135. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

42E/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroak egiteko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak. Dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emanen dira. DDBN identifikazioa: 561297.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 84. artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak prestakuntza bultzatuko duela kirol jardueren esparruan. Halaber, 85. artikuluari jarraikiz, kirol arloko zerbitzu teknikoetan aritzeko ezinbestekoa da dagokion tituluaren jabe izatea, kirol gaietan indarra duten arauekin bat.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere. 17.1 artikuluan, xedatzen du dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen direla, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Gobernuak banakako ebaluazio araubidea baimentzen duenean.

Apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzkoak, Nafarroan kirol arloko lanbide jakin batzuetan hasteko eta aritzeko oinarrizko alderdiak arautu zituen. Berariaz adierazi zen zein ziren lanbide horiek, lanbide bakoitzaren jardun-eremu funtzional orokorra ezarri zen, eta aditzera eman zen zer kualifikazio eskatzen den lanbide horietan sartzeko. Zehazki, lanbide horietan jarduteko (horien artean dago entrenatzailearena eta monitorearena), foru legeak kualifikazio jakin batzuk eskatzen ditu. Kualifikazio horiek egiaztatzeko zenbait prestakuntza eskakizun eskatzen zaizkie entrenatzaileei, jolas eta osasun esparruan nahiz lehiaren esparruan. Pentsa genezake egoera berri honek eskaera handiagoa eraginen duela jarduera horiek zuzentzeaz arduratuko diren teknikarien prestakuntzari dagokionez.

Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI), gure erkidegoan kirolaren arloan eskumena duen organoa den aldetik, bere gain hartzen du kirol monitoreak eta entrenatzaileen prestakuntza bultzatzeko konpromisoa. Beraz, talde horren prestakuntzaren mesedean, hainbat jarduketa jarri ditu martxan, batzuk bereak dira eta beste batzuk Nafarroako kirol federazioei babesa ematekoak.

Jarduketa eremuetako bat oinarriko kirola da. Gure erkidegoan bada pertsona andana entrenatzaile lanak egiten dituena Nafarroako Kirol Jokoetan eta horren azpiko kategorietan kirol arloko titulaziorik izan gabe. Inguruabar hori kezkagarria da, kalitatea bermatu behar delako adingabeei zuzendutako kirol jardueretan.

Azken urteotan, abenduaren 9ko 1913/1997 Errege Dekretuaren eta hura eguneratzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren arau esparruaren babesean, kirol teknikarien irakaskuntzak nabarmen garatu dira, hezkuntza sisteman sartzearen ondorioz. Ordenamendu berri horretan, araubide bereziko irakaskuntzen multzoan sartzen dira kirol teknikarien irakaskuntzak, eta bitarteko aldi bat ezartzen da, kirol modalitate bakoitzaren irakaskuntzak eta tituluak onetsi artekoa, zeinak luzera bat edo beste izanen duen modalitate bakoitzaren arabera.

Gaur egun, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduak arautzen ditu bitarteko aldiko irakaskuntzak, zeinak ezarri baitziren urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean. Irakaskuntza horiek aukera ematen dute prestakuntza baliokidetzak ezartzeko, eta, horrenbestez, araubide bereziko kirol teknikari titulazio berriekin baliozkotzea. Bitarteko aldiko irakaskuntza horiek sustatzen dituzte bai erkidegoetako kirol gaietan eskumena duten organoek bai kirol federazioek (kirol administrazioari txostena aurkeztu ondotik).

Kirol prestakuntzako jarduerak garatzeko prozesuan prestakuntza plan sendoago batzuez hornitu dira jarduera horiek, bai eskola kargari dagokionez bai curriculumetako ikasgaiei dagokienez ere. Horrenbestez, hobetu egin da irakaskuntzen kalitatea eta horrek berekin ekarri du gora egitea entrenatzaile izateko titulazioa lortzeko prestakuntza ikastaroen kostuak.

Bada kirol praktikaren kalitatearen gain eragina duen beste arlo bat: epaileen, arbitroen eta antzeko beste figura batzuen prestakuntza. Talde horretan zailtasun handiak izan ohi dira, ez baita horretan aritu nahi duen jende askorik, eta, joko erregelamenduak aldatzen direnez, ezagutzak eguneratzeko beharra izaten dute etenik gabe. Beraz, prestakuntza prozesua erraztuko duten neurriak hartu behar dira.

Azaldutakoaren ondorioz, bidezkotzat jotzen da kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko laguntzetarako deialdia egitea, haien jarduketen kalitatea hobetzen laguntzeko. Jarraibide horrek lehentasuna izan behar du prestakuntzaren beheko mailetan, kontuan hartuta zer lotura duten adingabeentzako kirol jardueren programekin, zeinen adierazgarri nagusia Nafarroako Kirol Jokoak baitira gure erkidegoan.

Helburua izanik deialdia irekita egotea kasuko epealdi osoan sortzen diren ekimen guztientzat, eta horrela aprobetxamendu hobea ateratzea esleitutako baliabideei, banakako ebaluazioaren araubidea baliatzea proposatzen da.

Aurrekoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 31n hartutako Erabakiaren bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariari baimena eman zitzaion deialdia onesteko, banakako ebaluazio araubidean, diruz laguntzeko kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroetan parte hartzen duten pertsona fisikoei.

Proposatzen diren laguntzei erantzuteko, 35.000 euroko gastua aurreikusten da Nafarroako 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorretako “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partidaren kargura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Kirolaren Institutuak kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroetarako laguntzen deialdia onestea, banakako ebaluazio araubidean, foru agindu honen 1. eranskinean ezarri diren oinarriei jarraikiz. Kontuan hartu behar da laguntza hauek ematea, betiere, aurrekontuan diru-izendapena izatearen menpe dagoela.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen 1. eranskinean jaso dira, maila bakoitzean laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura barne.

3. 35.000 euroko gastua baimentzea 2021eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partidaren kargura.

Eskaerak aurkezteko epean partida horretan aurrekontu erabilgarririk bada, gehienez ere 50.000 euro gehitzen ahalko zaio deialdi honetan aurreikusten den gastua, “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partida ekonomiko beraren kargura, deialdi hau arautzen duten oinarrietako arauei jarraituz.

Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Baimena ematea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari aurreko puntuan onetsitako gastu igoera onesteko, kasua bada.

5. Foru Agindu hau eta oinarri arautzaileak (1. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten. Eskaera-orria (2. eranskina) eta datuak babesteko araudia (3. eranskina) interesdunen eskura jarriko dira Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Atariko izapideen katalogoan.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko apirilaren 29an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta denbora eremua.

1. Kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroetarako laguntzen araubidea ezartzea du xede deialdi honek, ikastaro horiek Estatuko kirol federazioek zein erkidegoetakoek sustatuak izanik, Kirol Kontseilu Gorenak onartutako modalitateetan.

2. Deialdiaren beharkizunak beterik, eskolaldia 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte bukatu duten ikastaroetarako laguntzak eskatzen ahalko dira.

Deialdi arrunteko aurrez aurreko azterketetarako erabakitzen dena izanen da irakastaldiaren bukaera eguna, deialdi horretako bloke komuneko eta berariazko blokeko modulu edo arlo guztiak gainditzen dituzten ikasleentzat. Deialdi berezira aurkezten diren ikasleentzat, azken deialdi horren datan bukatuko da.

2. Helburua.

1. Deialdi honetako laguntzak emanen dira hein batean konpentsatzeko ondoren ageri diren prestakuntza ikastaroetan matrikula edo inskripzioa egiteko kuotek eta bestelako eskubideek sortutako gastuak:

a) Kirol modalitate bateko I., II. edo III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile titulua lortzeko ikastaroak, kirol federazioek sustatuak, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arabera, eta zer erkidegotan garatzen den, hartan kirol arloko eskumena duen organoari erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta.

b) Hainbat mailatako epaileen edo arbitroen titulaziorako ikastaroak, Kirolaren Kontseilu Nagusiak onartutako modalitateetako kirol federazioek sustatuak. Apartatu horretan onartuko dira, bakar-bakarrik, 100 euro edo gehiagoko matrikula edo inskripzioa duten eskaerak.

2. Deialdi honetatik kanpo daude:

a) Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren babesean garatzen diren ikasketa arautuen esparruan kirol teknikariak prestatzeko egiten diren ikastaroak, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko ikasketa arautuak direlako.

b) Kirol federazioek otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren esparrutik kanpo sustatutako ikastaroak.

c) Kirolaren Kontseilu Nagusiak baimendutako kirol federazioak ez diren entitate pribatuek, beren eskumenak baliatuz, sustatzen dituzten ikastaroak.

d) Deialdi honetatik kanpo uzten dira deialdi berariazkoago baten bidez diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

3. Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Deialdi honetarako onetsitako gastua 35.000 eurokoa da, eta 2021eko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretako “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partidari egotziko zaio.

Eskaerak aurkezteko epean partida horretan aurrekontu erabilgarririk bada, gehienez ere 50.000 euro gehitzen ahalko zaizkio deialdi honetan ezartzen den gastuari, “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partida ekonomiko beraren kargura, eskaera gehiagori erantzun ahal izateko.

Kopuru osagarri hori eraginkorra izanen da kreditu erabilgarririk dagoela adierazten bada, betiere bidezko aurrekontu aldaketa onetsita eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Hala bada, baimentzen den kreditu gehikuntza hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntzak ematea egonen da, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean.

4. Onuradunak.

1. Laguntzak eskatzen ahalko dituzte laguntza hauen xedeko ikastaroak, 2.1 oinarrian deskribatuak, egin gogo dituzten edo eginak dituzten pertsona fisikoek.

