotorrak eta motozikletak.

1. Ziklomotor eta motozikletek hiri barruko bideetan barna zirkulatzen dutenean, seinaleak, oro har, eta araudia –trafiko, zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzkoa– bete beharko dituzte, bai eta udal-agintariek horretarako ezartzen duten beste edozein arau ere.

2. Gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

3. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

4. Ziklomotorrak eta motozikletak erdibaterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

5. Ziklomotorrek betiere pizturik izan beharko dituzte gurutzatze-argiak.

6. Hiru gurpileko motozikletak bi gurpilekoen maila berean daude ondorio guztietarako, baldin eta motozikleta gisa homologatuta badaude.

VI. KAPITULUA

Abiadura

26. artikulua. Abiadura mugak.

1. Zangozako hiri barruko bideetan ibilgailuendako gehieneko abiadura izanen da unean-unean ezarritakoa Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean eta trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasuanari buruzko gainerako arauetan.

Abiadura mugak:

a) Gehieneko abiadura: 30 km/h: Hirigune osoan, salbu eta hurrengo apartatuetan jasotakoaren arabera beste abiadura bat ezarrita duten bide edo eremuetan.

b) Gehieneko abiadura: 20 km/h, hirigune historikoko bideetan, salbu eta eremu horretan egon arren espaloia eta galtzada oztopo-zutoin (“bolardo”) edo antzeko elementu bereizgarrien bidez banatuta duten guneetan. Gune horietako gehieneko abiadura 30 km/h izanen da.

c) Gehieneko abiadura: 10 km/h, oinezkoendako bideetan.

d) Gehieneko abiadura: 10 km/h, oinezkoendako sarbide mugatua duten bideetan, hain zuzen, oinezkoek erabiltzeko ezartzen diren egun eta orduetan zehar.

d) Gehieneko abiadura, 50 kilometro/h:

–Industrialdean.

–Iruñetik, Xabiertik eta Sos del Rey Católicotik hirira sartzeko errepideetan.

2. Tokiko bideetan zirkulatzea. Udalak, bide horien titularra den aldetik, eskumena du abiadura mugatzeko ibilgailuen zirkulazioan, bideon ezaugarriak, egoera edo gurpildun trafikoaren intentsitatea dela-eta hala behar denean.

3. Araudian eta apartatu honetan ezarritako mugak are gehiago beheititu ahalko ditu udaleko organo eskudunak ikusten badu egoki dela hori egitea gune zehatz batzuetan, trafikoaren edo oinezkoen zirkulazioaren intentsitatea edo bestelako inguruabarrak direla-eta.

4. Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea, betiere arestian aipatutakoa kontuan hartuta.

27. artikulua. Abiadura egokitzea egoeren arabera.

Gidari guztiek errespetatu beharko dituzte ezarritako abiadura mugak eta gainera kontuan hartu beharko dituzte beren baldintza fisiko eta psikikoak, bidearen ezaugarriak eta egoera, baita ibilgailuarenak eta haren kargarenak ere, eta orobat eguraldiaren, ingurunearen eta zirkulazioaren baldintzak, eta orokorrean une bakoitzean gertatzen ahal diren inguruabar guztiak, ibilgailuaren abiadura haietara egokitzeko, haren abiada betiere gelditzeko maneran bere ikuspenaren mugan eta edozein oztoporen aitzinean.

28. artikulua. Neurriko abiadura.

Neurriko abiaduran ibiliko da eta, beharrezkoa bada, ibilgailua geldituko da, inguruabarrek hartaratzen dutenean, bereziki halakoetan:

a) Erabiltzen ari den bide zatian oinezkorik ala bizikletarik bada, edo aurreikusten ahal bada oinezkoak sartuko direla, bereziki adingabeak, adineko pertsonak, itsuak edo modu nabarmenean ezindurik daudenak.

b) Motordun ibilgailuek beren abiadura bizikleta eta zikloen abiadurara egokitu beharko dute. Ezin izanen dira bizikletak aurreratu, ordenantza honetan zehaztutako baldintzetan salbu, eta motordun ibilgailuen gidariek ezin izanen dituzte bizikleten gidariak zirikatu.

c) Bidean mugikortasun urriko pertsonak badaude, bizikletek eta ibilgailuek beren abiadura horien arabera egokitu beharko dute.

d) Erabiltzen ari den bide zatian animaliarik bada, edo aurreikusten ahal bada animaliak sartuko direla.

e) Oinezkoendako edo ziklistendako pasabideetara hurbiltzean, semaforoak edo trafikoko agenteak arautu gabe daudenean, eta orobat ikastetxeetara edo oinezko anitz dauden tokietara hurbiltzean.

f) Geralekuan dagoen autobus batera hurbiltzean, erabiltzaileak jaitsi edo igo baitaitezke.

g) Zoladura irristakorretan ibiltzean edo bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonak urez, hartxintxarrez, lokatzez edo beste elementuren batez zipriztintzeko arriskua dagoenean.

h) Biribilguneetara, lehentasunik gabeko bidegurutzeetara, obretan dauden lekuetara edo galtzadaren meharguneetara hurbiltzean.

i) Laino trinkoa, euri handia, elurra, horma, errauts lainoak edo ke adarrak direnean.

III. TITULUA

Zamalanak

29. artikulua. Zamalanetarako tokiak.

Zangozako Udalak zamalanetarako tokiak erreserbatuko ditu bide publikoan, araudiaren araberako seinale zutikako zein horizontalak jarrita.

30. artikulua. Zamalanetarako tokien erabilera.

Guztiek erabiltzekoak dira bide publikoan zamalanetarako hartzen diren guneak, eta ez dira inoiz modu esklusiboan erabiliko.

31. artikulua. Zamalanen definizioa.

Bide publikoan zamalana egitea da salgairen bat finka batetik ibilgailu aparkatu batera, eta alderantziz, eramatea.

Kapitulu honetan definitutako zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, turismo-ibilgailuak izan gabe, zamalanak garraiatzeko baimena izan eta zirkulazio baimenean definizio horren araberako sailkapena duten ibilgailuak, edo garraio-txartela dutenak. Zamalanak egin beharko dituzte dagokion seinale zutikako zein horizontalen bidez horretarako erreserbatutako tokietan.

32. artikulua. Zamalanetarako tokiak seinaleztatzea.

Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrak zehazten duen moduan seinaleztatuko dira zamalanetarako tokiak.

33. artikulua. Zamalanak egiteko modua.

Honela eginen dira zamalanak:

a) Lehenik, finken barrenetik, aukera hori bada.

c) Bigarrenik, zamalanetarako mugatutako tokietan.

b) Hirugarrenik, jende orok aparka dezakeen tokietan eta haietatik.

d) Zamalanak halako batean eta eraikin jakin baten aurrean egin behar direnean, hala nola aldairak, eraikuntzako materialak eta abar, artikulu honetan adierazitako moduan egin beharko dira. Alabaina, ezin bada, baimen berezia eskatu beharko da. Udaltzaingoak emanen du, eragozpenik ez bada trafikoaren zer nolakoak eta zein bidetan egitekoa den ikusita. Baimen horretan baldintzak adieraziko dira, hau da, zein seinale erabili, egunak, orduak, udaltzainak behar ote diren eta beste inguruabar batzuk. Zamalanak hasteko eguna baino bi egun lehenago bederen eskatu beharko da baimena, honako hauek adierazita: eskatzailearen izena, helbidea edo sozietatearen izena, erabiliko diren ibilgailuen matrikula, pisua eta neurriak, zamalanetarako toki zehatza eta lanetarako kalkulatzen den denbora, gutxi gorabehera. Udaltzaingoak, hala iritzita, bertan behera utziko du zamalanetarako baimena, hartan ezarritako baldintzak betetzen ez direnean edo bertan behera uztearen aldeko gertakariak sortzen direnean. Baimena bertan behera utzi edo baliogabetzeagatik, ez da inoiz kalte-ordainetarako eskubiderik sortuko.

