143. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

485E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita “Tuterako Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea Las Labradasko AG-1 eremuan” aldaketari buruz. Agropecuaria Navarra sozietate kooperatiboak sustatu du.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5f eta 6.2 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Tuterako Udalak 2020ko uztailaren 27an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2020eko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 3koan.

Aldaketaren xedea da “AG-1 Las Labradas” industrialdea garatzea, Tuteratik Fiterorako errepidean, 2 eta 3,800 kilometro puntuen artean. Industrialde osoa berrantolatzeko egin da aldaketa, hasiera batean hainbat enpresa ezartzeko industrialdetzat aurreikusten baitzen. Egoera hori aldatu egin da AN taldea industrialdearen enpresa eta kudeatzaile bakarra bihurtzean. Izan ere, horrek industrialdearen eraketaren kontzeptua aldatzen du.

Industrialdearen eremua, N-160aren hegoaldean kokatua, hiri lurzoru finkatugabeko lurzatiei (12. poligonoko 467. eta 644. lurzatiak) eta lurzoru urbanizagarri sektorizatuko lurzatiei dagokie (12. poligonoko 28., 617.-622., 624.-631., 639.-643. lurzatiak), eta 26,3 hektareako azalera du guztira. Gaur egun 467. eta 644. lurzatietan eraikinak ditu, eraikuntza eta industria nabeei dagozkienak, eta gasolindegi estalpe bat.

Proiektuak industrialdea 4 lurzatitan banatzea planteatzen du. Errepideko biribilguneetatik sartzen ahalko da bertara. Udal Plan Orokorrean proposatutako eraikigarritasunari eta 2008an egindako aldaketari eutsiko zaie, eta lurzati berrietan birbanatuko dira. N-160 errepide inguruan, bidea bikoizteko erreserba eremua mantenduko da. Hegoaldean, azken zatian dagoen bidea aldatuko da, lurzatien egitura berrira egokitzeko. Guztira 4,7 hektareako azalera duten berdeguneak bi eremu handitan banatuko dira: bata hego mendebaldeko muturrean eta AHTaren zortasun eremuan, 2,6 hektareakoa, eta bestea industrialdearen perimetro eremuan, hegoaldera begira, 2,9 hektareakoa.

Eremua, erabilera global industrialeko lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatuta dago, eta, bestetik, erabilera anitzeko ekipamendu gisa (2. eta 3. lurzatiak) eta hiri lurzoru finkatugabe gisa (AN1 lurzatia eta Nafarroako Gobernuaren 4. lurzatia). Industrialdea garatzeko, birpartzelazio eta urbanizazio proiektua eginen dira eta azken horrek honako hauek barne hartuko ditu: landa bidea urbanizatzea, lorategi eremuak, sarrerako biribilgune bikoiztua, erabilera publikoko oinezkoentzako bidea N-160 errepiderantz dauden lurzati aurpegietan, industrialderako beharrezko zerbitzuentzako harguneak eta landa bidearen zuhaiztia.

Aldaketak funtzionatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak ditu, hala nola ur hornidura, saneamendua, elektrizitatea, telefonia eta gas naturala.

Proposamenak ez du aldaketarik eraginen lurzoruaren sailkapenean. Aurreko plangintzetan lurzoru industrialerako erabili zen, eta, beraz, ez da ingurumen eragin berririk sortuko. Eredu aldaketa ekarriko du jarduera ekonomikoen industrialdearen kudeaketari eta xedeari dagokienez.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala egin dela, eta aldaketan sartu beharreko baldintza batzuk ezarri ditu, proposamenaren ingurumen integrazioa hobetzeko. Antolamendu berrian kontuan hartu beharreko alderdietako bat izanen da La Serna industrialdeko ekaitz tangatik datorren drainatze bidea ibilgu ireki gisa mantentzea, eta horrela haren funtzionaltasuna bermatuko da. Mugikortasunari eta euri uren kudeaketari dagokienez, Mugikortasun Jasangarrirako Plan Gidaria (2018-2030) eta POT5 Antolamendu Plana kontuan hartuta, urbanizazio proiektuetan neurriak hartuko dira aparkaleku plazak erreserbatzeko ibilgailu pribatuak ez diren garraioentzat, eta lurrazaleko aparkalekuetarako lurzoruak iragazgaiztea saihesteko.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea “Tuterako Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea Las Labradasko AG-1 eremuan” aldaketari buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean. Sustatzailea Agropecuaria Navarra sozietate kooperatiboa da. Aldaketaren ingurumen integrazioak honako zehaztapen hauek hartuko ditu:

–Ibilgu ireki, etengabe eta funtzional gisa mantentzea La Serna industrialdeko PSIS eremuko ekaitz tangatik datorren drainadura.

–Euri urak kudeatzea, gainazaleko aparkaleku eremuetan azalera iragazkorrak ezarriz.

–Aparkaleku plazak erreserbatzea ibilgailu pribatuaren ordezko garraio modalitateetarako.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Tuterako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2108467