143. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

514/2021 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2021ean abeltzaintza lehiaketen antolaketarako laguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 565591.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 7ko 189/2016 Foru Aginduaren bidez, arauak ezarri ziren abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak ematearen gainean.

Arau hau onetsi aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen Nafarroako Foru Komunitateak igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA.45058 (2016/XA) laguntza zenbakiarekin.

Deialdi honetako abeltzaintza lehiaketen antolaketarako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 24. artikuluaren 2. puntuan kokatzen dira; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31ra arte izanen da, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat etorriz; erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Aplikazio aldia gorabehera, kontuan harturik NPEa berritzeko legegintza prozedura ez dela bukatu, eta denbora pixka bat joan daitekeela esparru juridikoa onartu arte (horren ondoriozko ekintza eskuordetuak eta betearazleak barne), 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko abenduaren 8ko 2020/2008 (EB) Erregelamenduaren indarraldia (erregelamendu horren bidez 702/2014 (EB) Erregelamendua aldatu zen, aplikazio aldiari dagokionez).

Nafarroako Foru Komunitateak, 2020ko abenduaren 31n iraungi ziren estatuko laguntzetarako tresna eta araubideak luzatu direla ikusirik, asmoa du 2021eko ekitaldian behar den deialdia egitea abeltzaintza lehiaketen antolaketarako laguntzak emateko.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021ean abeltzaintza lehiaketen antolaketarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Toki entitateek ere gardentasunaren arauak bete beharko dituzte, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluarekin eta hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, baldin eta lehen aipatutako baldintzaren bat betetzen badute. Betebehar hau bete dela ulertuko da dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari aurkeztuz gero erantzukizunpeko adierazpen bat, toki entitateek gardentasunaren arloan dituzten betebeharrak bete direla esaten duena.

Lehengo paragrafoan esandakoa behar den moduan bete ez bada, toki entitateak egiaztatu beharko du obligazio hauek bete dituela, gardentasun betebeharrari buruzko eredua aurkeztuz. Eredu hori eskuragarria da lehen esan dugun estekaren bidez.

4. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

5. Ebazpen honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 30.000 euroko gastua baimentzen da, 2021eko Nafarroako aurrekontu orokorren “Abere azokak eta lehiaketak” izeneko 710004 71310 4609 412200 partidaren kargura.

6. Deialdi honetan aplikatzekoak dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 7ko 189/2016 Foru Aginduan ezarritako oinarri arautzaileak. Foru agindu horren bidez, abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 20an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2108472