34. artikulua. Zamalanak egin bitartean eragozpenak sortzeko debekua.

Oro har, zamalanek ez dute eragozpenik sortuko, ezta zarata edo zikinkeriarik ere; materialak ez dira lur gainean utziko, zuzenean eraman beharko baitira ibilgailutik higiezinera edo alderantziz.

Ibilgailuak espaloiarekin paraleloan jarriko dira, ertzaren kontra, zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta baterian aparkatzerik dagoenean; kasu horretan, ibilgailuak ezin izanen dira aparkatzeko lekutik kanpora atera.

35. artikulua. Zamalanak egin bitartean arriskua sortzeko debekua.

Ez da inoiz utziko behar baino langile gutxiago aritzea zamalanetan, pertsona, ibilgailu edo animalientzat arriskutsua bada. Legeria berariazko bati lotutako produktuak direnean, hartan ezarritako aginduak zorrotz bete beharko dira.

36. artikulua. Tamaina edo pisu bereziko ibilgailuen zirkulazioa eta zamalanak.

Tamaina edo pisua dela-eta Trafikoko edo Errepideetako Zuzendaritza Orokorreko administrazio erakundeen baimen berezia behar duten ibilgailuek, hirigunean pasatzeko, Udaltzaingoak ezarritako egun, bide eta orduak beteko dituzte; betiere, kidego horretako langileen laguntza dutela.

IV. TITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

I. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

37. artikulua. Arau orokorrak.

1. Udal Administrazioari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahal ere, halako baimenik gabe.

2. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko edo pertsonen zirkulazioa eragotziko, eraikinetatik sartzea eta ateratzea barne, ezta arriskurik sortuko ere karrikaren gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.

3. GELDITZEA da ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea, jendea hartu edo uzteko, edo zamalanak egiteko, gidaria ibilgailutik atera gabe. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

4. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.

5. Autobusak, hiriko nahiz hiriarteko lineatakoak izan, Udal Administrazioak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ez dira gelditzen ahalko, bidaiariak hartu edo uzteko.

6. Autobusak eta ikasleendako gainerako garraiobideak nahitaez gelditu behar dira horretarako gaitutako tokietan, eta 433/2001 Errege Dekretuan ikasleen eta adingabeen garraiorako segurtasunaren arloan ezarritakoa bete beharko dute.

7. APARKATZEA da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.

8. Gidariek ez dute zilegi ibilgailua geldirik eta motorra pizturik dagoela uztea, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

9. Gidariek hogei zentimetro baino gutxiagoko tartea utzi beharko dute espaloiko zintarriaren eta ibilgailuko gurpilen kanpo aldearen artean.

Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

10. Udal Administrazioak aparkatze mugatuko araubidea ezartzen ahalko du halako eremu batzuetan, doakoa nahiz ordainpekoa, parkimetroen edo beste edozein sistemaren bidez arautua, trafikoa antolatzeko edo hautatzeko, edo aparkatzeko tokien banaketa bidezkoa bermatzeko.

11. Udalak aparkatzeko baimen-txartelak ematen ahal ditu ibilgailu jakin batzuetarako, organo eskudunak txartelak emateko onetsitako irizpideekin bat.

Aparkatzeko baimen-txartela behar ez bezala erabiliz gero, baliteke txartela aldi baterako edo behin betiko kentzea, legez dagozkion zehapenak ezartzeaz aparte.

38. artikulua. Gelditzea.

Honelakoetan debeku da gelditzea:

a) Oinezkoendako eremuetan eta babesguneetan edo trafikoa bideratzeko beste elementuetan.

b) Pasabide seinalea behar bezala jarrita duten higiezinetara sartzeko eta handik ateratzeko tokietan, salbu eta gidaria ibilgailuaren barrenean badago eta berehala kentzen badu.

c) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokietan.

d) Behar bezala seinaleztatutako hiriarteko autobus geralekuetan eta eskola garraiorako geralekuetan, horretarako erreserbak irauten duen bitartean.

e) Taxi geralekuetan eta salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokietan.

f) Gelditzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

g) Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuak, Udal Administrazioak bidaiariak utzi edo hartzeko erreserbatu edo baimenduriko eremuetatik kanpora aparkatzen direnean.

h) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

i) Zirkulazioaren bi norabideko bideetan, noranzkoaren ezker aldean gelditzean.

j) Bigarren ilaran.

k) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

l) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

m) Ibilgailu edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen edo larriki trabatzen duen beste edozein tokitan.

n) Desgaitasuna duten pertsonen txartelarekin bakarrik aparka daitekeen tokian gelditzea, hura behar ez bezala erabiliz.

39. artikulua. Aparkatzea.

1. Honelakoetan debeku da aparkatzea:

a) Gelditzeko debekua seinale zutikako nahiz etzanen bidez seinalaturik dagoen tokietan.

b) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

c) Behar bezala seinaleztatutako hiriarteko autobus eta taxi geralekuetan, bai eta eskola garraiorako ibilgailuendako geralekuetan ere, horretarako erreserbak irauten duen bitartean.

d) Zamalanetarako tokietan, dagozkion seinaletan adierazitako ordutegiaren barruan, salbu eta gidaria ibilgailuaren barrenean badago eta berehala kentzen badu.

e) Gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

g) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

h) Edukiontzien ondoan, zabor bilketa galarazi edo oztopatzen denean.

i) Aparkaleku publikoetan, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragozten edo oztopatzen denean.

j) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

k) Pasabide behar bezala seinalatuetan, osoki nahiz partez.

l) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

m) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen bereizgarria jarri gabe edo, bereizgarria jarrita ere, ibilgailua aparkaturik uztean udal ordenantzak gehienez uzten duen denbora baino luzeago.

n) Oinezkoen pasabideetan.

o) Luzetara aparkatzean, dauden seinaleen arabera baterian aparkatu behar bada.

p) Bide bazterrean.

q) Aldi batean bestelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan. Toki horiek behar bezala seinalatu behar dira, gutxienez ere hogeita lau ordu lehenago.

r) Lorategietan

s) Aparkatzea, aparkatzeko baimen-txartela behar ez bezala erabiliz.

t) Aparkatzea, desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.

u) Ibilgailu bat bide publikoan aparkaturik uztea salgai edo alokagai jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bestelako jarduera ez zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.

2. Nolanahi ere, ibilgailuaren jabeak egiaztatu behar du, berez edo beste pertsona edo bitarteko baten bidez, bere ibilgailua ez dagoela behar ez bezala aparkaturik, seinaleak edo trafikoaren antolamendua nolanahi aldatu direlako; horretarako, berrogeita zortzi orduko epea izanen du gehienez, eta horretarako egun baliodunak kontatuko dira.

