142. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURILLO EL FRUTO

Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena

Murillo el Frutoko Udalak, 2021eko martxoaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Murillo el Frutoko udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa partziala.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko apirilaren 20an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 89. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuari jarraikiz, hasierako onespenaren iragarkia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, bizilagunek eta interesdun legitimoek espedientea azter zezaten eta bidezko iruditzen zitzaizkien erreklamazioak, kexak edo oharrak egin zitzaten.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluaren azken paragrafoari jarraituz, aipatutako epealdian erreklamaziorik, kexari ez oharrik aurkezten ez bada, hasierako onespenaren erabakia (testu osoan jarraian azalduko da) behin betiko bilakatuko da.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Murillo el Fruton, 2021eko ekainaren 4an.–Alkatea, Arancha Murillo Tanco.

MURILLO EL FRUTOKO UDALAREN HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Murillo el Frutoko Udalak ez dauka udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzarik. Gaur egun indarrean dagoena udal hilerriko nitxoen eta kolunbarioen kontzesioa arautzen duen baldintza-orria da, 2002ko abenduaren 20koa. Dagoeneko zahartuta dago, lege-hutsuneak dauzka eta ez du balio udal hilerriaren inguruan egun udalerrian dauden arazoei heltzeko.

Hain zaharra izanik, baldintza-orria interpretatzeko eragozpenak egoten dira; gainera, arau batzuk ez datoz bat egungo egoerarekin.

Arau berriaren helburuak dira, batetik, udalerriko egungo egoera ekonomiko eta sozialera eta etorkizuneko perspektibetara moldatzea eta, bestetik, neurriak ezartzea arauak dioenaren jarraipena eta kontrola egiteko. Horrenbestez, ordenantzaren helburu nagusia da udal hilerriaren erabilera eta kontserbazioa, bertako nitxoen eta kolunbarioen kontzesioa eta ehorzketa-eskubidea arautzea.

Murillo el Frutok udal hilerriaren erabilerari buruzko ordenantza eduki behar du, horretarako behar diren bitartekoak behar baititu. Beste aukerak, Murillo el Frutok orain arte bezala udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzarik gabe jarraitzeak, lege-hutsunea ekarriko luke eta ezin izanen litzaieke heldu behar bezala udal hilerriaren erabileraren inguruan sortzen ari diren arazoei.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Murillo el Frutoko Udalari dagokio hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua.

Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta, bere eginkizun hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua.

Udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua.

Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

II. KAPITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

6. artikulua.

Hilerrian nor bere baitara egoteari eta hilerriko antolamendu egokiari traba egiten ahal dion animalia orok ez du hilerrira sartzerik izanen. Garraioko ibilgailuen sarrera ere ez da onartuko, ez badira udal zerbitzuko ibilgailuak, ehorzketa-zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunarenak eta hilerrian berean erabiliko diren eraikuntza materialak eramaten dituztenak; betiere, gidariek behar diren lizentziak eta baimenak badituzte.

Nolanahi ere, garraiobide horien jabeak izanen dira hilerriko bide edo instalazioetan eragindako kalteen erantzuleak eta berehala konpontzera behartuak daude, edo, hala behar balitz, kalte-ordaina ematera. Jabea ez badago, berehala eskatzen ahal zaio erantzukizun hori bera kaltea eragin duen ibilgailuaren gidariari.

7. artikulua.

Obrak egiteko materialen sarrera Udalak horrexetarako finkatzen duen ordutegian baizik ez da eginen. Partikularrek egiten dituzten obrak aldez aurretik ezarritako orduetan egin beharko dira, 6. artikuluak aipatzen dituen lizentzia eta baimenak dituztela.

8. artikulua.

Debeku da hilerri barnean piezak edo marmolak zerratzea, baita legarrak kentzea edo gisakoak egitea ere.

Inguruabar bereziak direla-eta horrelakoak egin behar badira, hilerriko langileei baimena eskatu beharko zaie, eta horiek zehaztu beharko dute zein tokitan eginen diren lanak.

9. artikulua.

