142. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, “Emigrante nafarrak eta haien familiak Nafarroara itzultzera bideratutako banakako ebaluazio araubideko laguntzak” deialdiaren oinarriak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 564713.

Espainiako Konstituzioaren 42. artikuluan xedatzen denez, “Estatuak bereziki atzerrian ari diren langile espainolen eskubide ekonomiko eta sozial babesen alde begiratuko du, eta haien itzuleraren alde zuzenduko du politika”. Horrela, Magna Cartaren arabera, itzulera emigrantearen oinarrizko eskubideetako bat da.

Aldi berean, 13/1982 Lege Organikoaren (13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa) Atariko Tituluaren 5. artikuluko 2. apartatuak honako hau dio: “Atzerrian bizi eta beren azken auzotasun administratiboa Nafarroan izan duten espainiarrek Nafarroan bizi direnek dituzten eskubide politiko berberak izanen dituzte. Halaber, haien ondokoek ere eskubide horiek izanen dituzte, espainiar gisa izena emanda badaude eta horrela eskatzen badute Estatuko legeriak zehazten duen gisan”.

Era berean, 40/2006 Legearen (40/2006 Legea, abenduaren 14koa, Atzerriko Espainiar Herritartasunaren Estatutua) azalpen-zatian honako hau aipatzen da: “Konstituzioaren 42. artikulua betez, emigrazioko eta itzulerako politika integrala ezarri behar da emigranteen, erbesteratuen eta horien guztien ondorengoen eskubide ekonomiko eta sozialak babesteko, eta itzultzen direnen gizarteratzea eta laneratzea errazteko”. Lege horretan bertan, 26. artikuluan honako hau dio: “Estatuak, Autonomia Erkidegoekin eta Toki Korporazioekin lankidetzan, politika integrala sustatuko du atzerrian bizi diren jatorri espainiarreko pertsonen itzulera errazteko. Horretarako, baliabide publikoen aprobetxamendu eraginkor eta efizientea egite aldera, botere publikoek beren jardunak koordinatuko dituzte itzultzen diren espainiarren gizarteratzea eta laneratzea ahalik eta baldintza onenetan gertatu dadin”.

Gainera, Nafarroako Gobernuak, 2019ko martxoaren 27ko erabakiaren bidez, Kanpoan Bizi diren Nafarrentzako Estrategia-NEXT estrategia onetsi zuen. Horren helburua da pertsona hauekin dagoen lotura estutzea, Foru Komunitatera itzul daitezen errazteko; haiekin lan-sareak sortzea bultzatzea, talentuaren ihesa galaraztea eta Nafarroa munduan sustatzea.

Nafarroako Gobernuak 2021eko maiatzaren 5ean hartutako Erabakiaren bitartez, emigrante nafarrak eta haien familiak itzultzera bideratutako laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko ahalmena eman zaio Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari.

Aipatu estrategiaren 2. ardatzean (“Atxikipena eta itzulera”) ezartzen diren helburuak betetzeko, zeinean ezartzen baitira atzerrian bizi diren nafarren itzulerarako neurriak, deialdi bat onesten da. Laguntza deialdi honen helburua da Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak itzuli nahi duten emigrante nafarrei eta haien familiei, deialdi honetan zehaztutako atalaseen pareko edo hortik beherako errentak izanik, ematen dizkien laguntzak emateko araubidea finkatzea.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. “Emigrante nafarrak eta haien familiak Nafarroara itzultzera bideratutako banakako ebaluazio araubideko laguntzak” dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru Agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

B50001 B5130 4809 144100 Laguntzak nafarrei itzul daitezen

2021

30.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru Agindu hau eta Eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru Agindu hau Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñea, 2021eko maiatzaren 18a.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Emigrante nafarrak eta haien familiak Nafarroara itzultzera
bideratutako banakako ebaluazio araubideko laguntzen deialdia

1. Xedea.

Deialdi honen helburua da Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak itzuli diren edo itzuli nahi duten emigrante nafarrei eta haien familiei, deialdi honetan zehaztutako atalaseen pareko edo hortik beherako errentak izanik, ematen dizkien laguntzak emateko araubidea finkatzea.