II. KAPITULUA

Desgaitasunak dituzten pertsonek aparkatzeko
txartela, erreserbatuak eta aparkatzea

40. artikulua. Desgaitasunak dituzten pertsonek aparkatzeko txartela, erreserbatuak eta aparkatzea.

1. Emateko prozedura eta beharkizunak.

Interesdunak eskatuta emanen da txartela, haren datu pertsonalekin, helbidearekin, telefonoarekin eta, halakorik izanez gero, helbide elektronikoarekin. Pertsona fisikoa izanez gero, honako dokumentazio hau ere erantsiko zaio:

–Karneterako argazki bat.

–Nortasun agiriaren kopia.

–Desgaitasuna duen pertsona dela frogatzen duen ziurtagiria.

–Mugikortasun urritua izatearen frogagiria, minusbaliotasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren arabera. Aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko dokumentazioa talde multiprofesionalek eman behar dute. ONCEren organo eskudunak emandako ziurtagiriak ere baliodunak izanen dira, baldin erakunde horren kide izatea frogatzen badute eta adierazitako ikusmen-zolitasun edo ikuseremu baldintzak betetzen badira.

–Frogagiria, erakusten duena begirik onenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago dutela kristal zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua. Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko dokumentazioa talde multiprofesionalek eman behar dute.

Behin-behineko txartela eskatzen duenari, galdeginen zaizkio datu pertsonalak, argazki bat eta nortasun agiriaren kopia. Halaber, osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria ere eskatuko da, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

1056/2014 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan aipatutako pertsona fisiko edo juridikoek eskatzen dutenean txartela, behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute erakusteko ezen ibilgailua edo ibilgailuak erabiltzen direla abenduaren 14ko 39/2006 Legearen (autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzekoa) arabera desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean, baita Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta horien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak ere. Txartel mota horretan ibilgailuaren matrikula agertuko da beti.

2. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun urriko pertsonei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki aitortua izan ez.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.

Interesdunak osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboen ziurtagiria aurkeztu beharko du; eskatzailearen helbidearen arabera, osasun zerbitzu eskudunetako ikuskatzailetzak baliozkotu beharko du ziurtagiri hori.

3. Eremu zehatz batzuetan aparkatzeko txartela.

Behar bat frogatzen dutenei txartel bat ematen ahal zaie desgaitasuna dutenendako tokietan aparkatzeko eremu zehatz batzuetan (esaterako, ospitaleetan, osasun etxeetan, etab.).

Behar zehatzaren araberakoa izanen da txartel horien balio epea.

4. Erabiltzeko baldintzak.

Pertsona fisikoei beren mugikortasunaren arabera emandako aparkatzeko txartelak, izan bost urterako, behin-behinekoak edo eremu zehatz batzuetarako, pertsonalak eta besterenezinak dira, eta titularraren onurarako bakarrik, eta ibilgailua hark gidatzen duenean edo ibilgailuan garraiatua denean bakarrik erabiltzen ahal da.

1056/2014 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan xedatutakoaren arabera emandako txartelak erabil daitezke bakarrik baldin artikulu horretan aipatutako pertsonak benetan garraiatuak badira ibilgailuan.

Txartelaren titularren betebeharra izanen da txartela jasotzeko eskubidea ematen duten baldintzetan izandako edozein aldaketa jakinaraztea, eta, eskubidea galduz gero, itzuli egin beharko dute.

Txartela, beti jatorrizko agiria, aginte-panelean jarriko da, edo ibilgailuaren aurreko aldeko haizetakoan, kanpotik argi eta garbi ikusteko eta irakurtzeko moduan.

Txartela iruzurra eginez erabiltzeak hura deuseztatzea ekar dezake, egoki diren zehapenak galarazi gabe.

5. Balio-epea.

Pertsona fisikoendako aparkatzeko txartelek, salbu behin-behinekoek eta zenbait zonatakoek, bost urteko balio-epea izanen dute, salbu eta txartela izateko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea motzagoa bada.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, txartelaren balio-epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Berritzeko eskaera aurkezten bada indarraldia galdu eta ondoko laurogeita hamar egun naturaleko epean, ulertuko da indarraldiak irauten duela prozedura ebatzi arte.

Txartela berritzeko, interesdunak argazki bat eman beharko du.

6. Titularren eskubideak.

Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte, betiere txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago:

–Desgaitasuna dutenendako tokietan aparkatzea.

–Zirkulazioa bertako egoiliarrentzat mugaturik duten eremuetan sartzea; betiere, jatorria edo helmuga aipatu eremu horren barnean badago.

–Zamalanetarako guneetan gelditzea edo aparkatzea.

–Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago, eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak ez du baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: bizitoki eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, Legeak gelditzea debekatzen duen lekuetan, pasabideetan, larrialdietarako irteeretan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikitzen dituzten eremuetan.

41. artikulua. Erreserbatutako tokien seinaleztapena.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko tokiak seinale horizontal eta bertikalen bidez adieraziko dira, eta seinaleztapen horretan irisgarritasuneko nazioarteko ikurra agertuko da. Toki erreserbatuetan, nahitaezko txartel indarduna agerian duten ibilgailuak baizik ez dira aparkatzen ahal.

42. artikulua. Erreserba berriak ezindu fisikoentzat.

Gaur egun erreserbatuta dauden tokiez gain, zerbitzu eremuak, osasun zentroak edo aisiakoak daudelako egokitzat jotzen diren alde eta tokietan erreserba berriak seinaleztatzen ahal dira, sortzen diren beharrak edo pertsona ezinduen nahiz haien taldeen eskaerak kontuan hartuta. Bidezkotzat jo beharko dira, Udaltzaingoak aztertu eta txostena egin ondoren.

III. KAPITULUA

Pasatzeko lizentziak

43. artikulua. Pasatzeko lizentziaren definizioa.

1. Bi gurpil baino gehiagoko ibilgailuak erabilera pribatuko eraikin edo guneetara edo haietatik espaloietan edo oinezkoen erabilera publikoko guneetan barna pasatzea; horretarako, beharrezkoa izanen da Udalaren lizentzia edukitzea (pasatzeko edo pasabiderako lizentzia, laburki).

Lizentziaren barruan ere sartuko da atearen aurrean gorde behar den espazioa ibilgailuek biraketa egin dezaten irtetean eta sartzean.

2. Pasatzeko lizentzia hau nahitaezkoa da aitzineko paragrafoan adierazitako oinarrizko kasuan, nahiz eta hura baliatzeko ez den eskatzen pasagunean edo parean aparkatzeko debekua, bai trafiko arauek sektorean gelditzea edo aparkatzea debekatzen dutelako bai erabiltzen ez delako, edo beste arrazoi batzuengatik.

44. artikulua. Pasatzeko lizentziaren baldintzak.

1. Lizentzia bakarra, gehieneko luzera duena. Pasatzeko lizentzia bakar bat ematen ahalko da lokal bakoitzeko, lokala izanik espazio-unitate fisiko bat, besteengandik guztiz eta modu iraunkorrean isolatua fabrika-obrako tarteen bidez.

