142. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURILLO EL FRUTO

Behin betiko onestea Udalaren eraikin, lokal, instalazio, makina eta materialen erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa partziala

Murillo el Frutoko Udalak, 2021eko martxoaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa partziala Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta materialen erabilera arautzen duen ordenantzan.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko apirilaren 20an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 89. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuari jarraikiz, hasierako onespenaren iragarkia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, bizilagunek eta interesdun legitimoek espedientea azter zezaten eta bidezko iruditzen zaizkien erreklamazioak, kexak edo oharrak egin zitzaten.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluaren azken paragrafoari jarraituz, epealdi horretan erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkezten ez bada, hasierako onespenaren erabakia (testu osoa jarraian azalduko da) behin betikoa bilakatuko da.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Murillo el Fruton, 2021eko ekainaren 4an.–Alkatea, Arancha Murillo Tanco.

MURILLO EL FRUTOKO UDALAREN ERAIKIN, LOKAL, INSTALAZIO, MAKINA ETA MATERIALEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Murillo el Frutoko Udalaren eraikin, lokal, instalazio, makina eta materialen erabilera arautzen duen ordenantza 2017ko urriaren 20an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 203. zenbakian.

Jatorrizko testuan zenbait lege-akats daude zehapen-araubidean (arau-hausteen tipifikazioa eta zehapenen mailak, batez ere) eta ondasun higiezinetan (makinak ez ziren arautzen). Testua interpretatzeko eragozpenak egoten dira; gainera, arau batzuk ez datoz bat egungo egoerarekin.

Ordenantza honen aldaketaren helburua jarraian banan-banan aipatzen diren eraikin, lokal eta instalazio publikoen espazio publikoen erabilera arautzea da:

–Gizarte eta kultur etxea.

–Raimundo Lanas etxea (erabilera anitzeko aretoa eta Raimundo Lanas aretoa).

–Zinema aretoa-Parrokia zentroa.

–Kultur Etxea.

–Udal pilotalekua.

–Futbol zelaia.

Murillo el Frutoko Udalaren makinak, materialak eta gainerako ondasun higigarriak.

Udalaren ondasunak izanik, komeni da gogoratzea horiek erosi, egokitu eta mantentzea zergekin eta Murillo el Frutoko herritarren ekarpenekin egiten direla eta, beraz, beraien zerbitzura egon behar dutela.

Ordenantza honen aldaketaren helburu nagusia da arau argiak jartzea, zehazteko erabiltzailea nor izan daitekeen, zertarako eskatzen ahal den, kostua, fidantzak eta ordenantza hau ez betetzeagatik ezartzen ahal diren zigorrak, eta izan daitezen konprenigarriak, sen onaren arabera ulertzeko modukoak, herriko bizilagun guztiek ahalik eta gehien eta hobekien erabiltzea errazteko.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea nola erabiltzen ahal dituzten Murillo el Fruton erroldatutako pertsonek Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak, makinak, materialak eta gainerako ondasun higigarriak.

Eskolako instalazioei ez zaizkie aplikatuko ordenantza honetako xedapenak.

Udal igerilekuak beren erregelamenduan ezarritakoaren arabera erabiliko dira. Han araututa ez dauden alderdietan, ordenantza honi jarraikiko zaio.

2. artikulua. Legediaren babesa.

Ordenantza hau eman da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluak zenbait udal ondasunen erabilera arautzeko udalei aitortzen dien eskumenarekin bat, lege horren 128. artikuluan xedatuaren babesean.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Arau hauek ordenantza honetan zehaztutako Murillo el Frutoko Udalaren eraikin, lokal, instalazio, makina, material eta gainerako ondasun higigarri guztiei aplikatuko zaizkie.

4. artikulua. Eskatzaileak onartzeko baldintza.

Ordenantza honetako udal ondasunen erabilera elkarteek eta entitate juridikoek –egoitza soziala Murillo el Fruton dutenek– eskatzen ahalko dute, onura publikoa edo gizartearen eta aisialdi-kulturaren alorretako interesa duten jarduerak egiteko. Murillo el Fruton erroldatutako bizilagunen eskaerak ere, norberaren izenean edo talde baten izenean, onar daitezke, aurretik aipatutako eremuan jarduerak antolatzeko.