2. Finantzaketa.

Osotara 30.000 euro daude deialdi honetarako, eta 2021eko gastuen aurrekontuko partidaren kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50001 B5130 4809 144100 Laguntzak nafarrei itzul daitezen

2021

30.000,00

3. Onuradunak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak baliatzen ahalko dira itzultzeko laguntza hauetaz:

–Nafarroan jaioa izatea edo Espainiako azken auzotasun administratiboa Nafarroa izatea edo, Estatuko legeei jarraikiz, espainiartzat erregistratutako nafarren ondorengoen seme-alaba edo biloba izatea.

–Atzerritik Nafarroako edozein udalerritara itzuli izana edo itzultzekoa izatea, denbora-muga honen barruan:

  • 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko azaroaren 16ra bitarte.
  • Atzerrian legez bizi izana, gutxienez urtebetez, Nafarroara jada itzuli direnak itzuli zireneko egunetik kontatzen hasita, edo atzerrian gutxienez urtebetez bizitzen egotea itzuli nahi duten pertsonentzako laguntzaren eskaera egin zen egunetik kontatzen hasita.
  • Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

Deialdi honen ondorioetarako, ez dira atzerrian bizi izandako denboratzat hartuko atzerrian egindako egonaldi laburrak, ikasle-mugikortasun, kanpamendu, opor, turismo edo antzeko arrazoi ludikoengatik egindakoak. Era berean, ez dira lanalditzat hartuko atzerrian egindako ikasketekin lotutako praktikak, edo boluntario gisa emandako zerbitzuak edo ordainsari ekonomikorik ez dakarren beste edozein.

4. Laguntza eskuratzeko egoera ekonomikoa.

Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak eskuratzen ahalko dituzte urteko errenta (itzulerako urtearen aurrekoari dagokiona) edo, hala badagokio, familia-unitatearen errenta (betiere laneko errentak, pentsioak, kapital errendimenduak edo enpresa-jarduerak sartuta) honako muga ekonomiko hauen barruan dutenek:

a. Kide 1eko familia-unitatea: OAEAPa halako 2,5, edo txikiagoa.

b. 2 kideko familia-unitatea: OAEAPa halako 3,5, edo txikiagoa.

c. 3 kideko familia-unitatea: OAEAPa halako 4,5, edo txikiagoa.

d. 4 kideko familia-unitatea: OAEAPa halako 5, edo txikiagoa.

Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (OAEAPa) Espainian erabiltzen den adierazle bat da, laguntzak eta dirulaguntzak emateko erabiltzen dena. Errenta kalkulatzeko, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak 2021erako ezartzen duen urteko OAEAPa hartuko da erreferentziatzat, 14 ordainsaritan.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira eskatzailearen bidaia-gastuak, eta, hala badagokio, harekin batera itzuli diren edo itzuliko diren familia-unitateko kideenak ere. Halaber, haien altzariak eta tresnak Nafarroara ekartzea ere diruz lagungarria izanen da.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, eskatzaile bakoitzeko, 2.000 euro izanen da. Hortik aurrera, eskatzailearen kargura bizi den eta familia-unitateko kidea den pertsona bakoitzeko (adinez nagusia), 500 euro gehituko dira, 3.500 euroko mugarekin.

6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea honako hau izanen da: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2021eko urriaren 20ra arte (egun hori barne).

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, eta betiere webgune honetan dagoen eskaera-ereduaren arabera: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=8008.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkezteko, aurkezleak Ziurtagiri Digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak 20 Mb-koak izanen dira, gehienez ere, eta formatu hauetako batean: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, nahitaez aurkeztu beharko dute oinarri honetan eskatutako dokumentazio guztia.

