14. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

27E/2020 FORU AGINDUA, abenduaren 28koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura garatzen duena bulegoen mailan.

Atarikoa

Urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa; orain, berriz, departamentu horren egitura eta eginkizunak osatu eta egokitu behar dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zer departamentutan sartuko diren, departamentu horretako kontseilariaren foru agindua beharko dela.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak beren txostenak egin dituzte.

Horregatik, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko kontseilari gisa dagozkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut:

I. KAPITULUA

Xedea eta egitura orokorra

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura eta eginkizunak garatzea, bulegoen mailan.

2. artikulua. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran, atxikipen hauekin:

Unibertsitateko Zerbitzuan:

–Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoa du, Unibertsitateko Atalari atxikia.

3. artikulua. Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran, atxikipen hauekin:

I+G+b Zerbitzuan:

–Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) Erregistro Bulegoa, aipatu zerbitzuari atxikia.

4. artikulua. Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran, atxikipen hauekin:

Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuan:

–Komunikazio Nodoaren Bulegoa, Azpiegitura Teknologikoen Atalari atxikia.

Osasun Teknologien Zerbitzuan:

–Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoa, zerbitzu horri atxikia.

Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuan:

–Administrazio Elektronikoari Laguntzeko Bulegoa, Administrazio Elektronikoaren Atalari atxikia.

–SAP Sistemen Koordinazio Bulegoa, Informazio Sistema Zentralen Atalari atxikia.

Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuan:

–Digitalizazio Proiektuak Koordinatzeko Bulegoa, zerbitzu horri atxikia.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusia.

–Ekonomia eta Kontabilitate Araubideko Bulegoa, Araubide Ekonomikoaren Atalari atxikia.

II. KAPITULUA

Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Unibertsitateko Zerbitzua

6. artikulua. Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoa.

Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoa, Unibertsitateko Atalari atxikirik dago, eta eginkizun hauek ditu:

a) Ikerketarako laguntzen deialdietako kudeaketa administratibo eta ekonomikoa tramitatu eta gainbegiratzea eta horren inplementazioa kontrolatzea.

b) Ikertzaileen Mugikortasunerako Europako Sarearen eskualdeko nodoa kudeatzea.

c) Jarduera zientifikoa eta ikerketa sustatzeko eta bultzatzeko ekitaldi, jardunaldi, ikastaro eta bestelakoak antolatzea eta horrelakoetan parte hartzea.

d) Ikerketarako laguntzen deialdien jarraipena eta ebaluazioa egiteko datu estatistikoak biltzea.

e) Ikerketako programa nazional eta nazioartekoetan parte hartzen duten ikertzaileei informazioa, aholkuak eta laguntza ematea.

f) Nafarroako ikertzaileek eta ikerketa zentroek ondoko programetan parte hartzea bultzatzea: Ikerketa Zientifikorako, Garapenerako eta Berrikuntza Teknologikorako Plan Nazionaleko programak; Europako Esparru Programa, Nafarroako Plan Teknologikoa, edo Ikerketa Zientifikorako Zentro Nagusiak, unibertsitateko ikerketaren arloan eskuduna den ministerioak edo beste edozein erakundek sustatutako beste programa batzuk.

g) I+G+Bko Nafarroako sistemako erakundeekin elkarlanean aritzea beren eskaintza zientifiko eta teknologikoaren zabalkundean, eta ikertzaileak sartzeko prozesuetan aholku ematea.

h) Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiaren jarduera zientifiko eta teknologikoaren plangintzan eta araudiaren prestakuntzan parte hartzea.

i) Ikerkuntzaren arloko programen batzordeetan eta lantaldeetan parte hartzea, eskualdekoetan, estatutukoetan eta nazioartekoetan.

j) Bere eskumen esparruaren barrenean prestakuntza, planifikatu, prestatu eta ematea.

k) Bere eskumen esparruaren barruan, agintzen zaion beste edozein eginkizun.

III. KAPITULUA

Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

I+G+b Zerbitzua

7. artikulua. Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) Erregistro Bulegoa.

Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) Erregistro Bulegoak, aipatu zerbitzuari atxikiak, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroa kudeatzea.

b) Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) eragileek hirugarrenei emandako teknologia lizentzien erregistro berezia kudeatzea.

c) I+G+b-ri buruzko datuak prestatzea.

d) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.

IV. KAPITULUA

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua

8. artikulua. Komunikazio Nodoaren Bulegoa.

Komunikazio Nodoaren Bulegoak, Azpiegitura Teknologikoen Atalari atxikiak, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan erabiltzen diren segurtasun perimetraleko sistemak (belaunaldi berriko suebakiak, argitaratzaileak, Internetera sartzeko sistemak eta DNSak sekurizatzeko sistemak) ezartzeko eta garatzeko lanak zuzentzea, jarraitzea eta, hala badagokio, gauzatzea.

b) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabiltzen diren informazio sistemen barneko zein kanpoko erabiltzaileei zerbitzua ematen dieten telelanerako sistemak ezartzeko eta garatzeko lanak zuzentzea, jarraitzea eta, hala badagokio, gauzatzea.

c) Datuak prozesatzeko zentroetan eta Nafarroako Gobernuko areto teknikoetan dauden sistema informatikoetarako sarbide logikoa kontrolatzeko sistemak (suebakiak, intrusioak detektatzeko eta prebenitzeko sistemak, etab.) ezartzeko eta garatzeko lanak zuzentzea, jarraitzea eta, hala badagokio, gauzatzea.

d) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea.

e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Osasun Teknologien Zerbitzua

9. artikulua. Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoa.

Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoak, aipatutako zerbitzuari atxikiak, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen zerbitzu maila garatu eta horren jarraipena egitea (departamentuetako zerbitzariak, lan-estazioak, oinarrizko softwarea, etab.).

b) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak kudeatu eta mantentzen dituen sistema korporatiboetako eta transakzio sistemetako informazioaren segurtasun eta biltegiratze arauak garatu eta haien jarraipena egitea.

d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. ATALA

Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko,
Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzua

10. artikulua. Administrazio Elektronikoari Laguntzeko Bulegoa.

Administrazio Elektronikoari Laguntzeko Bulegoak, Administrazio Elektronikoaren Atalari atxikiak, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Administrazio Elektronikoaren Atalari sostengu eta laguntza ematea administrazio elektronikoa ezartzeari dagokionez.

b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

11. artikulua. SAP Sistemen Koordinazio Bulegoa.

SAP Sistemen Koordinazio Bulegoak, Informazio Sistema Zentralen Atalari atxikiak, eginkizun hauek izanen ditu:

a) SAP sistemak eta sistema horiekin integraturik dagoen softwarea ezarri, kontrolatu eta haien jarraipena egiteko proiektuak zuzendu eta kudeatzea Foru Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan.

b) Unitateek SAP sistemen inguruan egiten dituzten eskaerak kudeatzea, honako hauek barne: koordinazioa, eraginaren ebaluazioa, lehenespena, baliabideen esleipena, etab.

c) Zerbitzu mailaren plangintza, definizioa eta jarraipena egitea SAP sistemetan, bai prozesu operatiboetan, bai laguntza zerbitzuan, unitateetako baliabideekin koordinatuz.

d) SAP sistemen inguruko jardueraren jarraipen txostenak egitea, hala nola laguntza zerbitzua, eskaerak, proiektuak, etab.

e) Laneko estandarrak eta jardunbide egokiak sustatu eta dinamizatzea bere eskumeneko esparruan.

f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

4. ATALA

Aurrerapen Digitalerako Zerbitzua

12. artikulua. Digitalizazio Proiektuak Koordinatzeko Bulegoa.

Digitalizazio Proiektuak Koordinatzeko Bulegoak, aipatutako zerbitzuari atxikiak, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aurrerapen Digitaleko Zerbitzuari laguntza ematea Gobernuaren digitalizazio planetan sartutako programak eta proiektuak koordinatzeko, bai eta lotutako adierazleak eta aginte-taulak eguneratzeko ere.

b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

V. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

13. artikulua. Ekonomia eta Kontabilitate Araubidearen Bulegoa.

Ekonomia eta Kontabilitate Araubidearen Bulegoak, Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari atxikiak, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Departamentuko gastuen eta diru-sarreren espedienteak kontrolatzea, haien jarraipena egitea eta kontabilizatzea.

b) Esleipen kodeak prestatzea fakturak kontabilizatzeko eta kodea kudeaketa zentroari jakinaraztea.

c) Kutxako aurrerakinen kontuak eta justifikatu beharreko ordainketa-aginduen koordinazioa, jarraipena eta kontrola.

d) Aurrekontuaren betetzea kontrolatzen laguntzea.

e) Kontabilitateko informazioa artxibatu, gorde eta kontrolatzea.

f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

Lehen xedapen gehigarria.–Bulegoak kentzea.

Bulego hauek kentzen dira:

–Ekoizpen Bulegoa, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusian.

Bigarren xedapen gehigarria.–Bulegoak sortzea.

Bulego hauek sortzen dira:

–Idazkaritza Tekniko Nagusian, Ekonomia eta Kontabilitate Araubidearen Bulegoa.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Bulegoen izen eta eginkizun aldaketa.

Ondoren aipatutako bulegoen izenak aldatuko dira, baita beren eginkizunetako batzuk ere:

Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusian:

–I+G+b arloko Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, I+G+b Zerbitzuari atxikiak, izena aldatuko du; izen berria Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) Erregistro Bulegoa izanen da.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusian:

–Sistemen Bulegoak, Azpiegitura Teknologikoen Atalari atxikiak, izena aldatuko du; izen berria Komunikazio Nodoaren Bulegoa izanen da.

–Administrazio Elektronikoaren Araubide Juridikoaren Bulegoak, Administrazio Elektronikoaren Atalari atxikiak, izena aldatuko du; izen berria Administrazio Elektronikoari Laguntzeko Bulegoa izanen da.

–Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Bulegoak, Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari atxikiak, eizena aldatuko du; izen berria Digitalizazio Proiektuak Koordinatzeko Bulegoa izanen da.

Laugarren xedapen gehigarria.–Bulegoen atxikipen aldaketa.

Ondoko bulego hauen atxikipena aldatuko da:

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusian:

–Digitalizazio Proiektuak Koordinatzeko Bulegoak, Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari atxikiak, atxikipena aldatzen du; hemendik aurrera Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuari atxikia izanen da.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Bulegoburutza hauen izendapenak berresten dira, sortu ziren baldintza beretan:

Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusian:

–Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusian:

–Sistemen Bulegoko burua, gaur egun Komunikazio Nodoaren Bulegoa deitua.

–Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoko burua.

–Administrazio Elektronikoaren Araubide Juridikoaren Bulegoko burua, gaur egun Administrazio Elektronikoari Laguntzeko Bulegoa deitua.

–SAP Sistemen Koordinazio Bulegoko burua.

–Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua, gaur egun Digitalizazio Proiektuak Koordinatzeko Bulegoa deitua.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abenduaren 28an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2016233