142. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 2an hartua, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berria eraikitzea foru interesekoa dela deklaratzen duena.

Nafarroako Gobernuak 2021eko apirilaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko hitzarmen bat onetsi zen, helburua zuena, alde batetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskura jartzea aurreikusitako unibertsitate graduak irakasteko behar diren lurrak eta eraikinak, eta bestetik, Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berriaren eraikuntzaren eta ekipamenduaren finantzaketa ezartzea eta arautzea.

Hitzarmen horren ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere gain hartzen du Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berria eraikitzea eta abian jartzea, bai eta behar den zuzkidura eta ekipamendua ere. Nafarroako Gobernuak, berriz, proiektua finantzatzen lagunduko du, gehienez 34.971.352,28 euro jarriz 2021.etik 2024.era bitarte.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berriaren eraikuntza eta zuzkidura proiektua faktore askorengatik nabarmentzen da; hauek dira aipagarrienak:

–Eragin positiboa du Nafarroako unibertsitate mailako goi irakaskuntzaren sisteman, bertan emanen diren ikasketen (batez ere Medikuntzako gradua) kalitate altua bermatzen baitu.

–Eragin positiboa du Nafarroako osasun sisteman, aurreikusita baitago eraikina Nafarroako osasungintzako profesionalek erabiltzea beren etengabeko prestakuntzaren barruan. Horri dagokionez, simulazio gela bat sortzea aurreikusita dago, osasun arloko graduetako ikasleek zein Nafarroako Osasun Sistemako profesionalek erabil dezaten.

–Eraikuntza-lanen tamaina ikusita, obrek iraun bitartean proiektuak eragin positiboa izanen du enpleguaren sorkuntzan eta ekonomian.

–Eraikina, eraikuntzaren kontzepzioaren ikuspegitik, oso proposamen berritzailea da, energia positiboko eraikin gisa proiektatu delako (energia gehiago sortzen du kontsumitzen duena baino) eta zura erabiltzen duelako eraikin osoan. Hortaz, eraiki benetan berezia izanen dela ondorioztatzen ahal da, eraikuntza publiko jasangarri eta berritzailearen arloan erreferentziala izan daitekeena.

Medikuntzako gradua 2019-2020 ikasturtetik irakasten da unibertsitate publikoan. Gaur egun, Erizaintzako gradua irakasten den eraikinaren guneak erabiltzen ditu, eta, horiez gainera, erakin horren ondoan kokatu den eraikin prefabrikatu modular bat. Medikuntzako graduaren ezarpenak aurrera egin ahala, eremu horiek motz geldituko dira nabarmen.

Horregatik, presakoa da eremu berriak egokitzea Osasun Zientzietako graduen ezarpenak aurrera egin ahala ugalduz doan ikasleria hartzeko.

Adierazitako guztiagatik, Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostenean proposatu du foru interesekoa deklara dadila Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berriaren eraikuntza, proiektuaren garapena bultzatzearren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berria eraikitzea foru intereseko inbertsio deklaratzea, administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kudeatzailetzari jakinaraztea, eta igortzea Nafarroako Parlamentura eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira eta Unibertsitateko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 2an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2109129