Araudi honen oinarrietan azaldutakoa kontuan harturik, ordenantza honetako udal ondasunak erabiltzeko eskaerak onar daitezke, norberarentzako jarduera eta ekitaldi pribatu eta partikularrak egiteko, betiere protagonistetako bat Murillo el Fruton erroldatutako bizilaguna bada.

5. artikulua. Erabilera zibikoa.

Baimena lortzen duten eskatzaileek udal ondasunak erabili beharko dituzte haien izaera eta xedea kontuan hartuz, inolako kalte edo galerarik sortu gabe, nahiz eta higadura gerta daitekeen, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela eta.

6. artikulua. Beste erabilera bat emateko debekua.

Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak, makinak, materialak eta gainerako ondasun higigarriak ez dira inoiz erabiltzen ahalko baimendutako helburuaz bestelako helburuetarako.

Eskaerak ezetsi eginen dira, Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak eta ondasunak hirugarren baten izenean eskatzen badira, Murillo el Fruton erroldatutako bizilagunak protagonista izanen ez diren jardueretako.

7. artikulua. Garbitasuna eta antolamendua zaindu beharra.

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek zainduko dute haien garbitasuna eta antolamendua. Egun bateko erabilaldiaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, beste hartzaile batzuek berehala erabiltzeko moduan uzteko. Ez bada eginbehar hori betetzen, Udalak modu subsidiarioan eginen du garbiketa eta horren kostua ordaindu beharko da.

8. artikulua. Sartzeko modua.

Eraikina edo lokala erabiltzeko giltza behar denean, erabilera eskatzen duenak giltza itzuli beharko du eta ez du kopiarik egiten ahalko.

Kopiak eskuratuz gero, ordenantza 13. eta 14. artikuluetan xedatzen dena eginen da eta denak itzuliko zaizkio Udalari eraikinak eta lokalak erabiltzeko epealdia bukatutakoan.

9. artikulua. Eskaeren formalizazioa.

Ordenantza honetan aipatzen diren Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak, makinak eta gainerako ondasunak erabili nahi dituzten pertsonek edo entitateek idatziz eskatu beharko diote Murillo el Frutoko Udalari, eta adierazi beren identifikazio datuak, beharrak, jarduera mota, jardueraren protagonistak, zenbat denboraz erabiliko den eta aurreikusitako pertsona kopurua.

Murillo el Frutoko Udalak egokiak iruditzen zaizkion agiri edo argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eskaerari buruzko ebazpena emateko.

Instalazioak aldi berean erabiltzeko eskaerak daudenean eta horiek elkarren artean bateraezinak direnean, udal erregistroko sarrera hurrenkerari jarraituko zaio zorrotz.

10. artikulua. Ebazpen arrazoitua.

Alkateak arrazoiturik ebatziko du bidezkoa dena, aintzat hartuta kasuan kasuko eraikinaren, instalazioen edo ondasunen erabilgarritasuna, eskaeren ezaugarriak, erabiltzaile kopurua, helburua eta erabilera denbora.

11. artikulua. Erabileraren amaiera.

Erabilera bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari, eta horrek bidezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu, erabiltzaileek ordenantza honetan ezarritakoa betetzen duten ikusteko.

Egiaztapen hori egin eta kalterik ez dagoela eta zehapenik paratzea ez dela bidezkoa ikusi ondoren, itzuli eginen da fidantza.

Kontrakoa gertatuz gero, Udalak bidezkoak diren erantzukizunak eskatuko ditu eta fidantza eragindako kalte-galerak ordaintzeko erabiliko da (edo, hala behar bada, garbiketa lanak modu subsidiarioan egitearen kostua ordaintzeko) eta baita bidezko izan litezkeen diruzko zehapenetarako ere, ordenantza honen 13., 14. eta 16. artikuluetan xedatzen denarekin bat etorriz.

12. artikulua. Erabileraren erantzukizuna.

Ordenantza honetan aipatzen diren eta erabiltzen diren Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta ondasunen erabiltzaileek erantzukizun solidarioa izanen dute, maltzurkeria edo utzikeria direla medio bertan eragindako kalte eta galerengatik.

13. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

1. Arau-hauste oso larriak izanen dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian, berehalakoan eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak eta nabarmenak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak larriki eta modu nabarmenean narriatzea eta ondorioz konponezinak izatea eta oso-osorik berritu behar izatea.

e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

f) Espazio publikoak edo haietako instalazioak eta elementuak, higigarri zein higiezinak, modu larri eta nabarmenean hondatzea, herritarren segurtasuna asaldatu gabe, baldin eta narriaduraren ondorioz konpontzeko modurik ez badago eta osorik berritu behar badira.

g) Ordenantza honetan arautzen diren Udalaren eraikinak, lokalak, instalazioak, makinak, materialak eta gainerako ondasunak modu larrian eta nabarmenean narriatzea, baldin eta konponezinak badira eta ondorioz Udalak osorik berritu behar baditu.

2. Arau-hauste larriak izanen dira:

a) Udalaren eraikinak, lokalak edo instalazioak okupatzea Udalaren baimena eduki gabe.

b) Udalaren ekipamenduak, makinak eta gainerako ondasunak hartzea baimenik eduki gabe.

c) Kalteak egitea Udalaren eraikinei, lokalei, instalazioei, makinei, materialei eta gainerako ondasun higigarriei, konpontzeko modukoak izanez gero.

d) Erabilitako eraikin, lokal eta instalazioetako giltzen kopiak egitea Udalaren baimenik eduki gabe (alkatetzaren bidez).

e) Ordenantza honetan arautzen diren eraikinak, lokalak, makinak, materialak eta ondasunak oker erabiltzea eta ondoriok konpontzeko moduko kaltea, gaitza edo hondaketa sortzea.

f) Ordenantza hau iruzurrez erabiltzea lagatako eraikinak, lokalak, makinak, materialak eta ondasunak erabiltzeko.

3. Arau-hauste arinak izanen dira:

a) Baimena izanik okupaturiko lokal eta aretoen garbiketa ez egitea ordenantza honetan agindutako eran.

b) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

c) Baimendutako erabilera ordutegia gainditzea.

d) Ordenantza honen aurkako gainerako arau-hausteak, hau da, oso larriak edo larriak ez diren guztiak.

14. artikulua. Zehapen-araubidea.

1. Ordenantza honen aurkako arau-hausteengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:

–Arau-hauste oso larria egiteagatik: 3.000 euro gehienez.

–Arau-hauste larria egiteagatik: 1.500 euro gehienez.

–Arau-hauste arina egiteagatik: 750 euro gehienez.

2. Ordenantza honen arau-hausteetako bat egiten duenak arau-hausteari dagokion isuna ordaindu beharko du eta, gainera, konpondu, lehengoratu edo berritu beharreko eraikin, lokal, makina, material edota ondasunean egindako kaltea edo gaitza ordaindu beharko du.

Halakoetan, jarritako fidantza atxikiko da, 16. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz, eta horrekin ez bada aski egindako kaltea edo gaitza estaltzeko, arau-haustea egin duenak falta den diru-kopurua eman beharko du.

3. Artikulu honetan arautzen ez den guztirako Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatzen dena aplikatuko da.

15. artikulua. Erabilera-tarifak.

Jarraian zehazten diren tarifei dagokienez, egoitza soziala Murillo el Fruton duten elkarteek eta entitateek ez dituzte ordaindu beharko, araudi honen arabera, baldin eta antolatu jardueraren asmoa ez bada dirua irabaztea.

Murillo el Fruton erroldatutako bizilagunen eskaeretatik eratorritako erabileretarako, jarraian adierazitako tarifak zehazten dira (Udalak urtero onesten duen aurrekontu araudian eguneratzen ahal ditu). Honako hauek izanen dira:

1. Gizarte eta Kultur Zentroa erabiltzeagatik:

a) 15 euro orduko, erabileraren helburua denean bilerak, hitzaldiak, erakusketak eta gizartearen eta/edo aisialdi-kulturaren alorretako interesa duten beste edozein ekitaldi publiko egitea, eta horietan bertaratutakoek kuotak ordaindu behar dituztenean. Udalak erabaki dezake antolatzaileak tarifa hori ordaindu behar izatetik salbuestea, irizten badu justifikatua dagoela eta parte-hartzaileen onura publikoa dakarrela.

b) 60 euro orduko, erabileraren helburua denean antolatzea ezkontza bazkariak, jaunartzeak, bazkariak eta/edo afariak egitea testuinguru pribatuan, familian nahiz lagunartean.