Arau orokor gisa, ematen den lizentziak ezin izanen du, luzeran, lokalera sartzeko atearen zabalera baino %25 handiagoa izan.

2. Pasabiderako lizentzia eskuratzeko ez da lokalaren gutxieneko azalerarik eskatuko, ezta gutxieneko ibilgailu kopururik ere.

3. Honelakoetan ez da pasabiderako lizentziarik emanen:

a) Ibilgailuek berdegune batetik igaro behar dutenean.

b) Ibilgailuek 30 metrotik gorako tartean oinezkoen eremua edo espaloia zeharkatu behar dutenean.

c) Espaloia zeharka gurutzatu behar denean.

d) Sarreraren kokalekua arriskutsua denean bide-segurtasunerako.

e) Garajetik irten eta hara sartzeko aparkatzeko toki bat baino gehiago kendu behar denean.

4. Pasabiderako litzentziaren titularra aldatuz gero, Udalari jakinarazi behar zaio, aldaketa gertatu eta hurrengo 15 egunen barruan.

45. artikulua. Ordutegia.

Lizentziak ordutegi mugatuan edo gau eta egun erabiltzeko izan daitezke.

Gau eta eguneko pasabideak: ibilgailuak egunaren hogeita lau orduetan pasatzen ahalko dira, eta debeku izanen da, beraz, ibilgailuak haren parean aparkatzea.

Ordutegi mugatuko pasabideetan, Udalak zenbat denboratan utzi nahi duen, bitarte horretan iragaten ahalko dira ibilgailuak, eta ordutegi horren barrenean debeku izanen da haren aitzinean aparkatzea.

Pasabide guztiek, gau eta egunekoak nahiz ordutegi mugatukoak izan, bereizgarriak edo plakak izanen dituzte. Haien eredua Udalak emanen du, eta xedea izanen dute ibilgailuak aparkatzea galaraztea berariaz seinalatutako aldean.

46. artikulua. Seinaleztapena.

Pasabideetan seinale zutikako nahiz etzanak paratu beharko dira, artikulu honetan biltzen den gisan.

–Zutikako seinaleztapena. Nahitaezkoa da beti.

Zutikako seinaleak erregelamenduzko debeku plakak izanen dira, lokal edo espazio pribatuko sarbidearen bi aldeetara ezarriko direnak; ordutegia eta aparkatzeko debeku gau eta egunekoa agertuko dituzte.

Pasatzeko zabalera baimenduak dakarren tartearekin paratuko dira plakak, tolerantzia ±%20 dutela. Plaken beheko aldea zorutik 1,50etik 2 metro bitarteko garaierara egonen da, Udaleko zerbitzu teknikoek salbuespenez besterik baimentzen dutenetan izan ezik.

Udalak tasa baten truke ematen duen eredu ofizialaren araberakoak izanen dira plakak, eta betiere plaka nagusiaren azpian beste plaka txiki gehigarri bat izanen dute, pasabide bakoitzari dagokion espediente zenbakia edo matrikula zehazten dituena.

Gainera, pasatzeko lizentzia halako ordu jakin batzuetarako denean, hori erraz ikusteko maneran agertuko da seinaleetan.

–Lurreko seinaleztapena. Zutikako seinaleztapenaren osagarri da. Interesdunak eskatuz gero baiemenduko da soil-soilik beharrezkotzat jotzen denean pasabidearen kokaleakua edo bestelako arrazoiren bat dela-eta.

Lurreko seinaleak paratzeko, hala behar denean, pasabidea edo zintarriko oketsa horiz eta beltzez pintatuko da, kolore bakoitzari 50 zentimetroko zabalera emanen zaiola. Bestalde, galtzadan pasabidea mugatzeko bi marra hori elkarzutak pintatuko dira, 2 metro luze eta 15 zentimetro zabal izanen direnak, kolore eta zabalera bereko marra hautsiak baturik, edo marra eten bat, aparkatzeko tokirik ez dagoenean.

Seinaleak okerrak badira, aipatutako elementuren bat falta bada edo seinaleak ez badira behar bezala mantendu, pasatzeko lizentziak indarrean egoteari utziko dio eta ordenantza honekiko arau hauste astuntzat hartuko da.

47. artikulua. Zintarria edo pasabidea jatea.

1. Espaloiko zintarrian edo gisakoan (“pasabidea”, laburki) oketsa egitean, bere hartan utziko da sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten gunean zehazten den fatxada lerroan.

Gaur egun hirian ohi den eredu edo diseinuari egokituko zaio, baita zintarriaren gainerakoan eta alde horretako espaloietan erabili diren materialei ere.

2. Pasatzeko lizentzia ematen den guztietan beharko da zintarrian oketsa egin. Salbuespenez eta kasu berezietan baizik ezin izanen du Udalak baldintza hori kendu.

48. artikulua. Aparkatzeko debekua, erregelamenduaren arabera seinalaturiko pasabideetan.

Gau eta egun debekatua dago pasabide iraunkorren aurrean aparkatzea, eta plakak dioenaren bitartean ordutegi mugatuko pasabideetan, zein den kontzesioa. Debekuak eragina izan dezan, agerian egonen da Udalak pasabiderako emandako plaka ofiziala. Pasabidearen titularraren ibilgailuak ere aparkatzeko debekuan sartzen dira, kasu hauetan izan ezik:

1. Gidaria ibilgailuaren barnean dagoenean eta berehala mugitzen duenean.

2. Merkataritza edo industriako lokalei emandako pasatzeko lizentzien kasuan, lokal horiek jarduera nagusitzat ibilgailuak konpontzea edo antzeko jardueraren bat badute, lokalera sartzeko zain dauden ibilgailuek aparkatzeko aukera izanen dute, lokala aipatutako jarduerarako zabalik dagoen ordutegian soilik.

49. artikulua. Fidantza.

1. Udalak eska dezake gehienez 1.500,00 euroko fidantza bat, xedea izanik bermatzea zoladuran egin daitezkeen kalteak konpondu, disko seinaleak itzuli eta zintarria lehengoratuko dela.

50. artikulua. Erantzukizuna.

1. Pasatzeko lizentziaren titularraren ardura eta erantzukizuna izanen dira zoladurak edo zintarriak jasaten dituen kalteak, pasabidea egitea eta kentzea, eta horrelakoetan zintarria lehengoratzea eta zutikako seinaleak, eta behar denean, lurrekoak (zintarriko eta galtzadako pintura) zuzen paratu eta zaintzea.

Horrexegatik, Udalak eska dezake hura konpondu, sendotu edo nahi den pasabiderako egokitzeko, bai lizentzia eman aurreko baldintza gisa, bai lizentzia eman ondoko edozein unetan.

2. Ordezko erantzukizuna. Aitzineko kasuetan, lokalaren jabea ere erantzule subsidiarioa izanen da, pasatzeko lizentziaren titularra beste bat bada.

3. Ordezko betearazpena. Hondar-hondarrean, ez lizentziaren titularrak ez lokalaren jabeak ez baditu behar diren obrak egiten, Udalak obra egiten ahalko du ordezko betearazpen gisa; halakoetan, zenbatekoa fidantzari zuzenean kargatuko dio, eta fidantzarik ez bada edo aski ez bada, erantzuleari zuzenean ordainaraziko dio, dela borondatezko bidean, dela premiamendu bidean. Ordezko betearazpenaren ordez, isun hertsatzaileak paratzen ahalko dira.

