136. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udal ordenantza, Eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2021eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza (2021eko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 16an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzeko agintzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Burlatan, 2021eko maiatzaren 20an.–Alkatea, Ana María Góngora Urzaiz.

ERAIKINAK BIRGAITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da arautzea Burlatako Udalak ezarritako dirulaguntzak, bertako biztanleei laguntzeko udal-mugartean kokatutako eraikinak birgaitzen.

2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.

Udal-babesaren xede diren obrak etxebizitza eraikinetako jarduketa komunitarioei dagozkie; honelako jarduketak izanen dira:

2.1. Eraikinaren egitura egokitzea; hemen sartzen dira eraikinari eraikuntza aldetik behar diren segurtasun baldintzak emanen dizkioten obrak, bermatuko dituztenak egonkortasuna, sendotasuna eta erresistentzia.

2.2. Egokitzapen funtzionala; halakotzat hartuko dira estalkiari, fatxadei, instalazioei, irisgarritasunari, inguratzaile termikoari eta energia eraginkortasunari dagokienez baldintza nahikoak ematen dizkioten obrak, bai eta hirigintza araudia betetzearen ondoriozko neurriak edo hiri-ingurunearen gaineko jarduketak ere.

3. artikulua. Baldintzak.

Banakako laguntza eskatzen den egunerako, bete beharko dira indarreko foru araudian birgaitze babestuaren arloan zehazten diren determinazioak, eta, hala, dagokien kalifikazioa izanen dute.

Jarduera mota, familia- edo bizikidetza-unitateko kideak eta diru-sarrerak, etab. izendatzeko, arau horretan xedatutakoari jarraituko zaio.

Gainera, banakako laguntzen onuradunak behartuta egonen dira ondasunak erabiltzera dirulaguntzaren xede zehatzerako, eta etxebizitza ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzera, gutxienez bost urtez. Ez badira betetzen erabilera eta xedearekiko betebehar horiek, betiere ondasuna besterendu eta kargatzen bada gertatuko baita, laguntza itzuli egin beharko zaio Burlatako Udalari, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean edo hura ordezten duen Legean xedatutakoaren arabera, eta lege horretan jasotako salbuespenekin.

4. artikulua. Laguntza ekonomikoak.

4.1. Banakako dirulaguntzak zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzako.

Nafarroako Gobernuaren Birgaitze Babestuaren Kalifikazioan aitortutako aurrekontu diruz lagungarrian parte hartzeko laguntzaren ehunekoa aplikatuko da, jarduketa eremuaren eta motaren arabera, bai eta kosustatzaile eskatzailearen familia-unitatearen edo bizikidetza-unitatearen diru-sarreren arabera ere, taula honetan adierazitakoaren arabera:

JARDUKETA MOTA

FAMILIA-UNITATEAREN EDO BIZIKIDETZA-UNITATEAREN GEHIENEKO DIRU-SARRERAK

Gehienez behin erreferentziako indizea (gaur, ERREGEROSNA)

Erreferentziako indizea +1 eta 2 artean (gaur, ERREGEROSNA)

EOP

Hobetzea irisgarritasuna edo inguratzaile termikoa

%40, gehienez 6.000 euro

%20, gehienez
3.000 euro

Hobetzea energia-efizientzia, hirigintzako araudiaren betetzea edo hiri-ingurunean jarduketak egitea

%30, gehienez 2.000 euro

%15, gehienez
1.000 euro

BESTE BAT

Babesgarria

%10, gehienez 2.000 euro

%5, gehienez
1.000 euro

4.2. Erkidegoetako dirulaguntzak.

ETXEBIZITZA KOPURUA

% ETA GEHIENEKO DIRULAGUNTZA

Gehienez 80

%100, gehienez 250 euro/etxebizitza

81 eta 160 artean

%100, gehienez 200 euro/etxebizitza

161 eta 240 artean

%100, gehienez 150 euro/etxebizitza

240 baino gehiago

%100, gehienez 100 euro/etxebizitza

Esku-hartze orokorreko proiektuak (EOP) idazteko eta kudeatzeko, ordainsarietarako ezartzen da erkidegoetako dirulaguntzaren ehuneko eta gehieneko zenbateko bat (zergak kontuan hartu gabe), aipatu proiektuaren eremuan dauden etxebizitza kopuruaren arabera. Honako taula honetan adierazten dira:

EOP bakoitzerako aurrekontu babesgarri osoaren muga ez da inola ere izanen aurreko tarteko gehieneko etxebizitza-kopuruari dagokion muga baino txikiagoa. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

EOPa idatzi eta kudeatzeko kontratuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak, zerbitzua emateko konpromisoa kontratatu aurretik, aurkeztu beharko ditu enpresa desberdinen hiru eskaintza gutxienez.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena, eskabidearekin batera adierazi beharrekoa, efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.

Urteko dirulaguntzaren gehieneko muga izanen da udal aurrekontuetan eta/edo dagokion deialdian urtero ezartzen dena.

5. artikulua. Laguntzen onuradunak.

5.1. Banakako laguntzak.

Laguntzaren onuraduna izanen da etxebizitzaren titularra, ohiko erabiltzailea edo bertan erroldaturik dagoena, baldin eta, eskatzen diren baldintzak beteta, eskaera egiten badu Nafarroako Gobernuaren birgaitze babestuaren behin-behineko kalifikazioaren egunera arte; horretarako, beharrezko egiaztagiri guztiak aurkeztuko ditu.

5.2. Erkidegoetarako laguntzak.

Erkidegoetarako dirulaguntzen onuradun izanen dira hala eskatzen duten erkidego sustatzaileak, eta dagozkien egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte beren ordezkarien bitartez.

6. artikulua. Laguntzen prozedura eta ordainketa.

6.1. Banakako laguntzak.

Banakako laguntzak hasiera batez onartzeko, udal espedientean jaso beharko da Nafarroako Gobernuaren birgaitze babestuaren behin-behineko kalifikazio zedularen kopia, eta, orobat, udal zerbitzuak edo horren pareko eskudunak aldez aurretik emandako txostena.

Babespeko obrak behar bezala bukatu ondoren emanen da laguntza ekonomikoa, eta horretarako udal espedientean jaso beharko dira bai Nafarroako Gobernuaren birgaitze babestuaren behin betiko kalifikazio zedularen kopia, bai udal zerbitzuak edo horren pareko eskudunak bukaeran emandako txostena.

Lankidetza-hitzarmen bat formalizatzen ahalko da Burlatako Udalaren eta jabekideen erkidegoen artean, erakunde lankideak diren aldetik. Hitzarmen horretan, erakunde horiek beren gain hartutako baldintzak eta betebeharrak arautuko dira.

6.2. Erkidegoetarako laguntzak.

Erkidegoetarako laguntzak hasiera batez onartzeko, udal espedientean jaso beharko da udal zerbitzuaren edo antzeko zerbitzu eskudunaren aldeko txostena.

Dirulaguntza eraginkorra izanen da EOPa Nafarroako Gobernuko etxebizitza alorreko kontseilari eskudunaren foru agindu bidez onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Laguntzaren diru-sarrera eginen da erkidego sustatzaileek emandako banku-kontuan edo kontuetan.

6.3. Egiaztagiriak.

Organo eskudunak edo dagokion laguntza-deialdiak zehaztuko du, urtero, zein egiaztagiri aurkeztu behar diren, bai hasierako onarpenerako, bai behin betiko ordainketarako.

7. artikulua. Udalaren laguntzen osagarritasuna eta subsidiariotasuna.

Udalaren laguntzak osagarriak eta subsidiarioak izanen dira, edozein administrazio, erakunde edo pertsonak helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekiko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren %100 baino handiagoa, hala bakarrik nola beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, Nafarroako Gobernuak emandako kalifikazioa kontuan hartuta. Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.

Pertsona edo erakunde onuradunak Udalari jakinarazi beharko dio diruz lagundutako jarduera finantzatzen duten beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu dituen. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

Iragarkiaren kodea: L2108307