137. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2021-2022 aldiko deialdia onesten duena Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeei, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak garatzeko. DDBN identifikazioa: 562687.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Tokiko Ekintza Taldeak eskualde eremuko elkarteak dira, eta, horietan, solaskide publikoak (udalak eta mankomunitateak) eta pribatuak (gazteen kolektiboak, emakumeen elkarteak, enpresa elkarteak, sindikatuak, eta abar) biltzen dira, guztiek ere eskualdeko sare sozioekonomikoa ordezkatzen dutelarik. Tokiko Ekintza Taldeen funtzioa Europako landa garapeneko estrategiak aplikatzea da, eta horretarako, eskualdeko programak diseinatzen, martxan jartzen eta kudeatzen dituzte, hori guztia, gizarteko, ekonomiako eta erakundeetako kolektiboen adostasunarekin lortzen delarik.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki erakundeek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin eta Tokiko Ekintza Taldeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Tokiko eremuko errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten Tokiko Ekintza Taldeentzat. Ebazpen honetan bi dirulaguntza modalitate desberdin aurreikusten dira, eta beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten Tokiko Ekintza Taldeentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten Tokiko Ekintza Taldeentzat.

Institutua udalen berdintasun arloak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen eredua bultzatzen ari da esku-hartzea errazagoa, sistematikoa eta koherentea izan dadin. Eredu horretan, esku hartzeko esparru bat ezartzen da toki entitateen arteko lankidetza eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko koordinazioa ahalbidetzeko. Ibilbide horrek Tokiko Ekintza Taldeentzako eredu gisa ere balio du, eta honako inbertsio alorrak barne hartzen ditu: Toki gobernamendua eta genero-zeharkakotasuna; Emakumeen aurkako indarkeria; Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa; eta Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko Tokiko Ekintza Taldeentzako dirulaguntzen 2021-2022 aldiko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea, betiere aurrekontu kreditu egokia eta nahikoa badago.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001-08100-4819-232207: Tokiko Ekintza Taldeentzako transferentziak

2021

28.000

080001-08100-4819-232207: Tokiko Ekintza Taldeentzako transferentziak

2022

10.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 7an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz Garcia.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra arteko aldian Nafarroako Tokiko Ekintzako Taldeei dirulaguntzak emateko, talde horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, Tokiko Ekintza Taldeek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuak gauzatzearen bitartez.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatean legez eratutako Tokiko Ekintza Taldeek, Nafarroako Foru Komunitatean deialdi honetako proiektuak sustatzen badituzte, eta, era berean, oinarri hauetako betekizunak betetzen badituzte.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) A modalitatea: Berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan duten Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeek garatzen dituzten proiektuak.

b) B modalitatea: Berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeek garatzen dituzten proiektuak.

3. oinarria. Betekizunak.

3.1. Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeek betebehar hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den epe osoan, salbu 3.1. oinarriko b.2. apartatuan jasotakoaren kasuan.

Modalitate guztietan, Tokiko Ekintza Taldeek indarrean dagoen legeriaren arabera eratuak izan behar dute eta izaera juridikoa izan behar dute; erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dute hori. (IV. eranskinean jasoa).

a) A modalitatea:

1. B mailako berdintasuneko agente bat kontratatua edo plantillan izatea, lanaldi osorako. Tokiko Ekintza Taldeak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa. (Hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. IV. eranskina).

Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

2. Entitatearen 2021erako aurrekontuetan partidak izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuak finantzatzeko. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).

3. Aukera berdintasunerako plan bat edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo lanerako urteko plana izatea, udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen araberakoa. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, beharkizun hori betetzat joko da Tokiko Ekintza Taldeko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpen bat (III. eranskinekoa) aurkeztuz gero, non egiaztatuko baita Tokiko Ekintza Taldeak asmoa duela berdintasun plana edo urteko lan plana prestatzeko deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentua oinarri hartuta.

4. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan 2021. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).

b) B modalitatea:

1. 2021erako partida edo esleipen ekonomikoa edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetara bideratua. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).

2. Eskabidea egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).

4. oinarria. Gauzatzeko epea eta dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra bitartean gauzatu beharko dira.

4.2. Toki Ekintzako Taldeek proiektu bakarra aurkezten ahalko dute A edo B modalitateetan.

4.3. Dirulaguntzen xede diren proiektuek oinarri honetan zehazten diren ekintzak bil ditzakete, eta horiek beren garapenean eta kudeaketan egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.

Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

A modalitatea: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten Tokiko Ekintza Taldeetan.

Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta “Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:

a. Toki gobernamendua eta zeharkakotasuna.

b. Emakumeen kontrako indarkeria.

c. Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.

d. Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Dirulaguntzaren xede izanen dira honelako ekintzak dituzten proiektuak:

–Kondizioak sortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zeharka integratzeko.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, eta abar).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

–Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko azterlanak, ikerketak, plangintzak eta ebaluazioak. Apartatu honetan diruz lagungarriak diren ekintzen artean dago indarkeriari buruzko tokiko protokoloak egitea, honako argitalpen honetan jasota dagoena: Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida.

(hiperestekatu helbide honekin http://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-26-f-eu.pdf)

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI/NABI) argitaratua. Nolanahi ere, protokoloak egiteko, gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak bete beharko dira.

B modalitatea: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, lanaldi osoko berdintasuneko agenterik ez duten Tokiko Ekintza Taldeek aurkeztuak.

Modalitate honetan diruz lagungarriak diren ekintza bakarrak honako hauek izanen dira:

–Lurraldeko eremu desberdinetan emakumeen eta gizonen egoera erakusten duten azterlan eta diagnostiko integralak egiteko ekintzak, genero berdintasunaren arloan jarduteko lehentasunak ezartzera bideratuak.

–Tokiko Ekintza Taldeak planifikatzen eta gauzatzen dituen proiektuetan genero ikuspegia zeharka txertatzeko ekintzak.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

4.4.1. Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik (gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra arte egin beharko dira eta merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira):

a) Laguntza teknikoa. Apartatu honetan dirulaguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, organismo publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek emana.

Pertsona edo entitate kontratatuaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da generoaren arloko prestakuntza (X. eranskina). Modalitate bakoitzaren gehieneko zenbatekoaren %40ko edo hortik gorako balioan kanporatzen diren ekintzetan egiaztatu beharko da prestakuntza (5.2 oinarrian daude adierazita).

Tokiko Ekintza Talde onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Lokalen eta ekipamenduen alokairuen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorraren gastuak. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean (ez beste inoiz) beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie, proiektuaren zeharkako gastu gisa, kudeaketa administratiboaren edo horniduren (hala nola, ura, argia eta telefonoa) gastuak, zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Tokiko Ekintza Taldearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, besteak beste, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonendako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.1.e) apartatuan xedatutakoa salbu.

b) Diseinu, eduki, abiarazte eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.

c) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

d) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetako kontziliaziorako azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

e) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia aurreikusten ez badute.

f) Ikasleekin edozein hezkuntza ziklotan (0-3 tartea barne) egindako jarduerak ez dira diruz lagunduko, edozein dela ere bere titulartasuna, baldin eta jarduera horiek eskola-orduetan egiten badira, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

g) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Tokiko Ekintza Taldeek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnena, 4.4.1. apartatuko e) letran ezarritakoarekin bat.

Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.

b) Tokiko Ekintza Taldearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturikoak eta antzekoak.

d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa eta abar).

5. oinarria. Zenbateko osoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Hona hemen modalitate bakoitzerako aurreikusita dauden guztirako zenbatekoak:

a) A modalitatea: 23.000 euro.

b) B modalitatea: 15.000 euro.

Modalitate bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da modalitate bakoitzerako zenbateko orokorra.

Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiltzen ahalko da aurreko gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.

5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez, aurkezten den proiektuaren guztirako kostua gorabehera:

a) Gehienez ere 23.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan duten Tokiko Ekintza Taldeen eskarietarako. (A modalitatea).

b) Gehienez ere 5.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan ez duten Tokiko Ekintza Taldeen eskarietarako. (B modalitatea).

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

5.3.1. A modalitateen kasuan, hau emanen zaie 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei:

a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”, modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.

b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”, modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baino handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den kopuruaren %100 jasoko dute.

5.3.2. B modalitatean, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta puntuazio hori irizpide harturik, portzentaje hauek aplikatuko dira:

–71-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %100.

–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %90.

–40-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %80.

Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatu eginen dira.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten Tokiko Ekintza Taldeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea. Eskabide ereduan (III. eranskina) aurkeztu beharko da nahitaez; bertan, proiektua deskribatuko duen memoria eta deialdiaren Guztizko Aurrekontua jasoko dira, 2021erako banakatuta (urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko aldia) eta 2022rako banakatuta (2021eko azaroaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra bitarteko gastua), eta proiektuaren deskribapenaren arabera xehatuta, zeinak garatuko diren jarduera guztien banakapena eginen baitu, eta ez da izanen baliozkoa proiektu horren aurrekontu global bat. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskabide eredu hori, agiri gehiagotan zatitu gabe, eta kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.

b) Tokiko Ekintza Taldearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena –IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen eredua–; bertan egiaztatuko da 3. eta 12. oinarrietan zehaztutako betekizunak betetzen direla.

Elkarte bakoitzak bere modalitateari dagokiona bete beharko du eta dokumentu bakarrean aurkeztu beharko da.

Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, adierazpen horrek barne hartuko du elkarte eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2021. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

c) Hala behar den kasuan, Tokiko Ekintza Taldearen eta berdintasuneko agentearen arteko kontratuaren kopia, 2021erako indarraldia izan behar duena, hala badagokio.

d) XII. eranskina: Bankuko datuak: Eranskin hau eskatzaile guztiek bete behar dute eskabidea egiteko unean. Deialdi honetan aplikatu beharreko bankuko datu espezifikoei buruzko informazio orientagarria emanen du haren edukiak. Banku-kontua, Nafarroako Gobernuan lehendik dagoena, aldatzen bada edo harekin eragiketak hasten badira, eranskin berean dagoen “Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidearen inprimakia” bete beharko da.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean elkarte eskatzaileak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, horren berri emanen du, bost egun balioduneko epean zuzendu daitezen.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin izanen da inola ere zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako justifikazioa aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta Tokiko Ekintza Talde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako bidea.

Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du talde eskatzaileak. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, ulertuko da eskabidearen aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskabideak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskabideak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskabide bakoitzerako, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoa hartuko da kontuan, bertan bildutako jarduerak noiz gauzatzen diren gorabehera. Emakidaren zenbatekoa lortuko da “emakidaren ehunekoa (%)” aplikatuta “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoari.

Kontzeptuak argitzea:

– “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”: III. eranskinean NABIri eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa, “Guztizko aurrekontua” izenarekin, hala badagokio, deialdi honetan diruz lagundu ezin diren proiektuko jardueren zenbatekoa kenduta.

–“Emakidaren ehunekoa (%)”: Aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza, deialdiaren 5. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

2021-2022 urte anitzeko deialdi honetan, emakidaren zenbatekoa honela banakatuko da:

–2021eko emakida: Aurkeztutako proiektuko jarduerak gauzatzea, 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitartean.

–2022ko emakida: Aurkeztutako proiektuaren jarduerak gauzatzea, 2021eko azaroaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra bitartean.

Bi urte horietako emakiden zenbatekoak lortzeko, lehen ezarritako “emakidaren ehunekoa (%)” aplikatuko zaio “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoari 2021. eta 2022. urte bakoitzerako.

8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (A modalitatea) eta 40 puntu (B modalitatea) lortzen ez duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik izanen.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak banatzen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena alderdi interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. 2021. eta 2022. urteetarako dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: elkarte eskatzaileen zerrenda, “Aurrekontua”-ren zenbatekoa III. eranskinaren arabera, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskabidea ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emandako guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoarekin bat etorriko dena.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, elkarte onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere webgunean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Elkarte eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4. artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Dirulaguntzen onuradun diren entitate guztiek Foru Lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, laguntzen fitxetan eskuragarri dagoen V. eranskinarekin (Gardentasuna) bat.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskabidean nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoa betez.

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Deialdi honetan emandako zenbatekoak epe honetan ordainduko dira:

a) Gastuaren exekuzioari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta hilabeteko epean, 11.2.a) puntuarekin bat etorriz, konturako ordainketa eginen da, eta horren gehieneko zenbatekoa 2021. urteari (2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 31ra) dagokion emandako dirulaguntzarena izanen da.

b) 11.2.b) puntuaren arabera aurkeztutako justifikaziotik 3 hilabeteko gehieneko epean, azken ordainketa bat eginen da, eta horren gehieneko zenbatekoa 2022. urteari (2021eko azaroaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra) dagokion emandako dirulaguntzarena izanen da.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Arestiko 11.1 puntuan ezarritako ordainketetarako, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki eta/edo laguntzen fitxaren bidez, bertan eskuragarri dauden ereduetara egokituta:

a) Aurkezteko azken eguna: 2021eko urriaren 31: Exekuzioaren erantzukizunpeko adierazpena, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari aurkeztutako proiektuaren inguruan onuradunak orain arte egindako gastuarena (XI. eranskinaren arabera). Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

b) 2022ko otsailaren 28a izanen da azken eguna: proiektuaren justifikazio osoa egiteko, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra egindako gastua bilduko duena. Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 apartatuan xedatutakoa.

11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, entitate onuradunek “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua”-ren zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2022ko otsailaren 28rako:

–VI. eranskina: Justifikazio memoria.

–VII. eranskina: Tokiko Ekintza Taldearen erantzukizunpeko adierazpena. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa barne hartuko du. Diruz lagundutako jarduketen eta horien kostuaren aitorpena jaso beharko du, jarduketa horiek garatzean egindako gastu guztiak banakatuta. Deialdi honen ondoreetarako, adierazpen horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskabidean aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, “NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua” (8.3 oinarria).

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Adierazpen horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo adieraziko da ez dela horrelakorik jaso.