Gisa berean, paratzen diren disko seinaleak eta zintarriko pintura ere ken eta deusezta ditzakete udal zerbitzuek, pasatzeko lizentzia edozein arrazoirengatik indarrik gabe gelditzen bada edo lizentzia eraginkorra izateko baldintzak betetzen ez badira.

51. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Pasatzeko lizentziak eredu ofizialaren araberako eskabideetan eskatuko dira. Pasatzeko lizentziarako eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Pasabidea zein lokaletarako eskatzen den, haren erabilera jaso beharko da.

b) Eraikinaren edo eremuaren kokalekuaren argazkia eta planoa, 1/100etik 1/200rainoko eskalan, lokalera sartzeko libre geratu behar den eremuaren luzera aipatuta; hartan zehaztuko da zein diren pasabideari eragiten dioten hiri elementuak (espaloiak, kutxetak, kale argiak, ibilgailuak aparkatzeko eremuak, autobus geralekuak, edukiontziak etab.). Parean lekua erreserbatu behar ote den adieraziko da.

c) Lokalaren planoa edo krokisa, banaketa eta guzti; hartan bereziki adieraziko da ibilgailuendako eremua (plaza kopurua zehaztuta), sarbideak, haietatik zirkulatzeko korridoreak, ezaugarriak eta azalera.

52. artikulua. Baimena.

1. Eskaera ikusirik, udal organo eskudunak pasatzeko lizentzia onartzeko ebazpena emanen du bidezko denean.

2. Lizentzia hauek nori eman erabakitzea Udalaren borondatearen mende geldituko da, ordenantza honetan aipatzen bada ere zein diren hura ukatu edo onartzeko kasu zehatzak. Prekarioan eta hirugarrenei kalterik egin gabe emanen da, eta ez dio inolako eskubiderik sorraraziko titularrari.

53. artikulua. Pasatzeko lizentziaren iraungipena.

Hona baimena iraungitzeko arrazoiak:

a) Titularrak uko egitea edo baja ematea.

b) Udalak baimena kentzea, lizentzia eman zeneko baldintzak desagertzen badira, edo lizentzia eman zeneko garaian gertatu izanez gero hori ezesteko arrazoia izanen zatekeen arrazoiren bat gerora gertatzen bada, bai eta oker eman bada edo balorazio irizpide berriak ezartzen badira. Hori guztia, bat etorriz Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 181.3 artikuluan xedatutakoarekin.

c) Borondatezko epean ez ordaintzea pasabideari dagozkion tasak.

54. artikulua. Pasatzeko lizentzia iraungitzeak ekartzen dituen betebeharrak.

1. Pasatzeko lizentzia iraungitzeak betebehar hauek ekarriko dizkio hartarainoko titularrari:

a) Disko seinaleak itzultzeko eta zintarria seinalatzeko pintura deuseztatzeko betebeharra, halakorik badago.

b) Zoladura eta zintarria lehengoratzea.

2. Baja emateko deklarazioak aurkezten diren ekitaldiaren ondokoan izanen dituzte ondorioak.

55. artikulua. Fidantza itzultzea.

1. Aitzineko paragrafoko betebeharrak beterik, Udalk fidantza itzuliko du, halakorik eskatu bazuen lizentzia emateko unean.

2. Betebehar horiek betetzen ez badira, Udalak ordezko betearazpena eginen du, ordenantza honetan aurreikusitako mdouan.

56. artikulua. Debeku orokorrak.

Hona hemen zer den espresuki debeku:

1. Edozein motatako ibilgailuei sarbidea edo zintarrietako igoera errazteko asmoz, gailu finko edo mugikorrak paratzea erabilera publikoko bide edo eremuetan. Bidezko kasuetan soilik onartuko da pasabidea edo zintarri oketsa paratzea, ordenantzako baldintzen arabera.

2. Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen suerte guztiak, grafikoak izan edo bestelakoak izan, baldin eta, tokia erreserbatzeko nahiz pasatzeko lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziek aparkatzeko izan ohi dituzten mugapenen ordezko izan nahi badute edo mugapen horien gainean oker egitera bultzatzen badute.

3. Ibilgailu erabilezinak, gurdiak edo bestelakoak uztea lokalen sarreraren parean edo inguruetan, aitzineko apartatuan zehazten den asmo berarekin.

Horietan guztietan, udal zerbitzuek eraman, kendu edo ezabatzen ahal dituzte debekaturiko lanabes, seinale eta gainerakoak, aldez aurretik errekerimendurik egin beharrik izan gabe, eta udal biltegian altxatu. Hortik eragindako gastuak, jarduera haiexen titularraren bizkar geldituko dira, zehapenak ere ezar badaitezke ere.

IV. KAPITULUA

Autobus, kamioi, traktore, atoi, karabana, autokarabana eta laborantzako makinak eta lanabesak Zangozako hirigunean aparkatzea

57. artikulua. Kamioi, autobus eta traktoreak aparkatzeko debekua.

5.500 kilogramotik gorako GPB dutela, salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu guztiek debeku dute hiriguneko bide guztietan aparkatzea, baita 9 lagun baino gehiago eraman ditzaketen autobusek ere, salbu eta zamalanak egin behar badituzte horretarako gaitutako tokietan.

Laborantzako eta industriako traktoreek eta antzekoek debeku dute hiriguneko bideetan aparkatzea.

Noizbait, 3.500 kg-tik gorako GPB duten salgaien garraioko ibilgailuek edo 9 lagunetik gorako garraioan dabiltzan autobusek zilegi izanen dute aparkatzea, arrazoi bat dela bide, Udalak berariaz baimentzen duenean: Pertsonen eskatu ahalako garraioa, jarduera zehatz baterako etortzen direnean gure hirira; aparteko obretarako edo ohiz kanpoko bestelako egoeretarako, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta agintaritza eskudunaren aldez aurreko baimena badute.

58. artikulua. Karabana, atoi eta laborantzako lanabesak aparkatzeko debekua.

1. Debekatua dago karabanak, laborantzako atoiak zein bestelakoak eta laborantzako edozein lanabes hirigunean aparkatzea. Horretarako, udal organo eskudunak berariazko baimena eman beharko du eta prezio publikoa ordaindu beharko da lurzoruaren aprobetxamendu bereziagatik.

2. Oro har, autokarabanak aparkatuko dira luzetara aparkatzea uzten den eremuetan. Baterian, berriz, bakarrik aparkatzen ahalko dira haien luze-zabalak aparkatzeko tokia baino gehiago ez badira eta galtzadan edo espaloian berrogeita hamar zentimetro baino gehiago sartzen ez badira.

59. artikulua. Zangozako udal-mugartean aparkatutako ibilgailuetan bizitzeko debekua.

Debeku da karabana, atoi , autokarabana eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea (gaua igarotzea) udal-mugartearen barnean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Toki horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

60. artikulua. Salgai arriskutsuez kargatutako ibilgailuak aparkatzeko debekua.

Debeku da arras salgai arriskutsuez kargatutako ibilgailuak Zangozako udal-mugarte osoan aparkatzea.

61. artikulua. Hiri barreneko autobusaren geralekuak.

Udalak zehaztuko du non izanen diren autobusaren bidezko garraio publikoaren geralekuak.