2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dagokion ikastaroan inskripzioa egiten denean Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.

b) Inskripzioa egina izatea deialdi honen 2.1 oinarrian ezarri diren ikastaroetan.

c) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak, dokumentazio osagarriarekin batera, Nafarroako Kirolaren Institutuko erregistroan aurkeztuko dira (Aizagerria plaza, 1, 31006 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak aurkezten ahalko dira oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, 2021eko urriaren 15era arte.

Eskaerak posta arruntaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun horretan berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio proposamena igorri duela, proposamena formacionceimd@navarra.es helbide elektronikora bidaliz. Bi baldintza horiek betetzen ez badira, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epetik kanpo jasotako dokumentaziorik.

6. Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzenduko zaizkio, deialdi honen 2. eranskinean dauden eredu normalizatuen arabera.

2. Eskaerak behar bezala beteta egonen dira, dokumentazio hau erantsita dutela:

a) Transferentzia bidezko ordainketarako eskaera, laguntza emanez gero, hura ordaintzeko. Dokumentu hori aldez aurretik aurkeztu bada, ez da berriz ere aurkeztu beharko.

b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.

c) Ikastaroan inskribatu eta matrikulatzeko dokumentua, ikasleak sinatua, kostu ekonomikoa eta ikaslea zein egunetan inskribatu den adierazita.

d) Matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoaren egiaztagiria.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena. Adierazpen hori 2. eranskinean dago jasota.

f) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea Nafarroako Kirolaren Institutuari baimena ematen bazaio egiaztapen hori zuzenean egiteko Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

3. Laguntza eskatzen bada ikastaro baterako baino gehiagotarako, eskaera bat aurkeztuko da ikastaro bakoitzeko.

4. Aipatu dokumentazioaz gain, Nafarroako Kirolaren Institutuak laguntzak emateko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko ditu.

5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatzen ahalko zaie 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaie ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haien eskaera, eta hura artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

1. Kirolaren Zuzendariordetzak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, eskaerak tramitatuko ditu, eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

2. Laguntzen banaketa irizpide hauen arabera eginen da:

a) I. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %60. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 300 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.

b) II. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutako zenbatekoaren %50. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 600 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.

c) III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %40. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 600 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.

d) Onartutako kirol modalitate bateko epaile edo arbitro izateko ikastaroa egiteagatik, matrikula/ inskripzio eskubide gisa ordaindutakoaren %50 emanen da, gehienez ere. Edozein kasutan, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 300 eurokoa izanen da pertsona bakoitzeko.

8. Ebazpena.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, aurkezpen dataren hurrenkeraren arabera, Kirolaren zuzendariordeak proposatuta.

2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea, kasua bada laguntzen zenbatekoa eta xedeak adierazita, 2 hilabetekoa izanen da eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe horretan ebazpenak jakinarazi ez badira, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Dirulaguntzen deialdi honetan egiten diren ebazpen guztiak gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz jakinaraziko dira. Hala ere, interesdunek edozein unetan adierazten ahal diote Nafarroako Kirolaren Institutuari ondorengo ebazpenak bitarteko elektronikoen bidez jaso nahi dituztela, edo ez.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskatzaile bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

3. Ematen diren laguntzak iragarki tauletan jarriko dira jendaurrean, Nafarroako Kirolaren Institutuaren egoitzan eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan.

4. Betiere, laguntzen zenbatekoa 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

5. Deialdi honen babesean dirulaguntza bat eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldietan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

6. Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onets daiteke, halaber, laguntzak ordaintzea, betiere eskaerarekin batera dagozkion frogagiriak aurkeztu badira.

9. Frogagiriak.

Laguntzak ordaintzeko egitate erabakigarria da ikastaroa egin eta gainditzea eskolaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan (bloke komuna eta bloke espezifikoa). Horregatik, aurkeztu beharreko frogagiriak honako hauek dira:

–Kirol federazio sustatzailearen ziurtagiria, ikastaroa irakastaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan gainditu izana frogatzen duena, zein egun eta tokitan egin den adierazita.

Aurkeztutako egiaztagiri hori aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, 10 egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dutela.

Dokumentazio hori eskaerarekin batera aurkez daiteke (eta orduan, laguntza ematen duen ebazpenak hura ordaintzea ere onesten ahalko du) edo, bestela, laguntza emateko ebazpenaren ondotik. Edonola ere, 2021eko azaroaren 19a izanen da hura aurkezteko azken eguna.

10. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz

2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

11. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Beste laguntzarik jasoz gero, interesdunak entitate laguntza-emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan adieraziko da jaso den zenbatekoa.

2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ez du behin ere gaindituko ikastaroa egiteko onuradunak matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoa.

12. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta beharkizunak betetzen dituztela frogatzea.

b) Informazioa ematea eta Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak egitea.

c) Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea Nafarroako Kirolaren Institutuari.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

13. Ez-betetzea.

Deialdi honetako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2. Era berean, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

16. Araudi osagarria.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

17. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen 3. eranskinean, informazioa ematen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

Iragarkiaren kodea: F2107599