Erabilera kontatzen hasiko da, lokalaren giltza ematen denean (jarduera hasi baino 2 ordu lehenago) eta ekitaldia bukatzean amaituko da.

2. Udal pilotalekua erabiltzeagatik:

2.1. Kirol-erabilerak.

Helburua kirolean aritzea bada, euro bat sartzeagatik eta 3 euro argi-orduko, berariaz sortutako aplikazioaren bidez edo herritar txartela kargatuz.

2.2. Kirola ez beste erabilera batzuk.

a) 15 euro orduko, erabileraren helburua denean bilerak, hitzaldiak, erakusketak eta gizartearen eta/edo aisialdi-kulturaren alorretako interesa duten beste edozein ekitaldi publiko egitea, eta horietan bertaratutakoek kuotak ordaindu behar dituztenean. Udalak erabaki dezake antolatzaileak tarifa hori ordaindu behar izatetik salbuestea, irizten badu justifikatua dagoela eta parte-hartzaileen onura publikoa dakarrela.

b) 60 euro orduko, erabileraren helburua denean antolatzea ezkontza bazkariak, jaunartzeak, bazkariak eta/edo afariak egitea testuinguru pribatuan, familian nahiz lagunartean.

Erabilera kontatzen hasiko da, lokalaren giltza ematen denean (jarduera hasi baino 2 ordu lehenago) eta ekitaldia bukatzean amaituko da.

3. Erabilera anitzeko aretoa eta Raimundo Lanas aretoa, Kultur Etxea eta parrokia zentroko zinema aretoa erabiltzeagatik:

10 euro orduko, erabileraren helburua denean bilerak, hitzaldiak, erakusketak eta gizartearen eta/edo aisialdi-kulturaren alorretako interesa duten beste edozein ekitaldi publiko egitea, eta horietan bertaratutakoek kuotak ordaindu behar dituztenean. Udalak erabaki dezake antolatzaileak tarifa hori ordaindu behar izatetik salbuestea, irizten badu justifikatua dagoela eta parte-hartzaileen onura publikoa dakarrela.

Erabilera kontatzen hasiko da, lokalaren giltza ematen denean (jarduera hasi baino 2 ordu lehenago) eta amaituko da ekitaldia bukatzean.

Erabiltzeko baimena izan eta udal ondasunak erabiltzen hasi aurretik ordainduko dira, betiere, aipatutako tarifak.

16. artikulua. Fidantza eratzea.

1. Fidantza jar dadila eskatzen ahalko da, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantza horrek ordenantza honetan arautzen diren eraikin, lokal, instalazio, makina, material edo ondasunak ongi erabiltzeko betebeharra bermatuko du eta, halaber, haietan kalte-galerarik gertatzen bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen bermea izanen da, eta baita baimenaren baldintzak ez betetzeagatik jar litezkeen zehapen ekonomikoena ere.

Hauek izanen dira fidantzen zenbatekoak:

a) Gizarte eta Kultur Zentroa eta udal pilotalekua kirola ez beste erabilera baterako erabiltzearen kostua halako bi, erabileraren helburua denean bilerak, hitzaldiak, erakusketak eta gizartearen eta/edo aisialdi-kulturaren alorretako interesa duten beste edozein ekitaldi publiko egitea, eta horietan bertaratutakoek kuotak ordaindu behar dituztenean.

b) Gizarte eta Kultur Zentroa eta udal pilotalekua kirola ez beste erabilera baterako erabiltzearen kostua halako hiru, erabileraren helburua denean eztei-oturuntza, komunio-oturuntza, bazkaria edo afaria eta antzekoak egitea ahaideekin edo lagun artean, modu pribatuan.

c) Erabilera anitzeko aretoa, Raimundo Lanas aretoa, Kultur Etxea eta parrokia zentroko zinema aretoa erabiltzearen kostua halako hiru.

2. Erabilera eguna baino lehen eratu beharko dira fidantzak, eta erabili ondoko bost egun baliodunetan itzuliko dira, Udalaren langileek ordenantza arautzen diren eraikinak, lokalak, instalazioak, makinak, materialak edo ondasunak ikuskatu eta eskatzaileak erabili aurreko garbitasun egoera berean utzi dituela eta kalterik, gaitzik ez narriadurarik ez dela gertatu egiaztatu ondoren.

