14. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Ordenantza fiskala, ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta ateratzeko eta eremu publikoa ibilgailuen aparkaleku esklusiborako eta edozein motatako salgaien zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Berako Udalak, 2020ko irailaren 16ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen tokiko jabari publikoaren erabilera soilagatiko edo aprobetxamendu bereziagatiko tasaren ezarpenari, bide publikoa erreserbatzeagatik ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta ateratzeko, ibilgailuen aparkaleku esklusiborako eta edozein motatako salgaien zamalanetarako eta ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta ateratzeko eta eremu publikoa ibilgailuen aparkaleku esklusiborako eta edozein motatako salgaien zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Ordenantza hori 2020ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 23an, baita Udalaren iragarki-taulan paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurreko epean ez da erreklamaziorik aurkeztu eta, beraz, aipatu Osoko Bilkuraren akordioaren 4. puntuari jarraikiz, hasierako onespen erabakia behin betikoa izatera iragan da eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Beran, 2020ko abenduaren 21ean.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.

ERANSKINA

ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILUAK ESPALOIETAN BARNA SARTZEKO ETA ATERATZEKO ETA EREMU PUBLIKOA IBILGAILUEN APARKALEKU ESKLUSIBORAKO ETA EDOZEIN MOTATAKO SALGAIEN ZAMALANETARAKO ERRESERBATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Tasa hauek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.4 h) artikuluan xedatutakoaren babesean ezartzen dira.

2. artikulua.

1.–Zergapeko egintza da eremu publikoan edo erabilera publikoko lurretan honako aprobetxamendu hauek egitea:

a) Erabilera pribatuko eraikin eta orubeetan 2 gurpil edo gehiagoko ibilgailuek sarbidea edo pasabidea izatea, sestra aldaketa eginez nahiz egin gabe.

b) Erabilera publikoko bide eta lurretan lekua erreserbatzea, salgaien zamalanak egiteko, enpresek edo partikularrek eskaturik.

c) Erabilera publikoko bide eta lurretan lekua erreserbatzea, entitateen edo gizabanakoen zerbitzuko ibilgailuak aparka daitezen.

2.–Aipatutako aprobetxamenduak Berako bide publikoetan pasabidearen lizentziak arautzen dituen udal ordenantzan ezarritako modu eta mugekin bakarrik egin ahal izango dira.

3. artikulua. Ordaintzera beharturik daudenak:

a) Udal lizentzien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Modu subsidiarioan, pasabide lizentzia duten finken jabeak.

c) Ordenantza honen 2. artikuluko b) eta c) letretako aprobetxamenduez baliatzen diren entitate edo partikularrak.

4. artikulua. Honako hauek hartuko dira karga-oinarri gisa:

a) Ibilgailuen sarreraren edo igarobidearen luzera, metro linealetan.

b) Espazio-erreserbaren metro linealak.

5. artikulua. Ordenantza honen eranskinean agertzen diren tarifak aplikatuko dira, eta indarrean egongo dira harik eta Udalaren erabaki bidez aldatzen diren arte.

6. artikulua. Zerga-kuota kalkulatzeko, zerga-oinarriari dagozkion tarifak aplikatuko zaizkio.

7. artikulua.

1.–Tasa lehen aldiz sortuko da Udalak baimena ematen duenean.

2.–Bigarren eta gainerako sortzapenek urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak.

8. artikulua.

1.–Sortutako tasaren zenbatekoa ezin izango da murriztu.

2.–Salbuespen gisa, lehen baimenetik datorren lehen kuotaren zenbatekoa hiruhileko naturaletan hainbanatu ahal izango da, baimena ematen den hiruhilekoa barne.

3.–Urtarrilaren 1ean zergadunen erroldan agertzen den pertsona batek bere eskubideak handitzeko baimena eskatzen duenean, kuota honako arau hauen arabera kalkulatuko da:

a) Urtarrilaren 1ean indarrean dagoen baimenarekin eta emakida berriaren egunera arte, hasitako edo igarotako hiruhileko naturalei dagokien kuota sortuko da.

b) Gainerako hiruhilekoengatik, baimen berriari dagozkion tarifen arabera sortuko da tasa.

9. artikulua. Tasarik ez zaie ordainaraziko pertsona edo entitate publikoei zein pribatuei, Udalbatzak, osoko bilkuran, erabakitzen badu komunitatearendako zerbitzu mesedegarriak egiten dituztela.

10. artikulua. Dagokion tasa ez ordaintzeak aprobetxamendurako eskubidea iraungitzea dakar, borondatez ordaintzeko epea amaitu ondoren. Eskubidea berreskuratzeko, printzipala ordaindu izana justifikatu beharko da, bai eta atzerapenagatiko errekarguak ordaindu izana ere.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Berako bide publikoetan pasabidearen lizentziak arautzen dituen udal ordenantzan xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izango harik eta testua osorik argitaratu arte Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean izanen da harik eta berariaz haren aldaketa edota indargabetzea erabaki arte.

TARIFEN ERANSKINA

1.–Ibilgailuak espaloietatik sartzea eta irtetea:

–5 plaza arteko garajeak bide guztietan, 36,00 euro metro linealeko eta urteko.

–6 eta 10 plaza bitarteko garajeak bide guztietan, 62,00 euro metro linealeko eta urteko.

–10 plaza baino gehiagoko garajeak bide guztietan, 83,50 euro metro linealeko eta urteko.

2.–Ibilgailuen sarrera eta irteerak ibilgailuen sarbideen bidez: 1. puntuko taula aplikatuko da, ehuneko 75eko murrizketarekin.

3.–Bide publikoaren erreserba aparkaleku esklusiborako eta zamalanetarako: 32,00 euro urtean, galtzadaren metro lineal edo haren zatiki bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2015930