135. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52E/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntzak EBko politika eta estrategiak zabaltzeko”·izeneko dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 560733.

Otsailaren 3ko 7/2021 Foru Dekretuak, urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretua aldatu eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen eremu materiala xedatzen du II. kapituluan. Eskumen horien artean dago, besteak beste, Nafarroan Europar Batasunaren (aurrerantzean, EB) lehentasunei eta ekimenei buruzko informazio publikoko kanpainak egitea. Eskumen hori, zehazki, Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atalari esleitzen zaio, zeina Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari atxikita baitago.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari asko interesatzen zaio irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntza lerro baten deialdia proposatzea, Europako estrategiak eta politikak zabaltzeko laguntzei dagokienez; izan ere, Nafarroako herritarrengana gehiago hurbilduko litzateke, horrela, Europan integratzeko prozesua, prozesu horretan inplika daitezen eta parte har dezaten. Xede horiek lortzeko, beharrezkoa da 2021- 2027 programazio denboraldi berri honetan lehentasunezko estrategia eta politika europarrei buruzko informazioa gure gizarteko sektore guztien artean zabaltzeko ataza sustatzea.

Testuinguru horretan, dirulaguntzen deialdi honen bidez Europar Batasunaren eremuan lehentasunezko gaiei buruzko askotariko komunikazio ekintzak eta zabaltze jarduerak sustatu nahi dira.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntzak EBko politika eta estrategiak zabaltzeko”·izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskabideak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50000-B5000-4819-145100: Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko, Nafarroa Suspertu Plana

2021

15.000,00

B50000-B5000-4709-145100: Enpresentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko, Nafarroa Suspertu Plana

2021

15.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzenduta; horretarako, hilabeteko epea izanen da, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarririko moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko apirilaren 29an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta helburua.

Foru agindu honetan araututako dirulaguntzen xedea Nafarroan antolaturiko zabaltze jarduerak eta komunikazio ekintzak finantzatzea da, baldin eta horien helburua funtzionamenduari, ezaugarriei, etorkizunerako aukerei eta Europar Batasunarekin zuzenean lotutako beste edozein alderdiri buruzko ezagutzak zabaltzea bada.

2.–Finantzaketa.

Deialdiko laguntzak 30.000 euro batzen dute guztira, honako banaketa honi jarraikiz:

–B50000 B5000 4709 145100-Enpresentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko, Nafarroa Suspertu Plana - 15.000 euro.

–B50000 B5000 4819 145100-Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko, Nafarroa Suspertu Plana - 15.000 euro.

Erakunde onuradun mota bakoitzerako baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

3.–Onuradunak.

Laguntzen onuradun izan daitezke irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

b) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

c) Erakunde sozialen kasuan, elkarte edo erakundearen estatutuak.

Diruz lagunduko diren jarduerak egiteko behar beste baliabide eta gaitasun izatea, eta jarduera horietan aurreikusitako helburuak betetzen direla bermatzea,

d) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen formularioan ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.

4.–Kontzeptu diruz lagungarriak, aldi diruz lagungarria eta laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, zabaltze jarduerak eta komunikazio ekintzak egiteko ematen direnak, baldin eta horien helburua da funtzionamenduari, ezaugarriei, etorkizunerako aukerei eta Europar Batasunarekin zuzenean lotutako beste edozein alderdiri buruzko ezagutzak zabaltzea bada.

Dirulaguntza bat emanen da 4. puntuan zehazten diren gastuen %100erako, aurrekontu diruz lagungarriaren 5.000 eurokoa gehienez, proiektu bakoitzeko (hau da, diruz lagungarriak ez diren gastuak kontuan izan gabe).

Deialdi honen ondorioetarako, txostengilearen bidaia gastuak diruz lagungarriak izanen dira (ostatua eta mantenua), beharrezkoak badira aurreikusitako jarduerak egiteko, baita proposamenean aurreikusitako jarduerak egiteko behar diren gastuak ere, betiere merkatuko prezioen araberakoak badira. Gastu horiek 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko azaroaren 30era bitarte egin beharko dira, biak barne.

4.1. Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Behar diren gastuak ekitaldiak antolatzeko eta azterlanak edo jarduerak egiteko, artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten direnak, baldin oinarri hauen 1. artikuluan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte:

–Proposaturiko jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira erakunde horren ohiko gastuak.

–Mintegiak, txostenak, argitalpenak eta abar egiteko behar diren zerbitzu teknikoak eta profesionalak, edo jarduera gauzatzeko aurreikusitako beste behar batzuk.

–Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Jarduera gauzatzeko behar den mugikortasunarekin lotutako gastuak.