Udalaren organo eskudunek hilerria kontserbatzeko eta garbitzeko lan orokorren ardura edukiko dute. Nolanahi ere, titularrek hilobiak zaindu beharko dituzte eta haietan jarritako gauzak eta instalazioen segurtasuna, higienea eta txukuntasuna bermatu beharko dituzte.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, egutegiko 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Hori ez betetzea aski izanen da ehorzketak egiteko baimena ez emateko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahal ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren esku geldituko da. Hori guztia, titularrak ehorzketa-eskubideari bere borondatez uko egiten ahal diola ukatu gabe.

III. KAPITULUA

Ehorzteak, desobiratzeak, lekualdatzeak eta autopsiak

10. artikulua.

Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduaren arauei jarraituz eta ondoko artikulu hauetan xedatutakoaren arabera dira hilotzak edo gorpuzkiak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko:

11. artikulua.

Hilerrian lur emanen zaie ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiei, legezko tramiteak betez gero.

12. artikulua.

Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz aterako dira hilotzak, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

13. artikulua.

Hilotzak hobitik zein egunetan eta zein ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie Udalean horren ardura dutenei, jarduketa hori ikusi ahal dezaten, lana gainbegiratzeko.

14. artikulua.

Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren hondarrak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

15. artikulua.

Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak ateratzen ahal dira hilobi mota guztietan, ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

16. artikulua.

Ekainetik urrira bitartean, biak barne, ez da hilotzik aterako, epaileak agindu ezean.

Hala ere, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

17. artikulua.

Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da baldin ongi kontserbaturik ez badago.

18. artikulua.

Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian eta haren titularraren baimenaz.

19. artikulua.

Ehorzketak 10 urte iraunen du gutxienez, non ez duen epaile batek bestelakorik ezartzen agindu batean.

IV. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. ATALA

Ehorzketa-eskubideak oro har

20. artikulua.

Ehorzketa-eskubidean titulu honek aipatzen dituen kontzesio eta errentamenduak sartzen dira. Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen printzipioei jarraikiz, hogeita bost urterako.

Aldi hori amaitutakoan eskubideak beste hogeita bost urterako luzatu ahal izanen dira, orduan kontzeptu horretarako ezarritako diru kopurua ordainduz gero. Bestela, ehorzketa-eskubidea Udalaren eskura itzuliko da.

21. artikulua.

Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro liburuan inskribatuko dira eta emakidak behar den titulua emanez egiaztatuko dira.

22. artikulua.

Ehorzketa-eskubideak hilerriko hilobiaren erabilpena baizik ez dakar; izan ere, hilobiaren jabari-jabetza Udalarena da, ordenantza honen 1. artikuluan ezartzen den bezala.

23. artikulua.

Gizakien hilotzak eta gorpuzkiak hobiratzea izanen da aitzineko artikuluan definituriko ehorzketa-eskubidearen arrazoia eta xedea. Beraz, heriotza gertatzen denean baino ezin da lortu.

Udal hilerria nola dagoen kontuan izanik, ordenantza hau indarrean sartzen denetik hasita ez da hilobirik (nitxoak eta kolunbarioak) erreserbatzen ez erosten ahalko.

Hilerria handitzen denean, nitxoen eta kolunbarioen kontzesioak ezarritako ordenaren arabera emanen dira, heriotza-datari jarraikiz.

Estetika eta segurtasuna direla eta, hilarriak horma-hilobiaren barreneko gunean ezarriko dira, betiere hilerriaren apaindura orokor eta bateragarriaren mesedetan.

24. artikulua.

Nitxoak eta kolunbarioak eta hilerrian dauden gainerako eraikuntza guztiak merkataritzatik kanpoko ondasuntzat jotzen dira. Hortaz, ezin dira salerosi, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere. Ordenantza honetan arautzen diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak izanen.

25. artikulua.

Paratzen diren izaera artistikoko lanak Udalaren esku geldituko dira kontzesioa bukatzen denean. Lan horiek, hilobian paratutakoan, ez dira ateratzen ahalko udal hilerritik Udalaren baimenik gabe; eta baimena lortuz gero, konponketak egiteko baizik ez dira ateratzen ahalko.

Araubide bera aplikatuko zaio hilerriko hilobietan paratzen den edozein muntadura finkori, artistikoa ez bada ere. Muntadura finkotzat hartuko da hilobiari erantsita edo eratxikita dagoen edozein, baldin eta, kenduz gero, narriadura eragiten ahal bazaio hilobiari, den txikiena ere.

26. artikulua.