–VIII. eranskina: Gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorriko direnak.

–Behar bezala jaulkitako fakturen kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak. Faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–IX. eranskina: Enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, Tokiko Ekintza Taldeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Haietan adierazita agertu beharko da bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan duten parte-hartzearen berri emateko betebeharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan araututakoarekin bat. Testu hau agertu behar da: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren webgunean kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala edo haren Argitalpen Zerbitzuaren bidez.

Salbuespenez, zenbait jardueraren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, jarduketei buruzko agiri, publizitate eta zabaltzeko bitarteko guztietan, eta objektu guztietan ezarri beharko dira: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza-materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webguneetan eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

–X. eranskina: Generoaren arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena. Laguntza teknikoa kontratatu bada, kontratupeko laguntza-enpresek generoan prestakuntza dutela frogatu beharko da, 4.4.1. puntuaren a apartatuan ezartzen denaren arabera.

11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarteari edo entitateari errekerimendua eginen dio akatsok zuzendu ditzan bost egun baliodun igaro baino lehen.

11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztizko kostua gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa zenbatekoa baino txikiagoa bada (“NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua” (8.3 oinarria), Emakidaren ebazpenean “Justifikatu beharreko zenbatekoa” gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da (emakidaren ehunekoa aplikatuz NABIk justifikatu eta onartutako zenbatekoari), betiere hori guztiz betetzera nabarmen hurbiltzen bada, eta argi eta garbi egiaztatu bada bere konpromisoak betetzeko jardun duela, proiektuaren balorazio berari eutsiz.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen elkarte onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasoa.

13. oinarria. Elkarte onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten Tokiko Ekintza Taldeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntza emateko Ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematika bidez edo laguntzen fitxaren bitartez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliz, deialdiaren 9.3 oinarriarekin bat etorrita.

Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakinarazpenean honako informazio hau eman behar da: zenbat diru lortu den, diruz lagundutako jarduerak noiz egin diren eta zein diren beren kontzeptuak, ongi zehaztuta. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, elkarte onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

h) Betetzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Elkarte onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3. oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

14.2. Aurrekoa gorabehera, A modalitatean, bidezkoa izanen da jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta Tokiko Ekintza Taldeak, bere erabakiz eta legezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez badu beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, elkarte onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6. artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

17. oinarria. Araudi gehigarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

A modalitatea.–Eskabideak baloratzeko irizpideak. Balorazioa 100 puntu.

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2.–Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKIKO EKINTZA TALDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, Tokiko Ekintza Taldetik kanpora, eta herritarrak, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Webguneetan, sare sozialetan, tokiko aldizkarietan, prentsan, eta abarrean argitaratzea (Bitartekoen aniztasuna)

5

D) LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKIKO EKINTZA TALDEAREN BESTE ARLO BATZUEK PROIEKTUAN PARTE HARTZEA

15

Emakumeen elkarteak

5

Tokiko kolektiboak

5

Tokiko Ekintza Taldearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk

5

E) PROIEKTUAREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide ontzat hartzea, beste talde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

10

B modalitatea.–Eskabideak baloratzeko irizpideak. Balorazioa 100 puntu.

TOKIKO EKINTZA TALDEAK BERDINTASUNAREKIKO DUEN KONPROMISOA

30

Langileen Berdintasun Plana/Berdintasun Neurriak Elkartean

15

Eginkizunak bateratzeko tokiko ituna

15

PROIEKTUARI BURUZKO IRIZPIDEAK

70

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

40

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

30

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

10

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

4

Proiektuaren garapen kronologikoa

4

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

2

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

5

2.–Proiektuak Tokiko Ekintza Taldearen beste programa eta jarduerekin duen harremana (sinergiak beste arlo batzuekin, emakumeen elkarte mugimenduekin, eta abar).

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKIKO EKINTZA TALDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

10

C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, Tokiko Ekintza Taldetik kanpora, eta herritarrak, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Webguneetan, sare sozialetan, tokiko aldizkarietan, prentsan, eta abarrean argitaratzea

(Bitartekoen aniztasuna)

5

D) PROIEKTUAREN INPAKTUA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

10

Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

E) PROIEKTUAREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide ontzat hartzea, beste talde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

ERANSKINAK

III. eranskina.–Eskabide eredua.

IV. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

V. eranskina.–Gardentasun adierazpena.

VI. eranskina.–Justifikazio memoria.

VII. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena (justifikazioa).

VIII. eranskina.–Gastuen eredua.

IX. eranskina.–Enpresaren hautapenaren ziurtagiria.

X. eranskina.–Generoaren arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena.

XI. eranskina.–Exekuzioaren erantzukizunpeko adierazpena.

XII. eranskina.–Bankuko datuak.

Deskargatu eranskinak DOC formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2107672