–Gastu horiek berariaz zehaztuta egonen dira erakunde onuradunei emandako fakturetan.

Ez dira diruz lagungarriak izanen langileei dagozkien gastuak edo erakundearen funtzionamendu arruntaren ondoriozkoak (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa, etab), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bera duten beste laguntza batzuekin, baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarka hartuta edo beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin batera, ez bada diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

5.–Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

a) Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

b) Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz.

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/ayuda-a-empresas-y-a-entidades-sin-animo-de-lucro-para-la-difusion-de-politicas-y-estrategias-de-la-ue?back=true&pageBackId=5722676

(hemendik aitzina laguntzaren fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskabideari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

c) Eskabideak egiteko, laguntza fitxan dagoen eskabide formulario zehatza erabiliko da. Formulario hori behar bezala beteta eta sinatuta egon beharko da. Formulario horren bidez aurkezturiko eskabideak baino ez dira onartuko.

d) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskabidean emandako helbide elektroniko gaituaren (DEH) bitartez eginen dira. Helbide horrek Nafarroako Gobernuak gaituriko jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. DEHa lortu eta jakinarazpen elektronikoko prozeduretan harpidetza egiteko Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetara jotzen ahal da: http://notificaciones.060.es. Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideari erantsi behar zaion dokumentazioa, laguntza fitxan ageri den berariazko formularioarekin bat datorrena, eskaneatuta aurkeztu behar da, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan. Hauxe da:

a) Erakunde eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

–Erantzukizunpeko adierazpena edo erakunde eskatzailearen ordezkaritzaren egiaztagiria.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

–Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, beste erakunde batzuek edo partikularrek ekintza bererako emandako edo haiei eskatutako dirulaguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelakorik eskatu ez badu, horren berri eman beharko du.

–”Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko formularioa, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada.

–Erakunde sozialen kasuan, elkartearen edo erakundearen estatutuak.

–Dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute (web-orri honetan eskura dagoen ereduaren arabera: http://www.nafarroa.eus) eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak dirulaguntza eskatzeko berariazko formularioan sartuta daude.

b) Jarduera diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa:

–Egin nahi den jardueraren deskribapena.

–Espero diren emaitzak.

–Eskatzailearen aurretiko esperientzia.

–Aurrekontu zenbatetsia.

Agiriak euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsiriko elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Reproductor de Windows Media.

Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta esanbidezkoa. Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak eskatzen ahalko ditu, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan ezarririko baldintza eta ondorioekin, eskabidean esanbidez adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen I. Eranskineko 5.2.a) atalean eskatzen den dokumentazio guztia erakutsi beharko dute (adierazi nola deritzon eta zer atal zehatzetan dagoen dokumentazio hori).

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketei dagokienez, lege hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedaturikoa ere bete beharko da.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Antolaketa eta instrukzioa.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari esleitu zaizkio dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko ordenamendu eta instrukzio eginkizunak. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Norgehiagokaren araubidea erabiliko da dirulaguntzen emakida kudeatzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1. artikulua).

Horretarako, honako honetan oinarritzen da norgehiagokako prozedura: dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkezten diren eskabideak alderatzen dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, agindu honetan eta deialdian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza adjudikatzen zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskabideari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

Organo horrek aurkezten den dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela eskatzen ahalko die irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresa eskatzaileei.

Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak ebaluatuko ditu aurkezturiko proiektuak, deialdi honen 8. oinarrian zehazten diren irizpideen arabera. Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

Eskabidea osorik eta zuzen dagoela eta 1. oinarrian zehaztutako xedearekin eta 4. oinarrian ezarritako diruz laguntzeko moduko kontzepturen baten araberakoa dela egiaztatu ondoren, espedientea ezarritako baremoaren arabera baloratuko da.

Badago kreditu bat erakunde onuradun bakoitzeko (hau da, Nafarroako toki enpresa eta erakunde sozialetarako). Erakunde onuradun mota bakoitzerako baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

