14. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2020 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituzten gazteentzako laguntzen deialdia onesten duena, banakako ebaluazio prozeduraren bidez. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak dira ikastaro horiek. DDBN identifikazioa: 538631.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak 6.1 artikuluan xedatzen du Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokiola “gazteen eskubideak babestea, garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean askatasunez, berdintasunez eta eraginkortasunez parte hartuz”, eta “gazteriaren arloko hezkuntza ez-formala, hau da, pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa”, 14 b) artikuluaren arabera, gazteen zein ekintzaileen prestakuntza premiak errazteko modu gisa.

Bestalde, azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua eta onesten baitira haren estatutuak, 3.2.b) artikuluan, beste eginkizun batzuen artean, “laguntza eta dirulaguntzetarako programak zuzendu eta kudeatzea” esleitzen dio.

Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE) sortzea onetsi zuen ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuak. Arau horren 3. artikuluaren arabera, bere zereginak dira, besteak beste, NGJEk eta onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek sustatutako ikastaroen tituluak, diplomak eta ziurtagiriak ematea, ezartzen den aurretiazko tramitazioari jarraituz. Orobat, NGJEn zeregina da ezartzea gazteriaren arloko jardueren eremuko tituluen ikastaroetako programak eta aisialdiko eskolei onarpen ofiziala ematea eta kentzea.

Monitore edo zuzendarientzako ikastaroak eginda gazteen parte-hartzea eta elkarte sareak mantendu eta garatzea sustatzen dira, bai eta gazteen boluntariotza lagundu ere. Gainera, gazte eta haur dinamizazioa bultzatzen da herri eta auzoetan, bai gaztetxeetan bai aisialdiko espazioetan.

Horregatik, eta arlo horretan gazteriaren arloko jarduketak erraztu eta sustatzeko eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak ezarritako eginkizunak eta helburuak betetzeko, egokia da aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroetara doazen partaideentzako laguntzak izapidetzea, ikastaro horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak direnean.

Nafarroako Gobernuak 2020ko urriaren 7an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituzten gazteentzako laguntzen deialdia egiteko, banakako ebaluazio prozeduraren bidez. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak dira ikastaroak.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituzten gazteentzako prestakuntzarako laguntzen deialdia onestea. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak dira ikastaro horiek, eta 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean amaitu beharko dute, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Kontuan izanik deialdi honetako laguntzak aurrekontuan diru-izendapenik baldin bada eman eta ordainduko direla.

2. Deialdi honetako 25.000,00 (hogeita bost mila) euroko gastua 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazteentzako prestakuntzarako laguntzak” izeneko 090002 09110 4809 232102 partidaren kargura aplikatuko da.

2021eko ekitaldian partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua handitzen ahalko da 10.000,00 eurotan gehienez.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea.

4. Ebazpen hau Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Argibide eta Prestakuntza Bulegora, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 26an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Nafarroako gazteen hezkuntza ez-formala sustatzeko dirulaguntzen araubidea ezartzea du xede deialdi honek, aisialdiko, astialdiko eta boluntariotzako jarduerak ahalik eta baldintzarik hoberenetan egin ahal ditzaten eta prestakuntza hori jasotzeko aukera berdinak izan ditzaten.

Deialdiaren baldintzak beterik, irakastaldia 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte bukatu duten ikastaroetarako laguntzak eskatzen ahalko dira.

Irakastalditzat hartuko da otsailaren 20ko 34/2004 Foru Aginduaren 5. artikuluan (1.a eta 2.a apartatuak) definitutako aldi teoriko-praktikoa. Aipatu foru aginduaren bidez ofizialki onarturiko aisialdiko eskolek aisialdiko zuzendari eta monitore izateko ematen dituzten ikastaroen arauak ezarri ziren.

Monitore edo zuzendarientzako ikastaroak eginda gazteen parte-hartzea eta elkarte sareak mantendu eta garatzea faboratzen da, bai eta, gerorako, gazteen boluntariotza sustatzen ere. Gainera, gazte eta haur dinamizazioa bultzatzen da herri eta auzoetan, bai gaztetxeetan bai aisialdiko espazioetan. Dirulaguntza honen xedea gizarte onura horri laguntzea da.

2. Helburua.

Dirulaguntzek ikastaro hauen matrikula eskubideek dakartzaten gastuak neurri batean konpentsatzea dute helburu:

–Aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak.

3. Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Deialdi honetako 25.000,00 (hogeita bost mila) euroko gastua 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazteentzako prestakuntzarako laguntzak” izeneko 090002 09110 4809 232102 partidaren kargura aplikatuko da.

2021eko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua handitzen ahalko da 10.000,00 eurotan gehienez.

4. Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek antolatutako eta emandako monitore edo zuzendarientzako ikastaroak aurrenekoz egiten dituzten pertsonek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarra izatea edo Nafarroan bizitzea ikastarorako edo jarduerarako matrikulatzen denean.

b) Laguntza ematean 31 urte beteak ez izana.

c) 2. oinarrian adierazitako prestakuntza ekintzetan matrikulatua egotea eta matrikula ordainduta izatea.

d) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

4.2. Aisialdiko monitore edo zuzendari ikastaro batean lehen aldiz parte hartzen denean soilik emanen da dirulaguntza eta ez hurrengo parte-hartzeetan, edozein dela ere arrazoia: ikastaroa ez gainditzea, hura aldi baterako bertan behera uztea, eritasunagatik ez egitea, eta antzeko egoerak, gaixotasun larria izan ezik.