3. Ordenantza honen 13. artikuluan arautzen diren arau-hausteetako bat gertatzen bada eta zehapen-prozedura hasten bada, fidantza atxikita geldituko da behin-behinean, harik eta zehapen-prozedura amaitzen duen ebazpena irmo bihurtu arte.

4. Baldin eta, zehapen-prozedura amaitzen duen ebazpena irmo bihurtu ondoren, ordenantza honetan arautzen diren ondasunetako batean kaltea, gaitza edo narriadura gertatzen bada ordenantza honen 13. artikuluan azaldutako arau-hauste baten ondorioz eta hura konpondu, lehengoratu edo osorik berritu behar bada, fidantza behin betiko atxikiko da.

5. Murillo el Frutoko elkarteek eta ikastetxe publikoko kideek ez dute edukiko fidantza jarri beharrik ordenantza honetan arautzen diren eraikinak, lokalak eta instalazioak erabiltzeko, batez ere udal pilotalekua eskola-orduetan hezkuntza-xedeekin, edo Kirol Mankomunitateak bere urteko programaren barruan antolatzen dituen irakaskuntza-jardueretarako.

17. artikulua. Eraikinak, lokalak eta instalazioak erabiltzeko araubidea.

1. Udal pilotalekua kirolak egiteko erabiltzeko arauak:

1.1. Udal pilotalekua kirolerako erabili nahi dutenek erreserba hartu beharko dute berariaz prestatutako sakelako telefonoetako aplikazioaren bidez edo Murillo el Frutoko udaletxera joanda edo Udalera telefonoz deituta, herritar txartela erabiliz sartu ahal izateko.

1.2. Udal pilotalekua kirolak egiteko erabiltzeko ordutegia:

a) Ikasturtean (irailaren 1etik ekainaren 30era arte):

Astelehenetik ostiralera, 15:00 - 21:00.

Larunbat, igande eta jaiegunak, 9:00 - 21:00.

b) Ikasturtetik kanpo (uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte):

Astelehenetik ostiralera, 09:00 - 21:00.

1.3. Udal pilotalekua erabiltzeko berariaz sortutako sakelako telefonoetako aplikazioa edo herritar txartela erabili behar da.

2. Gizarte eta kultur zentroa, udal pilotalekua (kirol jarduerak ez beste ekitaldi batzuetarako), erabilera anitzeko aretoa, Raimundo Lanas aretoa, Kultur Etxea eta parrokia zentroko zinema aretoa erabiltzeko araubidea.

2.1. Erabilera anitzeko aretoa edo Raimundo Lanas aretoa erabili nahi dutenek erreserba hartu beharko dute berariaz prestatutako sakelako telefonoetako aplikazioaren bidez edo Murillo el Frutoko udaletxera joanda edo Udalera telefonoz deituta, herritar txartela erabiliz sartu ahal izateko.

Urte osoan, instalazio horiek erabiltzeko ordutegia erabiltzaileek ekitaldia edota jarduera egiteko behar dutena izanen da, baina bakoitzak 2 orduko erreserba hartu ahal izanen du gehienez. Aparteko kasuetan, baimena eman ahal izanen da 2 ordutik gorako erreserbak egiteko; eskatzaileak arrazoia azaldu beharko dio Udalari ekitaldia edo jarduera hasi baino lehen.

2.2. Gizarte eta kultur etxea, udal pilotalekua kirola ez beste zerbaitetarako, Kultur Etxea eta parrokia zentroko zinema aretoa erabili nahi dutenek erreserba eskatu beharko diote Murillo el Frutoko Udalari, bertaratuta, ordenantza honen 8., 15. eta 16. artikuluetan xedatzen denarekin bat etorriz.

Urte osoan, ordutegiak ekitaldia egiteko erabiltzaileak eskatutakoak izanen dira, baina betiere ekitaldia hasten denetik 24 ordu pasatu baino lehen amaituko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honen aldaketa indarrean jarri arte indarrean jarraituko dute bertako xedapenek. Ordenantzan arautzen ez den guztirako honako hauek aplikatuko dira: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; aplikatu beharreko gainerako araudi sektoriala.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko eta beheragoko mailako xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek, lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, bai eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki entitateei egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea amaitu ondoren ere.

Iragarkiaren kodea: L2109241