Haietan, hiri barreneko garraio publikoaren ibilgailuek baino ez dute aparkatuko, ezarriko den ordutegian eta bidaiariak hartu edo uzteko behar den denborarako bakarrik.

Bestelako ibilgailuek debekatua dute toki erreserbatu horietan aparkatu eta gelditzea.

62. artikulua. Interes orokorreko zenbait zerbitzu publikorendako toki erreserbatuak.

Udalak erabakiko du haien beharrik ba ote den eta zein erabiltzailek aparkatzen ahal duten toki horietan, eta baimena frogatzen duten agiriak emanen ditu.

Lurreko markak eta seinale zutikakoak zein osagarriak baliatuz adieraziko dira toki erreserbatuak.

Debeku da zenbait zerbitzutarako seinalatutako toki erreserbatu bakoitzerako agiria ez duten ibilgailuak aparkatzea eta gelditzea, ordutegiak indarra duen bitartean. Baimena ematen duen agiria izan gabe toki erreserbatu horietan aparkatzen duten ibilgailuei salaketa jarriko zaie eta Udalaren garabiak altxatokira eramanen ditu. Ibilgailua berreskuratzeko, garabiaren likidazio tasa ordaindu beharko dute arau-hausleek.

V. TITULUA

Kultura- edo kirol-ekitaldiekin zerikusia duten bide publikoko jarduketak

63. artikulua. Baimenak.

Ordenantza honen xede diren bideak okupatzeko kultura-eta kirol-ekitaldiekin zerikusia duten bide publikoko jarduketak egiteko, Udalaren aldez aurreko baimena beharko da eta ezinbestekoa izanen da Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean kirol probei, bizikleta-martxei eta bestelako gertaerei buruz ezarritakoa betetzea, udal agintaritzak adierazitako arau propioak betetzeaz gain. Baimendutako probak bete beharreko baldintza bereziak agertuko dira baimenean, eta titularrak derrigorrez bete beharko ditu. Salbuespena dira, edonola ere, biltzeko eta manifestazio baketsuak egiteko eskubideei lotutakoak, 1978ko Espainiako Konstituzioaren 21. artikuluan xedatutakoak.

64. artikulua. Baimena eskatzea.

Interesdunak jardueraren aurreikusitako data baino gutxienez 2 hilabete lehenago eskatu beharko du baimena, baldin eta, izanen duen tamainagatik tokiko langileek ezohiko zerbitzu bat eskaintzea beharrezkoa bada, eta ez bada nahikoa ohiko zerbitzuarekin. Eskaera Udalera bidalitako eskabide normalizatu baten bidez formalizatuko da, eta bertan adierazi beharko da zein gertaera mota den eta zenbat iraunen duen, baita ibilbidea eta okupatu beharreko eremuak erakusten dituen plano xehatu bat erantsi ere.

65. artikulua. Baimena ematea.

Dagokion administrazio-espedientea izapidetu aurretik, eskatutako baimena emanen da eta bertan adieraziko dira behar izanez gero hartu beharreko segurtasun neurriak eta eskatzaileak bete beharko dituen baldintzak.

66. artikulua. Laguntza-langileen beharra.

1. Antolatzaileei laguntza-langileak izatea eskatzen zaien kirol-proben kasuan, zuzendari betearazlearen lanak eginen dituen pertsona bat izendatu beharko da, eta bide segurtasunaren arduradun bat. Azken horrek bete beharreko baldintzak eta funtzioak Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean azaltzen dira.

2. Jarduera garatzen den bitartean ordena eta kontrola mantenduko duten laguntza-langileen kopurua behar adinakoa izan beharko da.

3. Probaren aurretik, Udaltzaingoak zerbitzuaren argibideak emanen dizkie antolatzaileei, eta bertan adieraziko dira laguntza-langileek bide-mozketen edo saihesbideen kasuan dituzten betebeharrak, baita proba behar bezala garatzeko jarraibide egokiak ere.

67. artikulua. Bide segurtasunaren arduraduna.

1. Bide segurtasunaren arduraduna laguntza-langile guztiez arduratuko da eta pertsona bakoitzari zehatz-mehatz adierazi beharko dio zein den egin behar duen funtzioa, Udaltzaingoak ezarritako zerbitzuaren arabera.

2. Proba hasi aurretik, eta aurrerapen nahikoarekin, laguntza-langileek postu guztiak bete dituztela eta pertsona guztiek haien eginbeharra ezagutzen dutela ziurtatuko du. Hala bada, Udaltzaingoaren operatiboaren arduradunari jakinaraziko dio eta dagokion egiaztagiria sinatuko du.

3. Udaltzaingoaren operatiboaren arduradunak izanen du antolatzaileei proba hasteko baimena dutela jakinarazteko ardura; izan ere, proba ezinen baita hasi udaltzainen nahiz laguntza-langileek bete beharreko postu guztiak beteta egon arte.

68. artikulua. Fidantza.

1. Baimena emateko baldintza gisa ezartzen ahal da eskatzaileak fidantza bat jartzea utziko zaion materiala mantentzeko eta, behar izanez gero, berriak erosteko (hesiak, konoak, seinaleak...), edo hiri-altzariei edo bide publikoari eragindako kalteak ordaintzeko.

2. Beharrezkoa izanez gero antolatzaileek galtzadan markak egitea, aglomeratu asfaltikozko zoladuraren gainean soilik eginen dira eta inoiz ez beste mota bateko zoladuraren gainean. Halaber, egun gutxiren ondoren ezabatzen den pinturarekin egin beharko dira.

69. artikulua. Lekua erreserbatzea.

1. Beharrezkoa izanez gero lekua erreserbatzea eta, horren ondorioz, aparkatzeko eremuak okupatuko badira, hogeita lau ordu lehenago seinalatu beharko da kaltetutako eremua. Aparkatzeko debekuaren seinaleari legenda bat gehitu beharko zaio, okupazioaren arrazoia eta iraupena adieraziko dituena. Lekuaren erreserba egitea ekitaldiaren antolatzaileari eskatzen ahal zaio, eta haren ardura izanen da hura mantentzea.

2. Erreserba seinaleztatzean aparkatuta dauden ibilgailuek bertan jarraitzen badute 24 ordu igaro ondoren, beste eremu batzuetara edo Ibilgailuen Udal Altxatokira eramanen dira garabi-zerbitzuaren bidez. Baliteke baimenaren titularrari eskatzea behar izan diren zerbitzuen gastuak ordaintzeko. Horretarako, baimena eman aurretik, udal administrazioak fidantza jartzeko eskatzen ahal du, baimenean ezarritako zenbatekoan. Erabilitako garabi-zerbitzuaren gastuak aipatutako fidantzatik kenduko dira.

3. Baimenak eragiten dien eremuak garbitu eta behar bezala seinalatu ondoren, eremu horietan aparkatzen duten ibilgailuei salaketa jarriko zaie bidegabeki aparkatzeagatik eta bertatik kenduko dira garabi-zerbitzuaren bidez. Gainera, zerbitzu horren erabilerak eragiten ahal dituen gastuak ordaindu beharko ditu.

70. artikulua. Ibilbidearen seinaleztapena.

