143. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

449E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa formulatzen duena aldaketa honi buruz: “Azkoiengo Udal Planaren aldaketa egituratzailea. Nekazaritzako produktibitate ertaineko ustiapenerako gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren erabilera-araubidea (SNUPrsEN:C)”. Sustatzailea Azkoiengo Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5f eta 6.2 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute. 2021eko martxoaren 14an, Azkoiengo Udalak ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera aurkeztu zuen, eta ingurumen dokumentu estrategikoa eta hirigintza dokumentazioa aurkeztu zituen.

Aldaketak Azkoiengo Udalaren Osoko Bilkuraren hasierako onespena du, 2021eko urtarrilaren 27an emana, eta jendaurrean jarri da 2021eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 18koan.

Aldaketaren xedea da “eguzki energiako instalazioak eraikitzea” baimentzeko moduko jarduera gisa sartzea nekazaritzako balio ertaineko ustiapenerako gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategoriako erabileren araubidean (SNUPrEN:C). Ondorioz, gorde beharreko lurzoru urbanizaezina arautzen duen 55. artikulua aldatzen da.

Balio ertaineko nekazaritza lurzoruak (SNUPrsEN:C) udalerriaren mendebaldean daude nagusiki, KBEaren iparraldean eta hegoaldean, “Estellerriko erriberako igeltsuak”, eta, han-hemen, Nafarroako ubideko eremu ureztagarrien eremuan sartu ez diren ekialdeko hereneko lursailetan. Parke fotovoltaikoak “gorde beharreko lurzoru urbanizaezina; laboreak” kategorian baimentzen ahal den jarduera gisa berariaz sartzeak ez ditu salbuesten proiektuen ingurumen-tramitazioa egin beharretik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazioaren arabera.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. 2021eko apirilaren 13an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa formulatzea aldaketa honi buruz, ez baitu ingurumen ondorio nabarmenik: “Azkoiengo Udal Planaren aldaketa egituratzailea. Nekazaritzako produktibitate ertaineko ustiapenerako gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren erabilera-araubidea (SNUPrsEN:C)”. Sustatzailea Azkoiengo Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Azkoiengo Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2108466