6.1 Laguntza eskatzen den egunean itzulera gauzatua baldin badago aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Kasu guztietan, laguntza eskaerarekin batera (deialdi honen eranskinean atxikitako ereduaren araberakoa izan beharko du), dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailea nafar jatorrikoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:

–Eskatzailearen NANa edo pasaportea edo jaiotza-ziurtagiria, eta hala badagokio, eskatzailearekin batera Nafarroara itzultzen diren familia-unitateko kideena (*).

–Eskatzailearen errolda-ziurtagiria, zeinean adieraziko baita Nafarroan bizi izan dela 10 urtez jarraian.

–Familia-liburua edo antzeko dokumentazioa, frogatzen duena eskatzailea nafar jatorria duen herritar baten ondorengoa dela.

b) Atzerrian bizitzen daraman denbora frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:

–Eskatzailea zer herrialdetan bizi izan den, herrialde horretako edo horietako kontsulatuko matrikula-erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria, edo bizileku ziurtagiria.

–Lan bizitzaren edo ikasketen ziurtagiria, edo beste edozein agiri, ofiziala edo ez, baina aski erakusten duena eskatzailea atzerrian zenbat denbora bizi izan den.

c) Erroldatze-ziurtagiria, eskatzaileak eta, hala badagokie, onuradunek bizileku izanen duten Nafarroako udalerriko erroldan alta hartu izana egiaztatzen duena (*).

d) Nafarroara etortzeko gastuen zerrenda.

e) Aurreko urteko errentetatik datozen diru-sarrera guztien frogagiriak (jarduneko lanekoak, pentsioetakoak, kapitalekoak edo jardueretakoak), bai eskatzailearenak, baita bere kargura dituen familia-unitateko kide guztienak ere.

f) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, ez bera eta, hala badagokie, ezta harekin etorriko diren familia-unitateko kideak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ageri diren dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela adierazten duena.

g) Eskatzailea bere kargurako pertsonekin itzultzen denean:

–Eskatzailearen familia-liburua, edo halakorik ezean, zuzenbidez onartutako frogagiria, familia-unitatearen osaera egiaztatzen duena.

(*) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, Administrazioak agiri horiek ez baditu edo aldatu badira (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).

6.2 Laguntza eskatzen den egunean itzulera gauzatu ez baldin bada aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Kasu guztietan, laguntza eskaerarekin batera (deialdi honen eranskinean atxikitako ereduaren araberakoa izan beharko du), dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailea nafar jatorrikoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:

–Eskatzailearen NANa edo pasaportea edo jaiotza-ziurtagiria, eta hala badagokio, eskatzailearekin batera Nafarroara itzultzen diren familia-unitateko kideena.

–Eskatzailearen errolda-ziurtagiria, zeinean adieraziko baita Nafarroan bizi izan dela 10 urtez jarraian.

–Familia-liburua edo antzeko dokumentazioa, frogatzen duena eskatzailea nafar jatorria duen herritar baten ondorengoa dela.

b) Atzerrian bizitzen daraman denbora frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:

–Eskatzailea zer herrialdetan bizi izan den, herrialde horretako edo horietako kontsulatuko matrikula-erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria, edo bizileku ziurtagiria.

–Lan bizitzaren edo ikasketen ziurtagiria, edo beste edozein agiri, ofiziala edo ez, baina aski erakusten duena eskatzailea atzerrian zenbat denbora bizi izan den.

c) Nafarroara itzultzeko bidaia noiz eginen den, gutxi gorabehera.

d) Nafarroara itzultzeko aurreikusten den gastuen aurrekontua.

e) Aurreko urteko errentetatik datozen diru-sarrera guztien frogagiriak (jarduneko lanekoak, pentsioetakoak, kapitalekoak edo jardueretakoak), bai eskatzailearenak, baita bere kargura dituen familia-unitateko kide guztienak ere.

f) Eskatzailearen eta, hala badagokio, familia-unitatearen konpromisoa Nafarroako udalerri batean erroldatzeko, beranduenez, 2021eko azaroaren 16rako.

g) Eskatzailearen eta, hala badagokie, familia-unitateko bere kargurako kideen erantzukizunpeko adierazpena, zeinean adieraziko baita zer herrialdetatik itzuli nahi den eta Nafarroako zer udalerritan erroldatuko den.