1. Ibilbidea seinaleztatzeko ardura antolatzaileak izanen du, eta berak ekarri beharko du beharrezko materiala. Seinaleztatze hori edo hesien, konoen edo bestelako elementuen bidezko balizajea Udaltzaingoak ikuskatuko du ekitaldia hasi aurretik.

2. Ibilbidearen aurretik trafikoa mozteko edo saihesbideak ezartzeko beharra dagoen tokietan soilik jarriko ditu seinaleak Udaltzaingoak, trafikoak ez dezan eraginik izan ibilbidean.

71. artikulua. Baldintzak ez betetzea.

Baimenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, halaber, hura kentzea eta dagokion zehapen-espedientea irekitzea ekarriko du.

VI. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

72. artikulua. Aplikazio-eremua.

Abandonatutako ibilgailuak mugarik gabe kaleetan aparkatuta egotea ekiditeko, kendu eginen dira.

Ibilgailua abandonatutzat joko da kasu hauetako batean dagoenean:

a) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

b) Ibilgailuak aspaldian erabiltzen ez dela adierazten duen ezaugarriak dituenean, hala nola gurpilak airerik gabe, ateak irekita, beharrezko elementuak galduta, zikinkeria pilatua, kanpotik ederki hondatua eta abar.

c) Bide publikotik kendu eta Ibilgailuen Udal Altxatokian bi hilabetetik gora daramanean.

d) Toki pribatu batean matxura edo istripu baten ondorioz ibilgailu bat jaso ondoren, haren titularrak bi hilabeteko epean hartu ez duenean.

73. artikulua. Prozedura.

1. Ibilgailuak bide publikoan daudenean, Zangozako Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua dagoen tokitik kentzeko.

Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

2. Aitzineko apartatuan aipatutako epean titularrak ez badu ibilgailua kentzen, Udal Altxatokira eramanen da.

3. Abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik ibilgailu bat altxatokira eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hilabeteko epean horrek eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela. Ibilgailua txatartzat joko da eta deskontaminazio zentro baimendu batera eramanen da, txatar gisa tratatzeko. Zentro baimenduak deskontaminazioaren gaineko ziurtagiria emanen du, eta hura igorriko da Nafarroako Trafiko Zuzendaritzara, ibilgailua ken dezan Trafiko Zuzendaritza Nagusiko Ibilgailuen Erregistro Nagusitik.

Aurreko artikuluko d)apartatuan aipatutako inguruabarra gertatuz gero, Udalak Nafarroako Trafiko Zuzendaritzari baimena eskatuko dio ibilgailuari hondakin-tratamendua emateko. Horretarako, aurkeztu beharko du ibilgailuaren titularrari ibilgailua bere esparrutik kentzeko eskatu diola egiaztatzen duen dokumentazioa.

4. Titularrari salaketa jarriko zaio ibilgailua bide publikoan abandonatzeagatik, bat etorriz Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatutakoarekin, ibilgailu abandonatuak hondakin gisa jotzen ditu-eta. Orobat, zehapen-espedientea tramitatuko da, lege horretan ezarritakoari jarraikiz.

5. Oro har, eta arrozoi justifikatuak badira salbu, gbilgailua berreskuratzeko, jabeak tasa ordaindu beharko du Udalak hura garabiaz eramateagatik, baita Udal Altxatokian egindako egonaldiari dagokiona ere, eta ibilgailuaren dokumentazio guztia, eguneratua, aurkeztu beharko du, asegurua barne.

6. Egoki iritziz gero, alkateak erabaki dezake ibilgailua hondakin gisa tratatu beharrean, hura adjudikatzea trafikoa zaintzen duten zerbitzuei, urriaren 30eko 6/2021 Legegintzako Errege Dekretuaren 106.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

VII. TITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak

74. artikulua. Hirigunean zirkulatzeko debekua.

1. Salgai arriskutsuen errepideko garraio nazioartekoari buruzko Europar Akordioan jasotako salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek debekatua dute Zangozako hirigunean barrena ibiltzea.

2. Zangozako udal-mugartean kokatuta egon eta artikulu honen 1. apartatuan salgai arriskutsutzat jotako gaiak erabiltzen dituzten enpresek Udaltzaingoak egokien iritzitako ordutegia eta sarbidea ezarriko dituzte, ahalik eta ibilbide laburrena eta ezaugarrien arabera gomendagarriena egiteko, hau da, hiriko sarbidea eta helmugara iristeko hirian barrena ezinbestekoa den ibilbidea.

VIII. TITULUA

Seinaleak

I. KAPITULUA

Instalazioa

75. artikulua. Seinaleak jartzea.

1. Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea. Orokorrean, partikularrek ez dute zilegi izanen trafikoko edo zirkulazioko seinaleak paratzea, salbuespenak izan ezik, hala nola ibilgailuendako pasabideko seinaleak, Udaleko organo horrek behar den baimena eman ondoan.

2. Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

76. artikulua. Aplikazioa.

1. Hiriaren sarreran jarritako seinaleek (bakarka zein karteletan multzokatuek) hirigune osoan izanen dute indarra, salbu eta berariazko seinaleak dituzten eremu edo bideetan.

2. Udaltzainen seinaleak beste guztien gainetik daude.

3. Udaltzaingoak, segurtasuna dela-eta edo zirkulazioa arina izan dadin, antolamendua aldatzen ahalko du aldi baterako jendea eta ibilgailuak pilatzen diren tokietan, baita istripu edo larrialdiren bat dagoenean ere. Helburu horrekin jarri edo kenduko dira bidezkotzat jotzen diren behin-behineko seinaleak; bestetik, aurreneurri egokiak hartuko dira.

4. Zenbaitetan, Zangozako Udalak behar diren hiri bideak itxiko ditu, eta Udaltzaingoak premiazko neurriak hartzen ahalko ditu haren Burutzak egokitzat jotzen duenean.

II. KAPITULUA

Edukia

77. artikulua. Edukia.

1. Partikularrek ez dute libre seinaleak paratzea (hotelak, jatetxeak, garajeak...), Udalak baimendu behar dituen salbuespenak izan ezik.

2. Ez da baimenik emanen trafiko seinaleen gainean nahiz ondoan plakarik, afixarik, iragarkirik edo bestelakorik paratzeko, nahasmendua ekarri, haien ikusgaitasuna edo eraginkortasuna murriztu edo bidearen erabiltzaileei arreta galarazten ahal badie.

3. Trafikokoak ez diren seinale guztiak berehala kenduko dira, behar bezala baimendurik ez badaude edo udal baimenaren baldintzak betetzen ez badituzte, Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantzan ezarritakoari jarraikiz bidezko izan daitekeen zehapena aparte utzirik.

4. Debeku da bide publikoan paratzea edozein oztopo edo gauza, oinezko edo ibilgailuen zirkulazioa zailtzen edo arriskuan jartzen ahal duena. Bide publikoan oztoporen bat paratzea ezinbestekoa bada, udalaren baimena beharko da aitzinetik, zehaztuko dituena bete beharreko baldintzak.

Obrak egiteko, garabiak, aldamioak edo eremu publikoa okupatzen duten bestelako elementuak (siloak, etxolak…) jartzeko baimena ematen duten udal ebazpenetan, bide publikoan edo lurzoru pribatuan eraiki, kanalizatu, eraitsi… behar bada, eta horrek ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan eragiten badu (espaloiak, oinezkoen eremuak…), bada, ebazpen horietan jasoko dira Udaltzaingoak eskaeraren gainean egindako txosteneko oharrak, eta kidego horretara joko da lizentzia edo baimena behar duten jarduketak koordinatzeko: seinaleak, lanak egiteko egun eta ordu egokienak eta behar diren neurri osagarriak.