IRIZPIDEA

AZPI-IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

1. Egin nahi den jardueraren deskribapena.

1.1. Helburuak argi eta zehatz planteatzea.

15

1.2. Helburuak deialdian aurreikusitako helburuen araberakoak izatea.

15

2. Espero diren emaitzak.

2.1. Proiektu edo jardueraren kalitatea, bideragarritasuna eta berrikuntza

15

2.2. Garatu beharreko jardueraren eragina, oihartzuna, garrantzia eta interes objektiboa.

15

3. Eskatzailearen aurretiko esperientzia.

3.1. Esperientzia eta ibilbidea.

5

3.2. Eskatzailea aurretik ezarririko jardueren antzeko jardueretan espezializatuta egotea.

5

4. Aurrekontu zenbatetsia.

4.1. Aurrekontua egokia eta koherentea izatea jarduerak gauzatzeko.

15

4.2. Planteaturiko emaitzak lortzea.

15

Ebaluazioaren ondoren guztira 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak emanen du ebazpena, non deialdi honetako dirulaguntzak eman eta esleituko dituen, diruz lagunduko den eskabidea kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion kopurua zehaztuz, prozedurak iraun artean gertatu izan litezkeen gorabehera guztiak ebaztearekin batera.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta esanbidez adieraziko da zein eskabide ezetsi diren, halakorik baldin bada. Gainera, ordezko eskatzaileen zerrenda bat ere jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, onuradunen batek uko eginez gero zerrenda horretara jotzeko. Ordezko erakunde horiei dagokienez, diruz lagundu beharreko proiektuak identifikatuko dira, eta norbaitek uko eginez gero bakoitzak lortuko lukeen gehieneko laguntza ere adieraziko da. Dena dela, laguntza hori ez da inoiz ere izanen uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, administrazio publiko ez diren erakunde eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Administrazio publikoek deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren ebazpen hau interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik esanbidez jakinarazi gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

Onuradunen batek uko egiten badio emandako laguntzari, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat eman dezake deialdian aurrekontuko diru erabilgarririk ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu den hurrengo eskatzailearen alde. Kasu horretan, eta ez badago eskatzailerik erakunde onuradun mota batean, gelditzen den diru-kopurua erabil daiteke bestearen zenbatekoa handitzeko, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

10.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten erakunde onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

10.1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebeharrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, erakunde onuradunek ez daukate frogagiriak aurkeztu beharrik, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz kontsultatuko du informazio hori.

Ulertuko da erakunde onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, berariaz kontra agertzen ez badira behintzat eskabidean horretarako prestatutako formularioaren bidez; kasu horretan, eskatutako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

10.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.3. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarririko epeak bete.

10.4. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko betebeharrak betetzea.

10.5. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarririko epeetan.

Egindako jarduketen justifikazioa 2021eko azaroaren 16a baino geroago aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10.6. Dirulaguntzaren xede den ekintzaren gaineko informazio eta publizitate guztietan adieraztea Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela ekintza horrek. Ezarririko betebeharren bat betetzen ez bada, onetsiriko dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoari jarraikiz.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren webgunean kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

10.7. Jasoriko funtsen erabilera justifikatzeko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.8. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza bukaeran ordainduko da; hau da, diruz lagunduriko programak gauzatzeko epea amaitzean. 2021eko azaroaren 30a bitartean, egun hori barne dela, diruz lagunduriko proiektuaren memoria ekonomikoa eta jardueretakoa aurkeztu behar dute eskatzaileek, deialdi honen oinarrietan ezarririko moduan, aurrez onartu eta ziurtatu ondoren aurkezturiko dokumentazioa gauzatu den jarduerari dagokiola.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen, hau da, 2021eko azaroaren 30a baino lehen, ordaindu dena baino ez da joko justifikatzen ahal den gastutzat.

Justifikatzeko modua:

a) Diruz lagunduriko jarduerak eginik, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2021eko azaroaren 30ean beranduenez:

–Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria xehatua, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne. Memoria horrek dokumentu base bat izanen du, honako honekin: aurkeztutakoak, argazkiak, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duten beste edozein.

–Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak, halakorik balego (norberaren diru-sarrerak nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak.

–Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek taula bat prestatu behar dute, gastuen zerrenda izanen duena deialdi honen 4. oinarrian zehaztutako tipologiaren arabera.

b) Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZa kanpo); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea (BEZa kanpo) eta ordainketa-data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren.

c) Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (excel) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin.

d) Fakturen eta gastuen gainontzeko justifikazio-dokumentuen fotokopiak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira (1, 2, 3... dok.), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean aurkeztu beharko dira. Fakturaren fotokopia edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

12.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote erakunde onuradunek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari (baimenduta egon beharko dute horiek).

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Funtsezkotzat hartzen diren aldaketen kasuan, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak behar den ebazpena emanen du. Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.

13.–Dirulaguntzen metaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu berarekin jarduera berak garatzeko ematen diren beste dirulaguntza batzuekin, administrazio honek edo eskualdeko, tokiko, nazioko edo Europako beste administrazio publiko batzuek edo erakunde publiko zein pribatuek eman.

14.–Dirulaguntzaren itzulketa.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztaturiko da ezarririko epeetan aurkezturiko justifikazio agiriak bat datozela diruz lagunduriko ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarririko kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipaturiko artikuluan xedaturikoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarririkoari jarraituko zaio.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedaturikoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F2107291