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, ez bera, ezta harekin etorriko diren familia-unitateko kideak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ageri diren dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela adierazten duena.

i) Eskatzailea bere kargurako pertsonekin itzultzen denean:

–Erantzukizunpeko adierazpena, zuzenean haren kargura dauden pertsonak nor diren adierazten duena.

–Eskatzailearen familia-liburua, edo halakorik ezean, zuzenbidez onartutako frogagiria, familia-unitatearen osaera egiaztatzen duena.

(*) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, Administrazioak agiri horiek ez baditu edo aldatu badira (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).

Eskaera zuzentzea.

Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak akatsak zuzen ditzala eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatu bezala, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7. Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

Deialdi honetako laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bitartez tramitatuko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen xedaturikoarekin bat.

8. Prozeduraren gaineko ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Laguntza nori eman ebazteko, eskaera bakoitza aurkeztu den ordenari erreparatuko zaio, betiere espedientea osatuta dagoenetik, dirulaguntzaren onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badira (deialdi honetako 6. klausulako dokumentazioa sartuta). Eskaera ebaluatu ondotik, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du. Proposamena ikusita, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak laguntza bakoitza emateko ebazpena emanen du.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabete izanen da, gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunak ez badu instrukzio organoaren jakinarazpenik jaso, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko du. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatuarekin bat.

Laguntza hau emateko, nolanahi ere, xede honetarako gaitzen den aurrekontu bat izan behar da.

9. Bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Beste dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntzekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

10. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

10.1 Laguntza eskatzen den egunean itzulera gauzatua baldin badago aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntza kobratu ahal izateko, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute instrukzio organoan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi dietenetik kontatzen hasi eta 15 egun naturaleko epean:

–Bidaiak eragindako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak. Txartel elektronikoen fakturak norberarenak izanen dira; norentzat diren, haien izenak adierazita dituztela.

–Tresna eta altzariak garraiatzeak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk.

–Erantzukizunpeko adierazpena, konpromisoa hartzeko Nafarroan edukiko duela ohiko bizilekua gutxienez urtebetez, itzultzen den egunetik kontatzen hasita.

–Erroldatze-ziurtagiria, eskatzaileak bizileku duen Nafarroako udalerriko erroldan alta hartu izana ez ezik, familia unitateko kideen bizikidetza ere egiaztatzen duena.

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera edo inprimakia, dauden ereduen araberakoa. Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atalak eskaintzen ahal ditu.

10.2 Laguntza eskatzen den egunean itzulera gauzatu ez baldin bada aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntza kobratu ahal izateko, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute instrukzio organoan, itzulera egunetik kontatzen hasi eta 15 egun naturaleko epean:

–Bidaiak eragindako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak. Txartel elektronikoen fakturak norberarenak izanen dira; norentzat diren, haien izenak adierazita dituztela.

–Tresna eta altzariak garraiatzeak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk.

–Erantzukizunpeko adierazpena, konpromisoa hartzeko Nafarroan edukiko duela ohiko bizilekua gutxienez urtebetez, itzultzen den egunetik kontatzen hasita.

–Erroldatze-ziurtagiria, eskatzaileak bizileku duen Nafarroako udalerriko erroldan alta hartu izana ez ezik, familia unitateko kideen bizikidetza ere egiaztatzen duena.

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera edo inprimakia, dauden ereduen araberakoa. Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atalak eskaintzen ahal ditu.

11. Baldintzak aldatzea.

Onuradunek, laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzetan aldaketarik bada, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari eman beharko diote guztien berri.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

12. Onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten pertsonek:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duen jarduera oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Nafarroan ohiko bizilekua izateari eustea, gutxienez urtebetez, Nafarroara benetan itzultzen den egunetik kontatzen hasita.

c) Dirulaguntza ematen dutenak egiten ahal dituen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

13. Laguntza itzultzea.

Harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarririko kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da, baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

Deskargatu bete beharreko eredu guztiak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2108203