5. Behar bezala babestu eta seinaleztatu beharko da oinezko edo ibilgailuen zirkulazio librea zailtzen duen edozein oztopo; gauez, argituta egon beharko du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzearren.

Oztopoa jartzeko ardura duenaren kontura izanen dira seinaleztatzea eta argitzea, eta baimenean agertzen diren jarraibideak edo Udaltzaingoak adierazten dizkionak beteko ditu.

6. Interesdunek oztopoa kentzen ez badute, udal agintariek hura kentzeko agindua emanen dute haien kargura, ordezko betearaztearen legezko errekarguekin, kasu hauetan:

a) Behar den baimenik erdietsi ez bada.

b) Oztopoa jartzeko arrazoiak bukatu direnean.

c) Baimenaren epea bukatu bada.

d) Baimenean eskatutako baldintzak betetzen ez badira.

e) Emandako baimena indargabetzeko ezinbesteko arrazoiak agertzen direnean.

IX. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak. Kautelazko neurriak

I. KAPITULUA

Ibilgailuak ibilgetzea

78. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

1. Agintaritzako agenteek, eta hala dagokionean, Udaltzaingoko laguntzaileek ibilgailu bat ibilgetzen ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonendako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahal badu bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:

a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.

b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.

c) Ageri denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo sorgorkariak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bestelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko gorputzez nahiz buruz behar den egoera bestelakotzen badute.

d) Gidariak alkohola, sorgorgarriak edo gisako beste gai batzuk hautemateko probak egin behar eta horiei uko egiten dienean edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.

e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.

f) Ibilgailuak ez duenean zirkulatzeko administrazio-baimenik, ez duelako lortu, baliogabetu delako edo indarra galdu duelako, edo ez direlako betetzen zirkulatzeko baimena lortzeko baldintzak.

g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egin dezakeela edo haren kargaren parte bat bide publikora erortzen ahal zaiola.

h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.

i) Mugitzeko aukerak edo, kasuaren arabera, gidariaren ikusmena modu arriskutsuan murrizten denean bidaiari kopuruagatik edo haien posizioagatik, edo garraiatutako objektuen kokapenagatik, eta edozein kasutan bidaiari kopuruak erabilgarri dauden plazak %50ean gainditzen baditu, gidaria aintzat hartu gabe.

j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.

k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.

l) Gidariak edo bidaiariak ez dituztenean erabiltzen babeserako kaskoa edo haurrei eusteko gailuak, derrigorrezkoak diren kasuetan. Neurri hori ez zaie ziklistei aplikatuko.

m) Ibilgailuak ateratzen duen asotsa eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.

2. Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, Administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.

3. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aitzinetik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

79. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, Agintaritzako agenteek eta Udaltzaingoko laguntzaileek bide publikotik kendu eta Udal Altxatokira eramaten ahalko dute, kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.

d) Arau-haustea dela eta ibilgailua ibilgetuta, arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.

e) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitzen dituen tokietan ibilgailua aparkaturik gelditzen denean, horretarako baimena ematen dion bereizgarria ezarri gabe, edo baimendutako edo ordaindutako denbora halako hiru egiten duenean.

f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Azoka txikia edo bestelako jarduerak egiteko gordetako tokian aparkatuta dagoenean erreserbak irauten duen bitartean (halaxe adierazita egonen da seinaleetan).

h) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

i) Legez ibilgailua ibilgetu behar eta hura egiteko manerarik ez dagoenean ibilgailu edo jendeen ibilia trabatu gabe.

Ibilgailua kentzeagatik sortzen diren gastuak titularraren kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa bermatuko du ibilgailua berreskuratzeko baldintza gisa.

80. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

Aipatze aldera baizik ez, honelakoetan ulertuko da ibilgailua aitzineko artikuluan adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo espaloian urritu fisikoak pasatzeko oketsean aparkatua dagoenean.

e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.

i) Desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.

j) Espaloi, ibiltoki, irlatxo edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

o) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.

p) Lorategien aldean aparkaturik dagoenean.

q) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.

r) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bestela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira; eta horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuliko bazaio. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau-haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.

81. artikulua. Bestelako kasuak.

1. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:

a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

c) Larrialdietan.

2. Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo Udal Altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

3. Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

82. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera uztea.

Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere, behar den ordenantza fiskalean kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaintzen bada.

III. KAPITULUA

Zehapen prozedura

83. artikulua. Prozedura.

Ordenantza honetan araututako gaietan jarraitu beharreko prozedura Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta, horretan aurreikusirik ez dagoen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

84. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, baldin trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez badu. Benetan eragindako arriskuaren arabera sailkatu eta mailakatuko dira arau-hauste arinak.

2. Arau-hauste oso astuntzat joko da ibilgailu bat gelditzea edo aparkatzea desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.

85. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak.

Isuna %50 merkeago ordaintzeak berarekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura berariazko ebazpenik eman behar izan gabe amaitzea, errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

86. artikulua. Instrukzioa.

Udal Idazkaritzak edo haren eginkizunak betetzen dituenak irekiko ditu espedienteak ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik.

Idazkaria kanpoan izateagatik edo legezko arrazoi bat tartean dela, errekusatua bada edo abstenitzen bada, legelari batek ordeztuko ditu haren funtzioak.

Instrukzioa burututa, Udaleko organo eskudunak bidezko ebazpena emanen du.

87. artikulua. Udal-eskumenik eza.

Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Zangozako Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta horren ondotik Zangozako Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

88. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

Diru zehapenarekin batera, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena eta puntuen galera ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko edo esleituriko puntuetakoren bat galtzeko zehapena ezar dezan.

89. artikulua. Helbidea, jakinarazpenetarako.

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

90. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren kontra errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita, edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza hau indarrean jartzen denean baliorik gabe geratuko dira Zangozako oinezkoen eremuetan ibilgailuen sarbide murriztua arautzen duen ordenantzaren arabera emandako baimenak, ordenantza honek indarrik gabe uzten du-eta. Sartzeko txartela ordenantza hartan ezarritakoaren arabera eskuratu zuten titularrei banakako jakinarazpen bat igorriko zaie, sartzeko betekizunak eta baldintza berriak azalduz. Hala, bada, baldintza horiek betetzen dituzten bizilagunen txartelak baliozkotu eginen dira, eta betetzen ez dituztenenak, aldiz, bertan behera utziko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak. Zehazki, ordenantza indarrean jartzearekin bat, honako hauek geldituko dira indargabetuta:

–Zangozako Udalaren trafikoari buruzko ordenantza.

–Udal ordenantza, ezgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko prozedura arautzen duena.

–Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta bide publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein motatako salgaien zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, ordenantza honetan araututako gaiei buruzko xedapenez ari garela.

–Zangozako oinezkoen eremuetan ibilgailuen sarbide murriztua arautzen duen ordenantza, ordenantza honetan araututako gaiei buruzko xedapenez ari garela.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2108959