5. Noiz eta non aurkeztu.

5.1. Eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16. artikulua), baita telematikoki ere, Nafarroako Gobernuak Interneten daukan atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

5.2. Aisialdiko monitore edo zuzendari ikastaroetan izena ematen dutenek aurkeztu behar dituzte laguntza eskaerak.

5.3. Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera eta, nolanahi ere, 2021eko urriaren 31 baino lehen aurkezten ahalko dira.

6. Dokumentazioa.

6.1. Eskaerekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da, eskabideari erantsita:

a) Laguntza eskatzeko bakarkako eskabide-orria, behar bezala betea, ebazpen honen 1. eranskinaren arabera. Bertan datu pertsonalak idatziko dira.

b) Ikastaroan inskribatu eta matrikulatzeko agiria, ikasleak sinatua, kostu ekonomikoa eta ikaslea zer egunetan inskribatu den adierazita. Ordainagiria ere erantsi beharko da.

c) Ikastaroan parte hartzen duen pertsonaren NANaren fotokopia.

d) Nafarroan erroldatuta egotearen gaineko egiaztagiria.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (lehenago aurkeztu ez dutenentzat soilik), ikastaroan parte hartzen dutenena, laguntzarik emanez gero diru-sarrera egiteko.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

g) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

h) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela egiaztatzen duena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

6.2. NGIko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da dirulaguntza kudeatuko duen unitatea, eta edozein unetan egiten ahalko ditu jarraipen eta kontrolerako ikustaldiak, prestakuntza ekintzak behar bezala egiten direla eta dirulaguntza bere xede eta helbururako zuzen aplikatzen dela egiaztatzeko.

6.3. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere.

6.4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, parte-hartzaileei eskatuko zaie dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzaten 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

7. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

7.1. Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak eskaerak izapidetuko ditu eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

7.2. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko monitoreentzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50erainokoa izanen da; gehienez ere 175 euro laguntza bakoitzeko.

7.3. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko zuzendarientzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %90erainokoa izanen da; gehienez ere 360 euro laguntza bakoitzeko.

8. Ebazpena.

8.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, aurkezpenaren dataren araberako ordenan.

8.2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adieraziko dira. Epe horretan ebazpenak jakinarazi ez badira, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskabide bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

8.3. Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onets daiteke, halaber, laguntzak ordaintzea, betiere eskaerarekin batera dagozkion frogagiriak aurkeztu badira.

8.4. Betiere, laguntzen zenbatekoa Nafarroako Gobernuko 2021erako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

8.5. Laguntzak ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura emateak ez du inolako eskubiderik sortzen ondorengo ekitaldi ekonomikoetan ere laguntzak hartzeko.

8.6. Laguntza emateko ebazpena informazio publikorako iragarki-tauletan jarriko da, NGIren egoitzan (Yanguas y Miranda, 27; 31003 Iruña), eta haren web-orrian, orok jakin dezan.

9. Justifikazio-agiriak.

Laguntzak ordaintzeko egitate erabakigarria da ikastaroa irakastaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan egin eta gainditzea. Horregatik, aurkeztu beharreko frogagiriak honako hauek dira:

–Aisialdiko eskola antolatzailearen ziurtagiria, ikastaroa irakastaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan gainditu izana frogatzen duena, zein egun eta tokitan egin den adierazita.

Dokumentazio hori eskaerarekin batera aurkez daiteke (eta orduan, laguntza ematen duen ebazpenak hura ordaintzea ere onesten ahalko du) edo, bestela, laguntza emateko ebazpenaren ondotik. Edonola ere, 2021eko urriaren 31 izanen da hura aurkezteko azken eguna.

10. Bateragarritasuna.

10.1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Beste laguntzarik jasoz gero, interesdunak entitate laguntza-emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan adieraziko da jaso den zenbatekoa.

10.2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ez du behin ere gaindituko ikastaroa egiteko onuradunak matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoa.

11. Onuradunen betebeharrak.

11.1. Laguntzak jasotzen dituztenek haien helburuetarako beharko dituzte erabili.

11.2. Aurreko ataletan xedatutakoaz gain, deialdi honetako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta beharkizunak betetzen dituztela frogatzea.

b) Informazioa ematea eta NGIk eskatutako egiaztapenak egitea.

c) Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea NGIri.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

12. Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Emandako dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

Dena dela, deialdi honen azken helburua aisialdiko monitorearen edo zuzendariaren titulua ateratzea da. Beraz, laguntza itzuli beharko da baldin ikastaroa ez bada gainditzen eta dagokion titulua ez bada lortzen eta, horrez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutako arrazoiengatik. Kasu honetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den arte sortutako berandutze-interesa eskatzea.

13. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. Errekurtsoak.

15.1. Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

16. Aplikatzekoa den legedia.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Laguntza eskaera, aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, aisialdiko eskolek antolatu eta emandakoak, egiten dituzten gazteen prestakuntzarako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2015743