Erabiltzen ez diren nitxoak estali egin beharko dira, Murillo el Frutoko Udalak ezartzen duen bezala.

27. artikulua.

Ehorzketa-eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berekin, ordenantza honetako xedapenekin bat etorriz.

Kontzesioaren titularrak kontserbazio-tasa ordaindu beharko du urtero (Udalak finkatuko du zenbatekoa), ordenantza honek 9. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.

Tasa hori lau urtean jarraian ordaintzen ez bada, titularrari entzunaldia emanen zaio eta gero kontzesioa iraungiko da eta hilobia berriz ere Udalaren esku geldituko da, inolako mugarik eta kargarik gabe.

Gauza bera gertatuko da hilobia bertan behera uzten bada modu nabarmenean kontzesio-aldia amaitu aurretik. Hori gertatuz gero, kontzesiodunaren kausadunei jakinarazi beharko zaie, zuzenean edo ediktu baten bidez.

II. ATALA

Ehorzketa-eskubideak eta, bereziki, kontzesioak

28. artikulua.

Emakidak eta errentamenduak honela ematen ahalko dira:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo laguntzarako edo ospitale gisako establezimendu batenean, horiek administrazio publikoak onartuak badira eta beren kide, onuradun edo babespekoek baizik ez erabiltzeko bada.

c) Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, beren kide edo enplegatuek baizik ez erabiltzeko bada.

d) Bi ezkontideren izenean, lehen eskuraketaren unean.

29. artikulua.

Aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira, inola ere, ez kontzesioen ez bestelako ehorzketa-eskubideren titular izaten ahal. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen, kasuan kasuko ehorzketa-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz beste eskubide batzuk eman nahi badizkiete beren aseguratuei.

30. artikulua.

Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira eta hura udal administrazioak luzatuko du.

Kontzesioaren tituluetan honako hauek jasoko dira:

–Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

–Udalak noiz eman zuen emakida ebazpena, eta hori zer epetarako den.

–Hirugarren pertsonei eskualdatzea, halakorik bada.

31. artikulua.

Hilobi titulu bat hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia luzatuko da, interesdunek eskaria eginda.

Hilobi tituluetako izenetan edo bestelakoetan akatsik hautematen bada, arrazoitu eta frogatu ondoan zuzenduko dira titularrak eskabidea egin ondotik.

32. artikulua.

Alkateak ebazpen bidez hilobiaren ehorzketa-erabilera emanen du eskaeren ordenari jarraikiz, interesdunek eskatu ondoren.

Adinez nagusia bada, jende guztiak eskatzen ahal du hilobien kontzesioa.

33. artikulua.

Ehorzteko kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak. Udalak ordenantza honi jarraikiz emanen ditu kontzesio horiek.

34. artikulua.

Murillo el Frutoko Udalak beretako gordetzen du udal hilerria irekitzeko eta ixteko ordutegia berak nahi duenean ezartzeko ahalmena.

35. artikulua.

Hilerriko nitxoen kontzesio guztiak ehorzketarako eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen; horretara mugatzen dira kontzesio hartzaileen eskubide guztiak.

36. artikulua.

Ordenantza hau baino lehenagoko kontzesioak bere hartan utziko dira eta tokiko ohiturak errespetatuko dira; halakorik ez badago, ordenantza honek arautuko ditu.

III. ATALA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

37. artikulua.

Hilerria handituz gero, lur emateak eragiten dituen gastuak ordaintzeko inolako diru baliabiderik ez duten pertsonen hilotzak ehorzteko hilobiak izanen dira.

Horiek ez dira emakidetan sartuko eta haien erabilera ez da inolako eskubideren mende egonen.

38. artikulua.

Hildako baten jendakiek ezta beste pertsona interesdunek ez dute inola ere hobi orokorrean lurperaturiko hilotza erreklamatzen ahal.

Salbuespen bat egin beharra dago agintaritza judizialak edo osasun arlokoak hala agintzen duten kasuetan.

IV. ATALA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

39. artikulua.

Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik baldin arlo zibilean aferarik bada.

40. artikulua.

Ordenantza honen 24. artikuluaren arabera, nitxoen eta kolunbarioen kontzesioak eskualdatu ahal izanen dira inter vivos egintzaren bidez, testamentudun zein testamenturik gabeko oinordetzaren bidez edo dohaintza bidez (oinordetzaren araubide berarekin), hasierako kontzesioan ezarritako epealdian.

41. artikulua.

Eskualdaketa inter vivos egintzen bidez egin ahal izateko beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izana kontzesioa eman zenetik. Salbuespenez, hilobia erabili izanik ere, Udalak baimena eman diezaioke eskualdaketari, eta hartarako baldintzak adieraziko ditu.

42. artikulua.

Mortis causa eskualdatzeari dagokionez, ehorzketa-eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, hauena izanen da, hurrenez hurren, eskualdatzeko eskubidea: testamentuaren araberako oinordeak, bizirik geratzen den ezkontidea edo, halakorik ez bada, testamenturik gabeko oinordetza jasoko duten pertsonak.

Kausatzaileak jabe-ondorengoak uzten baditu edo bizirik irauten duen ezkontiderik ez bada, eta hainbat lagun gertatzen badira interesdunaren ondorengo, ondorengo guztiek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epearen barnean egin behar da kausatzailearen heriotzatik edo ondorengoak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita. Gehiengorik lortu ezean, eskubidea oinordekoen artetik zaharrenaren alde onartuko da.

43. artikulua.

Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen une oro jakiteko, erregistroko-liburuan paratuko da nor den eskubide horren jabea eta harengandik abiatuta kontatuko dira 48. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak. Eskubide horien eskualdaketak ere idatziz jasoko dira kontzesioaren tituluan.

44. artikulua.

Nitxoen eta kolunbarioen kontzesioak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta jendakiei, ordenantza honetako aginduei lotuz betiere.

Nitxoen eta kolunbarioen kontzesioetan, titularraz eta ezkontideaz landa, lerro zuzeneko haien jendakiak ehorzten ahal dira, mugarik gabe, aurrekoak nahiz ondokoak izan, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontza-ahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.

Udalak beste edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimentzeko unean dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

45. artikulua.

Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdatzeek ez dute epe hori aldatuko.

46. artikulua.

Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa-eskubideari, betiere dagokion hilobian gorpuzkin ehortzirik ez bada.

Horretarako, eskabidea eginen dio Udalari, eta hura gero berretsi egin beharko da, interesduna bera agertuta edo haren legezko ordezkaria.

V. ATALA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

47. artikulua.

Ehorzketa-eskubidea galdu edo iraungiko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, honelakoetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoera dela eta, aldez aurretiko txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu. Lehenago espedientea ireki behar litzateke eta interesdunari entzutea eman.

b) Hilobia bertan behera uzteagatik modu nabarmenean. Halakotzat hartuko da, baldin titularra hil eta urtebete geroago ondorengoek edo herentzia edo beste titulu baten bidez subrogaturiko pertsonek ez badute eskaririk egin beren aldeko eskualdaketa egin dadin.

Jaraunsleak edo jaraunspenez edo beste titulu baten bidez subrogaturiko pertsonak eskualdaketa eskatzera agertu eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, 3 hilabete izanen dira hura egokitzeko. Aldi horretan konponketak egiten ez badira, ehorzketa-eskubidearen iraungipena dekretatuko da, 8. artikuluko izapideak egindakoan, eta Udalaren eskura itzuliko da.

c) Lau urtean ez ordaintzeagatik kontserbazio-tasa, titularrari entzunaldia eman ondoren.

48. artikulua.

Hilobiak errentan emateko tasen kobrantza arautzen da:

–Nitxo zaharrak: 500 euro.

–Nitxo berriak (hilerria handitu ondoren): 500 euro, teknikari eskudunak egiten duen tasazioaren arabera.

–Kolunbarioak: 250 euro.

Hilobiak eta hilerria kontserbatzeko eta mantentzeko tasen kobrantza arautzen da eta prezioak bateratzen dira:

–Hilobiak: 6 euro urtean.

–Nitxoak: 6 euro urtean.

–Kolunbarioak: 3 euro urtean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotarako indarreko legeria sektoriala aplikatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza hau indarrean jarri arte indarrean jarraituko du udal hilerriko nitxoen eta kolunbarioen kontzesioa arautzen duen baldintzen orriak, 2002ko abenduaren 20koak, udalak honek onetsiak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe eta inolako baliorik eta ondoriorik gabe uzten dira ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako aurreko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratutakoan jarriko da indarrean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2109240